detalle dokuteka-generico-fitxa

Aritz Aranburu surflaria: "Bakarrik bidaiatzeak bizirauten irakasten du"

Surflari guztien ametsa lortu du Aritz Aranburuk: WCT zirkuitu garrantzitsuan lehiatzea. Horrek esan nahi du munduko 45 surflaririk onenen artean dagoela. Zazpi urte zituela igo zen lehen aldiz surf oholaren gainean. Harrez gero, Australia, Hawaii... leku askotako olatuak ezagutu ditu 22 urteko zarauztar honek. Gazte-gaztetik ekin zion bakarrik bidaiatzeari, eta bidaia horietan eskolan baino gehiago ikasi duela aitortzen du.
Otsailean egin zuen debuta WCT zirkuituan, baina lesionatu eta bi hilabete eman behar izan ditu lehorrean. Geroztik, GlobePro Fiji proban parte hartu du baina hirugarren saioan kaleratu egin dute. Ikus ezazu EITBk egindako bideoa: bertan Aritzek lehiaketan izandako gorabeherak azaltzen ditu.

Lesio batek WCT zirkuituko lehen txapelketatik kanpo utzi zintuen otsailean. Nola hartu zenuen?
Inoiz ez da momentu ona lesionatzeko. Baina, egia esan, gertatu zenean, alde positiboa aurkitzen saiatu nintzen. Bederatzi aste egon naiz errekuperazioa egiten eta tarte horrek atseden hartzeko aukera eman dit. Parentesi moduko bat izan da eta, orain, hasieratik hasteko eta aurrera jarraitzeko gogoz nago.

Baina ba al dakizu geldirik egoten?
Egia esaten badizut, orain ikasi dut geldirik egoten. Hala ere, ez pentsa geldi-geldirik egon naizenik. Surfa alde batera utzi dut, bai, baina lesioa izan eta berehala hasi nuen errehabilitazioa. Beste batzuek atseden hartzen badute ere, ni lehenengo astean hasi nintzen ariketak egiten. Egunero sei orduz egoten nintzen errehabilitazio-zentroan.

Orain zer moduz ikusten duzu zeure burua?
Gogo handia dut txapelketei berriz heltzeko, motibaziorik ez zait falta eta hori oso garrantzitsua da. Orain Tahitira noa munduko zirkuituko txapelketa jokatzera eta, zirkuituko bi txapelketa galdu ondoren, %100 emateko asmoa dut. Tahitikoak zirkuituko olaturik indartsuenetakoak dira eta buru-belarri prestatzen ari naiz.


Motibazio handia izan arren, surfaren elitean egoteak presio handia eragingo du, ezta?
Alde batetik, egia da kanpotik presio handia datorkigula, baina niri ez dit gehiegi eragiten. Presioa izatea ezinbestekoa da, neurri batean behintzat, baina presio hori norberak bere buruari ezarri behar dio. Izan ere, kanpotik datorkizun presioari kasu egiten badiozu, kontzentrazioa galtzeko arriskua izan dezakezu.

Halere, zure gorabeherak hedabideetan agertzeak nolabait eragingo dizu...
Munduko zirkuiturako klasifikazioa lortu nuenetik jende gehiagok ezagutzen nau eta argi daukat jendeak onerako zein txarrerako niri buruz hitz egingo duela. Gauza onak esaten dizkidatenean gustura hartzen ditut, eta gauza txarrak, berriz, alde batera uzten ditut. Garrantzitsuena da nor bere buruarekin gustura egotea, eta beste guztia soberan dago.

Zer pentsatzen duzu ospeari buruz?
Ospeak ez nau batere betetzen. Niri gehien inporta zaidana emaitza onak lortzea da eta jendea nik egiten dudanari arreta jartzen badio eta animatzen banau, oso polita da.  Jendeak Aritz Aranburu kirolaritzat hartzen duen bitartean ez dago arazorik; arazoa da nortasunari edo alderdi pertsonalei buruz hitz egiten duenean.

2007ko Euskadiko Kirolari Onenaren saria eman zizun Eusko Jaurlaritzak. Zein sari da goxoagoa, etxean ematen dizutena ala atzerrikoa?
Etxekoa, argi dago. Txapelketekin gauza bera gertatzen da. Iaz, Zarautzen jokatutako munduko zirkuituko txapelketa irabazi nuen eta hura izan da jokatu dudan txapelketarik ederrena. Zure jendearen aurrean gauzak ondo egiteak poz ikaragarria ematen du.

22 urte dituzu eta gauzak oso argi dauzkazu. Munduan barrena ibiltzeak helduago izaten lagundu al dizu?
Ziurrenik bai. 15 urterekin hasi nintzen bidaiatzen, batzuetan, gainera, bakarrik. Australia, Hawaii... leku askotara joan naiz. Hasieran, ez nekien ez  ingelesa ezta frantsesa ere, eta halabeharrez gauza asko ikasi behar izan nituen. Eskolan edo unibertsitatean ikasten ez diren gauzak ikas daitezke bidaietan. Gehiegikeria badirudi ere, bakarrik bidaiatzeak bizirauten irakasten du.

Denbora asko ematen duzu etxetik kanpo.
Aurten lesioaren ondorioz denbora gehiago egon naiz etxean, baina normalean hamar hilabete ematen ditut etxetik kanpo.

Etxekoak eta lagunak hain urruti egotea oso gogorra izango da...
Gogorra da, noski. Baina bizitza honetan perfekzioa lortzea ezinezkoa da. Orain ezin dut gehiago eskatu: gehien gustatzen zaidana egiten dut eta, gainera, nire lanbidea ere bada.

Kelly Slater surflari mitikoa zure eredua izan da txikitatik. Gaur egun, zure lehiakide izanda, mitotzat duzu oraindik?
Niretzat Kelly Slater da munduko surflaririk onena eta oraindik ere eredu gisa ikusten dut. Diferentzia bakarra zera da: gaur egun, txanda batean bere aurka lehiatzea daukadala. Beraz, asko miresten badut ere, berarekin lehiatzen naizenean nire helburua irabaztea da.  

Surflari gisa, zeri diozu beldurrik handiena?
Olatu handiei. Beldurra baino, errespetua diet. Olatu handiak asko gustatzen zaizkit, baina surflari bakoitzak bere mugak ezagutu behar ditu. Eta aurrera egin nahi baduzu, muga horiek gainditu behar dira. Uretan olatuaren aurrean zauden une hori ez da batere goxoa baina onik ateratzen bazara, oso gustura gelditzen zara.

Eta non dago Aritz Aranbururen muga?
Oso zaila da horri erantzutea. Uretan ez dugu neurgailua erabiltzen, baina gauza bat argi dago: beldurra pasatzeko ez duzu Hawaiira joan behar, Euskadin ere izaten dira olatu handiak.

Zein da zure ustez Euskadiko lekurik aproposena surfa egiteko?
Mundakakoa munduko olaturik onenetarikoa da. Zarautz ere oso leku aproposa da.

Eta atzerrian?
Tahiti, Hawaii... leku asko daude, baina inoiz ez dakit non eta noiz hartuko ditudan olaturik onenak. Jende gutxi erakartzen duten tokiak gustatzen zaizkit eta oraindik toki asko deskubritu behar ditudala uste dut. Zirkuituan, ordea, leku berdintsuetan aritzen gara beti. Horregatik, txapelketa bukatzen dudanean, leku berriak ezagutzera joango naiz, olatuak hartzeko ala, besterik gabe, bidaiatzeko.

WCT zirkuitu garrantzitsuan parte hartzeko sailkapena lortu zenuen iaz. Zer lortu nahi duzu aurten?
Une honetan, maila mantentzeko eta esperientzia gehiago eskuratzeko ari naiz lanean. Aurrera begira, zirkuituko goiko postuetara iristea da nire helburua.                          

detalle2

Docuthèque

B1
30-05-2008

x61pRelaContWAR

16504065

x61pViewCountWAR

5786

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR