Eskolako gazteen bizkar-zorroak

Bizkaiko guraso elkarteak eta sendagileek egindako ikerketa baten azalpena. Motxila handiegiak eramatearen ondorio txarrak azaltzeaz gain, hainbat datu eta aholku ematen dituzte.

Gorane AGIRRE/

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek, 12tik 16 urtera bitartekoek, bizkar-zorroan komeni baino lauzpabost kilo gehiago eramaten dituzte egunero, batez beste, ordu erdi edo ordubetez. Horixe dio Bizkaiko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (BIGE), DBHko eta batxilergoko ikasleen artean egin duen azterketan.

Motxila eramateko egiten duten ahalegin handi horrek, hazten dauden gorputzetan, epe luzera, malformazio fisikoak, bizkarreko arazoak, atximurrak eta nerbio harrapatzeak eragin ditzakeela adierazi zuen Patxi Uriartek, mediku eta BIGEko kideak.

Uriartek, Ana Eizagirre Euskal Herriko Gurasoen Elkarteko lehendakariarekin eta Jesus Maria Ortiz BIGEko kidearekin batera, prentsaurrekoa eman zuen atzo, DBHko ikasleek motxilan eramaten duten pisuari buruz egin duten azterketaren emaitzen berri emateko, eta hori zuzentzeko proposatzen dituzten neurriak ezagutarazteko.

Azterketa horren arabera, ikasleek komenigarria dena baino ia pisu bikoitza eramaten dute motxilan; izan ere, zama egokia da gaztearen gorputzaren pisuaren %10 gainditzen ez duena. Ildo horretan, ikasleok 35 eta 45 kilo bitartean pisatzen dituzten heinean, gehienez lauzpabost kilo eraman ditzakete bizkar-zorroan.

Baina, oro har, ikasle gazteek pisu egokia baino zazpi edo zortzi kilo gehiago eramaten dituzte. Izan ere, Eizagirrek azaldu zuenez, «motxilan liburu guztiak, koaderno guztiak, hiztegiak, eskolako materiala eta beraien gauzak eramaten dituzte, egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera».

Zorroa bera ikasleek bizkarrean eramaten duten pisuaren %7-7,5 baino ez da, azterketak jasotzen duenez. Liburuak eta koadernoak dira gehien pisatzen dutenak, hurrenez hurren, zama osoaren %35 eta %39, eta kirola egiteko jantziak, ostera, %18.

Azterketa honen bidez, motxiletan eramaten den pisua erdira murrizteko har daitezkeen neurriei buruzko eztabaida sortu nahi du hezkuntza alorrean BIGEk; ikasturte amaiera neurriak hartzeko sasoi egokia dela uste dute.

Edonola ere, eztabaida egin bitartean, BIGEk garrantzitsutzat jotzen du motxilen pisua %30era murrizteko neurriak hartzea. Ildo horretan, aparteko garrantzia ematen dio, besteak beste, ikasgeletan armairuak jartzeari, eta motxila egokiak erosi eta berauek behar bezala eramateari.

«Motxilek helduleku zabalak izan behar dituzte, handiak izan behar dute, eta iragazkaiztuak egon behar dute. Era berean, pisua bizkarraren bi aldeetan banatu behar da; heldulekuak estutu egin behar dira motxila gorputzera atxikitzeko, eta pisuak pelbiseko hezurraren gainean atseden har dezan», azaldu zuen Uriartek.

Ohitura egoki hauek ikasleen artean zabaltzeko, komiki bat argitaratuko du BIGEk datorren ikasturtean, DBHko ikastetxeetan banatuko dena.

KOMENIGARRIA
Gaztearen pisuaren %10

DBHko ikasleak bizkar-zorroan eraman dezakeen pisu komenigarria zein den jakiteko, haren gorputzaren pisuaren %10 izan behar du. Hau da, gehienez hiruzpalau kilo eraman ditzakete.

PREBENTZIOA
Hartu beharreko neurriak

Motxiletan eramaten den pisua erdira murrizteko neurriei buruz, hezkuntza esparruko eragileen artean eztabaida zabaldu behar dela uste du BIGEk. Edonola ere, helburu hori lortu bitartean eta lehen urrats bezala, pisu hori %30 jaisteko hainbat neurri hartzea proposatu die eragileoi:

Ikastetxeei. Armairuak jartzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasgela guztietan.

Irakasleei. Eskola liburua aukeratzen duen bezala, lan koadernoa ere hautatu dezala eskatzen diote irakasleari. Ikasleei grapadun koadernoak gomendatzea, espiraldun koadernoa edo modan jarri diren mikro-zulatuen ordez.

Argitaletxeei. 500 gramotik gora pisatzen duten eskola liburuak liburukietan banatzea, edukiak aldatu gabe.

Ikasleen gurasoei.Gurpildun motxilak baztertzea ikasleen beso eta bizkarrean eragiten dituzten ondorio kaltegarriengatik.

Ikasleei. Bizkar-zorroak erosten dituztenean markari bakarrik ez begiratzea. Garrantzitsua da heldulekuak zabalak izatea; zorroa bera ere zabala izatea, gauza guztiak sartzeko, eta ondo iragazkaiztuak egotea. Motxila eramateko, pisua bizkarraren bi aldeetan banatu behar da.

Administrazioari. Gaiari seriotasunez heltzea eta hezkuntzako eragileekin batera neurriak hartzea.

Argazkia: pixabay


 


B2
07-06-2001
16430601
1378