Docutec
Koldo Mitxelena gure artean da
Luis Martín Santos, Eduardo Chillida, El puente sobre el río Kuawy, Mendiburu, Larramendi, Pio Baroja... Horiek, eta gehiago, aztertu zituen Koldo Mitxelenak.
Hala dio Anjel Lertxundik hitzaurrean:
'Hemen bildutako lanek usain eta eite desberdina dute, generoak ere desberdinak baitira: hitzaldiak, artikuluak, berripaper laburrak... [...] Ez daude Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak (MEIG) liburuko testu guztiak. Badira, gainera, MEIGen ez daude hiru testu. [...] Lanok ezin hobeak dira Mitxelenak bere gustuko gaiez -euskaraz, unibertsitateaz, zientziaz- pentsatzen zuenaren berri jakiteko. Ezin hobeak, ez letratu handientzat soilik. Ikasleek, euskara hobetu nahi dutenek, gure herriaren eta hizkuntzaren etorkizunari buruzko kezka dutenek... Guztiek ere izango dute zer goza Mitxelenaren testuetan barrena. Irakurleak murgildu egin behar du testuetan eta testuetako estilo berdingabean: erreferentzi kulturalen baten ezjakintasuna edo euskararen beraren koska ez du oztopo izango irakurketan aurrera egiteko. [...]
Hautatu ditugun liburu kritikei dagokionez, kritikatutako liburuek gaur duten interesaz gainera, kontuan izan dugu orobat Mitxelenak dioenaren interesa euskararen erabileraz, tradizioaz, egin beharreko bideaz, euskalkien arteko orekaz, batasunaz, garbikeria bihurtutako garbizaletasunaz. [...] Baina irakurleak aurkituko du, euskarari buruzko hausnarketaz gainera, besterik ere hemen: lehenik eta behin, ez da zaila Mitxelenak bere bizitzan zehar bizi izandako hainbat esperientzien arrastoari jarraitzea testuetan barrena, honako honetan lerro artean, beste hartan ageri-agerian.
Etxepareren kartzelaldia hizpidera dakarrenean, Espainiako gerraren ondoren berak sufritu zuen kartzelaldi luzeaz ere ari da. [...] Ez nuke parada galdu nahi Mitxelenaren estiloaz deus esan gabe. Alde batetik, darabilen euskararen maisutasuna daukagu, literatur hausnarketa egin nahi duen orok erreferentziatzat hartu beharko lukeen eredua'.
Horra Anjel Lertxundiren hitzak. Gauza asko esan liteke Mitxelenaz, baina bat aipatzeko hauxe. Gaur egun espezializaziora jotzen dugu, eta Mitxelena nahiz hizkuntzalaria izan, beste gai asko jorratu zituen, eta beharbada hori da bere ekarririk handienetakoa.
