Docutec
Jon eta Jone 49: Seme-alabak
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Seme-alabak edukitzeaz hitz egiten ari dira, mutila iheska dabil.
Jone.- Jon, bazenekien Bora-Borako Mikelek bigarrena eduki duela?
Jon.- Bai, neska izan du oraingoan.
Jone.- Zelako pasada, e?
Jon.- Zer ba?
Jone.- A, ba gure adina daukalako eta honezkero jada bi seme-alaba... Baina, Jon! Nora zoaz?
Jon.- Maritxuak ureztatzera
Jone.- Hori, hori, ihes egin, kobarde.
Jone.- Zuri gainera arroza pasatzen ari zaizu, Jon. Berrogeitik gertuago zaude hogeita hamarretik baino.
Jon.- Zer?
Jone.- Entzun duzuna.
Jon.- Ni gaztea naiz oraindik, e?
Jone.- Ja, Peter Pan-en moduan, betirako gazte. Ez zaizu gai hauetaz berba egitea batere gustatzen, e?
Jon.- Ezetz neska, ez da hori, baina...
Jone.- Baina, baina... zer?
Jon.- Beno, ikusi al dituzu maritxuak, e? Begira, hostoak ateratzen hasi zaizkie.
Jone.- Nik pentsatzen dut heziketa kontua dela, gure belaunaldiko neskak ikasita gizarteko goiko postuetara heldu gaitezkeela frogatzen pasa ditugu urteak, eta amatasuna ahaztu egin dugu.
Jon.- Baliteke bai.
Jone.- Ia-ia gaizki ikusita dago hogeita hiru urtetako neska batek seme-alabak edukitzea...
Jon.- Zuk ez dituzu hogeita hiru, e?
Jone.- Ez nintzen nire kasuaz ari, baina egia da, badirudi gaztaroa luzatu egin behar dugula, konpromiso barik bizi...
Jon.- Ja.
Jone.- Nik, egia esan, badakit seme-alabak izango ditudala, ez dakit noiz, baina edukiko ditut. Baina, nora zoaz?
Jon.- Ez, ez, bada ez bada ere, igual oraintxe nahi dituzula erabaki, eta eskura daukazun bakarra ni naiz.
Jone.- Edo bizilagun danesa...
Jon.- Bai, baina hura homosexuala da.
Jone.- Eta zer? Homosexualek ere badute aita izateko gaitasuna, e?
Jon.- Ba orduan, "por si acaso", ez naiz oso urrutira joango.
Jone.- Zertan zabiltza komunean, Jon?
Jon.- Ezertan ez.
Jone.- Ez duzu jardungo pildorak kontatzen, ezta?
Jon.- Ez, ez.
Jone.- Ez du ezertarako balio, igual komunetik behera bota ditut.
Jon.- Ez zenidake hori egingo, ezta?
Jone.- Beno, nire amatasun-senaren arabera.
Jone.- Jon, badakizu ez nizukeela horrelakorik egingo, ez?
Jon.- Aizu, nik ere badaukat haurren bat izateko asmoa, e, eta badakit arroza pasatzen ari zaidala, baina pisua erosi berri dugu eta dena...
Jone.- Beno, nik aitatxo itxura ikusten dizut.
Jon.- A, bai?
Jone.- Bai, nik uste guk biok umea egin ezkero, majo-majoa irtengo zela, e?
Jon.- Horretan zalantzarik ez. Hori bai, behin hasita, gutxienez parea.
Jone.- Beno, beno, Jon, "umea" hitza entzun eta ihes egitetik bi izatera pasatu behar duzu?
Jon.- Bi minimo, igual hiru edo lau. Baina nora zoaz, Jone?
Jone.- Maritxuak ureztatzera
