Docutec
Jon eta Jone 85: Surf-eroa
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Mutilak surf taula berria erosi du. Igeriketari buruzko eztabaidatxoa dute.
Jon.- Jone, Jone, begira zer erosi dudan, begira. Jone, non sartu zara?
Jone.- Hemen nago, sukaldean.
Jon.- Eske haraino ezin dut sartu honekin, etorri.
Jone.- Ai, ama! Baina zer erosi duzu, Jon?
Jon.- Begira, begira, begira. Ikusi, ikusi, surf-taula bat.
Jone.- Surf-tabla bat? Baina, honek surf autobusa ematen du eta!
Jon.- Long board bat da.
Jone.- Eta horrelako tabla tzarra pertsona bakarrarentzako da ala?
Jon.- Bai, eta gainera ikasteko erosoena omen da.
Jone.- Baina, Jon, zu hain sagutxoa izanda, zelan erosi duzu zuk surf-tabla bat?
Jon.- Oso merke zegoen, neska, merkeegi dendan uzteko.
Jone.- Orduan uda honetan surfer bat eginda ikusiko zaitugu, e?
Jon.- Hori da.
Jone.- Baina zuk, Jon, badakizu igerian ala?
Jon.- Zer graziosa zaren batzuetan, e? Eta zuk noiz ikasi zenuen ba igeri egiten?
Jone.- Ba txikitan.
Jon.- Eta herriko piszinan ikasiko zenuen, ezta?
Jone.- Ba bai. Zuk zer, zuk itsasoan ikasi zenuen, tiburoi artean.
Jon.- Ez, ez, nik ere piszinan ikasi nuen.
Jone.- Nik uste nuen kostakoek itsasoan ikasten zenutela.
Jon.- Nik behintzat ez. Nik gainera, egia esan, nahikoa berandu ikasi nuen, Salouko kanping batean zortzi urte nituela.
Jone.- Ba gure herrian ikasteko sistema nahikoa berezia genuen. Ikasten gindoazen heinean kolorezko itsas zaldi bat josten ziguten bainujantzian, judoan bezala.
Jon.- Eta zenbat itsas-zaldi izan zenituen zuk?
Jone.- Hiru.
Jon.- Hiru, e? Gurekin beste sistema bat zuten Saloun. Lau igeri-estilo daude, ezta, ba gainditu ahala maila igo egiten zizuten. Estilo bakarra, sardina; bi estilo menperatzen zituena, atuna; hirurekin, izurdea; eta laurekin, joder, laurekin Neptuno.
Jone.- Eta zu sardinan geratu zinen.
Jon.- Ez, ni atuna izatera iritsi nintzen.
Jone.- Eta igerian ikasteko burbujita erabiltzen zenuten zuek ere bai?
Jon.- Zer burbujita?
Jone.- Bai, burbujita, larrosa koloredun kortxo zatia.
Jon.- Ez, neska, ez, kostaldekook beti izan dugu estetika zentzu nabarmena, duintasun kontua da hori, burbujita.
Jone.- Bale, bale, atun jauna.
Jon.- Beno, orduan zer, etorriko al zara nirekin surf egitera edo zer?
Jone.- Ba ez dakit.
Jon.- Animatu zaitez, neska, olatuak, eguzkia, kirol polita da hau!
Jone.- Eta gero ni naiz etxeko pija?
Jon.- Aizu, surfa ez da pijoa, e? Inguruan montatu duten guzti hori, hori bai da pijoa, horrek nazka ematen dit.
Jone.- Ba justu niri gustatzen zaidana.
Jon.- Benga, Jone, elkarrekin zerbait egiteko aukera daukagu eta.
Jone.- Ikusiko dugu, gainera lehenago badaukagu konpontzeko beste arazorik, e?
Jon.- Zer arazo?
Jone.- Ba surf-taula erraldoi hori non gordeko dugun, adibidez.
Jon.- Ohe azpian.
Jone.- Eta logelaraino eramateko erditik moztuko dugu ala?
