detalle dokuteka-generico-fitxa

Geure bideari harrika gabiltzanean


Carmen Ramos Würzburg-eko Unibertsitateko Hizkuntzen Zentroan irakasle, koordinatzaile eta zuzendariordea da. Filologian lizentziatua eta pedagogian doktore. Bere ustez, hizkuntzak ikasteko erari buruzko usteek, ditugun usteek, zuzen-zuzenean eragiten diote, alde edo kontra, gure ikas-prozesuari.

Bizitzan zehar gutariko askok ikasi dugu hizkuntzaren bat, edo bat baino gehiago, eskolan zein eskolatik kanpo. Eta ikaste horretan izandako eskarmentuak nabarmen eragiten digu, gerora helduaroan, beste hizkuntza bat ikasteko abenturari ekiten diogunean. Eskarmentu horren ondorio dira hizkuntza ikasteari buruzko ditugun hainbat uste eta aurreiritzi. Iritziok ez daudenez inolako ikerketatan oinarrituak, ez dira beti guztiz zuzenak izaten, baina hain egiten dugu bat beraiekin, gure begietara egia direla. Adituek ideia hauei "sinisteak" deritzote. Halaxe zioen Ortega Y Gassetek: "Sinisteak ez dira guk ditugun ideiak, gu gara ideiok".

 

Hizkuntzak ikasteari buruzko siniste horietako batzuek hedapen handia dute, eta oso errotuak daude herri-jakindurian. Adibidez: umeek helduek baino errazago ikasten dituzte hizkuntzak; hizkuntza ondoen hizkuntza hori hitz egiten den lekuan ikasten da; hizkuntza ondo ikasteko, lehenbizi, gramatika menperatu behar da, gero hizketan jarduteko...

 

Badira sineste "baikorrak": gure ikas-prozesuaren alde egiten dutenak dira. Adibidez, ziur bagaude hizkuntzak ikasteko gai garela, eta esaten dugunean: "Ondo moldatzen naiz hizkuntzekin." Baina aurreiritzi horietako batzuek eragin gaiztoa izan dezakete gure ikas-prozesuan, adibidez, ziurtzat jotzen dugunean edade batetik aurrera heldu batentzat oso zaila dela ezein hizkuntza ikastea. Hori geure bidean harriak jartzea bezala da, nahiz eta ohartu gabe jarri.

 

Hizkuntza bat ikasten gabiltzanean oso kontuan hartu behar dugu adituek "ezagutza metakognitiboa" esaten duten hori. Hau da, nolako ikasleak garen, nola ikasten dugun, horri buruz ustez dakigun guztia da "ezagutza metakognitiboa". Zeren ezagutza hori etengabe darabilgu ikasgelan, eta handik at, hizkuntza bat ikasterakoan. Adibidez: idatzi bat ari gara irakurtzen, eta ohituak gaude ezagutzen ez ditugun hitz guztien esanahia hiztegian bilatzen. Hori etsigarria izan daiteke, edo agian ez da beharrezkoa, edo eragina guztiz nahi denaren aurkakoa izan daiteke... Agian irakasleak irakurtzeko esanda, ikasleak testua bere globaltasunean uler dezan nahi du; nahiz eta badakien ikasleak ez dituela hitz guztiak ezagutuko, ez du hori nahi, ideia orokorra uler dezan baizik. Hala ere, gu ikasle garen aldetik, ziur bagaude ezinbestekoa dela hitzez hitz ulertzea -hori da gure ezagutza metakognitiboa- hiztegira joko dugu. Eta horrek etsipena sortzen dio irakasleari, ez duelako guretzat aurreikusia zeukan helburua lortzerik, eta etsigarria da ikaslearentzat ere, inolaz ere beharrezkoa ez den ahalegina egiten duelako.

 

Honatx, guri heldu gisara ikasterakoan, hizkuntzak ikasteari buruzko zabalkunde handia duten hainbat siniste eta hainbat ohar.

 

 

Zaharra naiz hizkuntzak ikasten hasteko. Haurrek, horiek bai aise, ia ahaleginik egin gabe, ikasten dute.

Umeak bi urte edo behar ditu bere hizkuntzan hitz egiten hasteko, lehen hasi-masiak. Eta hori egunero hizkuntza hori etengabe entzunda, hots, hizkuntza horretan murgilduta. Helduok, nahiz eta murgilpen hori ez izan, era xume-xume batean hizketarako gauza gara eskola-ordu batzuen ostean. Umeak, ikasten ari den hizkuntza hori ahoskatzeko gaitasuna, hori du bere alde, dudarik ez da, baina helduak umeek ez duten ezagutza kognitiboa dugu, eta horrek helduen alde jokatzen du. Ikasteko teknika eta estrategia jakin batzuk −umeek ez dituztenak− jarriko ditugu abian. Beraz, edadearen ideia horrek ez diezagula adorea galarazi.

 

Bada hizkuntzak ikasteko izugarrizko erraztasuna duenik. Baina beste batzuek, nik esaterako, askoz ere ahalegin handiagoa egin behar dugu. Ni ez naiz batere ondo moldatzen.

Egia da batzuek erraztasun handiagoa dutela hizkuntzak ikasteko. Adibidez, entzundakoa oso aise barneratzen dute, eta inolako zailtasunik gabe gogoratzen dituzte hainbat hots eta hitz. Baina adituek diotenez, ia edozeinek ikas dezake hizkuntza bat. Garrantzia zerak dauka, ikasteko modua aurkitzea, norbere ikasteko erarekin ondo uztartuko den ikasteko modua. Batzuek era analitikoan ikasten dute: ikasi nahi dituzten edukiz osatutako koadroak eta eskemak egitea zaie baliagarri. Beste batzuek estilo komunikatiboa darabilte, eta hauek lehenago ausartzen dira ikasi nahi duten hizkuntzan hitz egitera. Estiloak ez dira batzuk besteak baino hobeak, kontua da hausnartzea nola ikasten dugun, eta zergatik ikasten dugun ikasten dugun moduan. Jarduera jakin batzuen aurrean zalantzak baditugu, bide ona da irakasleari galdetzea; litekeena da berak aholku egokiak ematea gure ahalegina lortu nahi dugun helburuaren araberakoa izan dadin.

 

Lan handiak ematen dizkit euskarazko gramatikak, baina hori ez badakit ezin dut hitz egin.

Hizkuntzaren bat, euskara kasu, ikasten gabiltzanean gramatika ere ikasten dugu, beharrezkoa baita hizkuntza hori menperatzeko, bai ahozko jardunean bai idatzizkoan. Badira gramatika-arau guztiak buruz dakizkiten ikasleak, baina ez dira ausartzen hitz egitera. Horrelakoetan, adituek gramatikaren "ezagutza esplizituaz dihardute, hau da, arau jakin bat zertan den azaltzen badakite ikasleek, baina horrek ez du esan nahi nahitaez gero erabiltzen dakitenik hitz egiterakoan. Eta badira arau bakar bat ere zertan den esateko gauza ez izan arren, hitz egiteko pausua ematen dutenak, nahiz hanka-sartze batzuk egin. Horrelakoetan, adituek gramatikaren "ezagutza inplizitua aipatzen dute: ez dakigu araua azaltzen, baina inplizituki darabilgu hizketan. Hizkuntza testuinguru desberdinetan baliatzeko behar dugun ezagutza, inplizitua da: hori da, hain zuzen, haurrek dutena. Hori horrela gertatzeko era bakarra hizkuntza, ikasten ari garen hori, ahalik eta sarrien erabiltzea da, baina aldi berean hizkuntza-formei erreparatuz. Pertsona heldu garen aldetik, abantaila handia dugu haurrekiko, gure gaitasun kognitiboa dugu, eta baita egiten dugunaz hausnartzeko ahalmena ere. Beraz, balia ditzagun gaitasunok geure bideko harriak kentzeko.

* Harrika ibili. Apedrear. Jeter des pierres.

detalle2

Docuthèque

C1
05-12-2007

x61pRelaContWAR

  • Ramos , Carmen
16337155

x61pViewCountWAR

10297

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR