Docutec
Emakumeen kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokak alor asko ukitzen ditu. Oso garrantzitsua da hezkuntzan lan egitea, baina ez soilik eskoletan. Sozializazio agenteak asko dira (familia, eskola, komunikabideak…).
Gizarte osoak errepikatzen ditu estereotipo sexistak eta beraz, gizarte osoaren inplikazioa behar da hauen kontra egiteko. Prebentzioak duen balioa oso handia da eta, zentzu honetan, gazteekin lan egitea ezinbestekoa da.
Horretan saiatzen da urte osoan zehar martxan dagoen Beldur Barik programa (www.beldurbarik.org). Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa sendoa da eta bide honetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aurkeztutako Hezkuntza sisteman hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa lantzeko Plan Gidariak berebiziko garrantzia du.
2013ko lehen sei hilabeteetako datuak
2013ko urtarrila eta ekaina bitartean EAEn genero indarkeriaren biktimen kopurua 2.421ekoa izan da. Hauetatik, 186 (% 7,6) 18 urte beherakoen arteko kasuak izan dira, eta 677 (% 27,9) 18 eta 30 urte bitartekoen artean eman dira. Beraz, esan daiteke kasu guztien % 35,5a 30 urte arteko emakumeen artean ematen dela.
Indarkeria motari dagokionez, 18 urtetik beherakoen artean, igoera nabarmenena askatasun sexualaren aurkako kasuetan eman da. Era honetara, 2012ko lehen sei hilabeteekin konparatuta, igoera % 90,63koa izan da (2012ko lehen sei hilabeteetan 32 kasu egon ziren, eta 2013ko lehen sei hilabeteetan 61 kasu). Adin tarte honetan 2013ko lehen sei hilabeteetan bikoteak edo bikote ohiak eragindako indarkeria kasuak 27 izan dira eta familia arteko kasuak 98.
18 eta 30 urteko emakumeen artean, askatasun sexualaren kontrako kasuak % 30 igo dira (2012ko lehen sei hilabeteetan 34 kasu, eta 2013ko lehen sei hilabeteetan 44 kasu). Pixka bat jaitsi dira (% 4,3) bikote edo bikote ohiak eragindako indarkeria kasuak, nahiz eta kasu gehienak era honetakoak izan (2012ko lehen sei hilabeteetan 577 kasu eta 2013ko lehen sei hilabeteetan 552 kasu). Eta gora egin dute % 30 familia barruko indarkeria kasuak (62tik 81ra).
Indarkeria kasu gehien 31 eta 40 urte bitarteko tartean eman da. 2012ko lehen sei hilabeteetan 824 kasu eta 2013ko lehen sei hilabeteetan 740. Adin hauetan bikote edo bikote ohiak eragindako indarkeria kasu gehienak kontzentratzen dira (737 kasu 2012ko lehen sei hilabeteetan eta 667 2013ko lehen sei hilabeteetan).
