Docutec
Kalakan: 'Guk jakin gabe casting bat pasa genuen Madonnarekin jotzeko'
Madonnak beraiekin jotzeko gogoa nondik atera zen azaldu dute Kalakan taldeko kideek.
Euskaldunen artean izandako erreakzio ezberdinak ere aipatu dizkiote Xabier Euzkitzeri 'Bisitaria' saioan.
XABIER EUZKITZE.- Labèque ahizpek, musika garaikidearen ikur diren Katia eta Marielle piano-jotzaileek Maurice Ravelen boleroa moldatu nahi zuten, eta artean sortu gabea zen Kalakan taldearengana jo zuten perkutsio-doinua txertatzeko. Esperientzia haren ondotik Labèque ahizpek jarri zuten Kalakan Madonnaren arrastoan, edo Madonna Kalakarenean. Xan taldera heldu berria zen une hartan.
Xan heldu zen taldearen gaztetzeko…
XAN.- Bai. Bai. Gizagaixo horrekin badakizu, gaztetasun-aztarna txiki bat… Beraz…
X. E.- Beno, Labèque ahizpak aipatu dituzue eta haiek, ez dakit, nahita edo nahi gabe baina eragin zuzena izan dute zuen 2012 urte bitxi horretan, Madonnarekin egin duzuen, zera, munduko bira horretan. Beraien bitartez edo, zuzenean edo zeharka ez dakit, baina beraien bitartez sortu zen hori ez?
JAMIXEL.- Bai, zuzen-zuzenean argi eta garbi. Bai, eta Katiak bereziki…
X. E.- Miarritzen gertatu zen…
J.- Bai, beraien Ahetzeko gainetan, hor badute, badute etxe bat, aspalditik…
X. E.- Eta ospakizun bat, urtebetetze bat edo horrelako zerbait…
J.- Bai. Madonnaren urtebetetzea.
X. E.- Um!
J.- Eta horra, baina hastapenetik Thierryk bazekien bakarrik, eta sekretu handi hori. …
X. E.- Thierryk bazekien eta ez zuen zuekin partekatu sekretua.
J.- Ez da, ez da hain ona sekretuak atxikitzeko.
X. E.- Orduan zuk bazenekien.
THIERRY.- Bai, nik banekien, zeren eta Katiak galdegin zidan ea zerbait berezi egiten ahal genuenentz eta bere lagunarendako; lehenik ez zidan erran ze, nor zen bere lagun hori, eta nik baietz, bistan dena. Ez zen, ez da lehen aldia… Katia saiatzen da beti guri jendeak…
X. E.- Ezagutarazten…
T.- Ezagutarazten eta hola…Bai. Bai. Beti. Eta beraz, hara, nik baietz, eta erran zidan “ez duzu beste ezer erran behar?” Bo, eta momentu batez, beno, Jean; Jamixelek aurkitu zuen, edo asmatu zuen gutxi gorabehera nor zen, ikusiz era ni ere arrunt eta txoratuta nintzela, eta gero erran genion, ze azkenik Xani erran genion eta norentzako egin behar genuen…Eta egun berezia zen, egun horretan Xan eta ni beste talde batean ari baikinen… Bermeon ari ginen. Beraz, behar genuen Bermeotik tarrapataka joan eta Ahetzera beraz, etxe horretarat, edo horra, eta prezeski emazte horrendako kantu batzuk eta boleroa jo, jo genion eta Labèque ahizpekin eta bon, pasa genuen arrats biziki goxo bat.
X. E.- Eta bistan denez, Madonnari izugarri gustatu zitzaion zuen emanaldia.
J.- Beno, badakizu zer? Ni kasu seguru naiz, eta taldea ezagutzen zuela etorri baino lehen, edo bederen musika edo..
X. E.- Nonbait entzuna zuen? Bai?
J.- Bai. Bai.
X. E.- Bai?
J.- Katiak errana, eta horrelako zerbait…eta hori izan zen gure castinga nire ustez. Ez digute sekula hola, hola erran, edo hola aipatu…
X. E.- Zuk susmo, zuek susmo hori duzue?
J.- Bai.
X. E.- Hura izan zela, zuek jakin gabe casting bat pasatu zenutela.
J.- Bai. Bai. Bai. Jakiteko zer, zer-nolako mutikoak ginen eta holako, holako bira batean, ez dakit, norbait hautatzen duzularik zurekin bidean joateko, behar duzu musikari bat hautatu, hori argi eta garbi. Baina behar duzu ere pertsona bat hartu eta nik uste hori beretzako kasik inportanteagoa zela musikaria baino.
X. E.- Beno, normalean casting bat pasatzen delarik Xan, erraten dizute: “deituko zaitugu”. Baina ez zen hala izan!
J.- Berriz deitu zuen hola gauza bera egiteko, afari bat…
T.- Despeditzeko. Esateko adio.
J.- Eta hor bai: hartu zituen gure harremanak… Thierryren telefono-zenbakia, eta galdetuz: “nahi duzue nirekin etorri, eta bira egiteko”, baina badakizu, hola, irri batekin eta. Gu hola ginen: zer ari da bera? Astakerian ari da, egiazki ari da?” Ez genekien. Orduan gu: “Bai. Bai.” Bistan da. …
X. E.- Pentsatu zenuten: ”Ez da deus izanen. Hor galduko zen” Eta gero heldu zen telefono-dei hori.
J.- Bai. Bai. Eta hori urtarrilean Nueva York-era etorri beharko zarete, ez dakit, otsailaren 13an…
T.- Tarara rara! Bai edo ez? “Libro zarete aurten”; zen “libro zarete aurten?”. Bagenituen ez dakit zenbait gauza egin beharrekoak urte horretan, eta erran genuen: “joaten gara. Irten du zerbait eta!” Erran genuen baietz, printzipioz baietz! Gero…
J.- Gero kontzertu guzti horiek ezeztatu behar.
X.- Esplikatu gabe.
J.- Hola…
X. E.- Beraz, lehendik hitz emanik zenituzten emanaldi guziak bertan behera utzi beharra zegoen, baina jendeari deus erran gabe?
J.- Beno, gezur batzuk montatuko dizkiagu…Ez dakit: kontzertu batentzako nik besoa hautsi nuen, edo ez dakit, eta beno, gero zernahi erranka ibili dira. Eta batzuek gorrotatu ere: “ze ostia! Ez da, ez da horrelakorik egiterik ahal. Ez zarete profesionalak”. Ez dakit zer! Badakit zer! Eta guk: “Uf! Bai. Bai. Bai” Baina gero, jakin eta gero…
X. E.- Eta samur izateko arrazoiak era bazituzten!
J.- Eta bai. Bai. Bai.
T.- Nolaz ez? Noski! Noski baietz!
J.- Ulertu zuten jakin eta gero. Berria jakin eta gero. Beraz, eta deitu dute gero: “Eta heldu den urtean etorri ahal zarete?” Beno bai. Bai.
T.- Bistan dena.
X. E.- Beno, zuek euskaldunak zarete, errotik euskaldunak bistan denez, euskaraz kantatzen duzue. Euskal munduak, zuen inguruak nola hartu zuen? Konprenitu zuen? Ongi iruditu zitzaion?
T.- Badakit izan direla, holako, bon, jende batzuek alde…. Joan behar zirela, joan behar ginela, eta beste batzuek ezetz, ez zuela balio joatea Madonnarenganat, bera inperialista dela, eta… beno, ukan ditugu holako gauza batzuk…
J.- Batzuentzako, ez dakit, nola erraten den, heroiak edo beste batzuentzako traidoreak eta beno…
X.- Gainera, zinez euskaldun guziak errespetatuak izan dira bai Madonna berarengandik bai talde guztiarengandik, beraz, ez dugu horrelako pentsamolderik, edo arazorik behintzat gure, gure buruarekin. Beraz….
