Afrika Bibang

Algortarra, 28 urte, Ekuatore Gineako etorkinen alaba da Afrika Bibang. Hizketan entzunda, ez zaio antzematen euskaldun-berria denik, bizkaieraz natural-natural egiten baitu. Adierazkortasuna, berriz, afrikarra du.

"Pobrezia oso gertutik bizi dut" Afrika Bibang

Ana Unanue

Irribarre errazekoa, gorputz osoa mugitzen du esaten duena osatu nahian edo. ETBko ikusleentzat ezaguna izango da, Kalera saioan aritu izan baita, baina barrutik ateratzen zaiona musika da, arima beltzeko musika. Urte askotan Etsaiak taldearekin eta beste batzuekin ibili eta gero, ekainean atera zuen bakarkako lehen diskoa. Entzun (Kontrakalea-Metak) lanak soula, rythm'n blues eta belarri euskaldunentzat berriak diren beste hainbat doinu dakartza. Buruan eta bihotzean musika baino gehiago du, hala ere, Afrikak. Okerrago bizi direnak ditu gogoan, eta ez dirudi itxurakeria.

Harremanik baduzue Ekuatore Gineako senideekin?

Bai. Astero hitz egiten dugu telefonoz, eta hilero bidaltzen diegu arropa edo dirua. Gure familia handia da, ez dakit zenbat lehengusu-lehengusin dauzkadan, 80tik gora. Afrikan normala da seme-alaba asko izatea, eskulana behar da eta.

Askotan izan zara han?


Gu ez gara joaten. Lau anai-arreba gara, eta inoiz ez dugu nahikoa dirurik izan etxeko seiak joateko. Ama eta aita beharrean ari dira beti. Aita behin izan zen, duela hamabi urte, handik atera zenez geroztik lehen eta azken aldiz. Egoera latza da han. Miseria handia dago, eta egoera politikoa ere gogorra da. Nire gurasoek ez dute jazarpen politikoa zuzenean sufritu, gazterik etorri zirelako, baina osabak eta beste batzuek bai. Zenbait senide ezin dira itzuli.

Nolako erregimena du Ekuatore Gineak?

Teodoro Obiangen diktadura eskuindarra eta militarra da, alderdi bakarra dago eta beti berak irabazten du eta nahi duena egiten. Bien bitartean, jendea gosez hiltzen da. Afrikako beste toki askotan bezala, daukatenek asko daukate eta besteak miseria gorrian bizi dira. Han gripe batengatik hil zaitezke.

Gurasoek erakutsi zizuten herri hura maitatzen?

Bai, biak han hazitakoak dira, eta oso barruan daramate euren herriko egoera. Etengabe gogorarazten digute nola bizi den hango jendea, ikus dezagun zer zorte dugun, eta beti ari zatzaizkigu esaten daukaguna partekatu egin behar dugula. Astero ematen digute halako hitzalditxo bat, bi ordukoa edo, gogoan izan dezagun jende asko gu baino txartoago bizi dela.

Zer nabarmenduko zenuke afrikar jendearen izaeratik?

Aurrera ateratzeko indarra eta, gauza gutxi izan arren, daukatena eskertzeko joera. Inoiz ez baduzu ezer izan, ez daukazu galtzeko ezer, eta izugarri eskertzen duzu daukazuna: bizitza bera, jatekoa, gauzarik txikiena;... Dena iruditzen zaie opari bat. Gurasoek betidanik irakatsi didate gutxiago daukatenei, okerrago daudenei, begiratzen, ez gorago daudenei. Daukagunarekin konformatzen irakatsi digute, beste batzuen aldean oso aberatsak garelako. Hemen, hala ere, jendea ez da inoiz konformatzen; jendeak beti nahi du gehiago, eta horrek ez du poztasunik ematen. Ni ere mundu horretan sartuta nago, oso hurbil ikusten dut aberastasuna, baina pobrezia ere oso gertutik bizi dut. Fisikoki ez, baina barrutik oso gertu, nire familiaren parte bat hortxe dagoelako, gosez hiltzen.

Zure diskoan, kapitalismoaren trenetik jaisterik ba ote dagoen galdetzen duzu.

Ez dago jaisterik, gero eta kapitalistagoak izango gara, gero eta kontsumistagoak, gero eta geurekoiagoak. Pena da, baina hori da inguruan ikusten dudana.

Beste kanta batean azala ilunago izan arren "pertsona normala" zarela aldarrikatzen duzu. Oraindik argitu beharra dago?

Gero eta gehiago. Nik uste nuen denborarekin gauzek hobera egingo zutela, baina gero eta aurreiritzi eta mesfidantza gehiago ikusten dut. Jendea itxuraz oso modernoa eta irekia da, baina itxuraz bakarrik. Duela urte batzuk gu Algortako beltz bakarrak ginen, eta jendeak esaten zuen "ze majoak", baina orain gero eta kanpotar gehiago dago, eta begirada eta tratu arraroak sumatzen dituzu. Behin sartu nintzen denda batera eta dendariak ia ihes egin zuen, ikaraturik.

Promoziorako, berriz, mesede egingo zizun beltza izateak.
Horretarako bai. Emakumea, beltza eta euskalduna,... Goxoki bat komunikabideentzat. Eta nik eskertzen dut eskaini didaten arreta, baina aldi berean pixka bat haserretzen naiz. Pentsatzen dut "eta beltza izango ez banintz, kasurik egingo zidaten?", zeren lagun asko baititut disko onak atera dituztenak, eta ez diete batere kasurik egin. Ez dut zirkoko tximinoa izan nahi, denak begira eta kakahueteak botatzen, baina promozioa egin beharra daukat, eta niri esker etorkinak animatzen badira euskara ikasten, bada hobeto. Pizten dudan jakin-mina aprobetxatu egin behar dut.

Eta hiru ezaugarrietatik (emakume, beltza, euskalduna), zein da gehien markatu zaituena?

Hirurak. Emakumeak beti egon gara baztertuta, afrikarrak zer esanik ez, eta euskaldunok badakigu zelan gauden ikusita munduan, terroristak gara,... Orduan, gutxiengo baztertu eta arriskutsu guztien nahasketa arraroa naiz ni (barrez lehertzen).

Musikazaletasuna etxetik datorkizu?

Bai. Beltzok berezko dohaina dugu musikarako. Lehengusuekin ikusten dut: txiki-txikiak dira, baina musika entzun orduko mugitzen hasten dira, eta zelan mugitzen, gainera. Neu ere halakoxea nintzen. Etxean musika afrikarra entzuten genuen: Ekuatorekoa, Zimbabwekoa, Senegalekoa, eta gero rythm'n blues, Marvin Gaye, Diana Ross, Nina Simone, Aretha Franklin, Steve Wonder,... Etxean beti egon da musika, ama harrikoa egiten eta kantetan gogoratzen dut beti.

Amesten zenuen orduan abeslari izatearekin?

Ez, duela gutxi enteratu naiz abeslaria izan behar nuela. Orain arte batetik bestera ibili naiz. Zuzenbidea ikasten hasi nintzen, baina baita utzi ere, ez nuen nire burua bulego batean ikusten; tabernetan ere egin izan dut lan, gero marketinga ikasten hasi nintzen, eta geroago musika-irakasle eskola egin nuen urtebetez. Hor hasi nintzen musikaranzko bidea hartzen.

Euskaraz grabatzearena garbi izan zenuen?

Bai, batetik aukera Ferminek eman zidalako, eta, bestetik, ordurako oso sartuta nengoelako euskararen munduan. Ez dut neure burua gaztelaniaz abesten ikusten, ingelesez bai, baina erdaraz ez. Gainera, euskaraz estilo berri bat lantzea apustua ere bazen. Txikitan gurasoen hizkuntza, fanga, zen nire hizkuntza, gero gaztelania eta orain euskara, hala erabaki dudalako. Algortan berba gutxi egiten da euskaraz, baina nik ahal dudan guztietan egiten dut.

Etorkin gutxik egiten du aukera hori.

Eta bertakoen artean ere gutxik! Bertakoek ez badute ikasten, etorkinek ez dute inoiz euskararen premiarik sentituko. Zertako ikasiko dute?

Esan didate AEKn hilabeteko ikastaro trinkoa nahikoa izan zenuela euskaraz hitz egiten hasteko. Egia da?

Bai, benetan, hala izan zen! Betidanik izan dut erraztasuna hizkuntzak ikasteko. Eskolan ere euskaran, ingelesean eta latinean ateratzen nituen nota onenak. Neba txikiak ere horrela ikasi du, entzuten eta mintzatzen.

 


B2
05-09-2004
16283305
3957