Docutec
Soinujolearen semea
Hori da Atxagaren lan berriaren izenburua eta Pamiela argitaletxeak kaleratu du. Liburu honek Bernardo Atxagaren aurreko guztiak hartzen omen ditu bere baitan. Bertan, Atxagaren lanetan lehendik ere ezagunak diren Atxagaren pertsonaiak eta gaiak daude eta tarteka Obabakoak edo Gizona bere bakardadean bezalako liburuen barruan sentituko omen gara, baina, aldi berean, berria egingo omen zaigu dena.
Eskuartean duzun pasarte hau Bernardo Atxagaren azken eleberriko zati bat da eta bertan David-i eskola garaian gertatutako pasadizo bat irakur dezakezu.
Bernardo Atxaga, Soinujolearen semea, Pamiela, 2003. (118-122.orr.)
1
Poliki-poliki, kolegioko egoerak hobera egin zuen trenean joaten ginen herri txikietako ikasleontzat. Hirikoekin betidanik geneukan lehia hartan guk abantaila hartu genien, eta Hipo prefektuak notak banatzerakoan gelako guztien aurrean esan zuenez, haiek baino hobeak ginen denean. Adrian, Carmelo, ni neroni, baita interno zeuden beste morrosko batzuk ere Ähalaxe deitzen ziguten hirikoek, morrosko Ä ikasle onak ginen, notak banatzen ziren bakoitzean ilararen lehen postuetan suertatzen ginenak. Gainera Adrian, inola ere morrosko izan ezin zena bere arazo fisikoagatik, eta gimnasiatik ere libratua zegoena, kolegioko artista ofiziala bihurtu zen Eguberriak iritsi eta bere eskuz egindako zurezko tailak ekarri zituenean: Jaiotzarako estalpe oso bat bere Haur, Guraso eta abereekin. Don Ramon apaizak, kaperaren ardura zuenak, Berruguete berri bat geneukala gure artean adierazi zuen orduan, eta Artearen Historia erakusten zigun fraideak taila haien laudorio bat idatzi zuen kolegioko aldizkarian. Eta Adrianen atzetik, artista bezala, ni neroni nentorren, soinua jo nuelako Eguberri haietako ospakizunean. Azkenez, herri txikietakoen gailentasuna bermatuz Änahiz oso arrazoi desberdinengatikÄ Martin zegoen. Gero eta itzal handiagoa zeukan kolegio guztian. Martinek nahiko nota txarrak ateratzen zituen, eta ez zuen inolako trebezia berezirik, baina ikara pixka bat ematen zien beste ikasleei bai patioko liskarretan eta bai irakasleen aurrean erakusten zuen ausardiagatik. Ordurako, gainera, kolegioan zebilen kontrabandoko tabako eta edari guztia bere eskuetatik pasatzen zen. Noizbehinka, trenetik jaitsi eta, auzune pobrera iritsitakoan, Martinek aurrera segitzeko eskatzen zigun, berak 'enkargu bat' egin beharra zeukala inguruko taberna batean. Gero, kolegioko muinoan bertan, atzetik harrapatzen gintuen, eta, Adriani eta niri, gu bioi bakarrik, albora deituta, liburuen ordez maletan zekarrena erakusten zigun: jeneralean, Martel koñak botila txikiak, hogei edo gehiago aldiko, eta Philip Morris tabako amerikanoa, hamarren bat pakete oso txukun jarrita. Ondo antolatuta zeukan, gainera, kargamentu haren banaketa, zeren kolegioko atean, prefektuarekin ohi bezala topo egin baino lehen, sukaldean lan egiten zuen mutiko bat edukitzen baitzuen zain, eta hari entregatzen baitzion dena. 'Non duk hire maleta?', galdetu zion behin prefektuak. 'Etxean ahaztu zait.' Martinek lasaitasun handiz esan zion gezurra. 'Enkargua' egitera gelditu zen egunetako batean Ämaiatza zen eta amaitzen ari zen ikasturtea, errotarria bere azken buelta astuna ematera zihoanÄ, Martin ohi baino gehiago atzeratu zen, eta Adrianek eta biok kolegio barrura egin genuen itxoiten egon gabe. Trena huts egin zuela esan genion prefektuari. 'Seguru gezurra dela', erantzun zigun. Adrian eta biok zain gelditu ginen, beste zerbait jakin nahi ote zuen. Baina ez zuen beste galderarik egin, eta galerian barrena aldendu zen txistuka. Aldarte onean zegoen; udaberriko eguraldi epelak eragina zuen berarengan ere.
2
Martin errekreoaren ondoren azaldu zen ikasgelan. Artearen Historiari eskainitako klasean geunden, eta irakaslea, Adrianek egindako tailen laudorioa idatzi zuen fraidea, Las hilanderas koadroaren konposizioa erakusten ari zitzaigun filmina proiektore baten laguntzaz. Halako batean, Martinen inguruan zalaparta bat zegoela iruditu zitzaidan, ez zuela alde hartako inork pantailarantz begiratzen. Martinen begiekin egokitu ziren nireak. Alai zegoen, irribarre batean. Nik ere irribarre egin nion, eta keinu bat ere bai, zer gertatzen zen. Berak orduan aldizkari bat bidali zidan bion arteko ikasle ilararen gainetik. Zabaldu nuen aldizkari hura eta izutu egin ninduen ikusitakoak: Ubanbe edo Opinek esan izango zuketen bezala, gizon batek gainka egiten zion andre bati. Zakurrak bezala zeuden biak erantsita. Andrearen bularrak, izugarriak, alfonbra gorri bat ukitzeraino beheratzen ziren. Nire onera etorri gabe nengoen Hipo prefektua gelako atean azaldu zenean. 'Zutik!', agindu zuen Artearen Historiako irakasleak, eta denok berehala obeditu genuen. Hipok berriro esertzeko baimena eman zigun. Sabaiko fluoreszenteak, itzaliak proiekzioak iraun bitartean, piztu egin ziren bat-batean, eta aldizkari pornografikoaren azaleko kolore biziak dizdizka ikusi nituen nire esku artean. Magalerantz erakarri nuen, eta pupitrearen kaxoirantz bultzatu. 'Zer ari zara ezkutatzen, David?', galdetu zuen Hipok niregana eginez. 'David' deitu zidan, ez, kolegioko ohituraren arabera, deituraz. Konfiantza seinale hark lotsatuago sentiarazi ninduen.
3
Garai hartan, hamasei urterekin, metro eta laurogei izango nintzen luzeran, eta laurogeita hamarren bat kiloko pisua nuen. Halere, prefektuak jo zidan zartakoak gelako atzeko hormaren aurka bidali ninduen, indarragatik eta, batez ere, ustekabean harrapatu ninduelako. Balkoirantz abiatzekoa egin baitzuen aurrena, aldizkaria handik botatzeko asmoa balu bezala; baina, erdizka jarri zenarekin batera, jiratu eta ukabilkada bat eman zidan ezkerreko matrailezurrean, begia ere hartuz. Tentetu nintzenean aurrez aurre neukan, oso zurbil. Esan nahi zidan zerbait, baina ez zitzaion hitzik ateratzen. Eskuineko besoa altxatuta zeukan, ukabila eskainiz; ezkerrekoa, erorita. Trapu zikin bati bezala heltzen zion aldizkariari, punta batetik hartuz hatz erakusleaz eta lodiaz. Klaseko beste edonorekin ere atera izango zen bere onetik; baina gaizkile likitsa Äizenlagun horrekin hautsi zuen bere hitz egiteko ezinaÄ nor eta ni izatea, herri txiki bateko giro garbi eta inozentean jaiotako mutil jator bat, kaperan harmonioa jotzen zuena, pairaezina egiten zitzaion. 'Joan zaitez segituan kaperara, eta itxoin ezazu han. Zuzendariarekin hitz egin beharra daukat. Bera konforme badator, ez zara kolegio honetara sekula itzuliko.' Nik erantzun egin nahi nion, eta nire errugabetasuna aldarrikatu; baina ezin nuen ezertan taxuz pentsatu, tontotuta nengoen kolpearekin. Ezkerreko begiak min ematen zidan.
