Kerman mintzalagun bila. Kerman sarean

Aitziber egunkaria irakurtzen ari da, eta hori Kirmeni beste garai bateko kontua iruditzen zaio.
Egiturak:
- Zertaz: *politikoetaz / politikoez.
- Eraman aditzaren gehiegizko erabilera.


Transcription:[+] Transcription:[-]

KERMAN: Zer ari zara irakurtzen, Aitziber?  Finantial Times!Ene! Nolatan erosi duzu ba egunkari hori? Astun-astuna da eta...
AITZIBER: Bueno, munduko krisiari  eta atzerriko istiluei buruzko informazio serioa dakar honek. Niri Informazio ona irakurtzea gustatzen zait niri.
KERMAN: Niri ere bai! Baina badira informatuta egoteko modu hobeak! Eta modernoagoak!Ni ez naiz batere fio egunkarietaz.
AITZIBER: Ezta ni ere. Horregatik erosi dut egunkari atzerritar bat. Aditu serioagoek idazten dute hemen.
KERMAN: Aditu serioagoak?  Adituetaz ere ez naiz batere fidatzen. Berri-lapiko hutsak dira!
AITZIBER: Kerman, mesedez. Egunkari hauetan lehen mailako diplomatiko, politiko eta ekonomistek idazten dute. Ondotxo dakite zertaz ari diren.
KERMAN: Nik ez daukat oso iritzi ona zeure ekonomistetaz. Beraiek sartu gaituzte krisialdi honetan...
AITZIBER: Kontua askoz ere konplexuagoa da, Kerman! Politika hor tartean sartzen da...
KERMAN: Politikariak ere antzeko!Gezur bat bestearen atzetik botatzen dute.
AITZIBER: Hemen, gatazka lekuan bertan bizi diren diplomatikoek idazten dute. Lehen eskuko informazioa daukate.
KERMAN: Diplomatikoez, berriz, ezer gutxi dakit. Zergatik fidatu behar naiz beraiekin?
AITZIBER: Ba esango didazu zein diren zure informazio iturriak? Nora jotzen duzu atzerriko gatazka bati buruzko informazio serioa jaso nahi duzunean?
KERMAN: Twitterrera!!!! Zure egunkari horiek zaharkituta daude erabat. Dinosauro hutsak dira politikari, diplomatiko eta ekonomista horiek!! Hemen, hemen daude gaur egungo iritzi liderrak! Twitterren!
AITZIBER:  Twiterren? Mesedez, Kerman!!!!
KERMAN: Begira, begira!!!! Mezu bat bidali berri du David Bustamantek! Libiako gatazkataz ari da. Hau bai serioa! Kar, kar...
AITZIBER: Bueno, nahikoa dugu!

AZALPENA
Kontuz ibili  «egunkarietaz», «gatazkataz» eta antzeko formekin, okerrak baitira euskaraz. Zertaz kasua egiteko, -(e)z markaz baliatuko gara. Horrenbestez, «egunkariez»  eta «gaztakaz» esango dugu. Galdetzaileekin, erakusleekin eta izenordainekin, berriz, -taz erabiliko dugu: «nortaz», «horietaz» edota «gutaz» esate baterako.

KERMAN: Hara! Orain David Bisbalek bidali du mezua... Zeinen interesgarria! Entzun! Entzun!
AITZIBER: Kerman, mesedez! Adarra jotzen arituko zara, ezta? Zer daki David Bisbalek Libiako gatazkari buruz?
KERMAN: Ezer gutxi...
AITZIBER: Ikusten? Nik arrazoi. Hobe da egunkaria irakurtzea, gizona!...
KERMAN: David Bisbalek ez daki ezer Libiako gatazkari buruz. Izan ere, Egiptoko auzia darama berak!!!...David Bustamente da Libiako gatazkan jantzia dagoena.
AITZIBER: David Bustamante... Hori bai aditua... Kerman, mesedez!
KERMAN: Ba Libiari buruzko informazioa erabat eguneratua ematen du twitterren... Begira, begira... Gadafik daraman estrategia kritikatu du...
AITZIBER: Kerman, zure twitter hori txorakeria galanta iruditzen zait. Denbora galtze hutsa! Horixe!
KERMAN: Nik hala uste nuen lehen ere. Baina orain oso ondo eramaten naiz teknologia berriekin! Hauetan dago etorkizuna!!!!
AITZIBER: Tira, Kerman!Zuk egin nahi duzuna. Nik egunkaria irakurtzen jarraituko dut. Begira, hemen Japoniako hondamendi nuklearrari buruzko informazio interesgarri bat dago...
KERMAN: Japoniako hondamendia!!!! Horri buruzko azken orduko informazioa daukat nik!!! Eta oso fidagarria gainera! Ezetz asmatu nork eramaten duen gai hori?
AITZIBER: Auskalo! Bustamante edo Bisbal ez den bitartean...
KERMAN: Ez ba!!! David Civerak!!!!! Kar , Kar... Ikusi...

AZALPENA
Adi egon «eraman» aditzarekin, batzuetan neurriz kanpo erabiltzen baitugu. Hortaz, hobe da «egiptoko auziaz arduratzen da bera», «teknologia berriekin oso ondo konpontzen naiz» eta halakoak esatea. «Egiptoko auzia eramaten du berak», «teknologia berriekin oso ondo eramaten naiz» eta tankera horretakoak, aldiz, baztertu egingo ditugu.

AITZIBER: Kerman! Kerman! Kerman!!!!
KERMAN: Bai, bai... Oraintxe... Mezu bat idazten ari naiz...
AITZIBER: Ikusten dut bai! Aurki nik ere twitterren kontu bat zabaldu beharko dut zurekin hitz egin ahal izateko.
KERMAN: Ez da ideia txarra! Baina ibil zaitez azkar, dagoeneko jarraitzaile pila daukat eta, kar, kar...
AITZIBER: Benetan? Eta, zeri buruz idazten duzu zuk? Politikaz, ekonomiaz...
KERMAN: Ez ba... Esan dizut lehen ere. Gai horietaz beste pertsona batzuk arduratzen dira. Ni ez naiz horietan aditua...
AITZIBER: Eta? Zein da zure espezialitatea?
KERMAN: Menderatzen ditudan gaiez hitz egiten dut nik. Izan ere, twitterren ez dugu bakarrik politikoez, istiluez, hondamendiez... hitz egiten. Baditugu gai arinagoak ere.
AITZIBER: Zer ondo! Denetik daukazue zuen twitter horretan!
KERMAN: Bai, mundiala da. Esan bezala, ni lehen ez nintzen ondo konpontzen teknologia berriekin baina... Orain zale amorratua naiz...  
AITZIBER: Ikusten dut, bai... Ba segi zure lagun birtualekin hizketan. Ni ez nauzu ezertarako behar.
KERMAN: Oker zaude, Aitziber! Zu oso beharrezkoa zara!
AITZIBER: Ni? Zertarako?
KERMAN: Zutaz ari naizelako nire Twittean! Aholkua eskatu diet maitasunaz hitz egiten duten adituei.
AITZIBER: Nitaz? Zer esan duzu? Ekarri hona!
KERMAN: Zuri musu eman edo ez jakin nahi nuen.
AITZIBER: Kerman, mesedez! Orain mundu osoa gutaz hizketan arituko da!
KERMAN: Mundu osoa ere ez... Baina nire 10.000 jarraitzaileak bai, kar, kar... Zer diote?
AITZIBER: Ekarri hona! Nola borratzen da hau!!!
KERMAN: Musu emateko esaten didate!!! Aupa! Aupa!
AITZIBER: Kerman!!!!!!

AZALPENA
Twiteatzen ibili zaigu gaurko saioan  gure Kerman xelebrea. Lehen zatian esan dizuegunez, zertaz kasua egiteko -(e)z markaz baliatzen gara. Hortaz, «politikoez», «maitasunaz» eta halako formak izango dira egokiak. «Politikoetaz», «maitasunetaz» eta tankerakoak, ordea,  txartzat emango ditugu. Gogoan izan, berriz, galdetzaile, erakusle eta izenordainekin -taz  erabiliko dugula, esate baterako, «nortaz», «horietaz» edota «zutaz».

Bestalde, batzuetan «eraman» aditza gehiegitxo errepikatzen dugula ikusi dugu. Horrenbestez, hobe da «gai horretaz beste pertsona bat arduratzen da» edota «teknologia berriekin ondo konpontzen naiz» esatea.  «Gai hori beste pertsona batek eramaten du», « teknologia berriekin ondo eramaten naiz» eta tankerakoak, aldiz, baztertu egingo ditugu.

Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

A2
07-06-2011
16259573
06:44
9084