Patxi Gaztelumendi: "Euskaraz bizi nahi dugunon eremu librea da sarea"
Teknologiaren garapenaren hausnarketa positiboa egiten du Patxi Gaztelumendik.
Internet euskararen erabilerarako “eskura dugun tresnarik eraginkorrena” dela uste du eta, beste batzuen artean, Twitter euskaratzeko beharra ikusi zuen. Baita lortu ere. Guztiaren inguruko hausnarketa egin nahi izan du Belfastetik, bertan baitago orain “hizkuntzari egurra ematen”.
Komunikazioa eta, oro har, hedabideen esparrua erabat aldatu du Internetek. Nola ikusten duzu bilakaera hori?
Patxi Gaztelumendi.- Beharrezkoa. Informazioaren kudeaketa esku gutxiren baitan egotetik guztion eskura egotera pasatu da. Sortzeko, komunikatzeko, kontsumitzeko, eraldatzeko aukera eskaini digu. Jakintza sozializatzeko tresna berriak ditugu orain eskura. Gizartea antolatu eta parte hartzeko tresnen demokratizazio bat ari da garatzen. Etengabe. Balore positiboekin lotzen dut nik teknologiaren garapen hau. Egongo dira bestelako interesak eta baloreak defendatu gura izango dituztenak... baina nik modu eraikitzailean eta iraunkorrean ikusten dut Interneten bilakaera. Sare deszentralizatu global bat, tokian tokikoari garrantzia eta protagonismoa ematen diona. Zu eta ni, beste askorekin elkar eragiten. Eta joan-etorriko komunikazioa, anitza eta etengabea.
Zer toki du euskarak sarean? Jendeak sortzen al du euskaraz?
P.G.- Euskararen tokia euskaldunok egingo duguna da. Gure esku dago, neurri handi batean. Ez dugu zertan zain egon, guk geuk idatzi, sortu, hedatu, zabaldu eta komentatzen duguna izango da beste batzuek sarean ikusiko dutena. Gure youtubeko bideoak onak badira, jendeak ikusi egingo ditu. Ez dira behar sekulako tresnak eta emaitzak... telefono batekin egiten dugun horrek sekulako garrantzia daukalako gaur egun bizi dugun informazioaren aroan.
Eta jendeak noski, sortu egiten du. Asko. Gehiago nahi dugula? Beharbada... baina inoiz eskura izan dugun tresnarik eraginkorrena da Internet. Eta euskaldunok aspaldi konturatu gara horretaz, horretan jarduten dugu, eta etorkizun oparoa izaten jarraituko du gure hizkuntzak sarean.
Euskararen presentzia areagotzeko, zer bide beharko lirateke?
P.G.- Edukiak, bisibilitatea, tresnak, erabiltzaileak eta komunitatea. Edukiak sortzen jarraitu behar dugu: webguneak, blogak, wikipedia, bideoak, ariketak, liburuak, musika... Sortzen dugun horrek guztiak izango baitu gero ikusgarritasuna sarean, sortzen dugun horrek emango digu gero bisita-kopuru bat, trafikoa, interesa. Horretarako, noski, tresnak behar ditugu, softwarea garatzen eta euskaratzen jarraitu beharko dugu. Poztekoa da; sareko tresnarik garrantzitsuenak, nabigatzeko (firefox), idazteko, edukiak sortzen jarraitzeko (wordpress, adibidez, blogak egiteko), jokatzeko eta beste mila gauza egitea ahalbidetzen digutenak euskaraz ditugu gaur egun, jendeak euskaratu egin dituelako! Horrela, euskarak gero eta erabiltzaile gehiago izango ditu, dudarik gabe. Erabiltzailearentzat praktikoa izango baita euskaraz aritzea sarean, ohikoa, egunerokoa, erabilgarria eta praktikoa. Hori lortuz gero, gurea komunitate interesgarria izango da munduan zehar. Eta gaur egun komunitateak daukan garrantzia izugarria da. Horri begira daude munduko tresna garrantzitsuenak... eta ez da kasualitatea egun diren tresna inportanteenak, webgune indartsuenak euskaraz ere baditugula. Zerbaiten seinale edo ondorio da.
Orain, gainera, zenbait urteren ostean, puntuEUS domeinua eskuratuta... horrek guztiak indar gehiago erakutsiko du munduan, sarean. Edukiei, erabiltzaileei, tresnei, komunitateari berari ikusgarritasuna bermatuko dio, eta euskarazko eta euskal kulturaren inguruko edukiek, oro har, aurrerapauso handia emateko aukera hau profitatu behar dute. Une historikoa bizitzen ari gara alde horretatik.
Bide hauek erabiltzen ez dituena, atzean geratzen ari al da?
P.G.- Bakoitzaren hautua da hori. Egunerokotasunean, gure baitan daukan garrantzia ikusita... norberak ikusi beharko du. Argi dago norabidea zein den, ezta?
Orain, edozein da informazio-iturri eta iritzi-sortzaile. Komunikabide tradizionalen amaieraren aurrean gaude?
P.G.- Ez dut uste. Ohiko hedabideek ere erreparatu diote aukera horri. Informazioa aberasteko baliatuko dute parte-hartzea. Eta hori, berez, da ona. Zenbat eta aukera gehiago izan informazio hobea sortzeko, orduan eta interesgarriagoa izango da. Hedabideen konbergentzia bizi dugu orain. Irrati batek irudiak eta testua eskaintzen ditu, telebistak youtubeko bideoak baliatzen ditu sare sozialetako azken mezuak plazaratzen dituen bitartean. Egunkariak elektronikoagoak dira, eta, paperean irakurtzeaz gain, tabletetan ere kontsultatu ahal izango ditugu azken berriak. Elkarren arteko sinergiak bilatu eta hedabideek informazio-gune garrantzitsuenak izaten jarraituko dute; horretan ez dago dudarik. EITB talde osoak beti izango du blog-sare batek baino indar edo garrantzi handiagoa.... baina horrelako talde multimedia publiko batek blogarien sarea edo komunitatea ere baliatuko balu... orduan bai, orduan biderkatu egiten da komunikazio-gaitasuna. Uste dut, horretan egin beharko genituzkeela gure apustuak... indarrak biderkatzen, noranahiko informazio-sarea sortuz. Euskaratik eta euskaraz, ahal den neurrian.... eta gainontzeko hizkuntzak baliatu nazioarterako, internazionalizazio-estrategia egoki batekin. Posible da.
IKTen olatuari garaiz heldu al diogu euskaldunok? Ze hutsune ditugu?
P.G.- Heldu diogu, eta horretan gabiltza. Eta gainera, inoiz ez da berandu. Egunero ari gara F5 tekla sakatzen, beti daukagu eguneratu beharra. Programak, software berria, aukera berriak, sare sozialak... hasten garen unean hasten garela ere; erronka politak ditugu aurrean. Uste dut norabide onean kokatuta gaudela, eta horretan jarraitu beharko genukeela, arestian aipatutako bost puntuak ahaztu barik: edukiak, erabiltzaileak, tresnak, bisibilitatea eta komunitatea.
Twitter, esaterako, euskaraz izateko beharra ikusi zenuen zuk.
P.G.- Baita lortu ere. Sekulako komunitate euskalduna ari da osatzen eta garatzen sarean. Eta twitter euskaratzeko ahalegina adibide eredugarria izan zen. Eskatu, mugitu, galdegin, bultzatu eta lortu. Zenbat hizkuntzatan dago twitter egun? Gurean bai. Sekulako lorpena. Eta facebook erabiltzaileen artean euskaratu zen, horra beste adibide bat. Belaunaldi berrienek badakite sareko lana oso emankorra dela, eta marrazki bizidunak azpititulatzen edo filmak eskuratzen denbora librea ematen duten bezala.... sareko software kate-lerro batzuk euskaratzeko ere astia ateratzen dugu. Eredugarria, aurrera doan herri honetan.
Gazteen artean, sare sozialetan gaztelania nagusi dela diote. Zein dira uneotan erabilera datuak?
P.G.- Daturik ez dugu. Ikerketa soziologikoak beste norabide batean kokatuta daude egun. Botoak eta boterea dira batzuen kezka bakarra. Sektore estrategikoa da teknologia berriena, baina ordenagailu eta konexio-kopurua zenbatzetik ez gara igaro. Esaten dute, entzuten da... WhatsApp bezalako tresnekin, jendeak euskara gehiago erabiltzen duela. Ni, egia esan, harrituta nago euskara zenbat erabiltzen dugun ikusita. Gure egunerokoan euskarazko sare sozialek duten informazio eta elkarrizketa-jarioarekin. Euskararen arnasgunetzat ditut, eta uste dut garapen iraunkorrean daudela gainera. Esponentzialki hazten ari baitira, zorionez. Baita gurean ere.
Blogak ere badira euskaraz. Zein dira gehien irakurtzen direnak? (zer gai, zer egile…)
P.G.- Zenbat buru, hainbat aburu. Nork bere gustukoak irakurtzen ditu, eta sare sozialek eskaintzen dituzten loturekin eta iruzkinekin, blog-trukea bera ere indartzen ari da. Blogariak aldiz, gutxiago baina hobeak direlakoan nago. Errazago idazten ditugu 140 karaktere.... bi mila baino. Atoan botatzen dugu argazki txar bat, eta kostatu egiten zaigu ikusi dugun kontzertuaren kronika egitea. Baina bloga sekulako komunikazio-esperimentazioa da. Idazteko, kontatzeko, narratiba berrietan murgiltzeko eskura daukagun tresna bikaina. Modu pertsonalean zein kolektiboan garatu daitekeena, gomendagarria oso. Irakurtzea, idaztea eta murgiltzea.
Euskara ikasten ari direnei, zer aukera eskaintzen die era hauetako blogak edota euskarazko Twitterrak?
P.G.- Euskaraz bizitzeko lekuak dira. Euskaraz bizi garen, bizi nahi dugunon eremu librea da sarea, eta gero eta sare sozial handiagoa da euskara bera. Ez ditugu kalea eta sarea bereizten. Elkarrekin doaz. Komunikazio-ekintza bat ez dago errealitatetik isolatua. Kalean, eskolan, euskaltegian egiten dugunak lotura bizia du sarekoarekin. Alde horretatik, euskara ikasi, euskaraz bizi eta euskaraz jarraitzeko beste aukera bat dira hauek guztiak. Erabili eta gozatu, hizkuntza bera bezala.