detalle dokuteka-generico-fitxa

Kafkaren 'Metamorfosia'

Franz Kafka 1883ko uztailaren 3an jaio zen Pragan eta Vienan hil zen 1924ko ekainaren 3an. Idazle surrealistaren bizitza eta obrari begirada bat eman diote Naroa Zubillagak eta Rufino Iraolak ikusgai duzun bideoan.

"Sautrela" saioko bideoa da hau.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria.- Literatura unibertsalean inoiz idatzi den kontakizunik lazgarrienetakoa argitaratu zen orain ehun urte. Kontakizun bitxi horren sortzaileak hogeita bat egunean idatzi omen zuen kakalardo bihurtu zen gizon gaztearen istorioa. Kafka bizirik zela argitaratutako bere lan guztiak euskaraz Naroa Zubillagak eta Rufino Iraolak eman dizkigute.
Rufino Iraola.- Nik uste dut Kafka zela arrakasta literario izugarrizko gizon frakasatu bat. Frakasatua zergatik? Sozialki ez zekielako, ez zuelako jakin sekula kokatzen, baina gizon horrek zer zeukan? Ba, “Nik bizi nahi nuke”, esaten zuen, “Nik inork molestatu gabe bizi nahi nuke, ez nazala inork molestatu”, baina ez zuen lortzen. Oso… erdaraz esaten den “vulnerable-a” zen, zearo vulnerable-a, zaurikorra eta izaten dira nortasunak eta nortasun horrek berak ere halako, zera hori, herabetasun horrek berak ere erakartzen ninduen eta horrela, urrunetik bederen, ba, halako konexio pixka bat edo sintonia apur bat aurkitzen nuen horretan. Ni ere, nire aldetik, oso timidoa naiz, e? eta… bueno, ba, gauza asko izaten dira.
Naroa Zubillaga.- Esaten da, eta nik uste dut hori bere idatzietan nabarmentzen dela, ba, literatura bizi zuela berak, arte hori egiteko grina eta irrika hori zuen, baina aldi berean, sentitzen zuen horrelako jendeak, inguruneak, gizarteak, bere familiak berak ez zuela ulertzen.
Ze, gainera, esan bezala, irrika hori zeukan, literatura egitekoa, baina perfekziora edo iritsi nahi zuen eta ezintasun hori zeukan, iruditzen zitzaion ez zela iristen perfekziora. Eta gainera, inguruneak ez zuela ulertzen bere pasioa. Orduan, melankolia edo tristura hori zeukan barruan, ezta? Eta hori saiatzen da transmititzen, nik uste dut, bere idatzietan. Sentitzen duen estutasun hori beti eta ulertezintasun hori.
Esataria.- Kafka Pragan jaio zen 1883an eta berrogei urte zituela hil zen Vienatik gertu zegoen erietxe batean.
Txekiarra zen, beraz, baina alemaniarra hizkuntzaz. Merkatari judu aberats baten seme, Austriako inperio zaharrean eman zuen haurtzaroa, txekiar, alemaniar eta judu kulturen arteko tentsioa bizi-bizi zegoen garaian.
Giro hartan, Kafkak bertatik bertara ikusi eta nozitu zituen etortzear zegoen Lehen Mundu Gerraren zantzuak.
Rufino Iraolak 2000. urtean argitaratu zuen Kafkaren Metamorfosia. Geroago jakin zuen liburu hori bera Itxura aldaketa izenaz Xabier Kintanak 30 urte lehenago itzuli eta argitaratuta zegoela.
Rufino Iraola.- Xabierrek eta nik, dudarik gabe, erregistro aldetik, euskararen erabilpen aldetik, ikuspegi aldetik, egoera beraren paisaiaren aldetik, eta abar, toki oso ezberdinetan bizi gara eta bide oso ezberdinetatik jaso dugu. Nik pentsatzen dut, ba, Xabierrenak, hizkuntza-teknika jasoagoa izango duela. Ni xume egiten saiatu nintzen propio. Xume, erraz, eta ulerterraza egiten eta uste dut nahiko ondo lortu nuela hori. Hori esan zidan, behintzat, argitaletxekoak.
Esataria.- Surrealismoaren eleberririk garrantzitsuenetakoa da Metamorfosia. Bertan, Gregor Samsa gaztearen istorioa kontatzen zaigu. Amets eta ilusio handiak ditu Samsak, baina denak hankaz gora joango zaizkio. Izan ere, zor handiak egin ditu bere aitak eta familiari laguntzeko, merkatari moduan hasi behar izan du lanean.
Goiz batean, kakalardo bihurtuta esnatuko da. Itxura-aldaketa hori medio, lana galdu du, dirurik ez dakar etxera eta etxekoek bakarrik utzi dute bere logelatik irteten ez dela.
Rufino Iraola.- Liburu sinplea da, guk pertsonajeak begiratzen baldin baditugu, sei pertsonaia besterik ez dauzka: dauka Samsa Gregor edo Gregor Samsa, neskamea, arreba, aita, ama, nagusia eta horiekin amaitzen da. Baina zer nolako salaketa egiten duen gizartearena, berak bizi duen gizartearena! Eta zergatik bihurtzen da intsektu, horrelako, higuingarri hori? Eta nik uste dut hori ezina, hori ezinaren hiperbole bat dela. Ezina nola adierazteko, zer den adierazteko erabiltzen duen metafora hiperboliko, ez dakit, horrelako bat.
Esataria.- Kafka artean bizirik zela eta egilearen oniritziarekin argitaratutako lan guztiak, Metamorfosia izan ezik, itzuli zituen eta liburu bakar batean (Bizian argitaratuak) jaso Naroa Zubillagak 2007an Literatura Unibertsala izeneko bilduman.
Naroa Zubillaga.- Itzultzaile gisa, niretzat erronka bat izan zen, alemanetik euskarara hau itzultzea, hasteko, bueno, ez alemanetik euskarara delako, baizik garai bateko nahiko aleman berezia delako, ez?. Aleman batek ere hau irakurrita ez du berehalakoan askotan ulertzen, estilo jakin bat daukalako. Esan bezala, esaldiak oso-oso luzeak egiten ditu, bera txekiarra izanik, bai, alemana zuelako hizkuntza, baina oso, oso modu teorikoan ikasia eta orduan, esaldi oso luzeak egiten ditu eta orduan, erronka bat izan da, izan zen niretzat itzultzaile gisa. Hori alde batetik, ezta? Nola eman hori, nola behartu, baita ere, gure hizkuntza, estilo hori transmititzeko. Eta denetarik dago, daude hiru ipuin-bilduma: Landa medikua, Gosearen artista eta Kontenplazioa eta horiek osatuta daude ipuin txikiz, errelato txikiz. Eta gero daude Epaia, Sugilea eta Zigor kolonian. Horiek dira. Gehienak, nik uste dut, bat datozela Kafkaren estiloarekin, beharbada, egia da, jende gehienak ezagutzen duela Metamorfosia, ezagutzen duela Prozesua, horiek beste hizkuntzetara ere asko itzuli dira eta horiek egin dira ezagunen, baina nik uste dut hauek asko dutela kafkatar, oso kafkatarrak direla.
Esataria.- Abangoardiako zenbait editorek erregututa, Kafkak nahiko gogo txarrez, baina eman zuen bere obra batzuk argitaratzeko baimena. Hala ere, perfekzionista neurriz kanpokoa izaki, haiek argitaratuta ikusi eta gero, gainerako eskuizkribu guztiak erre zitzala agindu zion bere lagun-min eta literatura-testamentuaren betearazleari, Max Brod-i. Eskaerari jaramonik egin gabe, Kafka hil eta gero, argitaratu egin zituen Brodek.
Rufino Iraola.- Nik uste dut Brodek oso ondo egin zuela ez erretzea eta horiek denak publikatzea eta mesede galanta ere bai, baita Kafkari ere. Hori publikatuta, Kafka txikitu, utzi baldin balu ezerezean edo desprestijiatuta utzi balu, baina ez, Kafka hazi egin du, hazi egin du eta beraz, eskerrak eman beharko lizkioke.
Esataria.- Zenbaiten ustez, aitarekin zituen harreman gaiztoak dira Kafkaren obraren funtsa.
Beste batzuek, gizartearen kritika azpimarratu dute arrazoi denen gainetik. Inspirazioa bat ala beste izan, kontua da XX. mendeko idazlerik esanguratsuena izan zela eta bere istorioak aspaldi idatziak izan arren, gaur-gaurkoak ere badirela.
Naroa Zubillaga.- Nik uste dut baietz eta literatura gustuko duen edonorentzat ere goxoki bat da, nahiz askotan iruditu oso giro iluna transmititzen duela, hala ere, goxoki bat izan liteke. Gainera, esandakoa, askotan Kafka denok daukagula ahotan, baina ez dugu ezagutzen. Erronka izan liteke beste estilo, gaur egun ohituta gauden estiloa ez duelako erabiltzen, baina mami askoko egilea da eta eztabaidatu daitekeena asko eta alde horretatik zer pentsa ematen duena.
Rufino Iraola.- Metamorfosia, nik uste dut, irakurri beharko lukeela, hasteko, mundu osoak, e, mundu osoak, eta orain ere aplikazio garbi-garbia dauka. Orain ere, adibidez, hor badago pasarte bat, zeraren barruan, liburu honen barruan, “Bost urte lan gehiago egin behar, bost urte gehiago lanean ibili behar zorrak ordaindu behar zituzten gurasoek eta abar” Eta orain ere horrelako gauzak, zer da ba? Orain ere gazteak eta, bere bizitza guztian zeinen mende bizi izan dira etxe bat, etxe soil bat erosi behar eta bizitza guztian hura pagatu ezinik, ba, antzeko egoerak azaltzen dira han eta azaltzen dira orain ere.
 

detalle2

Docuthèque

C1
24-10-2015

x61pRelaContWAR

16242040
10:17

x61pViewCountWAR

5074

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR