detalle dokuteka-generico-fitxa

Euskaldun berriei gorazarre

Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunak euskaldun berriak omenduko ditu.

 

Egun hori aitzakia hartuta egin du gogoeta Maialen Lujanbiok irratsaio honetan.

Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Espainiako telebistako esatariak urte-amaierako bideo-axal horietako bati sarrera egiteko holaxe bota zuen, kolorerik mudatu ere egin gabe: “Eguberrietan edozer da posible, jaun-andreok! Baita islandiar batek Gabon-kantak euskaraz kantatzea ere!”  Konbinazio zeharo harrigarria balitz bezala bota zuen. Askoz urrunago balego bezala euskara islandieratik gaztelera islandieratik baino. Betikoa da. Elebakarrak uste berea dela leku guztietara iristeko abiapuntu posible bakarra. Betikoa eta etsigarria. Elebakarra da hemen hizkuntzen aukera librea proklamatzen duena. Eta perbertsoki bihurritutako esaldi hori ahotan darabilena: Euskara askatasunean. Gure arduradun politikoak dira gainera holakoetako batzuk, euskara eta inposizioa esaldi bakarrean emateko kapaz, komunikabideetan eta publikoki.

Nik benetan, batzuetan ez dakit zein puntutaraino den onargarria adierazpen-eskastasuna. Euskara urruti dago, inkontziente kolektiboan euskara urruti dago, ia beste ezein hizkuntza baino urrutiago. Horregatik da halako meritua haraino iristea. Eta meritua izan, bada, ikasten aritu eta ari direnena, euren ahalegina, euren gau-eskoletako ordu pila, euskara biziberritzeko euren ekarria.
 

Baina euskara ikastearen meritua ez da hizkuntzaren urruntasuna, euskara ikastearen meritua “alferrikakoa “ dena ikastean datza. Alferrikakoa komatxo artean zihoan badaezpada, komatxoak ondo entzun ez badira ere.  Alferrikakoa izan, eta hala ere, ikasi izana. Hor dago euskaldun berriaren epika. Eta horregatik da koherentea administrazioak bereziki, eta euskaldunok oro har, euskaldun berriak omentzea. Hemen euskara beharrizana ez den bitartean, meritua izango baita, eta latza, euskalduntzea. Eta horregatik, euskarara iristea, edo hobe esan, euskarharaino iristea, aurresku, etxafuego eta konfetiz hartzen dugu beti.

Katalunian, adibidez, katalanez esaldi-pare bat harilkatzen saiatzen zara, eta zure euskaldun, beraz, hizkuntzarekiko erromantiko senetik, espero duzu ostean lagun katalanek obazioa egingo dizutela ahaleginagatik. Baina botatzen dituzu esaldiak estropezuka eta katalanek arrunt-arrunt hartzen dute zure ahalegintxoa, batere espanturik eta miresmen sobreaktuaturik gabe. Eta orduan, zu, pausa luzatzen saiatzen zara, zure etxafuegoen eta konfetien zain.  Baina ez, ez dago omenaldirik arrunta dena egiteagatik. Hala gertatzen da herrialde normal antzekoetan.

Gure euskaldun berriekiko miresmena eta omenaldi etengabea, aldiz, ederra izanik, gure egoera soziolinguistiko emozional desorekatuaren sintoma argia da. Badakit: Katalunia ez da Euskal Herria, Euskal Herria ez da EAE, EAE ez da Gipuzkoa, eta abar. Beraz, erromantizismoak luze joko digula aurreikus liteke. Baina nonbait beharko dugu abangoardia, euskaldun berriarena epikatik etikara pasatzeko. Euskara  galdekizun intimo izatetik erantzukizun sozial izatera pasatzeko, euskararaino bide egiteko erraztasunak, medioak eta exijentziak jarrita, noski! Ahalegina zoriontzea ondo baitago… Eta nik hemendik zoriontzen zaituztet ahalegin hori egin duzuen guztiak. Baina estrategikoki eta luzera begira, aldea dago planteamenduetan: borondatea eskertu ala zilegi dena eskatu: euskara helmuga den ala abiapuntua.        

detalle2

Docuthèque

C1
02-12-2015

x61pRelaContWAR

  • Maialen Lujanbio
16238188
00:04:35

x61pViewCountWAR

4645

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR