Artisauen ogibidea sustatzeko kanpaina Gasteizen

Publikoak artisau gasteiztarren lan egiteko modua hurbiletik ikus dezan, Alde Zaharreko hainbat tailer bisitatzeko modua izango da.

Entre gremios y cantones izeneko ekimenaren helburua da artisauen lana ezagutarazi eta goraipatzea.


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA 1. Gasteizen, hirian oraindik dauden artisauen ogibidea sustatzeko kanpaina jarri dute martxan. Artisau gehienek Alde Zaharrean dituzte tailerrak, baina normalean tailer horiek ez daude jendearentzako zabalik. Horregatik, azken asteotan gidatutako hainbat bisita antolatu dituzte, jendeak artisau hauen lan egiteko modua hurbiletik ikus dezan. Aitor Perez lankidea ere izan da Gasteizko Alde Zaharreko tailerretan.
AITOR PEREZ. Entzuten duguna Mikel Delika beiragile gasteiztarraren tailerrean grabatutako soinua da. Urteak daramatza Alde Zaharreko Txikita kalean lanean. Hortik gertu lan egiten du Oihanak. 
OIHANA ARTISAUA. Bada, hemen kosmetiko ezberdinak egiten ditut. Xaboiekin hasi nintzen gehienbat eta orain, bada, pixka bat zabaltzen ari naiz lerro kosmetikoa edo, eta non? Bada, hemen, Gasteizko Alde Zaharrean, Pintoreria kalean…
AITOR PEREZ. Añanako gatzarekin, esaterako, hainbat produktu prestatzen ditu.
OIHANA ARTISAUA. Orain egin behar duguna da gatza garbitu. Ze, batzuetan, pixka bat zikin etortzen da. Klaro, kanpoan sikatzen denez, bada, denetarik egoten da, ez? Haiek garbitzen dute, baina gero, bada, beti, beti egin behar da pixka bat horrela, gehiago garbitu.
AITOR PEREZ. Prozesu hori nola egiten den ikusteko aukera izan dugu. Ez da erraza. Normalean, Oihanaren kasuan bezala, artisau gehienek ez baitute bere tailerra irekita izaten. Eta horrek eragin zuzena du beraien lana nola baloratzen den ikusterakoan.
OIHANA ARTISAUA. Ez dela asko apreziatzen. Bai. Igual jendea dago ohituta azoketara… Dago pixka bat nahaste-borraste bat, ez? Eta, eta uste dute, edo askok uste dute kalean saltzeagatik, bada, merke izan behar duela…
AITOR PEREZ. Ordu asko sartu behar izaten dituzte eta horrek, gero, prezioan eragina du, eta hor dator arazoa. Oihanak azaldu digunez, pertsona askok produktu garestiak egiten dituztela leporatzen baitiete.
OIHANA ARTISAUA. Bai. Bada, igual egin behar da gure aldetik ere, bada, pazientziarekin hartu, eta saldu. Bada, beitu, ni autonomoa naiz; ordaindu behar dut alokairua; lehengaia ekologikoa da, eskuz egiten dut… Eta bueno, pixka bat diskurtso hori, bada, modu onean azaldu, ez?
AITOR PEREZ. Eta helburu horrekin, artisauekin batera, Arabako Aldundiak gidatutako bisitak egin ditu azken asteetan. Oreia Beitiak antolakuntzan parte hartu du, eta ekimen honen helburua azaldu digu.
OREIA BEITIA. Gure merkatariek edo artisauen batez ere, beraien hainbat mendetako lana, bada, kalera eramatea, ez? O sea, beraien tailerrak, bueno, tailerren ateak ireki eta zer egiten duten, bada, erakutsi.
AITOR PEREZ. Eta era horretan, kaleko jendearengan interesa sortu.
OREIA BEITIA. Jendearen kuriositatea piztu egiten dute ibilbide hauek, ez? O sea, ez dugu egunero ikusten nola egiten diren, bada, hori, vitral-eak (kolorezko beirateak), edo tokadoak, eta gauza horiek.
AITOR PEREZ. Beharrezko lana da, beraz, artisauek bere tailerrak zabaltzea urte osoan zehar egiten duten lana uler dadin. Oihanak badu horretan esperientzia.
OIHANA ARTISAUA. Tailerrak edo ikastaroak antolatzen dituzunean, bada, jendea ateratzen da beste ikuspuntu batekin. Esaten dute, “joe, orain ulertzen dut igual zergatik balio duen xaboi honek 6 euro eta ez Eroski edo edozein ez?,  supermerkatukoa bezalakoa, dagoela 2 eurotan”.  
AITOR PEREZ. Bisitena, antzinako ogibideen inguruko lehen ekimena da. Aurrerantzean, Arabako Foru Aldundiak eta artisauek beraiek ere ekimen gehiago iragarri dituzte, belaunaldiz belaunaldi Gasteizen mantendu diren artisauen lanak goraipatzeko.

B2
14-12-2017
16177423
03:37
2349