Ekoizpen digitaleko artisauak

Fabrikazio digitala zabaldu egin da azken urteetan. Altzarigintza, bitxigintza, artea, arkitektura eta artisautza bezalako diziplinetan ere 3D inprimagailuak erabiltzen hasi dira. Lan egiteko modu berritzaile horri artisautza digitala esaten zaio, eta modu tradizionalean bezala egindako pieza bakoitza bakarra da.

Fabrikazio digitala ordenagailu-bidezko diseinuan eta produkzio mekanizatuan oinarritzen da. Duela hamarkada inguru, industriaren alorretik kanpora salto egin eta fabrikazio digitalen laborategiak hasi ziren hedatzen Do It Yourself –Zuk zeuk egin– filosofiari lotuta batez ere. Horrez gain, altzarigintza, bitxigintza, artea, arkitektura eta artisautza bezalako diziplinek ere azken urteotan euren jardunean txertatu dituzte 3D inprimagailuak, laser-mozketa eta fresatze-makinak. Egiteko modu horri artisautza digitala deitzen zaio. Era tradizionalean bezala, eskuz lana egin behar izaten da eta lortutako pieza bakoitza bakarra da.

Iñaki Albistur arkitektoa eta Arquimaña estudioko sortzailea. Argazkia: Kultur Atelier

Urrats teknologiko hori egiten euskal aitzindarietako bat Donostiako Arquimaña arkitektura-estudioa da. Raquel Ares eta Iñaki Albistur ditu buru eta, 2010ean ateak zabaldu zituenetik, fabrikazio digitaleko lantegi bat du. Autoekoizpenaren aukerak diseinuaren prozesua erabat kontrolatzeko aukera ematen die, lehen ideietatik hasi, prototipoetatik pasa, eta azken produktua izan arte. Zerbitzu hori sortzaileen, diseinuko profesionalen eta estudio txikien eskura ere jarri dute.

Unibertsitate-garaian ikasi zuten digitalean lan egiten, bai AutoCAD bezalako programekin, baita hiru dimentsiotan ere. Batez ere, proiektuetarako maketak eta altzari txikien prototipoak sortzen dituzte. Albisturrek azaldu duenez, “erreminta horiek zure estudioan edukitzeko era bat da, bestela, industriara jo beharko zenuke horren eskuragarri ez diren gauzak lortzeko”. Horrez gain, produktu txikiak ere egiten dituzte.

Diseinuaren garrantzia
Objektuak 1:1 eskalan –tamaina errealean–,  eskala handiagoan edota txikiagoan egin daitezke, eta prototipoak oso denbora laburrean lortzeko aukera dago. Era berean, bestelako abantaila batzuk ere baditu ekoizpen digitalak: denbora aurreztea, kostua murriztea eta estudioan bertan egin ahal izatearen erosotasuna. “Diseinatzaile batentzat produktu bat edo prototipo bat hain azkar edukitzea oso baliagarria da” azaldu du Ariquimañako arduradunak.

Ekoizpen digitalerako inprimagailu bat. Argazkia: Pxfuel

Edonola ere, aipatutakoak ez dira abantaila bakarrak. Izan ere, materialaren erabilera ahal den gehien optimizatzen da, eta 3D inpresioak ez du hondakinik sortzen. “Artxibo digitala lantzean egurra erabiltzen ari bazara, esaterako, eta pieza asko badituzu, ordenatu egin ditzakezu materiala aurrezteko. 3D inprimagailuan aukeratu dezakezu zenbat material erabili nahi duzun pieza bakoitza egiteko”, azaldu du Albisturrek. Artisautza-lan guztietan bezala, akatsak izaten dira. Horregatik, beti eskuz bukatzen dituzte piezak.

Makinak gauza asko egiten ditu, baina ez da nahikoa; hau da, diseinatzen ere jakin egin behar da. Albisturrek gogoratu duenez, 3D inprimagailuen “boom” bat izan zen duela urte gutxi, “miraria” balira bezala aurkeztu zituztelako: “botoi bat zapaldu eta objektua zenuen”. Jende askok erosi zuen, baina erabiltzeko beharrezkoa da modelatzen jakitea edo objektuen liburutegi handi bat izatea. “Ia ezinezkoa da. Gainera, gauza oso berezia behar baduzu, ez duzu liburutegi batean topatuko”.

Openbike bizikleta
3D inprimagailuen filosofiari jarraikiz, zenbait diseinu edonoren eskura jarri dituzte Arquimañakoek beren webgunean. Zabaldu duten diseinuetako bat Openbike egitasmoa da. 2016an aurkeztu zuten Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan eta bertan garatu zuten hiru hilabetez. Albisturren esanetan, “asko aldatu da. Hasi ginen bizikleta estandar batekin eta joan gara diseinua errazten, unibertsalagoa eta iraunkorragoa izateko”.

3D eta 2D dimentsioan egiten dute lan, batez ere, Arquimañan. Argazkia: Kultur Atelier

Fabrikaziorako tresneria duen edozeinek har dezake diseinua eta ekoitzi. Asmoa, hala ere, ez da horrenbeste jendeak bere bizikleta egitea, manifestu moduko bat zabaltzea baizik. “Jendeak ikus dezala teknologiak gaitasun handia duela, gure eskura dagoela gauzak egitea, eta, aldi berean, hirian mugitzeko beste alternatiba batzuk badirela. Bizikleta da gauza horiek guztiak erakusteko modua”.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker, webgune bat egin dute. Proiektuak oihartzuna izan du eta zenbait aitorpen ere jaso ditu. Esaterako, 2021eko Seuleko Arkitektura eta Urbanismo Bienalean aukeratua izan da, eta 2021eko Veneziako Arkitektura Bienalean  ere bai Espainiako pabiloian egoteko.

Openbikez gain, duela 5 urte Tabakaleran egindako berotegiak ere zabaldu dituzte. Medialab osatzen ari den katalogoaren parte ere izango dira, eta jarriko dute eskuragarri.


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zein da Iñaki Albistur?
Ba ni Iñaki, bueno, Iñaki Albistur naiz, Arquimaña estudiokoa eta Arquimañak zer egiten duen? Ba, guk egiten dugu arkitektura, diseinua, produktu-diseinua eta, bueno, ez gara estudio, zera, al uso (ohiko estudio bat), baina daukagu ere (ere bai) tailer, bueno da tailer txiki bat bezala (bezalakoa) eta dauzkagu makina espezial (berezi) batzuk, deitzen direla (direnak) fabrikazio digital (digitaleko) makinak. Makina horiekin zer egiten ditugu (dugu)? Egiten dugu ba produktu propioa, baita ere prototipoak eta, eta bueno, lehen industriara eraman behar ziren, adibidez, gauzak orain ba etxean, bueno etxean, gutxi gorabehera egin ditzakegu.

Zergatik aukeratu duzu fabrikazio digitala?
Bueno, fabrikazio digitala deitzen da, berez, artxibo digital bat behar delako. Orduan, horretarako, programa digital batean lan egin behar duzu, bai 3D dimentsioan edo 2D dimentsioan.

Zer egiten da teknologia honen bitartez?
Ba teknologia hauen (honen)  bitartez, bueno, egin daiteke… Bueno gauza asko egin daitezke, baina gaur egun estudio batean eduki daitezkeen makinen bidez, adibidez, ba egin daiteke inpresio 3D (D inpresioa), edo baita ere egin daiteke fresadora (fresatzeko makina) batekin lan egitea (baita ere fresatzeko makina batekin lan egin daiteke), batez ere, egurra edo beste material bigunak (erabiliz)… eta, bueno, fisikoki egin daitekeena? Ba gauza asko, ez dakit, ba maketak… esan dizudana, maketak, prototipoak, produktu txikiak, ez dakit, hausnarketa edo, ez dakit, gauza asko esperimentatu edo es que (ba) gauza asko.

Zertan zarete espezialistak?
Bueno, espezialistak, bueno ez dakit espezialistak, baina guri gehien gustatzen zaiguna da makina horiekin landu (lantzea) gure, bueno guk egindako produktuak edo produktu txikiak eta nolabait, e nola esango nuke, e, e, mezcla (nahasketa) bat egin artesaniarekin (artisautzarekin) eta, eta fisikoki ez dauden gauzak, bueno digitalekin, gauza digitalekin, edo artxibo digitalekin edo diseinu digitalekin.

Zer abantaila ditu fabrikazio digitalak?
Bueno, fabrikazio digitala (digitalak), adibidez, abantaila dauka, e bueno, material, bueno, materiala, berez aurreztu dezakezu zuk diseinatzerakoan, (izan ere), gauzen neurriak dauzkazu eta zuk lehendabizi jakin dezakezu zenbat materiala (material) gastatu behar duzun. Adibidez, zuk (zu) eskuz hasten bazara lehendabizi ezer diseinatu gabe, ba horrek ez dizu aukera ematen ba materiala, printzipioz, pentsatzea (pentsatzeko). Gero baita ere, oso inportantea da deitzen dena fabricación distribuida (fabrikazio banatua), dela zuk artxibo digital batekin fabrikatu dezakezu (dezakezula) bai hemen edo bai, ez dakit, Txinan edo… bakarrik da artxibo bat interneten (internet) bidez bidaltzea, eta edozein, munduko edozein lekuan (lekutan) fabrikatu daiteke, beraz, bidai (bidaia) horretan ez duzu erabiltzen ez gasolina, ez duzu hondakinak, bueno, botatzen (ez duzu hondakinik botatzen), zera, atmosferara eta, bueno, gauza horiek.

B2
10-12-2021
28960803
00:05:05
3260