Docutec
Txan-ta-ta-txan eta magia (A2E16)
Amaia eta Josu etxerako bidean berriketan doaz. Halako batean, kalean dagoen magoa ikusiko dute.
Magoak harri eta zur utzi nahi izango ditu ikusleak, baina oso ikuskizun txarra emango die.
AMAIA.— Beti gabiltza edo fakultatean edo liburutegian.
JOSU.— Bai, langile finak gara eta.
AMAIA.— Ez, ez dut horregatik esaten. Begira zure ingurura: jendea kalean bizi da! Ikasteaz aparte, badago beste mundu bat: terrazak, paseoa, erosketak...
JOSU.— Bai, baina guk aspaldi ahaztu genuen hori dena!
JOSU.— Zer gertatzen ote da? A zer jende-pila dagoen hor.
AMAIA.— Ez dakit ba. Musikariren bat edo saltzaile berritsuren bat izango da.
JOSU.— Ez, ez, ez, ez, begira!, mago bat da. Goazen!
AMAIA.— Magoa? Josu, nekatuta nago.
JOSU.— Unetxo bat, unetxo bat!
ETENA
MAGOA.— ... hiru edalontziekin, piloten jokoa egingo dut. Hurbildu zaitezte zuek ere, benetako magia ikusiko duzue.
AMAIA.— Josu!
JOSU.— Xxxxt! Goazen, goazen. Bost minutu izango dira, Amaia.
MAGOA.— Hemen dituzue hiru pilota, eta gainean hiru edalontzi jarriko ditut, buelta emanda: horrela, edalontzi bakoitzaren barruan, pilota bat ikusiko duzue. Bai, gazte?
JOSU.— Bai, bai, bai, bai!
AMAIA.— Betiko trukoa.
JOSU.— Itxaron, itxaron.
MAGOA.— Eta ikusiko duzue, hitz egiten dudan bitartean, lehendabiziko edalontziko pilota desagertu egingo da.
AMAIA.— Erori egin zaio, Josu, kar-kar-kar... Begira, hor dago!, kar-kar-kar.
Jendea txistuka hasiko zaio.
MAGOA.— Barkatu, gaizki atera da. Hemen norbaitek zorte txarra ekarri dit. Berriz egingo dugu.
JOSU.— Goazen, bai, Amaia. Bestela, zuri botako dizu pilota magoak.
AMAIA.— Zer txarra den! Horrela jarraitzen badu, benetako magia gertatuko da: jendeak tomateak atera eta aurpegira botako dizkio.
JOSU.— Eta ezin izango du txapela pasatu. Guk ere magia egingo dugu, Amaia. Orain arte hemen egon gara, baina bi segundo barru desagertu egingo gara.
