Docutec
Jon Maia, Albaola ontziolako komunikazio-arduraduna
Bideo honetan Jon Maiak Albaola zer den eta nola sortu zen kontatzen du.
1. Nola sortu zen Albaola martxan jartzeko ideia?
Albaola sortzen da orain dela 20 urte inguru kezka batetik eta asmo batetik. Kezka da ikustea Euskal Herriko itsas-ondarea galtzen ari dela. Batez ere jakinduria tradizionala edo herrikoia esan dezagun; zurezko ontzigintza, arotzgintza (arotzeria) mota hori, zurezko itsasontziak egitearen jakinduria eta artea; eta horren inguruko kultura guztia, ezta? Hasi basotik eta tartean dauden ofizio eta lanbide guztiak.
2. Nori bururatu zitzaion ideia hori?
Kezka horretatik, pertsona konkretu (zehatz) batek, Xabier Agote izenekoak, erabakitzen du berak ikasiko duela zurezko ontziak egiten eta elkarte bat sortuko duela kultura horren berreskurapenari begira.
3. Zer ezaugarri zituen euskal ontzigintzak XVI. mendean?
Ontzigintzari dagokionez, euskal ontzigintzak baditu berezitasun batzuk munduko beste ontzigintza batzuekiko. Kontutan (kontuan) hartu behar dugu XVI. mendean Euskal Herria dela garai hartako ontzirik handienak, indartsuenak, azkarrenak egiten dituen herrialdea. Guk esaten dugu Euskal Herria zela garai hartako Cabo Cañaveral (Cañaveral lurmuturra) edo Nasa. Hemen egiten ziren garai hartako koheteak. Guk dena geneukan: geneukan basoa; meategiak, erromatarren garaitik, hortik ateratzen zen beharrezkoa zen mineral guztia, burdina batez ere; gero, garraiolariak, ehundaka eta ehundaka idi pare, milaka idi eta mando; eta ibaietatik hori jaisten, geneukan gure bailara estuetatik goitik behera zetozen, datozen erreka eta ibaien energia hidraulikoa, lehengai horiek guztiak transformatzeko (eraldatzeko) burdinoletan esaterako; Europako burdinola gehien hemen zegoen XVI. mendean, Europako burdinaren % 10 ekoizten zen Euskal Herrian, eta gero, hori dena ontzioletara ekarrita… Pentsa, esaterako, Zumaian, XVI. mendean 13 ontziola zeuden batera lan egiten. Eta horrek lortu zuen Euskal Herria izatea munduko potentzia nagusia. Bere garaiko koheteak egiten zituen herria.
4. Nola dago San Juan baleontziaren proiektua gaur egun?
Gu hasi ginen hori berreraikitzen sinbolismo handiko itsasontzia delako eta ontzi bakarra delako modu esan dezagun zientifikoki oso leiala izanik berreraiki dezakeguna. Horregatik izan da aukeratua eta horregatik hasi ginen orain dela lau urte inguru, basotik. Saiatzen gara prozesu guztia XVI. mendean bezala egiten ahal dugun gehien; lehengo lanbideak berreskuratzen eta ondare horri prestigioa ematen eta dinamizatzen. Ez dugu nahi objektu hil bat izatea, ez dugu nahi museo bat izan ere hildako gauzak esplikatzen dituena. Nahi duguna da hori dena berpiztu, prestigioa berreskuratu, eta etorkizuna eman. Momentu honetan, proiektuaren erdia pasata (pasatuta) dago eta esan dezakegu % 60an edo egongo dela San Juan baleontzia eraikita.
