Docutec
Publizitatea, polemika bila
Moda-enpresa handien hainbat diseinuk zeresana eman dute. Horien atzean zein asmo dagoen, hori da kontua; marketin-estrategia bat dagoela uste dute batzuek, ustekabekoak direla pentsatzen dute besteek.
Munduan gauza bakarra dago okerragoa zutaz gaizki hitz egitea baino, eta zutaz ez hitz egitea da hori». Oscar Wilde idazlearen baieztapen horri beste bat erantsi zion Salvador Dali artistak: «Gaizki edo ongi hitz egin, garrantzitsuena nitaz hitz egitea da». Arropa-marka handiek esaldi horiek hitzez hitz hartu dituztela dirudi, eta, marketinean denak balio duenez, harribitxi esanguratsuak utzi dituzte. Azken adibidea H&M (Hennes & Mauritz) Suediako markarena da.
1. Oihaneko tximinoa.
H&M markak orain bi aste egin zuen iragarkian ume beltz batek soinean zeraman jertsean Oihaneko tximurik apartena zuen idatzita. Arrazistatzat hartu zuten askok, eta izandako oihartzunak irudia eta jertsea Interneteko dendatik kentzera behartu ditu.
| 2. Holokaustoa gogoraraziz. Juduek nazien kontzentrazio-esparruetan eraman behar izan zituzten kamisetaren antza zuela eta, protesta ugari jaso zituen Zara marka espainiarrak. | |
| 3. Svastika. Erresuma Batuko bezero batek itzuli eta gero, poltsa merkatutik kentzea erabaki zuen Zarak. Jatorrizko diseinuan sinbolo hori ez zela agertzen esan zuen. «Bezeroaren haserrea ulertzen dugu, baina svastikaren esanahia ez da soilik politikoa», justifikatu zen. | |
| | 4. Preso homosexualak. ADL Difamazioaren Aurkako Liga gobernuz kanpoko erakundeak Urban Outfitters marka salatu zuen, marra gris eta zuridun eta hiruki arrosadun oihal bat salmentan jartzeagatik. Oihal horrek nazien kontzentrazio-esparruetan preso homosexualek jarri behar zituzten uniformeak gogorarazten zituela leporatu zion. |
| | 5. Bortxatzea justifikatzen. SM Supermalls Filipinetako merkataritza gune famatuak atera zuen kamiseta. It’s not rape. It’s a snuggle with a struggle (Ez da bortxatzea. Indarkeriarekin egindako hurbilketa bat da) dio kamisetak. Erretiratu egin zuten. |
| | 6. Sozialisten arrosa. Komunikabideetan eta sare sozialetan izan zuen oihartzunarengatik Urban Outfitters-ek PSOEren arrosa zeraman kamiseta erretiratu zuen. International Rose Tee (Internazionalaren arrosa kamiseta) izena jarri zioten kamisetari. |
| | 7. SS blusa. Mangok tximista txikiz jositako blusa atera zuen merkatura, eta nazien tropetako uniformeetako intsignia gogorarazi zieten askori. Ideia-asoziazio «zorigaiztokoa» izan zela esan zuen Kataluniako markako bozeramaileak. |
| 8. «Gutxiago jan». Urban Outfitters markak berriro ere polemika sortu zuen emakumeentzat merkaturatu zuten kamiseta batekin. Bertan Eat less (Gutxiago jan) agertzen zen idatzita. Hori ere merkatutik erretiratu zuten. | |
| | 9. Body sexistak. El Corte Inglesek haurrentzako bodyak merkaturatu zituen, bata urdina eta bestea arrosa. Urdinean, Aita bezain adimentsua irakur daiteke; arrosan, Ama bezain polita. Bitxia bada ere, ez zuten Ama bezain adimentsua edo Aita bezain polita jartzen zuenik atera... |
| | 10. Adjektibo gehiagorekin. Frantziako Petit Bateau markak bodyei adjektibo gehiago jartzera ausartu zen. Hala, arrosetan polita, maitagarria, dotorea eta pertxenta irakur daitezke, besteak beste; urdinetan, indartsua, ausarta, harroa... Sortutako polemika ikusita, jantzi horiek merkatutik ez zituela kenduko esan zuen, ez zuelako ikusten «inongo asmorik emakumearen irudiari kalte egiten zionik edo hura desitxuratzen zuenik». |
Eihatze Aramendia Iparragirre
BERRIA 2018/01/24
