Docutec
Laguntza juridikoa doan adinekoentzat
Bizkaiko Foru Aldundia 2013an hasi zen 60 urtetik gorako bizkaitarrentzako doako aholkularitza juridikoa eskaintzen Bilbon. Eskaria, ordea, handituz joan da azken urteetan eta jadanik beste zenbait herritan ere eskaintzen dute zerbitzu hori.
Euskadi Irratiko erreportaje honetan, adineko batzuekin hitz egin dute eta, baita ere, aholkularitza juridiko hori Gernikan eskaintzen duen abokatu batekin.
KAZETARI GIZONEZKOA. Sarritan eguneroko bizimoduan Justiziarekin zerikusia duten egoerei aurre egin behar izaten diegu: gutunen bat jasotzen dugu eta ez dugu den-dena ulertu, terminologia juridikoa arrotza egiten zaigu edota ez ditugu ezagutzen legeak eskaintzen dizkigun aukerak geure interesak defendatzeko. Adinekoek izan ohi dituzte arazo handienak eta, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte-ekintza sailak duela lau urtez geroztik martxan du adinekoei orientazio juridikoko zerbitzua doan emateko aukera. Orain arte Bilbon bakarrik eskaintzen zen zerbitzu hori. Ba uztailaz geroztik. Bizkaia osora ere zabaldu da. Nerea Pikabea.
KAZETARI EMAKUMEZKOA. Arazo juridikoek ezinegon handia sortzen dute: galdera asko egiten dizkiete nagusiek euren buruari, ez dute jakiten nora jo eta sarritan irtenbiderik ez dute ikusten.
HERRITARRA 1. Inoiz ez dela ulertzen ondo. Eta, gainera, beldurra daukazu: gauza bat pentsatzen dozu (duzu) holakoxea dela eta igual total diferentea da. Ba, porsiakaso, trankilago egoteko, hona zatoz eta dena esplikatzen deutsu (dizu), eta ondo.
KAZETARI EMAKUMEZKOA. Bizkaian, 2013a ezkeroztik eskaintzen da aholkularitza juridikoa. Orain dela gutxi arte Bilbon bakarrik, baina beharra handia zela ikusita zerbitzua lurralde osora zabaltzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta hala, uztaila ezkeroztik, 5 bulegotan laguntza eska dezakete bizkaitarrek: Barakaldon, Getxon, Durangon, Balmasedan eta Gernikan.
Gernikako bulegora joan gara Inma Ansotegi abokatuarekin berba egitera.
INMA ANSOTEGI ABOKATUA. Bizkaitarra izatea eta 60 urtetik gorakoa. Horreek (Horiek) biak betetzen badituzu, zuk nahi dozun (duzun) lekura joan ahal zara gainera. Ez daukazu Gernikakoa izanda, Gernikara zertan etorri behar. Nahi dozun momentuan joaten zara nahi dozun lekura.
KAZETARI EMAKUMEZKOA. Era askotako galderak egiten dituzte erabiltzaileek.
INMA ANSOTEGI ABOKATUA. Gertatzen dena da ez dutela jakiten nora joan. Ematen duguna da aholkularitza bat, orokorrean, eta bideratu egiten dugu, nondik hasi behar duten… Eta kasuistika ba edozelakoa izaten da. Esan daiteke jendea etortzen dela bakarrik testamentua egiteko, ezta? Ez, hori ez da horrela. Etorri ahal dira: “Dibortziatu nahi dot (dut) eta nondik hasi ahal dot.” Edo “jubilatu egingo na(i)z eta zelan egin behar ditut paperak, Gizarte-segurantza, jakiteko ze pentsio geldituko zitzaidan”. Edo “kotxearekin arazo bat eduki dot, istripu bat izan dot, eta ez dakit nondik hasi, edo zer egin behar doten (dudan), salaketa ipini…”
KAZETARI EMAKUMEZKOA. Maria Jesus Uranga Ispasterkoa da. Behin baino gehiagotan joan da laguntza eske.
HERRITARRA 2. Oso pozik paratu nintzen, ze inoiz behar izan dot abokatu bat edukitzea eta sekula-sekula ez dot eduki erarik debalde, vamos, pagatu barik egiteko.
KAZETARI EMAKUMEZKOA. Hala ere, gehienek aitortu digute seme-alabengana jotzen dutela zalantzaren bat dutenean.
