Sri Lanka, Indiaren negar-malkoa

Indiako mapari erreparatuta, hegoaldean, uharte bat ikus daiteke, Indiatik zintzilik dagoen negar-malkoa dirudiena: Sri Lanka da —Zeilan ohia—, bisitatzeko Asiako lurralderik ikusgarrienetakoa.

Sri Lanka, bere txikian, anitza da oso, bai jende aldetik, baita parajeen aldetik ere. Kristo jaio aurretik bostehun urte lehenago sortutako erlijioa, budismoa, hantxe hasi zen, besteak beste, egonkortzen. Beraz, uharte osoan zehar daude budismoari eskainitako monumentuak; are, Asiako budista guztiek gurtzen dituzten lekuak ere badira Sri Lankan, Kandy kasu.

Eta zer du bada Kandyk? Hara: Budaren hortzetako bat. Eta horrexegatik Asiako hego-ekialdeko erromesentzat lekurik sakratuenetako bat da. Izan ere, alderdi hori budista da gehientsuena. Baina Kandyra txinatar budistak ere joan zaleak dira, erlijio hori jarraitzaile ugari ari delako lortzen Txinan ere, nahiz eta bertako agintari komunistek ez duten batere begi onez ikusten gorakada hori. 

Kandyk badu besterik ere aipatutako hortzaz gain. Oso aproposa da paseorako eta nekazariak nola bizi diren ikusteko; leku oso lasaia da, eta herriaren erdian badu aintzira bat. Handik hurbil elefanteak entrenatzeko etxea dago, Sri Lankan elefanteak zamabere gisara erabiltzen dituztelako. Zoragarria da elefante gainean ibiltzea. Hain handiak dira, eta hain bikaina da euren ibilia! 

Buda irudikatzen duten estatuak nonahi dira Sri Lankan. Polonaruwakoa ederrena, alimaleko Buda bat, etzana, eta urrezkoa kanpotik. Dambullako mendi-tontor batean, berriz, santutegi budista bat dago, eta tximu pila. Doilor samarrak dira tximuok, deskuidatuz gero bizkar-zorroan sartzen dizute eskua zer aurkituko. Oldarkorrak ere badira batzuetan: beren aurrean zerbait jatea otutzen bazaizu, ero moduan etorriko zaizkizu lapurreta egitera. 

Anuradhapura da arkeologia aldetik nabarmentzeko moduko beste toki bat. Hutsik dagoen herri baten hondakinak dira, baina han artegintza budistak goia jo zuen. 

Baina Sri Lankan irudi tipikorik bada, horiek te-sailak dira. Uhartearen erdialdea menditsua da oso, eta hango mendi-hegietan mundu osoan ezaguna den Zeilango tea egiten da. Hain ezaguna denez, tea da uharteko baliabide ekonomiko nagusia. Mendi-hegi guztiak te-zuhaixkez beteta daude; berde bizi-biziak dira zuhaixkak. Eta hostoak aintzin-aintzinean bezala kentzen dituzte lanbide horretan aritzen diren gizon-emakume koadrilak. Te-sailak ikustera bazoaz, ezin dela edozein hosto hartu esango dizute, jakin egin behar dela zein hosto dagoen helduta, eta hura bakarrik hartu, eta, halaber, jakin egin behar dela hosto bakoitzarekin egin daitekeen te-mota. 

Sri Lankako herritar gehienak zingalesak dira. Horiek dira ber-bertako herritarrak, eta budistak dira sinistez. Baina tamildarrak ere badaude uhartearen beste alde batean, hinduistak, Indiako hegotik etorriak. Egia esatera, Sri Lankara orain dela mende batzuk etorri ziren tamildarrak gutxienak dira. Gehienak orain dela berrehun urte baino gutxiago ekarri zituzten te-sailetan lan egitera, ingeles kolonizatzaileen sasoian.  

Zoritxarrez ez dira euren artean ondo konpontzen tamildarrak eta zingalesak. Sri Lanka hondoraino urratu duen gerra zibila ez da atertu, eta hobe da uharteko zenbait tokitara ez joatea, adibidez uhartearen iparrean dagoen Jaffna ingurura, edo Trincomalee itsasertz aldera, ekialdean. Toki hauetan maiz borrokan dabiltza gobernuko ejertzitoa eta Askatasunaren Tigreak (tamilak). Azken hauek independentzia nahi dute bi lurralde horientzat, euren estatua sortu. Izena ere jarri diote balizko estatu horri: Tamil Eelam. 

Hamarkada batzuk badira borroka hasi zena, eta behin-betiko konpontzekotan ere izan dira behin baino gehiagotan. Esku-eskura zirudien irtenbideak ihes egin die ordea beti. Zerbait gertatu eta lehengo lepotik burua. Uhartearen erdigunean, hegoan, mendebaldean, hor badago ibiltzea nahiz eta hor ere noizbehinka eraso oso odoltsuak izan diren, Colombo hiriburuan, esaterako. Baina Colombon gelditzeak ez du ia merezi, zer ikusi gutxi baitago. Onena handik ziztu bizian ospa egitea da, te-sailak ikustera. Eta egun batzuk gorde hondartzara joateko.

Indiako Ozeanoan daude Sri Lankako hondartzak, eta paradisuan zaudela dirudi: hango beroa, hondar zuria, kolore guztietako milaka arrain igerian koralezko arrezifeetan, hondartza-mugaraino bertaraino heltzen diren palmondoak... Hondartzako txosnatan edari tropikalak, arraina eta mariskoa, otarraina barne, eskaintzen dute oso-oso merke. Beraz, Sri Lankan barna bidaiatu eta gero egun batzuk lasai-lasai igarotzeko horra aukera paregabea: hondartza ederra! Hori bai edozein turista asetzeko moduko ametsa!

 

 

 

Irudiak: Pixabay


C1
12-05-2023
  • Torquemada , Jesús
30303867
886