Angela Davis: eskubide zibilen enbaxadore

Afro-amerikarren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan eta arrazakeriaren aurkakoan nabarmendu da, batez ere, Angela Davis. 79 urterekin, mito bihurtuta, giza eskubideen aldeko mezua munduan zehar zabaltzen jarraitzen du. 1972ko otsailaren 28an epaitu eta heriotza-zigorra jarri zioten.

Haren ibilbidearen berri jasotzen du biografia honek.

 

 

 

Bere ezagutza zabaltzeko munduan zehar hitzaldiak ematen ditu Angela Davisek. Argazkia: Columbia GSAPP (CC BY SA 2.5)


Télécharger
Transcription:[+] Transcription:[-]

Angela Yvonne Davis Birminghamen (Alabama) jaio zen 1944. urteko urtarrilaren 26an. Egun, beraz, 77 urte ditu. Ume zenetik ezagutu zuen beltzen aurkako indarkeria; Dynamite Hill (Dinamita mendixka) izenez ezagutzen zen auzoan bizi zen, Ku Klux Klan-eko kideek behin eta berriz erasotzen zuten auzoan.

Haurtzaroko bizipenengatik eta gurasoek emandako hezkuntzagatik izaera iraultzailea zuen, baina New Yorken piztu zitzaion benetako kontzientzia politikoa, ikastera joan zenean. Europara (batez ere Frantzia eta Alemaniara), eta Kubara egin zituen bidaietan ezagututako mugimendu eta pertsonek eragin handia izan zuten bere kontzientzia politikoan.

Militantzia-urteak hasi ziren orduan; 60ko hamarkadaren bukaera eta 70eko hamarkadaren hasiera zen: Ikasle Mugimenduak, emakumeen aldeko aldarrikapenak, Pantera Beltzak, Alderdi Komunista… guztietan nabarmendu zen. Ekintzaile iraultzailea izan zen Davis, eta joera horrek bizitzako hainbat unetan arazoak ekarri zizkion. Adibide batzuk jartzeagatik: Kaliforniako Unibertsitatean filosofia-eskolak ematen zituen eta kaleratu egin zuten; Ameriketako Estatu Batuetan hamar gaizkile bilatuenen zerrendan sartu zuten; edota, 1972an heriotza-zigorrera kondenatu zuten hilketaz eta bahiketaz akusatuta. Urtebete beranduago absolbitu egin zuten, Free Angela mugimenduak eragindako presioagatik.

Giza mugimenduei lotutako jarduna izan da berea, baina politikan ere egin zuen sartu-irtena. Eta ez nolanahikoa! Bi aldiz aurkeztu zen Ameriketako Estatu Batuetako Hauteskunde Presidentzialetara, 1980an eta 1984an. Bietan, Alderdi Komunistako presidente-orde bezala.

Bere ibilbidean azaldu duen izaera borrokalari horrek giza eskubideen aldeko ikur bilakatu du. Gaur egun, 80 urtetik gertu, bere pentsamendu kritikoa liburu eta hitzaldien bidez plazaratzen du. Zeregin horretan ari zela egin zuen bisita Euskal Herrira 2016an. Gure artean ere luzea da Angela Davisen itzala: hala ikusi zen Angela Davis gure laguna da lelopean egin zioten omenaldian.

Zalantzarik gabe, ezagutzea merezi duen emakumea; aurrez aurre ez bada, idatzi dituen liburuen bidez.
 

 

B1
10-03-2021
28044616
00:02:58
2125