Maria Montessori, bizitza haurren heziketari emana

Maria Montessoriren izena heziketa, haur eta pedagogiarekin lotzen da. Bere garaian kritika gogorrak jaso zituen arren, Montessori metodoa ezaguna egin zen mundu guztian. Gaur egun, ikastetxe askotan erabiltzen dute, batez ere, haur-hezkuntzan.

Italiako Chiaravalle herrian jaio zen Maria Tecla Artemisia Montessori Stoppani, 1870eko abuztuaren 31n. Eskolako lehenengo urteetan ez zen nabarmendu, baina 13 urterekin institutu tekniko batean hasi zen, eta emaitza bikainak atera zituen zientzia-gaietan. Institutua bukatuta, medikuntza ikastea erabaki zuen. Ez zuen bide erraza aukeratu, baina helburua lortu zuen: mediku izatea, Italiako lehenengo emakume medikua, zehazki.

Pertsonak interesatzen zitzaizkion, eta horrek eraman zuen medikuntzaz gain, antropologia ikastera eta filosofiako doktoretza lortzera. Era berean, Erromako Unibertsitate Klinika Psikiatrikoko kide izan zen, eta buruko gaixotasunen sailkapen propioa egin zuen.

Haur guztien ikasteko gaitasuna

Medikua izanik ere, emakume izateagatik traba ugari aurkitu zituen, esaterako, ospitaleetan lan egiteko baimena ukatu zioten. Ondorioz, adimen urriko haurrekin hasi zen lanean. Askorentzat haur horiek ezin ziren hezi, baina Mariak haietako bakoitzaren abilidadeak ikusten zituen. Berehala konturatu zen haur horiek bazituztela gaitasunak, eta gidari-lanak eginez gero asko ikasten zutela. Horrela, hezkuntza-metodologia propioa garatzen hasi zen, bere teoria pedagogikoak aplikatuz.  

Hortik aurrera, ikerketa-lanak haurren inguruan egingo zituela erabaki zuen, eta bere ibilbide profesionala hezkuntzara bideratu zuen. 

Bere ustez, heziketa prozesu naturala da haurrarentzat, eta inguruarekin kontaktuan egonda, esperimentatuz, ikasten dute.

Bere teoriak lantzeko, 1907an lehendabiziko Casa dei Bambini (Haurren Etxea) ireki zuen Erroman. Baliabide ekonomiko gutxi zituzten 60 haur jaso zituen, eta higieneaz eta jokamoldeei buruz erakutsi zien. Ez zien zigorrik jartzen, ezta saririk ematen ere. Bakoitzari bere denbora eta askatasuna ematen zion egin beharrekoa egiteko. Horrela, haurrik bihurrienek ere errespetuz jokatzen zuten, eta idazten eta irakurtzen, esaterako, modu naturalean ikasten zuten. Haurren Etxeak arrakasta handia izan zuen.  Montessori metodoak iraultza ekarri zuen arlo pedagogikora, eta berehala zabaldu zen Italian.  

Mundu osoan ezagun

1910erako ezaguna zen mundua osoan. Adibide gisa, Graham Bell-ek Ameriketako Estatu Batuetara gonbidatu zuen Maria, AEBko lehenengo Haurren Etxea irekitzeko. Horren atzetik gehiago ireki ziren munduko beste hainbat tokitan.

Batera eta bestera bidaiatu zuen Mariak bere teoria pedagogikoa zabaltzeko. Era berean, liburu asko idatzi zituen haurraren heziketaren inguruan. Askok egin zioten kontra, baina hala ere, gaur egun oraindik ikastetxe askotan erabiltzen dute bere metodologia.  

Limako (Peru) Montessori eskolaren irudia. Iturria: @lacasadeibambinimontessori (Facebook)

Haurren eskubideen defentsan egindako lanagatik ezaguna bada ere, emakumeen eskubideengatik ere kezkatzen zen, eta haien ikasteko eskubidea defendatu zuen beti. Emakumeen nazioarteko bi kongresutan parte hartu zuen, Berlinen eta Londresen, eta ideia hori aipatu zuen.

Hezkuntzan egindako lanagatik hainbat aitortza jaso zituen eta hiru aldiz hautagai izan zen Bakearen Nobel saria jasotzeko.
 

Semea utzi beharra

Biografietan ez da bere bizitza pertsonalari buruzko informazio askorik ageri, baina Mario izeneko seme bat zuen. Una vita per i bambini filman ageri denez, Mariak ez zuen hura hazteko aukerarik izan. Marioren aitak semearen mantenua eta gastuak ordaintzea onartu zuen, baina horren truke Mariak uko egin behar izan zion semeari, eta beste familia batekin hazi zen. Mariak bisitatzen zuen, baina haurrak ez zuen jakin bere ama zenik heldu izan arte.  

Egia jakin ondoren, semeak amaren abizena hartu zuen. Azken urteetan, Herbehereetan bizi izan ziren, Noordwijk-en zehazki, eta han hil zen Maria 1952ko maiatzaren 6an. Hil ondoren, Mario semeak hartu zuen Montessoriren ondarea babesteko sortutako elkartearen ardura, eta gero, Renilde Montessori bilobak. 


B1
05-05-2020
21944473
592