DNAren egiturari forma eman zion emakumea

Rosalind Franklin zientzialariaren lana funtsezkoa izan zen DNAren (azido desoxirribonukleikoa) molekulak helize bikoitzaren forma duela argitzeko, baita zenbait birusen ikerkuntzan ere. Baina, beste hainbat emakumeren kasuan bezala, ez zuen aitortzarik jaso.

Rosalind Elsie Franklin 1920an jaio zen, Londresen, uztailaren 25ean. Bost anai-arrebetan bigarrena zen. Aita bankaria zen, aurreko hiru belaunaldiak bezala. Beraz, diru-arazorik gabe, Rosalindek prestigioko eskoletan egin zituen ikasketak. 18 urterekin Cambridgen sartzeko azterketa gainditu zuen, kimika ikasteko. Aitak ez zuen alabaren erabakia onartu eta ez zion dirurik eman ikasketak ordaintzeko. Izebak, ordea, bai, eta hari esker hasi zen Rosalind kimika ikasten. Aita berehala konturatu zen egindako akatsaz, eta berriz ere alabaren ikasketa-gastuak bere gain hartu zituen.

Rosalind Franklin. Argazkia: Silver Screen (CC0)

Parisetik Londresera bueltan

Rosalind 1941ean graduatu zen kimika eta fisikan, eta doktore-tesia, berriz, II. Mundu Gerra bukatu ondoren defendatu zuen, 1946an. Ondoren, Parisera joan zen Frantziako Gobernuaren Laborategi Nagusian ikerketa-lanak egitera. Oso ikerketa-talde aktiboa zen Frantziakoa, eta batez ere, emakumeek tokia zuten bertan, Ingalaterran ez bezala. Han ikasi zuen X izpien difrakzioaren teknika; teknika horretan aditu bilakatu zen mundu osoan eta, urte batzuk beranduago, DNAren molekularen ikerketan erabili zuen teknika hori.

Oso maite zuen Paris, baita hango janaria, giroa eta lagunak ere. Hala ere, 1951n Ingalaterrara itzuli zen eta Londreseko King’s College laborategian hasi zen lanean. King’s Collegek bazuen bereizgarri bat: emakumeek ez zuten irakasle-gelan sartzeko baimenik, eta zentroak harro eusten zion, gainera, jarrera matxista horri. Beraz, argi zegoen emakumeek ez zutela inoiz izango gizonen estatus bera.

Franklin mikroskopioarekin lanean 1955ean.
Argazkia:MRC Laboratory of Molecular Biology
(CC BY-SA 4.0)

Argazki zehatzak egitura argitzeko

DNAren egitura aztertzeko agindua eman zioten Rosalindi King’s Collegera iritsi zenean. Han egon zen denboran asko hobetu zuen DNAren irudiak hartzeko aparatua, ordura arte inork egin ez zuen bezala. Eta horrek ikerketan aurrera egiten lagundu zion.  Baina etxean bertan zuen etsaia: Wilkins izeneko lankide bat, hain justu. Wilkinsek ezin zuen eraman emakume bat bera baino gehiago izatea. Horregatik, Rosalindek egindako lanaren berri ematen zien, ezkutuan, beste laborategi bateko bi zientzialariri: Watson eta Crick izena zuten.  Hala, bi zientzialari horiek 1953ko apirilean DNAren egiturari buruzko artikulua argitaratu zuten Nature aldizkarian, presaka, Rosalindek egin aurretik. Artikulua argitaratzeko, funtsezkoa izan zen argazki bat, 51 zenbakiduna, Rosalindek egindakoa. Watsonek eta Crickek, beste hainbat zientzialariren artean aipatu zuten Rosalind Franklin artikuluan, baina inolako aipamen berezirik egin gabe, ez berari, ez bere datuei, eta gutxiago bere argazkiei.  

Birusen ikerketan pauso garrantzitsuak

Nortasun handiko emakumea zen, baina nekatu egin zen King’s Collegeko giroarekin, eta nola gutxiesten zuten ikusita, beste laborategi batera joan zen. Han, ikerketa-lan garrantzitsuak egin zituen birusen inguruan: poliomielitisarena edo tabakoaren mosaikoari dagokiona, adibidez.  

 

Franklinek oso argazki zehatzak ateratzen zituen: A-DNA da berea, B-DNA Wilkins lankidearena.
Argazkia: I.C. Baianu et al. (
CC BY-SA 3.0)

1956an obulutegiko minbizia diagnostikatu zioten. X izpiekin kontaktuan pasatzen zuen denborak sortu ziola uste dute. Pare bat urtez lanean jarraitu zuen, hiru ebakuntza eta kimioterapia jasota. Azkenik, 1958ko apirilaren 16an hil zen, Londresen, 37 urterekin. Lau urte geroago Watsonek, Crickek eta Wilkinsek Nobel Saria jaso zuten DNAren egituraren inguruan egindako ikerketengatik. Inork ez zuen Rosalind Franklin aipatu bere diskurtsoan. Urteak igarota, oraindik ere Rosalind Franklini buruz mespretxuz esaten zuten feminista zela eta huskeriengatik kexatzen zela. Denbora asko pasa ondoren, Watsonek eta Crickek, neurri batean, onartu zuten Rosalind Franklinek egindako lana funtsezkoa eta ordezkaezina izan zela.


B1
07-04-2020
21820395
824