detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Lankidetzako kontsumoa, alternatiba jabetza pribatuari

Azken urteotako aldaketek, pitinka-pitinka, gure balioak aldarazi dizkigutela dirudi. Dagoeneko hasi gara konturatzen gero eta gehiago edukitzeak ez duela ezinbestean zoriontasuna ekartzen. Krisi ekonomikoaren, teknologia berrien eta ohitura-aldaketen ondorioz jabetza pribaturako joera hori aldatzen ari da, eta lankidetza-kontsumoa indartsu hasi da zabaltzen.

Gehiegizko kontsumoak goia jo du, eta dagoeneko hasi gara konturatzen baliabideak agortu daitezkeela eta jabetzak pilatzeak ez duela ezinbestean zoriontasuna ekartzen. Denbora luzean “daukadana naiz” printzipioa indarrean egon da, gure jabetza eta ondasunez baliatuta ondokoengandik bereizi nahi izan dugu-eta. Orain ekonomia-krisiaren, teknologia berrien eta ohitura aldaketen ondorioz jabetza pribaturako joera hori aldatuz doa, eta lankidetza-kontsumoa indartsu hasi da zabaltzen.

Lankidetzako kontsumoa joan den mendean ohikoak ziren praktiketatik dator; hala nola, utzi, partekatu eta alokatzearen ohituretatik. Gerora, gure nagusiek eta zenbait kasutan guk geuk gutxietsita izan ditugu alokatzea eta partekatzea. Eta, berez, denbora gutxi da horiek ohikoak zirenetik, baina XX. Mende-bukaeran eta XXI. Mende-hasieran pribatutasunera jo dugu irmo, nagusitutako indibidualismoaren ezaugarri nagusi moduan.

Krisia eta teknologia berriak, areagotu
Aldaketa horretan zeresan handia izan dute gaur egun jende askok jabetzak pilatzeko dituen zailtasun ekonomikoek eta baita teknologia berrien erabilpen gero eta handiagoak. Jende asko konturatzen hasia da gehiago edukitzeak ez duela, halabeharrez, zoriontasunik ekartzen. Horrez gain, teknologia berriek ohitura, kultura eta joera sozioekonomiko berriak ekarri dituzte gurera: adibidez, Spotify edo Grooveshark musika-programen bitartez kantu bat hainbat alditan entzun daiteke norbera horren jabe izan gabe; kantua entzun nahi den bakoitzean webgune horretara sartu besterik ez da egin behar. Eta gauza bera gertatzen da bideo edo telebistarekin Netflix programa erabilita, adibidez.

Are gehiago, tradizioz partekatzea zena gaur egun distantzia, eremu eta kopuru askoz handiagoan egin daiteke teknologia berriekin. Eta jabetzak bezala, beste gauza asko partekatzeko ohitura gero eta handiagoa da: Flickr, argazkietarako; creative commons, sorkuntza lan orotarako; wikipedia, ezagutzarako, eta beste asko. 

Merkeagoa eta ekologikoagoa
Korronte handia dago lankidetzako kontsumoaren aldekoa, Katalunian nagusiki, baina baita gurean ere. Horren bultzatzaileek azpimarratzen dute praktika honek abantaila handiak dituela. Lehenik eta behin, aurreztea. Jabetza edo ondasuna partekatuta edo sasoi baterako bakarrik alokatuta, txikiagoa da gastua. Gizartean gehiago sustraitutako praktika da. Gure giza profila eta partekatzen duguna da gure ezaugarria. Eta, azkenik, ekologikoa da, baliabideak partekatuta, ama lurra salbatzea posible izan daitekeelako.

Udaltruke, bertako adibidea
Lankidetza-kontsumoaren adibideak ugariak dira, baina hona Bizkaiko hiru eskualdetan aurten abiarazi duten Udaltruke esperientzia ekarri nahi dugu. Meatzalde, Enkarterri eta Ezkerraldeko Lurralde Garapen Elkarteak lankidetzan jarri ditu 15 udal. Udaltrukeko arduradun Arantza Susok azaldu digu bigarren eskuko eta truke-azokak antolatu ostean bururatu zitzaiela udalekin ere antzeko ekimen bat sortzea: “Udaltruke udalen artean beraien ondasunak trukatzeko eta partekatzeko plataforma da, on-line dagoena. Betidanik egon da udal batzuen artean erreminta edo artikulu batzuk uzteko ohitura, baina bakarrik ondokoekin”.

Udal bakoitzak nahi duena jartzen du katalogo horretan, eta artikulu guztiei balio zehatz bat ematen zaie asmatutako uke balioan zenbatuta. Hala, udal bakoitzak katalogoan zenbat eta artikulu gehiago sartu, gero eta uke gehiago izango ditu trukeak egiteko, besteengandik gauzak lortzeko. Udalek, batez ere, kultura eta jai-ekipamenduetarako gaiak jarri dituzte Udaltruke katalogoan: aulkiak, panelak… Dagoeneko 236 artikulu dituzte. “Udalek oso harrera ona egin diote ekimenari eta batez ere udan, herriko jaien sasoian, gai asko trukatzen dituzte”, kontatu du Susok.

Udaltrukerena da Euskal Herrian eta, oro har, Espainiako Estatuan udalen arteko trukeak ahalbidetzen duen plataforma bakarra. “Kataluniatik eta beste leku batzuetatik galdezka etorri zaizkigu. Berez, ez dauka inongo sekreturik, betidanik egin den praktika bat erraztu eta ahalbidetu dugu”.

Ekimenarekin urtebete egin ostean, Udaltrukeren balorazioa egingo dute; eta aztertzen ari dira aurrerantzean –adibidez kultura-ekipamenduarekin lotutako inbertsio handiak egiteko– udalak batu eta gastua elkarrekin egitea. 

Testua: Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
Argazkiak: Udaltruke

 


x61pRelaContWAR

detalle2

Docuthèque

C1
15-11-2012

x61pRelaContWAR

  • Barandiaran (Arteman), Iker
16362846

x61pViewCountWAR

9229

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR