detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

San Millan de la Cogolla-Donemiliaga Kukullakoa

San Millan de la Cogolla Najerako eskualdean eta Demandako mendilerroaren magalean kokatzen da. Gutxi gora behera hirurehun biztanle ditu gaur egun.

San Millanen bi monasterio daude: Yuso eta Suso. Yuson Gaztelaren eta Euskal Herriaren ondare historiko interesgarria dago gorderik. San Brauliok eta Berceok idatzi zituzten liburuei esker ezagutzen dugu San Millanen bizitza. San Millan Compostelako Santiagorekin batera Espainiako patroia da.

San Millan Berceon jaio zen 473. urtean eta 101 urterekin hil zen. Gaztetan artzaina izan zen eta anakoreta edo eremutar bizitza eraman zuen Demanda mendilerroko haitzuloetan, Suson monasterioa egin aurretik. Bere hilobia Susoko monasterioan egon zen Yusora eraman zuten arte. Susoko monasterioan sarreran Larako zazpi infanteen hilobiak daude eta barruko egitura arkitektonikoa elementu bisigotiko, erromaniko eta mozarabiarrek osatzen dute.


Susoko monasterioa

XI. mendera arte San Millanen bi komunitate bizi izan ziren: Yuson San Benitoren jarraitzaileak eta Suson mozarabiar arauak betetzen zituzten gizon-emakumezkoak. XII. mendetik aurrera San Millango komunitatearen egoitza bakarra Yusoko monasterioa izan zen. XIX. mendean beneditarrek arazo politikoengatik Yusoko monasterioa utzi beharrean gertatu ziren eta geroztik agustindar errekoletoak dira monasterioaren arduradunak.

Leiendak dio, Don Garcia Sanchez, Najerako erregeak, San Millanen erlikiak Susotik Santa Mª la Real monasteriora eraman nahi izan zituela baina bailaratik irteterakoan, erlikien kutxa zeramatenak hankak lurrari lotuta geratu zirela aurrera jarraitu ezinik. Herritarrek pentsatu zuten, hori San Millanek Najerara joan nahi ez zuen seinalea zela. Prozesioak erlikiekin San Millanerako bidea hartu omen zuen. Don Garcia erregeak, orduan, San Millan de la Cogollan monasterio berri bat eraikitzeko agindua eman zuen.

Yusoko monasterioa XVI. mendekoa da. Erdi Aroko eliza erromanikoaren gainean jaso zen. Eraikin honi Errioxako Escoriala deitu izan diote, bere estilo arkitektonikoa nagusiki gotikoa izan arren, Errenazimentu eta Barrokoaren ezaugarri asko ditu. Portada Markinako Pablo de Basave maisuak egin zuen. Fatxadan San Millanen irudia du. Santua, zaldi gainean eta ezpata altxatuta erasokor dago erliebean irudikatua. Yusoko elizako erretaula, klaustroa eta sakristia artelan ederrak dira. Aipamen berezia merezi dute San Millanen eta San Felicesen kutxatilek. Urrezko, bolizko eta zilarrezko materialekin egindako eskulan bitxiak dira.


Yusoko monasterioa

San Millango monasterioa historian gune garrantzitsua izan da, Gonzalo de Berceo (XII. mendea), gaztelaniazko literaturaren aitzindaria, San Millanen bizi izan zen. Berak idatzitako poemarik ezagunenak dira: “Los Milagros de Nuestra Señora”, “La Vida de San Millán” eta “La Vida de Santo Domingo”. Bere obretan euskal hitz ugari azaltzen da, etsaiari “Don Beldur” deitzen dio, adibidez. Yusoko liburutegian idazlan interesgarri batzuk ere badaude: 40 kodea, Donemiliagako glosak, Quisoko Biblia, Beato de Liebanak egindako Apokalipsiaren kopia eta abar. Latinezko testu hauek euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako oharrak dituzte. Hizkuntza hauen bilakaera eta jakinduria herrikoia ezagutzeko oso baliagarriak dira.


detalle2

Docuthèque

B2
19-06-2014

x61pRelaContWAR

  • Juanjo Dorronsoro
16344855

x61pViewCountWAR

5493

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR