Aldizkari Digitala
Luis de Morales Bilboko Arte Ederren Museoan
Luis de Morales 1520. Herritarrek, "El Divino" izengoitia jarri zioten oso mistikoa zelako.
Luis de Morales 1520. urtean jaio zen, Plasencian (Extremadura), eta 1586an hil historiagile batzuek diotenez. Beste batzuek 1510. urtean jaio zela diote. Herritarrek, "El Divino" izengoitia jarri zioten oso mistikoa zelako. Zazpi seme-alaba izan zituen.
Erretaula eta aldareetarako koadro ugari margotu zuen, asko eta asko enkarguz. Horietako 54 margolan daude ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan. El Prado Museoko "Ama Birjina eta umea", Madrilgo San Agustin elizako "Ama Birjina eta txoria", Badajozeko katedraleko "Pietatea" eta Lisboako Museo Nazionaleko "Ecce Horno" dira erakusketa honetako artelanik aipagarrienak.
"La Virgen de la leche" edo "Virgen con el Niño".
El Greko eta Luis de Morales garaikideak izan ziren. Biak dira XVI. mendeko Espainiako margolaririk ospetsuenak. Moralesek, Badajoz, Portugal eta Sevilla inguruko elizetarako egin zituen margolanak, eta arrakasta handia izan zuen herritarren artean. Grecok Toledo eta Gaztela aldeko eliza eta jauntxoentzat margotu zuen. Felipe II.ak ez zuen oso gogoko beraien estiloa, eta ez zien ia lanik eskaini Eskorialen eta bere menpe zeuden eliza eta jauregietan.
Luis de Moralesek oso ondo ezagutzen zuen bere garaiko artegintza. Sevillako Pedro de Campañaren tailerrean jardun zuen lanean. Bere irudiak margotzeko Dureroren, Schongaueren, Rafaelen... estanpak hartu zituen eredutzat. Arte aditu batzuek diote Moralesek Italiara bidaiatu zuela, Errenazimenduko pintura zuzenean ezagutzeko. Margolari autodidakta izan arren, garbi nabarmentzen da bere artelanetan Italiako Errenazimentuko artisten eragina eta baita margolari flandiarrena ere: haien sentiberatasuna, sfumatoa eta atmosfera gardenak egiteko teknika, kolore pigmentuak, argi-ilun jokoak... Italiar artisten manierismoa eta estetika oso ondo ezagutzen zituen, baina ez dago Italiara edo Flandesa egindako bidaiaren inolako frogarik.
Lisboako Museo Nazionaleko "Ecce Horno"
Ruben Amonek dio XVI. mendeko Espainiako pintura bi sailetan dagoela banatua: lehenengoa Luis de Moralesen aurreko margolariek osatzen dute, bigarrena Grecoren garaikoek. Moralesena Grecorena baino intimistagoa da eta koadroetako eszenen hondoa ia beti iluna da. Berak margotutako irudien atzean ia ez dago inolako elementu arkitektoniko edo paisajistikorik, ez zirelako beharrezkoak sentimendua eta emozio izpirituala komunikatzeko. Bere estiloak zerikusi handia du Rafael pintorearen manierismoarekin. Zenbait irudi dramatikoak dira; adibidez, Kristoren Pasioko eszenak. Imajina hauek herritarren debozioa sustatzeko eta elizkoiak otoitzera bultzatzeko helburuarekin egin zituen. Espainiako eliza askotan daude bere koadroen kopiak edo bariazioak banatuta. Caceresko Arroyo de la Luzeko elizak bere margolanen bilduma handienetakoa gordetzen du.
Luis de Moralesen erakusketa maiatzaren 16ra arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan.
