detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Gizonezkoen estetika berria

Gizonezkoen osasuna eta estetika jorratzen ditu Men's Health aldizkariak. Argitalpen honek ikerketa bat egin zuen 2012. urtean. Horren arabera, tripa handia izateak kezkatzen ditu gizonak. 0 eta 10 arteko eskala batean, 7,3ko kezka daukate. Ardura hori antzekoa da adin-tarte guztietan.

Buruko ilea galtzea da gizonezkoen bigarren ardura-iturria. Aurreko eskala berean 5,6ko mailara iritsi da; kasu honetan, gazteek daukate kezka handiagoa. Hirugarren postuan dago aurpegiko larruazala zaintzea. Hori dela-eta, azkeneko urteetan gero eta kosmetiko gehiago erosten dituzte gizonezkoek.

Gero eta gauza gehiago aurki daitezke gizonezkoen nezeserretan. / M. Goñi

Espainiako Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350 milioi euro gastatu ziren estetika-kontuetan 2012an; Nafarroan, berriz, 83 milioi. Gizonezkoek eta emakumeek zenbat gastatu zuten ez du txostenak argitzen. Beste ikerketa batzuek diotenez, kopuru horiek gero eta gertuago daude. Dena den, oraingo estetika-joerak nolakoak diren ez da azaltzen estatistika horretan.

Mencía Garcillán-ek Marketing y cosmética liburuan jaso zuenez, gizonak XX. mendeko 90eko hamarkadan hasi ziren azala zaintzeko produktu kosmetikoak erosten. Garcillánen aburuz, “gizonezkoen edertasuna gero eta gehiago da saltzaileen jomuga. Enpresa askok emakumeentzat soilik egiten zituzten produktuak. Orain, enpresa horiek gizonak ere bezero gisa ikusten dituzte”. Produktu horiek, batez ere, krema hidratatzaileak eta zahartzearen aurkakoak dira, baina betiko produktuen artean ere igoera izan da.

Koloniak tartea izaten jarraitzen du gizonezkoen apaintzeko produktuen artean. / M. Goñi

 

Kolonia eta lurrinak
Gizonek aspaldi luzean erabili dituzte koloniak eta lurrinak. Hala ere, gero eta gehiago jartzen dute soinean; askoren ustez, gehiegi. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten emaitzak kezkagarriak dira. Emakumeen % 83k uste du gizonek perfume gehiegi erabiltzen dutela, batez ere mutil gazteek. Horretarako arrazoiak bi dira. Batetik, gazte hauek uste dute horrela egun osoan iraungo duela usain onak; bestetik, izerdiaren usain txarra estali nahi dute. Ikerketaren gauzarik bitxiena bere egilea da. Harritzekoa da lurrin-enpresa bat delako, eta kolonia gehiegi erabiltzen dela esaten duelako.

Bizarra boladan berriro
Lurrinak eta perfumeak aspalditik erabili izan dituzte gizonezkoek. Hala ere, aurpegiko ileak ere lotzen ditu gizona eta estetika. Bizar osoa, kokospekoa, bibotea, patillak... Asko dira aukerak, eta moda ugariren mende daude. Azken bizpahiru urteotan, boladan dago bizar luzea eramatea.

Duela gutxira arte, bizar osoak XX. mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetako oroitzapenak ekartzen zituen Hego Euskal Herrian. Gaur egun, berriro ohiko bihurtu da gazteen aurpegiak ilez estalita ikustea. Mendebaldeko herrialdeetan zabaltzen ari da ohitura, eta horrek murriztu ditu Gillette enpresaren etekinak, enpresa horrek, batez ere, bizarra egiteko produktuak saltzen ditu eta.

Hala eta guztiz ere, beste batzuk dirua irabazten ari dira moda berriarekin. Batetik, kosmetika-enpresak hasi dira saltzen bizarraren gainean jartzen diren kremak. Bestetik, ile-apaindegietan gero eta gehiago ematen ari dira bizarra zaintzeko zein txukuntzeko zerbitzua.

Damaskoko bizargile bat. / Jez Steer CC-BY-SA

Modek eta joera berriek estetikan aldaketak ekartzen dituzte, eta bai horren inguruko ekonomian ere. Azkeneko hamarkadetan itxi egin dituzte Euskal Herriko bizartegi gehienak, gizonezko gazte gehienak ile-apaindegietara joaten direlako. Agian, moda berriak aspaldiko irudiak ekarriko ditu berriro, eta hemendik urte gutxira bizarra kentzeko negozioek ateak irekiko dituzte. Bizarra horrelako toki batean inoiz egin badizute, horren zain izango zara!
 

Inkesta

Kalera atera gai honetaz galdezka, eta honela erantzun digute gure galderei:
1. Ematen al diozu garrantzirik zure itxurari?
2. Zer egiten duzu zure itxura zaintzeko?
3. Ebakuntzarik egingo al zenuke zure gorputzaren itxura hobetzeko?


Unai Peregrina, 35 urte
1. Bai, asko gustatzen zait neure burua zaintzea. Ispiluan neure burua ondo ikusten dudanean, hobeto sentitzen naiz. Gainera, saltzailea naiz, eta nire lanean oso garrantzitsua da irudi ona edukitzea.
2. Ez dut asko egiten. Astean hiru aldiz kirola egitera joaten naiz. Ile-apaindegira joaten naiz, eta azala zaintzeko krema hidratatzaile bat erabiltzen dut. 
3. Gustura nago neure gorputzarekin. Baina belarri handiak edo sudur okerra edukiz gero, bai, egingo nuke.

Jesus Casi, 58 urte
1. Bai, bueno, ez gehiegi. Baina txukun joatea gustatzen zait, arropa garbiarekin, ondo lisatuta eta bizarra ondo eginda.
2. Arropa erostera emaztearekin joaten naiz, berak gehiago dakielako; baina ez zait asko gustatzen. Ile-apaindegira joaten naiz, ilea betiko moduan moztu eta bizarra txukuntzeko. Baina, orain etxean txukuntzen dut alabak oparitutako makinarekin. Lehenago guraizeekin berdintzen nuen, baina gehiago kostatzen zitzaidan.
3. Ezta pentsatu ere. Jaio ginen bezalakoak gara eta kito.

Aitor Etxeberria, 25 urte
1. Pixka bat bai, baina gehiegi ere ez. Lehen, ikastolako azken urteetan bai, arropak eta zapatak asko gustatzen zitzaizkidan eta amari eskatzen nizkion. Baina, neure diruarekin erosten hasi nintzenean, konturatu nintzen tontakeria zela.
2. Kirol pixka bat, ondo jan eta ondo lo egin. Baina ez dut itxuragatik egiten, osasuntsu egoteko baizik.
3. Ez dut uste. Une honetan behintzat ez; hala ere, pentsatzen ari naiz bizarra uztea itxura hobetzeko.


x61pRelaContWAR

Intéressant pour vous



detalle2

Docuthèque

B2
23-05-2014

x61pRelaContWAR

16344169

x61pViewCountWAR

10372

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR