Aldizkari Digitala
Eskuak eta oinak, gure izaeraren isla
Historia eta esanahia duen ohitura da azazkalak margotzea. Metodo ugari erabili dituzte zibilizazioek horretarako. Gaur egun, ordea, estetikak agintzen duen jendartean, edertasunaren ikur bat gehiago baino ez da. Hori bai, merkatuak eskaintza ugari dauzka azazkalak koloreztatu nahi dutenen eskura.
Azazkalak margotzea modan dago eta askok eta askok hatzak nahiz behatzak kolorez apaintzen dituzte. Oro har, emakumeak dira esmalte hauen erabiltzaileak, haientzat finkatuta dauden edertasun-parametroen barruan eskuak eta oinak margotzea ere sartzen baita. Horregatik ez da denen gustukoa jarduera hau. Aurka azaltzen direnek matxistatzat jotzen dute, “gizarteak emakumeak beti lirainak egotera behartzen dituelako” eta “inposaketa horien aurka daudelako”.
Iritziak gorabehera, gero eta jende gehiagok dauka azazkalak margotzeko ohitura eta aukera zabala dago merkatuan horretarako. Jone Urretarekin hitz egin dugu. Bera estetika-zentro batean aritzen da lanean eta ondo ezagutzen ditu gaur egungo joerak. Urretak azaldu digunez, azazkalak margotzen dituena nolakoa den adierazten ari da nolabait, eta aukeratzen duen estiloari erreparatuta nolakoa den jakin dezakegu: “Arroparekin bezala gertatzen da, ausartagoak direnak kolore biziagoak eta marrazkiak aukeratzen dituzte, eta gainerakoek kolore neutroagoetara jotzen dute”. Gaineratu duenez, “azken urteotan gero eta jende gehiago animatzen da azazkalak txukuntzera, baita kolore ugari erabiltzera ere, ohiko gorriaz gain”. Erabiltzaile-motari buruz galdetuta, “batez ere, emakumezkoak” direla esaten du, “ia ehuneko ehunean”. Garai batean, emakume helduek erabiltzen omen zuten esmaltea, baina gaur egun, “gazteek ere asko eskatzen digute”.
Jone Urreta
Eta zer da gehien eskatzen dutena? “Oro har, gorria eta gorriaren gama izaten da eskatuena. Baina urte-garai honetan, udaberrian, kolore gehiago erabiltzera animatzen da jendea, batez ere ospakizunen bat baldin badauka”. Aurten berdea eta urdina omen daude modan. Gaztetxoek lore itxurako marrazkiak ere egiten dituzte batzuetan. Naturaltasunerako joera ere badagoela azaldu digu Urretak. “Kolorerik gabeko esmaltea ere eskatzen digute, horrela, azazkalak oso txukunak geratzen dira, baina esmaltea ez da igartzen”. Negu aldean, aldiz, kolore ilunak dira nagusi bezeroen artean, “gorri ilunak, granateak… horrelakoak aukeratzen dira”.
Historiari begirada
1924ra arte, azazkalak berezko kolore naturalarekin eraman zituzten garaiko biztanleek. Urte hartan, ordea, azazkalak margotzeko esmaltea asmatu zuten eta gaur arte iraun duen modari hasiera eman zitzaion. Baina moda honen jatorria aspaldikoa dela erakutsi du historiak eta ez zen edertasunari lotutako jarduera. Zibilizazio askok erabili zuten. Egipton, esaterako, nork bere gizarte-mailaren arabera margotzen zituzten azazkalak. Hala, aberatsek edo nobleziakoek kolore ilunak erabiltzen zituzten eta maila baxukoek kolore argiak erabili behar izaten zituzten. Esmaltea lortzeko henna erabiltzen zuten.
Baina egiptoarrak ez ziren bakarrak. Kristo aurreko 3000. urte inguruan, txinatarrek ere margotzen zituzten azazkalak, laka berezi bat erabiliz. Laka hori lortzeko, Arabiako goma, arrautzaren gorringoa, argizaria eta gelatina nahasten zituzten. Batzuetan arrosa, orkidea eta beste zenbait landareren hostoak ere nahasten zituzten. Haiek ere gizarte-mailaren adierazle gisa erabili zuten metodo hau. Aberatsek urre-kolore, zilar-kolore, gorri eta beltzaren artean aukera zezaketen; gainontzekoak, aldiz, behartuta zeuden pastel-koloreak erabiltzera.
Erromatarrek ere azazkalak margotzeko ohitura zuten, militarrek, hain zuzen. Bai, gerrara joan aurretik erritual hori betetzen zuten eta gorriz margotzen zituzten euren azazkalak.
Argi dago jatorrizko esanahia galdu duela, baina gurean ere aukera ugari dagoela gure gorputzari kolore apur bat emateko. Eta zuk, zer kolore duzu gustuko? Kalera irten eta galdera hori planteatu dugu. Hona hemen erantzun batzuk:
Oier Gomez. Nik ez dut sekula azazkalik margotu. Ezagutzen dut mutilen bat beltzak eramaten dituena. Egia esan, niri ez zait gehiegi gustatzen, ez mutilentzat eta ez neskentzat. Naturaltasunaren alde egiten dut.
Leire Lopez. Udan ohitura daukat oinetako azazkalak margotzeko eta gorriz margotzen ditut. Eskuetakoak ez ditut sekula margotu, taberna batean egiten dut lan eta etengabe ura, garbitzeko produktuak… erabili behar ditudanez, nahiago dut eskuak naturalago eraman.
Olatz Ansa. Moda horiek emakumeei ezartzen zaizkigun ikonoak direla iruditzen zait, makillajearena bezala. Badirudi gure betebeharra dela ederrak eta lirainak egotea, eta gure artean barneratuta eta onartuta daukagu, gainera, horrela izan behar duela. Beraz, nik ez dut inoiz erabili horrelakorik, ez gustatzen ez zaidalako, inposatutako gauzen aurka nagoelako baizik.
