Aldizkari Digitala
W. Tucker Bilboko Arte Ederren museoan
"W. Tuckerren figurazioaren mugan dauden jatorrizko masak, lurrera jausitako meteorito handien modukoak dira" Kosme de Barañano
William Tucker egiptoarraren 48 eskultura eta 57 marrazki daude ikusgai Bilboko Arte Ederren museoan. Tucker Kairon jaio zen 1935. urtean eta bi urterekin Ingalaterrara joan zen bizitzera bere gurasoekin. 60ko hamarkadan Arte Ederretako ikasketak egin zituen Londresko arte-eskolan. Han Paolozzi eta Anthony Caro izan zituen irakasle eta maisu;horien eraginak garrantzi handia izan zuen Tuckerrrengan. Berak dio maisu horiek ezagutu ez balitu, agian, eskulturagintzaren alde egindako apustua ez zela hain erabakigarria izango berarentzat. 1972an Veneziako Bienalera joan zen Britainia Handia ordezkatuz. 1978an New Yorkekera joan zen bizitzera eta Columbia Unibertsitatean eskultura berriari buruzko ikastaroak eman zituen.
Erakusketako irudi batzuk.
Auguste Rodinen, Giacomettiren eta, Michelangelo Buonarrotiren artelanak erreferentziazko ereduak izan ziren. Honela "Night" (gaua) eskulturak Florentziako Medicistarren Kapera gogoratzen digu eta "The Void" obrak Giacomettiren "Hutsa" artelana. Obra horiek Bilboko Arte Ederretako erakusketaren sarreran daude kokatuak. Ondoren datoz "Homage to Rodin" eta "Emperor" buruak. Ibilbideari jarraituz, greziar jainkoen izena daramaten masa bertikalak: Rhea, Tethys eta Kronos. Aurrerago, igeltsuz gauzatutako irudiak, batzuk Brankusiren lanetan oinarritutakoak. Tartean klarion eta tintaz egindako marrazki ugari.
Willian Tuckerrek eskultura klasikoak landu zituen gaztetan: abere-buruak, gorputz-enborrak, soin-atalak... Hirurogeiko hamarkadan marra zuzenei eta geometrikoei eman zien lehentasuna eta 80. urtetik aurrera eskultura minimalistaren bultzatzailea izan zen. Bolumenari eta masari garrantzi handia eman zien beti. Bilboko kale nagusian kokatuta dagoen "The Cave" –Jose Saramagoren "Haitzuloa" eleberrian oinarritutako eskultura– azken bolada horretakoa da.
The Cave (Haitzuloa), 2005.
Tucker eskultura garaikidearen maisu handietako bat da. Bere sorkuntza lana oso berezia da: formak masarekin nahastean, bere obra abstrakzioaren eta figurazioen artean kokatzen da. Tuckerren helburua eskulturaren muina aztertzean datza. Bere artelanak munduko museo eta galeria ospetsuenetan daude ikusgai: Londreseko Tate Galleryn, New Yorkeko Guggenheimen, Houstoneko museoan eta abar.
William Tuckerren erakusketa irailaren 14ra arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Ederren museoan.
