Aldizkari Digitala
David Doblas: "Musika euskarara hurbiltzeko modu interesgarria iruditu zitzaidan"
David Doblas saskibaloi jokalari profesionala da. 33 urte ditu eta Santanderren jaio zen. 14 urterekin etorri zen Euskal Herrira. Hasieran Gasteizen jokatu zuen, Saski Baskonia taldean, eta azken 10 urteetan Donostian. Gipuzkoa Basket Clubeko kapitaina da.
Irakasle-ikasketak bukatu berri ditu eta Komunikazioa eta Hizkuntzen Didaktika ikasgaian parte hartzen du unibertsitatean. “Atzerrian Gaztelania Erakusteko Didaktika” graduondoa ere ikasten ari da. Hori dena egunean bi entrenamenturekin bat eginez. Euskara ikasten ere aritu da, eta tartetxo bat hartu du gurekin hitz egiteko. Ilunben elkartu gara, goizeko entrenamenduaren jarraian.
Zergatik ari zara euskara ikasten? Agian, lagun bati esker?
Hasiera batean ikastea gustatzen zitzaidalako hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zaizkit kultura eta hizkuntza desberdinak. Egon naizen herrialde guztietan integratzen saiatu naiz: Galizian, Katalunian, Menorkan... Hainbat hizkuntza dauden lekuetan bizi izan naiz eta beti ahalegina egin dut bertako hizkuntza nondik datorren, nolakoa den jakiteko.
Nola ikasi duzu euskara?
Euskal Herrira etorri nintzenean, euskara oso zaila zela pentsatzen nuen. Hala ere, ikasi egin nahi nuen, eta, horregatik, musika euskaraz entzuten hasi nintzen. Euskarazko abestiak ahopetik kantatzen nituen, benetan zer esaten ari nintzen jakin gabe. Poliki-poliki, hiztegian begiratuz, hitz berriak ikasten hasi nintzen. Rock musika egiteko ohitura handia dago eta euskarara hurbiltzeko modu interesgarria iruditu zitzaidan, baina hizkuntza modu formalean ikasten unibertsitatean hasi nintzen. Irakasle-ikasketetan Euskara arloa gainditu behar nuen eta orduan euskaltegian hasi nintzen.
Ez dut ulertzen gaur egun umeei euskara ez erakustea.
Norekin erabiltzen duzu? Taberna-giroan? Lagunekin?
Taldean, preparatzaile fisikoarekin, bigarren eta hirugarren entrenatzaileekin; unibertsitatean, irakaslearekin, ikasleekin... Hor saiatzen naiz euskara erabiltzen. Hala ere, nire ingurua erdalduna da.
Zer eman dizu euskara jakiteak?
Ikuspegi osoagoa. Bertako kultura zein den ulertzeko informazio gehiago eman dit. Espainian gaztelania ezagutzean edo Ingalaterran ingelesa ezagutzean bezala, hizkuntzak jendea eta bere bizimodua ulertzen laguntzen du. Hemen ere gauza bera izan da. Bertako kultura, historia... hobeto ezagutzeko balio izan dit. Bai gaur egungo Euskal Herria eta bai lehengoa ere. Oso kuriosoa da Euskal Herria bezalako mikrokosmos batean hainbeste euskalki sortu izana. Oso interesgarria iruditzen zait guzti hori eta hizkuntzak asko lagundu dit ulertzen herrialde txiki hau.
Zer moduz euskaltegian?
Kritika eraikitzaile bat egin nahi dut. Nire ustez, batez ere tituluak gainditzeko erakusten da euskaltegietan. Tituluei begira lan egiten denez, azkenean examinetarako eta probetarako prestatzen dituzte ikasleak, baina hitz egiteaz ahaztu egiten dira. Prozesuak alderantziz izan behar duela uste dut. Ahozkoa landu behar dugu lehenengo, euskaraz bizitzen hasi eta, hizkuntza modu horretan ikasi ondoren, titulua ateratzeko ez dugu zailtasunik izango. Ez dut uste hori euskararekin bakarrik gertatzen denik; gainerako hizkuntzak erakusteko moduan ere horrela izaten dela uste dut eta aldatu beharra dago.
Irakasle-ikasketak egin dituzu, irakasle ona al zara?
Horretan ari gara. Karrerako praktikak egin ditut, teoria ere oso ongi dakit, baina egunerokoa beste kontu bat da. Hala ere, irakasle-sena badaukat.
Eta ikasle ona?
Ikaslea berriz, hainbestean. Galdera asko egiten ditut, gehiegi agian; kuriosoa naiz, kontrakoa ematea gustatzen zait... irakasle askori ez zaio gehiegi gustatuko.
Saskibaloiari buruz hitz egiten hasita, beste talde batera joateko aukera izan duzun arren, GBCrekin kontratua berritzea erabaki duzu. Nolatan?
Hiru eskaintza izan nituen interesgarrienak: Bilbokoa, Andorrakoa eta Donostiakoa. Baina Donostian geratu nintzen. Zergatik? 10 urtean hemen egon naizelako, ekonomikoki ere eskaintzak oso antzekoak zirelako eta kirol-alorrean ere ez zidatelako ezer berririk ematen. Donostian, oso ongi nago, eta, egia esan, hemendik joateko eskaintzak benetan interesgarria izan behar du.
Irailean Donostian arraunean aritu zineten; Pedreñakoak ez ziren haserretuko?
Ni arraunean oso Pedreñarra naiz, baina, hiriari dagokionez, kirolari zein babes ematen zaion kontuan hartuta, oso euskalzalea eta Gipuzkoaren aldeakoa naiz. Hemen jaso dudan babesa han ez dut jaso. Agian, kritika egingo didate, baina oso zintzoa naiz pentsatzen dudana esaterakoan.
Arraun egitea, bestalde, kulturari keinu egiteko modua izan zen, baina entrenatzaileak denboraldiari hasiera emateko metafora gisa ere erabili zuen. Taldean denok batera arraun egin behar dugula esateko erabili zuen, bakoitzak bere rola duela agertzeko. Denboraldi-hasieran oso talde berria ginen; jokalari berriak zeuden. Arraunean hasi ginenean, patroiari jarraitu behar zaiola, denak palada berean joan behar dugula, eta, oker egiten bada, traineruak ez duela aurrera egiten konturatu ginen. Asko gustatu zitzaidan esperientzia.
Gure helburu nagusia zaleei ilusioa transmititzea da
Une honetan, nola doa denboraldia? Zein duzue helburu nagusi?
Politikoki zuzenak izanda, hurrengo partidua irabazi nahi dugula esan behar dut, baina gure helburu nagusia zaleei ilusioa transmititzea da. Talde xumea gara, Ligako aurrekonturik baxuena ez badugu, bigarren baxuena izango dugu. Hala eta guztiz, ilusioaz eta talde-lanaz baliatuta, aurrera egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Gisa horretan, hirian ona izan daitekeen aura gisako bat sortu nahi genuke, bai enpresentzat eta baita haurrentzat, gazteentzat edota helduentzat ere baliagarria izan dadin. Arazoak gainditzeko eredu izan gaitezke. Gure proiektuaren muina hori dela uste dut. Ez dugu patrozinatzailerik, ezin dugu jokalari berririk fitxatu, diru gutxi dugu. Azken finean gizartean gertatzen denaren isla ere bagara. Jende asko dago egoera zailean, baina, nahiz eta askotan agian ez ikusi, lana eginez eta taldean jokatuz sarritan emaitza onak izan daitezkeela zabaldu nahi dugu.
Jakin dugu egun berezia duzula 2006ko maiatzaren 23a. Kontaiguzu piska bat!
Oso espeziala izan zen. Urte hartan lan oso ona egin genuen eta taldean lan eginez 1. mailara igotzea lortu genuen. Horrek zera esan nahi zuen: zelai txiki batetik zelai handi batera, 500 ikusletik 11.000 ikusletara, familia gisako talde bat izatetik klub handia izatera pasa ginela. Inork pentsatu ez zuena egin genuen. Zoragarria izan zen.
Amaitzeko, merezi al du euskara ikastea? Zure esperientziatik, ona izan al da?
Noski. Hizkuntza kultura da eta ez dut ulertzen gaur egungo zenbait haurri nola ez zaien euskara erakusten. Ez da ez ditudala errespetatzen, baina ez dut ulertzen. Euskara erakutsi gabe kulturaren zati bat kentzen zaie eta gainera, adin horretan ez da batere kostatzen ikastea. Gero helduago zarenean askoz zailagoa da. Euskara hizkuntza zaila da, baina ez ezinezkoa. Euskara politika izatearen ideia kendu beharra dugula uste dut. Harremanak izateko eta komunikatzeko balio du, eta benetan oso polita izango litzateke herri honetako lehen hizkuntza izatea. Jakina, gaztelania ahaztu gabe. Ideia hori kentzen dugun momentutik euskara komunikazio-bide gisa ikusiko dugu, kulturaren parte. Nik beti esaten dudan bezala: euskara herri txiki honen kulturaren parte da.
Lehenengoz euskara kulturaren parte da eta nire ustez kultura garrantzitsua da. Bestalde, orain ni irakaslea naiz eta karreran euskara gainditu behar nuen. Gainera, jendea askok hitz egiten du euskara Gipuzkoan. “Sometime” adibidez, Sagardotegian, jendeak esaten dizunean ”Ei David Doblas, saskibaloi jokalaria, kaixo!! Gustatzen zaizu sagardoa?” Zer esango diot nik “Si me gusta mucho”? Ba ez, “Niri sagardoa asko gustatzen zait” eta “Sagardoak laguntzen dit baloi asko saskiratzen”. 10 urte daramat Gipuzkoan eta 4 urte Gasteizen. 14 urte asko da euskara nire biziaren parte ere bada.
Taldean, unibertsitatean, etxean, lagunekin ere bai, sagardotegian, supermerkatuan, arraindegian ere bai. Eta hemen, ETB1ekoek elkarrizketan euskaraz galdetzen didate eta nik euskaraz eta gaztelaniaz erantzuten diet.
Kaixo jendea! Ez eduki beldurrik, euskara nire ustez hizkuntza ona da eta kulturaren parte da. Agian, tilulua behar duzu baina inportanteagoa da jakitea euskara titulua baino, nire ustez. Animo eta ez dago presarik. Pazientzia eta goazen!!
Intéressant pour vous
Docuthèque
-
Zinea Sortzen
