detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Matxalen Ziarsolo: "Taldea hazten joan den heinean, neu ere hazten joan naiz"

Matxalen Ziarsolo (Ermua, Bizkaia, 1982) Bera-Bera eskubaloi-taldean jokatu du 2000. urtetik. Denbora horretan, ezker-hegalekoak gertutik ikusi du taldearen bilakaera. Bera bertan zegoen taldea profesional izatera iritsi zenean. Irakurtzea, lagunekin egotea eta ibiltzea ditu gustuko. Partida-egunetako siesta sakratutzat jotzen du. Ziarsolok uste du bera bezalako pertsona ezagunek ikusgarritasuna eman ahal diotela euskarari.

Euskararekiko lotura handia daukazu. Esaterako, euskararen aldeko Eutsi gogor kanpainan parte hartu zenuen.
Bai, euskalduna naiz eta lotura daukat euskararekin. Merezi du esfortzua egitea euskara mantentzeko eta ez galtzeko. Gainera, ikusgarritasuna emateko aukera hori badaukagu, eta, daukagunez gero, saiatu egingo gara eta eman egingo diogu!

Zer egiten du Matxalen Ziarsolok bere denbora librean?
Azkenaldian, ikasi egiten dut nire denbora librean. Lagunekin egotea ere gustatzen zait, eta ibiltzea ere bai. Baina, aspaldi honetan, nekatuta egon naiz, eta ez dut denbora asko eduki ibiltzeko. Irakurtzea ere gustatzen zait.

Nolakoa da partidarik gabeko egun bat Bera-Bera taldean?
Bada, egunero ordutegi ezberdin bat daukagu. Astelehenetan, normalean, arratsaldez entrenatzen gara. Martitzenetan goizean edukitzen dugu saio bat, alderdi fisikoa lantzeko, eta arratsaldean talde osoaren entrenamendua edukitzen dugu. Asteazkenetan, askotan, lagunarteko partida jokatzen dugu mutilen aurka, edo emakumezko beste talde baten aurka. Ostegun eta ostiral goizean entrenamendu bana egiten dugu. Asteburuan partida izaten dugu.

Matxalen Ziarsolo 2000 urtean hasi zen Bera-Bera eskubaloi taldean jokatzen. (Argazkia: Mikel Goñi).

Eta nolakoa da partida-eguna?
Ezberdina izan ohi da. Normalean, larunbatetan jokatzen dugu. Niri etxean egotea gustatzen zait; etxea garbitzeko eta enkarguak egiteko aprobetxatzen dut. Bazkalostean siesta egiten dut, hori sakratua da. Gero, partida aurreko kafea hartzen dugu Erreka kafetegian, kiroldegiaren inguruan, eta gero partidara.

2000ko abuztutik Bera-Beran. Beste inon jokatzeko eskaintzak jaso dituzu? Zergatik ez zara joan?
Aukerak izan ditut, baina Bera-Beran beti eduki ditut helburuak. Taldea hazten joan den heinean, ni ere hazten joan naiz. Orain arte gustura egon naiz. Gainera, ekonomiaren krisia gertatu da. Ordura arte, Espainiako liga maila altukoa zen, eta aukera zegoen jende onarekin eta jende onaren kontra jokatzeko.

2000. urtean Bera-Beran hasi zinenean eta orain berdinak al dira egoerak?
Ni Bera-Beran hasi nintzenetik gorabeherak izan dira, ez da konstantea izan. Azkeneko urte hauetan behera egin duela ikusi dugu, baina ni hasi nintzenetik bai liga eta bai taldea ere gorantz joan dira. Profesional bihurtu ginen, gutxika-gutxika. Benetako lana izatera pasatu zen. Azkeneko hiru urteetan, krisiaren ondorioz, arazoak hasi dira. Ematen du sabaira iritsi garela, eta liga bera ere indarra galtzen hasi dela. Hala ere, nik uste dut irtengo garela.

Bera-Bera taldea puntaren puntan dago. Azkeneko bi denboraldietan liga irabazi duzue.
Urte askotako lanaren ondorioa izan da. Agian, taldeek diru asko behar zutenean goian egoteko, Bera-Bera goian zegoen, baina ez zuen irabazten. Aurrekontuari begira, gure taldea ez zegoen goi-goian, inondik ere ez; baina orain Bera-Bera mantendu egin da, harrobi-lana egin duelako. Etxeko jokalari askok jokatu dugu bertan. Klub berezia izan da, eta horregatik mantendu da.

Bolada horrek segida izango duela dirudi. 2013-2014 denboraldian oso jokalari gazteak eta eskarmentu handiko jokalariak elkarrekin aritu zarete.

Hori albiste ona da, eta, azken batean, hori da etorkizuna. Talde honek beti bilatu du etorkizun hori eta nik uste dut horrela izan behar duela. Gu ere oso gazteak ginen etorri ginenean, eta horrela izango da beraientzat.

Krisiak Bera-Bera taldea ere jo du. Liga irabazita ere Europara ezin joan...
Egoera benetan larria da. Guk irabazi eta dena ondo doala ematen du, baina, barrutik ikustean, konturatu egiten gara egoeraz. Denbora luzea eman dugu kobratu gabe, arazo ekonomikoak larriak izan dira, aurten ezetz esan behar izan diogu Champions jokatzeari arazo ekonomikoa larriagoa ez egitegatik. Baina, kirol alorrean, oso denboraldi onak egiten ari gara, eta horrek pixka bat konpentsatzen du.

Matxalen Ziarsolo Ermuan jaio zen arren, Zarautzen bizi da gaur egun, eta herriko hondartza da bere toki kutunetako bat. (Argazkia: Mikel Goñi).

Erabaki zaila izan da, baina zentzuzkoa, ezta?

Nik argi daukat. Taldeak oso erabaki ona hartu du. Ezin da zuloa handitu, han edo hemen jokatu nahi dugulako; azkenean klubaren egoera arriskuan jar daiteke.

Bera-Bera taldeak enpresa babeslerik gabe egin ditu azkeneko urteak, zergatik?
Ematen du emakumezkoen kirolak ez duela enpresa baten irudia saltzen, baina Akabakoekin hitz egiten genuenean, beraiek esaten zuten enpresa askoz ezagunagoa zela eskubaloi taldearekin. Beraientzako oso ona izan zen babes hori. Oihartzun handia lortu dugu, eta azkeneko urteetan astero bizpahiru aldiz irten gara egunkarietan.

Eliteko kirolaria zara, baina zure karrera bukatzeko ez dira urte asko falta. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Bi alorretan egin nahiko nuke lan. Nik Giza Zientziak eta Enpresa ikasi dut, irakaslea izateko gaitasun titulua ere badut, eta hortik jotzea gustatuko litzaidake. Bestalde, Nazioarteko Merkataritza Masterra egin dut, eta alor horretan aritzea ere gustatuko litzaidake. Horiek dira nire etorkizuneko helburuak. Bestalde, nik uste dut eskubaloiari lotuta jarraituko dudala. Agian urteren bat deskonektatzeko hartu, baina jarraituko dudala uste dut moduren batean ala bestean, baina oraindik ez, ez naiz oraindik erretiratu.


Transcription:[+] Transcription:[-]

[Galdera]: Euskara erabiltzen al duzue kantxan?
Bai, bai. Erabiltzen dugu. Euskaldunak garenen artean, ekipoan-eta badaukagu zaleta... osea, ohitura daukagu gure artean euskaraz berba egiteko eta egiten dugu. Eta entrenadorearekin be bai, bada beno Reyes [Karrere] zegoenean depende zein jokalariri euskaraz egiten eustan [zion], Imanolekin be bai. Eta, bai, badaukagu... Beno, eta gainera kanpotar batzuk be bai, bada ikasten dituzte hitz batzuk eta beno, egiten dugu.

[Galdera] Kode gisara erabiltzen al duzue?
Ez ulertzeko, igual, bai... Bai, momentu batzuetan bai. Bada igual badaukazu aldamenean berarekin euskaraz egiten duzun bat, eta esaten... bada zer edozer egiteko bada erabili ahal duzu, ez? Ez dabelako [dutelako] ulertzen. Eta beno, horretarako bada ondo... ondo dago. 

 

detalle2

Docuthèque

B2
29-09-2014

x61pRelaContWAR

16345498
00:50

x61pViewCountWAR

13452

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR