detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Etxeko lanetan, zer moduz moldatzen gara?

Bazkaria prestatu, harrikoa egin, arropa garbitu, erratza pasatu, hautsa kendu, arropa zabaldu… Zenbat lan egiten dugu etxean? Nahikoa denbora hartzen dugu lan horietarako?

Batzuetan, nahi bezain txukun utzi gabe ateratzen gara etxetik, korrika. Gauza asko egin nahi ditugu, baina ez dugu astirik hartzen. “Gaur ere ohea egin gabe atera naiz”, horixe pentsatzen dugu, eta “bihar bai, bihar egingo dut”, horrekin kontsolatzen gara. 

Garai batean, hori pentsaezina zen. Gure gurasoen edo aitona-amonen garaian, nor ateratzen zen etxetik ohea egin gabe? Orduan, arropa guztia lisatzen zen, baina, orain, nork ematen ditu orduak plantxa egiten? Orain, orokorrean, ez ditugu etxea eta arropa hainbeste zaintzen. Belaunaldi gutxitan asko aldatu da etxea eramateko modua.

Lehen, etxean beti norbait egoten zen. Orain, ia ez dugu bertan egoteko astirik. Lehen, garrantzi handia ematen zitzaion etxea txukun edukitzeari. Orain, berriz, garrantzi handiagoa ematen zaio aisialdiari. Lehen, etxearekin lotutako hainbat lanbide zeuden: lisatzaileak edo neskameak, esaterako. Orain, lanbide horiek desagertu egin dira eta oso jende gutxik lisatzen du bere arropa. Lehen, garbiaren gainean garbitzen zen, baina, orain, zer egiten dugu?

Belaunaldien arteko jauzi hau nolakoa izan den jakiteko, Pilar Iragorrirekin (Oiartzun, 1936) eta Naiara Garziarekin (Leitza, 1979) elkartu gara. Lehenengoa, Oiartzungo Garmendia baserrian jaio zen, hamabost senideko familia batean. Naiara, ordea, ama izan berri da, eta, une honetan, langabezian badago ere, kazetari edo irakasle lanetan aritu izan da.

Pilar Iragorri eta Naiara Garzia

 

Egunerokotasuna

Pilarrek, gaztea zenean, baserrian lan egin zuen, bai kanpoan baita etxe barruan ere. Egunero, hamasei pertsonak bazkaltzen zuten elkarrekin, eta nahikoa lan izaten zen bazkaria edo afaria prestatzen. “Gure ama etxean egoten zen, eta guk lagundu egiten genion. Hori izaten zen baserriko gure bizitza xumea”, azaldu digu Iragorrik. Orduan, emakumeek ez zuten etxetik kanpo lanik egiten: “Neskame joaten baziren; bestela, etxean egon behar genuen. Lantegietara joaten beranduago hasi ziren”. Pilarrek ez zeukan moja izateko edo ezkontzeko bokaziorik. Horregatik, sekularra izatea erabaki zuen. Harluxet hiztegiaren arabera, Kristau laikoa, munduko zereginetan diharduena, ez klerikoa eta ez erlijiosoa da definizioa. Pilar, Madrilen, Bartzelonan, Zaragozan eta Ekuadorren bizi izan da, eta beste hainbat lekutan ere bai, hurkoari laguntzeko grinak bultzatuta.

 

Naiarak kazetaritza ikasi zuen, literaturan espezializatu zen eta irakasle izatea erabaki zuen. Duela gutxi ama izan da, eta horrek goitik behera aldatu dio bizimodua. Langabezian dago, eta horrek etxeko martxa beste modu batean eramateko aukera eman dio. “Orain etxean ordu gehiago ematen ditut, eta, orokorrean, gauza gehienak nik egiten ditut”, kontatu digu Garziak. Bere bikotekidearekin banatzen ditu etxeko lanak. Honek janariarekin lotutakoa egiten du, batik bat. Naiarak eta Pilarrek oso errealitate desberdina bizi izan dute, eta bizi dute.

 


Hau gustatzen zait, hau ez…

Etxeko lanen zerrenda oso luzea da, eta amaierarik gabea ere bai, nahi izanez gero. Pilarrek argi du zein den bere gustukoena. “Niri bazkaria prestatzea gustatzen zait. Horrela, ogi koxkorra busti dezaket prestatu bitartean”, esan digu irri artean. Naiarari, berriz, garbitu berri dagoen arroparen usaina gustatzen zaio: “Arropa zabaltzea gustatzen zait, eta, hori egiteko, baserri batean bizi nahiko nuke, arropa kanpoko leku polit batean zabaltzeko”.

Harrikoa egitea eta komuna garbitzea dira Naiarari gutxien gustatzen zaizkion lanak.

Baina dena ez da gustukoa izango. Naiarari sardexkak garbitzea ez zaio batere gustatzen; beraz, harrikoa egitea da gutxien gustatzen zaiona. Pilarrek, ordea, oso bestelako erantzuna eman digu: “Ez nizuke esango gutxiena zer gustatzen zitzaidan. Dena egin behar zen, eta dena egiten genuen”.

 

Belaunaldien arteko talka

Belaunaldi batetik bestera gauzak asko aldatu dira. Lehen, patxada handiagoz egiten zuten egin beharrekoa. Orain, aldiz, korrika eta presaka, ez daukagu denborarik edo ez dugu horretarako erabili nahi gure denbora. “Guk eskuz egiten genuen dena. Adibidez, arropa garbitzera ibai ertzera joaten ginen. Eguraldi ona edo txarra egin, izotza edo elurra izan, hantxe ibili behar izaten genuen. Gainera, baldea buruan jarri eta etxera, ez zegoen oso gertu!”, kontatu digu Pilarrek. Bere ustez, oraingo gazteek ez dakite zer den bizitza gogorra, erraztasun guztiak baitauzkate.

Etxeko lanak etxebizitza batean egiten diren lanen multzoa da: sukaldaritza, garbiketa, erosketak…

Naiarak, ordea, lehengo etxeetan altzari gutxiago zeudela azpimarratu du: “Etxeak handiagoak ziren, baina ez zegoen hainbeste altzari. Horregatik, garbitzeko errazagoa zen. Hala ere, orain baino autonomoagoak ziren. Etxeak, esaterako, urtero pintatzen ziren, eta hori beraiek egiten zuten”. Leitzarraren iritziz, etxean beti dago nahi adina lan, eta mugak jarri behar dira.

Eta zuk, etxeko lanetan mugak jartzen dituzu? Zer moduz moldatzen zara horrelako lanetan? Zer da gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien? Zergatik?


Transcription:[+] Transcription:[-]

Nork egiten ditu edo zituen etxeko lanak zure etxean?
PILAR IRAGORRI: Gu hasteko izandu (izan) gea (gara) hamabost senide, eta beno gaztetatik lana asko egin dugu baina baserrian. Baina orduan zan (zen) ez zen ondo ikusten neska etxetik kanpo lanera ateratzea, ez bazen neskame joaten etxe batera, baina fabrikan eta horrela ez zen ikusten. Hasi ziren gero bai? Gero hasi ziren. Eta orduan, emakumeak egiten gendun (genuen) etxeko lana, baserrian lan asko… Hori izaten zen gure bizitza xumea baserrian, horrenbeste famili (familia), hamasei lagun bazkaltzeko egunero.
NAIARA GARZIA: Nire etxean, orain ni langabezian nagonez, etxean ordu gehiago ematen ditut eta orokorrean, beno, bazkaria nire bikoteak egiten du, bazkarie eta afarie (bazkaria eta afaria). Baina gainontzekoa nik egiten dut. Bueno dena, etxea txukundu, garbitu, komune (komuna), ohea egin, lavadorak (garbigailua) jarri, txukunketak… gauza horiek. Berak egiten du janariarekin erlazionatuta dagoena, gainontzekoa berak egiten du.
Zein da gehien gustatzen zaizun etxeko lana? Eta gutxien?
PILAR IRAGORRI: Nik bazkaria gustura jartzen nuen. Han nahi nuena jaten bainuen gero nik, ogi koxkorra sartu potajean (lekaleak) eta hura jan eta… Sukaldea ere gustatu zait beti. Eta kanpo lana ere gustatu zait. Baina denetik, ni gustura, ni beti oso gustura bizitu (bizi) izan naiz, baserria gustatzen zitzaidan.
Ez dakit ba nik, ez nizuke esango gutxiena zer… Dena egin behar zen eta dena egiten genuen eta…
NAIARA GARZIA: Gehiena gustatzen zaidana, nik uste agian aldatzen joan dela ere bai alde batetik, ez dakit. Baina igual arropa zintzilikatzea gustatzen zait, ez orain daukagun lekue (lekua) zulo bat delako, baina izango balitz horrela baserri batean bizi garela eta ez dakit non zintzilikatzea, gustura eginen nuke. Usaiarengatik. Gustatzen zait arropa berriaren usaina.
Eta gero, gutxiena? Tenedorek (sardexkak) eta garbitzea edo fregatzea (harrikoa egitea). Hori ez zait batere gustatzen. Orokorrean, platerak eta ere ez asko, baina tenedoreak (sardexkak) eta gutxiena. Eta bueno, komune (komuna) pentsatzen dut igual ere bai, ez?
Zer desberdintasun dago lehengo eta oraingo etxea eramateko moduen artean?
PILAR IRAGORRI: Bua, ez du kolorerik ere, ez! Nik esaten dut oraingo gazteak (gazteek) ez dakitela zer den bizitza gogorra. Eta claro (noski) dena daukate, erraztasun guztiak dauzkate, zer nahi hura, ez dakite zer den behar bat bizitzea, behar horrek pertsona soildu egiten du, soitu (soildu) barrutikan (barrutik) egiten du, denetik izatea beraiek nahi duten bezala, ni ez nago ados. Dena eskuz egiten genuen, egin beharko eta pentsa zenbaterainoko familia, banan-banan ziren balda handi batzuk, jaboia (xaboia) eta urarekin beratzen jarri, eskuz egin, errioa (errekara) garbitzera, ibaira e? Gela (izotza) bazen edo elurra bazen urean sartuta eta polaina batzuk, ez dakit nondik sortu zituen nire amak horrek, eta polaina batzuekin urean sartuta. Eta polainarik gabe ere bai, ibaia martxa guztian eta gu urean sartuta, arropa garbitzen. Eta arropa balde bat hartu buruan eta etxera. Eta ez zen etxea hemen e! Distantzia luze xamarra zen. Hara joan eta hantxe. Diferente zen. Eta lehendabiziko lavadora (garbigailua) sartu zenean gure etxera zen trin-tran, trin-tran, trin-tran… hori eta ze poza! Ze poza! Gezurra iruditzen zitzaigun, bai, horrela!
NAIARA GARZIA: Bueno, nire ama eta bizitu (bizi) ziren, nik uste claro (noski), etxe handiagotan ez? Nik uste askoz mueble (altzari) gutxiago eta gauza gutxiago zeuden eta lan gutxiago ere bai, hori seguru. Ez dira, nire etxean ez dira inoiz izandu (izan), izandu (izan) die (dira) garbitasunaren aldekoak baina ez ordenarekin obsesionatuak, ez? Ez zait iruditzen denbora asko dedikatzen zienik txukunketari ze etzeuzkean (ez zeuzkaten), ze nik badakit nire ama txikia zenean eta, ez zeuzkala gela bakoitzean armario bat (armairu) eta oheak eta ez zeukan apenas deus. Orduan bazkaria egiten eta gero gauza asko egiten zituen, autonomoagoak ziren. Etxeak urtero pintatzen (margotzen) ziren eta norberak egiten zuen bere etxean. Baina ez zituzten gero gaur egun bezainbeste ordu sartzen beste garbiketa batzuk egiten, ez dakit, iruditzen zait. Kanpoan lana egiteak, beti horrek mugatu egiten zaitu. Ez dakit, nik hori ikusi dut, adibidez, nire etxean. Nire amak beti egin du lana ez? Eta orduan gauza horiek beti egin ditu korrika eta presaka ez?Bueno, bere martxan ez? Baina bai ikusi dut, nire izeba igual bai izandu (izan) da etxeko andrea ez? Eta gozo-gozo dedikatu da horta (horretara): bazkaria lasai-lasai egin, bere plantxak, dena plantxatu (lisatu) bere maindireak, kuleroak eta dena ez? Pues lanen gabiltzanak edo ibili direnak edo garenak, ezin dituzte gauza horiek egin, ez? Eta gero, etxean beti daukazu nahi adina lan ez? Mugak jarri behar dituzu ez? Beti dago gehiago baina gauza gehiago daude bizitzan, ez?
 

detalle2

Docuthèque

B2
27-09-2016

x61pRelaContWAR

  • Malutafilms
16243516
06:10

x61pViewCountWAR

9573

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR