Eskuak ondo garbitzen dituzu?

Ur beroa ala hotza? Xaboia ala eskuetako garbigarria? Komunetik pasatu ondorengo errituala oso garrantzitsua da, baina zein da hori betetzeko modu egokia?

Oso erraza ematen du, baina jarraitu irakurtzen.

Komunetik pasatu ondoren, jan aurretik, garraio publikoan ibili ondoren… Mundu guztiak daki, horrelakoetan eskuak garbitu ezean, gaixotasunak zabaltzeko eta harrapatzeko arriskua areagotu egiten dela. Hala ere, jendearen % 5ek bakarrik betetzen du arau hori behar bezala.

3.000 pertsonarekin egindako ikerketa batean, % 10 eskuak garbitu gabe atera zirela komunetik ikusi zuten, eta horien artean hirutik batek bakarrik erabili zuen xaboia. Arazoa da ezin garela egon aurpegia, sudurra edo ahoa ukitu gabe, eta hortik germenak gure gorputz barrura pasatzen direla.

Beraz, garbi dago garbitu egin behar ditugula, baina nola? Izan ere, aukera-pilo bat dago hain gauza arrunta egiteko.

Urak bero egon behar du?
AEBn 500 laguni egindako inkesta batean, % 69k erantzun zuten tenperaturak eragina zuela eskuak hobeto garbitzeko. Egia da beroak bakterioak akabatu ditzakeela, baina horretarako ia irakiten egon beharko luke.

Salmonellak, esaterako, 10 minutu baino gehiago iraun dezake 55 graduan, eta, guk eskuak tenperatura horretan garbituko bagenitu, erredura serioak edukiko genituzke 30 segundo baino lehen.

Frogatuta dago ura bero, hotz edo epel egon (4-50ºC), ez dagoela alde handirik emaitzetan, baina badu bestelako eragin bat. Ez da giza portaera ahaztu behar, eta, aurreko hori frogatu zuten ikerketa berean, konturatu ziren, ura oso hotz edo oso bero baldin badago, jendeak oso denbora laburrean garbitzen dituela eskuak, eta epel egonez gero, gutxienez, denbora gehiago eskaintzen diola egiteko horri.

Hobeto xaboia ala garbigarria?
Puntu hau asko ikertu da. 2007an egindako ikerketa batek garbi utzi zuen eskuak garbitzeko erabiltzen den bakterioen kontrako garbigarria (triclosan) ez dela ezertan hobea xaboia baino, ez bakterioak akabatzen, ez infekzioen kontra. Eta ondorio berdinera iritsi da 2015ean egindako beste ikerketa berriago bat ere.

Gainera, bestelako ondorioak ere izan ditzake: bakterioen aurkako erresistentziari eragin diezaioke, eta zenbait tokitan debekatu egin dute eskuak garbitzeko erabiltzea.

Beraz, xaboia erabili eta jarri ura nahi duzun tenperaturan.

Beharrezkoa al da garbitu ondoren lehortzea?
Presaka gabiltzanean, askotan eskuak lehortu gabe joaten gara. Denok egiten dugu, eta ez dauka garrantzirik, baldin eta komunetik ezer ukitu gabe ateratzen bagara. Bestela, kontuz ibili! Germenak askoz ere azkarrago pasatzen baitira gure eskuetara, bustita badaude. Horrez gain, lehortzeak berak ere lagun dezake gelditzen diren azken germenak garbitzen.

Lehorgailua ala toalla?
Honetaz ere eztabaida dagoen arren, badirudi iritzi gehienak toallen aldekoak direla, erabili eta botatzeko toallen aldekoak. Zeelanda Berrian egindako ikerketa batek (toalla-enpresa handi batek bultzatuta) zioen lehorgailu batekin eskuak lehortzeko 45 segundo behar ditugula, eta garbi dago gutako gehienok ez dugula horretan hainbeste denbora eman nahi. 

Dena den, badira azkarragoak diren lehorgailu berriak, toalla batek bezain azkar eta ondo lehortzen dutenak. Beren alderdi txarra omen da, hain indartsuak izanik, hiru metroko bueltan zabaltzen dituztela bakterioak, baina hori, lehen esan bezala, toalla-enpresen iritzia da.

Berriro ere giza jokabidea
Jendea eskuak lehortzera bultzatzen duen edozer kontuan hartu eta bultzatzekoa da. AEBko unibertsitate batean 3.000 lagunen jarraipena egin zuten, eta konturatu ziren jendeak askoz ere denbora gehiago pasatzen duela eskuak garbitzen komuna garbi eta txukun baldin badago. Zikinak daudenean denok saiatzen gara lehenbailehen ateratzen.

Azkenean, ondorio gisa, garbitu eskuak uste baino gehiagotan eta uste baino luzeago. Apar ona lortu, ondo pasatu hatz artetik, azkazalen azpitik, eskumuturretaraino iritsi, eta pasa horretan 15-30 segundo. Horretarako, gutxi gorabehera, bi aldiz kantatu: Xalala, riki riki! xalala, riki ri! dutxan dardardaraka ur hotzarekin…


B2
27-06-2017
16174673
4166