Aldizkari Digitala
Pintxo-potearen arrakasta
Non sortu zen? Noiz? Zergatik zabaldu da hainbeste? Zerk eragin du horrelako arrakasta?
Euskaldunok beti izan dugu jatun onen fama. Zerbait edateko edo jateko elkartzen gara, familian edo lagunartean. Ez dago egun jakin bat, baina aitzakiak asko dira. Horietako bat pintxo-potea da. Gaur egun, zein herritan ez da pintxo-potea egiten? Asteko egun horretan, zerbait hartzeko geratzen gara, edo normalean joaten ez garen taberna horretara joaten gara. Baina nondik dator eta noiz sortu zen?
Pintxo-potea 2003. urtean egin zen lehenengo aldiz, Gasteizen, baina hasiera hartan beste izen bat eman zioten: Upelen Ibilbidea. Parte hartzen zuten taberna haietan upel txiki baten irudia jartzen zuten kanpoaldean, jendeak taberna identifikatzeko.
|
Hasiera hura Gasteiz On merkatarien elkarteak bultzatu zuen, eta, haiei esker, gaur egun Euskal Herri osoan ezaguna den jarduera bat da. Gu bertara hurbildu gara eta Orella Beitia gasteiztarrarekin egon gara, Errementeri kaleko bere bulegoan. Orella gasteiztarra da, pintxo-potea gustuko du eta Gasteiz On elkarteko Marketing eta Komunikazio Sailean egiten du lan.
GASTEIZ ON ELKARTEAREN BULTZADA
Gasteiz On merkatarien elkarte bat da, eta 2003. urtean oso argi zeukan zein ziren pintxo-potea sortzeko arrazoiak: eguneko poteoa bultzatu nahi zuten. “Alde Zaharrean hasi ginen. Egunean zehar poteoan hutsune bat zegoen, eta horregatik bururatu zitzaigun”, azaldu digu gasteiztarrak.
Baina hori ez zen helburu bakarra izan: “Ostalaritzan kontsumoa handitzea nahi genuen. Horretarako, edaria eta pintxoa prezio merkeago batean jarri genituen, eta bezeroak gehiago kontsumitzen hasi ziren”.
Almendrako azoka egiten zen hileko lehenengo larunbatean, eta egun horretan egitea erabaki zuten, 13:00etatik 15:00etara: “Azokaren eguna aprobetxatu genuen eta edaria eta pintxoa euro batean jarri genituen. Arrakasta handia izan zuen”, kontatu digu Beitiak.
|
EKINTZA ARRAKASTATSUA
Jendearen erantzuna ona izan zen, egun hori aprobetxatzen baitzuten elkartu eta zerbait hartzeko. Horregatik, berehala zabaltzen hasi zen: “Gorbeia auzokoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta haiei ere lagundu genien, baina egun berean ez izateko, beste egun batean egitea aholkatu genien”. Beraz, haiek ostegunetan egiten hasi ziren.
Orain auzoz auzo egiten da, ia auzo guztietan. Zabalkundea modu naturalean eman da, bai Gasteizen bai Euskal Herri osoan. Une honetan, herrikoia da, sozialki zabaldu den ekintza bat. “Gasteiztarrok barneratuta dugu pintxo-potea, eta, egun ezberdinetan izaten denez, beste auzo batzuetara ere joaten gara”.
TABERNARIEN IRITZIA
Benetan ekintza ona da tabernarientzat? Galdera hori askotan egin izan diogu geure buruari. Orellak esan digunez, hainbat iritzi daude: “Batzuen ustez, egun horretan diru gehiago irabazten dute, baina hau pintxoen elaborazioak eta bezero-kopuruak baldintzatzen du”. Gainera, bezeroak erakartzeko balio die: “Tabernariak jende berria erakartzen du eta, gainera, astean zehar. Ia guztiek parte hartzen dute, zerbaitengatik izango da, ezta?”.
HUNGARIA TABERNA
Hungaria tabernan ostegunetan egiten dute pintxo-potea, 20:00etatik 23:00etara. Taberna duela bost urte ireki zuten, eta orduz geroztik parte hartzen dute. Jabeak Ana Blanco eta Edurne Blanco dira, ahizpak. Guk Anarekin hitz egin dugu, eta bere esperientziaren berri eman digu: “Guk ireki genuenerako, Gasteiz osoan zabalduta zegoen pintxo-potea, eta, beraz, guk geure kabuz parte hartzea erabaki genuen, ez genuen inorekin hitz egin”.
Anaren ustez, erabaki ona izan zen, zalantzarik gabe: “Egun horretan jende gehiago etortzen da; bestela, ostegunetan ez zen hainbeste jende ibiliko, astelehenetik asteazkenera bezala izango zen”. Hala ere, txanponaren beste aldea ere ikusten du tabernariak: “Pintxoaren arabera ez da errentagarria, jatekoa ekonomikoki ongi aukeratu behar dugu”. Beraz, egun horretarako erabakita daukate: ez dituzte asteburuko pintxo berdinak eskaintzen.
Taberna bakoitzak hainbat pintxo eskaintzen ditu edo egun horretarako aukeratu duten bat bakarrik.
Urte hauetan, hainbat aldaketa izan dituzte: “Lehen euro bat ordaintzen zen, gero 1,5 euro eta orain 2 euro ere bai. Gainera, auzo gehiagotan dagoenez, jendea sakabanatu egin da, aukera zabala dute, eta horrek ez digu mesederik egiten”.
Eta zu? Joaten zara zure herriko pintxo-potera? Zergatik du horrelako arrakasta? Eta tabernarientzat ona edo txarra dela uste duzu?
1. Zer da pintxo-potea?
Pintxo-potea tabernari batek eskaintzen duen pintxo bat eta pote bat da, prezio merke batengatik edo prezio erakargarri batengatik.
2. Noiz eta nola sortu zen pintxo-potea?
Gasteiz Onetik bi helburu genituen edo bai, bi helburu genituen ostalaritzarako: bat zen eguneko poteoa bermatzea Alde Zaharrean, bueno dena Alde Zaharrean hasi zen, eta hori, nahi genuena da ba eguneko poteoa bermatzea zen, eta bueno baita ere kontsumitzeko, kontsumitzaileen asmoa gehiago kontsumitzea. Adibidez, pintxo eta pote bat eskatu beharrean, ba bi edo hiru pintxo edo pote eskatu, ez? Eta hori, hasieran, Kupelen Ibilbidea egin zen eta aprobetxatu genuen Almendrako azoka hori egiteko, zeren bueno, Almendrako azoka goizez egiten da, hilabeteko lehen larunbatean egiten da, eta hori, aprobetxatu genuen jendea etortzen zela Alde Zaharrera zerbait erosteko, bada “zergatik ez dugu poteatzen?”. Nahi genuena da hori, poteoa bermatzea prezio erakargarri batean.
3. Zein bilakaera izan du?
Lehenengo urtean, 2003. urtean izan zen hemen Alde Zaharrean eta hori nahiko arrakastatsua izan zen. Hori Alde Zaharrean hasi zen, eta gero beste auzoetara zabaldu egin zen. Orduan ba hori, jendearen erantzuna oso positiboa izan zen, zeren pintxo bat eta pote bat prezio oso merkean eskaintzen zen, orduan ba hori motibazio bat izan zen jendea beste auzoetara joateko, gehiago kontsumitzeko… eta hori. Gure lehenengo helburua, eguneko poteoa bermatzea izan zen eta helburu hori lortu egin genuen eta orain lortuta dago. Eta bigarren helburua, gehiago kontsumitzea, ez da mantendu, zeren hori, gauza da… pixka bat deskontrolatuta dago, zeren ostalaritzako establezimenduak ez dute errespetatzen egunak, auzoak, auzo gehiago daude… eta ia, ez dakit, Zabalganara joaten baldin bazara, ia egunero daukazu pintxo-potea, orduan pixka bat deskontrolatuta bai dagoela…
Docuthèque
-
Malutafilms
