Nora joaten gara erosketak egitera?

Auzoko dendara ala hipermerkatuetara?

Jatea beharrezkoa dugu bizirik irauteko. Euskal Herrian garrantzia handia izan du jateak. Goizeko, eguerdiko eta ilunabarreko otorduez gain, hamaiketakoak eta askariak ere otordu garrantzitsuak dira guretzat.

 

Egunerokoan elikadura orekatua, garbia eta osasungarria izatea lan nekeza da. Horri eguneroko betebeharrek sortzen duten estresa, denbora libre eskasia eta nekea gehituz gero, are eta zailagoa egiten zaigu elikadurari merezi duen garrantzia ematea. Argi dago denbora gutxi izateak elikaduran eragin nabarmena duela. Lehen, erosketak egiteko, goiz osoak hartzen ziren. Gaur egun, ordea, oso denbora gutxi ematen dugu erosketetan.

Supermerkatuek aukera handiagoa eskaintzen dute.

Oraingo produktuen eta denda-moten eskaintza oso handia da. Herri gehienetako kaleetan ditugu betiko merkatuak, harategiak, arrandegiak, urdaitegiak.... Supermerkatuak edo hipermerkatuak ere gertu samar egoten dira. Erosi nahi dugunaren eta erosketak egiteko dugun indarraren edo denboraren arabera nora jo aukeratzen dugu. Hala ere, merkatuko azken ikerketen arabera, biztanleriaren % 35ek, krisia dela medio, erosteko ohiturak aldatu egin ditu, eta lehen baino gutxiago erosten ahalegintzen da. Gure ohiturak zein diren jakiteko asmoz, kalera jo dugu, herritarrek nola erosten duten jakitera.

Donostiako Antigua auzora joan gara. Astelehen-goizeko 11.00ak dira eta jende asko dabil erosketa-poltsekin Matia kalean aurrera eta atzera. Beñat Eizagirre zarauztarra topatu dugu bertan. Beñat Filosofia masterreko ikaslea da eta unibertsitatera doa, zenbait erosketa egin ondoren. Erosteko ohituren inguruan galdetu diogu, eta zera esan digu: “Gaur egun hainbeste aukera, marka eta produktu daude... erotu egiten garela. Gurasoengandik ikasten dugunari jarraitu diot nik zenbait produktu erosteko orduan, eta, horregatik, horiek hipermerkatuan erosten ditut, baina, beganoa naizenez, denda ekologikoetara ere joaten naiz eta ahal dudanean merkatuan erosketak egiten ere saiatzen naiz. Hala ere, ez da erraza izaten hori dena egiteko denbora hartzea. Korrika eta presaka bizi gara eta errazena hipermerkatura joatea da, han erosketak oso azkar egiten dira-eta”.

Beñatek ere, aukeran, nahiago ditu denda txikiak hipermerkatuak baino, baina ez da konformatzen denda txiki formatuarekin: “Nik denda txiki ekologikoak eta produktu beganoak saltzen dituztenak aukeratzen ditut. Egia da ondo dagoela denda txikiak babestea eta laguntzea, baina erosterakoan ere sinesten dudan hori kontsumitzen saiatzen naiz. Gaur egun oso produktu onak daudelako saiatzen naiz denda txikietan kontsumitzen. Agian garestiagoak izango dira, baina bizitzan aukeratu egin behar da: merke erosi nahi badugu, konforme; baina erosketa horiekin zein sistema babesten ari garen ere konturatu behar dugu. Nik nahiago dut gauza batzuetan gehixeago ordaindu. Janaria oso inportantea dela ahaztu egin zaigula uste dut-eta”, esan digu.

Berak garbi du zergatik joaten den gero eta jende gehiago hipermerkatura erosketak egitera: “Lehen emakumea etxeaz, sukaldeaz eta janariaz enkargatzen zen. Egun, zorionez, indibidualak gara. Horrek ere gatazkak ekarri ditu, erosketetan esaterako. Izan ere, orain nahiko lan dugu denok ikasketekin edo lan profesionalarekin. Lana eta soldata dezente bat eskuratzeko, sistemak etengabeko ikaskuntzara bideratzen gaitu. Horren ondorioz, jada ez daukagu astirik sukaldean aritzeko, ez dago denbora asko erosketak egiteko. Horregatik hipermerkatura joan, ordu erdi edo berrogei minuturen bueltan azkar-azkar erosi beharrekoak erosi eta aste osoko erosketak eginda”, dio Beñatek. “Hipermerkatua janaria erraz eskuratzeko bidea da eta guztiz ulergarria da bertara jotzea, korrika eta presaka bizi gara-eta...”, zehaztu du.

June Torrealdai, berriz, merkataritza-gune bateko sarreran topatu dugu. Eguerdia da eta oraindik ere jendea karro handiekin sartu eta atera dabil. Junek normalean erosketak denda txikian egiteko ohitura du: “Normalean auzoko denda txikitan egiten ditut erosketak, baina egia da, erosketa handiak badira, supermerkatu handietara ere etortzen naiz”, aitortu digu.

 Beñat Eizagirre

 June Torrealdai

“Aukera izaten dudan guztietan, denda txikietara joaten naiz. Batetik, bertan ematen den tratua asko gustatzen zaidalako. Bestetik, beraien negozio propioa izanik, langileak beste era batera tratatzen dituztela uste dut. Eta azkenik, denda txikiak babestu eta bultzatu egin behar ditugula pentsatzen dudalako”, agertu digu Junek. “Hipermerkatua merkeagoa dela esan zaigu, baina zalantza dut merkeagoa izatea hobea izatea ote den”, esan du Junek. Hala ere, argi du hipermerkatuak zer duen ona: “Aukera gehiago dago”, ziurtatu digu.

Eta zu, nora joaten zara erosketak egitera? Zer duzu nahiago, hipermerkatua edo denda txikia?


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.GALDERA: SUPERMERKATU HANDIETAN EDO DENDA TXIKIAN EGITEN DITUGU EROSKETAK?

Beñat Eizagirre: Galdera ona da, gaur egun hainbeste aukera dauzkagu, ezta, ba erotu egiten zara, hainbeste bueno informazio, hainbeste gauza askotan ez dakizu nondik hasi, hainbeste marka, hainbeste produktu, hainbeste aukera, ezta? Ba orduan, askotan gurasoengandik ikasten duzuna edo tradizio horri jarraitzen diozu. Adibidez, gure gurasoak Eroskin izan dute beti, ezta, Zarautzen, Zarauzko Eroskin, eta orduan ba noski nik badauzkat produktu batzuk gustatzen zaizkidanak ba adibidez Eroskikoak eta ordoan ohitura daukazu horra joateko. Baina bestela saiatzen naiz hori denda ekologikotan erosten, nola beganoa naiz, orduan denda ekologikotara joaten naiz, saiatzen naiz ba merkatura ere ba joaten ezta, ahal dutenean, baina noski ez da erraza, nola errazena korrika eta presaka ibiltzen garen gaur egun, ezta ba errazena da supermerkatura joan, egin konpra tita, azkar eta kito, ezta?

June Torrealdai:
Normalean denda txikitan, baina bueno segun erosketa handiak badira, ba supermerkatutan, supermerkatu handietan.

2.GALDERA: ZER NAHIAGO DUGU SUPERMERKATUA EDO DENDA TXIKIA?


Beñat Eizagirre:
Ba nahiago dut denda txikiak, baina denda txikiak ekologikoak eta produktu beganoak eta ekologikoak saltzen dituztenak, ez... Bueno ondo dago ezta ba denda txikiak babestea eta apoiatzea, baina alde horretatik saiatzen naiz nire dirua erabiltzen burua erabiliz, alegia kontsumituz burua erabiliz eta nola beganoa naizen nire anaiari esker ezta ba hori saiatzen naiz ba hori ekologikoak eta beganoak izatea. Bai.

June Torrealdai: Ba, aukeran denda txikiak. Ba, tratuarengatik, negozio propioa delako eta azkenean ba hauek langileak eta desberdin tratatzen dituztelako eta nik uste bultzatu egin behar direlako denda txikiak.

3. GALDERA: 3 arrazoi denda txikian erosteko.

Beñat Eizagirre: Ba hori, etikagatik eta gainera oso produktu onak daudelako gaur egun, igual garestiago dira, baina bueno azken finean merke nahi dugu, alegia zuk merke nahi baduzu erosi, aukeratu egin behar da bizitzan. Orduan merke nahi baduzu erosi ados, baina zein sistema ari zaren babesten zure erosketa bidez, hori bakoitzaren, zure esku dago azken finean. Orduan nik nahiago dut ezta ba igual gehixeago pagatu gauza batzuetan eta beste gauza batzuetan ba ez hainbeste gastatu, ze janaria inportantea da ahaztu egin zaigu, ahaztu egin zaigu, ezta?

June Torrealdai: Langileria tratatzeko modua, bueno langileak eta baita bezeroak ere bai, Gero hori beraiena dela negozioa eta ez dutela esplotatzen inondik inora eta besteren bat ba askotan denda txikiak auzoan bertan aurkitu ditzakezulako.

4.GALDERA: ZERGATIK IRUDITZEN ZAIGU GERO ETA JENDE GEHIAGO JOATEN DELA HIPERMERKATUETARA?

June Torrealdai:
Berez suposatzen da merkeagoa delako eta ba hipermerkatuetan igual aukera gehiago daukazulako, marka “blanca” edo deitzen hori ere bertan dagoelako, ustez esan digutela merkeagoa dela hipermerkatu handietan erostea eta horregatik. Aukera gehiago dago.

Beñat Eizagirre: Ba arrazoi horrengatik, ba gaur egun emakumeak ezta estudiatu egiten dute, lana egiteko aukera daukate, orduan noski lehen emakumea zen enkartzen zena ba kozinatzeaz, erosketak egiteaz eta dena prest egoteaz eta beti gizonaren desira eta agindu eta beti kontuan hartu behar zituen denak, ezta? gaur egun jada zorionez ezta jada indibiduak gara onerako eta txarrerako, horrek ere bai ekarri ditu gatazkak, eta zera, baina noski orduan ez daukagu, nola bakoitzak nahiko lan badaukan ba estudiatzen lana egiten eta gero hori gaur egun hizkuntzak direla eta mila gauza hori beti etengabeko ikaskuntzara obligatzen digu (bideratzen gaitu) gaur egungo sistemak ezta nahi baduzu lan dezente bat bilatu ezta? edo soldata dezente bat lortu, ezta? Orduan ba hori jada ez dago denbora asko kozinatzeko ez dago denbora asko gauzak egiteko, orduan ba hori horregatik joaten zara supermerkatuetara, joaten zara Urbil edo holako zentro, Garbera Zentro Komertzialetara errazena delako, ezta? Joan, astean egun bat hartzen duzu, joaten zara ordu-erdi-40 minutu, tita-tita, tita-tita eta erosi erosi beharrekoa, aste osoko erosketak egiten dituzu eta ahaztu egiten zara, bestela joan beharko zenuke aurrena merkatura, gero denda hona gero bestera... rollo bat da, ezta? Orduan bai, horregatik da, azken finean ulergarria da guztiz, korrika eta presaka bizi gara eta...
 

A2
07-10-2015
16237980
00:05:41
14922