Aldizkari Digitala
Parranda egiteko era aldatzen ari da
Gaueko aisia eta ohiturak etengabe aldatu dira azken 50 urteotan: erromeriak, taberna-giroa, diskotekak... Krisiak izan du eraginik azkeneko joeretan, baina badaude beste eragile batzuk ere. Esate baterako, tabakoaren kontrako legediak ere zeresana eduki du parranda egiteko moduan.
Gauerditik aurrera erretzea libre
Oarsoaldeko tabernari batek gogoan ditu jendez eta kez beteriko tabernak. Izena ez du esan nahi, legea astebururo urratzen duelako. Bere taberna zabala da, eta bi gune ditu. Alde batean, barra ingurua dago, ate ondoan eta zorua harlauzaz estalita dauka. Barru aldean, berriz, dantzalekua dago; parte honek egurrezko zorua dauka. Jabeak triste erantzuten du jendeak dantza egiten duen galdetzen diogunean. “Orain, jendeak ez du dantzarik egiten; kontua da gauetan gero eta jende gutxiago irteten dela”. Horren arrazoiaz galdetuta, berehala ematen ditu zenbait zergati. “Batetik, krisia dago; jendeak ez du dirurik. Bestetik, nik asko nabaritu nuen tabakoaren aurkako legea”.
2011 urtean toki publikoetan erretzeko debekua ezarri zuen Espainiako gobernuak. Tabernari oarsoarrak ondo gogoratzen du. “Legea urtarrilaren 2an sartu zen indarrean; jakin bazekiten Gabon Zaharrean jendeak parranda egiten duela, eta parranda egitean erretzea gustatzen zaiola”. Ostalari honek dioenez, zorrotz bete du legea duela urtebetera arte. “Iazko udan, erabaki nuen taberna barruan erretzen uztea gaueko hamabietatik aurrera; jende gutxi etortzen zen tabernara eta erre nahi zutenean kalera irteten ziren. Horrek bizilagunak molestatzen zituen”. Negozioaren egoera pixka bat hobetu dela dio, baina ez du espero duela hamar urteko giroa itzultzea. “Inondik ere ez, gazteak orain lokaletan gelditzen dira, eta gutxitan etortzen dira tabernetara”.
Inauteriek jende asko eramaten dute parrandara. / M. Goñi
Bezeroek dantzalekua erabiltzen duten galdetu diogu tabernariari. “Egia esan, ez; oso jende gutxik egiten du dantza”. Dena den, horrek bi salbuespen dituela aitortu du. “Hemengo inauteria oso famatua da; giro polita sortzen da eta jendea dantzan aritzen da”. Gauaren hasieran inork ez du gerria mugitzen. Ostalariak dioenez, “dena den, nahikoa da kuadrilla bat dantzan hastea, besteak segidan hasiko dira”. Beste salbuespena jende gutxi dagoenean gertatzen da. “Horrelako egunetan, neska-kuadrilla bat sartzen bada eta beste inor ez badago, erraza da neskak dantzan hastea. Ez dut uste lotsa denik. Nik uste dut bakarrik daudenean dantza egiten dutela gizonezko astunak aguantatu beharrik ez izateko”.
Edateko ohiturak aldatzen
Jon Goñi ere tabernari izan zen. “Nik aspaldi itxi nuen taberna, baina ikusten dut parrandako giroa aldatu egin dela”. Goñiren tabernara adin guztietako jendea joaten zen. “Zaharrenak txikiteoan ibiltzen ziren; adin ertainekoak afaltzera etortzen ziren, ogitartekoren bat-edo; eta, azkenik, gazteek kafe bat hartu eta kartetan jokatzen zuten arratsalde osoa, gero gauean parrandara joaten ziren”. Goñik ez zuen oso berandu ixten. “Sanjoanetan, bai. Taberna Hernanin neukan 90eko hamarkadan, eta festetan jende asko ibiltzen zen; kontzertuek jende asko ekartzen zuten”. Gazteek edariak aldatu egin dituzte urteotan. “Garai hartan txikito-ardoa eskatzen zuten, askotan, edari-jokoak egiteko. Zuritoak eta kañak ere hartzen zituzten. Orain, ordea, gazte gutxi ikusten dut tabernetan, eta, ikusten ditudanean, konbinatuak edaten dituzte”.
Dantza egiteko ohitura gero eta txikiagoa da. Gehienetan, adineko jendeak besterik ez du dantzatzen. / M. Goñi
Parranden aldaketaz hitz egitean, Goñik etxean entzundakoak ekarri ditu gogora. “Aitak kontatu didanez, 50eko hamarkadan aitonak egiten zituen parranda handiak. Emazteak prestatutako janari-lapikoa hartu, eta kuadrilla osoa sagardotegira joaten zen asteburu pasa; hau da, larunbat eguerditik, igande afal ordura arte!”. Tabernan lanean ari zenean, Goñik gaupasa egindako kuadrillak ere ezagutu ditu. “Horretan aldaketa handirik ez da izan, lehengo lepotik burua”, aitortu du ostalari ohiak.
Herrietako parrandak desberdinak
Herri txikietako eta hirietako parranden artean ere aldea dago. Bizkaiko herri txiki batekoa da Iñigo Agirre. Herriko frontoian dago bertako taberna bakarra, eta bertara gazteak eta adinekoak joaten dira. Agirrek dioenez, “lasai ibili nahi badugu, herrian gelditzen gara. Musean jokatu, eta gero etxera joaten gara. Baina parrandarako gogoa dugunean, gidari bat aukeratu eta Lekeitiora, Bermeora edo Gernikara joaten gara”.
Uda-partean gehiago erabiltzen dute autoa. Agirrek azaldu du zergatia. “Herrietako festak udan izaten dira”. Bizkaitarrak 37 urte ditu, eta oraindik ere gustuko ditu parrandak. “Baina lehen baino lasaiago ibiltzen gara; lehen Bilbora ere joaten ginen”. Dantzalekuek ekartzen zuten bizkaitar hau Bilbora. “Dantza asko ez genuen egiten, baina bertako musika eta jendea gustatzen zitzaizkigun”.
Gazte askok kontzertuetan bakarrik egiten dute dantza. / M. Goñi
Hala ere, kuadrillako guztiek ez zuten berdin pentsatzen. Agirrek dioenez, “batzuei diskoteka gustatzen zitzaigun, beste batzuei ez. Kuadrillako batzuek nahiago zuten taberna-giroa”. Eztabaidak konponbide erraza izaten zuen. Parrandazale honek azaldu duenez, gaua oso luzea da, eta diskotekara joaten ziren tabernaz taberna ibili ondoren.
Dantzarik gabeko festak
Gazteen % 45ek lokala izan du uneren batean edo bestean. Eusko Jaurlaritzak jaso du datu hori 2013. urtean egindako ikerketa batean. Ikerketa berak azaltzen ditu zergatiak. Gazteek bost arrazoi nagusi eman dituzte lokal bat lagunekin partekatzeko, besteak beste, tabernetan egotea garestia delako. Dena den, gazte hauek ez dute parrandarik egiten lokaletan. Asteburuetan tabernetara joan baino lehen, lokal hauetan elkartzen dira. Bertan gauaren parte bat ematen dute, eta gero joaten dira ostalaritzako establezimenduetara.
Erabiltzaileek diotenez, hainbatetan jaiak antolatzen dituzte lokal horietan. Kuadrillakoak ez diren beste gazteak gonbidatzen dituzte festotan parte hartzera. Bilkura horietan janaria eta edaria aurkitu daitezke. Egoera horiek deskribatzerakoan, gazteek ez dute dantza hitza erabiltzen.
