Beñat Axiari, beste era bateko musika, beti abangoardian

Adituek abangoardian kokatu dute beti; baina, zergatik? Galdera horri erantzuna aurkitzeko, Baionara joan gara.

Beñat Axiari (Donapaleu, 1947) abeslari eta perkusiojotzailea da. 1979an, Urria taldearekin musikagintzan murgildu zenetik, hainbat disko kaleratu ditu eta artista askorekin lan egiteko aukera izan du. Jazzak, inprobisazioak, euskal kulturak, poesiak eta beste hainbat kontzeptuk definitzen dute berak musika ulertzeko daukan modua. Bere musikari-ibilbidean abangoardian kokatu dute beti; baina, zergatik? Galdera horri erantzuna aurkitzeko, Baionara joan gara.

1.    Zergatik erabaki zenuen musikari izatea?
Ni Donapaleuko semea naiz. Natura izan da nire lehenengo irakaslea: mendiak, haizea, euria, ibaiak… Kantuz izan gira ohartu gabe: ene kuadrillarekin, ene adiskideekin… Festetan eta elizan angelusa kantatzen… Gaztea nintzenean, kantua sartu zen emeki-emeki nire baitan. Hogeita hamar urte baino gehiago pasatu dira kantaria naizela jakiteko; orain txori batek bezala kantatzen hasi naiz.

2.    Beti esan dute musikari abangoardista zarela. Horrela da?
Ahoz ahoko tradizioa enetzat abangoardista da. Gure kulturan, zer da tradizio bat? Enetzat berpiztea da. Joxean Artzek oso garbi zuen afera, honako poesia honetan: “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, betikoa den ura, betiko iturri zaharretik”. Poema horrek oso argi erakusten du: tradizioa abangoardia da. Tradizioa berpiztea da, sorkuntza, eta mugak naturalki igarotzen ditut; ez dut bereizten “hemen abangoardista naiz, eta hemen ez”. Abangoardistaren etiketa naturalki hartzen dut.

3.    Etxean musika entzun behar baduzu, zer gustatzen zaizu?
Nire aita egurgilea zen, eta pianoa jotzen zuen. Oroitzen naiz pieza klasikoak, tangoak, melodia frantsesak, euskal kantuak eta beste hainbat jotzen zituela. Etxean beti zegoen piano bat eta bai aitak bai amak, bere ahots finarekin, kantatu egiten zuten. Gainera, etxean irrati bat geneukan eta handik mundu osoko musika entzuten genuen: gospela, Hego Ameriketako erritmoak, jazza… Ttipitatik entzun ditut basoaren harrabotsak eta biziki kuriosoa izan naiz… Orain ere denetarik entzuten jarraitzen dut: John Cage, Alam Qasimov, korear opera, Japoniako taikoa, jazza John Coltraneren edo Albert Aylerren eskutik, klasikoa, frantses doinuak, opera garaikideak, euskal musika… Mundu zabaleko musika anitzekin harremanetan nago.

Adituek Axiari musikagintzaren abangoardian kokatu izan dute beti.

4.    Disko asko argitaratu dituzu: batzuk bakarka, besteak elkarlanean… zerk lotzen ditu guztiak?
Ametsen eta bihotzaren indarrak; itxaropenak, hori beti; positibotasunak; gure nortasunean dugun konfiantzak, ilusioak, amodioak eta alaitasunak.

5.    Orain, hainbeste lan egin ondoren, badago zerbait zuk egindakoa ez zaizuna gustatzen?
Nik, ene diskoak egin ondoren, ez ditut usu berriz entzuten, baina akatsak sentitu egiten ditut. Kantu batekin bost edo sei bertsio egiten ditut, eta bertsio bakoitza abentura bat da. Egitea maite dut, baina ez errepasatzea edo errudun sentitzea. Horretarako, Baionako kontserbatorioko irakasle egin nintzen ahoz ahoko estiloan. Ikasleen talentuari laguntzen diogun bitartean, gurea garbitzen dugu eta beste norbait zaintzen edo loratzen ikasten dugu. Hori sorkuntzarako ona da; transmisioa oso garrantzitsua da: besteek hazia jarraitu behar dute.

6.    Zure semea, Julen Axiari, musikagintzan ari da. Zure pausoak jarraitu ditu?
Seme-alabak ditugunean, gu bezalakoak izango direla uste dugu, baina ez. Munduan beste fruitu bat da, beste zuhaitz bat, lore edo abentura bat. Julen, nire semea, musikan bere espirituarekin edo zaporearekin ari da, eta nik kontent ikusten dut landarea loratzen. Bere esperientziatik ikasten dut, baina bere ibilbideak ez du nirearekin zerikusirik: 14 urterekin Kongora joan zen Ngoma izeneko atabal handiak ikastera, Kubako kongak ikasi ditu, Free jazza… Errobiko azkeneko festibalean, semeak bere lagunekin abestu zuen; oso kantari onak dira: Mateo Mendizabal, Christine Martino, Maider Martino…

7.    Oraintxe aipatu duzu Errobiko festibala: zer da zuretzat?
Aroztegi bat da, etxe bat. Ongi etorria sentitzen naiz, etxean bezala. Mundu zabaleko artista handiak gonbidatu ditugu, gainera. Guretzat lantegi bat da: pentsatzeko, mintzatzeko… Errobiko festibala gure beharrak lantzeko edo betetzeko egiten dugu, publikoarekin praktikatzeko.
Gaur egun, bi manera dituzu: kontsumitzailea izatea edo protagonista izatea, komertzianteren bidea edo artisauarena. Guk artisauarena aukeratu dugu, mundu zabaleko artista batzuekin eta publikoarekin zerbait berria egiteko. 22 edizio ditu, baina ez da guztiz segurua: urte guztiz dirua biltzen dugu antolatu ahal izateko.

8.    Zu eta zeure semea mundu zabalean zehar ibiltzen zarete. Testuinguru horretan, zer garrantzi du euskalduna izateak?
Gure tradizioa indar handi bat da munduan zehar joateko: iturri freskoa eta ur freskoa, lehen erran dudan bezala. Oso garrantzitsua da euskalduna izatea eta nik euskaraz kantatzen dut beti: Alemanian, Venezuelan, Parisen, Marseillan…  Jendeak ez du ulertzen nola, aldatzen garen bitartean, gure baitan berdin mantentzen garen.
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zergatik erabaki zenuen musikari izatea?
Mendizalea izan niz gazte denboran ere, eta pentsatzen dut ene lehen maisua izan dira oihanak, mediak, ibaiak… Donapauleko harrabots horiek. Bai, izan gira kantuz baina ohartu gabe, badakizu? Ene kuadrillarekin, ene adiskideekin bestetan bistan da elizetan, hor goaz, angelusa kantatzen ari… Ez zen misteriorik eta ohartu gabe, eta pentsatzen dut, emeki-emeki, sortaka-sortaka, kantua sartu da nire baitan. Hogeita hamar eta pixka bat urteak pasatu egin dira eta, jakiteko kantaria nintzela. Hasi niz kantatzen txori bat bezala.

2.    Zerk lotzen ditu zure lan guztiak?
Amodioa, konfiantza, esperantza eta alaitasuna.

3.    Egindako lanen artean,  zerbait aldatuko zenuke?
Nik ene diskak egin eta ez naiz usu berriz entzuten, baina badakit zer failoak (akatsak), sentitzen ditut zer failoak (akatsak)… Edo zer abenturak etortzen diren… Bospasei bertsioak egin ahal ditut kantu batekin eta bertsio bakoitza abentura total bat da…

4.    Beti abanguardian zaudela esaten dute. Horrela al da?
Nik pentsatzen dut, ahoz-ahoko tradizio batek (bat) abangoardista dela, enetzako (niretzat) ez du misteriorik. Gure kulturan, zer da tradizio bat? Enetzako (niretzat) berpiztea da beti. Pentsatzen dut, Joxean Artzek oso garbi utzi du afera: gogoz badakit poematxo bat: Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, betiko den ura, betiko iturri zaharretik.
 

B2
15-12-2017
16177394
00:04:01
3961