Aldizkari Digitala
Animalia bazina...
Animalia bazina, zer gustatuko litzaizuke izatea?
Lehoia, azeria, elefantea, txakurra, txoria, ardia… Zein animalia izatea gustatuko litzaizuke? Batzuk gehiago gustatzen zaizkigu besteak baino: maitagarriak direlako, edo azkarrak, lasaiak, dotoreak…
Euskal Herrian, tradizioz, hainbat animalia baserriarekin lotuta egon dira: behia, zaldia, astoa, ardia, oiloa, txerria… Gehienak lanerako edo jateko erabili izan dira. Bestalde, historian zehar herri-kirolek ere izan dute lotura hori, idi-deman eta ahari-talkan, adibidez, animaliak baitira protagonista. Gainera, herri asko animalia batekin lotzen dira: Alkiza oiloarekin, Beasain barearekin, Zerain saguarekin, Elosua basurdearekin… Baina ez du animalia bat izan behar derrigorrez. Zure herriko biztanleei nola deitzen dizuete?
Hau ez da euskal kulturan bakarrik gertatzen. Txinan, esaterako, 12 animalia dituzte: zaldia, dragoia, arratoia, oilarra, tigrea, untxia... Haientzat urtea animalia batena izaten da eta bakoitzak esanahi berezia du. Animalia horiek txandakatuz joaten dira urtero.
Budistek eta hinduistek, beste batzuen artean, berraragitzean edo errenkarnazioan sinesten dute. Horien ustez, hil ondoren beste bizitza bat dago, eta bizitza horretan landare bat, pertsona bat edo animalia bat izango gara. Lehenengo bizitzan egindakoak erabakiko du ondorengo bizitzan izango zer izango garen.
Gai honen inguruan, lau gazterekin aritu gara Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen kanpusean. Bertan, Arrate Imaz usurbildarrarekin, Miren Jone Lizartzaburu ondarrutarrarekin, Beñat Barrutia gasteiztarrarekin eta Janire Estebez errenteriarrarekin egon gara. Bakoitzari animalia bat izatea gustatuko litzaioke. Eta zuk, zein animalia izan nahiko zenuke?
ANIMALIA BAT BANINTZ…
“Txakur bat izatea gustatuko litzaidake, baserrietan paper garrantzitsua betetzen dutelako eta bete izan dutelako”, azaldu digu Arrate Imazek. Berak argi du zer atsegin duen animalia horrengandik: “Baserrietan egin izan duten zainketa-lana gustatzen zait, eta jabearekin zein maitakorra den”.
Miren Jone Lizartzaburuk, berriz, hasieran txoria aipatu digu, eta, jarraian, inurria. Gizarte indibidualista honetan, talde-lana baloratu du ondarrutarrak: “Hain animalia txikiak lanerako indar handia du, elkarlanerako gaitasuna duelako. Nik animalia hori miresten dut”.
Beñat Barrutiak gorila aipatu du: “Ibiltzeko duen modua gustatzen zait, ia tente jartzen baita; ez dirudi lau hankatan dabilenik. Postura hori oso dotorea iruditzen zait, indarra eta potentzia ematen dizkio animalia honi”.
Amaitzeko, Janire Estebezek txoria aukeratu du: “Hegan egiten dute, aske dira eta bidaiatu egiten dute. Gainera, zeruaz gozatzen dute eta mundua ere ikusten dute”.
BAKOITZAREN IZAERA
Elkarrizketatu bakoitzak badu aukeratu duen animalia horrekin zerikusia, baina zertan? Arratek bera ere maitakorra dela esan digu, eta, gainera, lagunak zaintzea ere gustatzen omen zaio. Mireni inurrien antz handiagoa izatea gustatuko litzaioke: “Elkarlanaren ideia hori sustatu nahi dut, baina oso zaila da, bakoitza gure munduan bizi garelako. Ahalegina egingo nuke inurriaren izaera hori edukitzeko”. Beñatek, berriz, lehiakortasuna aipatu du, berak eta gorilak hori baitute berdintsu. Azkenik, Janirek txoriek bezalako espiritu librea duela esan digu.
BERRARAGITZEA EDO ERRENKARNAZIOA
Errenkarnazioak esaten du, hil ondoren, pertsona bakoitzaren esentziak (adimena, arima, kontzientzia edo energia) gorputz material bat hartuko duela. Sinesmen horren arabera, heriotza hori behin baino gehiagotan gertatzen da. Antzinatik ekialdeko erlijio gehienetan (hinduismoan, budismoan edo taoismoan, esaterako), Amerikan, Ozeanian eta hainbat erlijio afrikarretan sinestu izan da errenkarnazioan.
Hori dela eta, honen inguruan galdetu diegu lau ikasleei. Erantzunak oso ezberdinak izan dira. Arrateren ustez, errenkarnazioa polita da. “Hilezkortasun hori mantentzen du, eta heriotzari diogun beldurra kentzea bezala da. Hurrengo bizitzan animalia bat izateak beste bizipen batzuk ekarriko dizkigu”, aipatu digu. Miren Joneren iritzia oso bestelakoa izan da: “Ni oso-oso eszeptikoa naiz”, eta ez digu beste ezer esan gai honen inguruan. Beñatek berarentzat postura erlijioso bat dela kontatu digu: “Denok daukagu zerbaitetan pentsatzeko grina, bizitzari zentzua emateko. Hala ere, nik ez dut horretan sinesten, baina errespetagarria iruditzen zait”. Janireren iritziz, energia transformatu egiten da: “Ni hiltzen naizenean, energia sakabanatuko da, eta animalia baten edo horma baten parte izango gara, hainbat zatitan”.
Eta zuretzat, zer da errenkarnazioa? Horretan sinesten duzu? Animalia bat bazina, zein izatea gustatuko litzaizuke? Zergatik?
Arrate Imaz: Gustatuko litzaidake txakur bat izatea, baserrietan-eta paper garrantzitsua betetzen dutelako, ba zainketa lan hori beraiek egiten dutelako. UAU! UAU!
Miren Jone Lizarzaburu: Seguruena hegazti bategaz (batekin) loturea (lotura) edukiko eban (luke), hegan egiteko gaitasuna eukengatik (edukitzeagatik). Edo bestela bai admiraten dot (miresten dut) animalietan bereziki txinurrixak dauken (inurriak daukan) talde-laneko indarra. Ez dakit hotsik badaukan ere “de hecho”.
Beñat Barrutia: Ba niri gorila bat izatea gustatuko litzaidake. Tximino guztiek horrela arraza horietako animaliak gustatzen zaizkit, baina batez ere gorila. Ez dakit; potentzia ikusten diot. UEEEEEE!!! Horrelako zer edo zer.
Janire Estebez: Ba txori bat, askeak direlako, hegan egiten dutelako eta asko bidaiatzen dutelako. PIO, PIO, PIO, PIO!!!!
Zer gustatzen zaizu animalia horretatik?
Arrate Imaz: Ba lehen esan deten (dudan) bezala, gustatzen zaitena (zaidana) da beraien zainketa paper hori, eta gero baita ere bere jabearekiko azaltzen duen jarrera maitakor hori.
Miren Jone Lizarzaburu: Hoixe, lehen erremarkatu dudana, elkarlanerako gaitasuna. Tontakeri bat ematen dabela (duela), baina gero eta gizarte indibidualistagoa da, ez? Txingurrixa (inurria) horren adibidea da ezetz. Eta gauza txikiarekin lan indar handia. Betiko tontakeriak baina bai, ilusioa egiten dabenak (dutenak).
Beñat Barrutia: Ibiltzeko modua duena. Ez dakit, ia tente jartzen da, ez dirudi lau hanketan dabilela, baina hala ere, oso postura, ez dakit, “majestuosoa” esango nuke. Indarra ematen dio animaliari.
Janire Estebez: Ba hori, esandakoa: hegan egiten dutela, aske direla, eta ez dakit, zeruaz gozatzeko aukera dutela, eta mundu guztia ikusten dutela.
Zure izaerak eta bereak zertan dute zerikusia?
Arrate Imaz: Ba puntu maitakor horretan, ez dakit zainketa, bere lagunak zaintzea… Hor ibiliko litzateke.
Miren Jone Lizarzaburu: Gustauko aztan (gustatuko zitzaidan) zerikusi gehiago izatea, horixe ba elkarlanaren idea hori sustatzea polita delako. Baina berez, oso-oso gatxe da (zaila da), oso geure munduan bizi gara. Eta orduan ba ez dakit, ahalegina ez? Txingurrixan (inurrian) izaera edukitzeko, ahalegina.
Beñat Barrutia: Alde bat bai, konpetitibitatearen aldetik, oso konpetitiboa naiz. Eta animalia horri ere uste dut gustatzen zaiola bere territorioa gordetzea eta…
Janire Estebez: Nik uste baietz, nik nahiko espiritu (izpiritu) librea daukadalako.
Kultura batzuetan, hil ostean, animalietan errenkarnatzen garela uste da…
Arrate Imaz: Ba iruditzen zait zerbait polita bezala, hilezkortasun hori mantentzen duelako, eta, ba ez dakit, heriotzarekiko beldur hori kentzea bezala da. Eta gero baita ere polita ze iruditzen zait gizakia zaren bezala hurrengo bizitzan animalia batean bilakatzen zarenean, beste bizipen batzuk bizitzea daukazula.
Miren Jone Lizarzaburu: Oso oso eszeptika na (naiz) horren denan gainean eta bai, bai, bai…
Beñat Barrutia: Ba beste postura erlijioso baten antzerakoa izango da. Beti daukagu denok zerbaitetan pentsatzeko grina edo zerbait, eta beharrezkoa iruditzen zait batzuetan ere ze bizitzari sentidu apurtxo bat emateko edo beharrezkoa da. Baina nik ez dut horretan uste, ez dut sinesten horretan, baina errespetagarria iruditzen zait.
Janire Estebez: Nik uste dut ez dela gu errenkarnatzea, baizik eta energia transformatzen dela. Orduan ni hiltzen naizenean, nire energia sakabanatuko da eta baliteke animalia baten parte izatea, baina baita ere izan naiteke pareta (horma) baten parte, ez dakit. Uste dut dela energia transformatze bat eta nire energia askatzen denean, ba toki desberdinetara joango dela.
Docuthèque
-
Malutafilms
