Maskotak: erantzukizun handia eta baldintzarik gabeko maitasuna

Asko dira maskotak etxean izateko arrazoiak, eta asko dira animaliak gurekin ez bizitzeko argudioak. Beste debate askotan bezala, ez dago erantzun bakarrik. Txakurra, katua edo dortoka etxeratzea egokia izan daiteke maiz, baina beste batzuetan hobe da ideia ahaztea. Adituek diotenez, etxeari, familiari eta animaliari begiratu behar zaie.

Umeentzat eta helduentzat onuragarri
Robert Bierer psikologia-ikertzaileak esan duenez, maskotak edukitzea onuragarria da, batez ere haurrentzat eta pertsona zaharrentzat. Etxeko txikienek hainbat gauza nagusi ikasten dituzte animaliekin biziz gero. Komunikazioaren alorrean, gorputz-komunikazioaren garrantzia ulertzen dute, txakurrek-eta ez dakitelako hitz egiten.

Psikologoak dioenez, maskotadun umeek enpatia areagotzen dute. Animaliez arduratzen ikasten dute, eta, ondorioz, pertsonak zaintzen trebatzen dira. Ikertzaileak uste du haur hauek bere buruarengan konfiantza handiagoa daukatela, “txakurren eta beste animalia batzuen maitasuna baldintzarik gabekoa” delako. Azkenik, etxean animalia izatea lagungarri izan ohi da familiako txikientzat, aldaketa handiak gertatzen direnean.

Txakurra da maskotarik zabalduena. Beraiekin paseatzea lasaigarria da jabe askorentzat. / M. Goñi

Pertsona helduen kasuan, berriz, bi dira maskotak izateko arrazoi nagusiak. Bakardadeari aurre egiteko primerako bidea dira maskotak. Bestalde, Eli Lopez medikuak dioenez, “helduentzat onura fisikoa dakar animalia izateak, bereziki txakurra”. Lopezek azaltzen duenez, adineko pertsona asko etxean gelditzen dira egun askotan. “Baina txakurrak paseatzera irten behar duenez, beraiek ere paseatzera ateratzen dira”. Pertsona hauek mugitzeko gaitasuna txikia dutenean, katua etxeratzeko aholkua ematen dute adituek.

Ardura ere bada
Hala eta guztiz ere, maskota bat etxean edukitzeak ardura handia dakar. Animalien babeserako elkarteek asko nabarmentzen dute erabakia ondo pentsatzea. Lopezek dioenez, familiako kide guztiek bat etorri behar dute maskota etxean izateari buruz. “Haurrek animalia ekartzeko presioa egiten dute askotan, baina gero gurasoei egokitzen zaie zaintzea”. Psikologoak behin eta berriz ekarri du gogora erabaki horren garrantzia. “Animaliak izaki bizidunak dira, eta ondo zaindu behar ditugu; etxera ekartzen baditugu, gure ardurapean daude”.

Lopezek aholku bat eman die erabakia hartzen ari diren familiei: animalia egokia bilatzea. “Maskota guztiek ez dute arreta bera behar. Esaterako, errazagoa da arrain bati egunean behin jana ematea, txakurra egunean bitan paseatzera ateratzea baino, ezta?”.

Arrainak edukitzea erraza da; egunean behin jaten ematea eta ura maiz aldatzea besterik ez dute behar.  / M. Goñi

Animalien babeserako elkarteek ingurua egokia izatea eskatzen dute. Beraien ustez, animaliek tokia, arreta eta zaintzea behar dituzte. Esaterako, pisu txikiak txarrak dira txakur handiak edukitzeko, eta erabat gaitzesten dute txakurrak egun osoa balkoian egotea.

Kontuan hartzekoak
Garrantzitsua da maskotentzat bizi-baldintza egokiak bermatzea. Guztiak berdinak ez badira ere, gehien-gehienek albaitariarengana joan behar dute. Kasu askotan legeak behartutako azterketak pasatu behar dituzte, besteak beste, txertoak jartzeko. Txakurren kasuan, gainera, beharrezkoa da kontrol-txipa ere jartzea. Hego Euskal Herriko hiriburu batzuetan, katuei ere jarri behar zaizkie gailu horiek, Donostian kasu.

Bidaiatzeko ohiturak ere pisua du maskota bat etxera eramatea erabakitzeko garaian. Lopez bidaiari amorratua da, eta bere burua jarri du adibide gisa. “Zaila da txakurrarekin bidaiatzea, eta anaiari eskatzen diot nire txakurra zaintzea”. Lopezen anaiak ondo zaintzen ditu animaliak, asko baititu, eta, barrezka, gaineratu du: “Bere etxeak Cabarceno ematen du, zoologikoa: bi txakur, katua, dortoka, bi papagai... ”.

Hegaztiak ere maskota gisa izaten ditugu; papagai-mota batzuk hitz egitera iristen dira. / M. Goñi

Osasuna aipatu dugu aldeko arrazoien artean; hala ere, hori bera izan daiteke maskotarik ez izateko arrazoia. Txakurrek eta katuek eragindako alergia da etxe-animaliarik ez edukitzeko osasun-arrazoi nagusia. Askok uste dutenaren kontra, adituek diote txakur arraza guztiek sortzen dutela alergia. Baina alde handia dago batzuen eta besteen artean. Ikerketen arabera, zahia da alergenoa; hau da, ileak ez du alergia eragiten. Zahia azalean sortzen da, eta, horregatik, txakurraren tamaina hartu behar da kontuan. Gauza bera gertatzen da katuen kasuan.

Hori kontuan izanda, albaitariek hainbat produktu garatu dituzte. Lozioak ez dira beti eraginkorrak izaten. Dena den, kasu askotan, nahikoa izaten da ukendu horiek erabiltzea eta hainbat aholkuri jarraitzea, animaliak eta jabeak elkarrekin bizi ahal izateko.

Beraz, maskota etxera eraman baino lehen, gauza askori erreparatu behar zaie. Horietakoa batzuk dira: osasunarentzat alde onak zein arriskutsuak kontua hartzea, gure bizitza-ohiturak eta familiako guztien adostasuna. Alor honetan lan egiten duten profesionalak bat datoz gauza batean: animaliak etxean edukitzea oso polita da, baina ardura handia dakar.

Inkesta
Kalean ibili gara jendeari maskotei buruz galdezka.

EGOITZ LANDA
Etxean maskotarik ba al duzue? Zergatik?
Bai, etxean animalia asko ditugu. Nire anaienak kontuan hartu gabe, sei maskota ditugu. Bi txakur dauzkagu eta lau arrain. Etxean beti izan dugu txakur bat edo beste, aitari asko gustatzen zaizkio. Arrainak, berriz, anaiak ekarri zituen lehendabizikoak duela 20 urte, herriko festetan tonbola edo horietakoren batean irabazita.
Zer animalia da etxerako egokia?
Edozein animalia da etxerako egokia, baldin eta ondo zaintzeko tokia eta denbora badaukagu.

ARRATE SAINZ
Etxean maskotarik ba al duzue? Zergatik?
Kiko gurekin bizi da; hau da, Kiko ez da maskota bat, gurekin bizi den animalia baizik. Familiako beste bat da. Txikia nintzenean, amari behin eta berriro eskatzen nion txakurra ekartzeko, eta konbentzitu nuela esan daiteke.
Zer animalia da etxerako egokia?
Animalia etxerako egokia izatea baino garrantzitsuago da familiarekin ondo moldatzea. Esaterako, txakurra oso lasaia bada, hobe da familia ere horrelakoa izatea, bestela txakurra ez da ondo moldatuko.

ARITZ GOMEZ
Etxean maskotarik ba al duzue? Zergatik?
Ez, ez dugu maskotarik. Txikitan katua banuen, baina basati samarra zen, eta baserri batera eraman genuen. Bueno, amak hori esan zidan. Orain bakarrik bizi naiz, eta ez daukat astirik animalia batez arduratzeko. Gainera, animaliak ez zaizkit gehiegi gustatzen.
Zer animalia da etxerako egokia?
Ez dakit; agian arreta handia eskatzen ez duten animaliak. Esaterako, arraina aukeratuko nuke, zaratarik ez dutelako egiten.

 


B1
03-10-2014
16345533
3726