Zinema-turismoa lanbide

Uxue Iñurritegi Maiz Londreseko Film London enpresan ari da lanean bekadun gisa, zinema-turismoa sustatzeko egitasmo batean. Lanbidearen nondik norakoak azaldu dizkigu elkarrizketa labur honetan.

Azaldu iezaguzu  nolakoa den egiten ari zaren lana. Zertan datza?
EuroScreen izeneko Europako egitasmo batean ari naiz lanean. Europako bederatzi herrialdetako kideek jarri dute martxan, tartean, Film London, nire enpresak. Egitasmoa zinema-turismoan oinarritzen da; hau da, film, telesail edo iragarki bat ikusten dugunean pantailan ikusten ditugun lekuak bisitatzera bultzatzen gaituen turismo-mota. Gaur egun, Britainia Handian filmen kokapenen bisita gidatu asko egiten dira: Harry Potter edo Game of Thrones, esate baterako, baina oraindik ere fenomeno berria da eta harreman estuagoa lortu nahi dugu pantaila eta turismoaren sektorearen artean.

Zein da zure lanaren alderdirik interesgarriena?
Egitasmo honetan lanean hasi aurretik ez nuen sekula pentsatu zer eragin handia izan dezakeen film batek ikuslearengan. Egunero ari naiz ikasten fenomeno honi lotutako datu eta kopuru berriak. Harrigarria da ikustea zein garrantzitsua den Britainia Handia bezalako herrialde batentzat Hollywoodeko film handiak bertan grabatzea, Kalifornian grabatu ordez, esaterako. Bekadun gisa, Film Londoneko beste sailetan ere laguntzen dut, antolatzen dituzten beste emanaldi batzuetan. Film Londonen lan nagusia da Londres hiria film, telebista eta publizitate-arloko munduko gunerik garrantzitsuenetakoa bihurtzea.

Zure ikaskide izandakoak harrituko al lirateke egiten ari zaren lana ikusita?

Nire eskola-kideak lagun onak dira gaur egun ere eta ikusten dute egiten ari naizena beti egin nahi izan dudana dela. Esaten dute harro daudela nitaz Londresera etorri naizelako gustatzen zaidanaren bila eta zinema-industriako nire karrerari jarraipena ematera. Garrantzitsua da jakitea zer nahi dugun baina uste dut are garrantzitsuagoa dela geure burua ezagutzea eta prest egotea gure ibilbidea aldatzeko, beharrezkoa bada. Unibertsitateko ikasketak bukatu nituenean produkzioan hasi nintzen lanean eta harrigarria gertatu zitzaidan errodajearen alderdi hau, baita esparru horretan ona nintzela jakitea ere.

Izan al duzu irakasleren bat zuregan eragin handia izan duena? Hala gertatu bada, zertan?
Eskolan sortzaile izatera bultzatu ninduten irakasle asko izan nituen, baina horietako bi nabarmenduko nituzke. Lehena, nire literatura irakaslea, nik idatzitako istorioak ikasgelan boz gora irakurtzera behartzen ninduena. Oso zorrotza zen nirekin eta nire idazteko gaitasunean sinesten lagundu zidan. Nigan eragin handia izan zuen bigarren irakaslea antzerki-irakaslea izan zen, istorio bateko pertsonaiak ulertzen erakutsi zidana.


Eskolako zein irakasgaitan zinen ikasle ona eta gero, zure harridurarako, gertatu zaizkizu lagungarri?

Literatura eta antzerkigintzaz gain, asko gustatzen zitzaizkidan historiako klaseak eta espero ez banuen ere, oso lagungarri izan zen bertan ikasitakoa nazioarteko bi dokumentaletan egin behar izan dudan lanerako.

Nola erabaki zenuen zer egin nahi zenuen ikasketak bukatutakoan?

Ikasten emandako urteak gogoratzen ditudanean, uste dut garbi zegoela lanbide sortzaile bat hautatuko nuela. Sei urte nituenean hasi nintzen istorioak idazten, goiz hasi nintzen marrazten eta istorio horiei irudiak eransten eta zortzi urte nituela hasi nintzen parte hartzen antzerki-taldean. Baina 14 urte nituenean, eskolan ikus-entzunezkoen komunikazioaren gaineko klase bat hartzeko aukera izan nuen eta lehen aldiz erabili nuen bideo-kamera bat. Errodajearen oinarriak ikasi nituen eta ikaragarri gustatu zitzaidan.

Eta nola heldu zenion gaur egungo lan-ibilbideari?
Film London enpresan 2014ko martxoan hasi nintzen lanean eta lehenago film-produkzio esparruan egin nuen lan. Liluratuta nengoen britainiar film eta telebista-industriak izan duen garapenarekin eta harrigarria iruditzen zitzaidan zein dinamikoa den. Horren partaide izan nahi nuen. Film Londonen sei hilabeteko praktiketarako eskaintza ikusi nuenean, britainiar zinema-industriaren gaineko guztia ikasteko aukera paregabea zela iruditu zitzaidan.

Non ikusten duzu zeure burua hemendik 10 urtera?
Oso kontu zaila da hori, une bakoitzean, nire onena ematen saiatzen naizelako. Hala ere, baditut erronka batzuk eta ahalik eta gehien saiatuko naiz horiek lortzen. Beraz, zinemaren esparruko zerbaitetan ikusten dut neure burua eta nire lanbidea ahalik eta gehien gozatzen, garai batean nire zaletasuna ere bazelako.


Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
B2
22-08-2014
Relacionador de contenido est temporairement indisponible.
16164866
7797