Aldizkari Digitala
BIZILORE eskola aktiboa
"Errespetuzko hazkuntzan eta hezkuntzan oinarritzen da proiektua"
Bizilore eskola aktiboa duela urte gutxi jarri zuten martxan Azkoitiko Altamira auzoan, eta egunez egun sendotzen ari den proiektua da. Eskolako guraso den Zaine Rekondok kontatu digunaren arabera ”errespetuzko hazkuntzan eta hezkuntzan oinarritzen da proiektua. Lesakarra, Azkoitian bizi da gaur egun: “2012. urtean abiatu zen guraso batzuek eta hezkuntzako profesional batzuek bultzatuta. Hezkuntza zen euren kezka, eta forma berria zuen zerbait sortu nahi izan zuten. Nire alabak ikasten du bertan, eta, laster, semeak ere bai”.
ESKOLA AKTIBOA BAINO ASKOZ GEHIAGO
Bizilore Hazitik kooperatibaren proiektu bat da, eta lau lan-lerro ditu: eskola aktiboa, guraso eta hezkuntzako profesionalei zuzendutako formakuntzak asteburuetan, ikastaroak eta lantegiak bailarako ume nahiz helduentzat; eta udalekuak Euskal Herriko haurrentzat. “Horrez gain, Abaraxka izeneko jatetxe-taberna eta aterpetxea ere baditugu. Ekonomikoki sostengatzen du horrek guztiak Bizilore eskola aktiboa”.
Hogei ikasle dituzte une honetan, 2 urtetik 6 urte artekoak. “12 urte bitarteko ikasleak izango ditugu, baina handienak adin horretara iristen direnean. Izan ere, berriak 2 edo 3 urterekin hasten dira: araua hori da guretzat”.
EGUNEROKO MARTXA
|
Horretarako, hiru gune dituzte: lehenengoan, psikomotrizitatea lantzeko mugimendu-gune bat dute, eraikuntzarako leku zabal batekin batera; bigarrenean, sormena eta esperimentazioa lantzen dituzte; eta, hirugarrenean, ezagutzarekin lotutako material zehatzak daude. “Beraien interesetatik abiatuta, jolasen bidez, ezagutza lortzea da helburua. Gure ustez, ikaskuntza barrutik kanpora gertatzen da, norberaren garapen-prozesua da eta bizitza osoan zehar egiten da. Testuinguru bat eskaini nahi dio Bizilorek haurrari hori bultzatzeko”.
Guztiek batera egiten dute hamaiketakoa, eta, ondoren, kanpora ateratzen dira egunero. “Natura oso garrantzitsua da umeentzat. Euritako arropa, katiuskak eta aldatzeko arropa eskolan dauzkate; eta, eguraldia edozein izanda ere, atera egiten dira”.
BIDELAGUNAK
Hiru bidelagun dituzte. Magisteritza ikasi duten arren, ez diete ‘irakasle’ deitzen. “Umeari garapen-prozesuan laguntzen diotelako izendatzen ditugu bidelagun. Ikaskuntza ez da ezagutzak eskuratzea bakarrik, norberaren interesetatik abiatuta bizitzan zehar gertatzen dena da. Helduok testuinguru bat prestatu behar diegu: haurra lasai egoteko lekua, konfiantzazkoa. Horrek ez du esan nahi haurrak nahi duena egingo duenik”. Bidelagunak behaketaren bidez lagundu egingo dio umeari, bere ondoan egongo da beti. Ez dago inposiziorik, laguntza bakarrik.
Bizilore eskola aktiboa pixkanaka homologatua izateko bidea egiten ari da: Hezkuntzak eskatutako baldintzak betetzen ditu, eta, azken lanak amaitzean, 12 urte artekoentzat eskola homologatu bihurtuko da.
“Guraso izanik, haurrak eskolatik zein pozik etortzen diren ikusteak jarraitzeko indarra ematen digu. Hezkuntza ikusteko dugun modutik eraikitzen dugu eskola, eta gurea egiten dugu”, azaldu digu Rekondok.
Eta zuri, zer iruditzen zaizu Bizilore eskola aktiboa? Ezagutzen duzu antzeko proiekturik? Seme-alabak edo ilobak bertara eramango zenituzke?
1. Zer da Bizilore?
Bizilore da errespetuzko hazkuntza eta hezkuntza berrikuntzan oinarritzen den proiektu bat. 2012an hasi zituen bere lehen urratsak eta momentu hartan, elkartzen hasi ziren; batzuk gurasoak ziren, beste batzuk hezkuntzako profesionalak… Bazituztenak hainbat kezka hezkuntzaren inguruan, eta eskaini nahi zutenak zerbait, forma desberdina zuena.
2. Zein izaten da zuen eguneroko martxa?
Umeak etortzen dira goizez eskolara, sarrera malgua da, adinaren arabera malguagoa. Baina bueno, gutxi gorabehera 9:00etan da sarrera ordua eta hortik bakoitza bere erritmoan etortzen da. Sarreran kutxa batzuk ditugu; orduan, etortzen dira umeak, eta aldatzen ditugu oinetakoak, jazten dituzte etxeko zapatilak eta igotzen gara eskola dagoen tokira orain.
Eskolan gurasoak agurtzen ditugu lasai, umea ikusten dugunean esplorazioan hasi dela, jolasean hasi dela, agur erraten diogu… Umeak goizean 9:00etatik 11:00etara dute aukera zirkulazio-librean aritzeko. Horretarako, eskaintzen zaiena da, badauzkate hiru espazio, irekita eta hiru heldu daude haiekin. Hiru espazio horietan umea bere nahi eta beharren arabera, dabil espazio batean edo bestean.
3. Zer eskaintzen dio proiektu honek haurrari? Eta familiari?
Familiari nagusiki eskola eta etxea, elkarren eskutik bide bat egiteko aukera. Eta bueno, badauzkagu, agian, bereizgarri gisa, agian ulertzeko, hilabetean behin elkartzen gara, hausnarketa-saio deitzen diegun bilera batzuk egiten ditugu. Beraz, dugu aukera gure seme-alaben hezkuntzan eta hazkuntzan modu konszientean parte hartzeko. Eta aukera hori eskaintzen digu.
Eta umeari nik uste dut eskolak eskaini nahi diola testuinguru bat eta harreman-sare zabal bat garatzeko aukera emango diona. Nagusiki nik uste dut bi gauza horiek dira eskaintzen dizkigunak.
Intéressant pour vous
Docuthèque
-
Malutafilms
