Aldizkari Digitala
Zer egingo zenuke telefono-kabinekin?
Imajinatzen duzue zigor-ziega ematen duen leku txiki, itxi eta itsusi batean sartu, zirrikitu batetik txanponak sartu eta hitz egiten hastea?
Kristalezko lau paretaz egindako kabina klaustrofikoan sartu, poltsikotik txanponak atera eta zenbakia markatu. Horixe zen prozedura. Telefonoaren beste aldean zegoenarekin elkarrizketa gehiegi luzatzen bagenuen, txanponak sartzen jarraitu behar genuen.
Gazte askorentzat ezezaguna da esperientzia hori, telefono mugikorra eduki dutelako txikitatik eskuartean. Eta zuk noiz erabili duzu telefono-kabinarik?
Lehenengoa 1889an instalatu zuten Connecticuteko (Ameriketako Estatu Batuetan) banku batean, eta, hortik aurrera, mundu guztira zabaldu ziren. Clark Kent bera ere horrelako batean aldatzen zen Superman bihurtzeko. Zeharo aldatu da errealitatea hasierako garai hartatik hona, ordea: 2000. urtetik aurrera gainbehera iritsi zen. Gaur egun, desagertzear daudela esan daiteke.
“Nik urte askotan erabili izan dut”, esan digu 73 urteko Joxe Mari Allurrek. “Garai hartan, ez zegoen telefono mugikorrik”. Nerea Diazek, berriz, 23 urte ditu, eta bere kasua guztiz kontrakoa da: “Ez dut inoiz telefono-kabinarik erabili, ez baitut beharrik izan”.
DEI LABURRAK ETA GAUEZ
Orain pentsaezina bada ere, lehen jendeak ez zeraman telefonorik poltsikoan. Hasiera batean, batzuek etxean edukitzen zuten, baina pribatutasuna askok kabinetan bilatu behar izaten zuten. Hala ere, Joxe Mariren ustez, ez zen andregaiarekin hitz egiteko lekurik aproposena. Horixe aitortu digu irri artean: “Agurrak luzeak izaten ziren eta, txanpon asko behar izaten zirenez, ez zen aukerarik onena”.
Nereak ez daki kontu handirik gai horren inguruan, amak kontatutakoa soilik: “Telefono-kabinatik gauez deitzea egunez deitzea baino merkeagoa omen zen. Beraz, iluntzean gerturatzen ziren asko, txanponak poltsikoan hartuta”.
ERABILERA BERRIAK2016. urtearen amaierarako, kabina guztiak kenduko zituztela iragarri zuten. Leku batzuetan kentzen ari dira, baina oraindik lan handia dago egiteko. Horren aurrean, Bermeon (Bizkaian) kabinak liburuz betetzea erabaki dute eta herritarrek bertatik ingelesez, frantsesez, euskaraz, gaztelaniaz edo katalanez idatzita dauden liburuak hartzeko aukera dute. Erabilera berri hori herritar-multzo baten ideia izan da, eta ez dira bakarrak: Aretxabaletan (Gipuzkoan) kabinak apaintzea erabaki zuten. Beste gauza batzuen artean, motorra, 25 kiloko basurdea, barruko arropaz betetako saskia edo fruta erabili dituzte apaingarri gisa. Zalantzarik gabe, “basurdearen kabina” izan da ezagunena, herriko kuadrillentzat “performance artistiko” hutsa. “Inbertsio bat egina dago eta nik beste erabilera bat emango nieke. Instalazio elektrikoa aprobetxatzeko, telefono mugikorrak kargatzeko proposatuko nituzke”, kontatu digu Joxe Marik. “Telefonicak kudeatzen ditu, eta, erabilera hori emanez gero, irabaziak lortuko lituzkete. Nire ustez, horixe da aukerarik onena”. Nereari beste irtenbide bat bururatu zaio: “Nik wifi librea jarriko nuke”.
Londresen kabina gorriak euren sinbolo bilakatu dira: “Hangoak oso politak dira, eta hemengoak, berriz… Jendeari asko gustatzen zaio hara joan eta argazkiak ateratzea. Kabina gorriak ikusi orduko, guztiok dakigu nongoak diren”, esan digu Nereak. New Yorken mugikorrak kargatzeko eta wifirako konektatzeko erabiltzeaz gain, kotxe elektrikoak kargatzeko aukera ere eskaintzen dute.
Eta zuk, zer egingo zenuke telefono-kabinekin? Beste erabileraren bat bururatzen zaizu? Zein? Edo guztiak kentzea litzateke aukerarik onena?
1. Inoiz erabili duzu telefono-kabinarik?
JOXE MARI ALLUR: Bai noski. Ibili (erabili) ditut, nik uste dut, askotan, batez ere mugikorrik ez zegoen hartan, dei puntualak izaten ziren, eta hori bai, aurrez ondo pentsatuta: (zergatik) kanbioak behar zenituen, (zergatik) sosak istant batean joaten ziren, eta orduan, horixe, beti izaten zen oso dei motz bat egiteko, eta agudo egitekoa.
NEREA DIAZ: Ez, ez dut inoiz telefono-kabinarik erabili, ez dut beharrik izan. Zeren lagunekin ateratzen hasi nintzenean, jada telefono mugikorra baneukan. Orduan, ez dut inoiz erabili.
2. Zein zen funtzionamendua?
JOXE MARI ALLUR: Funtzionamendua zen, txanponak sartzen zenituen, jakin behar zenuen, hori bai, deia zeuk neurtu behar zenuen, zenbatekoa izango zen, zenbat txanpon eraman jakiteko. Eta orduan, txanponak sartzen ziren, numeroa (zenbakia) markatzen zenuen eta jada txanponak hasten ziren jada dantzan. Esan behar zenuena agudo esan behar zenuen. Eta noski, andregaiarekin eta ez zegoen horrela hitz egiterik, (zergatik) despedidak (agurrak) beti luze xamarrak izaten ziren, eta orduan, txanponik eta ez zen izaten. Eta orduan horixe, juxtu.
NEREA DIAZ: Bueno, badakit, lehen erabiltzen zirela etxean ere ez zegoelako telefonorik. Orduan amak esaten zidan gauetan merkeagoa zela telefono-kabinetatik deitzea. Orduan, jendea gauetan ateratzen zen etxetik deitzeko eta horrela. Klaro, orain etxeetan telefonoak badaude eta mundu guztiak dauka telefono mugikorra. Orduan, uste dut ez dela beharrezkoa telefono-kabinak mantentzea, zeren denok daukagu aukera deitzeko.
3. Zer egingo zenuke kalean ditugun telefono-kabinekin?
JOXE MARI ALLUR: Bai, noski hor inbertsio bat egina dago. Orduan, liburuak eta aldatzeko, eta hori aukera bat da. Baita ere izan liteke mugikorra kargatzeko, (zergatik) instalazio osoa egina dago. Eta orduan, gainera, negozio bezala jarraitzen du. Eta Telefonicak nik uste hori pentsatua izango duela mugikorrak kargatzeko. Horrek, azken batean, nolabaiteko irabazia utziko diete behintzat. Egindako inbertsioari erantzun bat ematearren.
NEREA DIAZ: Nik agian wifi librea jarriko nuke, edo telefonoak kargatzeko entxufeak… Bai, baina, beste erabilera bat emango nieke.
Docuthèque
-
Malutafilms
