Mikroantzerkia, zabaltzen ari den formatu berria

Mikroantzerkia askok pentsatuko dute asmakizun berria dela, baina Donostian, esaterako, duela 27 urte hasi ziren jardunaldiak antolatzen.

Mikroantzerkia askorentzat asmakizun berria da, eta beste askok jada hainbat emankizun ikusteko aukera izan dute. Modu batean ala bestean izanda ere, guztion belarrietara iritsi da kontzeptu honen inguruko zerbait. Baina zer da?

Antzezlan laburrak ikusle-kopuru txiki baten aurrean aurkeztea da funtsean mikroantzerkia. Edaria kontsumitzeko aukera eskaintzen zaio ikusleari, eta sarrera ohiko antzokietan baino merkeagoa izaten da. Tabernak edo kultur etxeak izaten dira agertokiak, baita horretarako prestatutako hainbat gela dituzten lokalak ere.

Krisi ekonomikoak hainbat arlotan izan du eragina, eta antzerkia ez da salbuespena izan. Antzokiak betetzeko zailtasun horren aurrean, mikroantzerkia irtenbide bat bilakatu da, bai aktoreentzat bai ikusleentzat. Pil-pilean dagoen gaia bada ere, Donostian 27. aldiz antolatu dute Poltsiko Antzerkia jaialdia. “Garai hartan, kafe-antzerkia izenarekin ere ezagutzen zen, baina guk poltsiko izendatzea erabaki genuen. Izan ere, txikia da, poltsikoan eramateko modukoa”, esan digu Jon Aizpuruak. Bera da jaialdiaren zuzendaria eta aurtengo emankizunen inguruan hitz egiteko aukera izan dugu.

SORRERA
Poltsiko Antzerkia jaialdiaren sorreran, ohikoak ez ziren lekuetara eraman nahi izan zuten antzerkia: “Kultur etxea zuten auzoetan hasi ginen formatu txikiko antzerkiarekin. Antzokira joaten ez zen jendearengana hurbiltzea ere gure asmoen artean zegoen”.

Gaur egun, formatuaren arrakasta begibistakoa da eta emaitza guztiz positiboa: “Lehen administraziotik bultzatzen genuen; orain, herritarrak ere horretan ari dira. Ezinbestekoa da, nire ustez.” Sorrera hartan, bi erronka zituzten: euskarazko antzerkiak lortzea eta emakumeen parte hartzea bermatzea. “Zorionez, hobetzen joan da egoera urtetik urtera. Hala ere, Poltsiko Sorkuntza lehiaketa antolatzen hasi ginen, euskarazko ekoizpenak bultzatzeko”. Saria jaialdian parte hartzea da.

"Sexijentziak askatuz" ikuskizunari begira hainbat pertsona bildu ziren Botanikan.

HURBILTASUNA
Mikroantzerkiko emanaldietan ikusleekin harremana oso estua da, hurbilekoa: “Ramon Agirre aktoreak askotan hartu du parte Potsiko Antzerkian, eta berari entzun izan diot antzerki-emanaldia guztiz desberdina izan daitekeela lekuaren eta publikoaren arabera”.

Horregatik, jaialdia antolatzeko hainbat gauza hartzen dituzte kontuan. “Batetik, antzerki-mota zein den, eta, bestetik, non egingo den. Taberna batzuetara jende gaztea joaten da, eta, beraz, euren interesei zuzendutako antzezlana eskaintzen saiatuko gara. Beste areto batzuetan, berriz, ikusleak helduagoak izan daitezke eta antzerkia ere horretara egokitzen dugu”.

27. EDIZIOA
32 emanaldi, 12 talde eta 27 agertoki. Horixe izango da 27. Poltsiko Antzerkia jaialdia. “Magia, umorea, bakarrizketak, clown-a, musikala, satira, absurdoaren antzerkia eta esperimentala. Genero horiek guztiak bilduko ditu Donostiako jaialdiak”. Izan ere, formatuak ez du sormena mugatzen eta denetik jorratzen da mikroantzerkian.

Antzerki-konpainia batean ez dabiltzan aktore askok formatu txikian topatzen dute irtenbidea: ez duzu betiko antzerkian adina baliabide behar. Merkeagoa da, sinpleagoa eta edonon egin daiteke. Ez duzu uste?

Eta zuk, ikusi duzu inoiz mikroantzerkirik? Edo ikustea gustatuko litzaizuke? Antzerkia ala formatu txikiko antzerkia, zer duzu nahiago? Zergatik? Ezagutzen duzu Poltsiko Antzerkia jaialdia bezalakorik? Non?
 


Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Nola hasi zen Poltsiko Antzerkia jaialdia?
Orain dela 27 urte hasi ginen Poltsiko Antzerki jaialdi honekin, orain mikroantzerkia deitzen dioguna. Bere garaian, gure helburua zen alde batetik, ez-ohiko diren espazioetan antzerkia egitea. Ez antzerkia bakarrik, barietateak (askotarikoak), ez dira bakarrik antzerkia ulertzen dugun bezala, barietateak dira. Eta beste aldetik ere formatu txikikoak. Orduan, hasi ginen kultur etxeak geneuzkan auzoetan poltsiko antzerkia egiten, orain dela 27 urte, tabernetan. Horrela, iristen ginen normalean antzokietara ez doan publikoarengana eta gainera, formatu txikiko, aukera gutxiago dauzkatelako formatu txikiko antzerkiak nolabait egiteko, antzoki batean formatu txikiko antzerkiak ez baitira egiten. Orduan, hori izan zen helburua; bi helburu horiekin hasi ginen.

2.    Zergatik Poltsiko Antzerkia izena?
Gu hasi ginenean, orain dela 27 urte, Poltsiko Antzerkia horrela jarri genion izena, poltsikoan eramateko zerbait zelako. Garai horretan, kultur etxeetan espazio eszenikorik ez zegoen, orduan garrantzitsua iruditzen zitzaigun auzoetara horrelako antzerki txikiak eramatea. Guk garai horretan ez genion deitu mikroantzerkia Poltsiko Antzerkia baizik, poltsiko batean sartzen zelako, eta hortik sortu zen kontzeptua.

3.    Nork ikusten du mikroantzerkia?
Aldagai diferenteak (desberdinak) daude: lehenengoa da zer antzerki-mota, ez? Segun zer antzerki mota den publikoa diferentea da. Baina beste aldagai inportante (garrantzitsu) bat dago ere, non egiten den, taberna. Taberna batzuetan, agian publiko gazteagoa dago, orduan, guk ere ondo pentsatu behar dugu publiko horretara iristeko zein motatako antzerkia eraman dezakegun, ez? Eta beste taberna batzuetan, publikoa ez da hain gaztetxoa eta orduan… Orduan, alde batetik, emanaldia, eta beste aldetik, inportantea (garrantzitsua) da taberna. Eta taberna horrek duen publikoa, berez duen publikoa, horretara iristeko. Bi aldagai horiek kontuan harturik, Poltsiko Antzerkia egiten dugu.

4.    Zailtasun gehiago dago istorio bat kontatzeko?
Kontatuko dizuet Ramon Agirrek, aktoreak, esaten duena, ez? Publikoarekin harremana oso oso hurbila da eta horrek asko eragiten dizu. Eta askotan, egiten duena da daukazun emanaldi hori guztiz diferentea (desberdina) ateratzea, segun non zauden eta segun zer motatako publikoa daukazun. Publiko bat oso entregatua izan daiteke eta berez, istorioan hasieratik asko sartzen dena, eta gero beste batzuk askoz hotzagoak, ez? Publikoaren arabera, emanaldia diferente (desberdin) atera daiteke ere, publikoarekin dagoen estutasun hori edota hurbiltasun hori, garrantzia handia dauka emanaldia egiterakoan.
 

B2
16-02-2018
  • Malutafilms
16141207
00:03:54
2930