Kultura garestia da?

Gero eta kultura gutxiago kontsumitzen dugu: kontzertuetara, zinemara edo antzerkira lehen baino gutxiago joaten gara. Zein da honen arrazoia?

Leire Palacios kulturan espezializatutako kazetaria da.

Gero eta kultura gutxiago kontsumitzen dugu: kontzertuetara, zinemara edo antzerkira lehen baino gutxiago joaten gara. Espainian, esaterako, 2008. urtetik 2013. urtera, % 27,7koa izan da beherakada hori, 17.000 milioi euro gastatzetik 12.000 milioi euro gastatzera pasatu baita.

Zein da honen arrazoia? Argi dago BEZaren igoerak zerikusia izan duela, 2012. urtean % 8 izatetik % 21 izatera igaro zen. Hala ere, horrek guztiak gastatzen dugun diru-kopuruari egiten dio erreferentzia, eta ez benetako kontsumoari. Izan ere, gaur egun, teknologia berriei esker, kultura kontsumitzen jarraitzen dugu; euskarria aldatu da, besterik ez. Baina zeri deitzen diogu kultura?

Wikipediak honela definitzen du: kultura gizarte edo gizatalde baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak dira. Arteaz gain, honen barnean dira bizimodua, oinarrizko eskubideak, balio-sistemak, ohiturak eta sinesmenak. Horrela, kulturak hiru atal nagusi ditu: artea, hizkuntza eta teknika.

Zalantza hauek argitzeko, Leire Palaciosengana jo dugu. Bera basauriarra da eta ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen. Kultura du ogibide: komentatu, kritikatu, dastatu, ukitu, bizi, sentitu, usaindu, ikusi… egiten du. Kazetaria da Gaztezulo aldizkarian, eta telebistaz aritzen da Berrian, literaturaz Euskadi Irratian, Kulturaz Geuria.eus atarian, musikaz Badok.info-n eta Info7 irratian, eta beste hamaika gauza egiten ditu.

Zerekin alderatzen dugu kultura?

Leirek bere ustez kultura zer den azaldu digu: “Niretzat bi esparru ditu eta lotuta daude: batetik, sormenarekin lotuta dago, ekoizten dugun hori da kultura; eta, bestetik, gure arteko harremanak nolakoak diren edo izango diren finkatzen du kulturak”. Lehenengo multzoan, musika, literatura, zinema eta beste hainbat arlo biltzen dira, eta bigarren multzoan, berriz, egunero hiru otordu egitea, gurasoekin dugun harremana… Gure jokabidea azaltzen duena.

Askotan esaten da kultura garestia dela, ez dela guztion poltsikoetarako. “Nire ustez, ez diogu duen balioa ematen; ez dugu oinarrizko behar bat kontsideratzen”, aitortu digu Leirek. Gaur egun ez dugu antzerkira joateagatik ordaindu nahi, edo kontzertuetara edo zinemara. “Baina ordaindu egin behar dugu, noski. Edo arotz batek, zure sukaldea muntatzen badu, ez diozu ordainduko?”.

Bere ustez, gehiegizko BEZa dauka kulturak eta ez du luxuzko balio hori eduki behar. “Nik ere ikuslearen eguna probesten dut zinemara joateko”, aitortu digu. Teknologia berriek kultura eskura jarri digute, baina ez dugu ahaztu behar lan horien atzean jendea dagoela: “Gure aukera horiek sortzaileen lanean eragiten dute, baina gu ez gara konturatzen”.

 

 

Euskal Kultura

Kultura guztiek hizkuntza bat edo bat baino gehiago hartzen dute; bat egiten dute horretan. Bestalde, guztien oinarria bera da: hitza. “Hitzetik abiatuta sortzen da guztia, eta komunikatzeko ere hori erabiltzen dugu”, adierazi du Leirek.

Euskal kultura hizkuntza horretan sortzen den kultura da, euskaratik etorri eta egindakoa: “Euskal hitza aurretik jartzen diogu ez dugulako normalizatzen; gure babesteko modua da; kanpotik mehatxatuta sentitu gara beti”. Kulturak osasuntsu irauteko kritika behar du, ingurukoekin alderatu behar da, besteetatik edan, gauza gehiago egin… Leireren iritziz, askotan itxiegiak izan gara, gatazka batetik gatozelako: “Euskal Herriko egoera politikoa eta bertako gatazka asko jorratu da, modu askotan, baina orain bilakaera bat bizi dugu, gaiak aldatu egin dira, “Ni”aren kulturara iritsi gara”.

Kultura beti dago trantsizioan; beti dago mugimenduan eta ez da geratzen: “Beti dago sortu nahi duen jendea, kultura emankorra da eta hemengoa era askotakoa dela iruditzen zait, gauza asko egiten dira eta oso ezberdinak”.

Eta zure ustez, zer da euskal kultura? Zein momentutan dago? Eta orokorrean garestia dela iruditzen zaizu? Zuk ordaintzen duzu kultura kontsumitzeagatik?

 


 


Transcription:[+] Transcription:[-]

Zer da Kultura?
Nik kultura ulertzen dot gizakiek sortzeko daukaten ahalmenaren fruitu den edozer gauza. Eta hori bi esparrutan uler daiteke, eragina daukalako, ba sormenak eragina daukalako bi esparru horietan: kultura, alde batetik, litzateke pertsona batek bere sormen dohaiei esker sortu dezakeen edozer. Izan daiteke ukitu daitekeen gauza bat edo ez. Eta beste alde batetik da, pertsonak (pertsonek) elkar ekintzetan edo sortzen dituzten harremanak eta harreman horiek zelan (nola) funtzionatzen duten. Esate baterako, alde batean, adibidez, edukiko genuke musika edo literatura, eskultura edo dena delakoa… Eta beste alde batean, zergatik jarraitzen duzun zure gurasoekin harremana izaten urteen ondoren, edo egunean hiru otordu egiten dituzula…

 

Zein da kulturaren oinarria?
Nik uste dut kulturak, kultura guztiek amankomunean daukaten gauza da bakoitzak bere hizkuntza propioa edo hizkuntza propioak dituela, bat baino gehiago askoren kasutan. Eta edozein kulturaren oinarrian hitza dago. Hitza dago, komunikatzeko erabiltzen dugulako hitza eta hitzak balio duelako beste edozer gauza sortzeko. Hau da, hitza bada literatur obra baten edo antzerki baten edo dena delakoaren oinarria, eta musikan ere hitzak beharrezkoak dira eta lengoaia ezberdinak daude: musika nola idazten den ez da berez letrekin josten den gauza bat, baina bada puntu eta makil batzutatik loratzen den soinu bat. Eta soinu horri edo soinu horiek guk identifikatzen ditugun beste hitz batzuen izena jartzen diegu. Hau da, musika hau alaia da edo musika hau tristea da.

Kultura garestia da?
Kultura garestia da beti ere ulertzen baldin badugu kultura gure oinarrizko beharren artean ez dagoela, orduan bai, garestia da. Nik pertsonalki ez dut uste garestia denik. Iruditzen zait kulturari 21, % 21 da daukan BEZ, bueno ba zifra hori jarrita, sinbolikoki ematen (ari) diozula behar bat ez den gauza baten esanahi hori. Arotz bati eskatuko zenioke sukaldea gratis, doan muntatzeko eta jartzeko?
 

B1
20-04-2016
16168117
00:03:13
8416