Aurkibidea

Aurkibidea 2000ko Urtarrila-Otsaila-Martxoa HAN ETA HEMEN Kuba: 20 urte betikoz Argazkiak: Gr¿goire Korganow; Testua: Antonio Jose Ponte EDITORIALA Topaketa erabakiorra Federico Mayor GURE PLANETA Hirugarren milurtekoan ziztada hilgarriak Robert Matthews Egiptoko hamar izurriak: hondamen ekologikoa? GELA IREKIA Eskolaritatea gerraldietan Mark Richmond Kosovoko ikasbideak eta erronkak Mark Richmond ALE HONETAKO GAIA Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa Eugenesia berriaren atarian? Sophie Boukhari eta Amy Otchet Genetikaren hiru oinarriak Eugenesia: Zer irakatsi digu historiak? Hilari Rose Jainkoa, genetika eta enbrioiak Sophie Boukhari Israel: ez jakiteko eskubidea Rae HB FishMan Estatu Batuak: Nolako haurra nahi duzu? ú Medikuntza: azken mugak hausten Lee M. Silver ú Askatasunaren mugak Amy Otchet India: gizonezkoak nahiago R. Ramachandran Txinako legedia eugenesikoa al da? ú Aurrerapausoa Qiu Renzong ú Behartzeko Legeria Frank Dik¿tter Erresuma Batua: Giza klonazioa eztabaidagai David Dickson Alemania: iraganaren itzalak Hartmut Wewetzer Desberdintasunaren geneak Mohamed Larbi Bouguerra ASKATASUNAK Jabetza intelektualaren erabilera eta abusua Mireille Buydens KULTURAK Kartagoren alde, gaur eta beti Sophie Bessis Tirabirak Beiruten eta Kairon Sophie Boukhari KONEXIOAK Sarearen ezkutuko aurpegia Cynthia Guttman ELKARRIZKETA Sunila Abeysekera: bakearen alde Sri Lankan


Azala


Kuba: 20 urte betikoz

HAN ETA HEMEN

KUBA: 20 URTE BETIKOZ

Gazte kubatarrek unean unekoa bete-betean bizi dute, aldi berean hutsunearen beldur direlako edo bizipozez gainezka daudelako.
Argazkiak: Gr¿goire Korganow; Testua: Antonio Jos¿ Ponte
Argazki hauek Avoir 20 ans a La Havane (Habanan 20 urte izatea) liburukoak dira. Lanaren egileak Gr¿goire Korganow eta Jean Springer dira (Editions Alternatives, Croissance bilduma, Paris, 1998).

Habanan arratsalde bat emanez gero, denborak ez duela aurrera egiten ohartuko gara, eta Kubako beste hirietan ere gauza bera gertatzen da, adibidez, Matanzasen edo Pinar del Rion. Iragana atzean galtzen da, ez dago iraganik. Etorkizuna beti iristear egoten da, beti orainaldi mugiezin batean finkatuta. Beraz, Kuban hogei urte betetzea betikoz hogei urte izatea da; dohain ederraren edo madarikazio dotoretuaren jabe izatea izan liteke, hogei urteko gazte bakoitzak nola hartzen duen. Hogei urte betetakoan, inoiz baino gehiago antzematen zaio denboraren handitasunari. Izan ere, gaztetasunean itxaropen ugari pizten dira, baina berehala hasten dira zapuzten. Ametsak zimeldu egiten dira elkarren segidan, bat, bi, hiru edo lau, eta orduan gainerako ametsak ezdeustzat hartuko dira. Egonezina nagusitu eta etorkizuneko guztia ere alferrikakotzat joko da. Eta oraindik gazteegiak dira asperra disimulatzen jakiteko, heldutasunak ematen baitu trebezia hori. Alferrikakoa da edozein gazte kubatarri etorkizunaz edo -are lotsagabeago- bere patuaz galde egitea. Nolabait esateko, helbide batez okerreko hirian galdetzea da. Inoiz ez duela entzun horrelakorik erantzun beharko digu, han horrelakorik ez dagoela esango du, edo jakitunen bat egokituz gero etorkizuna beste lekuren batean egongo dela nabarmenduko du, baina han ezetz. Hogei urte izatea beste lekuren batean egon nahi izatea da, urrun. Beharbada, munduko hogei urteko gazte gehienentzat ere horrela izango da, baina Kubakoentzat horretan ez dago zalantza izpirik. Hiriburua, hiri nagusiak, herriak aldi berean beteegiak eta hustuegiak daude, esanahirik gabeko gauzez beteak. Adin ezin egokiagoa da mundu berri batean sartzeko, baina ordurako aurreko belaunaldiek aurrea hartu dutela geratuko da agerian. Herrialde bat historiaren amaieran dagoenean, beste ezer berririk sortzeko inolako aukerarik ez dagoela ematen du. (Iraultzek boterea eskuratu eta gobernuaren inmobilismoa bermatzen dute; ordura arte herrialdeko historian nahikoa aldaketa izan direlako aitzakia jarri eta arrazoitzen da inmobilismo hori.) Gazte izatea belaunaldi helduagoek alferrik galdu gabeko eremua bilatzea da, belaunaldi helduagoek ia ezagutu ez duten eremua aztertzea. Euren aholkuekin desitxuratuko ez duten lekua, alegia. Probintzietan (Habanatik kanpo) nazkatuta dagoenak hor dauka oraindik Habana, eta Habanaz nazkatzen denak Kubatik kanpo egon nahiko du. Gero, itzulera sarritan ezinezkoa denean, ordea, Habanan, probintzietako hiri hartan, herri hartan... egon nahiko du. Nomadismo horren arrazoiak neurri batean biologikoak dira eta beste neurri batean politikoak. Hau da, erabat biologikoak eta erabat politikoak, hirietan gure giza biologia guztia politikoa bihurtu dela aitortuz gero, behintzat.

Abentura egarria

Kubako gobernua sarritan baliatu izan da ihes egin nahi izate horretaz eta bere probetxurako erabili izan du. Gurasoen etxetik alde egitea abentura da eta joan nahi duenari hainbat aukera eskaintzen zaizkio: beste herrialde batzuetako gerretan parte hartzea, derrigorrezko soldadutza, landako eskolak, gazteen mobilizazioak... Haurren gurutzadak dira, etenaldiak inmobilitatearen baitan. Askok ekin nahi diote bidaiari: baltsa egin eta Kubatik ezkutuan irteten denak, Estatu Batuetako migrazio-loterian zerbait tokatuko zaiolakoan alde egiten duenak, Kubatik irteten lagunduko diotelakoan atzerritarrekin prostituitzen denak. Amaierarik gabeko orainaldian bizi denak eskura jartzen zaizkion aukerez baliatu beharra dauka, batez ere aukera onenez: unean unekoak jarduerez eta ekintzez gainezka bete behar ditu eta leher eginda eroritakoan beste une bati ekin. Aukera horietaz baliatzeari bizipoza edo hutsuneari beldurra deitzen zaio, bakoitzaren baitan. Eta Kubako gazteria biez gainezka dago. 1959ko iraultzak gizarte-esperimentazioa ezarri zuen, kubatarrek urte askotan uko egin diete oinarrizko ekonomia-legeei eta pentsamendu aldetik aszetismoan eta eguneroko bizitzan laztasunean bizitzera bultzatzen du jendea derrigorrez. Iraultza horretatik sortzen diren hogei urteko gazteek nahitaez ohi baino diruzaleagoak izan behar dute. Kuban hogei urte edukitzea etengabe diruan pentsatzea da. Kuban soldatak bertako dirutan ordaintzen dira; baina bizitzeko ezinbestekoa da atzerriko dirua. Orduan zer irtenbide geratzen zaio jendeari? Dirua datorren herrialdera ihes egitea, besterik ez. Horren aurrean, esan liteke gazteriari ematen zaion hezkuntzak azkenean gauzak aldatu egingo dituela. Baina irakasleen hitzaldiek ez dute errealitatea aipatzen, ezin dute aipatu. Hezkuntza guztiek bezala, gazte hauen hezkuntzaren helburua nahi izaten, saiatzen, lortzen irakastea da. Baina aditz horiek ezinezkoak dira iragaten ez den denboraren baitan, hutsean dagoen atmosferaren barruan. Hezkuntzak ongi trebatuko ditu, bai, baina urrun, atzerrian bizitzeko. Azken finean, erraz adierazi liteke ekuazio baten bidez: alde batean gabeziak; bestean, berriz, dirua eta edertasuna. Eta ekuazio horren berri gutxi gorabehera hogei urte betetakoan jakiten da eta aurkikuntza hori betiko da, gizakiarekin betiko egongo da, memoria galdu eta hil arte. Kuban, ordea, adin horretan beste zerbait ere jakiten da: norberak ezin duela bere bizitza gobernatu, arestian aipatutako ekuazioko bi aldeak ezin direla berdindu. Kubatarrek gazte-gazterik jakiten dute zer den askatasuna, baina hogei urtera iritsitakoan askatasunik ez dagoela ohartzen dira.

LURRIK EDERRENA

1492an, Kristobal Kolon Kuban lurreratu zenean, bere Nabigazio Egunkarian "inoiz giza begiek ikusitako lurrik ederrenera" iritsi zela idatzi zuen. Kuba da Antilletako uharterik handiena (110.860 km2 ditu) eta gaur egun 11 milioi biztanle inguru bizi dira bertan. Horietatik guztietatik erdiak mulatoak dira eta bostetik bat Habanan bizi da. 1959ko Iraultza nagusitu zenetik Kuba estatu komunista da, Fidel Castro Ruz buru duela. Estatuburu izateaz gain, Fidel Castrok beste hainbat kargu ere baditu bere gain: Estatu Kontseiluko lehendakari, Ministro Kontseiluko buru, Kubako Alderdi Komunistako lehen idazkari (PCC, alderdi bakarra) eta Indar Armatuen Komandante Nagusi. Duela 40 urtetik, iraultzaren bi zutabe nagusiak guztiontzako hezkuntza eta osasuna dira eta, egia esan, bi alor horietan izugarri aurreratu da. Hala, uharteko alfabetatze-indizea oso altua da (Latinoamerikan Argentinak eta Uruguaik baino ez dute gainditzen); baita bizi-itxaropena ere (76,1 urtekoa), inguruko beste edozein herrialdetakoa baino altuagoa. Gaur egun ehundaka sendagile kubatar ari dira atzerrian zerbitzu-lanetan. Iraultzak irabazi ondoren hasi ziren lan horietan eta goreneko unea 1975 eta 1989 artean izan zen. 90eko hamarkadaren hasieran, bloke komunista desagertu izanaren ondorioz, Kuba krisi ekonomiko larrian murgildu zen. Kubako gobernuaren arabera, uharteko NPGa 1989 eta 1993 artean %35 erori zen. Urte hartatik aurrera suspertzen hasi zen (1995ean +%2,5, 1996an +%7,8 eta 1997an +%2,5). Nazio Batuetako Estatistika Alorraren kopuruen arabera, Kubako per capita errenta 1995ean 1.983 dolarrekoa zen. Krisialdiari aurre egitearren, Fidel Castrok atzerriko kapitalari zabaldu zizkion uharteko ateak, biztanleen artean dolarra libreki ibil zedin utzi zuen eta turismoa bultzatu zuen. Baina neurri horiei esker, lehen desagertarazita zeuden edo oso eragin txikia zuten arazoak agerian daude berriz ere, besteak beste, prostituzioa eta delinkuentzia. Maila politikoan, berriz, oraindik ere partidu bakarraren sistemak dirau, komunikabide independenteak ezin dira garatu eta giza eskubideen defentsarako nazioarteko erakundeek disidenteen egoera salatzen dute. Milioi bat kubatar inguru erbesteratuta bizi dira.

AHOTS BERRIAK

Antonio Jos¿ Ponte poeta eta eleberrigilea 1964an jaio zen, Matanzasen (Habanatik ekialdera, ehun kilometro ingurura). 1980an, Kubako hiriburuan ezarri zen eta unibertsitatean ikasi zuen. Ingeniari hidrauliko diploma eskuratu ondoren, lanbide horretan aritu zen lanean bost urtez. Kuban bi aldiz eman diote Kritikaren Sari Nazionala: 1991n Poesia 1982-1989lanarengatik (Habanako Letras Cubanas argitaletxeak kaleratua) eta 1995ean Un seguidor de Montaigne mira La Habana lanarengatik (Matanzasko Editorial Vigiak kaleratua). Halaber, 1995ean, Habanako Alejo Carpentier Fundazioak sormenerako ematen duen beka eskuratu zuen. Bere lehen lana Trece poemas izan zen eta Kubako Kultura Ministerioaren argitaletxeak argitaratu zuen 1988an. 1997an Asiento en las ruinas liburua argitaratu zuen (Habana, Letras Cubanas) eta kontakizun bat ere bai, Corazon de Skitalietz. Bere azken lana Las comidas profundas izan zen eta 1997an argitaratu zuen gaztelaniaz Frantziako Angerseko Deleatur argitaletxeak. Ez da erraza azken lan hori literatura-genero jakin batean sailkatzea (ez baita ez kontakizuna, ez saiakera, ezta eleberria ere). Testu eruditu eta bikain horretan Pontek janariaren historia ekartzen du gogora, eta gizakiaren eta elikaduraren arteko harremanak ere bai. Strasbourgeko Nazioarteko Idazleen Parlamentuak duela oso gutxi urtebeteko beka eman dio Porton (Portugal) egoteko, eleberri bat idazten jardun dezan. Han egonagatik, ordea, Kubako aldizkarietan idazten jarraitzen du, besteak beste La Gaceta de Cuban, Unionen (UNEAC edo Idazle eta Artista Kubatarren Batasunaren aldizkaria), Casa de las Americasen eta Letras Cubanasen. Antonio Jos¿ Pontek 34 urte ditu eta uharteko poeta eta idazleen belaunaldi berriko kide da, beste lagun batzuekin batera, besteak beste Alessandra Molina, Leonardo Padura, Abilio Estevez, Rolando Menendez Plasencia, Daniel Diaz Mantilla eta Ismael Gonzalez.


Topaketa erabakiorra

EDITORIALA

TOPAKETA ERABAKIORRA

Federico Mayor

Funtsezko aurkikuntza zientifiko oso gutxi izango dira, behatzez kontatzekoak, teknologia berriak ahalbideratu ondoren, erabili gabe geratu direnak. Historiaren irakaspen horrek gaur egun hainbat jende larri-larri jartzen du, besteak beste, arduradun politikoak, ikertzaileak eta, orohar, bioteknologiaren aurrerapen itzelak direla-eta, iritzi publikoa. Biziki azkar doa aurrera zientzia, eta bizidun ororen muinetaraino sartzea badauka, pixkanaka, bizitzaren barne-barneko mekanismoak ezagutuz. Jakinduria horrek eragindako teknologia berrien bidez gizateriak -lehen aldiz- izugarrizko ahalmena dauka gizakia osatzen eta garatzen doazen prozesuak eraldatzeko; eta, beraz, denboraren joanean, giza espeziea ere eraldatzeko. Eta teknikoki gerta liteke, hipotesirik okerrenean, eraldaketa horien ondorioz berpiztea ustez behin betiko lurperatuta zegoen eugenesia, lehen baino modu eraginkorragoetan, gainera. Zorionez, ordea, oso zaila da horrelakorik gertatzea. Baina historiak erakusten du, halaber, oso teknologia berri gutxi erabiltzen direla araudirik gabe, hau da, kontrol-mekanismoak ezartzen direla teknologia horiek behar bezala erabiltzeko eta okerreko erabilerak saihesteko. Izan ere, askatasun haizeek bultzatuta joan da beti aurrera gizateria, besteak beste, ikertzeko eta ekiteko askatasunak eraginda; baina aurretik berariazko jomuga bat ezarrita, norabide egokian eramateko eta gainditu behar ez diren mugetatik urrun mantentzeko. Biologoek bete dute euren zeregina: aukera ugariko eremua erein dute; orain, gizarteari dagokio eremu horretan ale onak baino ez jasotzea. Bioteknologien iraultzak gizateria gonbidatzen du zientzia eta etikaren arteko topaketa erabakiorrera. Giza ugalketari dagozkion bioteknologiei (eta baita teknologia guztiei ere) jomuga ezartzerakoan hiru printzipio nagusi eta elkarren menpeko hartu behar dira kontuan: duintasuna, askatasuna eta elkartasuna. Giza duintasuna errespetatzeko, aurrerantzean ere gizaki bakoitzak bakarra izan behar du. Jarrera horrek izugarrizko ondorioak ditu giza ugalketan. Lehenik eta behin, ugalketarako klonazioak debekatzen ditu; izan ere, gain-gainean daukagun teknika horren funtsa izaki bizidunak genetikoki "bikoiztea" baita. Zentzu zabalagoan, ordea, esan dezagun oraindik jaio gabeko izakien ezaugarri nagusiak aurrez zehaztea (batez ere geroko gaitasun fisikoak eta intelektualak "hobetzen" saiatzeko) izaki banako bakoitzaren funtsaren beraren aurkakoa dela. Izan ere, izakia horrela manipulatzearen ondorioa berea baino ez dena kentzea litzateke: lehenengo, ondasun genetiko bakarraren sorrera eragiten duen alkimia misteriotsua; eta, gero, izaki horren bilakaera bera, halaber bakarra, hasierako ondasunaren eta inguruaren araberakoa. Jaio aurreko diagnostikoetan eta enbrioiari buruzko terapietan aurrerapen handiak izan direlako, litekeena da gurasoek erabaki berri bezain larriak hartu behar izatea. Gainera, inguruko presioak edo arau bereziak eraginda bizitza "genetikoki zuzenak" direnei baino ez emateko arriskua egon liteke . Eta hori erabat onartezina izango litzateke. Inork ezin du horrelakorik agindu, edozein botere dela ere (politikoa, morala edo ekonomikoa), eta are gutxiago indarrez ezarri. Beraz, elkartasun printzipioa are gehiago sendotu beharra dago. Onartezina izango litzateke test eta terapia genetikoak erabiltzearen ondorioz bi taldetan bereiztea: alde batean, edozein arrazoi dela medio test eta terapia genetiko horietaz baliatu nahi dutenak edo baliatu ahal direnak, eta beste batean, test eta terapia genetiko horietaz baliatu ezin direnak, gehienetan behar adina diru ez izateagatik. Inongo kontrolik gabeko ingeniaritza genetikoaren arriskua gain-gainean daukagu. Baina ingeniaritza genetiko mota berezi bat ikusten hasi berriak gara, hain zuzen ere ingeniaritza genetiko arduratsua, zientziaren boterea etikaren boterearen menpe jartzen duena. Guztion onerako -eta ez gutxi batzuentzat- izango den etika. Etorkizuneko belaunaldien onerako izango dena, ez epe laburrerako bakarrik.


Hirugarren milurtekoan ziztada hilgarriak

GURE PLANETA

HIRUGARREN MILURTEKOAN ZIZTADA HILGARRIAK

Gizakiak naturan etengabe esku sartzeak arrisku ikaragarriak eragin ditzake: denbora luzez bakean utzitako mikrobio batzuen bidez kutsatutako gaixotasun hilgarriak.
Robert Matthews
Sunday Telegrapheko zientzia-berriemailea, Londres.

Hasieran, bazirudien meatzariak gripea besterik ez zutela: zefalea handia, junturetako mina, sukarra. Baina laster geratu zen agerian Durbako (Kongoko Errepublikako iparrekialdean) urre-meatzeko langileek zerbait larriagoa zutela. Inork nola ez zekiela, 1998ko amaiera aldera agente kutsakor beldurgarri batek erasan zien. Agente horrek barne-organo guztiei erasotzen zien eta odoletan jartzen zizkien, eta jarioa inola ere ezin zuten geldiarazi. Hurrengo hilabeteetan 60 meatzari baino gehiago hil ziren gaitz misteriotsu horren ondorioz. Gorpuak orban gorriz beteta ageri ziren eta hil ondoren ere odola zerien. Bertako sendagileek inoiz ez zuten ikusi horrelakorik. Hasiera batean, Osasunerako Mundu Erakundeko (OME) adituek ere ezin izan zuten azaldu zein zen heriotza haien arrazoia. Baina askok eta askok susmo berbera zeukaten. Alegia, meatzariak birus berri batek kutsatu zituela: gene multzo txiki bat bere habitat naturalean inork ukitu ere egin gabe egon zela milaka urtetan, gizakia bazterrak nahastera joan zen arte. Gaixotasun misteriotsuaren ustezko erruduna filobirus bat izan zen, hau da, hari itxurako birus bat. Birus horrek gizakiari eragiten zizkion kalte izugarriak hogeita hamar urte lehenago aurkitu zituzten. 1967an, Alemaniako eta Jugoslaviako laborategi batzuetako langile askok arestian azaldutakoen antzeko sintoma misteriotsuak ageri zituzten. Zazpi hil egin ziren eta bizirik iraun zuten askok denbora luzez jasan behar izan zituzten gaitzaren ondorioak (adibidez inpotentzia edo dementzia). Ikerketa ugari egin ziren eta azkenean jakin ahal izan zen gaitzaren errudunak Ugandatik inportatutako tximu batzuk zirela eta haietako asko ere bidaian hil zirela. Tximu haiek filobirus bat zeramatela aurkitu zen eta birus horri Marburg izena eman zitzaion, Alemaniako hiri horretan izan baitziren lehenengo kasuetako batzuk. Gaur egun oraindik ez da aurkitu gaitz horri aurre egiteko tratamendurik: gaixoaren inmunitate-sistemak geldiarazten ez badu hilgarria da eta gaitz hori hartzen duten %50 hil egiten dira.

Oreka ekologikoa haustea

1999an, OMEk baieztatu egin zituen susmoak: odol analisiek erakusten zutenez, meatzariak Marburg birusak kutsatuta zeuden. Informazio batzuen arabera, Zimbabweko militar batzuek ere gaitz berberak jota zeuden; izan ere, Laurent Desire Kabila lehendakaria matxinada bat menpean hartu nahian zebilenean, milaka eta milaka soldadu zimbabwear Kongoko Errepublikara joan baitziren, laguntzera. Hiru militarri odol-analisiak egin zizkioten, birus-eramaileak izan zitezkeelakoan, baina zorionez analisi horien emaitzak ezezkoak izan ziren eta uda hasieran gaixotasuna desagertu egin zen Durbatik. Birusa berriz ere ezkutatu egin zen, atzera oihaneko ezkutalekuan babestu zen, baina inork ez daki non. Marburg han dago lekuren batean, ezkutatuta, izaki bizidun baten baitan, agian saguzar edo karraskari baten barruan, birusa daraman izakiak berak ere ezer ez dakiela. Argi dagoena zera da: gizakia lurralde birjinetan zenbat eta gehiago sartu, berriz ere Marburgekin topatzeko -edo agian zerbait okerragoa gertatzeko- orduan eta arrisku handiagoa izango dela. Planetako baliabide naturalak urte askotan inolako ardurarik gabe eta axolagabekeriaz erabili dira, batzuetan gehiegikeriaz ere bai, eta etorkizunean oso kontuan hartu beharko da germen patogeno hilgarriak asaldatzeko arriskua. Arriskuaren zantzuak duela urte asko azaldu ziren. Adibidez, 1485ean sweating desease (izerdiaren gaitza) izenekoa azaldu zen. Gaixotasun hori jasaten zutenak bat-batean izerditan hasten ziren, ahuldu eta 24 ordu baino lehen hil egiten ziren. Urte hartaz geroztik, gaitz hori beste lau alditan ere indartu zen, 1551n desagertu zen arte. Izerdiaren gaitzak izugarrizko hondamena eragin zuen Ingalaterran eta gutxi gorabehera 20.000 lagun hil ziren (Ingalaterrako biztanleria guztiaren %0,5). Gaur egungo ikerkuntza batzuek agerian utzi dutenez, izerdiaren gaitz hori fenomeno oso moderno bati lotuta ageri zen: baso-soilketari. Izan ere, gaitza azaldu eta zabaldu zen garaian Shropshiren (Ingalaterrako mendebaldeko mugan) basoak izugarri soildu ziren. Uste denez, gaixotasuna belaunaldiz belaunaldi izaki bizidun batzuen baitan ostalari egoten da eta egurgileen lanaren ondorioz gaixotasuna izaki bizidun horietatik zabaldu egiten da. Biztanleriarekin harremanetan jarri eta azkenean izurriak sortzen dira. Baina antzina ez ezik, gure garaian ere antzekoak gertatu izan dira. Adibidez, Argentinan, Bigarren Mundu-Gerraren ondoren, panpa-sail handi batzuk herbizidez garbitu ziren laborantza-sailak eratzeko. Prozesu horren ondorioz landa-arratoien eta harrapakarien arteko oreka naturala hautsi egin zen eta karraskarien kopuruak izugarri egin zuen gora. 50eko hamarkadaren hasieran bertako biztanle batzuk gaixotu egin ziren: sukarra, goragalea eta buruko mina jasaten hasi ziren, eta batzuetan hil ere egiten ziren, odoljario eta oinaze handiak jasan ondoren. Gaitzaren erruduna ordura arte ezezaguna zen Junin izeneko birus bat zela ezarri zen eta landa-arratoiak zirela birus horren eramaileak. Bolivian ere antzeko zerbait gertatu zen. Izan ere, nekazari batzuek artoa landu nahi zutela-eta Machupo ibaiaren bazterretako baso-sailak soildu zituzten. Nekazari batzuk gaitz ezezagunekin gaixotu eta oinazetan hiltzen ziren. Gerora jakin ahal izan zenez, gaitzaren eragilea beste birus hemorragiko bat zen, hain zuzen ere Machupo deiturikoa. Birus horren eramaileak, orduan ere, landa-arratoiak ziren. Azkenik, 1999 hasierako datu batzuen arabera, lotura estua dago baso-soilketen eta hiesaren hedapenaren artean. Gaur egun hiesa da gaixotasun berrien artean beldurgarriena, eta izugarrizko hondamena eragiten ari da. Bada, Nature aldizkariko otsaileko alean, nazioarteko ikertzaile batzuek baso-soilketa eta hiesaren arteko loturari buruzko artikulu bat argitaratu zuten eta haien arabera, Pan troglodytes troglodytes txinpantzea da HIV-1aren ostalari naturala. Gogora dezagun birus hilgarri horrek gaur egun munduko 30 milioi lagun baino gehiago kutsatu dituela. Aipatutako tximinoen haragia oso preziatua da eta horregatik enpresa egurgileentzat lan egiten duten ehiztariek itxuragabe ehizatzen dituzte. Urtero milaka eta milaka hiltzen dituzte eta, horrela, birusa transmititzeko baldintza ezinhobeak ematen dira. Oraintsu egin diren ikerkuntzen arabera, HIV-1 gaitza kutsatutako haragiaren eta ehiztarien bidez iritsi zen hirietara, eta gerora sexu-transmisioaren bidez hedatu zen mundu guztira. Gaur egun arte 12 milioi lagun baino gehiago hil dira hiesaren ondorioz, horietatik %80 Saharatik beherako Afrikan. Arestian lursail birjinen suntsiketaz jardun dugu, baina ekosistemen orekarekiko begirunerik eza beste era batzuetara ere ager daiteke. Adibidez, XIX. mendean Estatu Batuetako iparrekialdean baso-berritzeko lanak egin ziren eta haien ondorioz duela gutxi Lymeko gaixotasuna agertu da. Bakterio-gaixotasun hori hilgarria izan daiteke eta junturetan, bihotzean eta burmuinean eragiten du. Gizakiengana oreinen akainen bidez iristen da. Nekazaritza intentsiboak eragindako baso-soilketari aurre egiteko, tokiko agintariek baso-berritzeko eta basoak babesteko programak sustatu zituzten. Gizakientzat zein oreinentzat paisaje atsegina sortu zuten, baina ixodes scapularisentzat ere bai, hau da, oreinek eramaten duten akainentzat. Akain horiek, euren aldetik, borrelia burgodorferi bakterioa eramaten dute, hau da, Lymeko gaitza eragiten duena. Ekosistema berrian harrapari gutxi zeuzkatenez, oreinak ugaldu egin ziren. Bazter haiek oso ederrak ziren eta gizaki asko bertaratu ziren. Horregatik, oreinen eta gizakien arteko harremanak ere ugaritu egin ziren. 1970ean antzeman ziren gaitzaren lehen kasuak, Old Lymeko biztanleen artean, Connecticuten. Ordutik haren antzeko prozesuak gertatu dira Europan, Asian eta Australasian. Urtero-urtero mundu guztian zehar Lymeko gaitzaren milaka eta milaka kasu agertzen dira.

Gaixotasun zaharrak, mehatxu berriak

Azkenaldian lehendik gainditutzat jotzen ziren gaixotasun batzuk berriro piztu dira eta horiek argi erakusten dute harrokeriak eta lasaikeria ez direla lagun onak, arriskuen aurrean erne egon beharra dagoela. Adibidez, tuberkulosia Mendebaldean ia erabat desagertuta zegoela uste zen; 80ko hamarkadaren hasieran, ordea, birsortu egin zen eta mundu guztiko hiru milioi lagun baino gehiago hil zituen. Gaitzari aurre egiteko Mendebaldeko sendagileek antibiotikoak neurririk gabe ematen dituzte eta adituen ustez horixe da, hain zuzen ere, birsortzearen arrazoietako bat. Izan ere, tuberkulosiaren bazilo mutanteak andui gogorrak sortzen ditu. Garapen bidean dauden herrialdeetan, adibidez, hiesaren izurriak tuberkulosia jasaten dutenei inmunitate-sistema suntsitzen diete eta, horren ondorioz, 90eko hamarkadan tuberkulosi-kasuak hirukoiztu egin ziren. Difteria, berriz, biriketako bakterio-gaixotasun bat da eta bereziki haurrei erasaten die. Sobiet Batasuna desagertzeko zorian zegoenean bertan ia ez zegoen difteriarik. 1998an, berriz, gutxi gorabehera 40.000 kasu izan ziren. SESB eta bere osasun-sistema erori ondoren jende ugarik jo zuen hiri handietara eta gaixotasunak haiei eragin zien, batez ere txiroei eta etxerik gabekoei. 1990 hasieran berriz ere kolera agertu zen Latinoamerikan, mende batean desagertuta egon ondoren. Kolera heste-gaixotasun hilgarria da, bakterio-jatorrikoa izan ohi da. Adituek uste dutenez, Asiatik zetozen itsasontziek itsasora isuritako uretan iritsi zen Latinoamerikara. Mende honen hasieran Amerikan ia ez zegoen kolera-kasurik; gaur egun, ordea, gutxi gorabehera 60.000 izaten dira urtero. Itxura batera, salerosketen globalizazioak urrutiko produktu exotikoei ez ezik, beste hainbat gauzari ere sarbidea erraztu diote... Alabaina, berpizten ari diren gaixotasun guztien artean malaria da kalte handienak eragiten dituena. Garai batean uste zen erabat desagertuta zegoela. Izan ere, gaixotasun hori eragiten duen parasitoa eltxoek eraman ohi dute eta garapen bidean zeuden herrialdeetan DDTa erabili zen eltxo horiek hiltzeko. DDTa Bigarren Mundu-Gerraren amaieran sartu zen eta hamar urtetan bost milioi bizitza salbatu zituen. 1948an Sri Lankan 2,8 milioi malaria kasu zeuden; 1963an, eta DDTari esker, 17 baino ez ziren izan. Baina 50eko hamarkadaren amaierako behaketa batzuen ondoren baieztatu ahal izan zenez, DDTak lurrean jarraitzen zuen eta elikadura katetik gora egitean bizi-forma batzuengan ondorio hilgarriak eragiten zituen. Aditu batzuek ondorio hori -eta batez ere Hirugarren Munduan duen eragina- kolokan jartzen badute ere, gaur egun DDTa debekatuta dago mundu guztian. Bestalde, eltxoak berriz ere indarberrituta azaldu dira. Adibidez, Sri Lankan intsektizida hori erabiltzeari utzi eta 5 urtera malaria kasuak 17tik 2,5 milioitara pasatu ziren. Mundu mailako kopuruak, berriz, beldurgarriak dira: urtean 400 milioi kasu eta horietatik gutxi gorabehera bi milioi hildako izaten dira (horietako %90 Afrikan). 1999ko martxoan Gro Harlem Brundtland-ek (OMEko Zuzendari Nagusia) azaldu zuenez, malaria etorkizunean indartu ahal diren izurri hilgarrien adibideetako bat da, indartze horren arrazoi nagusia gizakiaren kutsadurak eragindako beroketa izanik. Brundtland sendagileak nabarmendu zuenez, gaur egungo malaria kasuetako batzuk aurreko urteetan baino altuera handiagoan gertatzen dira, Kenyako goi-lautadetan adibidez. Brundtlandek onartzen du litekeena dela aldaketa hori beste arrazoi batzuen ondorioz ere izatea, baina bere ustez arrazoietako bat planetaren beroketa da. Beste mehatxuetako bat itsasmailak gora egitea da. Ohartarazten duenez "Itsasertza babesteko sistemak sendotu ezean, itsasmailak 50 cm gora eginez gero 2100. urtean 80 milioi lagun bizi diren lurraldeak urak hartzeko arriskuan egongo dira, urtean behin baino gehiagotan; gaur egun, leku horietan 46 milioi lagun bizi dira". Brundtland sendagileak dioenez "Errefuxiatu olatuak delta eta uharte gainpopulatuetara iritsiko dira eta, horren ondorioz, gaixotasun ugari agertuko dira, adibidez difteria eta beherakoa. Halaber, litekeena da geruza freatikoak kostaldeetan gora egitearen ondorioz estolderia-sistemetan eta ur-ibilguetan agente patogenoen sarrera ere erraztea." Gero eta beldur handiago dago itsasoa ez ote den osasunarentzat arrisku hurbilagoa eta maltzurragoa izango. Izan ere, gizateriak munduko itsasoak zabortegi handiak balira bezala erabili ditu. Mundu Bankuak 1993an eginiko txosten batetik ondorioztatzen denez, munduko biztanleriaren %30ak hondakinak botatzeko sistema bakarra dauka eskura, hain zuzen ere ur-ibilguak, ibaiak eta itsasoak. Hondakinak urteetan eta urteetan bota dira uretara eta azkenean osasunarengan eragiten ari dira. Itsaskien artean gaixotasun batzuen birusak agertzen hasiak dira (poliomielitisarena eta hepatitisarena kasu) eta kostaldeetan gero eta sarriago azaltzen dira alga toxikoak (organismo bakunen kolonia handiak, hondakinetako mantenugaietan ugaldutako agente patogeno asko dituztenak). Orain argi dago itsasoak hozkailu izugarri gisa jokatzen duela eta bertan hilgarriak izan daitezkeen mikrobioak gordetzen direla (adibidez erretrobirusa, hau da, beherako larriak eta polioaren birusa eragiten dituztenak). Mikrobio horiek batzuetan lehorreratu eta hondamena eragiten dute. Adibidez, hori gertatu zen 1992ko abenduan Bangladesh-ko hegoaldeko kostaldean; garai hartan, ozeanoko ur sakonak gora egin zuten eta itsas maila igo egin zen; baina ura bakterioz beteta zegoen eta kolerak milaka lagun harrapatu zituen. Gaixotasun berriek edo ustez gaindituta zeudenek gizateria erasotzeko aukera ugari dituzte: baso-soilketan edo gainpopulazioan, migrazio masiboetan edo mundializazioan, atmosfera-kutsaduran edo ozeano-kutsaduran. Baina eskarmentatzen ari gara eta dagoeneko lezio batzuk ikasi ditugu. Horietako batzuk oso oinarrizkoak eta nahikoa errazak dira ezartzen, adibidez erabili ondoren botatzen diren xiringa hipodermikoak erabiltzea. Beste neurri batzuk, berriz, begien bistakoak dira, baina ezartzen zailagoak: adibidez, sexu-transmisioko gaixotasunei (hiesa, esaterako) aurrea hartzeko aholkuak aspaldidanik ezagutzen dira, baina ez da erraza gaixotasun horiek jasan ditzaketen biztanleei betearaztea.

Ingurugiroarekiko errespetua

Edozein arriskuren aurrean funtsezkoa da etengabeko zainketa. 1994ko abuztuan, Indian izurria zela-eta, Indiako Mediku Zientzien Institutuak txosten bat egin zuen. Bertan ohartarazten zenez, infekzio-gaixotasunen ernaberritzea mundu guztira hedatzeko arriskua dago.,"funtsezkoa da diagnostiko goiztiarrak egitea eta kontrol-neurriak azkar hartzea", txostengileek zioten. Halaber, zainketarako zentro nazionalak sortzea defendatzen zuten, alerta-sistema gisa jokatzeko. . Duela gutxi izandako izurri askotatik atera daitekeen mezua oso argia da: ingurugiroarekin eta bere ekosistema hauskorrekin ditugun harremanetan zuhurragoak izan behar dugu. Printzipio xume hori, ordea, denbora luzez asmo on baino ez zen izan. Baina ideia horri jaramonik egin ezean, larrutik ordain genezake, berez ekidin zitezkeen milioika heriotza gerta litezke-eta.

EGIPTOKO HAMAR IZURRIAK: HONDAMEN EKOLOGIKOA?

Itsasoetatik eta ibaietatik sortutako gaixotasun berrien inguruko kezka areagotuz doan heinean, aditu ospetsu batek uste du bertatik sortu zela antzinako hondamena: duela ia 3.300 urte Egipto astindu zuten hamar izurriak, hain zuzen ere. Itun Zaharraren Irteeran azaltzen denaren arabera, Moises eta bere jarraitzaileak gatibu zeuden Egipton. Behin eta berriz askatzeko eskatuagatik, Faraoiak uko egin zien askatasuna, eta, horregatik, Jainkoak egiptoarrak zigortu eta izugarrizko izurriak pasarazi zizkien. Urte askotan eszeptikoek gertaera haiek mitoak besterik ez zirela uste izan zuten, baina New Yorkeko epidemiologia-buru izan zen John Marr sendagilearen arabera, litekeena da mito horien oinarria benetakoa izatea. Sendagile horrek egindako ikerketetatik ondorioztatzen denez, Bibliako izurriak hondamen ekologikoek eragindakoak izan zitezkeen, hain zuzen ere alga batzuk ugaltzearen ondoriozkoak. Alga horiek gaixotasunak hedatzeko ahalmen handia daukate eta horregatik gaur egungo zientzialarien artean ere kezka larria eragiten dute. Itun Zaharrean azaltzen denez, guztira hamar izurri izan ziren. Lehenengo izurrian, Niloko ibaiak odola bezain gorri bihurtu ziren eta ezin zen urik edan. Gaur egun ere munduko zenbait eskualdetan antzeko "marea gorri" toxikoak izaten dira, dinoflagelatu izeneko algek eraginak. Izurri hura zela-eta, Niloko arrainak hil ziren, desoreka ekologikoa gertatu zen eta, Marr sendagilearen arabera, litekeena da bigarren eta laugarren izurriak haren ondorioz gertatzea. Bigarren izurria igelena izan zen eta laugarrena haien biktimena, hots, ezpateuliena. Sendagileak dioenez, hirugarren eta bosgarren izurriak, hau da, eltxoena eta abereak hiltzearena, eltxo mota berezi baten ondoriozkoak izan zitezkeen. Izan ere, Culicoides izenekoaren heldua zorriena bezalakoa da eta animaliei birus hilgarriak transmititzen dizkie. Seigarren izurrian, berriz, gizakiak eta animaliak zauri zornatsuz josirik geratu ziren. Marr sendagilearen arabera, zaldi-eulia izan liteke izurri haren eragilea, euli mota horrek bakterio-gaixotasun bat eragiten baitu -mukia-. Zazpigarren eta zortzigarren izurriek (kazkabarrarenak eta larrapoteenak), berriz, ez dute azalpen handirik behar. Bederatzigarrena ilunpeenak izan ziren eta horien arrazoia Rift Valleyko sukarra agertzea izan zitekeen, sukar horrek behin-behineko itsualdia eragiten baitu. Baina Marr sendagilearen azalpenen artean bitxiena azken izurriari dagokiona da. Hamargarren izurria izan zen lazgarriena eta bertan egiptoarren lehen semeak hil ziren. Marr sendagileak uste duenez, izurri hura estuki lotuta dago zazpigarren eta zortzigarren hondamenen aurrean egiptoarrek emandako erantzunarekin. Izan ere, oso produktu gutxi geratu ziren kazkabarretik eta larrapoteetatik salbu eta ahal zutena presaka bildu ondoren, ale hezea siloetan gorde zuten egiptoarrek. Baldintza horietan, ordea, aleak normalean lizundu egiten dira eta toxina hilgarriez estaltzen dira. Tradizio biblikoaren arabera, seme zaharrenek beste seme-alabek baino ale-anoa handiagoa jasotzen dute. Horren ondorioz, lehen semeek besteek baino kutsatutako ale gehiago jan zituzten eta hori izan zitekeen, hain zuzen ere, hainbeste lehen seme hiltzearen arrazoia. Marr sendagileak arrazoia izanez gero (eta beste aditu batzuek diotenez litekeena da gauzak horrela gertatzea), Egiptoko hamar izurrien elezaharra gaur egungo kontu bati buruzko gaztigua izan liteke: hain zuzen ere, hondamen ekologikoek gaixotasun suntsitzaileak eragin ditzaketela eta gaixotasun horiek zibilizazioa arriskuan jar dezaketela.


Eskolaritatea gerraldietan

GELA IREKIA

ESKOLARITATEA GERRALDIETAN

Operazio humanitarioetan hezkuntzak garrantzi erabakigarria du, bai klaseak emateko, bai gerrak traumatizatutako haurrei laguntza emateko.
Mark Richmond
Nazio Batuen Behin-Behineko Administrazio Misioaren hezkuntza zerbitzuetako koordinazio burua Kosovon. UNESCOren Larrialdietako eta Berreraikitzeko Hezkuntza Programaren buru ohia.

Gerren ondorioz euren etxeak, lurrak eta ondasunak galdutakoan, bizirik geratu direnek behin eta berriz hezkuntza eskatzen dute. Azken hamarkadan, Nazio Batuek hondamen politiko konplexuei aurre egin behar izan diete hainbat tokitan, adibidez, Somalian, Sudanen edo Rwandan, edo berdin Bosnian eta Kosovon. Hondamen horietan barne gatazka bortitzak izaten dira zenbait arrazoirengatik (batez ere lurraldea, etnia edota erlijioa dela kausa); eta gatazka horiek ondorio ugari eragiten dituzte: jendea masiboki mugiaraztea, azpiegituretan lapurretak eta suntsiketak, zibilen aurkako erasoak eta oinarrizko zerbitzuak etetea, besteak beste. Gatazka horiek azkenaldian areagotu egin dira eta arrazoi nagusia (batez ere Afrikan) kolonialismo ondorengo ordena desegin izana da. Ordena hori munduko superpotentziek eratu zuten 50eko eta 60ko hamarkadetan, hau da, gerra hotzaren garaian, nahikoa era artifizialean. Izan ere, ordena berria eratzerakoan potentzia horiek jarrera ideologikoak eta geopolitikoak baino ez baitzituzten izan kontuan. Aipatutako gatazka asko eta asko arazo ekonomikoak larriagotzeak ekarri ditu, baliabideak eskuratzeko eta kontrolatzeko errukirik gabeko borrokek areagotuta. Zenbait kasutan (Somalian, adibidez) estatuek behea jo dute eta hiritar arruntak gerra-jauntxoen eta gaizkileen esku geratu dira.

Etorkizuneko konpromisoa

Operazio humanitario ororen lehen lana poblazioen biziraupena bermatzea da, jakina, horretarako oinarri-oinarrizkoa emanez (elikagaiak, ura, segurtasuna, osasuna eta ostatua). Baina oinarrizko alor horiez gain, laguntza humanitarioaren hasierako etapetan beharrezkoa da hezkuntza ere ematea, bai jatorrizko herrialdean bertan mugiarazitako lagunei, bai gerrak eragindako poblazioei eta baita errefuxiatuei ere. Ideia hori berri samarra da eta badauka nahikoa arrazoibide. Horien artean garrantzitsuena hezkuntza bera jasotzeko eskubidea da, hau da, gerra- edo exodo-egoeran ere galtzen ez den eskubidea. Haurren Eskubideei buruzko Batzarrean (1989) jaso zen eskubide hori eta gai nagusietako bat izan zen Jomtien-eko Guztiontzako Hezkuntzaren Biltzarrean (1990). Nazioarte mailan, pertsona orori aitortzen zaio hezkuntzarako eskubidea, baina horretaz gain gizarte eragileek -erakundeek, emaileek eta GKEek- eskubide hori errealitate bihurtu beharra ere aitortzen da. Maila praktikoan, hezitzaile eta psikologoek nabarmentzen dutenez, haurren garapenerako oso garrantzitsua da hezkuntzarik gabeko etenaldia ahalik eta laburrena izatea. Antolatzen diren hezkuntza- eta aisialdi-jarduerek eguneroko ohiturak berrezartzen dituzte haurren bizitzetan eta euren inguru sozio-kulturalarekiko lotura sendotzen laguntzen die. Bai programa ofizialei, bai programa ez-ofizialei egokituta, galdutako normalizazio-sentsazioa berrezar dezake eskolatzeak eta, horrela, haur babesgabeei alternatiba egokia eskain diezaieke milizien, delinkuentziaren eta drogen aurrean. Larrialdi-egoera hauetan, eskolak izan daitezke zenbait mezu zabaltzeko biderik egokienak, adibidez, ingurugiroari eta elikadurari buruzko informazioa, minarik ez zapaltzeko hartu beharreko neurriei buruzkoa, kolera eta hiesari aurrea hartzeko eta abar. Halaber, eskolan beste hainbat hizketa-gai ere izaten da, adibidez, giza eskubideak, bakea eta adiskidetzea, hau da, nazio berreraikuntzako edozein programatako funtsezko balioei buruzko gaiak. Horrez gain, eskola komunitateari laguntzeko eta komunitatea berreraikitzeko operazioetarako oinarria izan daiteke. Halaber, hezkuntzari esker lan ordaindua lor daiteke eta helduek euren inguru berrian lanen bat egiteko aukera izaten dute, nahiz eta aldi baterako baino ez izan. Azkenik, hezkuntza etorkizuneko konpromisoaren sinboloa da, eta atxikimendu horrek inoiz baino balio handiagoa du indarkeriazko gatazka baten ondoren. Krisialdi bakoitzean behar-beharrezkoa da ahalik eta azkarren berariazko hezkuntza-neurriak hartzea. Alabaina, azken hamarkadako ezbeharretan nazioarteko erakundeek eskarmentu handia hartu dute, eta horri esker printzipio gidari batzuk ezarri ahal izan dira. Eskola-sistema egun batetik bestera abian jarri ezin denez, pixkanaka-pixkanaka ezartzen da; era horretan, hezkuntza laguntza humanitarioaren hasierako fasean sartzen da. Oinarrizko informazioa bildu ondoren (zenbat haur diren, zenbat irakasle dauden prest, eta abar), lehenengo etapan haurrak aisialdi-jardueren inguruan elkartzen dira -jolasak, abestiak, ipuin-kontaketak eta, batzuetan, ikastaro errazak-. Bigarren etapan irakaskuntza sistematikoa hasten da; baina programa ofizialetatik at, sarritan, Larrialdietako Karpeta Pedagogikoak erabiliz. UNESCOk berak sortuak dira eta lehenengo aldiz Somalian erabili ziren. Harrezkero hizkuntza askotara itzuli dira eta beste herrialde batzuetako ikasleentzat ere egokitu dira. Aipatu berri dugun "eskola-karpeta" edo "ikasgela mugikor" horiek berez 80 haur errefuxiaturen taldeentzat prestatuta daude, Lehen Hezkuntza ikas dezaten. Haur horiei alfabetatze eta kalkulu funtzionala irakasten zaie, baina ikasturteak eta azterketak dituen ikasketa-programa klasikoa jarraitu gabe. Ikasleentzako karpeta arruntetan ondorengoak biltzen dira: arbeltxoak, klarionak, koadernoak eta arkatzak. Irakaslearentzako karteran, berriz, ondorengoak: telazko horma-irudiak (alfabetoa, zenbakiak, biderkatzeko taulak), irakaskuntza-metodoen gida, bertaratze-liburua eta egurrezko kuboak (ikasleentzako jolasak antolatzeko, haurrek hizkiak eta zenbakiak ezagutu ditzaten). Karpeta horiek sei hilabetean lantzeko prestatuta daude eta geroko eskolatze arrunterako itzulera prestatzen dute. Beraz, bigarren etapa behin-behinekoa da eta horren ondoren hurrengoari ekiten zaio. Hirugarren etapa hori irakaskuntza ia normala da, jatorrizko herrialdeetako eskola-programetan eta eskuliburuetan oinarritua (beti ere programa edo liburu horiek eskura izanez gero, behintzat). Larrialdietako hezkuntza operazioen beste alderdi garrantzitsu bat irakasleak behar bezala prestatzea da, haurren sintomak ezagutu ditzaten. Izan ere, haurrek sarritan indarkeriazko esperientzia lazgarriak bizi izan dituzte eta haiengan traumatismo-seinaleak ezagutu beharra dago. Laguntza psikosozialeko programa berezien bidez haurrei lagundu egiten zaie doluari, deserrotzeari eta beldurrari aurre egin diezaioten. Orain arte azaldu dugun estrategia guztiaren jomuga "aberriratzeko hezkuntza" da. Kontzeptu hori lehen aldiz 80ko hamarkadan erabili zen, Malawin zeuden Mozambikeko errefuxiatuak eskolatzeko operazioetan, eta 90eko hamarkadan are gehiago nagusitu zen. "Aberriratzeko hezkuntza" hitzen bidez herrialde hartzaileei adierazi eta ziurtatu nahi zieten errefuxiatuak ez zirela bertan geratuko behin betiko (herrialde hartzaileak txiroegiak baitziren atzerritar asko hartzeko). Horregatik, errefuxiatuen hezkuntzan oso garrantzitsua da zenbait neurri hartzea, besteak beste, ama-hizkuntza erabiltzea, jatorrizko herriaren ikasketa-programei jarraitzea (baina beti ere ziurtatuz programa horiek ez dituztela errefuxiatuak zapaltzen) eta ahal den neurrian irakasle errefuxiatuak erabiltzea. Aberriratzeko hezkuntzaren ideiak larrialdi-operazioari denboran dimentsio luzeagoa ematen dio. Operazio hori planifikatzen dutenek jarraitasuna eman behar diote, baina beti ere kontuan izanik herrialde edo eskualdean aurreikusitako garapen-politika. Tamalez, ez da izaten prozesu lineala: herrialde batzuk (Angola eta Sudan, adibidez) azken hamarkadetan etengabe ibili dira orain gerran, orain bakean; eta horrek sarritan oztopatu ditu nazio-berreraikuntzako ahaleginak.

Gizarte zibilaren ekimenak sustatu

Larrialdietan, hezkuntza-eraldaketak ere gauza litezke. Horregatik, larrialdietako hezkuntzaren ikusmoldean bertan bi ekimen mota uztartu behar dira: alde batetik, goitik behera zentralizatutako eraketa (horixe da, hain zuzen ere, irakaskuntza-sistema gehienen ezaugarria); bestetik, oinarritik datozen garapen-ekimenak. Krisialdietan gurasoek, pertsona helduek eta profesionalek paper garrantzitsua jokatzen dute eskolen sorreran eta funtzionamenduan eta, sarritan, eskola eurena delako sentsazioa izaten dute. Jatorrizko herrialdera itzuli ondoren, lagun horiek esku hartzen jarraitu beharko lukete hezkuntzaren inguruko planak egiterakoan. Baina, zoritxarrez, berreraikuntzarako finantza-laguntza jasotzeko ohiko bide jakin batzuk daude ezarrita eta gizarte zibila normalean bide horietatik baztertu egiten da. Emaileek euren fondoak estatu zentralaren bidez bidaltzen dituzte; baina, sarritan, estatua ahulduta egoten da eta administratzeko eta gestionatzeko ez du behar adinako ahalmenik izaten. Horren ondorioz, ez da erraza izaten parte hartzea. Horregatik, beharrezkoa da nazioarteko komunitateak azkenaldian egindako esku hartzeak hobeto aztertzea eta kritikoki ebaluatzea. Azken hamar urteotan krisialdiak bata bestearen atzetik oso azkar gertatu dira eta, batzuetan, ez da behar adina denbora hartu hortik ikasitakoa guztia aztertzeko. Hurrengo krisialdirako, laguntza humanitarioaz arduratzen direnak ez genituzke hainbeste estutu beharko; aitzitik, azterketa egiteko denbora eman beharko genieke, izandako eskarmentua hurrengo ekintzetarako baliagarria izan dadin. Hausnarketa horrek balio izan beharko luke, halaber, larrialdi-egoera konplexuetako aurrekontuak eta lehentasunak ezartzerakoan hezkuntzari berez dagokion garrantzia emateko.

KOSOVOKO IKASBIDEAK ETA ERRONKAK
M.R.

Larrialdietako hezkuntza kontuetan Kosovoko krisialdia oinarrizko esperientzia- eta hausnarketa-iturri izango da. Izan ere, beste krisialdi batzuetatik ere ikasbideak atera ziren, eta ikasbide horiek baliagarriak izan dira Albaniako eta Mazedoniako errefuxiatu kosovarrentzat: oso kontuan izan da hezkuntza operazioen lehen etapetan errefuxiatuei laguntza emateko; lekuak zehaztu ziren errefuxiatu-eremuetan aisialdi- eta pedagogia-jarduerak egiteko; lehentasuna eman zitzaion lehen hezkuntzari; karpeta pedagogikoak banatu ziren; haurren behar psikosozialez arduratu ziren; etapetan banatutako estrategia ezarri zen eta irakasleak errefuxiatuen artean bilatu ziren. Alabaina, nazioarteko erakundeak eta GKEak krisialdiaren hasiera-hasieratik lanean hasi baziren ere, "hezkuntza" operazioan arazo ugari azaldu dira. Izan ere, Mazedonian errefuxiatu-eremuetako errotazioak oso azkar egiten ziren eta sarritan errefuxiatuak beste herrialde batzuetara bidaltzen zituzten, eta horrek ikaragarri zailtzen zuen eskoletako poblazio egonkorra planifikatzea eta mantentzea. Horrez gain, jatorriz Albaniakoa zen Mazedoniako komunitateko familiekin bizi ziren kosovar asko. Horregatik, herrialdeko agintariek eta kanpoko erakundeek euren ahaleginak bateratu eta batez ere bi alorretan lan egin behar izan zuten: alde batetik, errefuxiatu-eremuen barruan; bestetik, komunitate albaniarren baitan. Errefuxiatuak ezarri zirenean, Albaniako eta Mazedoniako eskoletako azpiegiturek, taldeek eta baliabideek izugarrizko presioa jasan zuten eta, horren ondorioz, bi herrialde horiek nazioarteko laguntza eskatu behar izan zuten. Beste operazio humanitario askotan gertatzen den moduan, orduan ere izugarrizko aldea zegoen bi aldeen artean: alde batetik, bertako Hezkuntza ministerioen baliabideak oso urriak ziren eta laster agortu ziren; kanpo-erakunde eta GKE asko, berriz, nolabaiteko oparotasunean bizi ziren. Horrelako egoeretan, gainera, ez zaio behar adinako garrantzirik ematen errefuxiatuak hartzen dituzten herrialdeen eskola-sistema eskasetan eragindako "albo-kalteei". Dagoeneko amaitu da gerra eta errefuxiatuak euren lurretara itzultzen ari dira. Orain Kosovoko hezkuntza-sistema osoa berregin beharra dago, hau da, larrialdi-operazioaren ondorengo etapari ekin behar zaio. UNICEFek azterketa bat egin zuen bertako 394 eskolaren inguruan eta emaitzen arabera %43 erabat suntsituta geratu ziren edo kalte larriak jasan zituzten. Eginkizuna nahikoa korapilatsua da: jatorri albaniarreko kosovarren aurkako erasoen aurretik (1999ko martxoa) hezkuntza-sistema serbiarrek administratzen zuten eta jatorri albaniarreko haurrentzat beste hezkuntza sistema paralelo bat zegoen, ezkutuan, hamar urte lehenago abian jarria. Kosovoko albaniarrek eskola ofiziala boikotatu egiten zuten, ezin baitzituzten onartu eskola ofizialetako programen aurreiritzi etniko eta ideologikoak. Gai horiez Nazio Batuen erakunde bat arduratzen da, hain zuzen ere Kosovoko Behin Behineko Administrazioa. Bere asmo sendoa politika orekatua da, hau da, bi aldeen (serbiarren eta Kosovoko albaniarren) interesak errespetatuko dituena. Baina ez da erraza izango eskola-sistema bakarra ezartzea eta mantentzea. Egunen batean eskola bateratu horiek abian jarriko dira eta orduan ikusiko da zenbateraino betetzen duen bere lana Bakea Mantentzeko Nazio Batuen Indarrak (hau da, KFOR-ek). 1999ko abuztuan artean ez zegoen argi nork ordaindu behar zien irakasleei. Epe laburrera, hainbat lan egin beharra dago: eskolak konpondu eta hornitu, ikasleei eskuliburuak eta oinarrizko materialak eman; baita zerbitzu psikosozialak eskaini ere. Horiez gain, ados jarri beharra dago sistema paraleloan jasotako irakaskuntzaren baliozkotzeari buruz. Epe luzeagora, berriz, erronka nagusia kalitate oneko irakaskuntza ematea izango da: adibidez 90eko hamarkadan irakasle kosovar albaniarrek ez zuten izan inolako trebakuntzarik jasotzeko aukerarik. Baina agian gaur egungo egoera aukera bikaina izan liteke Kosovoko irakaskuntza-metodoak modernizatzeko.


Ale honetako gaia: Bioetika, seme-alaba perfektuaren tentazioa

BIOETIKA: SEME-ALABA PERFEKTUAREN TENTAZIOA

Genetistak azken ukituak ematen ari zaizkie giza genomari eta laster aro berri batean murgilduko gara. Horri esker, onura asko izango dira eta onuradunen artean gerora guraso izango direnak egongo dira. Izan ere, fetuen "akatsak" garaiz antzemateaz gain, egunen batean beste hainbat gauza ere zuzendu edo bideratu ahal izango dira. Esaterako, gaixotasun jakin batzuk saihestuko dira (bularreko minbizia, kasu) edo desiragarri diren ezaugarri fisiko edo jokabide-ezaugarri batzuk "indartu". Orduan, gurasoak zergatik ez baliatu erabat teknologia horiez eta "beti amestutako" seme-alaba osasuntsua eta adimentsua egin? Asmo garbiko itxaropen horren atzean, ordea, mamu arriskutsua omen dago ezkutatuta; hori diote, behintzat, zientzia-komunitateko eta bioetikako adituek, mugimendu feministek eta elbarrien defentsarako erakundeek. Genetikak eugenesia-era berrietara eramango al gaitu? Eugenesia hitzaren baitan konnotazio historiko ilunak daude eta ez da erraza behar bezala definitzea. Izan ere, giza espeziea genetikoki "hobetzeko" ahaleginek eragindako arriskuei buruzko hausnarketa egitera behartzen baikaitu. Ondorengo artikuluek erakusten dutenez, gizartearen presioek eraginda, gizabanakoek ugaltze-gaiei buruz hartzen dituzten erabakiak baldintzatuta gera litezke. Estatu Batuetan, adibidez, interes komertzial jakin batzuek eragin ikaragarria dute gurasoek seme-alabez daukaten iritzian. Txinan, berriz, elbarri-kopurua mugatzeko legearen inguruan eztabaida bizia dago eta bertako tentsio demografikoek are gehiago pizten dute sesioa. Indian, berriz, neskatxoen aurkako diskriminazio kultural izugarria dago; horregatik, gurasoek beti mutikoak izan nahi dituzte eta batzuetan okerrenera ere iristen dira. Erresuma Batuan, Dollyren aberrian, giza klonazioak kezka eta ezinegona pizten ditu. Alemanian, berriz, iraganaren itzala oraindik present dago eta bioteknologiaren eremuan zuhurtasunez jokatzera behartzen gaitu. Ikerkuntza genetikoaren aurrerapenak, ordea, ez daude guztien eskura. Izan ere, herrialde batzuk ez daukate aurrerapen horiez gozatzeko aukerarik. Horregatik, amaiera aldera desberdintasun horrek azaleratzen dituen galdera etikoak aztertuko ditugu.


Eugenesia berriaren atarian?

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Eugenesia berriaren atarian?

Genomaren aroaren erronka nagusia da sendagileen asmo onek eugenesia-era berririk ez eragitea.
Sophie Boukhari eta Amy Otchet

Gauzak ongi joanez gero, hiru urte barru zientzialariek gure "ego biologikoa" eragiten duten hizkuntza kodetuaren giltzarriak emango dizkigute. Izan ere, Giza Genomari buruzko Egitasmoan lanean ari diren milaka ikertzaileek ordurako gure ia 100.000 geneak identifikatuta eta aurkituta izango dituzte. Informazio horri esker tratamendu berri ugari erabili ahal izango dira eta gaixotasunei aurre egin ahal izango zaie. Lehenengo etapan, froga mediko ugari merkaturatuko direnez, hainbat diagnostiko hobeto eta zehatzago egin ahal zango dira, adibidez, jaio aurretik in utero egindakoak edo in vitro ernalketan emakumeen uteroan enbrioia ezarri aurretik egindakoak. Hurrengo pausoa "laguntza genetikoa" izango da, eta horri esker, gizabanako batzuk (hain zuzen ere gogoko ez direnak) ezabatu ahal izango dira, abortatuz edo enbrioiak hautatuz. Hori dagoeneko egiten da leku batzuetan; izan ere, herrialde batzuetako osasun publikoko politikek haurdun dauden emakumeak zenbait froga egitera bultzatzen baitituzte, adibidez, trisomia 21 (mongolismoa) hautemateko froga. Tratamenduak bigarrengo etapan etorriko dira eta bertan egingo dira terapia geniko ospetsuak, gaur egun hasiberriak. Terapia horiek itxaropen ugari piztu dituzte, horietako batzuk zentzugabeak, adibidez, gaur egun identifikatuta dauden 4.000-5.000 gaixotasun genetikoen aurka borrokatzea edo minbizi batzuen aurkako borroka irabaztea. Baina ikertzaile batzuek urrunago joan eta terapia germinalak egitearekin ere amets egiten dute. Terapia germinalei esker, jaio gabeen sexu-zelulen genoma aldatu ahal izango litzateke eta aldaketa horiek ondorengoei transmitituko lizkiekete. Giza ugalketako biologian izandako aurrerapenekin lotuta, diziplina batek egin lezake aurrera: "ugalketarako genetika", Lee Silver ikertzaile iparramerikarrak deitu dion moduan (ikus 26. or.). Diziplina horrek teknika ugari erabiliko lituzke (adibidez enbrioien klonazioa eta manipulazio genetikoa) eta, epe luzera, in vitro gaixotasun larrien aurka babesteko geneekin "aberastutako" enbrioiak egin ahal izango lirateke, eta baita gurasoen nahien arabera egindakoak ere. Etorkizuneko gertakari horiek ia burutu ezinezkoak dira gaur egun, arrazoi teknikoengatik edo legeak jartzen dituen trabengatik: giza klonazioa (ikus 32. or.) eta terapia germinalak debekatuta daude. Baina batzuk kezkatu eta larritu egiten ditu, , hain zuzen ere, etorkizuneko medikuntza geneen gestio- eta kontrol-sistema bihurtuko ote den beldur direnak. "Beste eugenesia baten mugetara iritsi gara", da filosofo, erlijioso, giza eskubideen aldeko eta abortuaren aurkako mugimenduen aldarri. Eugenesia hitza faxismoari eta nazismoari lotzen zaio eta oso konnotazio negatiboak ditu. Hain negatiboak, non eztabaida piztu baita formari eta mamiari buruz: alde batetik, gaur egun hitz hori erabiltzen jarraitu behar al dugu? Beste aldetik, genetikak benetan beste eugenesia batera eramango al gaitu? Asiako estatu batzuek (ikus 30. or.) eta Golkoko estatu arabiarrek gaur egun ere lege batzuen bidez giza talde jakin batzuei (adibidez elbarrituei) jaiotzeko eskubidea ukatzen diete. UNESCOko Bioetikaren Nazioarteko Batzordearen buru izan zen No¿lle Lenoir-ek nabarmentzen duenez, "tresna genetikoa bazterkeria-tresna osagarria bihur liteke berez diskriminatzaileak diren herrialde batzuetan". Alabaina, ba al da inon diskriminaziorik egiten ez duen kulturarik? Hor daude, adibidez, neskatxak izaki kaskarragotzat jotzen dituzten kulturak (ikus 29. or.).

Zer da normaltasuna?

Eztabaida sutsua dago, etorkizunean beste eugenesia gerta daitekeen ala ez, eta sesio horrek zera gogorarazi beharko liguke: akatsik gabeko jaioberria ameskeria hutsa dela. Alegia, zientzialariek diotenez, ezinezkoa da genoma erabat "araztea", belaunaldi bakoitzean anomalia genetiko berriak sortuko bailirateke. Horrez gain, arazketa hori egitea arriskutsua izan liteke, inork ez baitaki gure herenilobek etorkizunean zein gene beharko dituzten. Eztabaida horren harian, galdera etiko ugari sortzen dira. Adibidez, gaixotasun berantiarrak diagnostikatzeko frogek arazo bat mahaigaineratzen dute. Izan ere, gerora gaixotasuna etorriko dela jakinagatik, bizitza horrek bizitzea merezi baitu. Axel Khan genetista eta bioetiko frantsesak adierazi digunez "Huntingtonen gaixotasuna normalean 38 eta 45 urte artean azaltzen da. Pentsatu zenbat eta zenbat artista eta musikari hil diren 40 urte bete aurretik. Ezin da esan bizitzak ez duela merezi bizitzea, gerora andeatuko dela jakinda ere". Hona hemen beste galdera korapilotsu bat: zer da normaltasuna? Gure gizarteak lehendik ere "akats genetikoak" desagertarazten baditu, elbarrituek ez ote lukete jasango diskriminazio handiagoa? Bioetikako aditu askok (horien artean Bioetikaren Nazioarteko Batzordearen gaur egungo lehendakariak, Ryuichi Idak) enbrioiak "genetikoki hobetzeak" eragindako arriskuak azpimarratzen dituzte. Alde batetik, horrek desberdintasun gehiago sortuko lituzke, talde batzuk hobetuta egongo bailirateke eta beste batzuk ez (ikus 35. or.). Beste alde batetik, gurasoek ba al dute eskubiderik amestutako haurra sortzeko? Ba al dute eskubiderik haur horien sexua eta gaitasun fisikoak erabakitzeko? Khanek dioenez, "haurra goitik beherako gizakia da, berez gurasoen borondatera azpiratu ezin dena. Zer da guraso izatea? Haurra berez den bezala maitatzea, eta ez hainbeste norberak nahi duena bezalakoa edukitzea". Alabaina, eugenesiaren mamua astintzea sinplista eta arriskutsua da. Hala diote, behintzat, zientzialariek, osasungintza- arlokoek, bioetikako adituek eta emakumezkoen eskubideen defendatzaile gehienek. Izerdi eta ahalegin askoren ondoren emakumezkoek euren ugalkortasunaz erabakitzeko eskubidean aurrerapauso handiak eman dituzte, eta abortuaren aurkakoak eugenesiaren mamuaz balia litezke eskubide horretan atzera eginarazteko (ikus 22. or.). Gainerantzean, mendebaldeko herrialdeetan eugenesia "demokratikoaz" edo "liberalaz" ere hitz egiten da. Horrela deitzen zaio gizabanakoek -eta ez estatuek edota kolektibitateek- euren seme-alabengan egingo duten aukeraketari. Baina interes komertzialen presioaren aurrean, zenbaterainokoa izango da aukeratzeko askatasuna? (ikus 27. or.). "Publizitate-dosi egokiaren bidez, bioteknologien merkatuak proposatzen duen guztia erabiltzen ez duten gurasoak errudun sentiaraziko ditu", halako ustea du gai horretan aditua den Lori Andrews legelari estatubatuarrak. Azkenik, zientzialari batzuek gogorarazten dutenez, zientziak eta medikuntzak aurrera egiteko beti debekuak hautsi behar izan dituzte, eta inola ere ez dute ordaindu behar gizarteen galbidearen prezioa. Alabaina, aurkikuntza berrien erritmoak behar adina denbora eman behar dio jendeari aurkikuntza berrien ondorioetan pentsa dezan. Lenoirrek dioenez, "Gizabanakoek leku guztietan eta gero eta sarriago aurre egin beharko diete dilemei. Gizarte autoritario, erlijiosoetan bizitzean hori errazagoa da, dena erabakita baitago" (ikus 24. or.). "Baina gizarte kulturanitzetan eta sekularizatuetan askoz ere zailagoa da mugak ezartzea, hiritarrek informazioa eskura dutelako eta askatasuna erabili nahi duelako. Horrexegatik jaio zen bioetika."

Lexikoa

ADN: Azido desoxirribonukleikoa informazio genetikoaren euskarria da. ES zelulak: Zelula enbor enbrionarioak, gehienbat totipotenteak, hau da, gorputzeko ehun guztien eraketan parte har dezaketenak. Zelula germinala: Zelula ugaltzailea (espermatozoidea edo oozitoa). Aldaketak ondorengoei transmititzen zaizkie. Zelula somatikoa: Germinala ez den zelula, "heldua" ere deitua. Kromosoma:ADNz osatutako egitura, zelulak zatitzen ari direnean ikus daitekeena. Klonak:Genetikoki berdinak diren banakoak, ugalketa asexualaren bidez sortuak Eugenesia:Francis Galton britainiarrak sortutako neologismoa, grezierako eu (ona) eta genos (jaiotza, arraza) hitzetatik. Gizateriaren ondare genetikoa hobetzeko aukeren azterketa. Genea: ADNzko segmentua, bakarka zein beste batzuekin karaktere jakin bat agertzearen eta transmititzearen erantzule dena. Espezie bateko berezko geneen multzoak genoma osatzen du. Gene errezesibo edo azpirakorra: Euren karakterea eragiteko bikoteko bi kromosometan (amarenean eta aitarenean) egon behar dute. Gene dominante edo gainartzaileak, berriz, bere karaktereak gauzatzeko bikoteko beste kromosomak daraman gene desberdinari nagusitu egiten zaizkio. Ingeniaritza genetikoa: Biologia molekularreko teknika multzoa. Teknika horien bidez zelulen ADNa manipulatu ahal da eta horrela geneak ikertu, aldatu edo beste organismo batean txertatu ahal dira. Gaixotasun genetikoak: Milaka daude. Batzuk monogenetikoak dira, hau da, gaixotasunaren erantzulea gene bakarra izaten da. Beste batzuk, berriz, gene anitzekoak izaten dira eta gaixotasunen erantzuleak gene batzuk izaten dira. Terapia genikoa: Gaixotasun genetikoen tratamendua. Bertan material genetikoa gaixoaren zeluletara eramaten da.


Genetikaren hiru oinarriak

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Genetikaren hiru oinarriak

Hementxe dituzu, labur-labur, genetikaren oinarriak: ADNtik hasi eta sarrien egiten diren manipulazioetaraino.

1. Zer dira geneak? Gizakion gorputza zelulaz osatuta dago. Zelula bakoitzak nukleo bat du, eta bertan dago, hain zuzen, ADNa (azido desoxirribonukleikoa). ADNa molekula izugarri handia da, eta eskailera biribila dirudi (helize bikoitzeko egitura duela ematen du). ADNa bere baitara kiribildua, txirikorda baten antzeratsu osatzen da. Zelulak zatitutakoan, 23 kromosoma pare homologo sortzen dira ADNan (bata amarengandik jasotakoa eta bestea aitarengandik jasotakoa). "Eskailera" horrek hiru mila milioi "barra" inguru ditu, eta "barra" bakoitzak, berriz, lau oinarri: adenina (A gorria), tiamina (T urdina), citosina (C berdea) eta guanina (G horia). Lau oinarri horiek era berean elkartzen dira beti: batetik, A eta T; bestetik, C eta G. Dirudienez, nukleoko ADNaren %95ek ez dute inolako funtziorik betetzen, baina gainerako %5ek 100.000 bat gene izaten omen dituzte. ADN zati horiek txiki-txikiak dira: ez dira mikroskopioan ere ikusten. Baina, hala ere, milaka "barra" dituzte. Geneetako oinarrien arteko loturek halako kode sekreturen bati jarraitzen diotela dirudi: kode horren aginduak urratsez urrats bete ondoren, zelulek proteina jakin batzuk sortarazten dituzte. Eta horrexegatik izaten gara garen modukoak. 2. Dollyren klonazioa Hainbat metodoren bidez egin daitezke klonazioak. Baina Dolly ardia jaio arte (1996ko uztailean), probetetan sortutako enbrioiak erabiltzen zituzten beti. Dena den, obuluak eta espermatozoideak elkartuz lortzen zituzten aipatutako enbrioiak: beste guztiok bezalaxe sortuak ziren, beraz. Horrela, bada, probetetako enbrioiak bitan "zatitzen" zituzten, eta zati bakoitza ama bati sartzen zioten bi klon lortu ahal izateko. Baina Dolly sortzeko erabilitako metodoa iraultzailea izan zen benetan, ez baitzuten enbrioi "normalik" erabili, hau da, ez zuten obulurik eta espermatozoiderik elkartu. Dolly, laurogeita hamarreko hamarkadako ardi izarra, "ezkontza" bitxi baten emaitza izan da: nukleorik gabeko obulu bat eta klonatu nahi zuten ardiaren zelula heldu bat uztartuz sortu zuten. 3. Akats genetikoak nola zuzendu Gaixotasun hereditarioak dira herrialde garatuetako haur-heriotzen herenaren eragileak. Izan ere, 4.000 gaixotasun hereditario baino gehiago daude. Baina badago horiek sendatzeko modurik. Nola? Gene "akastunak" aurkitu eta "zuzenduz". Gene-terapia erabili behar da horretarako, hots, zelula gaixoetan gene "onak" sartu behar dira. Dena den, gene-terapia oso gutxi landuta dago oraindik. Gainera, zelulak hain txikiak direnez, ezinezkoa da gene onak "eskuz" sartzea, ebaketa kirurgikoetan bezala. Ikertzaileek, oztopo hori gainditzeko, bektoreak erabiltzen dituzte: desaktibatutako birusak, erretrobirusak (birus-familia bat) edo liposomak. Horrelako birusek gene "onak" izaten dituzte eta berez sartzen dira gaixotutako zeluletan. Gene-terapiak aukera apartak eskainiko omen ditu etorkizunean. Baina, egia esan, orain arte, behinik behin, ez da oso eraginkorra izan gaixotasunen kontrako borrokan.


Eugenesia: Zer irakatsi digu historiak?

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Eugenesia: Zer irakatsi digu historiak?

Eugenesiaren arriskuen inguruan sortu den eztabaida ulertu ahal izateko, ezinbestekoa da iraganari aurrez aurre begiratzea, nahiz eta iragana mingarria izan.

Hilary Rose
Medikuntza-irakaslea Gresham College-n (Londres). Love, power and knowledge: Towards a Feminist Transformation of the Sciences liburua (Cambridge Polity, 1994) idatzi zuen.

Ia berrogeita hamar urtez, eugenesia terminoa (gizakion ezaugarri fisiko edo mental jakin batzuk hobetzeko edo ez agertzeko bideak aztertzen dituen zientzia) eta nazismoaren izugarrikeriak bat eginik egon dira denon gogoan. Ildo horretan, Brenno Muller Hill eta beste hainbat genetista alemanek argi utzi zuten zientzialariak eta naziak elkarlanean aritu zirela. Baina, zer dakigu beste herrialdeetako politika eugenesioez? Ezertxo ere ez, urte luzetan inor ez baita ausartu horien nondik norakoak aztertzera. Duela gutxi jakin dugu, hainbat historialariren lanari esker, zer gertatu izan den benetan eugenesiaren alorrean. Lehenik eta behin, argi geratu da eugenesiak babes politiko eta kultural nabarmena izan zuela XX. mendearen hasieratik hirurogeita hamarreko hamarkada arte, bai Ipar Amerikan, bai Europako hainbat estatutan. Harritzekoa bada ere, eugenesiak interes bizia piztu zuen iraultza sozialaren aldeko taldeengan, intelektual marxista eta sozialistengan, feministengan... Horiek guztiek ziotenez, zientziak lagundu egin behar zion Estatuari genetikoki "egokiak" izango diren gizakiak lortzeko ahaleginetan. Batzuk eugenesia negatiboaren aldekoak ziren, hau da, gizaki "desegokien" jaiotzak murriztu egin behar zirela uste zuten. Beste batzuek, berriz, eugenesia positiboa aldarrikatzen zuten, gizaki "egokiek" seme-alaba gehiago izan zitzaten.

Derrigorrezko esterilizazioa

Estatu batzuek "eugenesia" terminoa baztertzea erabaki zuten naziek egindako sarraskien berri izan zutenean. Baina, egiaz, eugenesia-saiakuntzak egiten jarraitu zuten. Emakumezko "atzeratuen" derrigorrezko esterilizazioa izan zen "politika demografiko" haien funtsa. Horrela, adibidez, Ipar Amerikako hainbat estatutan, 1907tik 1960ra, 60.000 emakumezko esterilizatu zituzten, derrigortuta esterilizatu ere. Gehienak afroamerikarrak ziren, ordea. Bistakoa da, beraz, arrazakeriak ere izan zuela zerikusirik eugenesia-kontuetan. Eskandinaviako agintari politiko eta genetistek ere derrigorrezko esterilizazio-neurriak hartzea erabaki zuten, beldur baitziren nagusitzen ari zen ongizate-estatu hartan ez ote ziren biztanle "desegokiak" seme-alabak izatera animatuko. 1934tik 1975era, 63.000 biztanle (%90 emakumezkoak) esterilizatu zituzten Suedian eta 48.000 Norvegian. Britainia Handiko eta Herbehereetako genetista eta politikariek, ostera, "borondatezko" programak sustatu zituzten, baina "atzeratuak" aukeratu zituzten nagusiki programa horietarako. Garai haiek isiltasunean murgilduta geratu ziren, ordea. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, asko kostatu da iraganeko neurrigabekeriak agerian uzten hastea. Suediako prentsan, adibidez, hirurogeita hamarreko hamarkadan hasi ziren argitaratzen eugenesiaren alorrean gertatutakoak. Eta iritzi publikoak harri eta zur hartu zituen berriak. Baina, hala ere, Suediako gobernuak 1996ra arte ez zituen esterilizatzera derrigortutako emakumeei zegozkien kalte-ordainak eman. Gaur egun, ordea, puri-purian daude horrelako gaiak, batik bat Giza Genomari buruzko Proiektuaren eraginez. Giza Genomari buruzko Proiektua 1985ean onartu zuten, eta, ordutik hona, asko izan dira iragan beltz horren xehetasunak jakitera eman dituzten ikertzaileak. Izan ere, gauzak argi utzi nahi dituzte, estatu-eugenesia zahar haren itzalak ez dezan inolako oztoporik sortarazi Giza Genomaren proiektuaren bidean. Horretan ari da, besteak beste, James Watson, ADNaren egituraren aurkitzaileetako bat. Giza Genomari buruzko Proiektuak 3.000 milioi dolarreko aurrekontua du ikerlanetarako. Bada, horra zertarako erabili duten kopuru horren zati bat: batetik, eugenesiaren iragana aztertzeko, eta, bestetik, orain burutzen ari diren ikerlanek nolako eragin sozialak, juridikoak eta etikoak izan ditzaketen aurreikusteko. Genetistek kontu handiz ibili behar izaten dute gaur egun. Estatu-eugenesiarekiko lotura oro saihestuz, beste bide bat urratu dute: umea izan nahi duten bikoteei kasuan kasuko azalpenak eman eta aukeratzen uzten diete; estatuari, berriz, haur minusbaliatu gutxiago jaioko direla agintzen diote. Baina minusbaliatuen eskubideen aldeko taldeen ikuspegia oso desberdina da, horrelako saiakuntzen helburu bakarra "normala ez den oro" aurkitzea dela uste baitute. Bide horretatik jarraituz gero, "normala" kontzeptua gero eta gehiago murriztuko dela iruditzen zaie, eta, ondorioz, minusbaliatuak gero eta gehiago baztertuko ditugula. Minusbaliatuen eskubideen aldeko talde batzuek ez dute inolako test genetikorik onartzen, ezta fetua "atzeratua" den jakiteko haurdunaldian zehar egiten diren horiek ere. Jarrera horrek kezka bizia eragin du mugimendu feministarengan, oso denbora luzea baitaramate abortatzeko eskubidearen alde borrokatzen. Izan ere, kontuan hartu behar da minusbaliatuen aldeko taldeek laguntza "objektiboa" eman diezaioketela abortuaren kontrako mugimenduari. Test horiek guztiak patentatuta daude, eta negozio bikaina dira, gainera. Baina, hala ere, horrelako probak erruz ugaritzen ari diren arren, terapia genetikoak agindutako aukera guztiak ez dira orain arte egia bihurtu. Medikuek, sarritan, ez dute jakiten gaixotasun jakin batzuk nola sendatu, eta abortatua iruditzen zaie konponbide bakarra. Emakume gehienek gogo onez onartzen dituzte haurra jaio aurreko testak, nahiz beraiek nahiz estatuak ordaindu. Aipatutako testak izugarri ari dira hedatzen, eta bioetikako aditu, talde feminista eta minusbaliatuen aldeko mugimenduen ustez, "eugenesia kontsumista" besterik ez du ekarriko horrek. Beraz, terapia genetikoak itxuraz aukera zabalak eskaintzen dituen arren, bene-benetan, "genetikoki egokiak" izango diren haurrak aukeratzeko erabiliko dugu, agian. Ugalketaren inguruko erabaki horiek benetan libreak diren jakiteko, honako galdera egin behar diogu geure buruari: Nori egiten diote benetan mesede horrelako testek? Haurdunaldian zehar egiten dituzten emakumeei edo saltzen dituzten enpresei? Bada kontuan hartzeko moduko beste puntu bat ere: haurra jaio aurreko proben bidez, gaixotasun genetiko larririk ba ote dagoen jakiten da, eta horrek aukeratzeko askatasun etiko handiagoa ematen du, jakina. Baina demagun hain larriak ez diren beste arazo genetiko batzuk aurkitzeko aukera ere badugula, adibidez: gorreria edo altuera txikia. Zer gertatuko litzateke orduan? Horrelako testen hedadurak beste arazo etiko larri bat ere sor dezake: arazo genetikoez buru-belarri arduratzen hasten bagara, ez al ditugu pobrezia eta gizarteko gainerako arazoak alde batera utziko? Troy Duster soziologo estatubatuarrak dioenez, medikuntzaren eta etikaren ikuspegia kontuan hartuta, hauxe da haur osasuntsuak jaiotzeko modurik onena: pobreziak jota bizi diren emakumeei haurdunaldian ongi elikatzeko laguntzak ematea. Kalifornian, adibidez, askoz ere gehiago dira pisu txikiegia izateagatik osasun arazoak dituzten edo hil egiten diren haur jaioberriak, gaixotasun genetikoak dituztenak baino. Baina, estatu hartan, ADN probei lehentasuna ematea erabaki zuten, dirua pobreziaren kontrako planetan erabili beharrean. Troy Dusterren ustez, erabaki hori diskriminatzailea da neurri batean, pobreen gehiengoa afroamerikarra baita. Zer egin behar da bioteknologia egokiago erabiltzeko? Lehenik eta behin, proba genetikoen aukerei eta mugei buruzko eztabaida plazaratu. Iritzi publikoak informazio fidagarriak behar ditu, horixe baita lege humanoagoak eta eraginkorrak egiteko bide bakarra. Izan ere, hainbat aldiz ikusi ditugu komunikabideetan "zure gustuko haurra" eta antzeko mezuak iragartzen dituzten titular handiak: gurasoek seme-alaben itxura eta maila intelektuala aldez aurretik aukeratu ahal izango dutela esaten dute guztiek funtsean. Bada, horrelako iragarkiek ez digute mesede handirik egingo ustez sortuko diren arazo etiko korapilatsuak konpondu nahi baditugu. Aipa ditzagun, azkenik, bi estatu: Danimarka eta Herbehereak, bertako biztanleek beste inongoek baino konfiantza handiagoa baitute Estatuarengan. Danimarkako eta Herbehereetako gobernuak dira, hain zuzen, bioteknologiak ahalik eta modurik demokratikoenean bideratzeko ahaleginik handienak egin dituztenak.

Kronologia

1840-1850: Enbriologia modernoaren hastapenak. Karl Ernst von Baer estoniarrak enbrioien genesiaren lehen etapak deskribatu zituen. 1866: Gregor Mendel monje txekiarrak herentziaren legeak finkatu zituen ilarrekin esperimentuak egin ondoren. 1875-1883: Walter Flemming anatomista alemanak kromosomak zenbatu zituen. Gizakiok 24 pare kromosoma ditugula adierazi zuen. 1956an, Joe-Hin Tjio indonesiarrak 23 pare kromosoma ditugula jakinarazi zuen. 1905: William Bateson ingelesak beste izen bat eman zion "mendelismoari" (herentziaren zientzia): "genetika" (gen¿tikos hitz grekotik: generazioari edo sorkuntzari dagokiona adierazten du). 1953:James Watson estatubatuarrak eta Francis Crick britainiarrak ADNaren egitura aurkitu zuten: helize bikoitza, alegia. Horixe izan zen genetika molekularraren (informazio genetikoa termino fisikokimikoen bidez adierazten duen zientzia) benetako abiapuntua. 1973: Gizakia klonatzeko lehen saiakuntzak egin ziren: enbrioia zatituz, hain zuzen ere. Lehen transgenesia ere burutu zuten, bakterioetan bakterioenak ez diren gene batzuk sartzea lortu baitzuten. Beraz, ingeniaritza genetikoari eman zitzaion bidea. 1978:Lehen probeta-haurra jaio zen Britainia Handian: Louise Brown. << n vitro ernalketa sistema erabili zuten. 1990: Giza Genomari buruzko Nazioarteko Proiektua aurkeztu zuten. Hauxe da aipatutako proiektuaren helburua: 2003. urtea baino lehen, ADNaren gene guztiak aurkitzea eta identifikatzea. 1995:Mark Hughesek giza enbrioiak klonatzeko lehen saiakuntzak burutu zituen, eta nukleo-transferentziaren teknika erabili zuen. Baina, handik aste batzuetara, suntsitu egin zituen klon guztiak. 1997: Ian Wilmut eskoziarrak Dolly ardiaren klonazioaren berri eman zuen. Zelula "heldu" batetik abiatuta lortutako klona dugu Dolly ardia (ikus 20. or.).


Jainkoa, genetika eta enbrioiak

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Jainkoa, genetika eta enbrioiak

Katolizismoak, budismoak, islamak, judaismoak, protestantismoak... Erlijio batzuek besteek baino dogmatismo handiagoz hartzen dituzte zientziaren aurrerapenak.
Sophie Boukhari
UNESCO Albistariako kazetaria.

Garai batean, aingeruen sexua eztabaida-iturri izan zen teologoen artean. Gaur egun, enbrioien arima dute aztergai eta hizpide nagusia: gizaki errealak, beraz, eta ez zerutiarrak. Gai horrek kristautasunaren mugak ere gainditu ditu. "Erlijiotasuna beherantz doan honetan, ingeniaritza genetikoak sortarazten dituen galderen atzean arazo metafisikoak daude funtsean, tradizioaren, kulturaren edo obligazioaren eraginez, hain zuzen", uste du Jean-Fran¿ois Mattei genetista eta diputatu frantsesak. Zilegi al da haurra jaio aurreko testak egitea, beti ere arazo genetiko larriren bat egokituz gero abortatzeko asmoa izanik? Legeak onartu egin behar al ditu enbrioia, terapia genetikoa eta klonazioa helburu dituzten ikerkuntzak? "Liburuaren erlijio" guztiek (kristautasuna, judaismoa eta islama) ez dute erantzun berbera eman: enbrioiak arimarik ba ote duen; hortxe dago koska. Enbrioien ustezko arimaren ondorioz, halako muga antzeko bat ezarri dute ingeniaritza genetiko onaren eta txarraren artean. Baina muga hori aldakorra da oso. Rene Frydman genetista frantsesak Dieu, la m¿decine et lïembryon liburua argitaratu zuen (Paris, 1997). Bertan, honakoa dio, besteak beste: "Enbrioiak arima baldin badu, ez da bizitza biologiko hutsa izango, erabateko gizakia baizik. Ondorioz, gizaki horren integritatearen kontrako ekintza oro krimena izango da". Eta gainera: "Enbrioiak arimarik ez badu ere ezin da horrelako ekintzarik onartu -Jainkoak emandako bizitza errespetatu egin behar da-, baina, eginez gero, ez lirateke hain larriak izango".

Kontrakoen "frontea"

Besteekin alderatuz gero, eliza katolikoak baditu zenbait berezitasun. Lehenik eta behin, "egia" bakarrean oinarritzen da, beste erlijioek ikuspegi pertsonalagoentzako bidea uzten duten arlo batzuetan: juduek errabinoarekin hitz eginda har ditzakete erabakiak, ortodoxoek popearekin hitz eginda, budistek maisuarekin, etab. Beste erlijioetan, gainera, hainbat korronte (judu liberalak eta ortodoxoak, talde budista desberdinak etab.) edo eskola juridiko (malikismoa, hanafismoa, safiismoa, hanbalismoa islam sunniaren baitan) daude. Baina erlijio guztiak bat datoz honetan: bizitzari eta giza duintasunari erabateko errespetua sor zaiela uste dute. Ildo horretan, Erromako Eliza da enbrioiarekiko errespetua aldarrikatzen duen bakarra, "ernaldu den momentutik bertatik gizakia baita". Joan Paulo II.ak askotan aipatu izan du gai hori, batik bat Veritatis Splendor (1993) eta Evangelium Vitae (1995) entzikliketan. Eliza katolikoak debeku ugari ezarri du fetuarekiko errespetuaren izenean: "ezin" da haurra jaio aurreko testik egin, emaitzaren arabera abortatzeko asmoa izanez gero; "ezin" dira onartu enbrioiaren inguruko ikerketa eta terapia gehienak... Aita Santuak ez du klonaziorik ere onartzen, ez ugalketa helburu duena, ezta terapeutikoa ere. Joan Paulo II.aren iritziz, klonazioak, gizakiaren bakartasunaren printzipioa urratzeaz gain, erabat hausten du sexualitatearen eta ugalketaren arteko lotura sakratua ere. Erromako Elizaren ikuspegia eta kristau ortodoxoena oso antzekoak dira. Baina horiek ez dira genomaren teknologien "kontrako frontearen" kide bakarrak. Horrela, islamak eta judaismoak bi oinarri hartzen dituzte kontuan: enbrioia noiz bihurtzen den benetako gizaki eta seme-alabenganako errespetu osoa. Korronte musulman batzuen ustez, izpiritua (ruh) 40. egunean sartzen da fetuaren barruan, eta beste batzuen ustez, berriz, 120. egunean. Haurra jaio aurreko testak erlijio guztiek onartzen dituzten arren, abortuaren inguruko iritziak ez datoz bat. Hïmida Ennaifer Tunisiako Teologiako Goi Mailako Institutuan ari da lanean. Hona hemen Ennaifer-en hitzak: "jurista musulman guzti-guztiek errefusatzen dute abortua fetuak bizitzaren hatsa hartu ondoren. Mailiki batzuek ez dute onartzen ezta fetuak 40 egun bete aurretik ere. Beste eskola batzuen ustez, zilegi da lehen lau hilabeteetan abortatzea". Iritziak iritzi, islamak geneen terapia somatiko guztiak onartzen ditu. Baina, era berean, erabat gaitzesten du hozi-zeluletan aldaketak egitea eta Jainkozko printzipioa zalantzan jartzen duten ekintzak burutzea. Eta bigarren puntu horretan kokatu behar dugu, hain zuzen, klonazioa. Zenbait juristak -gutxiengoak, hala ere- uste duenez, kasu jakin batzuetan hobe da klonaziora jotzea "adulterio genetikoa" egitea baino. Horrelakoetan, klonazioak seme-alabenganako errespetua bermatuko omen luke: umerik izan ez dezaketen bikoteek, adibidez, lagunduriko ugalketa aukeratuz gero, ez dute gameto-emailerik behar izango. Juduak, bestalde, Talmudean oinarritzen dira. Talmudean jasotzen denez, "Itsaso Gorria zeharkatzerakoan gertatutako mirari hartan, amaren sabelean zeuden enbrioiek ere egin zioten goratzarre Jainkoaren handitasunari". Eta gainera: "Enbrioiek ere egin bazioten goratzarre Jainkoaren handitasunari, argi dago badirela arimaren eta kontzientziaren jabe". Baina berrogeigarren egunaren ondoren gertatzen omen da hori, ordura arte enbrioia "ura besterik" ez baita. Halakharen (juduen legea) esanak betetzeko hobe da, beraz, haurra jaio aurreko testak berrogeigarren eguna baino lehen egitea. Berrogeigarren egunaren ondoren, abortua kasu bakar batean izango da zilegi: amaren osasuna arriskuan dagoenean. Errabinoek, ordea, interpretazio ugari egin dute horren inguruan. Zenbaiten ustez, kasu batzuetan zilegia da berrogeigarren eguna pasatu ondoren abortatzea: adibidez, fetuak gaixotasun sendaezinen bat duela jakin ondoren, ama depresioak jota geratzen bada. Beste errabino batzuk, ostera, askoz ere zorrotzagoak dira gai horretan. Enbrioiekin egindako esperimentuei dagokienez, onargarriak iruditzen zaizkie kasu jakin batzuetan, batik bat enbrioiak bizirik irauteko aukerarik ez duenean. Judaismoak ez du klonazioa baztertzen, dio Rapha¿l Bra¿ jurista eta teologo frantsesak. "Horrelako teknikak helburu terapeutikoetarako erabiltzen hasiko balira, gizarte osoak egin beharko luke gogoeta gai horren inguruan. Ez dugu ahaztu behar printzipio erlijiosoak daudela horren guztiaren oinarrian, hala nola, gizakiaren bakartasuna eta derrigorrezko medikuntza-tratamenduak", Bra¿ren hitzetan. Salbuespenak salbuespen, judaismoak ez du klonaziorik onartzen. Kristau protestanteek hobeto hartzen dituzte, oro har, genetikaren aurrerapenak. Garrantzi handia ematen diote aukeratzeko askatasunari, kasu guztiak ez direla berdinak eta erabakiak bikoteak hartu behar dituela uste dute. "Batzuek erabat onartzen dute, emakumeak hala erabakiz gero, haurra jaio aurreko testak egitea eta abortatzea", dio Carlos de Sola espainiarrak, Europako Kontseiluko Bioetika Saileko buruak. Carlos de Solaren iritziz, "esperma-hautespenaren bidez seme-alaben sexua aukeratzeko eskubidea ere onartzen du zenbaitek, bikoteek bai neskak bai mutilak izan ditzaten". Protestanteek onartzen dituzte, baita, enbrioiekin egindako ikerketak ere, baina kontrol zorrotza ezarri behar delakoan daude. Klonazioari ere ez dizkiote ateak ixten, baina bai, ordea, helburu merkantilista eta eugenesikoei. Budismoa are gehiago urruntzen da jarrera dogmatiko orotik. "Sufrimendua da muga etiko bakarra. Buda terapeuta da, ororen gainetik", Rapha¿l Liogier aditu frantsesaren hitzetan. Ekar ditzagun, bada, gogora Dalai Lamaren (Tibeteko budisten erlijio burua) hitzak: "beste ezer baino lehen, hauxe aztertu behar dugu: manipulazio genetikoek zertan egingo diguten mesede eta zertan kalte". Dalai Lamak onartzen du horrelako manipulazioak egitea, beti ere "giza gorputza -adimena, adibidez- hobetzeko balio badute". "Gorputza karmaren euskarria baino ez da (berraragiztatzearen teoriaren arabera, egiten ditugun ekintzak eta ekintza horien ondorioak iraganeko bizitzen emaitzak dira), dio Liogierrek. "Azken finean, berdin dio gorputza genetikoki aldatuta egotea. Baina ez da abortatu behar, abortuak karmari kalte egiten baitio". Baina abortuaren gaia ere erlatiboa da, ez sufritzea baita garrantzitsuena. Dalai Lamaren ustez, "kasu batzuetan zilegi da abortatzea, adibidez, erditzean ama hiltzeko arriskua dagoenean edo fetuak ezintasun larriren bat duenean". Esanak esan, erlijioaren jarrera etengabe ari da aldatzen bioetika-arazoei dagokienez: Vatikanoaren eta konfesio guztietako integristen jarrera zorrotza dira salbuespen bakarrak. Frydmanen iritziz, bizitzaren jatorriak edo zentzuak eragiten dizkiguten kezken aurrean, "erlijioak lagungarri izaten dira. Ongi dago erlijioek gizateriaren oinarrizko balioak gogoraraztea, baina ez, ordea, balio horiek inposatu nahi izatea. Balio horiek ez lirateke, gainera, dogma bihurtu beharko, eztabaida eta azterketarako oinarri izan beharko bailirakete".

ISRAEL: EZ JAKITEKO ESKUBIDEA
Rae HB FishMan
Zientzia-kazetaria Israelen.

Maitasunak zerurako bidean jartzen gaitu, baina ezkontzak lurrean erabakitzen dira. Judu ultraortodoxoen artean, ezkontza-kontuetan, bikoteen erabakia bezain garrantzitsua da familiaren iritzia, komenigarriena zer den hartzen baitute kontuan. "Inteligentzia eta ikasketa-maila oso garrantzitsuak dira, baina beste faktore batzuk ere izan behar dira kontuan: jatorria, gizarte-maila, aberastasunak eta osasuna, alegia", Yigal Bezalel Shafran errabinoaren iritziz. Gaixotasun genetiko hilgarriak dituzten familiak ez daude ongi ikusita hain gizarte zorrotz hartan. Kasu bakar batean onartzen dute abortua: amaren bizitza arriskuan dagoenean. Ildo horretan, aipatzeko da judu askenaziek (Ekialdeko Europatik datozenak) Tay-Sachsen gaitza izateko arrisku handia dutela. Gaixotasun hori dutenak haurtzaroan zehar zoratu eta hil egiten dira. Horrela, Tay-Sachsen gaitza izateko arriskua %4koa da (25 lagunetik batek) askenazien artean, eta %0,2koa, aldiz, juduak ez direnen eta judu sefardien (Mediterraneoko herrialdeetatik datozenak) artean. 1983an, errabino batek eta mediku batek Dor Yeshorim izeneko elkartea sortu zuten New Yorken. Irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek ezkondu aurretik test genetikoak egiteko aukera eskaintzen die askenaziei, gaixotasun larriren baten eramaile direnak ezkon ez daitezen. New Yorken, Israelen eta Erresuma Batuan, 70.000 lagunek baino gehiagok egin dituzte, dagoeneko, Tay-Sachsen edo beste gaixotasun batzuen testak, adibidez: mukobiszidosiaren (pankreasaren fibrosi zistikoa) probak. Israel izan zen programa hori gauzatu zuen lehen estatua. 1986an ekin zioten lanari, eta, ordutik hona, komunitate askenazi ultraortodoxoan ez da Tay-Sachas gaixotasuna duen haurrik jaio. Askenazi ultraortodoxo guztiek, baita lider espiritualek ere, bete-betean onartzen dituzte aipatutako programaren metodoak eta helburuak. Dena den, genetista batzuen ustez, horrelako gaixotasunak aurkitzeko prozedurek ez dituzte errespetatzen ez bizitza pribaturako eskubidea, ez "jakiteko" eskubidea, funtsezkoak biak mendebaldeko medikuntzan. Izan ere, testen emaitzak Dor Yeshorim elkarteko errabinoari bidaltzen dizkiote, eta ez probak egin dituen bikoteari. Bi ezkongaiak badira Tay-Sachsen gaitzaren eramaile, biei ematen diete berria, eta, beraz, ez dira ezkontzen. Baina ezkongai batek baino ez badu Tay-Sachasen gaitza, bikoteari ez diote ezertxo ere esaten, eta ezkondu egiten dira. Prozedura horrek emango die, agian, zeresanik mendebaldeko zientziari eta gainerako kulturei. Israelen, test genetikoak -batik bat gaixotasun sendaezinen ingurukoak- gero eta gehiago ari dira hedatzen. Eta horrek badu arrisku nabarmen bat: horrelako gaixotasunak dituztenak "kontzientzia txarraren eta sufrimenduaren menpe bizi behar izatea", Shafran errabinoaren hitzetan. "Ez jakiteko eskubidea" izango litzateke sufrimendu hori saihesteko bidea.


Estatu Batuak: Nolako haurra nahi duzu?

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Estatu Batuak: Nolako haurra nahi duzu?

Lehiakortasuna, desberdintasun sozialak, diru-gosea... Seme-alabak aurretiaz "programatzeko" aukerak arazo korapilatsuak utzi ditu mahai gainean, batez ere Estatu Batuetan.
1. Medikuntza: azken mugak hausten
Lee M. Silver
Biologia irakaslea Princeton Unibertsitatean (Estatu Batuak) eta Woodrow Wilson School of Public and International Affairs-en. Liburu hau idatzi du: Vuelta al Eden: M s all  de la clonaci¢n en un mundo feliz(Santillana/Taurus).

Boston (Estatu Batuak), 2010eko ekainak 1: Barbara bere seme Maxiri bularra ematen ari zaio. "Senarrak eta biok hauxe aukeratu genuen ernaldutako enbrioi guztien artean", esan dio lagun bati. "Ez genuen gure Max lodia izaterik nahi, nire anaia Tom bezala, edo alkoholikoa, nire koinata bezala". Seattle, 2050eko martxoak 15: Melissa umea izateko zorian dago. Kontrakzioak burutik kentzeko, bost urteko neskato polit horren sintesi-irudiei begira geratu da: horia du ilea eta berdeak begiak. Horrelakoxea izango da handik gutxira jaioko den haurra. Geneetan HIESaren kontrako babesa ere sartu diote bizitza osorako. Washington D.C., 2350eko maiatzak 15: Bi talde bereizi behar dira estatubatuarren artean: "hobetutakoak" eta "naturalak". Lehenengoen familiek diru asko ordaindu dute seme-alaben geneak hobetzeko. Baina bigarrenen familiek ez zuten izan hobekuntzak egiteko behar adina diru. Biztanleen %10 dira "hobetutakoak", eta goi-mailako karguak eta lanpostuak betetzen dituzte. "Naturalek", aldiz, gorriak ikusten dituzte bizitzan aurrera egiteko. "Hobetutakoen" gurasoek ez dute seme-alabak "naturalekin" ezkontzerik nahi izaten, eta ekin eta ekin ibiltzen zaizkie hainbeste diruren truke lortutako gene bikain horiek alferrik gal ez ditzaten. Ez duzu, ez, zientzia fikziozko kontakizuna. Egun ezagutzen ditugun datuetan oinarritutako egoerak dira guztiak. Laurogeiko hamarkadatik hona, arratoi, behi, bildots eta txerrietan egindako manipulazio genetikoetan emaitza onak lortu dituzte. Baina oraindik ez dira hasi horrelako esperimentuak gizakiengan egiten. Zergatik? Giza zeluletan gene jakin batzuk sartu nahi izanez gero, emaitza onen portzentajea %50ekoa izango litzatekeelako, asko jota. Gene jakin batzuk aldatuz gaitzak sendatu ahal izatea are zailagoa da, gainera, ia ezinezkoa baita emaitza onak lortzea. Baina klonazioaren ondorioz, gauzak errotik aldatu dira. Egun batzuk lehenago ernaldutako obulu batetik zelula bat atera eta milaka klon lor daitezke. Gero, klonak manipulatu egin beharko lirateke: adibidez, orratz mikroskopikoen bidez, ADN arrotzak sartuz. "Wilmuten teknika" erabiliz (21. orrialdean azaldu dugu), zelula baten nukleoa atera eta obulu batean sar daiteke, eta, gero, obulu hori amaren sabelean ezarri. Gaur egun, laborategi ugaritan ari dira horrelako aukerak aztertzen. Ez dakigu, azkenean, metodo bakarra edo hainbat metodo batera erabiliko ote dituzten, baina, dirudienez, XX. mendearen erdia aldera enbrioien manipulazio genetikoa prozedura ziurra eta eraginkorra izango da. Medikuntzak eta filosofiak azken mugak hautsiko dituzte orduan. Gizakiaren berezko izatea aldatzeko gai izango dira. Gaixotasun larrien kontrako (mukobiszidosia...) borroka izango da manipulazio genetikoen lehen urratsa. Hasieran, gurasoek beste norbaiten geneak emango dizkiete seme-alabei. Adibidez, fetuetan minbizi-mota batzuen edo HIESaren kontrako geneak sartzeko eskatuko dute (Estatu Batuetako gizonezkoen ia %1k HIESaren kontrako gene berezi bat du). Bide horretan aurrera eginez gero, hainbat ezaugarri eta joera errotik ezabatzea lortuko da: loditasuna, alkoholismoa, diabetea edo beste hainbat gaixotasun. Etorkizunean, genetistak burmuina eta zentzumenak aztertzen ere hasiko dira, ziur aski. Horrela, gaixotasun mentalak edo jarrera tratagaitzak (adibidez, agresibitatea) eragiten dituzten geneak aldatzea lortuko dute. Bestalde, seme-alabei arterako dohaina eman nahi izanez gero, adibidez, teknologiaren aurrerapenei esker, aski izango da ikusmen edo entzumen gaitasuna hobetzea. Burmuinaren funtzionamendua ere hobeto ezagutuko dutenez, ahalmen kognitiboak indartzeko aukera izango dute: adibidez, epe laburrerako oroimenaren genea aldatuz, epe luzerako genea lortuko dute. Izan ere, arratoiengan hasi dira dagoeneko horrelako manipulazioak egiten. Lehen urrats horien ondoren, giza genomarenak ez diren geneak sartzea izango dute helburu. Esate baterako, giza genoman saguzarren geneak sartuz gero, gizakia irrati-uhinak hartzeko edo gauez ikusteko gai izango litzateke. Bistakoa da manipulazio genetikoak oso konplexuak eta arriskutsuak direla, eta, beraz, denbora luzea behar izango dela esandako guztia errealitate bihurtzeko. Giza genoma aldatzen hastea arriskutsua ere bada, ez baitakigu ziur nolako kalteak eragingo ote dituen. Saiakuntza genetikoak izugarri ugarituko dira, eta oso anitzak izango dira, gainera. Genetikak datozen urteotan egingo duen ibilbidea ordenagailuen munduak laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan egindakoaren antzekoa izango da. Imajinatu ere egiten ez ditugun makina bat gauza oso normalak izango dira etorkizuneko gurasoentzat; nahikoa diru izanez gero, jakina.

2. Askatasunaren mugak
Amy Otchet
UNESCO Albistariako kazetaria.

"Gencal zerbitzuak merkatuko enbrioirik onenak eskaintzen dizkizu aukeran. Ez utzi zuen seme-alaba maiteak zoriaren menpe!" Estatu Batuetako gurasoei horrelako iragarkiak helduko zaizkie etorkizunean. Denbora kontua baino ez omen da izango hori, Jeffrey Botkin doktorearen (boietikako aditu eta genetista pediatra) ustez. Iparramerikarrek, orain ere, eginahalak egiten dituzte seme-alabek arrakasta lor dezaten. Orduan, zergatik ez saiatu jaio aurretik arrakastarako bidea errazten? Aski da ernaldutako obulu-multzo batean "onena" aukeratzea edo fetuan hobekuntza genetikoak egitea. "Ongi etorri eugenesia-askatasunaren mundura", dio Arthur Caplan-ek. Izan ere, Caplan, bioetikako aditu ospetsua izateaz gain, Pensylvanniako Unibertsitateko irakasle ere bada. Hona hemen bere iritzia: "Gurasoek seme-alaben ezaugarriak aukeratu ahal izango dituzte. Hauexek izango dira muga bakarrak: haurra ez hiltzea, haurrari kalterik ez eragitea edo haurraren ezaugarriek okerrera ez egitea. Osasunerako arriskurik ez badago, ez dago zertan kritikatu seme-alabak biologikoki hobetu nahi izatea". Philip Kitcher, Columbiako Unibertsitateko irakaslea, ez dator bat Caplanen ikuspegiarekin. Kitcher filosofoa da eta "laissez faire eugenesia" terminoa asmatu zuen. Termino horren haritik, honakoa da Kitcherren iritzia: "Lehiakortasuna giza uterora ere eraman dugu. Ez nuen uste horretara iritsiko ginenik. Gizarte kapitalista eta arrakastarako grina: horiexek dira arazo-iturri nagusiak. Gurasoek seme-alabei material genetiko `egokiaï emateko obligazioa dutela pentsatuko dute azkenean". Genetistek ADNaren inguruko probak egiten jarraituko dute, teknika berriak aurkitu eta enbrioiak hobetzeko asmoz. Kitcherren ustez, "gurasoei zalantza sortuko zaie: batetik, seme-alabentzat onena nahi izango dute; baina, bestetik, gizarteko aurreiritzien eraginari ere egin beharko diote aurre". Imajina dezagun seme-alaba aukeratzera joandako bikote bat: in vitro ernaldutako obulu batzuk eman dizkiete bat aukera dezaten. Demagun, gainera, zientzialariek homosexualitateari lotutako gene batzuk aurkitu dituztela. Argi dago zer etorriko litzaiekeen burura guraso askori: "izatez, berdin zaigu, ez dugu inolako aurreiritzirik, baina homosexualentzat ez da batere erraza gizartean aurrera egitea". "Proba genetikoek `jendilajeaï ezabatzeko balio izango dute", Kitcherren ustez. Txinan eta Indian, adibidez, amniozentesia sexu-aukeraketarako erabiltzen dute. Eugenesia-mota hori beste helburu batzuetarako ere erabiliko da gero: gizarte-arazo jakin batzuk errotik konpontzeko, alegia. Azalaren koloreak, esate baterako, arazoak sorrarazten ditu zenbait lekutan. Beraz, litekeena da bikote afroamerikarrek seme-alaba zuriak izaten saiatzea. Medikuek horrelako eskariei uko egiteko eskubidea izango duten arren, oraindik ez dakigu norantz joko duten Estatuek etorkizunean, enbrioien aukeraketa eta "hobekuntza" arautuko ote duten ala ez. Ekar ditzagun oraingoan gogora Caplanen hitzak: "Ez dut uste legeak arlo hori arautuko duenik, eta ez dakit beharrezkoa ote den ere". Ildo horretan, Estatu Batuetan ondorengo ikuspegia da nagusi: aukera pertsonala dela ernalketa eta ugalketa arazoen konponbiderik onena. Caplanek dioenez, "bizitza pribatuari zor zaion errespetuari esker legeztatu zen abortua. Estatua haurren jaiotza-baldintzen inguruko arauak ezartzen hasten bada, abortuaren kontrako taldeak horretan oinarrituko dira, agian, eta mugak jarriko dizkiote emakumeek seme-alabak noiz izan erabakitzeko duten eskubideari. Nolatan hasiko da Estatua gurasoek seme-alabei biologikoki eman nahi dioten horri mugak jartzen? Ez al die, bada, askatasun osoa uzten erlijioan, hezkuntzan eta beste hainbat arlotan erabakiak hartzeko?". Caplanen ustez, ez da gauza bera enbrioiak genetikoki hobetzea eta haurrak "programatzea"; izan ere, erlijio-hezkuntza zorrotzak askoz ere eragin handiagoa baitu haurrengan, adibidez, kirolerako trebetasuna hobetzeko ahaleginak baino. Kitcherren iritziz, banakako erabakien ondorioz, denboraren joanean, gizarte homogeneoa sortuko da, agian, litekeena baita guraso gehienak ezaugarri jakin batzuk aukeratzen hastea. Gizarteak haurtxo lodikote ilehori eta begiurdinez betetzen hasiko dira, horrela. Kitcherrentzat hori ez da, ordea, arriskutsuena, beldur handiagoa baitie ezaugarri "egoki" jakin batzuk aukeratzeko joera horren beste ondorio batzuei: aniztasunarekiko errespetua bertan behera geratzea, arrazakeria indartzea eta gizartean gero eta bereizketa handiagoa sortzea horrelako tratamenduak ordaintzeko dirua dutenen eta ez dutenen artean. Hori guztia ez litzateke etikoki zuzena izango, Caplanen iritziz, baina "ez dago zereginik". Gizartearen onerako gizabanakoaren askatasuna mugatzen hastea ez dator Ipar Ameriketako tradizioarekin bat. Lori Andrewsek -Chicagoko Zientzia, Zuzenbide eta Teknologia Institutuko zuzendaria bera- badu zeresanik horretan guztian. Andrewsen ustez, legea malgua da gai horretan, eta, beraz, badago gauzak konpontzeko aukerarik. Konstituzioaren arabera, Estatuak ezin du eskurik sartu bikoteek haurrak izatearen inguruan hartutako erabakietan. Baina horrek ez du esan nahi seme-alaben ezaugarriak aukeratzeko askatasun osoa ematen duenik. Bestalde, auzi larriak sortu dira abortuaren kontrako taldeen eta zientzialarien artean, eta horixe da, hain zuzen, genetikaren gaia arautzeko dagoen oztoporik handiena. Bi talde horiek muturreko jarrerak hartu dituztela iruditzen zaio Andrewsi, eta muturreko jarrera horiek itxi diotela bidea genetikaren alorra arautzeko aukerari. Horrela, gobernuak ez du inolako kontrolik arlo pribatuan burutzen ari diren saiakeren gain. Food and Drug Administration (FDA) erakundeak du gai horren inguruko erabakiak hartzeko ardura: kontsumitzaileei zein proba eta tratamendu genetiko eskaini behar zaizkien erabakitzen du. Baina FDA erakundeak -gaineratu du Andrewsek- segurtasunean eta eraginkortasunean oinarrituta hartzen ditu erabaki guztiak, ikuspegi etikoari eta iritzi publikoari erreparatu gabe. Inolako legerik ez dagoenez, zientzialariek oso erantzukizun handia dute beren gain. Ugalketarako zerbitzu genetikoak oso berriak dira, baina onura handiak ekarriko dituzte, ustez. "Haur perfektuak" izango dira etorkizuneko publizitate-kanpainen ardatzak. Horra zein mezu helaraziko dioten gurasoei: jaiotzear dauden haur horiek "onena" merezi dutela bai haurdunaldiko testei bai hobekuntza genetikoei dagokienez. Merkatuaren presioaren eraginez, gurasoek orientazio medikua eta etikoa ere behar izango dute.

Gizartean, elkarrizketari bidea

Botkin doktoreak (Utah-eko Unibertsitatekoa) ez du uste medikuen jarrera zuzena izan denik: "Zein arazo dauden adierazi, eta kitto! Ez dute ia beste ezer egiten". Medikuak, haurrak jaio aurretiko proben emaitzak ematerakoan, jarrera neutrala hartzen saiatzen dira. Eta, bestalde, bikoteek proba jakin bat aukeratzen duten unean bertan, ugalketari buruzko erabakiak hartzen hasten dira. Ildo horretan, deontologiak erakusten die medikuei zein diren egoera jakin batzuetan bete beharreko gutxienezko arauak. Genetikaren esparrua garatu ahala, gehienezko mugak ere zehaztu beharko dituzte. Dena den, horrelako mugak ez lituzkete medikuek finkatu beharko, gizarte osoak baino. Behar-beharrezkoa da, beraz, gizartean genetikaren inguruko eztabaidari ematea bidea, eta eztabaida horretan adostasunak bilatzen saiatzea. Caplanen ustez, "aita edo ama ona" izatea da garrantzitsuena; Kitcherren ustez, berriz, "obulua umetokian dagoenerako zein aldaketa egin behar dizkiogun pentsatzen hasi gara. Horrek agerian uzten du erabat gizartean gauzak ez daudela batere zuzen. Legeak zer edo zer egin beharko du, jakina, baina baita gizarteak ere, hau da, oparotasunean oinarritutako kultura hau aldatzen hasi beharko dugu. Kapitalismoa jaun eta jabe dugun honetan, galdera bat nahi dut egin, filosofo naizen aldetik: genetikaren aurrerapenek mesede egingo al digute bai gurasooi, bai gure seme-alabei?


India: gizonezkoak nahiago

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

India: gizonezkoak nahiago

Indiako emakume askok abortatzea erabakitzen dute fetua neska dela esaten dietenean. Haurren sexua aukeratzeko bidea emango duten teknologia berrien ondorioz, egoera hori are gehiago kaskartuko da.
R. Ramachandran
Zientzia-kazetari indiarra. New Delhin ari da lanean.

Ultrasoinuak. Hitz hori barra-barra agertzen da Indiako publizitate-karteletan. Ultrasoinuen negozioa gorantz doa Indian. Dena den, soinu uhinen bidezko diagnostikoak oso hedatuta daude, mundu osoan, haurdunaldiko medikuntzan. Baina, Indian, beste zerbaiterako ere erabiltzen dute: ekografia egin eta, diru-truke, fetuaren sexua ematen diete jakitera gurasoei. Emaitza "negatiboa" (neska) bada, amak abortatzeko aukera izango du, horrela. 1996an onartutako lege baten arabera, debekatuta geratu zen haurra jaio aurreko testak fetuaren sexua jakiteko erabiltzea. Fetuak sortzetiko gaitzik edo gaitz genetikorik bat ote duen: horixe baino ezin dute aztertu medikuek. Ezin dute fetuaren sexua jakinarazi, bestela, legearen arabera, auzitaratu egingo bailituzkete. "Legea hain zorrotza izan arren, errealitatea oso bestelakoa da", dio S.C. Srivastavak, Indiako Osasun Ministerio Federaleko politika-zuzendariak. Agintariek badakite kliniketan sarritan hausten dutela legea, baina orain arte ez dute inortxo ere auzitara eraman.

Neskak: garestiegiak familiarentzat

Fetuaren sexua aldez aurretik jakiteko probak oso hedatuta daude Indian hirurogeita hamarreko hamarkadatik, orduantxe hasi baitziren medikuak amniozentesi (uteroko likidoa aztertzea) izeneko teknika erabiltzen. 1985ean Bonbain egindako inkesta baten arabera, amniozentesia egiten zuten zentroen %90k fetuaren sexua aztertzen omen zuen. Fetua neska izanez gero, abortuen kopurua %96koa omen zen, gainera. Gaur egun, ordea, gurasoek nahiago izaten dute ultrasoinuen testa egitea. Horrela, adibidez, Penjab-en (20 milioi biztanle baino gehiago dituen Indiako iparraldeko estatua) horretan jarduten duten 1.500 klinika daude. 1996ko legeak ondorio bakarra eragin du, itxuraz: medikuek diru gehiago irabaztea. Lehen 10 dolar kobratzen zuten kontsultako; orain, berriz, 30 dolar. Zergatik? Auzitara joateko arriskua dutelako. Sharada Jain New Delhiko ginekologo ezagunaren ustez, ultrasoinu bidezko diagnostikoak egiteko zentroak horrenbeste ugaritu izanak ez ditu gauzak inondik inora konponduko. Amniozentesiaren bidez fetuaren sexua zehatz-mehatz jakin ahal izateko, haurdunaldiaren 16. edo 18. astetik aurrera egin behar dira azterketak. Baina ultrasoinu bidezko sabel-ekografiak eginez gero, 14. astean jakiten da, jadanik, zein den fetuaren sexua: ziurtasun-maila %90ekoa izaten da, gainera. Dena den, ultrasoinu bidezko bagina-ekografia dugu teknikarik aurreratuena eta zehatzena: 12. astean jakiten da zein den fetuaren sexuan. Teknika hori oso hedatuta dago New Delhin, eta beste leku batzuetan ere hasi dira erabiltzen. Beraz, fetua neska bada, lehen hiruhilekoan abortatzeko aukera izango du amak, eta jakinekoa da horixe dela abortatzeko aldirik seguruena. Baina, Jain doktorearen ustez, horixe da, baita, sexu aukeraketa egin izanaren susmoak uxatzeko eperik onena ere. Mira Shiva doktorea Osasunaren aldeko Indiako Boluntario Elkarteko (New Delhi) kidea dugu, eta argi ikusten du zein den arazo horien guztien sorburua: Indiako gizarteak emakumezkoari buruz duen ikuspegia. Neskak garestiegiak direla uste dute familiek, ezkonsaria ordaindu behar izaten dutela-eta. Gizarteak emakumeen kontrako aurreiritziak eta erasoak bete-betean onartzen jarraitzen badu, sexu-aukeraketaren kontrako legeak ez du ezertarako ere balioko. Horrelako balio-sistemak izanda, nola hartuko ote dituzte enbrioien sexua aukeratzeko bidea emango duten teknologia genetiko berriak? Aipa dezagun, ildo horretan, Estatu Batuetako institutu batek sekulako ikusmira eragin zuela MicroSort izeneko teknika berria ezagutzera eman zuenean: X kromosomak (nesken geneak) eta Y kromosomak (mutilen geneak) daramatzaten espermatozoideak bereizteko balio du. Ia inoiz ez omen dute huts egiten: arrakasta %93koa da nesken kasuan eta %73koa mutilen kasuan. MicroSort teknikak 5.000 dolar balio du egun, baina merketu egingo omen da gerora. Medikuek diotenez, laster helduko da Indiara ere. "Hilabete gutxi batzuk besterik ez nituzke behar izango zerbitzu hori eskaintzen hasi ahal izateko", dio Anoop Kumar Gupta doktoreak. Izan ere, Kumar doktorea New Delhiko IVF and Fertility Clinicen ari da lanean. "Horretan hasiko banintz, ehundaka bezero izango nituzke atean zain", gaineratu du. Indiako mediku batzuen ustez, horixe da abortuari aurre egiteko sistemarik onena. Ildo horretan, aipa ditzagun, T.C. Kumar doktorearen (Bangaloreko Hope Infertility Clinicekoa) hitzak: "Argi dago zein den aukera etikoa: sexua aldez aurretik hautatzea edo abortuak egiten eta neskatoak hiltzen jarraitzea. Denbora asko behar izaten da gizartea aldatzeko, oso prozesu motela baita benetan. Eta horren zain egoteko moduan gaude, ala?" Shiva doktorea ez dator bat Kumar-en iritziarekin: "Fetuaren sexua aukeratzen hasiz gero, gure gizartearen jarrera patologiko hori indartzea baino ez dugu lortuko: emakumeak diskriminatzen eta gutxiesten jarraituko dugu".


Txinako legedia eugenesikoa al da?

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Txinako legedia eugenesikoa al da?

Mendebaldeko estatuek gogor salatu dute ama-haurren medikuntza arautzen duen Txinako legedia, gizabanakoaren eskubideak ez omen dituelako errespetatzen. Qiu Renzong akademiko txinatarrak ez ditu salaketa horiek onartzen; Frank Dik¿tter alemaniarrak, berriz, ez ditu Renzongen argudioak onartzen.
1. "Aurrerapausoa"
Qiu Renzong
Bioetika-programaren zuzendaria. Gizarte Zientzietako Txinako Akademia. Beijing.

Mendebaldeko komunikabideek eta zientzialariek jarrera gogorra hartu dute ama-haurren medikuntza arautzen duen Txinako legediaren kontra. Kritika batzuk onargarriak dira; baina beste batzuk gaizki-ulertu linguistiko edo kulturalen emaitzak baino ez ditugu. Aipatutako legedian behin eta berriro agertzen da yousheng hitza, eta hitz horrek, hain zuzen, gaizki-ulertu ugari eragin du. "Jaiotza osasuntsua" da yousheng hitzaren adiera pediatrikoa, baina nazien programa eugenesikoak deskribatzeko ere erabili izan da. Zoritxarrez, gure legeriaren ingeleseratu dutenek adiera horretara jo izaten dute. Ama-haurren medikuntza arautzen duen Txinako legedia eugenesikoa al da? Hona hemen politika eugenesikoen bi ezaugarri nagusiak: ez dute baimen indibidualik onartzen eta arrazistak izaten dira funtsean. Txinako legediak ez ditu bi ezaugarri horiek betetzen. Ezkongaiek gaixotasun hereditarioren bat dutenean, medikuek ez ezkontzea edo esterilizatzea gomendatzen diete, baina bikoteak izaten du beti azken hitza. Haurra jaio aurreko testetan gaixotasun genetikoren bat agertzen denean, medikuek abortatzeko gomendioa egiten dute, baina inoiz ez dute ama horretara behartzen.

Arrazoi kulturalak eta ekonomikoak

Gure legediak ez du inolako oinarri arrazistarik. Gaitz genetikoak murriztea du helburu bakarra. Txinan ez dugu izan, gainera, tradizio arrazistarik. Txinatarrok inperialismo koloniala eta militarismo japoniarra jasan behar izan ditugu. Beti ez genuen, agian, zuzen jokatuko, baina inoiz ez dugu pentsatu beste herriak baino hobeak garenik, eta arrazakeria inoiz ez da izan gure ekintza militarren eragilea. Gure barne-politikagintzan ez dago arrazakeria-arrastorik ere: han komunitatekoek, talde etniko nagusia izanagatik, ez dute pentsatzen beste inor baino hobeak direnik. Mendebaldekoek oso gaizki hartzen dute fetu akastunen inguruan Txinan nagusi den ikuspegia. Zergatik? Ez dituztelako ikuspegi horren arrazoi kulturalak eta ekonomikoak ulertzen. Ekar ditzagun gogora Xun Zi (K.a. 300-237) jakintsu konfuzianista handiaren hitzak: "Jaiotza da gizakiaren hasiera eta heriotza, berriz, bukaera. Hasiera eta bukaera onak dituenak Taoa [gorengo maila espiritualera heltzeko bidea] burutzea lortuko du." Konfuzianismoaren ikuspegi horretatik sortu dira Txinako politika genetikoaren funtsezko bi oinarriak. Batetik, abortua morala eta onargarria dela, jaiotzak ematen baitio hasiera bizitzari; fetuak ez dira, hortaz, oraindik gizakiak. Bestetik, sortzetiko gaixotasunak eta forma-anormaltasunak gurasoek edo arbasoek aurreko bizitzaren batean egindako bekatuen seinaleak direla. Normalak ez diren jaioberriei "fetu/munstro" deitzen zaie, eta ia inoiz ez dute izaten familiaren eta gizartearen babesik. Horrelakoetan, aitak ala amak lana utzi egin behar izaten du, eta, gainera, diru asko behar izaten dute haurra zaintzeko: maila ertaineko langile baten soldataren herena, alegia. Denbora luzea behar izango da horrelako jarrera negatiboak aldatzeko. Gaur egun, 50 milioi minusbaliatu baino gehiago miseria gorrian bizi dira, eta ez dirudi, epe laburrean behinik behin, haur ezinduen eta horien amen egoera larria konponduko denik. Askoren ustez, hobe da, bai haurrarentzat bai amarentzat, horrelako ezintasunak dituztenak ez jaiotzea. Izan ere, 1989an, Txinako Minusbaliatuen Elkarteak honako eskaera egin zion gobernuari: fetu deformatuen jaiotza debekatuko duen legedia ahalik eta azkarren onar dezala, horrelako haurrek sufritu baino ez baitute egiten, eta gizartearentzat zama handia izaten baitira. Genetistek gizartearen onuraren izenean, ez dute, zenbaitetan, gizabanakoaren autonomia errespetatu. Ez dute muga hau ongi bereizi: batetik, zer lor daitekeen teknologiaren bidez (proba genetikoak), eta, bestetik, zer den onargarria etikaren ikuspegitik. Hala ere, nire ustez, Txinako legedia aurrerapauso nabarmena izan da, genetikaren arloko laguntzak biztanle guztien esku jartzeaz gain, sexu-hautaketa debekatuta geratu baita. Genetikako eta bioetikako aditu txinatar batzuek, ordea, ez daude ados aipatutako legediaren zenbait artikulurekin, eta honako gomendioa egin dute: argiago adieraz dezala biztanleek, jakinaren gainean egonik, aukeratzeko eta baimena emateko askatasuna dutela. 1998an, Txinako gobernuak, bertako adituekin hitz egin ondoren, zenbait aldaketa egoki egiteko erabakia hartu zuen. Baina, bitartean, ondorengoa nahi diet eskatu mendebaldeko zientzialariei: gure legedia kritikatzen hasi aurretik, zuzeneko informazioa eskura dezatela gai horren berri duten Txinako funtzionarioen, genetisten edo hiritarren bidez. Bestela, orain arte bezala jardunez gero, lagundu beharrean, kalte besterik ez dute egingo.

2. "Behartzeko legeria"
Frank Dik¿tter
Txina Garaikidearen Institutuko eta Ekialdeari eta Afrikari buruzko Ikerketa Eskolako (Londreseko Unibertsitatea) zuzendaria.

Ama-haurrentzako medikuntza arautzen duten Txinako legeen aldekoek sarritan aipatzen dute yousheng terminoa ez dugula zuzen itzultzen: ez omen du "eugenesia" esan nahi, "jaiotza osasuntsua" baizik. Jakinekoa da terminoak itzultzerakoan testuingurua hartu behar dela beti kontuan, baina ikus dezagun, hala ere, zein den "eugenesia" hitzaren etimologia: eu erro grekoak "ona" esan nahi du eta genosek "jaiotza". "Jaiotza ona" da, beraz, "eugenesia" hitzaren jatorrizko adiera. Yousheng terminoa hogeiko hamarkadan asmatu zuten Txinan, garai hartan eugenesiari buruzko testuak barra-barra kaleratu baitziren: batzuk itzuliak eta beste batzuk txineraz idatziak. Eugenesiaren aldeko mugimendua alde guztietan hedatu zen, Suediatik hasi eta Japoniaraino, eta Txinako intelektual asko ere lotu zitzaizkion. Batzuek argi eta garbi hitz egin zuten nazien arraza-politikaren alde; beste batzuek aldarrikatzen zutenez, ordea, osasunez "ezgaiak" zirenek seme-alabarik ez izateko erabili behar zen eugenesia. 1949an, komunistak gobernura heldu zirenean, eugenesia tabu bihurtu zen. Baina, gerora, 1978an, seme-alaba bakarren politika ezarri zuten, eta eugenesia errealitate bihurtu zen. Gaur egun, oraindik, Txinako argitalpenetan -zientifikoetan nahiz bestelakoetan- sarritan aipatzen dute Francis Galton (1822-1911) jakitun britainiarra izan zela yousheng delakoaren aita. Eta horra nola definitzen duten yousheng kontzeptua: ugalketa selektiboaren bidez, Estatuari biztanleriaren ezaugarri fisikoak eta mentalak hobetzen laguntzen dion zientzia. Txinako legeriaren aldekoek diotenez, eugenesiaren alorrean behar-beharrezkoa da "baimen indibiduala" ematea. Baina hori egin al daiteke, benetan? Kontuan izan Txinan partidu bakarreko erregimena dutela eta disidentzia politikoa debekatuta dagoela. Eskualde-lege ugari onartu dira 1988tik hona; baina, horietan, gizabanakoaren nahia ez da ezertarako ere aipatzen. Kansu probintzian, adibidez, "burutik sano" ez daudenek edo "tararen" bat dutenek (termino horiek ez dute irizpide medikuen arabera definitu) ezin dute ezkondu, esterilizatu gabe, behinik behin. Esanak esan, gogoan izan behar dugu eugenesia eta arrazakeria ez direla beti elkarri lotuta egon. Hirurogeiko hamarkadan, milaka "atzeratu mental" esterilizatu zituzten Eskandinavian; baina, hala ere, ez zuten inolako bereizketarik egin "arraza" zela-eta. Txinako legediaren aldekoek, bestalde, maiz aldarrikatu izan dute Han komunitatekoek ez dituztela gutxiengo etnikoak gutxiesten, eta gaizki-ulertu ugari eragin du horrek. Galdetu, bestela, tibetarrei ea zein iritzi duten Han komunitatekoei buruz. Txinako lege eugenesikoek bi gizarte-talderengan dute, batik bat, eragina: nekazariengan (biztanleen %70) eta gutxiengo etnikoengan (55 talde eta biztanleen %8). Txinako genetista batzuek bete-betean uste dute ezintasun fisikoak eta mentalak askoz ere ugariagoak direla nekazarien artean hirietako biztanleen artean baino. Eta asko ere ugariagoak direla gutxiengo etnikoetan Han komunitatean baino. Halaber, endogamia ere aipatzen dute gutxiengo etnikoen artean nagusi den atzerapen ekonomikoaren eragile nagusitzat. Ni neuk, ordea, oso bestelako iritzia dut ikuspegi sasizientifiko horretaz: gutxiengo etnikoetan burutu ohi diren ezkontza endogamikoek Han komunitatekoengan sortarazi dituzten aurreiritzien emaitza baino ez dela iruditzen zait. 1995eko legearen aldekoek "balio konfuzianistak" ekarri ohi dituzte, askotan, gogora. Baina Txinan gauzak asko aldatu dira denboraren joanean. 1990eko hamarkadan Xun Zi-ren egintzak hartzen dituzte, oraindik, oinarritzat: nazien politikaren ezaugarriak ulertarazteko espartarren ekintzetara jotzea beste da hori. Izan ere, ugalketa-askatasuna ez dagokie kultura pribilegiatu gutxi batzuei soilik, gizaki guztion eskubide besterenezina baita. Onartezina da guztiz hazkunde demografikoaren kontrol zorrotzaren aldeko aldarrikapenak arrazoi kulturaletan oinarritzea. Hirurogeiko hamarkadan Indian burututako esterilizazio-programek, adibidez, hiritarren ezezko biribila hartu zuten garai hartako hauteskundeetan. Bestalde, hainbat ikerlanek agerian utzi duenez, Txinan oso ikuspegi desberdinak daude minusbaliatuen inguruan. Laurogeiko hamarkadaren bukaeran egindako inkesta batzuetan honakoa geratu zen agerian: %25en ustez, bizitza sakratua dela beti, kasu eta baldintza guzti-guztietan. Izan ere, sortzetiko malformazio larriak oso trantze gogorrak izan ohi dira familientzat, eta, beraz, ezinbestekoa da eugenesiaren inguruko ikuspegi etikoak eta aukera medikoak zorrotz aztertzea eta eztabaidatzea. Eugenesiari buruzko egungo legeria ez da adostasunaren emaitza izan, behartutakoa baizik. Herrialde demokratikoetan ere talde marjinalak diskriminatuta egoten dira zenbaitetan, gizartearen aurreiritziek eta interes ekonomikoek eragin handia baitute familiei, langileei, aseguru-etxeei edo gizarte-zerbitzuei heltzen zaien informazio genetikoaren gain. Bai Txinan, eta baita partidu bakarreko gainerako Estatuetan ere, biztanlerik "ahulenak" ezabatzea -eta ez laguntzea- izan da eugenesiari buruzko legeen helburua.

AMA-HAURREN MEDIKUNTZARI BURUZKO LEGEA. TXINA, 1995.

Ondoren, ama-haurren medikuntza arautzen duen Txinako legearen xedapenik garrantzitsuenetako batzuk aipatuko ditugu. Lege hori 1995ean sartu zen indarrean. 8. artikulua: Ezkondu aurretik derrigorrez egin beharko da osasun-azterketa, bikotekideek honako gaixotasun hauetakoaren bat ote duten ikusteko: gaitz genetiko larriak, gaixotasun infekzioso jakin batzuk edo gaixotasun mental heredagarriak. 10. artikulua: Ezkondu aurreko osasun-azterketa egin ondoren, gaixotasun genetiko larriren bat izateagatik ezkongaiak ez badira seme-alabak izateko gai, medikuek kasuan kasuko azalpenak eta osasun-laguntza emango dizkiete. Horrelakoetan, bi aukera izango ditu bikoteak: epe luzerako neurri antikontzeptiboak hartu ala esterilizatu. Bata ala bestea egin ezean, ezingo dute ezkondu. 16. artikulua: Seme-alabak izateko adina duten bikoteengan gaixotasun genetiko larriren bat aurkituz gero, edo medikuek horrelako gaixotasunen bat izan dezaketela uste badute, kasu bakoitzean behar den osasun-laguntza emango zaie. Bikoteak medikuak adierazitako neurriak hartu beharko ditu gero. 18. artikulua: Bikote ezkonberriei haurdunaldia eteteko azalpenak eta osasun-laguntza emango zaie, haurra jaio aurretiko azterketetan honako emaitzaren bat egokituz gero: fetuak gaixotasun genetiko larriren bat izatea; fetuak gabezia larriren bat izatea; haurdunaldiak aurrera eginez gero, amaren bizitza eta segurtasuna kolokan egotea, edo bestela, haurdunaldia amaren osasunerako arriskutsua izatea.


Erresuma Batua: Giza klonazioa eztabaidagai

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Giza klonazioa eztabaidagai

Gizakia klonatzeko aukerak inoiz ezagutu ez diren arazoak eragingo ditu. Erresuma Batuan, Dolly ardi klonatuaren aberrian, sortu da eztabaidarik sutsuena.
David Dickson
Nature aldizkari zientifikoaren informazio-burua. The New Politics of Science liburua idatzi zuen (University of Chicago Press, 1988).

1997ko otsailean, Ian Wilmut ikertzaile britainiarrak eta bere lankideek ardi bat klonatzea lortu zutela jakinarazi zuten. Dolly zen, hain zuzen, klonatutako ardia. Mundua harri eta zur geratu zen berri hura entzundakoan. Hauxe izan zen, bestalde, Erresuma Batuko gobernuaren erantzuna: klonazio-lanek eragin ditzaketen ondorioak kontrolatzeko behar diren neurri guztiak hartuta daudela jadanik. Izan ere, mundu osoko agintari politikoek eman zioten erantzuna Dollyren klonazioaren berriari, eta denak bat etorri ziren honetan: klonazioaren inguruko saiakuntzak atzeratu egin behar direla mundu osoan. Erresuma Batuko gobernuak jakinarazi zuenez, 1990ean onartutako lege baten arabera (Human Fertilization and Embryology), giza klonazioa debekatuta omen dago lurralde osoan. Aipatutako legean jasotzen denez, giza fetuetan lehenengo 14 egunetan baino ezin izango dira egin azterketak. Lege horrek, beraz, "klonazio terapeutikoari"* (klonazioa organoak eta ehunak ordeztu edo sendatzeko erabiltzea) ireki zizkion ateak, neurri batean. Baina, 1999ko ekainean, gauzak errotik aldatu ziren, Erresuma Batuko gobernuak ez baitzuen onartu 1990eko legeak ezarritako kontrol-erakundearen erabakia. Izan ere, Human Fertilization and Embryology Authority erakundeak legea aldatzeko proposamena egin zuen, klonazio terapeutikoaren inguruko ikerketak legezkoak izan zitezen. Gobernuak denbora behar zuela erantzun zuen, gai horren ondorio etikoak sakon aztertu nahi zituela-eta. Klonazioaren gaiak auzi politiko gogorra eragin du Erresuma Batuan. Ian Wilmutek eta bere lankideek erabilitako klonazio-teknika aurrerapen zientifiko garrantzitsua zela pentsatu zen hasieran, eta medikuntzan ustez izango dituen erabilera ugariek bultzada ederra emango ziotela Britainia Handiko ekonomiari (batik bat patenteak mundu osoko konpainiei saltzearen ondorioz). Baina "encefalopatia espongiforme" edo "behi eroen"gaisotasunak kolokan utzi zuen jendeak aditu britainiarrengan jarri zuen konfidantza. Eta oraindik kezka hori areagotu egin da genetikoki aldatutako landareek sortarazi ditzaketen arriskuekin; ez baitago argi nolako kalteak eragin ditzaketen giza osasunean eta ingurugiroan. Gauzak horrela, Britainia Handiko gobernuak ez du teknologia "iraultzaile" eta eztabaidagarri hori zilegiztatzeko asmorik, ez baitu bere izen ona berriro kolokan geratzerik nahi.

Klonazioa behar bezala erabiltzea

Ia inor ez dago gizakia neurri gabe klonatzearen alde. Klonazio terapeutikoak medikuntzan izan ditzakeen erabilerak: horixe da auziaren iltzea. Klonazioa baliagarria izan daiteke, adibidez, mitokondrietako (zelulari indarra ematen dion material genetikoa) ADNa kaltetuta daukaten emakumeak sendatzeko, beti ere gaitz hori seme-alabei transmititzeko arriskua egonez gero, jakina. Edo, bestela, mentuetarako azala sortzeko, gaur egun gaixoen gorputz-atalen batetik hartzen baitute. Klonazioa baliagarria izan daiteke, baita, hezurretako edo gibeleko zelula txarrak ordezteko ere. "Klon" hitzak izugarrizko arbuioa eragiten dio askori, irudi jakin bat ekartzen baitie gogora: bere buruaren milaka erreplika izan nahi dituen diktadore edo izarrarena, alegia. Klonazioaren kontrakoen ustez, teknika horren bidez, azken muturrera eramango dugu gizakiaren instrumentalizazioa, gizaki batzuk beste batzuen interesetarako erabiliko baititugu, lehenengoen izatea ezertarako ere errespetatu gabe. Bestalde, "ugalketarako" klonazioaren eta klonazio "terapeutikoaren" arteko bereizketa hori kontu dialektiko hutsa iruditzen zaie, bigarrena legeztatuz gero, lehenengoari ere emango baitzaio bidea. Baina klonazioaren aukera medikoak erabat aprobetxatu behar direla uste dutenek, ordea, funtsezko deritzote aipatutako bereizketari. Horixe pentsatzen du, adibidez, Ian Wilmut-ek: azken bi urte eta erdi hauetan, etengabe aldarrikatu ditu klonazioak eskaintzen dituen aukera apartak, eta arriskuak ere ez ditu inoiz ezkutatu. Wilmut Geron Bio-Med enpresako zuzendari zientifikoa da orain. Geron Bio-Med 1999aren hasieran sortu zuten Roslin Institutek eta Geron izeneko bioteknologia-enpresa estatubatuarrak, alor horretako aurkikuntzak garatzeko asmoz. Ian Wilmuten eta beste hainbaten ustez, gizakien klonazioak identitate eta harreman arazoen gai korapilatsua ezarri du mahai gainean, batik bat familien baitan. "Imajinatu zer gertatuko litzatekeen gure etxean haur klonatuak jaioz gero. Pentsatu, adibidez, nolako arazoak izango lituzketen gurasoen itxaropenei behar bezala erantzun ezean. Eta ez da zaila hori gertatzea, nortasuna ez baita izaten ondare genetikoaren emaitza hutsa". Hala ere, Ian Wilmutek alde on ugari ikusten dizkie klonazio-teknikei, baina behar bezala erabili behar direla ere esaten du: "Ezin konta ahalako aukerak izango genituzke ugaldu ezin diren zelula kaltetuek eragindako gaixotasunak sendatzeko, adibidez, Parkinson gaitza". Wilsonek badaki gai hori oso korapilatsua dela; baina, arazoak arazo, "klonazioaren inguruko eztabaidaren urrats guztietan parte hartzeko irrikitan nago". Klonazio terapeutikoa ikertzeko baimena lortu nahian dabiltzanek eragozpen handiak izaten dituzte. Ildo horretan, abortuaren kontra daudenen presioak aipatu behar dira bereziki, oso gogor egiten baitiote kontra klonazio-mota orori. Halaxe gertatu zen, esaterako, Clinton presidentearen gobernuak klonazioaren inguruan aurkeztutako lege-proiektua aurkeztu zuenean. Abortuaren kontrako taldeek eginahalak egin zituzten bertan behera gerarazteko. Aipatutako proiektuak bi helburu zituen: ugalketarako klonazioa debekatzea eta klonazio terapeutikoa legeztatzea. 1999aren hasieran, Osasunaren Institutu Nazionalak jakinarazi zuen Kongresuak enbrioien inguruko ikerketak finantzatzeko diru federala erabiltzea debekatu egiten zuen arren, zelula enborrei* buruzko lanei laguntza emateko asmoa zuela. Eta, horretarako, sektore pribatuak utzitako zelulez baliatuko zirela: in vitro ernalketan erabili gabe geratutako zelulez, alegia. Kongresua klonazioaren gaiari irtenbideren bat eman nahian ari da egun. Klonazioari buruzko legedia dela-eta, Europan nagusitu den ikuspegia eta Klonazioaren kontrako talde estatubatuarren ikuspegia oso antzekoak dira benetan. Talde horiek klonazioak "gizakiaren duintasuna" kolokan jarriko duelakoan daude. Ildo horretan, aipa dezagun gizartean biziki errotuta dagoen beste uste bat: sorkuntzaren unean bertan hasten dela bizitza. Izan ere, uste horrek eraginda, Europako ia estatu guztietan debekatuta geratu da bai giza klonazioaren inguruko saiakuntzak egitea, bai enbrioiei buruzko ikerlanak burutzea. Baina Britainia Handiko eta Estatu Batuetako agintarien ikuspegia pragmatikoagoa izan da orain arte: giza klonazioak ustez eragin ditzakeen kalteak arrisku medikoak baino ez direla pentsatzen dute. Eta horrelaxe ikusten dituzte epe luzera eragin ditzakeen ondorioak ere. Morala galbidean Britainia Handiko gobernuak duela gutxi egindako adierazpen batzuen arabera, beste jarrera bat hartu duela dirudi, eta aurrerantzean ikuspegi etikoa ere izango duela kontuan. Jarrera aldaketa hori gogo onez hartu zuten Christian Action Research and Educationek eta gainerako presio-talde erlijiosoek. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Christian Action Research and Education taldeko zuzendariak, Charles Colchester-ek, gobernuari egindako eskaria: giza klonaziorako teknikak behatzeko sortu duen erakundeak inoiz ez dezala ahaztu horrelako ikerketek "morala galbidean" jarriko dutela, agian. Klonazioaren alorrean ari ziren ikertzaileek gogor kritikatu zuten gobernuaren jarrera-aldaketa hori. Robert Winston Londreseko Royal Post-graduate Schooleko irakaslea da: esterilitatearen inguruko gaiak irakasten ditu, hain zuzen. Winstonek ere ez zuen ongi hartu gobernuaren erabakia, arriskutsua iruditu baitzitzaion: gobernuak bere erabakiari eutsiz gero, Erresuma Batuko "bururik argienetako" asko kanpora joango zirela uste zuen. "Klonazioaren inguruko eztabaidan nahasmendu handia eragin du gobernuak, eta horrela jarraituz gero, medikuntzak azken hamarkada honetan emandako aurrerapausorik garrantzitsuenetakoa izan den horri trabak baino ez dizkio jarriko", Winstonen hitzetan. Badira, bestalde, klonazioari beste helburu bat eman nahi diotenak ere: merkataritzarako produktuak eskuratzea. Bada, talde horiei ere ez zitzaien batere gustatu gobernuaren erabakia. "Britainia Handiko zientzia punta-puntakoa da klonazioaren alorrean. Eta ez da ahaztu behar alor hori gorantz doala", dio John Sime Bioindustry Associationeko (bioteknologiaren alorreko langileen elkartea) buruak. "Lehia bizia dago klonazioaren alorrean, eta asko ere asko dago jokoan, bai gaixoentzat, bai ekonomiarentzat", uste du John Simek. Batzuek baikorrak dira klonazioari dagokionez, ziur baitaude, azkenean, gobernuak horrelako ikerkuntzak egiteko baimena emango duela. "Endekapenezko gaixotasunak sendatzea helburu duten teknika berri horietaz esaten den guztiaren erdia egia bada, ezmorala izango litzateke ikerkuntzei aurrera egiten ez uztea", adierazi du Juliet Tizzard Progress Educational Trust elkarteko kideak. Izan ere, Progress Educational Trus ugalketa-teknologiari buruzko ikerketen aldeko erakundea dugu. Baina hortxe darrai eztabaidak. Gizaki helduen kopia berdin-berdinak sortzeko aukera horrek lilura eragiten die batzuei; baina erabateko arbuioa beste batzuei. Klonazioaren inguruko ikerketei esker medikuntzan ustez lor daitezkeen aurrerapausoak alde batera utzita, argi dago teknika horien aldekoei asko kostako zaiela aurrera jarraitzeko baimenak lortzea.


Alemania: iraganaren itzalak

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Alemania: iraganaren itzalak

Naziek eugenesiari buruz zuten pentsamoldeak pisu handia du oraindik giza genetikaren aplikazioen inguruko lege eta eztabaidetan.
Hartmut Wewetzer
Kazetaria Berlinen (Alemania).

Alemanian kontu handiz heldu behar izaten zaio bioetikaren gaiari. 1997an, Dollyren klonazioaren berri izan zutenean, era guztietako espekulazioak egin ziren komunikabideetan, batzuk erabat zentzugabeak, gainera. Politikari, ikertzaile, elizako ordezkari eta ekologista askok giza klonazioaren kontrako jarrera gogorra hartu zuen, ezmorala zela-eta. 1990ean, enbrioien babeserako legea onartu zuten Alemanian, eta klonazioa debekatuta geratu zen, horrela. Biologiak, medikuntzak eta etikak kontrako erreakzio biziak sortarazi ohi dituzte Alemanian. Zergatik? Ludger Honnefelder bioetikako adituak askotan azpimarratu du horrelako gaien inguruan "pentsatzeko eta iritziak emateko gaitasuna" oso urria dela Alemanian. Zein da horren arrazoia? Naziek eugenesiaren izenean egindako sarraski ikaragarriak nahitaez ekarri behar ditugu gogora. Hogeita hamarreko hamarkadan sortu ziren nazien teoria sasi-zientifikoak, eta horietan oinarrituta saiatu ziren, 1939tik aurrera, juduak, minusbaliatuak (100.000 bost urtetan) eta ijitoak desagertarazten. Zientziaren eta "arraza nagusiaren" izenean, medikuek eta genetistek saiakera beldurgarriak egin zituzten gizakiekin. "Laurogeiko hamarkada arte, eugenesiaren gaia tabua izan da Alemaniako zientzialarien artean", dio Benno M¿ller-Hillek, Coloniako Unibertsitateko genetistak. M¿ller-Hillek Zientzia hiltzailea liburua idatzi zuen 1984an. Bere ustez, "ezin dugu odolez gainezka dagoen itsaso hori besterik gabe zeharkatu eta aurrera jarraitu". Eta beldur da, gainera, genetika modernoak ez ote dion "arrazakeria zientifikoari" bide emango. M¿ller-Hillek beste arrisku bat ere aipatzen du: nortasunaren ezaugarri jakin batzuengan eragina duten geneak (agresibitatea, adibidez) etnia jakin batzuekin lotzen hastea; izan ere, jokabide horrek arrazakeria are gehiago sustatuko bailuke. Europako Kontseiluak Giza Eskubideei eta Biomedikuntzari buruzko Hitzarmena onartu zuenean, Alemaniak ez zuen sinatu, eta nazionalsozialismoak eragin handia izan zuen, jakina, erabaki horretan. Bertako talde politiko, erlijioso eta ekologista ugarik, eta baita minusbaliatuen elkarteek ere, ez dute aipatutako hitzarmena onartzen, malguegia delakoan baitaude. Bestalde, talde horiek guztiak beldur dira, Robert Antretter sozialdemokrata katolikoak esaten duen moduan, "bizitzarekiko errespetua bertan behera geratuko delako, agian, nazien garaian gertatu zen bezalaxe". Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren xedapen batzuen arabera, giza enbrioien inguruko ikerkuntza-mota jakin batzuk onartuta geratu dira, nagusiki, haurren eta minusbaliatuen ingurukoak. Bada, Alemaniako gizarte-talde gehienek gogor salatu dituzte xedapen horiek, onartezina baiteritzote haurrekin eta minusbaliatuekin horrelako probak egiteari, ez batzuek ez besteak ez baitira inolako baimenik emateko gai. Alemaniako parlamentua ere gero eta jarrera gogorragoa ari da hartzen eugenesiaren inguruan. Haurra jaio aurreko diagnostikoa da, itxuraz, anatema orokor horretatik kanpo geratu den bakarra. Alemaniako elizek ere ez dute berariaz gaitzetsi. Wolf-Michael Catenhusen Ikerketarako estatu-idazkari da, eta horrelako diagnostikoen alde dago: gurasoek haur minusbaliatua izan nahi duten ala ez aukeratzeko eskubidea dutela uste du. "Haurra jaio aurreko azterketei esker, gurasoen beldurrak uxatu egiten dira, emaitzen %90 baino gehiago ona izaten baita", Catenhusenen hitzetan. 1998an, sozialdemokraten eta Berdeen koalizioa heldu zen boterera, baina ordutik hona genetikaren kontrako jarrera gogor horrek berdin-berdin jarraitu du. Kontuan hartu behar da, gainera, Berdeek jarrera kritikoa dutela medikuntzaren eta zientzia modernoen inguruan. Horren adibide ditugu Monika Knoche Berdeen taldeko osasun adituaren hitzak: "biomedikuntzaren aurrerapenek gainditu egiten dute gizakiari buruz daukagun ikuspegia bera". Baina Alemanian badira bestelako ikuspegiak ere: zientzialari eta industriari askoren ustez, Alemaniak ez die beste estatuei teknologia berrien alorrean aurrea hartzen utzi behar. Roman Herzog estatuburu ohiak adierazpen hauek egin zituen behin: "Asko gustatzen zaigu hipotesi katastrofistak egitea. Aurkikuntza zientifikoek zalantzak sortarazten dituzte gehienetan, ustezko arriskuak direla-eta; alde onak, ordea, ez dira ia aipatu ere egiten".


Desberdintasunaren geneak

Bioetika: seme-alaba perfektuaren tentazioa

Desberdintasunaren geneak

Genetikaren aurrerapenei esker lortutako tratamenduen salerosketak are gehiago handituko ditu munduko biztanleen artean osasungintzan egun dauden desberdintasun handiak.
Mohamed Larbi Bouguerra
Ikerkuntza Zientifiko eta Teknikoetarako Tunisiako Institutu Nazionaleko zuzendari-ohia. La Recherche contre le tiers monde (Hirugarren Munduaren kontrako ikerketak, PUF, Paris, 1993) eta La Pollution invisible (Kutsadura ikustezina) liburuak argitaratu ditu.

XXI. mendean, medikuntza genetikoa izango omen da nagusi. Giza Genomari buruzko nazioarteko proiektuak ADNa deszifratzea lortzen badu, hainbat eta hainbat aplikazio izango ditugu aukeran. Horrela, gizakion baldintza fisikoak hobetzeko moduan ere izango gara. Aditu askok aditzera eman duenez, medikuntzaren "betiko" tratamenduak, dagoeneko, azken mugetara iritsi dira. Datozen hogei urteotan, aurrerapauso handiak emango dira, ziur aski, geneen terapian, inmunologian eta zelula enborren sorkuntzan. Azken horien bidez, besteak beste, kutsatu gabeko odola sortu ahal izango da leuzemiak jota daudenentzat. Haurra jaio aurreko test berri ugari izango ditugu merkatuan, eta enbrioiengan gaitz genetikoak aurkitzeko aukera horiei guztiei esker, laguntza genetikoa eskainiko duten zerbitzuak ere erruz ugarituko dira. Noren mesederako izango dira genetikaren arloko ikerkuntzak eta aplikazioak? 1990ean, Giza Genomari buruzko proiektua bideratzen hasi zirenetik, J.D. Watsonek (ADNaren helize bikoitzeko egituraren aurkitzaileetako bat) etengabe azpimarratu du guztion mesederako egingo dutela lan: "Nazio guztiek argi ulertu behar dute giza genoma herriena dela, eta ez estatuena". Aurkikuntza eta tratamendu berri gehienak herrialde garatuetako laborategiek lortu dituzten arren, Hegoaldeko biztanleek ere ekarpen nabarmenak egin dituzte, lanerako gogoari eta gaitasunari esker. 1956an, Joe-Hin Tjio indonesiarrak gizakiok 46 kromosoma ditugula frogatu zuen, Suedian, hain zuzen. Har Gobind Khorama Nobel-Saridun indiarrak (1968) geneen sintesia egitea lortu zuen. Gobind Khorama aitzindaria izan zen horretan, eta Estatu Batuetan burutu zuen aipatutako lana. Bestalde, zenbait herri indigenaren ADNa aztertuz ere oso informazio genetiko baliagarriak lortu ziren. Baina azterketa-lan horiek burutu zituztenek beren gain hartu zuten, gero, lortutako informazioaren gaineko jabetza intelektuala. Aipatutako ikerketen bidez, besteak beste, gene berezi batzuk aurkitu zituzten hagahai tribuko (Papua Ginea Berria) gizonezko batengan: leuzemia eragiten duen HTLV birusaren kontrako inmunitatea eragiten duten geneak, alegia. Baina borondate politikorik ezak nahiz baliabide gabeziak eraginda, Hegoaldeko herrialdeei asko kostatzen zaie benetako politika zientifikoak bideratzea, eta herrialde garatuen menpe darraite, beraz. Hala ere, herrialde askotan badute behar adinako baliabide material eta aditu ADNaren sekuentziak aurkitzeko lanak burutu ahal izateko. Horren adibide dugu, besteak beste, India: ADNaren inguruko lanak burutzen dituzten sei laborategi daude bertan, eta Biologia Zelular eta Molekularrerako Zentroarenak (Haiderabad-en) dira denak. Baina Indiako aditu batzuek nahiago izango lukete bertako organismo patologiko nagusien ADNaren sekuentziak aurkitzen saiatzea, ausaz aukeratutako gizakiekin lan egitea baino. Izan ere, bertako organismoak aztertuz gero, indiarrei gehien komeni zaizkien erabilerak lantzeko aukera izango lukete. Eztabaidak hortxe jarraituko du, beraz, ez baitago argi giza genomaren azterketen ondorioz merkatuan izango ditugun tratamenduak oso baliagarriak izango ote diren Hegoaldeko herrialdeetako biztanleentzat. Bada aipatzeko moduko beste auzi bat ere: etorkizuneko terapiak eskuratzeko aukera. Estatu garatuetan osasun-gastuak murrizteko joera da nagusi, eta ez dugu ahaztu behar horrelako tratamenduak oso garestiak izango direla, hasieran, behinik behin. Ez al da, bada, muga berri bat sortuko dirudunen eta dirurik ez dutenen artean? Lehenik eta behin, ez dirudi horrelako tratamenduak Hirugarren Munduko biztanleen eskura egongo direnik. Baina, bestalde, Hirugarren Munduan ez dira, ziur aski, medikuntzaren ikuspegi berri horietaz ere gehiegi kezkatuko, ez baitugu ahaztu behar ez dutela ez oinarrizko osasun-azpiegiturarik, ezta medikuntzarako langile gaiturik ere. Esan bezala, litekeena da hainbat herrialde -agian Afrika beltz osoa- etorkizuneko medikuntzaren onuretatik kanpo geratzea. Hori dela-eta, bioetikaren inguruko eztabaidetatik at geratu behar al dute? Ez, noski, ez baitugu ahaztu behar tratamendu berriek eragin zuzena izango dutela herrialde horietako biztanleengan. Aipa dezagun adibide bat: terapia germinalak mundu osoan erabili eta zenbait gene "kaltegarri" desagertaraztea lortuko balitz, ondorioak oso larriak izango lirateke. Zergatik? Gene bakar batek hainbat karakterengan izan dezakeelako eragina (pleiotropia izeneko fenomenoa dugu hori): mukobiszidosiaren gene errezesiboak, adibidez, koleraren kontrako erresistentziak indartzeko balio du. Halaber, anemia "falciformeak" eta drepanozitosiak (odoleko hemoglobinaren gaitza) malaria "falciparum"aren (heriotza eragiten duen paludismo-mota bat) kontrako babesa ere ematen dute. Malaria-mota hori sorrarazten duen genea deuseztuz gero, ez ote litzateke paludismoa are gehiago hedatuko? Paludismoak bi milioi heriotza eragiten ditu urtero, baina, hala ere, farmazia-konpainia handiak ez dira gaixotasun horren kontrako bakunarik bilatzen saiatu. Bada, ordea, beste arrisku bat ere: gene jakin batzuk manipulatu edo suntsituz gero, etorkizuneko belaunaldiek erreserba genetiko gutxiago izango dituzte, agian. Eta, bestetik, nolatan hasiko gara, bada, etorkizuneko belaunaldiek zein premia izango dituzten aurreikusten? Ausarkeria hutsa litzateke hori. Izan ere, nork daki zein testuingurutan biziko diren etorkizuneko biztanleak! Nire ustez, den-denok hartu beharko genuke parte gai existentzial eta unibertsal horien inguruko eztabaidan. Eta inoiz ez dugu ahaztu behar, gainera, zein den bioetikaren funtsa: gizabanakoaren berezko balio absolutuak zaintzea, giza izatearen funtsaz arduratzea. Zer lorpen eskura daitezkeen eta zer onar daitekeen: horiexek dira bioetikan ezarri beharreko mugak. Baina muga horiek munduko kultura guztien artean -kultura minoritarioek edo menperatuek ere parte hartuta- finkatu beharko lirateke. Bioetikak beste gai ezagun bat ere ezarri du mahai gainean: gizakion elkartasuna gaixotasunen aurrean. Behin edo behin, medikuntza genetikoa aberatsen esku geratuko da, ziur aski, eta gaixotasunak sendatzeko ez ezik, bizi-baldintzak hobetzeko ere (bizitza luzatzeko edo seme-alabei ezaugarri jakin batzuk emateko) erabiliko dute, agian. Zilegi izango al da, orduan, Hegoaldeko herrialdeei hainbat gaixotasunen kontrako babesa ukatzea? Izan ere, medikuntza genetikoak aukera apartak emango ditu parasitoek eragindako gaixotasun ahulgarriak, HIESa eta gaixotasun hereditario batzuk gainditu ahal izateko. Eta, azkenik, luzaroan iraungo ote du "medikuntza-apartheid" horrek? Ez al ditu inoiz Iparraldeko biztanleen kontzientziak astinduko?

GENOMARI BURUZKO HITZARMENA?

"Nazioarteko elkarlanaren bidetik (...), Estatuek eginahalak egin beharko dituzte (...) garapen bidean dauden herrialdeek biologiaren eta giza genetikaren inguruko ikerlanak burutzeko duten gaitasuna garatu eta indartzeko. Baina, beti ere, kasuan kasuko herrialdearen arazoak izango dituzte kontuan. Bestalde, (...) garapen bidean dauden herriei beste arlo batean ere eman beharko diete laguntza: ikerketa zientifiko eta teknologikoen emaitzei ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko, hain zuzen, ekonomiak eta gizartean aurrera eginik, gizarte osorako onura lor dezaten". Giza Genomari eta Giza Eskubideei buruzko Deklarazio Unibertsalaren 19. artikulua duzu aurrekoa. Bertan, "elkartasun-eskubideak" eguneratu egin dituzte gaur egun gai horretan nagusi diren irizpideak kontuan hartuta. Dena den, testu hori ez da, legearen aldetik, derrigorrez bete beharrekoa. Aipatutako Deklarazioa 1997an onartu zuen nazioarteko komunitateak, Unescoren Bioetikari buruzko nazioarteko Batzordearen (IBC) baitan negoziazio luzeak burutu ondoren. No¿lle Lenoir izan zen IBCren burua negoziazio horietan zehar. Lenoiren iritziz, Deklarazioak bi printzipio nagusi aldarrikatu nahi izan zituen: batetik, gizakia ez dela gene hutsek programatutako animalia; bestetik, genetika ezin dela diskriminazioa edo arrazakeria justifikatzeko erabili. Ikusten denez, lehen aldarrikapenak errotik baztertzen du diskriminazio genetikoa; izan ere, "giza duintasuna" baita testu horren funtsa. Aipatzekoa da, azkenik, Deklarazioan gaitzetsi egiten dela ugalketarako klonazioa. Giza Genomari eta Giza Eskubideei buruzko Deklarazioa, Unescoren ekimenez gauzatua, izan da bioetika-arazoei heldu dien testu unibertsal bakarra. "Baina, nire ustez, mundializazioa erabat nagusitu den honetan, ezinbestekoa izango da gai horri buruzko hitzarmena egitea", dio Lenoirek, eta Estatu sinatzaileek derrigorrez onartu beharko luketela ere pentsatzen du. Bide malkarra dute, beraz, aurretik.


Jabetza intelektualaren erabilera eta abusua

ASKATASUNAK

JABETZA INTELEKTUALAREN ERABILERA ETA ABUSUA

Jabetza intelektualeko eskubidearen oinarrizko printzipioak galdu egiten dira eskubide hori indartzean. Izan ere, aipatutako eskubidearen bidez eragiketa finantzarioak eta monopolio pribatuak babesten dira, sormena eta gizartearen onura baino gehiago.
Mireille Buydens
Irakaslea Lovainako Unibertsitate Katolikoan eta abokatua Bruselan (Belgika).

Zertarako balio du jabetza intelektualeko eskubideak? Hasiera batean eskubide hori sortu zen egileek euren lana ustiatzeko monopolioa izan zezaten. Horrela, egileek bidezko ordainsaria jasoko lukete eta, gainera, jarduera sortzaileak sustatuko lirateke. Baina, gizartearen eta etorkizuneko artista eta asmatzaileen intereserako, monopolio horiek denbora-muga dute: babes-aldia amaitutakoan, lanak eremu publikoan geratuko dira, sormena eta lehiakortasuna bultzatzen baitira eskubideen espazio libre horretan. Beste egileek babestutako lanak aprobetxa ditzakete lan berriak sortzeko eta, horrela, jabetza pribatuaren babesa eta gizarte-interesaren artean oreka lortuko litzateke. Gaur egun, ordea, aipatutako oreka hori hautsi egin da. Monopolio pribatuak izugarri ugaldu dira, gizarte-interesen kalterako. Ondorioz, jabetza intelektualaren oinarrizko printzipioak arriskuan daude.

Ekonomia "inmaterialaren" nagusitasuna

Ekonomiaren eraldaketa izan da aipatutako bilakaera bultzatu duen eragile nagusia. Ekonomia, gaur egun, "balio intelektual erantsia" duten produktuetan oinarritzen da gero eta gehiago, hau da: programa informatikoak, informazioaren aukeraketa eta aurkezpena, informatika-zerbitzu espezializatuak, kultur eta aisialdi-produktuak, produktu bioteknologikoak eta teknikarik aurreratuenetako beste aplikazio batzuk. "Inmateriala" deituriko ekonomia horretan ideia, forma, irudi eta marken kontrolak izugarrizko garrantzia du. Denok dakigu oso zaila dela altzairuzko habeak edo banana-kargamentuak lapurtzea, baina, ba al da programa informatikoa kopiatzea baino zerbait errazagorik? Edo marka ezaguneko jantzien imitazioak egitea baino zerbait errazagorik? Balio intelektual erantsia oso erraz lapur daiteke: ezin da "giltzapean gorde". Kopiatzeko gai izanez gero, balio hori ustia daiteke. Sorkuntza eta sustapen-gasturik ez dutenez, "piratek" kopiatutako produktuak originalak baino merkeago kalera ditzakete eta aldaketa nabarmenak eragin lehiakortasunaren esparruan.

Nazioarteko negoziazioak

Industrialariak pirateria eta legez kontrako imitazioen aurrean babesteko, estatuak jabetza intelektuala indartzen hasi ziren GATTaren barruan (ikus beheko testua). GATT Arantzel eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra da eta nazioarteko trukeak arautu zituen 1947 eta 1994 artean. GATTaren helburu nagusia enpresei inbertsioen ordainsaria bermatzea izan zen. Horretarako, baimenik gabeko kopien eta lehiakortasun desleialaren aurrean babestu behar zituzten. GATTak lehenengo akordioak hartu zituenean, jabetza intelektuala ez zen ohikoa: Bigarren Mundu Gerraren ondoren, salgaiak materia-atomoz zeuden eginda eta ez bitez. Uruguaiko Topaketak arte (1986), gai hori ez zen nazioarte mailan jorratu. Negoziazio horiek amaitutakoan, 1994ko apirilaren 15ean, ADPIC sinatu zuten, hau da, Merkataritzaren inguruko Jabetza Intelektualeko Eskubideei buruzko Akordioa. Salgaien merkataritzari buruzko aldeanitzeko akordioen kasuan bezalaxe, aipatutako testua Marrakexeko esparru-hitzarmenaren eranskina izan zen. Marrakexeko hitzarmenaren ondorioz, Merkataritzarako Mundu Erakundea (OMC) sortu zen, GATTak hasitakoari jarraitzeko. Munduko herrialde gehienak daude ADPICen sartuta. ADPICek jabetza intelektualeko eskubideen garrantzi ekonomikoa baieztatu zuen. Estatu-kideek hainbat motatako sorkuntzak babestu behar dituzte derrigorrez, esate baterako: literatura-lanak eta artelanak zentzu zabalean (mapa geografikoak eta prentsako argazkiak barne); ordenadore-programak; datu-baseak; soinu-grabazioak; irrati-difusioko erakundeen emanaldiak; diseinuak eta modeloak; produktuen edo prozeduren asmakuntzak hainbat teknologi arlotan; zirkuitu integratuen topografiak etab. Akordio hori gertaera garrantzitsua izan zen jabetza intelektualaren historian. Alde batetik, aplikazio esparrua oso zabala da: teknologiaren, programa informatikoen, informazioaren edo kulturaren arloetan sortutako edozer babes daiteke eta, gainera, babestu egin behar da, jabetza intelektualeko eskubidearen bidez. Zer esan nahi du horrek? Egileek monopolioa euren esku izango dutela eta eurek erabakiko dutela produktuak nola egin eta nola banatu. Bestetik, ADPICek, lehen aldiz, estatu-kideak derrigortu egin ditu zenbait prozedura eta zigor ezartzera. Prozedura eta zigor horien bidez eskubideak dituztenek eskubide horiek betearazi ahal izango dituzte. Adibidez, ondorengoa derrigorrez ahalbidetu behar dute estatuek: espoliatutako lagunek edo enpresek justizia-epaitegietara jotzea, kalte-ordainak jaso ahal izateko. Betebehar horiek, gehienbat, garapen-bidean dauden herrialdeek bete behar dituzte. Izan ere, ekoizpen propioa garatzeko giza eta finantza-baliabiderik ez dutenez izaten, imitazio-industriak babestu dituzte askotan. Europako Batasunak ere parte hartu du balio intelektual erantsia duten produktuen babesaren inguruko mugimenduetan. Azken hamar urteotan, jarduera legegile bizia hedatu du. 1991ko maiatzaren 14ko arteztarauari jarraiki, ordenadore-programei egile-eskubidearen arloan babesa eman zieten, komunitate mailan. Halaber, egile-eskubidearen edukia indartu egin dute, batez ere, Interneteko lanei aplikatzen zaiena. Horri dagokionez, 1999ko otsailaren 10ean Europako Parlamentuak ondorengoari buruzko arteztaraua aztertu zuen: "egile-eskubidearen eta lotutako beste eskubide batzuen inguruko zenbait alderdi bateratzea". Arteztarau horrek adierazten du egileek edo eskubidedunek lanak Sarean zabaltzea kontrolatu ahal izango dutela etorkizunean edo bestela debekatu. Soinu eta ikus-lanen kopiak sarean egonez gero, egileek dirua jasoko dute; baita kopia erabilera pribaturako egiten bada ere.

Finantza-inbertsioen babesa

Bestalde, datu-baseen babesa indartu egin zuten egile-eskubidearen bidez. Gainera, 1996ko martxoaren 11ko arteztarauari jarraiki, datu-baseen edukia ere babestu egin da, eta hori berria da Europako Batasunean. Ordura arte, informazioa biltzen zuten lan orijinalek egile-eskubidearen babesa izaten zuten. Baina datuak aukeratzea eta antolatzea baino ez zen babesten, edukia kontuan hartu gabe. Informazioak ez zuen babesik eta denek erabil zezaketen. Aipatutako arteztarauan legegileak honakoa adierazi zuen: informazioa biltzea inbertsio garrantzitsua izan daitekeela, datu-basearen egituraren sorrera alde batera utzita. Hori ikusirik, legegileak azaldu zuen informazio-edukia bera ere babestu egin behar dela. Horrela, beraz, inbertsio finantzarioak babestera bideratutako beste eskubide bat ezarri zuen. Hori egiteko, jabetza intelektualeko oinarrizko arauak alde batera utzi zituen. Izan ere, arau horiek sorkuntza lanei baino ez baitzaizkie aplikatzen, hau da, balio intelektual erantsia duten produktuei. Inbertsio "garrantzitsuak" egin dituztenek inbertsioen etekinen monopolioa euren esku izango dute, nahiz eta sorkuntza intelektualik ez egon. EBko legegileak asmakuntza bioteknologikoak babestea aztertzen ari dira, finantza-interesak direla-eta. Ekimen hori honako bi gertakarietan oinarritu da: batetik, "asmakuntza bioteknologikoak babestea oso garrantzitsua izango da Komunitatearen industria garatzeko"; bestetik, "ikerketa eta garapena burutzeko (ingeniaritza genetikoaren arloan, bereziki), arrisku handiko inbertsio ugari egin behar dira. Eta inbertsio horiek errentagarriak izateko babes egokia izan behar dute."

Jabetza intelektualaren egundoko hedapena

Errentagarritasuna lortzea, "inbertsioek etekinak ematea": finantza-terminologia jabetza intelektualaren arloan sartu da. Balio intelektual erantsia babesteko sistema izatetik inbertitutako kapitala baloratzeko tresna izatera iritsi da. Eraldaketa hori zer da, beharra ala desbideratzea? Horra hor aztertu beharreko gaia. Bioteknologiaren arloan, adibidez, sorkuntzan, inbertsio handiak egin behar izaten dira. Industrialariek inbertsio horiek egingo dituzte, errentagarriak izatekotan. Baina, zerbaitetarako balio al du datu-baseetako informazioaren inguruko beste monopolio bat sortzeak? (Nahiz eta datu-baseak sortzea prozesu motela eta garestia izan). Kasu horretan monopolioa sortuz gero, ordainsaria ez da sorkuntza intelektualaren truke jasoko, baizik eta denbora eta diru-inbertsioen truke (informazioa zabaltzearen arriskua babesteko). Horrela, beraz, jabetza intelektualaren helburu nagusia galdu egin da, interes pribatuen eta publikoen artean oreka lortzeko helburua, alegia. Adierazi dugun moduan, jabetza intelektualaren aplikazio eremua izugarri zabaltzea kaltegarria izan da, eta aipatutako desbideratzea ekarri du. Baina gehienbat gaur egungo gizartearen nahia da; babes juridikoa eta materiala bihurtu nahi dituelako izaeraren oinarri: ondasun guztiak, balio guztiak arriskutik babestu behar dira. Istripuak prebenitzea, segurtasuna ematea, bermatzea, babestea obsesio bihurtu dira garatutako mendebaldeko gizarteetan. Eta obsesioa hori horrenbesterainokoa da ahaztu egin baitute arriskua biziaren eta askatasunaren berezko elementua dela. Aipatutako guztiak badu beste ondorio kaltegarri bat, hori ere kezkagarria: jabetza intelektualaren aplikazio eremuaren eta iraupenaren zabaltzea. 1993an, adibidez, egile-eskubidearen iraupena egilea hil ondorengo 50 urtetik 70 urtera zabaldu zen Europako Batasunean. Azken hamar urteotan, legegileek, gorteek eta auzitegiek egile-eskubidearen aplikazioa infinitura zabaldu dute zenbait kasutan. Hasiera batean, artelanak babesteko sortu bazen ere, orain giza sorkuntzaren arlo guztietan aplikatzen da, esate baterako: autoen karrozeria, gorbaten diseinua, meteorologia-argazkiak, etxeko erabilerarako tresnen eskuliburuak, datu-baseak, sukaldeko errezetak, etab. Gauza guztiek jabea dutenez, edozer egiteko jabearen baimena behar da. Praktikan oso zaila izaten da zenbait gauza egitea egile-eskubideek babestutako elementuak erabili gabe, hala nola, lan multimediak sortzea, musika-lanak egitea edo irudidun liburuak argitaratzea. Beraz, horiek denak egiteko eskubidedunei baimena eskatu eta ordainsaria ordaindu behar zaie.

Gehiegizko monopolioek lehiakortasuna arriskuan jarriko dute

Epe laburrera, monopolioen sendotzeak jarduera ekonomikoa bera jarriko du arriskuan. Izan ere, lehiakortasuna antzeko produktua eskaintzea baino ez da. Jabetza intelektualeko eskubideak, ordea, produktuak, aldaera guztiak eta osagai guztiak babesten baditu, nekez eskaini ahal izango da antzeko produktu edo kopia lehiakorrak. Monopolio mugatuak -jabetza intelektualaren helburu berarekin sortu zen- enpresariak babesten ditu legez kontrako kopien aurrean; gehiegizko monopolioak, aldiz, lehiakortasunaren aurka doaz, besterik gabe. Egile-eskubidearen iraupena luzatu egin denez, gizarteak eremu publikoko lanak askatasunez erabiltzeko eskubidea teorikoa da, erreala baino gehiago; izan ere, lanak praktikoki epe batean baino ezin izaten dira erabili, eta, askotan, egile-eskubidearen babes-aldia epe hori baino luzeagoa izaten da. 70 urte igaro ondoren, zertarako eta norentzat balio izango dute programa informatiko zaharrek? Halaber, datu-baseei buruzko EBko arteztarauak babes-aldia 15 urtetan mugatu du. Baina ondorengoa ere adierazi du: datu-baseak aldatuz gero, epe hori beste hamabost urtetarako luza daiteke, bereziki aldaketak egiteko finantza-inbertsio altuak egin behar badira. Aldiro-aldiro eguneratutako datu-baseek, beraz, betirako izango dute babesa eta ez dira sekula eremu publikora iritsiko. Eta hori jabetza intelektualeko eskubidearen oinarrizko printzipioen aurka doa.

LEGEZ KONTRAKO IMITAZIOA: GORANTZ DOAN INDUSTRIA

Peter Lowe-k adierazi du legez kontrako imitazioaren industria gorantz doala. Peter Lowe Counterfeiting Intelligence Bureau-ko (CBI) kidea da. CBI Nazioarteko Merkataritza Ganberaren menpeko erakundea da eta Londresen du egoitza. CBIren datuen arabera, aipatutako industriak 250.000 bat milioi dolar mugitu ditu munduan. "Merkataritza guztiaren %5 eta %8 bitartekoa dela kalkulatu dugu" dio Lowek. Imitazio-industrian gehien kopiatzen diren produktuak hauek dira: programa informatikoak, CDak eta CD-ROMak, bideokasetak, erlojuak eta luxuzko arropa. International Intellectual Property Alliance-k (IIPA) honakoa adierazi du: Estatu Batuetan copyright-eko industriek 12.400 milioi dolar galdu zituztela pirateriaren ondorioz 1998. urtean (gehienbat zine eta ikus-entzunezko arloek, argitaletxeek, disko, programa informatiko eta joko-produktoreek). IIPA merkataritza elkarteen koalizioa da eta elkarte horiek jabetza intelektuala indartzearen alde jokatzen dute. Aipatutako koalizioan Ipar Amerikako 1.350 enpresa biltzen dira. Eric Smith IIPAko presidenteak dioenez, "copyright-eko industriak azkar-azkar hazten dira mundu osoan". Estatu Batuetan NPGren %3,65 inguru hartzen dute.


Kartagoren alde, gaur eta beti

KULTURAK

KARTAGOREN ALDE, GAUR ETA BETI

Nahiz eta duela hogeita hamar urtetik hona babestuta egon, hiri zaharrak kalte handiak jasan ditu. Babes-planak mugak jarri beharko lituzke eta indusketa gehiago egitea ahalbidetu.
Sophie Bessis
Kazetari independentea

Imajina dezagun gune batean biztanleak 300.000 izatetik bi milioi izatera pasa direla berrogei urtetan eta gune hori norabide guztietan hedatzeaz gain geldiezina dela. Hedatzen jarraitzeko,izan ere, Tunisiako hiriak inguruko aintzira gazi batzuk bete behar izan ditu eta, bertan, XXI. mendeko auzoak eraikitzen hasi da. Baina, bat-batean, Goletako portu handia eta Krameko auzoa (hiriburuaren iparraldean) atzean utzi ondoren, jenderik gabeko lursail zabalera iritsiko gara (Kartagoren inguruan). Zelai berdeak neguan eta horixkak udan; harresi-zatiak daude bertan, harri-piloak eta marmol distiratsuko zutabe-pusketak ere bai. Itsasaldera jarraituz gero, eraikinek osatutako lorategi-hiri handia ikusiko dugu. Hiri horretan, Afrikako probintzia erromatarraren hiriburu zaharreko hondakin ikusgarriak ageri dira han-hemenka. Iparraldera, Megara zaharreraino hedatzen dira auzoak eta goialdean Sidi Bou Said herrixka dago: bertako kupula zuriak aspalditik ikusten dira argi eta garbi zeru eta itsasoaren artean.

Induskatu gabeko hondakinak

Kartago, hiri mitikoa eta erreala, Elisa Dido erregina ospetsuak sortu zuen K. a. IX. mendean. Elisa Dido Feniziatik iritsi zen Kartagora eta Mediterraneoko itsas eta merkataritza-inperiorik boteretsuena sortu zuen. Erromak suntsitu zuen inperio hori K. a. 146. urtean. Hiri punikoaren aztarna batzuk baino ez dira gelditzen; Kartago, ordea, berpiztu egin zen erromatarren garaian. Garai hartako eta Bizantzioko garaiko hondakinak daude eta horiei esker, Antzinako metropolirik handienetakoa nolakoa izan zen imajina dezakegu. Hiri zaharreko zatirik handiena oraindik ere lur azpian dago eta, neurririk hartzen ez bada, betirako geratuko da horrela. Kartago arriskuan dagoela ikusteko Birsako mendixkaren gainera igo behar da. Birsa akropoli punikoa izan zen eta gero foro erromatarra. Bertan, gaur egun, San Luiseko basilika dago (garai kolonialaren hasieran eraiki zuten) eta museo bihurtutako artzapezpikutza zaharraren eraikinak ere bai. Goi horretatik Tunisiako lautada ikusten da. Aintzira eta itsasoaren arteko ia lerro estu osoa eraikinez beteta dago. Lerro horren hegoaldean auzo apal handiak daude; iparraldean, Kartagoren eta Marsako bainuetxe-hiriaren artean, aldiz, auzo aberatsak ditugu. Aberastutako tunisiarrak edo botere politikoarekin zerikusirik dutenak bizi dira bertan. Tunisiak mila urtetan nagusitasuna izan ondoren, Kartago botere-gune garrantzitsua bihurtu da berriro ere. Hori gertatu da Bourguiba-k, Tunisia independenteko lehen estatu-buruak, presidentzia-jauregia bertan ezarri zuenetik. Hiri-presioa oso gogorra da bi aldetan, auzorik apalenetatik luxuzko egoitzetaraino. Tunisiako jendetzak ez du hazten jarraitzeko lekurik. Horregatik, denen buruetan dabiltza Kartagoko 500 hektarea. Baina lursail horretan ezin da eraikinik sortu, bertan parke arkeologikoa egiteko asmoa baitago. Hiri zaharra babestuta dago duela hogeita hamar urtetik. Hiria aurreko mendearen amaieran urbanizatzen hasi ziren, Tunisia-Goleta-Marsa trenbidea eraiki zutenean; baina urbanizazio hori ia erabat geldituta dago gaur egun. Frantziarren babesaren garaian hainbat eta hainbat etxetxo eta etxebizitza-multzo egin zituzten. Independentzia lortu zutenetik (1956), hiria askoz ere gehiago zabaldu zen. Hirietako populazioak gora egin zuen eztanda demografikoaren eta nekazari-uholde izugarrien ondorioz. Hori zela-eta, estatuaren itzalean sortutako burgesiak lursailak eta etxebizitzak lortu nahi zituen edonola ere. Eraikinak ikaragarri ugaritu ziren.

Salbamenduaren historia

Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Tunisian eta atzerrian honetaz konturatu ziren: Kartago betirako desagertzeko arriskuan zegoela. 1972ko maiatzaren 19an, UNESCOko Zuzendari Nagusiak, Ren¿ Maheu-k, Kartagoko hiri zaharra babesteko nazioarteko kanpaina ipini zuen martxan. 1979. urtean, hiri zaharra Munduko Ondarearen Zerrendan sartu zuten eta hiriaren salbamendu-prozesuari ekin zioten. Hainbat herrialdetako hamar bat talde arkeologiko lanean hasi ziren eta Tunisiako gobernuak babes-neurriak hartu zituen. 1985ean, ondorengoa adierazten duen dekretua onartu zuten: Kartago-Sidi Bou Saideko zati handi batean (600 hektarea inguru) ezin dela eraikinik egin. Ondarea babestearen aldekoek lasaitu ederra hartu zuten. Baina, hamabost urtetik hona okerrena saihestu arren, ez dute guzti-guztia lortu. 1985etik aurrera, Kartago babesteko prozesuak hainbat arlotan jarraitu behar izan du. Batetik, gehiegizko urbanizazioa geldiarazi behar izan dute eta, bestetik, sektore aberatsenen eta negozio-gizonen gutizia mugatu. Izan ere, sektore aberatsenak gogo biziz ari dira eraikitzeko ahaleginean eta negozio-gizonek, berriz, higiezinen operazio handiak burutu nahi dituzte, aipatutako lekuan lurraren balioa estatuko altuena baita. Horiek ez dute gogo onez onartzen urbanizazioa gelditzea. "Okupazioa beharrezkoa dela jakinik eta gainera etekinak ematen baditu, zergatik debekatu behar da? Tunisiar kultu gutxiengo bati iragana interesatzen zaiolako, agian?" Horren ondorioz, urtetan zehar, sei dekretuk murriztu egin dute 1985eko dekretuan aurreikusitako parke arkeologikoaren azalera. Bi lursail hiri-eskualdera pasatu ziren eta berehala egin ziren eraikinak bertan. Aldi berean, portu puniko ospetsuen ondoan luxuzko etxeak eraiki zituzten. Urrutiago, lursail bat Institutu Politeknikoari eman zitzaion, zabaltzeko asmoa zuelako. Azkenik, baimenik gabe Kartago ondoan egindako Elil auzoa onartu egin zuten agintariek. Aditu batek dioenez, kezkatzekoak dira aipatutako ekintza horiek, baina ez dramatikoak eta, egun arte, hiri zaharreko bihotza babestu egin da. Gaur egun presioak oso handiak dira eta, horregatik, legeri zorrotzagoa ezarri beharko litzateke eta, adituek adierazi duten moduan, Kartago-Sidi Bou Saideko parke arkeologikoa egitea komeni da. Aipatutako parkea sortuz gero, lur horiek lortu nahi dituztenen gutizia geldiaraziko litzateke. 1991. urtetik, ministro-kontseilu bat (Zine El Abidine Ben Al¡ Presidentea buru dutelarik) Kartagoko hiri zaharraren gaia aztertzen ari da eta Presidentea beti azaldu da leku hori babestearen alde. Arduradunak Kartago-Sidi Bou Saideko parkea Babesteko eta Baloratzeko Plana idazten ari dira. Plan horrek 1985eko dekretua baino zehatzagoa eta zorrotzagoa izan beharko luke. Planak, bereziki, honetarako baimena emango du: hiri zahar osoan lurrak erabilera publikorako desjabetzeko baimena. Horri esker, estatuak hiri zaharreko lurrak (gehienak pribatuak) erosi ahal izango ditu. Planak partzelazioa debekatu eta Tunisiako legedi babeslea osatuko du, bereziki, 1994an onartutako Ondarearen Arautegia. 1999ko martxoan, UNESCOren aginduz, aditu talde bat Tunisiara joan zen Planaren xedapenak aztertzeko: "erabilgarriak eta koherenteak" direla adierazi zuten. Hala ere, honakoa ere aipatu zuten: "plan horrek arazoak sor ditzakeela, gehienbat lurren jabeen aldetik, baina baita beste arrazoi batzuengatik ere (finantzarioak barne). Hiri zaharra estatuaren eskura pasatzeko lur asko erosi eta inbertsio handiak egin behar ditu." Beraz, ez dira arazo guztiak konpondu. Baina borondate politikoa bere horretan mantentzen bada, parkea Babesteko Plana onartuko duen dekretua 2000. urtea baino lehen eman beharko litzateke. Erabaki horri entzutea emateko eta, aldi berean, beste indusketa-kanpaina bat martxan jartzeko, Tunisiako agintariek gai horren inguruko nazioarteko hitzaldiak antolatu nahi dituzte 2000. urteko urtarrilean. Parkea sortzeko proiektua behin betikoa eginez gero, Tunisiako aglomeraziorik garrantzitsuenean 600 hektarea babestuta egongo dira eta hori ez da Mediterraneo itsasertzeko beste herrialdeetan gertatzen. Eta, gainera, Tunisia halako parkea izango lukeen Mediterraneoko herrialde bakarra izango litzateke, hau da, dimentsio horietako parkea eta aberastasun historikoa hain garrantzitsua izanik. Duela hogeita hamar urtetik hona, Kartagoren aldekoak erronka hori errealitate bihurtzeko ari dira borrokan. Hala izan dadila.


Tirabirak Beiruten eta Kairon

KULTURAK

TIRABIRAK BEIRUTEN ETA KAIRON

Altxor arkeologikoen babesa dela-eta, borroka biziak piztu dira Libanoko eta Egiptoko hiriburuetan.
Sophie Boukhari
UNESCO Albistaria -ko kazetaria

Kartago-Sidi Bou Said babesteko ahaleginak aipagarriak dira benetan, kontuan hartzen badugu Arabiako bi hiriburutako aztarna zaharrek ez zutela tratu bera jaso. Kairon Piramideak gutxigatik salbatu ziren. "Ez dut uste orain arriskuan daudenik", adierazi du Zahi Hawwas-ek, Gizeh-eko eskualde arkeologikoko zuzendariak. Gogora dezagun gizateriaren ondareko leku horretan dagoela oraindik ikus daitekeen zazpi mirarietako bakarra. Baina, 1995ean, Kairo Handiko ingurabide errepideak ia bitan zatitu zuen aipatutako eskualdea. Errepidea megalopoli horren (hamabost milioi biztanle bizi dira Kairon) zirkulazioa arintzeko egin zen. UNESCOk bultzatutako eta prentsak lagundutako kanpainari esker, Hosni Mubarak presidenteak ondarearen alde jokatzeko erabakia hartu zuen. Horren ondorioz, zortzi bideko "Ring Road"a ez zen zolatu Gizeheko lautadaren gaineko lau kilometrotan. Hala ere, lubetak bertan geratu dira; hori abantaila handia da kamioilarientzat eta hortik pasatzen jarraitu zuten. "1999ko ekainaren hasieran handik trafikorik ez igarotzea lortu nuen" aipatu du suminez Zahi Hawwasek. Leku horren inguruan lotunea egitearen alde dago Hawwas. "Lubetak desegiteko eskatu genuen, baina ez dute ezer egin. Bide hori erabiltzeko proiektua oraindik erabat baztertu ez dela uste dut zoritxarrez", esan du Said Zulficar-ek. Zulficar UNESCOko funtzionario ohia da eta "Ring Road"aren kontra borrokatu zuen. Gaur egun, Mugarik gabeko ondarea GKEren idazkari nagusia dugu. Bestalde, Fustaten babestutako lekuan (Kairoko beste leku bat) neurriz kanpoko urbanizazioa burutzea deitoratu du. Hasiera batean hiria leku horretan zegoen; konkistatzaile musulmanek sortu zuten VII. mendean. Zulficarrek honakoa adierazi du: "Etxebizitza apalak eta jolas-parkea egin dira hiri zaharraren erdian, inolako indusketa arkeologikorik egin gabe". Beiruteko biztanleek ere antzeko egoera bizi dute. Gerraren ondoren Libanoko arkeologoek hiriaren erdialdeko bihotz baliotsua aztertzeko aukera aproposa izan zuten. Izan ere, bonbek agerian utzi zuten bihotz hori. Baina eskualdea "bulldozerrez eta dinamitaz berdindu zuten, hirigintza-ordenazioko operazio handi batentzako lurra libre uzteko", gogoratu du Jade Tabet-ek, Libanoko arkitekto eta hirigileak. Operazio hori Solidere enpresak hartu zuen bere esku. Enpresa horren akzionista nagusia Rafik Hariri aberatsa zen, 1993 eta 1998 bitarteko Lehen Ministroa, alegia (gaur egun izen ona galdua du). Horrela, bada, hirigintza-plana ezarri eta Libanoko hiriburuaren erdian Manhattan moduko zerbait diseinatu zuten. "Eta hori guztia arkeologoak lanean hasi baino lehen", azaldu du Leila Badre-k, Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko Museoko zuzendariak. "Hortik aurrera, erabakia hartuta zegoen: argi geratu zen hondakinak ahalik eta gutxien hartuko zirela kontuan." UNESCOk bultzatuta, zenbait indusketa egin ziren 1993. eta 1995. urteen artean. Indusketa horietan aztarna baliotsuak aurkitu zituzten, bereziki, "antzinako tell"a, leku horrek hiriaren jatorri feniziarra erakusten baitu. 1996. urtean, gainera, hiru aztarnak in situ mantentzeko dekretua eman zuten. Baina ez zen inoiz bete. "Lehenbailehen neurririk hartzen ez bada, hondakinak hondatu egingo dira", esan du Leila Badrek. Nork har dezake lan hori bere kargu? Soliderek ala Zaharkinen Zuzendaritza Nagusiak? Solidere onenak emanda dago, eta ZZNren zuzendaria eta laguntzaileen erdiak kartzelara eraman zituzten, 1999ko apirilean, dirua oker erabiltzeagatik. "Hau tamalgarria da", adierazi du Jade Tabetek. "Hiriaren erdialderako hirigintza-plana espazio jakin batzuetan oinarritu beharko litzateke, erakarpen-guneak sor daitezkeen espazioetan, alegia. Baina, buruan etekinik baino ez duten lagunek uler al dezakete arkeologiak balio erantsia sortzen duela? Horien ustez, denbora eta eraikitzeko lurrak galdu baino ez da egiten. Aztarna batzuk itsasora bota dituzte, beste batzuk desegiten ari dira eta Solidereren operazio "bikaina" geldirik dago. Izugarria da 3.000 urteko hiriaren historia horrela saldu izana."


Sarearen ezkutuko aurpegia

KONEXIOAK

SAREAREN EZKUTUKO AURPEGIA

Interneteko haur-pornografiaren kontra borrokatzeko ezinbestekoa da estatuak, erakundeak, informatika-adituak eta erabiltzaileak batera aritzea.
Cynthia Guttman

UNESCO Albistariako kazetaria Interneten 130 bat milioi internauta aritzen dira. Mugarik gabeko unibertso birtual horrek polizia-nobelen osagai guztiak ditu: anonimatua, internauten artean distantzia handiak daude eta ezizenak eta helbide faltsuak erabiltzen dituzte, benetako identitatea ezkutatzen dute biktimekin elkartu ahal izateko edo bestela, kodifikatutako testuak bidaltzen dituzte eta gainerako internautek ezin izaten dute ulertu. Suspentse-kontakizuna izan zitekeen, baina hori ez da horrela, trukatzen den materiala haur-pornografia delako eta engainatzen dituzten lagunak adin txikikoak direlako. Interneten haurren argazki arruntak daude, baina baita oso kasu larriak ere: 1996an, Orchid Club chat -eko kideek (ikus glosategia) ordenadore bati konektatutako kamera digitala erabili zuten 10 urteko neskari argazkiak jarrera sexualean ateratzeko. Elkarte horretako beste kide batzuek irudiak ikusi zituzten eta neska beste jarrera batzuetan ateratzea eskatu zuten. Hainbat herrialdetan atxilotu zituzten internauta horiek.

Lehenengo helburua: iritzi publikoa ohartaraztea

Internauta-kopuruak gora egin ahala, estatuek eta erakundeek ahalegin gehiago burutu dituzte haur-pornografia Saretik desagertarazteko. Lana nazioartean egin behar da, Internet ere nazioartekoa baita. 1999ko apirilean, UNESCOk "Haurrak arriskuan" kanpaina martxan jarri zuen. Kanpaina horren helburuak hauek dira: iritzi publikoa ohartaraztea eta Internet haurrentzako leku seguruagoa izan dadin lortzea. Maiatzean lehenengo emaitza lortu zuten: Japoniak haur-pornografiako materialaren (asko produzitzen da bertan) fabrikazioa eta banaketa debekatu zuen. Irailean agintari judizial eta polizia-agintari nagusiak eta industriako eta GKEtako ordezkariak Austrian bildu dira gai horren inguruko lankidetza indartzeko. Zenbateraino dago haur-pornografia Interneten hedatuta? Parry Aftab Estatu Batuetako abokatuak 30.000 leku pedofiloen zerrenda egin zuen, 4,3 bat milioi lekuren artean. Aftabek ikerketa batzuk burutu ditu laster argitaratuko den gida prestatzeko; gida horretan gurasoek laguntza aurkituko dute haurrak ziberespazioan babestu ahal izateko. Bestalde, Aftab abokatuak Cyberangels programa zuzendu zuen, hau da, sareko hezkuntza eta segurtasunari buruzko Estatu Batuetako programarik garrantzitsuena. Rachel O"Connell-ek dioenez, munduko 40.000 eztabaida-foroen %0,07an dago haur pornografia (ikus glosategia). Rachel O"Connell Cork-eko Unibertsitateko (Irlanda) psikologoa da eta gai horren inguruko Europako ikerketa proiektua (COPINE) koordinatzen ari da. Ruth Dixon-ek, berriz, materialik lizunena hogei bat forotan biltzen dela dio. Ruth Dixon Internet Watch Foundation-en larrialdi-deien linea baten arduraduna da. Mota horretako materiala trukatzea arazoaren alde bat baino ez da. Beste aldean honakoa dugu: haur asko chatetan sartzen dira beste haur batzuekin kontaktatzeko asmoz, baina harreman sexualak izan nahi dituzten helduekin topo egin dezakete. Kezkagarriena da haur-pornografia Interneten oso erraz ikusi eta lor daitekeela eta horren ondorioz, pedofiloek uste dute zaletasun bereko taldean konektaturik daudela. O"Connellen ustez, "Interneten haur-pornografiaren hedapena handitzearen arrazoi nagusia material hori zabaltzeko eta biltzeko erraztasuna izan da. Anonimatuak eta erosotasunak haurrenganako interes sexuala areagotu egin dute, ziur aski iraganean erreprimitutako interesa". Voix de l"Enfant Frantziako GKEaren zuzendariak, Martine Broussek, dioen moduan, "mota horretako aldizkariak erostera ausartzen ez zirenek orain Internetera jo dezakete". Haur-pornografiaren inguruko eztabaida-foroetan erabiltzaileek euren esperientziak kontatu eta irudiak trukatu ohi dituzte (batzuetan ehundaka irudi). O"Connellek dio gehienetan talde batua eta egituratua osatzen dutela eta taldeko kideek elkarri aholkuak ematen dizkiotela detektatuak ez izateko. Oso gutxitan agertzen da dirua tartean.

Turismo sexuala sustatzea

Fantasiak trukatzea ez da legez kontrakoa. Haur-pornografia sortzea eta banatzea, aldiz, legez kontrakoa da herrialde gehienetan, baina ez guztietan. Agintarientzat oso zaila izaten da dokumentuak kargatzen diren iturrietan eskua sartzea. Material pedofiloa izatea legezkoa da estatu batzuetan. Haurren legezko adina ez da berbera izaten estatu guztietan, ezta moralaren kontrakoa zer den ere. Nahiz eta erabiltzaile gehienak herrialde garatuetakoak izan, gobernuz kanpoko erakundeak, adibidez Casa Alianza eta ECPAT (Ez haur-prostituzioari, haur pornografiari eta haurren trafiko sexualari), kezkatuta daude turismo sexual pedofiloa Interneten bidez susta daitekeelako. Haurrak sexualki behartzeko arriskua areagotu egingo da eta gainera, haurren argazkiak haur-pornografiari buruzko araurik ez duten herrialdeetatik zabalduko dira sarean. Hori dela-eta, poliziak, GKEk eta agintari judizialek legediak ahalik eta gehien bateratzea eskatu dute. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik hona, hainbat herrialdetako polizia-indarrek Internetetik haur-pornografia desagertarazteko espezializatutako unitateak sortu dituzte. Erresuma Batuan, Scotland Yardeko unitatea Internetez arduratzen hasi zen, mota horretako irudiak zituzten disko gogorren irakurgailuak konfiskatu zituztenean. Estatu Batuetan, FBIk "Irudi inuzenteak" operazio sekretua martxan jarri zuen 1994an: "Benetako aditu onak bihurtu gara", adierazi zuen Peter Gulotta FBIko agenteak. "Gure lana hauxe da: haur-pornografia dagoela susmatuz gero, chatetan sartu behar dugu. Dokumentuak trukatu nahi ditugula adieraziko dugu edo haurren plantak egingo ditugu. Berehala "harrapariren" bat gurekin hitz egiten hasiko da jarduera sexualari buruz. Batzuek gu pertsonalki ezagutzeko asmoa ere azalduko dute." 1995. urtetik hona, metodo horri esker 357 lagun atxilotu dituzte eta %99 kondenatu. Herrialde guztiek ez dute horrela aritzeko baliabiderik, ez gaitasunik ezta legezko aukerarik ere. Gaur egun, ziberespazioko kriminalitateari buruzko batzarra prestatzen ari dira eta bertan honako gaia azpimarratuko da: mugarik gabeko espazio elektroniko horretan zein zaila den frogak biltzea. "Adin txikikoen kontrako delituei dagokionez, Internet dela-eta, polizia-zerbitzuen lan-metodoak berriro planteatu behar izan ditugu", esan du Agn¿s Fournier de Saint Maur-ek (Interpoleko delitu berezien saileko zuzendaria). "Lege-erreformak aztertu behar dira fenomeno horretara moldatzeko: legearen babesik gabe poliziak ezin du ezer egin. Poliziari tresna egokiak eman ahal izateko, baliabide gehiago behar ditugu." Jim Reynolds-ek, Scontland Yardeko pedofiliaren kontrako unitatearen inspektore buruzagi ohiak, adierazi du herrialde guztietan, zoritxarrez, ez dagoela espezializatutako unitaterik edo pedofiloei buruzko informazioa bidali ahal izateko kontakturik. Herrialde batzuetatik besteetara bidalitako txostenen ondorioz neurriren bat hartzeko hilabeteak behar izaten dira. Inoiz ez da argi aipatzen haur-pornografia ikustearen eta haurrak sexualki behartzearen arteko lotura, nahiz eta irudiak berak ekintza adierazten duen. "Haur-pornografia argazkien gaia baino askoz ere larriagoa da. Haurren kontrako eraso sexualaren irudia da", azpimarratu du Reynoldsek. "Argazkiak sarean hedatzeak haurra bi aldiz biktima izatea eragiten du". Bernard Cordier Frantziako psikiatraren ustez, Internetek joera pedofiloak indar ditzake eta, egoerak aukera emanez gero, ekintzetara jotzeko arriskua areagotu. Gulottak honakoa adierazi du: nahiz eta atxilotutako gehienek aurrekari judizialik ez izan, ikerketen ondoren batzuetan jakin da haurrekin harreman sexualak izan dituztela. Irudiak konfiskatzen direnean, lehenbizi data zehazten saiatzen gara, arriskuan egon daitezkeen haurrak aurkitzeko asmoz. Europako COPINE proiektuak Interneten bidez trukatzen diren bideo pornografiko eta argazki pedofiloen datu-basea egin du. Irudiek klixeen jatorriari buruzko arrastoak eman eta lankidetza erraztu egiten dute.

Errepresioa ez da konponbidea

Informatikako profesionalak mugitzen hasi dira. Fournier de Saint Maurrek dioenez, "oso presio handia jasan dute. Hasieratik, denek (baita poliziak ere) egoeraren arduraduntzat jo zituzten. Baina posta-zerbitzuari bideo pornografikoak banatzea leporatu ezin zaion moduan, ezin dira Internetera sartzea ahalbidetzen duten hornitzaileak akusatu (ikus glosategia). Hala ere, presio hori zela-eta, poliziarekin lankidetzan hasi ziren aipatutako profesionalak." Profesionalen gaitasun teknikorik gabe eta profesionalek informaziorik emango ez balute, alfer-alferrikakoa izango litzateke borroka. Alemanian, polizia Interneteko hornitzaileen egoitzetan indarrez sartu zen eta horrek hornitzaileen eta agintarien arteko harremanak kaltetu zituen. "Errepresioa bera ez da konponbidea; esparru zabalagoan jokatu behar da eta hornitzaileek euren erantzukizunak onartu behar dituzte", adierazi du Jens Waltermann-ek, Berteslman Fundazioko kideak, alegia (fundazio horrek hainbat proiektu burutu eta finantzatzen ditu). Interneteko edukiei buruzko Gailurrean (1999ko irailaren 9 eta 11 bitartean), fundazioak honakoa aurkeztu du: "Estatuentzako, profesionalentzako eta erabiltzaileentzako gomendio praktikoak, Sareko erantzukizuneko kultura berria sortzeko elkarrekin lan egin dezaten." Horretarako, legez kanpoko edukien eta eduki kaltegarrien kontra borrokatzeko tresnak hobetu behar dira, esate baterako: erabiltzaileek erreakzionatu ahal izateko larrialdi-deietarako lineak; Interneteko hornitzaileen borondatezko jokabide-kodeak; eta informazioa baloratzeko eta garbitzeko programa informatikoak. Gaur egun, larrialdi-deietarako lineak dira legez kanpoko dokumentuak salatzeko mekanismo nagusia. Linea horiek estatuek, enpresek edo GKE batzuek finantzatzen dituzte (elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik) eta hamar herrialde baino gutxiagotan daude. Agintariek ez dute beti lotura zuzena izaten aipatutako lineekin. Herrialde batzuetan lineak administratzen dituzten partikularrek poliziari beste batzuen jarduerari buruzko informazioa emanez gero, bizitza pribatuaren kontra ari direla esan dezakegu.

Iragazteko sistema ez-eraginkorrak

Fournier de Saint Maurrek eta Daniel Kahn abokatu frantziarrak (ziberespazioan espezializatua) adierazi dute estatuek sortu behar dituztela larrialdi-deietarako lineak eta horiek informazioa zuzenean poliziari eman behar diotela. Childnet International GKE (Erresuma Batuan du egoitza) proiektu bat burutzen ari da, linea horien arteko lankidetza hobetzeko eta beste linea batzuk martxan ipintzeko. Diotenez, Europako Parlamentuak urte bukaeran erabaki bat hartuko du. Erabaki horretan estatu-kideei eskatuko zaie etengabe arituko diren talde espezializatuak sortzea: legez kanpoko dokumentuak hedatzen ari diren susmoa dutenean, aipatutako taldeek Interneteko hornitzaileekin eta poliziarekin kontaktuan jarri beharko dute. Larrialdi-lineatan deiak ugaritu egin dira eta horrek esan nahi du jendeari gero eta gehiago axola zaiola gai hori. Nahiz eta hornitzaileek informazioa baloratzeko eta iragazteko hainbat programa bultzatu, hori ez da nahikoa izango haur-pornografia desagertarazteko. Aftabek proban jarri zituen merkatuan zeuden iragazteko programa informatiko guztiak eta honakoa aurkitu zuen: programa horietako batek ere ez zituela blokeatzen legez kontra zerrendaturik zeuzkan leku pedofiloak . Cyberangelsek bere zerrenda eskaini die halako programak egiten dituzten enpresei, baina orain arte, bakar batek (Net Nanny-k) eskuratu du. Hala ere, nahiz eta iragazteko programa horiek funtzionatu, linean dauden haurrak baino ez lituzke babestuko eta ez argazkietako haurrak. GKEk, profesionalek eta poliziak azpimarratu dute oso garrantzitsua dela gurasoak eta haurrak sentsibilizatzea, arazoaren larritasunaz ohar daitezen eta legez kanpoko dokumentuen hedapena salatu dezaten. Aftaben ustez, 13 urtetik beherako haurrek chatetan helduekin daudenean soilik sartu beharko lukete. Zenbait eskolatan Internet-lekuak sortzen dituzte haurren irudiekin eta haurrei buruzko informazioarekin. Hainbat erakundek adierazi dute ez litzatekeela eskoletan aipatutakoa egin beharko. Aftabek jendea ohartarazteko ekimen gehiago burutu nahi ditu eta badu enpresa erraldoi batzuen laguntza, esate baterako, Microsoft eta AOLen laguntza. Esan behar dugu Aftab "Haurrak Arriskuan" kanpainako Estatu Batuetako Ekintzarako Batzorde Nazionalaren presidentea dela. Iritzi publikoaren presioa oso handia balitz, gobernuek baliabide gehiago bideratuko lituzkete haurren babeserako. O"Connellek ondorengo oharra egin du: "Oraingoz, posible da pedofiliari neurria hartzea. Presioa oso handia izanez gero, lagun horiek gehiago kamuflatuko dira; Interneten beste maila batzuetan ezkutatuko dira eta ezinezkoa izango da eurak aurkitzea. Denbora kontua baino ez da".

+_

o www.unesco.org/webworld/innocence o www.casa-alianza.org o www.childnet-int.org o www.cyberangels.org o www.ecpat.net o www.fbi.gov/library/pguide o www.info.fundp.ac.be/~mapi/plan.html (Belgikan Pedofiliaren kontrako mugimenduak gai horri buruzko txosten bat argitaratu zuen.) o www.iwf.org.uk (Erresuma Batuko Internet Watch Foundation-ek autoerregulatzeko saiakerarik eraginkorrenetako bat egin du.) o www.stiftung.bertelsmann.de

Glosategia

o Chat ak: Chatei esker Interneteko erabiltzaileek elkarrizketak izan ditzakete denbora errealean eta idatziz. Chatak linean sartzeko hornitzaileek antolatzen dituzte edo bestela Internet Relay Chat (IRC) sistemak eta antzeko beste batzuek. o Eztabaida-foroak (Usenet): zerbitzari erraldoiak dira eta erabiltzaileek bertara mezuak eta informazioa bidaltzen dituzte. o Internetera sartzeko hornitzaileak: Internetera zuzenean eta murrizketarik gabe sartzea ahalbidetzen duten enpresak. Horren truke hilero kopuru bat ordaindu behar da.


Sunila Abeysekera: bakearen alde Sri Lankan

ELKARRIZKETA

SUNILA ABEYSEKERA: BAKEAREN ALDE SRI LANKAN

Bizia arriskuan jarrita ere, giza eskubideen defendatzaile honek bere herrialdeko bidegabekeriak nazioartean salatu ditu eta horregatik Nazio Batuen saria eman diote.
Elkarrizketa Ethirajan Anbarasan-ek egin du.
UNESCO Albistariako kazetaria
Nazio Batuek duela gutxi egindako azterketak adierazi du desagertutako lagun kopuruari dagokionez Sri Lanka munduko bigarren herrialdea dela. Hala ere, bertan giza eskubideen zapalkuntzaren gaia apenas jorratzen den. Zergatik?
Sri Lankaren arazo larrienetako bat izuaren kulturarena dugu, bai gehiengo zingalesaren aldetik eta baita gutxiengo tamilaren aldetik ere. Gatazka etnikoak eta militante tamilen kontrako gerrak guztiz militartu dute gizartea. Azken hiru hamarkadetan, uharteko iparraldeko eta ekialdeko biztanleak Sri Lankako armadaren, Bakea Mantentzeko Indiako Indarraren (IFPK) eta gerrillari tamilen taldeen kontrolpean bizi izan dira. Zibilak oso egoera zailetan bizitzera ohitu dira, gatazka-guneen barruan eta kanpoan: etxeratze-agindu ofizialak eta ez-ofizialak, sarekadak, atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak. Armadak edo gerrillariek zenbait zibil hil zituzten jendaurrean, biolentziari eta izuari aurre egiteagatik. Egoera halakoa izanda, beraz, zibilek ezin izan dute giza eskubideen zapalketa salatu. Hegoaldeko egoera ez da hobea. 1987an, milaka gazte zingales hil ziren, gobernua Indiaren eta Sri Lankaren bake-akordioaren kontrako matxinada menperatzen ahalegindu zenean. 1987 eta 1990 artean, askotan agertu ziren kiskalitako gorpu piloak errepideen ondoan. Hilketa horien erantzule armada zein matxinatuak izan ziren. Biztanleak beldur dira, injustiziaren kontra agertuz gero, jasoko duten zigorra heriotza izango delako, ziur aski, eta ez mehatxuak, erasoak edo espetxea. Gaur egun ere, segurtasun-indarrek eta paramilitarren eta gerrillarien taldeek hainbat lagun bahitu, atxilotu eta torturatu egiten dituzte. Izuaren kulturak isiltasunaren kultura sortu du. Jendeak ez du 1987 eta 1990 bitartean gertatutakoari buruz edo gaur egun gertatzen denari buruz hitz egin nahi. Erronka isiltasunaren kultura hori haustea da.
Nahiz eta biktimak asko izan, nazioarteko komunitateak ez du jarrera zorrotza hartu. Zer iritzi duzu zuk horren inguruan?
Gure kalkuluen arabera, Sri Lankan 100.000 lagun baino gehiago hil dituzte azken hogei urteotan. Penagarria da gure gobernuek eta erreboltari tamilek benetako ahaleginik ez egitea konponbide baketsua aurkitzeko. Nazioarteko komunitateak gobernua eta tamilak presionatu izan balitu, ziur nago hitzartutako konponbidea izango genukeela. Nahiz eta Sri Lanka gerra-egoeran egon, Mendebaldetik garapenerako laguntza jasotzen jarraitzen du. Laguntza hori, berez, berregite eta birgaitzeko lanetan erabili behar da. Baina, nola egin garapen-lana gerra erdian? Mendebaldeko estatuek uste dute, ziur aski, Sri Lankako gatazka kontrolatu egin daitekeela; baina kontrolaezina bilakatuko balitz, Kosovon edo Ruandan bezala, agian zerbait egingo lukete. Nire ustez, interes falta horretan elementu arrazistek eta neokolonialistek ere zerikusia dute. Azal iluneko lagunak elkar hiltzen ari dira urrutiko estatu batean. Zergatik axola behar zaie Mendebaldeko estatuei?
Duela urte gutxi batzuk, Sri Lankako gobernuak giza eskubideen zapalkuntza ikertzeko batzordeak eratu zituen. Zein emaitza lortu dituzte aipatutako batzordeek?
1990eko hamarkadan, giza eskubideen defentsarako hainbat taldek kanpaina publikoa ipini zuten martxan (estatuan eta atzerrian), 42.000 desagertu baino gehiagoren kasuak ikertzeko eskatuz. 1992an, gobernuak ikerketarako lehendakaritza-batzordea osatu zuen. Ordutik beste batzorde batzuk ere osatu dira. Desagertuen milaka familiak batzorde horien aurrean testigutza eman zuten eta batzordeek txostenak Lehendakaritzari aurkeztu zizkioten. Baina batzordeek ezin zuten ustezko errudunen kontra prozesurik hasi.Txostenak ez dira inoiz argitara eman. Denak Lehendakaritzaren Idazkaritzan daude eta Lehendakariak baino ezin ditu Parlamentura bidali. 1998an, gobernuak akzio judizialak hasi zituen ehun polizien kontra, Sri Lankako Probintzi zentraleko desagerpenen batzordeak erruduntzat jo zituelako. Hori gertatu zen Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak, gizarte zibilak, komunikabideek eta nazioarteko komunitateak oso presio handia egin zutelako. Hala ere, esan behar da, batzordeak mila salaketa baino gehiago egin zituela. Eta salatuen artean bat bakarra zen goi mailako ofiziala; beste guztiak menpekoak ziren. Giza eskubideen defentsarako taldeek batzordeari eskatu diote gehiago ikertzeko eta bahiketak eta hilketak agindu zituzten goi mailako ofizialak eta politikariak ezagutzera emateko. Gerrako testuinguru horretan, ulertu egin behar da egitura politikoen eta segurtasun mekanismoen artean lotura handia egotea. Estatuaren ikuspuntutik (eta ez nire ikuspuntutik), zigorgabetasun formala agian justifika daiteke, baina ezin dira gertakariak ukatu. Politikoak errudunak direla egiaztatuz gero, kargu publikoak izateko eta hauteskundeetara aurkezteko eskubidea kendu beharko litzaieke. Beste herrialde batzuetan (adibidez, Argentina, Txile, Guatemala eta El Salvador), hainbat batzordek lider politiko batzuk salatu zituzten (izenak emanez), giza eskubideak urratzeagatik. 1991n, giza eskubideen defentsarako taldeek Sri Lankako gobernuak bi bisita baimentzea lortu zuten: Amnesty International erakundearen bisita eta, geroago, desagerpenak ikertzen ari zen Nazio Batuen lan-taldearen bisita. Bi bisita horiek oso garrantzitsuak izan ziren estatuko giza eskubideentzat.
Sri Lankan biolentzia etengabea da duela hogeita hamar urtetik. Zer eragin du horrek emakumeengan?
Emakumeak eta haurrak izaten dira gatazken lehen biktimak. Sri Lankan iparraldeko eta ekialdeko milaka familia desplazatu egin dira biolentziaren ondorioz. Gizonezkoak armadan edo gerrillarien taldeetan sartu dira edo, bestela, estatutik alde egin dute. Emakumeek familiak elkarturik mantendu eta haurrak zaindu behar izan dituzte. Estatu barruan desplazatu diren milioi lagunetik, gehienak emakumeak eta haurrak dira. Desplazatu diren emakume horietako asko baldintza negargarrietan bizi dira gobernuak administratutako eremuetan. Janari, arropa eta sendagai gutxi dituztenez, beste leku batzuetan lana egin behar izaten dute. Baina leku horietan ez dira seguru egoten. Gizartea oso militartuta dagoenez, iparraldean eta hegoaldean biolentziak gora egin du izugarri, bereziki biolentzia sexualak. Gatazkaren ondorioz ere, komunitateen arteko arazo ugari sortu dira. Gizonezkoek murrizketa gehiago inposatzen dizkiote emakumeei, bai zingalesei, bai tamilei eta baita musulmanei ere. Alde batetik, gatazka dela-eta, emakumeek lana egin behar izaten dute familiaren beharrak asetzeko. Bestetik, komunitatearen "irudia" eta "identitatea" babesteko eskatu zaie. Armadak eta gerrillarien mugimenduek emakumeak bildu eta giza bonbatzat ere erabili ohi dituzte. Sri Lankako gizartea oso tradizionala da, eta beraz, emakumeek prestakuntza militarra jasotzea eta armak erabiltzea ohiko eskemen kontra doaz; horrek eragin positiboa eta negatiboa izan du aldi berean. Baina badira bakearen alde gogoz lan egiten duten emakumeak ere. 1986an 600 mutiko tamil atxilotu zituzten eta "Amen Fronteak" protesta-ekintzak antolatu zituen Jaffna-ko kaleetan (iparraldean). Ekintza horiek isiltasunaren mugak hautsi eta giza eskubideen alde aritzeko bidea zabaldu zuten. Ordutik komunitate guztietako emakumeak elkartetan bildu dira; desagertuen kasuetan justizia eskatzen dute eta, bestalde, bakea eta adiskidetzea defendatzen dituzte, oso jarrera kritikoaz.
Talde kontserbadore batzuek esan dute emakumeentzako eskubide-berdintasuna eskatuz gero, talde feministek kultura tradizionala arriskuan jarriko dutela. Zer iritzi duzu zuk?
Asiako hegoaldean iraganeko pisua jasan behar dugu. Gure mugimendu politiko eta nazionalista guztiek honakoa azpimarratu dute: gure herriak oso ondare garrantzitsua duela eta milaka urteko zibilizazioa biltzen duela. Zalantzarik gabe, iraganetik balio on ugari jaso ditugu eta balio horiek mantendu egin behar dira. Baina, nola erabil daitezke erlijioa eta kultura, sexuan, erlijioan edo arrazan oinarritutako diskriminazioa justifikatzeko? Sektore kontserbadoreek gizartea menperatu dute, emakumeak kontrolatzeko gaitasun handia dutelako. Orain, inoiz baino gehiago, emakumeek komunitatearen kultura eta tradizioak adierazten dituzte. Komunitateek gero eta arau zorrotzagoak inposatzen dizkiete emakumeei jantzien inguruan. Nire ustez, gaur egungo gizartea iraganekoa baino askoz ere puritanoagoa eta fundamentalistagoa da. Kontserbadoreek erlijioa aitzakiatzat hartzen dute emakumeak menperatzeko. Ziur nago Asiako Hegoaldeko erlijio-praktikek zerikusirik ez dutela erlijioen arlo filosofikoarekin. Aipatutako praktikak gizonezko erlijiosoek burutzen dituzte, testuak nahi duten bezala interpretatu ondoren. Emakumeek bizitza politikoan eta ekonomikoan gero eta gehiago hartzen dute parte, kultura-muga tradizionalei aurre eginez. Familiaren kontzeptua pixkanaka indargabetzen ari da, giza kontroletik kanpo geratzen diren aldaketa ekonomiko eta sozialen ondorioz. Emakumeak independizatzen hasi dira eta gizonen papera eta boterea, aldiz, atzean geratu dira, globalizazio prozesua dela-eta.
Zer lan egin dute bake-mugimenduek eta giza eskubideen defentsarako taldeek Sri Lankan?
Gizarte militartu horretan espazio bat bereganatzen saiatu dira, nahiz eta espazio txikia izan. Komunikabideekin eta sektore akademiko eta kulturalekin lankidetzan aritu dira. Ea argi hitz egiten duten. 1998an, gobernuz kanpoko erakundeen arteko bi aliantza sortu ziren bakearen alde eta gatazka etnikoaren konponbide negoziatuaren alde aritzeko. Bata Bakearen aldeko Aliantza Nazionala (NAP) da eta komunitate tamil, musulman eta zingalesek osatzen dute. Bestea Erlijioen arteko Aliantza da eta gotzain katoliko eta anglikanoek eta monje budistek osatzen dute. Bi Aliantzak elkarrekin joan ziren 1998an iparraldeko hainbat eskualdetara eta erdialdeko probintzietara eta tamilekin elkarrizketak izan zituzten. 1999ko otsailean, bi talde horiek manifestazioa antolatu zuten Kolonbon eta bertan bildu ziren, lehen aldiz, lider erlijioso hinduak, kristauak eta budistak; denek bakea ezartzeko beharrari buruz hitz egin zuten. Oso positiboa izan zen. Gero eta jende gehiagok uste du Tamil Aberria Askatzeko Tigreekin negoziatu egin behar dela konponbide demokratikoa eta baketsua lortzeko. Horrelako ekintzak oso garrantzitsuak izaten dira kaleko jendea hitz egitera ausartzen ez denean.
Ez da erraza izango gizarte militartuan giza eskubideak defendatzea...
Duela hogei bat urte hasi nintzen giza eskubideen alde borrokatzen eta orduan ez zen batere erraza. Asaldatzailetzat hartu ninduten eta baita traidoretzat ere. Gobernuak eta talde politikoak salatu nituen egitura demokratikoak hondatzeagatik eta antolaketa militarra ezartzeagatik. Horren ondorioz, gaitzespenak jaso nituen sektore guztietatik. Oro har, Sri Lankan giza eskubideen alde aritzen direnak presio handiak jasaten dituzte. Giza eskubideak hainbat agentek urratzen dituzte eta denak kritikatu behar dira. Gure lanean ondorengoak egiten ditugu: zenbait lagun giza eskubideen zapalketari buruzko dokumentuak biltzeko prestatu, kasuak auzitegietara eraman, biktimei laguntza eman... Ez da batere erraza iparraldean eta ekialdean zainketa lanak egitea eta esku-hartzea. Izan ere, oso zaila da tamilek kontrolatutako eskualdeak bisitatzeko baimena lortzea. Eskualde horietan giza eskubideak urratu egin direla uste badugu, bertara joaten gara, nahiz eta gure biziak arriskuan ipini. Terrorismoa Prebenitzeko Legeari jarraiki, ezin dugu militante tamilekin harreman zuzenik izan eta horrek gure lana are zailagoa egiten du. Azken urteotan, talde-sare bat osatu dugu herrialde osoan eta talde horiek informazioa bidali eta laguntza eskaintzen digute. Gatazka-guneetako hainbat biztanlek batzuetan bizia arriskuan jarri dute behar diren aurrekariak biltzeko.
Desagerpenen inguruan nazioarteko arreta biltzeaz gain, zein beste emaitza lortu dituzue?
Azken hogei urteotan hainbat kanpainatan hartu dut parte eta oinarrizko erakunde eta mugimenduen (bai zingalesak, bai tamilak ere) laguntza lortu dut. Bi datu horiek lorpen handiak dira. Bestalde, Nazio Batuen saria jaso dugu egindako lan guztiaren truke. Gure taldea, INFORM, beste erakunde askorekin lankidetzan aritzen da. 1997an, soldaduek Krishanti Kumaraswamy ikasle tamila bortxatu eta hil egin zuten. Soldadu horiek zigortzea eskatzen zuen kanpainan ere hartu genuen parte. Krishantiren ama, anaia eta auzoko bat bere bila joan ziren eta horiek ere hil egin zituzten. Salaketei esker, gobernuak susmagarriak prozesatu behar izan zituen eta horietako seik heriotza-zigorra jaso zuten, 1998an. Epai hori oso garrantzitsua izan zen, lehen aldiz militarrak auzitaratu baitzituzten. Meritu guztia giza eskubideen defentsarako taldeena da.
Hogei urtetan gatazka etnikoan bizi ondoren, ba al dago adiskidetzeko aukerarik?
Zaila da erantzuna ematea. Nire ustez, posible da Sri Lankako komunitate guztiak duintasun eta errespetuz elkarrekin bizitzea. Hori lortzeko, komunitateko agintariek barkamen eta adiskidetze-garaiari ekiteko prest egon behar dute. Alde guztiek onartu beharko dute ikaragarrizko krimenak egin dituztela. Eta gero, aurrera egin beharko dugu. Jendea atzera begira geratuz gero, ez da konponbiderik izango. Gure historiako garai beldurgarri honetatik ateratzen ari gara. Komunitate guztietan, zaharrenek oraindik gogoan dute lehen arazorik gabe bizi ginela denok elkarrekin. Gazteenek, ordea, gerra, banaketa eta sufrimendua baino ez dute ezagutu. Egoera bere horretan mantenduz gero, ez da Sri Lankarako bake-itxaropenik izango. Nahiz eta gerra bihar bertan amaitu, badakigu bakea ez dela berrezarriko baldin eta komunitate guztietako jendea elkarri barkatzeko eta biziari elkarrekin ekiteko prest ez badago. Horretarako honako elementuak behar ditugu: egitura politiko demokratiko berria eta komunitate guztien eskubideak defendatzeko tresnak.
JUSTIZIAREN ALDEKO BORROKA

Jende asko saiatu da Sunila Abeysekera beldurtzen. Abeysekerak 46 urte ditu eta INFORMen zuzendari exekutiboa da. INFORM giza eskubideen defentsarako erakunde garrantzitsua da eta Sri Lankan sortu zen 1989. urtean. 1988an, Abeysekerak, haurdun zegoela, heriotza-mehatxuak jaso eta estatutik alde egin behar izan zuen eta Herbehereetan errefuxiatu zen denboraldi labur batean. Bere "krimenak" hauek izan ziren: giza eskubideen zapalketa salatzea eta errudunentzako zigorra eskatzea, euren maila edo posizioa edozein izanda ere. Janata Vimukti Peramuna ezkerreko mugimenduaren zerrenda beltzean egon zen hirurogeita hamarreko hamarkadan, talde horretatik bota eta gero. Mugimenduaren jarduerak kritikatu zituen eta talde barruan demokrazia eta justizia praktikatzea eskatu zuen. Horregatik, taldeko kiderik garrantzitsuenak haserretu egin ziren. Baina arazo guztiei aurre egin eta giza eskubideen alde bakarrik borrokatzen jarraitu zuen. "Kritikak sektore guztietatik jasotzen direnean, horrek esan nahi du egiten ari zarena bidezkoa dela", adierazi du Abeysekerak. Abeysekera komunitate zingalesekoa da eta kontaktu zuzena izan zuen Sri Lankako iparraldeko eta ekialdeko emakume tamilekin, gatazka etnikoa 1983an hasi ondoren. Eta hori gutxi batzuek baino ez zuten egin. Aitarekin, Charles Abeysekerarekin, lankidetzan aritu eta honakoak salatu zituen: batetik, segurtasun-indarrek giza eskubideak urratzen zituztela Terrorismoaren Prebentziorako Legearen babesean; eta bestetik, tamilen eskualdeetan salbuespen-egoera agindu zutela. Nazioarteko komunitatean Sri Lankako giza eskubideen egoeraz kezkatzen hasi ziren bertako GKE batzuk (adibidez, INFORM) Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordearen urteko bileran parte hartzen hasi zirenean, Genevan, 1992an. Abeysekerak etengabe hartu du parte giza eskubideen inguruko nazioarteko foroetan eta eskubide horiek Sri Lankan urratu egiten direla salatu du. Horri esker hainbat gauza lortu ditu. 1994ko parlamenturako hauteskundeetan estatuko alderdi politikoek agindu behar izan zuten egoera hobetzea lehentasuneko lana izango zela. "Nahiz eta agindutakoa oraindik ez bete, behintzat arazoa onartu zuten", azaldu du. Abeysekerak bi seme-alaba ditu eta orain Kolonbon bizi da. INFORMekin eta giza eskubideen defentsarako beste talde batzuekin egiten du lan: aldaketa baketsua eta demokratikoa bultzatzen dute Sri Lankan.

NAZIOARTEKO ONARPENA

1998ko abenduaren 10ean Sunila Abeysekerak Nazio Batuen saria jaso zuen, giza eskubideen defentsan egindako lanagatik. Nazio Batuen Giza Eskubideen Saria berari eta ondorengoei eman zieten: Ugandako Angelina Acheg Atyam-i, Estatu Batuetako Jimmy Carter-i, Brasilgo Jose Gregori-ri eta Txekiako Anna Sabatova-ri. Sari-banaketa NBko New Yorkeko egoitzan egin zen, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizun-ekitaldian. Giza Eskubideen Saria Batzar Nagusiak ezarri zuen 1966an eta lehen aldiz 1968an eman zuten, Deklarazio Unibertsalaren hogeigarren urteurrena zela-eta. Ordutik, sariak 1973an, 1978an, 1988an eta 1993an eman dituzte. Sarituen artean hauek aipatuko ditugu: Nelson Mandela, Eleanor Roosvelt, U Thant eta Martin Luther King.

KRONOLOGIA

1948 Sri Lanka Erresuma Batuaren menpe zegoen eta independentzia lortu zuen. 1978 Konstituzioa aldatu eta gobernu parlamentarioaren ordez sistema presidentzialista ezarri zuten. Sufragio unibertsalean aukeratutako presidentea estatu-burua, Exekutiboaren burua eta Indar Armatuen Komandante Burua izango da. 1983 Tamil Aberria Askatzeko Tigreek, estatu independentearen (Eelam tamil) aldeko talde armatuak, konboi militar bateko 13 soldadu hil zituzten. Horren ondorioz, estatu osoan tamilen kontrako matxinadak eta 2.500 hildako izan ziren. Krisialdi etniko hori zela-eta, milioi erdi tamilek estatutik alde egin eta Indian eta beste leku batzuetan errefuxiatu ziren. 1987 Indiak eta Sri Lankak gatazkarekin amaitzeko akordioa sinatu zuten. Uhartera Bakea Mantentzeko Indiako Indarra (IFPK) bidali zuten, liskarrekin bukatzeko eta militante tamilen armen errendizioa zaintzeko. 1989 Tigreekin urtebetean borrokan aritu ondoren, IFPK Indiara itzuli zen. Geroago, "Eelameko bigarren gerra" piztu zen gobernuko indarren eta Tigre tamilen artean. 1991-1992 Sri Lankako gobernuak baimena eman zuen Behartutako Desagerpenen edo Desagerpen Inboluntarioen inguruko Nazio Batuen Lan Taldea bisitan joateko. 1993 Gizon-bonba batek Ranasinghe Premaadasa Presidentea hil zuen. Lehen Ministroa, D.B. Witjetunge, Presidente aukeratu zuten. 1994 Hainbat alderdik Herriko Aliantza osatu zuten, Sri Lankako Askatasunaren Alderdia (SLFP) buru zutelarik. Herriko Aliantzak parlamenturako hauteskundeak irabazi eta gobernua osatu zuen. Aliantzaren liderra, Chandrika Bandaranaike Kumaratunga, presidente izendatu zuten, azaroan hauteskundeak irabazi ondoren. 1995 Erreboltari tamilen eta gobernuaren arteko bakerako elkarrizketek porrot egin zuten. Tigre tamilek indar armatuen kontra eraso bortitzak burutu zituzten eta horren ondorioz "Eelameko hirugarren gerra" piztu zen. 1997 Sri Lankak honakoa berretsi zuen: Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren Aukerazko Protokoloa. Bestalde, Giza Eskubideen defentsarako batzorde iraunkorra sortu zuen, giza eskubideen zapalketa eta desagerpenak ikertzeko. ESTATUKO FITXA Sri Lanka Izen ofiziala: Sri Lankako Errepublika Sozialista Demokratikoa Azalera: 65.610 km2 Hiriburua: Kolonbo Populazioa: 18,2 milioi (%74 zingalesak, %18 tamilak, %7 musulmanak) Hizkuntzak: zingalesera, tamilera, ingelesa Erlijioak: Budismoa, hinduismoa, islamismoa, kristautasuna Moneta: errupia srilankarra Alfabetizazio-tasa: %90 BPG: 716 dolar biztanleko Presidentea: Chandrika Bandaranaike Kumaratunga

1999-12-31
16349706
5130