UNESCOren Albistarien Fitxa
Sarajevotik
Sarajevotik
Eman dezagun aste honetan urrats handi bat: utz dezagun gerraren kultura atzean, eta eraiki dezagun bakearen kultura! Hegoafrikak -Nelson Mandela eta Frederik De Clerk-en gidaritzapean- apartheid-ari amaiera eman dio eta bere lehen hauteskunde demokratikoak egin ditu. Ekialde Ertainean, berriz, hiru gizon etorkizunera begiratzeko gai izan dira (Yassir Arafat, Simon Peres eta Yitzak Rabin) eta horri esker aro berri baten lehen urratsa eman dute: bizikidetzaren eta elkar ulertzearen aroarena, alegia. Aste honetan, beraz, irtenbidea eman zaie gure garaiko bi gatazkari, eta biak dira luzeak eta konpongaitzak. Beste hainbeste gertatzen ari da El Salvadorren eta Mozanbiken ere. Bestalde, ondo dakit Bosnia-Herzegovinako zauriak egin berriak eta sakonak direla, baina arestian aipatutako adibide itxaropentsu horiek gogoan izanik, dei egiten diet Bosnia-Herzegovinako gatazkan zerikusirik duten alde guztiei su-etena iragar dezaten, eta elkarrizketari nahiz errekontziliazioari ekin diezaieten. Aste hau aste historiko izan daiteke: bake-aroaren lehen astea. Serbiarren burukideei eskatzen diet batez ere: borrokak eten eta negoziazio mahaian eser zaitezte. Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Egun honetan Sarajevoren aldeko dei solemne bat egiten diet alde guztiei, anaien arteko borroka hori geldi dezaten eta bakearen eta errekontziliazioaren bidea har dezaten. Bakea, bai, baina justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin batera. Beste hainbeste eskatzen dut Ruanda, Angola eta Afganistanentzat ere. Mesedez, ez ahaztu gauza guztiak eztabaida daitezkeela eta arazo guztientzako irtenbideak aurki ditzakegula... heriotzarentzat ezik. Ez daitezela gizaki gehiago hil, bizitzea merezi duten helburuengatik. Gaur itxaropen handiko eguna dugu. Eskerrik asko errekontziliazio- eta demokratizazio-prozesu horietan parte hartu duten guztiei, gorroto eta mendeku sentimenduei uko egin dieten guztiei. Gaur Sarajevon kantu berria jaio da: bizitzaren eta askatasunaren kantua, mundu guztiari zuzendua, arrazoiaren indarrak indarraren arrazoia gaindi dezan. Iraganean ez gara gauza izan elkarrekin armonia onean bizitzeko. Baina oraindik altxor ukigabe bat badugu: etorkizuna. Aste hau mugarri izan daiteke, gerratik bakerako bidean planeta osoak ipinitako mugarria. Sarajevotik dei bat egiten diet munduko herri guztiei, herrialde hau berreraikitzeko lanean parte har dezaten, bere kultur aniztasunaren sinboloak barne: Liburutegia, Mostar-eko zubia, elizak eta erlijio guztietako otoitz lekuak, talde etniko guztietako haurren eskolak. Ezin dugu jarraitu ikusle pasibo izaten. Kontu korronte bat zabaldu dugu zuen dirulaguntza solidarioa jasotzeko, berreraikuntza-lanei ekiteko. Laguntza horrek, handia edo txikia izanik, garbi utziko du ez dugula nahi ezer egin gabe geratu, batez ere Europan. Agerian utziko dugu zein den munduko indarrik handiena: herri batek besteari dion maitasuna, alegia. Gaur itxaropen handiko eguna dugu. Bidea erakusten diguten gidariak ditugu. Ospatu beharreko gertakizunak ditugu. UNESCOren helburua "bakearen babeslekuak gizonen buruan eraikitzea" denez, erakunde honen izenean eskatzen dizuet: egin daitekeen oparirik onena egiezue munduko haur eta gazteei, hau da, armak utzi eta zuen eskuak beste lan batean erabili, maitasunezko mundu berri baten eraikuntzan, alegia. Sarajevo, 1994ko maiatzak, 3.
Antoni Tàpies
ANTONI TAPIES
Zer dira bioteknologiak?
ZER DIRA BIOTEKNOLOGIAK?
Munduan bizi garen bost mila milioi biztanleok desberdinak gara. Ez dira munduan bi gizaki berdin. Ezta bi landare, animalia edo mikroorganismo berdinik ere. Denak dira desberdin. Aniztasun kaleidoskopiko horretan oinarritzen da, hain zuzen, bioteknologia, hau da, organismo bizidunak aldatzea eta hobetzea helburu duen teknologia. Mende honen hasieran Mendel-en (1822-1884) legeak berraurkitu zirenetik hobeto ezagutzen ditugu aniztasun genetikoaren jatorria eta mekanismoak, batez ere aniztasun genetikoaren hiru oinarriak: geneen segregazioa, mutazioa eta birkonbinazioa. Aldakortasun genetiko horri esker izan ziren gure arbasoak gai landareak eta animaliak hautatzeko. Duela 10.000 urtetik gora hasi ziren garia, garagarra eta arroza beste basalandareetatik bereizten eta baratzetan hazten. Gero, landarerik onenak aukeratuz, emaitzak etengabe hobetzen joan ziren. Frutarbolak eta patata bezalako zenbait landaretan mutazioak gertatu ziren, barietate berriak sortuz. Gaur egun 1,5 milioitik gora landare- eta animalia-espezie ezagutzen dira, eta gainera espezie bakoitzak barietate ugari ditu. Arrozaren barietateak, adibidez, 100.000 baino gehiago dira. Mende honen hasieran teknika berriak erabiltzen hasi ziren konbinazio genetiko berriak sortzeko: hibridazio planifikatua lehenik, eta mutazioen indukzioa gero. Gainera, hibridazioari beste erabilera berria aurkitu zioten: landare eta animalien ekoizpena handitzea. Estatu Batuetan, adibidez, 30eko hamarkadan artoaren ekoizpena bikoiztu egin zen hibridazioari esker. Japonian eta Txinan 40ko hamarkadan gariaren eta arrozaren barietate batzuen geneak identifikatu zituzten, eta horrekin eman zitzaion hasiera Asian 60ko hamarkadan izandako iraultza berdeari. "Indar hibridoa"ren ustiapen komertziala oso hedatuta dago jadanik, baita gurutzaketarik gabe polinizatzen diren espezieetan ere, arrozaren kasuan bezala. Eta horren adibiderik argiena Txina dugu, 18 milioi hektareatan hazten baitute arroz hibridoa. Aniztasun biologikoa da, beraz, ekoizpenaren gorakadaren oinarria. Hautaketa, mutazioa eta hibridazioari esker hobetu dira landareak, animaliak eta mikroorganismoak, eta horrek izugarrizko onura ekarri dio nekazaritzari, industriari eta medikuntzari: antibiotiko eta txerto ugari sortu dira; hartzidura-teknikek asko aurreratu dute. Organismo bizidunen eremuko aurrerapen zientifiko askoren iturria bioteknologia klasiko ez-molekularrean dago.
Baina aurrerapenak ez dira hor amaitzen: biologia molekularrak are eta aukera zabalagoak ditu. Disziplina zientifiko berri hau duela berrogei urte jaio zen, James Dewey Watson eta Francis Crick-en eskutik, ADNaren molekularen egitura helikoidala (helizearen itxurakoa) deskribatu zutenean. Harez gero, bi interesgune nagusitu dira: alde batetik aniztasun genetikoaren oinarri molekularren azterketa, eta bestetik konbinazio genetiko berriak lortzeko prozesuen normalizazioa; horretarako ADNaren birkonbinazio-teknikak erabiltzen dira. Hau da, ADNko molekula zirkular txikiak (plasmidoak) erabiltzen dira geneen bikoteak sortzeko, eta metodologia zientifiko berri bat sortarazi dute: injinerutza genetikoa. Organismo transgenikoak sortzea ahalbidetu du, hau da, beren genoman kanpoko material genetikoa hartzen duten organismoak. Hiru sustantzia ekoizteko balio du: intsulina, interferona eta hazkuntzaren hormona. "Bioteknologia" hitzak gauza asko adierazten ditu (zelulen eta ehunen kultiboak, mikropropagazioa, hartzidura, etab.) baina bioteknologia modernoaren muina injinerutza genetikoa dela esan dezakegu.
Gaur egungo bioteknologiak -teknika konbentzionalak eta molekularrak elkarturik- industria suspertzeko aukera izugarriak ditu. Osasun eta medikuntza mailan dituen aplikazioez gain beste aukera interesgarri asko zabaltzen ari dira: nekazaritza, industria, energiaren ekoizpena, ingurugiroaren babesa eta espazioaren azterketa. Bioteknologiari esker, XXI. mendean janari eta bestelako nekazal produktu gehiago ekoiztu ahal izango ditugu lur eta ur gutxiago erabiliz. Eta gainera natura gehiago errespetatuz, ez baitira hainbeste pestizida eta ongarri kimiko erabili behar izango errendimendu onak lortzeko. Une honetan landare transgeniko ugari frogatzen ari dira munduko zenbait lekutan. Birkonbinazio genetikoari esker aurkitu dira mikroorganismo "olio-garbitzaileak". Golkoko Gerrak 1991n eragindako "petroliozko lakuak", esate baterako, horrela garbitu ziren. Bioteknologiek aukera amaitezinak zabaldu dizkiote aniztasun biologikoaren erabilera zentzudunari. Madras-en dugun ikerketa zentruan, adibidez, geneak biltzen ari gara zenbait landareri gaitasun berri bat emateko: gatzarekiko erresistentzia. Itsasertzeko mangleetan aurkitu da ezaugarri hori, eta beraz, ondo aztertu ondoren gene berezi horiek beste espezietara iragan ahal izango direla uste dugu. Ikerketa horiek oso garrantzitsuak dira, batez ere kontutan izanik itsasoetako urak gora egin dezakeela epe laburrean. Mikrobiologiaren bidez aberastutako zelulosa-hondakinetatik janariak atera daitezke abereentzat, batez ere gizentzeko hazten direnentzat. Eta azkenik, ezin dugu ahaztu biomasa-birfindegiak sortzen ari direla zenbait herrialdetan erregaiak ekoizteko.
Berrikuntza zientifikoek bai itxaropena eta bai beldurra ere sortarazten dute. Bioteknologiak, adibidez, bi kezka nagusi sortu ditu: segurtasuna eta etika. Teknologia mota horren aurka daudenak beldur dira "Jainkoaren lekuan izatera jolasteak" hondamendi ekologikoa edota osasunezkoa ekarriko ote duen, edo bestela gizakion izaera aldatuko ote duen. Hori dela-eta, bioteknologia-programak aurreratu samarrak dituzten herrialdeek arau zorrotzak ezarri dituzte. Horrez gain, erakunde zientifiko askotan etika-batzordeak eratu dira. Beste kezka bat ere sortu da, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan: lurralde industrializatuetako hazi-enpresa pribatuen jokaera berekoia, beren interes pribatuak defendatzeko soilik erabiltzen baitute landareen material genetikoa. Bai, lurralde industrializatuetako ikerketa bioteknologikoa gehien bat esku pribatuetan dago, baina baliabideak Hegoan daude. Beraz, patente eta konpentsazio finantzeroen sistemak sortzearen inguruko gaiak oso garrantzitsuak dira nazioarte mailan. Hori oso argi ikusi zen 1992an Rio de Janeiron gutxienez 150 herrialdek sinatutako "Bioaniztasun Globalari" buruzko hitzarmenean. Baina bioteknologiaren erabilera zuzenak eta genetika konbentzionala nahiz molekularra hobeto ulertzeak bi ondorio bikain ekar litzakete: alde batetik janarien ekoizpena segurtatzea eta bizi-baldintza hobeak eta iraunkorrak lortzea, eta bestetik aniztasunaren arriskuei buruzko sineskeria eta aurriritzi irrazionalak uxatzen laguntzea. Onura horiek izan daitezke, azken finean, bioteknologia modernoak gizarteari egin diezaiokeen ekarpenik baliotsuena.
Bioteknologiak genearen bila
BIOTEKNOLOGIAK, GENEAREN BILA
Biologiaren teknika modernoek mundu bizidunaren erreserba agortezinak zabaltzen dizkigute, munduko arazorik larrienetako batzuk konpontzen lagunduz: gosea, gaixotasunak, kutsadura, energiaren ekoizpena...
Lorpenak, itxaropenak eta erronkak
LORPENAK, ITXAROPENAK ETA ERRONKAK
Bioteknologiaren mundua oso zabala da. OCDEk (Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) honela deskribatzen du bioteknologia: "Agente biologikoen bidez zenbait material transformatuz ondasunak eta zerbitzuak ekoiztea helburu duten teknologien multzoa". Agente biologikoak honako hauek dira: mikroorganismoak, animalien eta landareen zelulak eta entzimak. "Ondasunak eta zerbitzuak", berriz, iharduera hauei loturik daude: nekazaritzari, arrantzari, elikagaien industriari eta industria farmazeutikoari. Bioteknologiaren oinarrian disziplina anitz daude: biologia molekular eta zelularra, biokimika, genetika, mikrobiologia, inmunologia, injinerutza industriala eta informatika. Bere eremua hain zabala denez, agian egokiago litzateke "bioteknologiak" hitza erabiltzea, pluralean. Sinpleak edo konplexuak izan daitezke, garestiak edo merkeak. Batzuk oso zaharrak dira, (adib. hartzidura) eta besteak oso berriak (besteak beste, injinerutza genetikoa, hots, organismo baten ezaugarri hereditarioak beste batera pasatzea, norberak nahi bezalako landare eta animalia "transgenikoak" sortuz). Injinerutza genetikoa oso tresna indartsua da, eta etorkizun zabala du medikuntzan eta nekazaritzan (eremu horietan izandako aurrerakuntza hain arina izan denez azken hogei urteotan, "iraultza bioteknologikoa" ere deitu izan zaio). Hala ere, kezka ugari sortzen ditu etikaren eta legearen aldetik. Beste hainbeste gertatzen da teknika horien segurtasunari dagokionez, eta horrek iritzi kontrajarriak sortarazten ditu bioteknologien inguruan. Lurralde industrializatuei dagokienez, 80ko hamarkadan bioteknologiek fronte askotan egin zuten aurrera. Iparramerikan, adibidez, lehen produktu deribatu komertzialak aurkitu eta prozesatu zituzten (intsulina, giza hazkuntzaren hormona eta plasminogene zelularren aktibatzaileak). Azken aurkikuntza, berriz, VIII. faktorea izan da, "A hemofilia" tratatzeko erabiltzen dena. Bestetik, legamia eta animalien zelulak erabiliz txerto berriak ekoiztu dira. Etxabereen hazkuntza arintzeko saioak egin dira, hormona arrotzak sartuz, eta egia esan oraindik ez dago animalia transgenikorik merkatuan, baina laborategietan bai, giza-gaixotasunei buruzko esperimentuak egin ahal izateko. Baina "jakintza-iraultzen" emaitzak ez dira beti berehala aplikatzen. Hogei edo hogeita hamar urte itxaron beharko ditugu aurkikuntza bioteknologikoek emaitza konkretuak izan ditzaten nekazaritzan, abeltzaintzan eta elikagaien industrian.
Bioteknologiei buruz hitz egiterakoan, jendeak bi gauza izaten ditu normalean buruan: injinerutza genetikoa edota giza-ugalketa. Ez du pentsatzen beste zenbait alorrez: mikrobiologia industriala, injinerutza biokimikoa edo hartzidura. Ezta elikagai-segurtasunaz edo osasun publikoaz ere. Gobernuek eta industriek ondo dakite, ordea, bioteknologia berriei buruz hobeto informatu behar dela, informazio objektiboa lortu behar dela, eta asko hobetu behar duela jendeak arauen eraginkortasunari buruz duen iritziak. Frantziak, beste zenbait herrialdek bezala, goian aipaturikoa lortzeko asmoz "Injinerutza Biomolekularraren Batzordea" eratu du. Horrela kontrolatzen dituzte injinerutza genetikoak sortutako arriskuak. Batzordearen arabera, 1993 eta 1994. urteak erabakiorrak dira: urteetan zehar esperimentatzen ihardun ondoren, landare transgeniko ugari homologatzeko eta merkaturatzeko zorian daude. Landareei egindako berrikuntza gehienak bi motatakoak dira: erresistentzia indartu (herbiziden, intsektu kaltegarrien edo gaixotasunen aurka) edo elikagarritasuna hobetu. Beste lurralde industrializatuen egoera antzekoa da. Estatu Batuetan, berriz, "Ingurugiroaren Defentsarako Fondoak" eta beste zenbait presio-taldek lege berriak sortzea edota indarrean daudenak aldatzea eskatu zioten gobernuari. Baina gobernuak zera esanez erantzun zuen: ez direla arriskuak diren baino handiagoak egin behar, eta "bioteknologiaren bidez lortutako produktuak ez direla, berez, arriskutsuak gizakien osasunarentzat ezta ingurugiroarentzat ere". 1992ko maiatzaren 26an EEBBetako administrazioak iragarri zuen genetikoki transformatutako elikagaiek ez zutela baimen edota label berezirik behar merkaturatzeko, arrisku biologikorik ez dutelakoan. Kontsumitzaile eta ekologistek gogor kritikaturiko erabaki horrek amaiera eman zion hamar urtetan zehar gai horren inguruan bizi zen egoera nahasiari.
Bioteknologien eragina oso handia izan daiteke nekazal produkzioan. EEBBetan eta Europan egindako ikerketa batzuen arabera, produkzioaren igoeran bi faktore nagusi leudeke: gastuen murrizpena (adib. ongarri kimiko gutxiago erabili beharragatik) eta unitate bakoitzaren errendimenduaren igoera. Hamarkada honen hasieran egindako aurrikuspenen arabera, behien hazkuntza-hormonari esker esne ekoizpena %10etik %16ra bitartean haz daiteke bost eta hamar urte bitartean. Epe luzean bioteknologiek lanpostuen murrizpena eragingo dute nekazaritzan, baina lanpostu berriak sortuko ditu beste sektore hurbil batzuetan, batez ere elikagaien sektorean. Hala ere, teknologia berri hauek piskanaka-piskanaka sartzeko asmoa dago OCDEko lurraldeetan datozen hamar urteotan, lanpostuen murrizketak eragingo dituen arazoak leuntzeko asmoz.
Bioteknologiak 80ko hamarkadan hedatu ziren herrialde ez-industrializatuetan, baina ez ziren leku guztietan modu berean hedatu. Alde batetik lurralde horiek garapen-maila desberdina dutelako (bai ekonomiaren eta baita zientziaren aldetik ere), eta bestetik prozedura bioteknologikoak malguak direlako, hau da, herrialde bakoitzaren baliabide ekonomiko eta teknologikoetara egoki daitezkeelako. Bakoitzak, beraz, bere martxan jarraitu beharko du, baina garbi dago hegoaldeko lurraldeek bioteknologien bidea hartu behar dutela, eta gainera bide horretan urrutira joan behar dutela, teknikarik konplexuenak eta garestienak eskuratu arte. Lurralderik aberatsenak bidean dira jadanik, baina behartsuek ere bide hori hartu beharko lukete. Adibidez, bere elikagaiak ekoizten dituen herrialde batek zera egin zezakeen: 20.000 dolar inbertitu kultibo zelularreko laborategi bat eraikitzeko. Horrela, gaixotasun eta birusik gabeko landareak ekarri litezke atzerritik, eta egoki izanez gero, bertan ugaldu eta komertzializatu. Bioteknologiek Hirugarren Munduan izan dezaketen garrantziaren adibiderik onenetako bat Asiarena dugu. Hamarkada honen hasieran munduko biztanleen erdia baino gehiago eta nekazarien %70 Asian bizi ziren, baina lur langarrien %25 besterik ez zuten. XXI. mendearen hasieran biztanle bakoitzari dagokion lurrazala 0,1 ha. ingurukoa izango da Txinan, eta Indian, berriz, 0,14 ha. Bitartean, Asiako biztanlegoaren hazkuntza-tasa %1,86koa da. Beraz, biztanle guzti horiek asetzeko derrigorrezkoa dute nekazal errendimenduak hobetzea. Hori dela-eta, Txina hasia da arroz hibridoak erruz landatzen. Munduko lur ureztatuen azalera ia hirukoiztu egin da 1950. urteaz geroztik, batez ere Hirugarren Munduan. Baina horrek bere mugak ditu, eta beraz, aurrerantzean derrigorrezkoa da alde batetik uraren kudeaketa hobetzea, eta bestetik lehortearekiko erresistentzia handiagoa izango duten landareak sortzea. Ikusi dugun bezala, ordea, ikerketa bikainak egitea ez da nahikoa merkatuan arrakasta ziurtatzeko. Horretarako beste baldintza batzuk ere bete behar dira: ezagumenduak hedatzeko mekanismoak izatea, eta aldaketa estrukturala erraztuko duten baldintzak ezartzea. Gaur egun hegoaldeko zientzialariek eta lider politikoek zenbait kezka dituzte bioteknologien orientabide orokorren inguruan. Hona hemen batzuk: ú "Iraultza bioteknologikoak" benetan lagunduko ote die nekazari behartsuei ekoizpena handitzen? ú Produktu naturalak ordezkatzeko atera diren ekoizpen industrialen arriskuak: teknika berriei esker, azukrearen ordezko edulkoratzaileak asmatu dituzte. Bainila eta kakaoarekin ere antzekoa gertatu da. Beraz, erremolatxa, azukre-kanabera, bainila edota kakao landareak hazten dituzten herrialdeek arazo larriak izan ditzakete beren produktuak saltzeko. ú Injinerutza genetikoarekin egiten diren frogen arriskuak: lurralde industrializatuetan arauak oso zorrotzak direnez, beldur dira ez ote dituzten Hirugarren Munduko lurraldeak erabiliko froga arriskutsuak egiteko. ú Propietate intelektualaren eskubideak: eskubide horiek gene eta genotipoetara hedatzeak ez ote du esan nahiko herrialde eta nekazari behartsuek ezingo dutela eskuratu kultibo hobetu horiek? Bestalde, eskubide horiekin berrikuntza formalak soilik sarituko dituzte. Baina zer gertatuko da berrikuntza ez-formalekin? Ezin dugu ahaztu berrikuntza ez-formalek izugarrizko garrantzia izan eta izango dutela baliabide horiek identifikatu eta kontserbatzeko orduan. ú Azkenik, bioteknologien merkatuak bere eskakizunak ditu. Baina posible ote da gizateriaren -pobre eta aberatsen- etorkizuneko ongizateari ere leku bat egitea, nolabaiteko oreka lortuz bi behar horien artean? Nazioarteko komunitateak elkartasunez jokatu behar du mundu osoaren garapen iraunkorra eta gizakoia bultzatzeko, alde batetik hegoaldeko elikagaiei buruzko ikerketa bultzatuz, eta bestetik lurralde horietan oso kaltegarriak diren gaixotasunei aurre eginez.
Bioteknologiaren aurrerapenak aldaketa handiak eragiten ari dira ekonomiaren eta gizartearen egituran. Aurrerapen horiek aukera izugarriak eskaintzen dizkiote gizateriari. Baina ez dezagun ahaztu alor honetan ere ez dagoela panazearik. Bioteknologien eginkizuna ez da garapen ekonomiko eta sozialaren teknikak ordezkatzea, haiek uzten dituzten hutsuneak betetzea baizik. Landareen bioteknologiek, adib., ez dituzte kultiboen hautespen- eta hazkuntza-metodo klasikoak ordezkatzen, haiek osatu baizik. Bioteknologien baliorik handiena beren balioaniztasuna da. Bai, alor askotan aplika daitezke: landare elikagaien ekoizpenean, abeltzaintzan, industria kimiko eta farmazeutikoetan, biomasaren transformazioan, hondakinen birziklapenean eta kutsaduraren aurkako borrokan. Garapen bidean dauden herrialdeak hasi berriak dira balioaniztasun horretaz baliatzen, eta joera horrek aurrera egingo du.
Bioteknologiek aurrerapen handiak ezagutu dituzte 80 eta 90eko hamarkadetan. Hona hemen adibide batzuk:
Gaur egun... mikroorganismoen edo animalien zelulen bidez guzti hauek produzitu dira: hormonak, odol-koaguluak disolbatzeko sustantziak, odol-koagulatzaileak, linfokinak, interferonak (minbiziaren aurkakoak) eta zenbait txerto (birusek, bakteriek eta parasitoek eragindako gaixotasunen aurka, adib. hepatitis B eta C, eskistosomiasia eta paludismoa). Eta bihar... HIESaren eta minbiziaren aurkako borrokan zenbait txerto edota sendagai aurki daitezke.
Gaur egun... 1982an lehen landare transgenikoa sortu zenetik aurrerakuntzak izugarriak izan dira. Dozenaka landare tratatu dira azkarrago hazteko eta gaitzen aurrean indartzeko. Ehundaka froga egin dira aurten Europan, Iparramerikan, Japonian eta Australian. Eta bihar... hamarkada hau bukatu baino lehen salgai izango dira zenbait landare transgeniko (patata, kotoia, koltza, tomatea, tabakoa, soia). EEBBetan jadanik dendetan dira tomate transgenikoak (luze irauten dutenak); Japonian laster izango da salgai birusaren aurka babestuta dagoen tomate barietate bat. Hala ere, ziur aski mende honen amaiera arte itxaron beharko dugu produktu horien merkaturatze zabala ikusi baino lehen, besteak beste, honako arrazoi hauengatik: segurtasun neurriak, jendearen kezkak eta ikerketetarako behar den denbora.
Gaur egun... almidoiaren biokonbertsioa (produktu edulkoratzaileak, usaingozatzaileak eta zaporatzaileak bihurtuz); fruta-zuku tratatuak; alga mikroskopikoetatik ateratako aminoazidoak eta bestelako nutriente, pigmentu eta bitaminak; hartzitutako janari berriak; gaztaren entzimak, laktosarik gabeko esnekiak, legamia hibridoak. Eta bihar... datorren urterako ondoko produktu hauek ager daitezke merkatuetan: okindegietako legamia modifikatuak, elikagaien koloratzaile eta bestelako lagungarri berriak, balio erantsi handiko elementuak (landare-zeluletatik eta alga mikroskopikoen kultiboetatik ateratakoak). Mendea amaitu baino lehen izango ditugu ziur aski genetikoki tratatutako elikagai-bakteriak, entzima modifikatuak, biokatalizatzaile berriak, eta azkenik, agente kutsatzaile eta patogenoak aurkitzeko test azkar eta sentsore biologiko gehiago.
Gaur egun... jadanik salgai daudenak hauek dira: diagnostiko-tresna, txerto eta sendagai berriak, in-vitro ernalkuntza eta enbrioien transferentziak (etxabereen artean), hazkuntza eta esne-produkzioa indartzeko hormonak, eta elikagai nahiz aditibo biologikoak. Oraingoz ez dago etxabere transgenikorik merkatuan, baina laborategietan animalia transgenikoak erabiltzen dira frogak egiteko (adib. gizakiaren minbizi-genea duten sagu transgenikoak). Eta bihar... hamarkada honen bukaerarako hazkuntzaren hormonaren geneari esker hazkuntza azkarreko arrain, txerri eta abelgorri hobetuak izango ditugu. Bestalde, geneen transferentziari esker genetikoki besteak baino hobeak diren espezieak zabaltzeko aukera izango da.
Gaur egun... ortzadar-amuarrainaren hazkuntzaren geneak sartu dira merkatuko beste zenbait arrainetan, baina ez da oraindik arrain transgenikorik patentatu. Alga mikroskopikoetatik ateratako sustantzia ugari erabiltzen dira zenbait produktu ekoizteko: elikagaiak, kosmetikoak, tindatzaileak, pinturak, papera, oihalak, etab. Eta bihar... ziur aski piszifaktorietako arrainentzako txertoak eta sendagaiak bultzatuko dira. Eskandinavian amuarrain eta izokin gehienak txertatzen dituzte gaur egun, baina duela 10 urte %5 besterik ez. Azkenik, antibiotiko, minbiziaren aurkako sustantzia eta elikagaien aditibo berriak ere aterako dira.
Egungo egoera
Onddo magikoa
ONDDO MAGIKOA
Onddoa beti izan da pittin bat misteriotsua. Antzinean istorio eta mito ugari sortarazi zituen bere ezaugarri bitxiak zirela-eta: hazirik gabe ernetzea, euriaren ondoren bat-batean agertzea eta desagertzea, txapel itxura... Gaur egun ere piska bat magikoa izaten jarraitzen du, elikagai izateaz gain, beste erabilerak ere badituelako, batez ere industriaren eta nekazaritzaren hondakinak birziklatzeko orduan. Onddo jangarriek oso proteina onak eskaintzen dituzte, animalienak baino balio biologiko handiagokoak. Fibra, gatz mineral eta bitamina asko dituzte, eta lipido gutxi. Beraz, ondo merezia dute janari ona izatearen fama. Onddo gehienak onuragarriak izan arren (sendagai direnak ere badira), tarteka pozoitsuak ere baditugu (batzuk gizakia hiltzeko gai dira). Ez da beti erraza izaten onak eta txarrak bereiztea. Beraz, hobe da kontuz ibiltzea eta onddo ezezagunak ez jatea. Onddoak hazteko behar diren ekipamendu, kapital, lur eta prozesuak ez dira gehiegizkoak. Gutxien garatutako herrialdeetako nekazarientzat oso egokiak izan daitezke horrelako hazkuntzak, bai diru apur bat irabazteko eta bai jateko ere, batez ere jendeak proteina gutxiegi duen lekuetan.
Hala ere, onddoak ez luke hain fama ona merezi izango jateko bakarrik balio izan balu. Gizateriaren beste arazo larri bati irtenbidea bilatzen ere lagun dezake: hondakinen etengabeko gorakadari, alegia. Bai, nekazaritzak, basoen ustiapenak eta elikagai industriek hondakin kopuru izugarriak sortzen dituzte. Gehienak erre, uretara bota edo betelanak egiteko erabiltzen dira. Hori urrea zabortegira botatzea bezala da. Hondakin solido gehienek materia organiko ugari dute, batez ere zelulosa, hemizelulosa eta lignina. Material horiek biodegradagaitzak eta kutsakorrak dira, eta ez dute balio handirik elikagai modura. Baina biokonbertsioaren teknikei esker hondakinak birziklatu egin daitezke, eta bi alorretan erabili: batetik gizakien eta animalien elikaduran (proteina onak atera daitezke), eta bestetik industrian, polimeroen produkzioan behar diren metabolito mikrobiarrak eta lehengaiak ekoizteko (polimeroak oinarrizko konposatuak dira; plastikoak, erretxinak eta kautxo sintetikoak egiteko erabiltzen dira). Onddo jangarrien hazkuntza oso adibide egokia dugu biokonbertsioa zer den azaltzeko. Onddoek ezin dute eguzkiaren argia erabili beren janaria ekoizteko. Horretarako beste metodo bat erabiltzen dute: entzimak ekoizten dituzte; entzima horiek substratu konplexuak degradatzen dituzte, eta hortik ateratzen diren sustantzia disolbagarrietatik elikatzen dira. Hondakin mota askotan (zurezko nahiz zelulosazko hondakinetan) hazten dira, eta uztaren ondoren geratzen dena ere erabilgarria da: animalien janari edo/eta soroentzako ongarri izan daiteke. Gainera, onddoen metabolismoak balio handiko sustantziak produzitzen ditu, gauza askotarako balio dutenak: zenbait tumore tratatzeko, sistema inmunitarioa indartzeko, presio arteriala jaisteko eta kolesterola murrizteko. Sustantzia horietako bat -PSK (edo "krestin") izenekoa eta coriolus versicolor onddotik ateratakoa- da Japonian minbiziaren aurkako sendagairik salduena (merkatuaren %25a du, eta 1987an 357 milio dolarreko salmentak izan zituen). Japoniako beste konpainia batek urtero 90 milioi dolarreko salmentak ditu antzeko produktu batekin: "lentinan" izenekoa, lentinus edodes onddotik ateratako polisakaridoa. Bi produktu natural horiek tumoreen aurkakoak izateaz gain beste abantaila bat dute: ez dietela inolako kalterik egiten zelula sanoei. Elikagaien industrian ere abantaila ugari eskaintzen dituzte onddoek. Esate baterako aditibo naturalak egiteko erabiltzen dira (koloratzaileak, zaporatzaileak), kimikoak baino egokiago direlako. Gainera kontsumitzaileek gero eta presio handiagoa egiten dute, janari "osasuntsuak" eskatuz, eta dieta mailan prebentzioa indartuz; beraz, aditibo naturalak erabiltzeko joera gero eta handiagoa izango da. Munduko onddo jangarrien ekoizpena oso azkar igotzen ari da. 1986an 2.000 tona produzitu ziren, eta 1989-90an, berriz, 4.000. Azken bost urteotan are eta gehiago hazi da, eta joera horrek etorkizunean ere bere horretan jarraituko duela uste da. Ziur aski garapen bidean dauden herrialdeek onddoen biokonbertsioa bezalako teknologia sinple gehiago eskuratu nahi izango dituzte. Baina gauza bat garbi dago: datozen urteotan hondakin organiko solidoak bioteknologiaren bidez tratatu beharko dituztela, eta beraz, bioteknologiak garrantzia handia izango duela bai elikagai industrian eta baita ingurugiroaren kudeaketan ere.
Hartzidurak
HARTZIDURAK
Janari eta edari hartzitu asko dastatu ditu gizakiak mendeetan zehar. Duela milaka urte hasi ziren esnea hartzitzen gazta egiteko. Legamiaren hartzidurari esker lortzen den ogia ere aspaldikoa dugu: Egipton duela 6.000 urte eraikitako piramide batean ogiaren aztarnak aurkitu dituzte. Frutaren hartzidura ere oso ohitura zaharra da (antzinako grekoen arabera, Dionisos jainkoak asmatu zuen ardoa). K.a. 2500. urteko papiro egiptoar batzuetan garagarraren maltatua eta garagardoaren hartzidura deskribatzen dira. Txinatarrek, berriz, K.a. 2300. urtean jadanik kuia edaten zuten, garagardoaren antzekoa, baina arrozez egina. Ertamerikako indiarrak duela 3.000 urte hasi ziren onddoak erabiltzen zauri infektatuak sendatzeko. Gaztaren lizunetako bat - penicillium izenekoa- ere maiz erabiltzen zen zauriak tratatzeko. Baina 1857ra arte ez dugu jakin zein eginkizun garrantzitsua duten mikroorganismoek hartziduran. Urte horretan aurkitu zuen Louis Pasteur-ek hartzidura alkoholikoak zelula bizien ondorio zirela. Eta, egia esan, mendebaldeko elikagai-industriaren arrakastaren oinarrietako bat, hain zuzen, mikroorganismoen erabilera izan da; eta ez soilik janari eta edariak hobetzeko, baita haiek ondo kontserbatzeko ere. Beste kulturetan ere hartziduraz baliatu dira elikagaiak kontserbatzeko. Hartzidura-teknika tradizionalek interes handia sortarazi dute azken urteotan, batez ere bi arrazoigatik: alde batetik mikroorganismoak hobeto ezagutu daitezkeelako, eta bestetik elikagaien tratamendua eta kontserbazioa hobetu nahi delako.
Elikagai hartzituak hiru taldetan sailka daitezke hartzidura-teknikaren arabera. Hartzidura batzuk likidoetan gertatzen dira, besteak solidoetan eta beste batzuk, berriz, likido eta solidoaren konbinazioetan. Gaur egun prozesu batzuk oso eskala handian burutzen dira, industrietan, baina ezin dugu ahaztu gehienak (agian guztiak) eskala txikian hasi zirela, artisau-lan modura. Hartzidura likidoen kasuan, lehengaiak ur-kopuru handitan nahasten dira. Gero, sustantzia organiko berriak garatzen dira, nola naturalki, hala hartzidura-agente bat sartuz. Horren adibide ona dugu arrain-saltsa berezi bat, aspalditik Korean, Japonian eta Asiako beste zenbait lekutan egiten dena: Arrainak proteina asko duenez, klima tropikaletan erraz usteltzen da. Beraz, arraina gatzun-ontzietan sartzen da (%20-35eko gatz kopurua uretan), eta bertan uzten da hiru eta hamabi hilabete bitartean, arraina desegiten. Prozesu horretan mikroorganismo onuragarriak sortzen dira, eta kaltegarriak desagertarazten dituzte. Baldintza horietan bizirik irauten duten bakteria eta legamiek beren zapore eta usain berezia ematen diote saltsari. Hartzidura likidoarekin jarraituz, beste bi adibide ezagun emango ditugu: jogurta (esne hartzitua) eta soia-saltsa. Soia-saltsaren ekoizpena oso zaharra da (VII. mendekoa Txinan eta Japonian) eta gaur egun oso emankorra (Japonian urtero milioi kilolitrotik gora ekoizten da). Hartzidura mota konbinatuan, berriz, solidoak (zereal edo landare txikituak, adibidez) urarekin nahasten dira. Horren adibide dugu Afrikako " ogi " izeneko bizkotxoa. Artoaren, basartoaren edo artatxikiaren fekula erabiliz egiten da. Hartzidura anaerobioa eta espontaneoa da (egun pare batean gertatzen da), eta yogurraren antzeko usain ederra hartzen du. Prozesu horretan zenbait lizun eta bakteria ikusi izan dira, eta gaur egun garbi dago lactobacillus izeneko bakteria dela azido laktikoa sortzen duena, ogiari zapore berezia emanez. Ogia industrialki ekoizten hasiak dira jadanik, metodo tradizionalean oinarrituz, baina luzeago irautea ahalbidetzen duen teknika erabiliz: deshidratazioa. Soiaz aberastutako ogia sendagai modura erabili izan da, kwashiorkor izeneko gaixotasunaren aurka (proteina gutxiegi duten haurren gaitza). Hartzidura mota konbinatu honen beste bi adibide ezagun aipatuko ditugu: sauerkraut alsaziarra eta kimtxi korearra, biak barazkiz eginak. Hartzidura solidoari dagokionez, adibiderik onenetako bat soiaz egindako tempeh izenekoa da: Indonesian eta Asiaren hegoekialdeko beste leku batzuetan gehien jaten den elikagaia, hain zuzen. Tempeha bi fasetan egiten da. Lehenik soia-aleak uretan ipintzen dira (12-24 orduz) hartzidura azidoa gerta dadin. Gero, aleak egosi egiten dira, ura kendu, eta erretiluetan ipintzen dira, berriz hartzitzeko, (bigarren hau rhyzopus oligosporus onddoaren eraginez gertatzen da). Prozesu horretan onddoak eta bakteriak ugaldu egiten dira. Bakteriak oso garrantzitsuak dira, tempeha aberastu egiten baitute, batez ere B12 bitaminaz. Indonesian jende guztiak jaten du tempeha. Behartsuenentzat haragiaren ordezkoa izan ohi da, proteina asko duelako eta ondo kontserbatzen delako. Mendebaldeko begetarianoek ere gero eta gehiago jaten dute, baina hanburgesa itxuraz. Hartzidura solidoaren beste adibideak ere badira: zenbait haragi hartzitu, gaztak eta gari izeneko fekula (Nigeriako eta Afrikako beste leku batzuetako elikagai nagusia). Garia fekula egosia da, eta manioka hartzitutik ateratzen da. Kaloria asko ditu, baina motz geratzen da proteina, bitamina eta gatz mineralei dagokienez.
Azken urteotan bioteknologien aplikazio komertzial nagusia farmazeutikoa izan da (proteina birkonbinatzaileen ekoizpena), baina elikagaien bioteknologiek ere aukera handiak dituzte, bai Iparrean eta bai Hegoan ere. Aukera berri horiek lau arlotan sailka daitezke: kultibo mikroorganikoen hobekuntza; hartzidura-prozesu luzeagoak eta hobeak; janarien aberaskuntza; eta kutsaduraren detekzio hobea. Elikagai hartzituak maiz eskala txikian ekoizten dira (etxean edota artisau-lantegi txikietan), metodo tradizionalak erabiliz, eta mota askotakoak dira. Adibidez, Indonesiako tempeha ez da beti berdin egiten: zenbait lekutan soia-aleak majagua-hostoetan bilduz egiten dute, inokulaziorako behar diren hartzigarriak bertan daudelako. Elikagaietako mikroorganismoen ekologia hobeto ezagutzeak aukera ederrak ematen ditu tempeh hobea egiteko. Asmo horrekin ari dira lanean Indonesiako eta Malaysiako zenbait laborategi publiko. Garapen bidean dauden beste zenbait herrialdetan antzeko zerbait egiten da gaztaren ekoizpenarekin: azido laktikoa produzitzen duten bakteriak ematen zaizkie gaztagileei, beren produktuen kalitatea hobetzearren. Bestalde, injinerutza genetikoaren teknikak erabiltzen ari dira arraza/espezie jakin batzuk isolatzeko: bakteriofagoekiko erresistenteak direnak (bakteriofagoak zera dira: bazilo laktikoak infektatu eta zelulak hondatu ditzaketen partikula txikiak, birusen antzekoak). Produktu hartzituei esker bioteknologiek janari aberatsagoak eskaintzen dizkigute: bitamina gehiago dutenak, liseritzen errazagoak, zapore hobeagokoak, eta hobeto kontserbatzen direnak. Gainera, janariak kutsaduratik babes daitezke, mikroorganismo jakin batzuekin inokulatuz. Hartziduraren produktu metaboliko askok -adib. azido azetikoak (ozpina), azido laktikoak eta alkoholak- berezkoa dute elikagaiak kontserbatzeko gaitasuna, hau da, materia organikoaren deskonposizioa eragozten dituzten agenteak. Beste kasu batzuetan hartzigarriek beraiek sortzen dituzte antibiotiko naturalak, kanpoko agenteen aurkako babesak indartuz. Elikagaien kontserbazioan antibiotiko horiek erabiltzeak oso etorkizun ona duela dirudi.
Mikroorganismoei esker Hirugarren Munduko nekazariak hasiak dira ongarri kimiko garestiak eta kutsakorrak albo batera uzten. Bioteknologien arrakastarako ezinbestekoa da baliabide mikroorganikoak izatea. Hori dela-eta, UNESCOk 1970ean MIRCEN sare bat sortu zuen, garapen bidean dauden herrialdeen beharrak asetzeko asmoz. Hasieran sei zentru zabaldu ziren: Nairobi (Kenya), Porto Alegre (Brasil), Bangkok (Tailandia), Dakar (Senegal), Alkairo (Egipto) eta Guatemalako hirian. Larogeiko hamarkadan zentru "teknikoak" sortu ziren herrialde aurreratuagoetan. Gaur egun 27 zentru daude, 20 herrialdetan banaturik. MIRCENen eginkizunak anitzak dira: mundu zabaleko gene mikroorganikoak administratzea, banatzea eta ustiatzea; mikroorganismoen kontserbazio-lanetan laguntzea; eta teknologia berri merkeak sustatzea. Mikrobiologiaren aplikazioa bultzatzen dute, herrisketako ekonomiari bultzada bat ematearren, eta aldi berean prestakuntza-lanak egiten dituzte, batez ere Hirugarren Munduan. Zentru bakoitzak ikerketa-eremu jakin bat du. Hegoan dauden zenbait zentru ongarri biologikoetan espezializatu dira, ongarri kimiko garestiak eta kutsakorrak saihesteko asmoz. Nairobikoak, adibidez, kalitate handiko ongarri biologikoa (20.000 zaku) banatu du Kenya eta inguruko nekazarien artean. Zentru hauetako eginkizunik garrantzitsuenetako bat prestakuntza da. MIRCENetan antolatutako ikastaro labur eta prestakuntza-programa praktikoetan jende asko izan da: ikertzaileak, langileak eta teknikari industrialak. 1991n UNESCOk ikasketa laburren bekak atera zituen, bioteknologien arloan, Hegoko ikertzaileei teknika berriak eta eskuragaitzak hurbiltzeko asmoz. Orain arte 112 beka eman dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo helbide honetara: UNESCO MIRCEN, Bourses de courte dur¿e en biotechnologie Division des sciences fondamentales (Attn. M. E.J. DaSilva) UNESCO, 1 rue Miollis 75015 Paris, Frantzia. Tel: (33-1) 45 68 38 83 - 45 68 41 82 Fax: (33-1) 43 06 11 22 - 45 67 16 90
Itsas korronte emankorra
ITSAS KORRONTE EMANKORRA
Hamar urte besterik ez dira igaro itsas bioteknologiaren aukera handiak aurkitu zirenetik, baina denbora horretan izugarrizko aurrerapenak egin dira. Aurrerapenik nabarmenetako batzuk akuikulturan ezagutu dira, piszikultura erabat transformatu baitu, injinerutza genetikoari eta ADNaren birkonbinazio-teknikei esker. Horrek garrantzia handia du, akuikultura etengabe igotzen ari delako (2000. urterako munduko itsas elikagaien kontsumoaren %25a akuikulturatik etorriko da). Arrainak oso egokiak dira manipulazio genetikoak egiteko, beren arrautza handietan erraza delako ADNa injektatzea. Ikerketen helburu nagusien artean honako hau dago: hotzarekiko erresistentzia handia duten arrainen hazkuntza eta ekoizpena areagotzea. Arrain hazkuntza intentsiboak gaixotasun arriskua handitzen duenez, beste helburu bat ere garrantzitsu bihurtu da: gaixotasunei aurre egiteko gai izango diren arrainak sortzea.
Emaitza onak eman dituen lehen esperimentua hauxe izan da: arrain gorri erraldoiak ekoiztea, giza-hazkuntzaren genea sartuz. Harez gero hainbat ornodunen geneak sartu dira arrainetan, besteak beste, Atlantikoko izokinean. Arrainei beren hazkuntza-hormona sartuz ere emaitza harrigarriak lortzen dira (bi hilabetetan arrain normalaren pisua bikoiztea lortu da). Baina hormona horiek arrainetan sartzea zaila denez, orain arrain transgenikoa lortu nahi da. 1990era arte hamahiru espezie transgeniko lortu ziren, besteak beste, arrain komertzialak (Atlantikoko izokina, lupina, karpa, etab.). Gaur egun ikerketek bilatzen dutena zera da: espezie transgenikoen errendimendua hobetu dezaketen faktoreak (fisiologikoak, elikadurazkoak eta ingurugirokoak). Bestalde, segurtasun eta ingurugiro arazoak konpondu behar dira arrain transgenikoaren ekoizpen komertziala eskala handian hasi baino lehen.
Atlantikoko izokinean ere manipulazio genetikoak egin dira, hotzarekiko erresistentzia areagotzeko. Ur hotzetan bizi diren arrain askok proteina berezia ekoizten dute: plasma izoztea eragozten duen proteina "antiizoztailea". Atlantikoko izokinak ez du halakorik; beraz, proteina horien geneak sartu dizkiote, ur hotzetan bizi ahal izateko. Itsaskiak ere egokiak dira manipulazio genetikoak egiteko, batez ere tamaina handitzeko eta hazkuntza-erritmoa bizkortzeko. Abelgorrien hazkuntzaren hormonak zenbait arrainen hazkuntza bizkortzen du. Antzeko emaitzak lortzen dira ortzadar-amuarrain biosintetikoaren hormonak ostra gazteei sartzerakoan. Otarrainek hazkuntza-garaian oskola galtzen dute, hormona baten eraginez. Hormona hori ekoizten duen guruin endokrinoan eskuhartuz otarrainen hazkuntza bizkor daiteke. Baina ezinbestekoa da itsas krustazeoen genetika molekularra hobeto ezagutzea, baldin eta espezie hobetuen (izkira, ganba, otarrain, eta abarren) ustiapen komertziala segurua eta errentagarria izatea nahi bada. Horretarako erabat menperatu behar dira beren hazkuntzaren, garapenaren eta gaixotasunekiko erresistentziaren mekanismoak. Piszikultura industrialaren arrakastarako ezinbestekoa da ugalketa-sistema ona, kontrolatua eta merkea eskuratzea. Esperimentuek erakutsi dutenez, uraren tenperaturak eta argi-kopuruak eragin nabarmena dute arrainen ernalgarritasunean. Zorionez aurrerapen garrantzitsuak egin dira hormonen tratamendu mailan ernalkuntza hobeto kontrolatzeko. Itsasoko alga erraldoien hazkuntza ez da oraingoa. Asian -eta batez ere Japonian- duela mende batzuk hasi ziren lan horretan. Algetatik ateratako produktuak medikuntzan eta janari modura erabili izan dira: elikagai-aditibo, mikroorganismoen kultiborako, pestizida, ongarri, landareen hazkuntzaren kontrolatzaile, eta bakterien, minbiziaren eta birusen aurkako agenteak izan dira.
Zenbait alga mikroskopiko eskala handian ekoizteak azido koipetsuak ekoiztea ahalbidetzen du. Azido koipetsuek gaixotasun kardiobaskularren arriskua gutxitzen dute. Dunaliella salina alga berdetik, berriz, minbiziaren aurkako beta-karotenoa ateratzen da Kalifornian. Eta dirudienez, itsasoko algak eskala handian haziz gero, atmosferako karbono (IV) oxido kopurua murriztu egingo litzateke. Bioteknologia itsas algei aplikatzeak aukera ederrak eskaintzen dizkie ur asko duten herrialdeei, eta batez ere kostalde luzeak dituzten Hegoaldeko herriei. Eta aukera horiek ahalik eta hobekien erabiltzeko lurralde industrializatuekin elkarlana egitea litzateke, ezinbestekoa delako genetika eta biologia molekularra ondo ezagutzea. Oraindik ez dira teknika molekularrak merkatal helburuz erabili, baina jadanik aukera hori aztertzen ari dira zenbait laborategitan (EEBBetan, Europan eta Asian). Itsas organismoetatik atera daitezkeen produktu natural ugariek makina bat erabilera dute: biomedikoak, bioteknologikoak, nekazaritzazkoak eta industrialak. Kitinaren deribatuak, adibidez, zauriak sendatzeko, disolbatzaile edo argazkien emultsionatzaile modura, etab. erabiltzen dira, eta gainera ez dira oraindik sustantzia horren aukera guztiak aztertu. Kitina sintetizatzea ahalbidetzen duten geneak klonatzea lortzen bada, ekoizpena erabat areagotu ahal izango da. Joan den hamarkadan milatik gora izan dira aurkitutako konposatuak, produktu naturalak eta abar, guztiak arrainen edo itsaskien genetika molekularrari lotuak. Bestalde, jadanik aurkitu edo bidean dira antibiotiko berriak, minbiziaren aurkako agenteak, espezie hobetuak eta elikagai-aditibo berriak. Garai batean gutxi batzuk besterik ez ziren murgildu mundu horretan, baina gaur egun itsas bioteknologiei buruzko ikerketa eta garapen zentru handiak daude Norvegian, Japonian, EEBBetan, eta beste herrialde askotan.
Iraultza berdetik iraultza genetikora
IRAULTZA BERDETIK IRAULTZA GENETIKORA
Munduko biztanleriaren eta elikagai beharraren gorakada azkarrak arriskuan jartzen du XXI. mendeko egonkortasun soziala, politikoa, ekonomikoa eta ekologikoa. Gauzak aldatzen ez badira, 2030. urtean 10.700 milioi biztanle izango gara, gaur egun baino bi aldiz gehiago. Eta gainera hazkuntzarik handiena Hegoan izango da: jadanik gainpopulaturik dauden Afrikan, Asian eta Latinamerikan (hamar biztanletik bederatzi kontinente horietan biziko dira). Laster lur gehiago landu beharko da guztion beharrak asetzeko, eta horrek esan nahi du babesgune natural urriak ere landu beharko direla. Aldaketa horiek nahitaez eragin handia izango dute planetaren azpiegitura sozial, politiko eta ekonomikoan, baina hori bakarrik ez: gure ingurugiro ahularen egoerak okerrera egingo du. Ez dago garbi munduko elikagai ekoizpena nahikoa izango ote den biztanle kopuru hazkorrari erantzun ahal izateko. Izan ere, azken urteotan uzten emaitzak berean iraun edo jaitsi egin dira herrialde ez industrializatu askotan. Zer egin daiteke joera arriskutsu horri aurre egiteko eta suizidio kolektiboa galarazteko? Lehenik eta behin populazio-kopurua maila jasangarri batean eutsi behar da, eta aldi berean elikagai ekoizpena erabat igo. Zientzialarien ustez bioteknologiak zeregin garrantzitsua izango du azken lan horretan.
Munduko janarien %98 lurretik datoz, eta %92 landareetatik ateratakoak dira. Proteina eta kaloria gehienak 30 inguru landaretatik datoz. Zerealek soilik (garia, arroza, artoa, etab.) munduko elikagaien %53 baino gehiago osatzen dute. Historiak erakutsi duenez, nekazaritzako aurrerapen teknologiko nagusiek onura ekarri dute: hazkuntza ekonomikoa, egonkortasun politikoa eta aurrerapen sozial eta kulturala. Azken hamarkadetako aurrerapenik nabarmenena Iraultza Berdearena izan da, hau da, errendimendu altuko arroza eta gariaren barietate berriak haztea (Mexikoko eta Filipinetako nazioarteko zentruetan lortutakoak, nekazal programa nazionalekin estuki loturik). Barietate horiek sartzeak ondorio bikoitza izan zuen 60ko hamarkadan, batez ere Mexikon, Indian, Pakistanen, Bangla-Deshen eta Txinan: alde batetik milioika bizitza salbatu ziren gosetik, eta bestetik gatazka politiko eta sozial larriak saihestu zituen. Horregatik eman zitzaion Bakearen Nobel Saria Norman Borlaug agronomo iparramerikarrari, gari "miraritsuaren" barietateak garatu zituelako Mexikon, eta lan handia egin zuelako Asian nahiz Latinamerikan sartzen. Eta oraindik nabarmenak dira Iraultza Berdearen ondorio onuragarriak garapen bideko herrialdeetan. 80ko hamarkadan Txinako nekazal ekoizpena urtero %8 hazten zen, munduko elikagai-ekoizlerik handiena bihurtuz. Hegoan, oro har, garia eta arrozaren produkzioa %75 inguru hazi zen 1965 eta 1980a bitartean. Mexikon 1980an gariaren produkzioa 1950ean baino lau aldiz handiagoa zen, eta Indonesian, berriz, arrozaren ekoizpena bikoiztu egin zen 30 urte horietan. Indian 18 urtetan (1965-1983) hirukoiztu egin zuten gariaren produkzioa. Afrikako zenbait lekutan, berriz, hiru edota lau aldiz hazi da artoaren, basartoaren eta artatxikiaren ekoizpena, Norman Borlaug-en zuzendaritzapean eginiko zenbait berrikuntzei esker.
Bai, landareen hobekuntza tradizionala oso prozesu geldoa da, eta normalean eremu jakin batera mugatzen da: gene erabilgarriak aurkitzen dira eta urte batzuz gurutzatzen eta hautatzen ihardun ondoren, merkatal balioa duten barietateetan sartzen dira. Gainera beste muga bat ere badu prozesu honek: geneen birkonbinazioak espezie berekoen edo antzekoen artean egin behar dira, muga biologiko handiak daudelako espezie desberdinen arteko hibridazioak egiterakoan. Dena den ez dirudi teknika horiek nahikoak direnik datozen hamarkadetan munduko biztanle guztiak elikatzeko. Baina horretarako dago bioteknologia: berari esker bete daitezke hibridazio "naturalak" utzitako hutsuneak (espezie desberdinen arteko hibridazioaren mugak gainditzen ditu, geneak espezie batetik bestera transferituz). Bestalde, gaur egun gai gara erresistentzia handiko barietateak egiteko (intsektuen, birusen eta belar txarren aurkakoak). Teknologia horiek berehala eta leku guztietan aplikatuz gero, elikagai kopuruak bat-batean gora egingo luke, gutxienez 1/3 igoz, ez litzatekeelako hainbeste janari hondatuko gaitzen, intsektuen eta belar txarren ondorioz. Horrek denbora piska bat emango liguke bioteknologia eta metodo tradizionalak integratzeko, eta horrela landareek ekoiztutako elikagaien kantitatea eta kalitatea hobetzeko. Landareen bioteknologiak izugarrizko eragina izan dezake munduko elikagai ekoizpenean, baldin eta ondo planifikatu, koordinatu eta burutzen badira. Bai, XXI. mendean Iraultza Genetikoa eragin dezake. Baina horretarako berebiziko garrantzia duen baldintza bat bete behar da: iraultza hori ez dadila Iparrera mugatu (Iparramerika, Mendebaldeko Europa eta Japonia baitira gai honetan ere indartsuenak). Aitzitik, Hegoaldeko herrialdeetan sistematikoki hedatu behar du, beharrik larrienak han baitaude.
Landareen bioteknologiak bi adar nagusi ditu: lehena zelula-ehunen kultiboan oinarritzen da, eta bigarrena, berriz, biologia zelularraren eta biologia molekularraren arteko konbinazioan. Adar biek aukera handiak dituzte landare-barietateak hobetzeko eta ekoizpena handitzeko. Gainera, prozedura gehienak sinpleak dira, eta ez dute inbertsio handiegirik eskatzen lanean hasteko. Esate baterako hor dago klonazio bidezko ugalketa edo meristemoaren kultiboa: landare-kimuak landareen hormonen presentzian isolatzen dira, kimu berriak sortzeko. Gero kimuak bereiztu egiten dira, eta sustraiak botatzen dituztenean landare berria sortzen da. Horrela ugalketa azkarra, eskala handikoa eta merkea lortzen da. Batez ere honelakoetan erabiltzen dira: basoko zuhaitzekin eta frutarbolekin, lursail handietako kultiboekin, arriskuan dauden espezieekin eta sendabelarrekin. Kimu batek, batez beste, urtean milioitik gora kimu eman ditzake klonazioaren bidez. Gainera, prozesu hori mekanizatuz, gehiago eta merkeago ekoiztuko dela uste da gaur egun. Metodo honen gauzarik interesgarriena zera da: landare berri guztiak eta hasierakoa berdin-berdinak direla. Horrek garrantzia handia du inolako aldaketa genetikorik gabeko barietate baliotsu jakin bat ugalarazi nahi denean. Klonazio bidezko ugalketaren metodo hauek sinpleak, fidagarriak eta seguruak dira, eta ez dute laborategi-tresna konplexu edo garestirik behar. Industria txikietan eta herrisketan aplikatzea erraza eta oso onuragarria da, bai material onak lortzeko, eta bai lanpostuak eta irabaziak sortarazteko ere. Metodo honen erabilpenik aproposena eskala handiko birforestazioa da, Asian, Afrikan, Latinamerikan eta Eki-Europan hondatutako basoak berriro landatzeko, hain zuzen. Metodo honen bidez birforestatzeak abantaila ugari du: kutsaduraren eta euri azidoaren eraginak murriztu, berotegi-efektuaren, lurraren higaduraren eta uholdeen arriskua gutxitu, energi iturriak kontserbatu eta mehatxupean bizi diren landare eta animaliei babeslekua eskaini. Meristemoaren kultiboaren beste abantaila bat zera litzateke: birusak desagertarazi egiten dituela. Eta birusak oso kaltegarriak dira. Zenbait kultibotan %50etik gorako galerak eragiten dituzte, batez ere ugalketa begetatiboa dutenen artean (patata, azukre-kanabera, manioka, banana...). Kimuaren puntan dauden zelularik gazteenak maiz garbiak egoten dira, birusik gabe, eta beraz, zelula horiek kultibatuz kalitate handiko material genetikoa lortzen da. Teknika hau oso ondo ezagutzen da, eta emaitza bikainak ematen ditu, bai eskala handian eta bai eskala txikian ere. Orain arte azaldutako metodoa ona bada ere, badira oraindik indartsuagoak eta erabilgarriagoak diren teknika bioteknologikoak ere: espezie batetik bestera ADNko geneen transferentzia burutzen dutenak. Horretarako bi metodo nagusi daude. Lehena -eta ohizkoena- lurrean dagoen bakteria bat erabiltzea da, Agrobacterium tumefaciens izenekoa. Eta bigarrenaren oinarria zera da: ADNaren segmentu bat zuzenean transferitzea organismo batetik bestera. Agrobacterium tumefaciens bakteriak agente tumoregile edo plasmido bat du, transferentziazko ADN (T-ADN) izenekoa. Bakteria horrek landare bat infektatzen duenean, T-ADNak landare infektatuaren kromosomak kolonizatzen ditu eta landare horren zelulen ADNan integratzen da betirako. T-ADNak albo-sekuentziak ditu, eta sekuentzia horiek beharrezkoak dira landarearen zelulara transferitu ahal izateko. Eta hor tartean geratzen dira tumorea sortarazten duten hazkuntza-erregulatzaile batzuen sintesia kontrolatzen duten geneak. Beraz, gizakiak zera egiten du: tumorea eragiten duen T-ADNa "desarmatu", gene tumoregileak kendu, eta gene erabilgarriak sartuz. Horrela, bakteriak gene onak transferitzen dizkio landare "infektatuari", inolako gaixotasunik eragin gabe. Hain sinple eta erraza denez, metodo hau asko erabili da 1983az geroztik, orduan lortu baitziren lehen landare transgenikoak. Baina zoritxarrez badira arazoak ere. Ez dakigu zergatik, baina garia, arroza eta artoa bezalako zerealekin ezin da erabili transferentziazko ADNaren teknika. Hala ere, eta zorionez, ADNa zuzenean sartzeko zenbait metodo garatu dira, zereal transgenikoak lortu ahal izateko. Gaur egun landareen hobekuntza genetiko molekularra mugatuta dago, baina arrazoi nagusia ez da teknikoa, baizik eta gene erabilgarri gutxi samar aurkitu, identifikatu eta klonatu direla. Oraingoz gehien ezagutu eta erabiltzen diren geneak hauek dira: intsektuei, birusei eta herbizidei aurre egiten dietenak. Gene horiek arrakastaz transferitu dira ondoko landareotara: garia, arroza, artoa, soia, kotoia, koltza eta tomatea. Horrela lortutako barietateak babestuta daude galera handiak eragiten dituzten zenbait etsairen aurka: intsektuen, birusen eta belar txarren aurka. Azken urteotan zenbait landareren genomen mapa egiten ari dira. Horri esker gene erabilgarri gehiago aurkitzea espero da, adibidez, landareen erresistentzia areagotzen dutenak (beroaren, lehortearen edo gatzaren aurrean) edota errendimendua hobetzen dutenak.
Basoen hondamenak milaka landare-barietate baliotsu desagertarazi eta desagertarazten ditu, eta landareekin batera gene-iturri estimatuak ere betirako joaten ari zaizkigu. Beraz, baliabide ordezkaezin horiek babesten hasi behar dugu lehenbailehen eta munduko leku guztietan, hurrengo belaunaldiek ere zerbait izan dezaten. Asmo horrekin sortu da hain zuzen Baliabide Fitogenetikoen Nazioarteko Institutua, Nazioarteko Nekazal Ikerketari buruzko Talde Aholkulariaren eskutik. Urrats bat besterik ez da, baina bide onetik doa.
Mundu biziaren edertasuna
MUNDU BIZIAREN EDERTASUNA
Existentziaren misterioa argitzea; horra hor artearen eta zientziaren xedea. Arteak forma fisiko jakin batzuk sortzen ditu errealitate ukiezinak adierazteko edo mundu ukigarriaren alderdi ilunak argitzeko. Zientziak, berriz, mundu ukigarria aztertzen du bere elementu bakoitzaren funtzionamendua ezagutzeko, lehenbizi bakarka, eta gero elkarrekin. Baina jarrera desberdina dute artistak eta zientzialariak, batez ere jende arruntaren aurrean. Zientzialari arketipokoak -normalki sentimendurik eta giza-ezaugarririk gabeko gizakitzat hartuak- helburu bat du: ezagumendua eskuratzea. Ehiztariaren antzera mugitzen da harrapakinaren bila, isilik, besteei ezer esan gabe. Izan ere, maiz gotorlekutzat hartzen da zientzia: adreiluz -laborategiko esperimentuak- eta zementu azkarrez -hitz bitxiak eta formula matematikoak- egindako gotorlekua. Eraikuntza horren barruan ezagumenduaren altxorrak leudeke, errezelo handiz zainduak. Bestalde, hedapenezko artikulu zientifikoetan ugariak dira honelako adierazpenak: "Azkenean argitu dugu misterio hori", "zientzialari batek ...ren sekretua azaldu du". Mintzaira horrek garbi adierazten du ezagumendu zientifikoa esoterikotzat hartzen dela eta ikerlariek beren "propietate" edo ondasuntzat dutela. Oso bestelakoak dira artean erabiltzen diren hitzak: "artista honen mezua", "horrekin esan nahi diguna...", etab. Hitz horiek garbi uzten dute artea batez ere komunikazioa dela. Artistak ez du nahikoa zerbait aurkitzearekin; aurkitutakoa komunikatzen ez badu, jai du. Gu guztiok dugu nolabaiteko interesa biologiarekiko. Besterik ez bada ere, gutxienez gure osasunak eta hiltzeko orduak kezkatu egiten gaituzte. Hori dela-eta biologoek jendearekin komunikatu beharra dute, agian beste zientzialari guztiek baino gehiago. Baina izaki bizidunak oso konplexuak dira -bakteria eta birus sinpleenak barne-, eta jendearekin komunikatzeko ez dute nahikoa formulak erabiltzearekin. Forma artistikoetara jo beharra dute jendeak ezer ulertuko badu. Proteinak, adibidez, kiribil amaigabeen modura adierazten dira, eta zera dakarkigute burura: Maurits Escher-en grabatuetako efektu optikoak. Adierazteko modu hori Jane Richardson-ek asmatu zuen. Ipar Karolinako (EEBB) Duke Unibertsitateko ikerlari ospetsu den Janek molekula artifizialak "sortu" zituen, proteina naturalak aztertuz lortutako informazioari esker. Baina bere ekarpenik garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, proteinen ezaugarriak adierazteko modua aurkitzea izan da. Egia esan proteinen itxurak ez du zerikusirik Richardsonen kiribilekin. Proteinak ezin dira "ikusi", argi-uhinak luzeegiak direlako. Proteinak "bisualizatu" ahal izateko X izpien argia erabili behar da, eta gero ordenadorez aztertu. Horrela sortzen dira Escher-en kiribilen antzeko irudiak. Hala ere, eta benetakoa ez izan arren, kiribilaren irudia oso baliagarria da zientzialarientzat, ondo adierazten duelako nola kiribiltzen den proteinaren kate kimiko konplexua. Prozesu informatikoa aldatuz gero bestelako irudiak lor daitezke: pintura puntilistaren edo Dal¡ren koadroen antzekoak edota arkitektura-marrazkiak bezalakoak. Ez dago proteinak adierazteko modu "zuzen" bakar bat, baina onartu beharra dago zientzialariek molekulak bisualizatzeko moduak eragin garbia duela haiengan.
Koadro inpresionistak ez dira argazkiak, baizik eta emozioak eta sentsazioak adierazten dituzten irudiak. Era berean proteinen irudiak -beste molekula biologikoenak bezalaxe- molekulen ezaugarriak adieraz ditzakete. Esate baterako, proteinen zenbait zati oso mugikorrak dira. Nola adierazi hori? Irtenbide bat zera litzateke: zati horiek kolore biziz adieraztea, erretzen ari den ikatzaren antzera; horrela, mugitzen diren zatiak horiz eta gorriz adieraziko lirateke, eta zati geldiak kolore ilunez. Ondo ezagutzen ez diren zatiak adierazteko, berriz, irudi zirriborrotsuak erabil daitezke. Mundu bizidunaren mekanismoak ulertu nahi duten ikerlarientzat ona litzateke estetikaren sena izatea. Agian horren adibiderik onena James Watson eta Francis Crick-en lana dugu: 1953an ADNaren egitura deskribatu zuten. Bi zientzialari horiek ez zuten asko esperimentatu ADNarekin; beren lana, aitzitik, ADNaren egituren ereduak bilatzea zen, besteen ikerketetan oinarrituz. Baina lan horrek xede estetikoa ere bazuen: ADNaren egiturak ederra izan behar zuen. Hori dela-eta zenbait egitura baztertu egin zituzten, itsusiak izateagatik. Horrela, 1953an garatutako egitura molekular simetrikoak gaur arte iraun du eta iraultza biologikoaren ikur antzeko bihurtu da. Ikuspegi artistikoak bioteknologia aberastu duen bezalaxe, bioteknologia aberasgarri suertatu da artearentzat. Zientzialariek aurkitutako molekulen eta organismoen formek ez dute artea inspiratu, baina arte garaikideko zenbait lanekin antz handia dute. ADNaren egiturak, adibidez, John Maine artista britainiarraren lan baten antza du: marmol eta zur kontratxapeatuz egindako Pathway (ibilbidea). Noel Forster-en titulurik gabeko pintura batek birusen irudi batzuk (mikroskopio elektronikoz eginak) dakarzkigu gogora. Eta 1989an Anish Kapoor-ek batipat kolore gorria erabiliz egindako akuarela batek, berriz, izugarrizko antza du burmuineko zelula nerbiosoen irudiekin. Mende honen lehen erdian ere gertatzen ziren horrelakoak. Alexander Calder artista amerikarrak 1932an egindako Calderberry Bush lanean, adibidez, disko gorri batzuk tamainaz aldatzeko erak zera dakarkigu gogora: proteinen sintesiak zeluletan burutzen duen mekanika molekularra. Calder-en beste lan batean, Four leaves and three petals (Lau hosto eta hiru petalo, 1939) erretikulu endoplasmatikoa (zelulen barnean dagoen mintz-sistema) dagoela dirudi. Calder-ek hiru dimentsiotan adierazten zuena Joan Mir¢k bitan egin zuen. Mir¢ren lan askotan agertzen diren egiturek zelulen antza dute: beren barnean mitokondriak, kloroplastoak eta beste hainbat osagai daudela dirudi. Nire iritziz aipamen berezia merezi du Garry Fabian Miller-en lan probokatzaile eta "bioteknologiko" batek: Coexistence Human-Vein Air-Leaf Parasite-Tree Sun-Breath Fragility.Miller-ek sikomoro hostoen laukiak hartu, eta taula batean ipintzen ditu, ihartze mailaren arabera sailkatuz: hostorik leunenak goian, eta ihartuenak behean (argazkian alderantziz daude). Ene ustez artelan horrek ondo baino hobeto adierazten du bai udazkeneko ihartze prozesu naturala eta bai organismoen elkarrekintzazko eginkizuna prozesu horretan ere. Onddoek hostoen zelulosa jaten dute, eta onddo horiek birziklapen-prozesuaren zati garrantzitsua dira. Bioteknologiaren ikuspuntutik ikusita lan honek gogora ekartzen digu bai zuhaitzen eta bai onddoen garrantzia ere. Bioteknikariek gauza askotarako erabiltzen dituzte onddoak: antibiotikoak egiteko, elikagaiak tratatzeko, eta hondakinen arazoari irtenbideak emateko. Ikuspegi zabalago batetik begiratuz gero, Miller-en lanak bi ideia nagusi dakarzkigu gogora: naturaren izaera ziklikoa, eta gizakion bizitza naturaren ziklo horren garapen orekatuaren menpe dagoela.
Urtemuga: Martin Luther King. Heriotza, non dago zure garaipena?
MARTIN LUTHER KING. Heriotza, non dago zure garaipena?
Martin Luther King 1929ko urtarrilaren 15ean jaio zen. Aurten, beraz, 65 urte beteko lituzke bizi izan balitz. Memphis-en hil zutenean -1968ko apirilaren 4an- berrogei urte besterik ez zituen. Garbi dago efemerideen zentzua memoriaren egutegi izatea dela. Gizateriaren historian ahaztu ezin daitezkeen gertakizunak ekartzen dizkigute gogora. Baina ezin da ukatu zenbait gertakizun eta pertsonaiek ez dutela gogoragarri horien beharrik izaten, gure eguneroko bizitzan eragin handia dutelako. Hor daude. Galderak sortarazten dizkigute. Horietakoa da Martin Luther King-en bizitza eta heriotza... Mende bukaera hau den bezalakoa delako, berriro ere balio handiko erreferentzia bihurtu zaigu Amerika beltzaren seme hori, ezohizko pertsona guztiekin gertatu ohi den bezala. 1521eko maiatzaren 17an Albercht D¿rer-ek honela idatzi zuen Worms-eko dietaren ondoren Martin Lutero hil zutelakoan: "Ene Jainkoa, emaiguzu berriro honelako gizon bat!". Kasualitate hutsa ote? Martin Luther Kingen kasuan "honelako gizon" batek zera esan nahi du: gudari ez-biolentoa; Gandhirengandik ikasi zuen nola irabazi, baina armarik, balarik eta bonbarik gabe. 1959an Indian izan zen hilabetez Coretta bere emaztearekin, Jawaharlal Nehru lehen ministroaren gonbite bati erantzunez. New Delhi-ra joan zen, Mahatmaren santutegian -beti lorez estalirik dagoen hilobian- lore batzuk ipintzera. "Beste nonbaiten turista izan naiteke, baina Indian ez; hemen erromes naiz" esan zien kazetariei. Esker oneko loreak ziren Gandhiri eskainitakoak: ukiezin edo pariak harijan (Jainkoaren seme) bihurtu zituelako, kasta-sistemaren defendatzaile sutsuei aurre eginez, izugarrizko miseria bizi duen subkontinente batean egin zuelako. Martin Luther Kingen helburua ere horixe zen, baina bere lurrean: Estatu Batuetan beltzen eta zurien arteko berdintasuna lortzea. Bidaia hori hasi baino piska bat lehenago eraso bortitza jasan zuen New York-eko denda batean zegoen bitartean. Berak idatzitako liburu bat sinatzen ari zen ( Stride towards Freedom. The Montgomery Story. Urrats handiz askatasunerantz. Montgomery-ren historia. 1958) eta Izola Curry-k -burua nahastuta zuen emakume beltza, 45 urte ingurukoa- bularrean zauritu zuen tresna zorrotz batez, aorta ukituz. Pastoreak eztul egin izan balu, aorta zulatu, eta berehala hilgo litzateke. Baina hori kasu bat besterik ez zen. Horrelako asko ezagutu zituen. 1955eko abenduan, 26 urte zituelarik erabaki zuen bere bizitza osoa emango zuela ideal baten alde: bere komunitatea askatzea, mesprezutik, irainetatik eta hitz laidoetatik askatzea. Handik aurrera bere bizitzaren ardatza "askatasuna" izan zen. Jendearen aurrean hitz egiten hasi zen, lagunez inguraturik, denak konbentzituta, gainera, "isiltasunaren garaia iragan zela, eta hitz egiteko ordua, berriz, etorria zela". Eta hitz egiterakoan gogoan zituen Martin Luterok esandakoak bere anaiak "Elizaren gatibotasun babilonikotik" askatu nahi zituenean (Luteroren idazki baten hitzak dira): "Ez al litzateke naturaren aurkako izango sute baten aurrean hiritarrak ezer egin gabe geratzea, alkate ez direlako?". Martin Luther King-ek bizitza aktiboan emandako hamairu urteetan indarkeria fisikoa eta morala jasan zuen: behin baino gehiagotan kolpatu eta atxilotu zuten; esetsi egin zuten hainbat arrazoi argudiatuz (errebolta sustatzea, zergak ez ordaintzea...); EEBB traizionatzeaz ere akusatu zuten, besteak beste, Kubaren aurkako operazio militarraren eta Vietnamgo gerraren aurrean hartutako jarrerak zirela eta. Eta bere izena zikintzeko asmoz izugarrizkoak egin zizkioten: bere aurkako komunikabideei gezurrezko zintak bidali zizkieten, hegoaldeko hiri handietan biran zegoen bitartean beste emakume batzuekin igaro omen zituen gauetan grabatutako zintak, alegia. Gainera, min handiagoa egiteko asmoz, zinta horiek bere emazteari ere bidali zizkioten. Baina ez du ezeren aurrean amore emango. Estatu Batuetan gauzak aldatu egin nahi ditu, eta ez du ezerk bere bide horretatik aldenduko. 1963ko abuztuaren 28an bere ametsari buruz hitz egin zuen Washingtoneko plazan, 200.000 gizon-emakume beltz eta zuriren aurrean, irrratiz eta telebistaz jarraitzen zioten milioika eta milioika estatubatuarren aurrean. Eta mundu osoak entzun zuen bere ametsaren berri. Hitz haiek gure planetako gizaki guztien gogoetan geratu ziren betirako, bai iparrean eta bai hegoan ere, bai ekialdean eta bai mendebaldean ere. Ez, ez dago "gerra" hori geraraziko duen indarrik. Martin Luther King-en gerra hori biolentziari uko eginez hasi zen, Henry David Thoreau-rengandik ikasitako desobedientzia zibilaren printzipioak jarraituz. Martin Luther King-en metodoak eta bitartekoak, berriz, Gandhiren ez-biolentzian oinarritzen ziren. Izan ere, bai Thoreau-k eta bai Gandhik ere Indiako mistikoen iturrietatik edan zuten. Eta, egia esan, ez zuen ezerk gerarazi gerra hori 1968ko apirilaren 4ko angelusa iritsi arte, egun horretan karabina batetik irtendako bala batek eraman baitzuen gure artetik "aingeruen xirulak horren ongi modulatzen duen urrezko eztarria / Sodoma ikaragarriaren eta Adamaren gainean etengabe entzuten den brontzezko eztarria...".
UNESCOren Albistaria 1994
