Aurkibidea

Aurkibidea 2001eko urtarrila-otsaila-martxoa HAN ETA HEMEN Ispiluaren magia Argazkiak: Alex Webb Testua: Fabrizio Mej¡a Madrid GURE PLANETA Rhin-eko miraria Urs Weber GELA IREKIA Ameriketako Estatu Batuak: eskola etxean Jeff Archer Europa, batasunik gabeko frontea Cynthia Guttman ALE HONETAKO GAIA Emakumeak botere bidean Laikotasuna, lege gorena Taslima Nasreen 1 Emakumeak martxan Feminismoak ehun urte bete ditu Sophie Bessis Hego Afrika: garaipen ez-osoak Shireen Hassim Beloaren azpitik emantzipaziorantz Siavosh Ghazi Suedia: soldata berdinen aldeko borroka juridikoa Elisabet Ornerborg Peru: aukeratzeko eskubidea Natalia Tarnawiecki 2 Emakumeak eta politika Denbora beste era batean banatu behar da gizon eta emakumeen artean Rosiska Darcy de Oliveira Demokrazia inperfektua Emakume marokoar baten borroka Hinde Taarji Panchayatetako esperimentuak Mrinal Pande "Hauteskunde-politika" ikasteko eskolak Koreako emakumeentzat Glenn Manarin "Zergatik ez ditugu emakume gehiago aukeratzen?" Betty Friedani egindako elkarrizketa Emakumek: sortu gizarte-mugimendu bat! Yvette Roudy ASKATASUNAK Ijitoak asimilazioa eta bazterketaren artean Alain Reyniers Florentziako ijitoen ghettoak Nicola Solimano eta Tiziana Mori KULTURAK Itsas azpiko piratak Vincent Noce KONEXIOAK Internet, demokraziaren salbatzaile? Ren¿ Lefort Afrika: garapenerako telefonoak Elkarrizketa Ibrahima N"Diayerekin ELKARRIZKETA Margarita Salas, zientzialari zorrotza

Azala


Ispiluaren magia

HAN ETA HEMEN

ISPILUAREN MAGIA

Chiapaseko errebolta gertatu zenetik, Mexikoko gizarteak aurrez aurre eta begietara egin die so indioei (beharbada lehen aldiz), guztien artean etorkizunari elkarrekin begiratzeko.
Argazkiak: Alex Webb, Testua: Fabrizio Mej¡a Madrid
Alex Webb argazkilari estatubatuarra da, eta Magnum agentzian egiten du lan. Fabrizio Mej¡a Madrid idazle eta kazetari mexikarra da, eta Mexiko Hiriko Hiri Kulturako zuzendaria da. La Jornada egunkarian kolaborazioak idatzi ohi ditu, aldian-aldian. Bere azken liburuak Pequeños actos de desobediencia civil izenburua du (Mexiko, 1996).
Jantziaren azpian zerbait mugitzen ari zela iruditu zitzaidan. Bat-bateko astindu moduko bat. Orduan, emakumeen oinetara begiratu, eta zur eta lur geratu nintzen: babaz betetako orpoetan oinutsik ibili izanaren ondoriozko hauts eta kraka guztia zuen. Emakumeak itxi ere egiten ez zuen esku-ahurrean txanpona utzi, eta Antropologia Museo barrurantz abiatu nintzen. Zazpi edo zortzi urte izango nituen. Limosna eman niezaiola agindu zidaten, eta hura nor zen galdetu nion aitari. "Indiar bat da", erantzun zidan. Nik, setati, esan nion: "baina barruan, arropa azpian zerbait mugitzen zitzaion". "Haurra izango zuen", erantzun zidan aitak, eta "Maia" aretorantz jarraitu genuen, mutu. Mexiko hirian ikusitako emakume indiar haren irudia ezin izan dut burutik kendu urte hauetan guztietan. Irudi baino gehiago irudi eza da: gorputz baten zatiak -eskua luzatuta, oinazpia, besoaren brontze-kolorea-, eta arropa azpiko mugimenduak iradokitzen zuen beste gorputz hura. Hirietan eurekin topo egiten dugunean ez diegu zuzenean begietara begiratzen. Eurek -indiarrek- burua makurtzen dute; larruazalaren koloreak, espainiera "akastunak", nekazarien janzkerak nazionalismo mestizoak bere egin duen lurrean euren burua inbasoretzat balute bezala. Ez dute inoiz aurpegirik izan, ez eta begiradarik ere. Inork ezin izango lituzke haien aurpegiak gogoratu. Aitzitik, "indigena" hitza -"indiar" hitzaren aurkakoa- Mexikoko iragan perfektuaren osagaia da. Mexikoko milioika eta milioika haurrek bezala, nik ere Diego Riveraren horma-irudiak ikusten nituen txikitatik. Irudiotan aztekek sinboloak, balioak irudikatzen zituzten, ez zuten, ordea, pertsonarik irudikatzen. Oroimena iristen zaidaneraino, "indigenak" niretzat guk zapaltzen dugun lurraren azpian bizi izan ziren emakume eta gizonen aztarnak besterik ez ziren. Eguzkia gurtzeko piramideak egiten zituzten, zero zenbakiarekin amets egin, birjinak oparitan eskaini eta eklipseak iragartzen zituzten emakume eta gizonen aztarnak besterik ez ziren. Baina ez zegoen loturarik "indigena" eta "indiarraren" artean, gauza batean izan ezik: ez batek ez besteak ez zuten begiradarik. Mendeetan zehar, indiarrak, otzan-otzan, herrialde arrotz bati begiratzen zion multzo gero eta handiagora bildu ziren. Begiratzen dutenen parte-hartzerik gabe aldatzen den lurralde etereoari begiratzen zion multzora bildu ziren. "Indiarrak" lurrak, justizia, hezkuntza eta osasuna izateko zain zeuden nekazariak ziren. Bagenekien hor zeudela, milioiak baitziren, baina euren eskakizunei entzungor egiten genien. Asko zirenez, kontuan hartu behar, ordea. 70eko hamarkadan indiarrak "arazo" izaten hasi ziren: hirietara emigratzen zutenez, arazo bihurtu ziren. Kolore biziz jantzita limosnak eskatzen zituztelako "Mariak" deitutako emakume indiarrak, hain zuzen, elkarbizitzaren porrotaren ispilu ziren. Izan ere, mexikarrak izateko proposamen bakarra egin genien -indiarrak izateari uztea- eta porrot egin genuen.
Xïoyep-eko emakume nekazarien erresistentzia
1994ko urtarrilaren lehenean Chiapaseko indiarrek, berriro ere mesprezuaren aurka matxinatu zirenean, aurpegia estali egin zuten, begiak izan ezik. Mexikok, nahitaez, begietara begiratu beharko zieten. Bazekiten etikaren oinarria besteari begietara begiratzea zela. Enpatiaren, identifikazioaren iturria da, magia modu bat, hirugarren bat sortzen duen ispilua: ez norbera ez bestea, berdin egiten gaituen hori baizik, biok onartzen dugun irudi hori. Hori izan zen, hain zuzen, nire herriak ukatu zidana: bestearen begiradan ni ere banaizen beste horren isla ikustea. 500 urtetan zehar, indiarrak ez ziren akabatu beharreko gizon eta emakumeak izan; bizirik irauten zuten ez-gizakiak ziren, nazio osoak egindako ihesaren ondorioz -aurrez aurre ez begiratzea, begietara ez begiratzea- bizirik zirauten ez-gizakiak. Gu geu indiarren begietan ikustean arrotz batengan zenbat geurea dagoen antzeman ahal izan genuen, guretako bakoitzean besterena zenbat dagoen antzeman ahal izan genuen. Lau urte geroago, intentsitate txikiko gerra baten ondorioz euren lurretatik botatako indiar komunitate bateko emakumeek funtsezko beste aldaketa bat ekarri zuten. Acteal-en, 1997ko abenduaren 22an, haur eta emakume asko atzetik tirokatuz erail zituzten. Sarraskia gertatu ondoren, Xïoyepeko emakumeek aurre egin zioten armadari, ez baitzituzten han nahi. Emakumeak euren herrietatik ihesitakoak ziren, eta ez zeuden berriro ere liskarretan sartzeko prest. Euren esku txikiez soilik baliatuz, soldaduak herriaren mugaraino bultzatu zituzten. Indiar horietako batek Xïoyepeko azken oiloa zeraman eskuetan. Guztiz haserre, oiloa babestu zuen, eta beste emakumeekin batera, armada profesionala gailendu zuen. Xïoyepeko emakume tzeltalek 1998ko urtarrilean izandako indar morala ahultasun fisikotik eta gutxi izatetik bazetorkien ere, gerraren aurka egoteak ere izan zuen indarra. Emakume pobre horiek uko egin zioten Actealeko triskantzari oztoporik jarri ez zion herrialdearen laguntzari. Uko egite horretan jarrera moral bat dago, eurekin lotzen nauena: nik ere ez nioke neure buruari uko egingo hautatu ez dudan "proiektu nazional" baten izenean. Euren erresistentzia ospetsua egin zen, abertzalerik gabeko nazionalismoa zekarrelako: ez dute euren onerako suntsituko dituen zoriontasunik nahi. Armadari aurre egiten zioten esku horietan, haurtzaroko "Maria" haien desagerpena ikusi nuen.
Egiteko dagoen bidea
Egungo gizarteak desberdinak onartzeko joera handiagoa badu ere, ez gaude prest, oraindik, desberdintasun horren ahotsa entzun eta interpretatzeko. Mexikoko gizartean aniztasunaren ideiak honako irudia dakar: banatutako ghettoak izango dira, eta hor tradizio batek bestearekin izandako harremanetan batek, halabeharrez, beste tradizioa ahulduko du. Etniatik etikara aldatzeak ez du esan nahi aniztasuna gordetzeko jardun behar dugunik, aniztasunak adierazi nahi diguna bereganatu egin behar dugula baizik. Begiratzearen eta entzutearen arteko aldea da; bestea badela onartzea eta horren ahuldadea norberarena ere badela onartzearen arteko aldea; leihoak ireki eta zubiak egitearen arteko aldea. Horixe da gainditu beharrekoa: elkarren alboan bizitzetik elkarrekin bizitzerako jauzia. Badakit Xïoyepeko emakumeekin bide hori egin ahal izango dugula.
MEXIKOKO ESTATURIK POBREENA
Chiapas Mexikoko hegoaldean dago, eta Yucatan eta Oxacarekin batera bizilagun indigena gehien dituen estatua da: 3 milioi biztanletik %42,5 maia familia handikoak dira. Mexikon bizi diren 92 milioi lagunetik 10,6 milioi indigenak dira, eta biztanleen %80tik gora mestizoak. Chiapas estatuan nekazaritza da jarduera nagusia, eta Mexikoko federazioaren barruan estatu horrek du pobrezia-mailarik handiena. 1995eko kalkuluek adierazten zutenez, biztanleen %95ek ez zuten bizitzeko gutxieneko baliabiderik (orduan gutxieneko hori hileko 150 dolar ziren). Egoera horretarako badago arrazoi bat: Chiapas federazioko hiriburutik oso urrun dago, eta horregatik estatu horretan izan zuen eraginik txikiena nekazaritza erreformak. Horrela, 1992. urtean erreforma amaitu zenean, Chiapaseko lurren erdia baino gehiagok latifundisten esku egoten jarraitu zuen. Egoera horretan gertatu zen, 1994ko urtarrilaren 1ean -Ameriketako Estatu Batuekin eta Kanadarekin Merkataritza Askea izateko Tratatua indarrean sartu zen egunean, hain zuzen- Ej¿rcito Zapatista de Liberaci¢n Nacional (EZLN) delakoaren altxamendua. Marcos komandante-ordeak gidatu zuen, eta matxinoek Chiapaseko zazpi herri hartu zituzten, horien artean San Crist¢bal de las Casas hiria. Euren eskakizuna "mexikar guztientzako demokrazia, askatasuna eta justizia" lortzea izan zen. Bi astetan zehar armada erregularraren aurka borrokatu ondoren su-etena aldarrikatu zen. Borrokaren ondorioak: 159 hildako, kopuru ofizialen arabera, eta 400, berriz, giza eskubideen defentsarako erakundeen arabera. 1994ko otsailaren 21ean EZLNren eta gobernu federalaren arteko lehen negoziazio zuzenari ekin zitzaion Samuel Ruiz artekari zela (garai hartan San Cristobal hiriko gotzaina). 1996ko otsailaren 16an amaitu ziren elkarrizketak eta indigenen eskubideei buruzko San Andreseko akordioak sinatu ziren. Agintariek, ordea, ez zuten akordioa onartu, nazio-subiranotasunaren defentsa argudiatuz. Ordutik, negoziazioak apurtzea garesti ordaindu da: gerrilla zapatistaren ustezko 45 jarraitzaile erail zituzten Actealen 1997ko abenduaren 22an. 1999ko martxoan, zapatistek lege indigena Konstituzioan sartzeko antolatutako kontsultan 2,5 milioi mexikarrek hartu zuten parte. EZLNren helburua -eurek adierazten dutenez- Mexikoko gizartea demokratizatzeko nazioko eta nazioarteko gizarte zibilaren laguntza izatea da, eta ez botere politikoa hartzea.

Rhin-eko miraria

GURE PLANETA

RHIN-EKO MIRARIA

Rhin ibaia oso kutsatuta zegoen 1970eko hamarkadan; gaur egun garbia dago. Hondamen ekologikoa gertatu behar izan zen, ordea, ibaiertzeko herrialdeak mobilizatu zitezen.
Urs Weber
Basileako Basler Zeitung egunkariko eskualdeko eranskinaren erredakzio burua.
Rhin ibaia Europako estoldarik higuingarrienetakoa izan zen hainbat hamarkadatan zehar. Ibaiertzeko estatuen elkarlanari esker, hala ere, ibaia garbia dago berriro. Berreskuratze horren adierazle dugu ibaietako erregea, izokina: 1996. urtetik 200 ale baino gehiago harrapatu dira. Baina lana luzea eta nekeza izan da. Rhin ibaia Europan gehien erabiltzen den ibaibidea da, eta 883 kilometrotan zehar da nabigagarria: itsasoratzetik Basilea eskualderaino. Antzinatik, ibaiertzean hiri eta industrialde garrantzitsuak kokatu izan dira, Ruhr eskualde industriala esaterako. Ibaiaren ertzean trenbide- eta errepide-sare handia dago, hain zuzen, munduko garatuenetakoa. Rhin ibaiak, gainera, nekazaritza intentsiborako behar den ura ematen du. Mahasgintzak ere ospe handia du inguru horretan. Ibai ondoan lantzen diren beste zenbait laborek (artoa, tabakoa, azukre-erremolatxa, eta barazkiak -askotan negutegikoak-), ordea, ongarri gehiago behar dituzte, eta horregatik ingurugirorako arriskutsuagoak dira. Baina esne-ustiapenek eta txerri-haztegiek sortutako kutsadura are eta larriagoa da. Horretaz gain, milaka eta milaka herritarrek edaten dute Rhineko ura, eta hirietako ur zikinak bertan isurtzen dira.
Ibaiaren historia laburra
Rhin ibaiaren geografia aztertuz gero (ikus mapa eta koadroa), bi gauza nabarmentzen dira: alde batetik, giza jardueraren presioa oso handia da; eta, bestetik, Rhin ibaiak bost estatu ureztatzen ditu, eta horregatik nazioarteko uren eredu da. 1816ko itunak -Europako zaharrenetakoa- Rhin ibaia nabigagarria zela adierazten zuen. Ituna 1831. urtean berriro negoziatu zen Maguncian, eta 1868an Mannheimeko Aktak ordezkatu zuen. Akta horren bidez, Rhineko lehen batzordea sortu zen. Batzordea Estrasburgon zegoen, eta "nazioarteko ibaibide" horretan zirkulazioa askea izateaz arduratzen zen. Garai hartan 3.000 tona arteko itsasontziek nabiga zezaketen ibaian. 1886. urtean guztiz bestelako akordioa sinatu zuten ibaiertzeko 5 estatuek: Izokinaren Nazioarteko Batzordea. Izan ere, arrain migratzaile hori desagertzear zegoen Rhin arroan, eta batzordea izokina kutsaduratik eta presek sortutako oztopoetatik babesteko sortu zen. 18 hilabete dituenean itsasora joaten da izokina, eta bospasei urte dituenean, jaiolekura itzultzen da bertan erruteko. Hasiera batean, ibaiertzeko herrialdeek izokin kumeak sartzea erabaki zuten, ibaian izokina ugaritzeko. Dena den, XIX. mendean paisaian eta hidrografian eragin handia izan zuten erabakiak hartu ziren, eta estatuen arteko akordiorik gabe, gainera. Auzotarrei edo ibaian beherako hiriei arazoak eta kalteak ekar ziezazkieketen lanak egin ziren. Horrela, Badeneko Dukerri Handiak (Basileatik Mannheimeraino zihoan, eta gero Wurtembergekin elkartu zen), bere aldetik, Rhin ibaiaren zati bat bideratzea erabaki zuen. Tulla ingeniaria izan zen lanen arduraduna, eta ibaia bideratzeko uhaska zuzenagoa egitea agindu zuen, eta horrekin ibaiaren emaria handitu egin zen. "Zuzenketa" horiek kalte izugarria eragin zioten goi aldeko Rhineko lautadaren geruza freatikoari, eta ibaiaren mailak behera egin zuen. Gainera, ordura arte aldian-aldian urez gainezka izaten ziren baso hezeak -Renaniako lautadako berezko biotopoa- lehortu egin ziren.
Izokinaren desagerpena
1920. urtean Frantziako ibaiertzean Alsaziako Kanal Handia eraikitzen hasi ziren, eta hori ere beste herrialdeekiko adostasunik gabe egin zen. Lehen Mundu Gerrako potentzia irabazleek inposatutako erabakia izan zen, hain zuzen ere 1919ko ekainaren 28ko Versailleseko Itunaren testuinguruan. Kanala eraikitakoan, Frantziak bere lurretan zentral elektrikoak eta presak egin ahal izan zituen (hamar Basilea eta Estrasburgoren artean, ibaiadarretan egindakoak kontatu gabe). Hots, arrain migratzaileentzako beste hainbat oztopo jarri zituzten. Frantziako kanala zabaldu egin zen 1950. urtean, eta horren ondorioz ibaiaren maila berriro jaitsi egin zen. XX. mendearen erdi aldetik aurrera, Rhin ibaia Europako estolda bihurtu zen. Hondakin kopuru izugarria isuri zen ordutik, inork konturik hartu gabe. Kutsadura anitza zen, eta hainbat lekutatik zetorren: hirietako erabilitako uretatik, industrietatik -izan ere, industria asko garatu zen-, eta nekazaritzatik. Etxeetan erabiltzen diren produktuetatik (lixibak, garbigarriak, etab.) eta ongarrietatik zetozen fosfato-tasak izugarri handitu ziren, maila arriskutsuetaraino. Horren ondorioz, arrainak urrituz joan ziren, eta 1935ean ez zegoen izokinik, jada, Rhin ibaian. Gero eta zailagoa zen Rhinetik ur edangarria ateratzea. Urak fenol usaina zuen sarritan, eta gazia zen. Bigarren Mundu Gerrako ezbeharraren ondoren, Europako estatu gehienek ez zuten inolako elkarrizketarik egin izan nahi ordezkari alemanekin. Dena den, eta 1919. urtean gertatu ez bezala, Rhin ibaiaren inguruko "hitzarmena" egiteko ideia nagusitzen joan zen. Horrela, 1946an Herbehereek memorandum bat bidali zioten Suitzari. Horren bidez, kutsadurari buruzko eztabaidan parte hartzeko gonbitea egin zioten. Azkenean, 1948an izokinari buruzko nazioarteko beste biltzar bat egin zen, Basilean. Biltzar horretan adierazi zenez, olatuetan murgiltzen ziren arrain eder horiek desagertu egin ziren Rhinen. Horri erantzuteko, biltzarrean argi geratu zen kutsadura-arazoei aurre egiteko estatu-arteko erakunde bat sortu behar zela. Horrela, 1950eko ekainaren 11n, ibaiertzeko estatuen (eta Luxemburgen) bilkura baten ondorioz, egungo Rhin Babesteko Nazioarteko Batzordea (CIPR) sortu zen. Batzordea estatu horiexek finantzatzen dute. Emaitzak, ordea, ez ziren berehalakoak izan: Rhin ibaiaren egoerak okerrera egin zuen 20 urtetan zehar. Baina estatuek ur-laginak hartzea erabaki zuten, bederen, eta horren ondorioz, ibaian zehar uraren kalitatea zaintzeko sare bat eratu zen.
Itunak eta konbentzioak
Kutsadurari aurre egiteko programa zehazteko lehen ituna, ordea, ez zen 1963. urtera arte sortu, Bernan. Urte horretan bertan CIPRen idazkaritza sortu zen. Idazkaritza horren egoitza Luxemburgen izan zen hasieran, eta 1964tik aurrera Koblenz-en. Ordutik, idazkaritzak Rhinen egoerari eta horren inguruko arazo ekologikoei buruzko informazio garrantzitsua bildu eta zabaltzen du. Batzordeak funtzionatzeko era bitxia du, baina ongi funtzionatzen duela erakutsi du denborak. CIPRk, aldian-aldian, ingurugiroaz arduratzen diren ministroak edo horien ordezkariak biltzen ditu. Erabakiak denen artean hartzen dira, eta gero herrialde bakoitzak -edo land edo eskualdeko agintari bakoitzak- beharrezko neurriak hartzen ditu. Baina CIPRk eta horren idazkaritzak ez du erabakiak betearazteko eskumenik edo behartzeko ahalmenik (instalazio berriak egiteko, esaterako). Batzordeak, gainera, Rhinerako ingurugirorako programak egiten ditu, eta onartu egiten badira, estatuek programak finantzatu eta burutu egiten dituzte. Idazkaritzak programa horiek bete egiten direla zaintzen du. 1976. urtean Europako Elkarteak -ordutik aurrera Europako Batasuna denak- bere gain hartu zuen CIPR, eta horren ondorioz, batzordeak garrantzi handiagoa hartu du. Rhinen inguruan hartutako erabakien emaitza pixkanaka agertuz joan zen. 1970 eta 1974 bitartean, uretako oxigeno-kopurua 2 eta 4 miligramo litrokoa (mg/l) zen, hots, kontzentrazio txikiegia edozein motatako bizitza organikoa sortu ahal izateko. Baina 1970 eta 1990 bitartean, ibaiertzeko estatuek araztegiak jarri zituzten (horien kostua 38.500 dolarretakoa izan zen). Oxigeno-kopuruak gora egin zuen pixkanaka, eta Rhin lehengo bioaniztasuna berreskuratzen joan zen. Adituek diotenez, ordea, araztegiak kutsadura sortu ondoren sortzen direnez, kutsaduraren eragina mugatu egiten badute ere, ez dute horren jatorrian eragiten. Eta araztegiek, gainera, oso gutxi murrizten dute ibaiko metal astunen kopurua. Koblenzen biologo lanetan diharduen Anne Schulte-W¿lwer-Leidig andreak adierazten duenez, "ibaiak badu berez garbitzeko gaitasuna, hori egia da, baina gaitasun hori handietsi egin da". Metal astunen -merkurioa, kadmioa, zinka, etab.- eta substantzia kaltegarrien -PCB, bentzenoa edo pestizidetatik sortutako atrasina- kopurua handiegia zen oraindik ibaian. 1976. urtean CIPRn parte hartzen zuten estatuek produktu kimikoei buruzko hitzarmen bat onartu zuten. Bertan, zenbait substantzia arriskutsu zerrendatan sartu ziren, batzuk zerrenda "beltzean" eta beste batzuk zerrenda "grisean". Kopuru maximoak ezarri ziren kadmio, merkurio eta bereziki arriskutsuak diren beste zenbait substantziarentzat. Neurri horiek hartzeko, ordea, ezinbestekoa zen enpresek ekoizpenaren unean bertan substantzia arriskutsuak kentzeko edo baztertzeko gai ziren instalazioak jartzeko gaitasun teknikoa izatea. Eta hori lortutakoan hartu ziren neurriak, izan ere lehen ekoizpen-prozesua amaitutakoan iragaz baitzitezkeen soilik.
Basileako hondamena
1979. urtean ibaiertzeko herrialdeek kloruroei buruzko hitzarmena sinatu zuten. Horren helburua, Alemania eta Holandaren arteko mugan, Rhineko gatz-kopurua 500 mg/l-tik 200 mg/l-ra jaistea zen. Izan ere, kontzentrazioa handiegia zen, eta horregatik oso zaila zen edateko ura egitea. Gatz hori potasa-meatzeen hondakinen ondorio zen, bai Alsaziako meatzeetakoa -2004. urtean ixtea aurreikusita dago-, bai Lorrenako Rhineko edo Moselako meatzeetakoak ere. Main ibaiaren inguruko industria kimikoen hondakinek ere eragiten zuten kontzentrazio handi hori. Weser ibaian, esaterako, Werrako potasa-hondakinen kutsaduraren ondorioz, zenbait unetan gatz-kopurua 3.000 mg/l-koa izan zen. 1986. urteko azaroan, Sandoz industria kimikoan -Basileatik gertu- sute handia izan zuten, eta hori kolpe handia izan zen ibaiertzeko biztanleentzat. Schweirzerhall-en suhiltzaileek sua itzaltzeko erabilitako urarekin batera, industria horretako intsektizida- eta pestizida-kopuru izugarria isuri zen. Gertaera horren ondorioz, ingurugiroarekiko kontzientzia izugarri handitu zen, eta kaltetutako herriek eta bertako biztanleek neurri zorrotzagoak eskatu zizkieten industrialariei. Batzordeko idazkaritzaren arduradun Koos Wieriks-en iritziz, "Basileako hondamenaz baliatuz, CIPRk 1987. urtean handitu egin zituen Rhin Ekintza Programaren helburuak". Lehentasuna eman zitzaion hainbat substantzia kutsakor kentzeari, eta programa horretan 1995 baino lehen lehentasuneko substantzia horien kopurua erdira jaisteko konpromisoa hartu zen. Zenbait adituren iritziz, helburu hori lortzea ezinezkoa zen. Hala ere, CIPRk egindako laginen arabera, Rhinek Bimmen-Lobith inguruan (Alemanian, Holandako mugaren ondoan) zeraman merkurio-kopurua 6 tonatik (1985) 3,2 tonara (1992) jaitsi zen; kadmioa 9 tonatik 5,9 tonara; zinka 3.600 tonatik 1.900 tonara; atrasina 10 tonatik 3,7 tonara; eta PCBa 390 kilotik 90era. Schweirzerhall-en araztegiak jarri ziren ibaian gora eta ibaian behera, hondakin kimikoak arazteko. Schulte-W¿lwer-Leidigek azpimarratzen duenez, "1987ko programaren ondorioz, ideia bat nagusitu zen: Rhin ibaia sistema ekologiko globala da". Programa horretan adierazten denez, Rhinek bizileku osasungarria izan behar du izokinentzat; baina baita lutxo, amuarrain eta beste zenbait espezierentzat ere. Helburu hori, gainera, ezarritako epea -2000. urtea- baino lehenago lortu zen. Izan ere, 1991. urtetik Renaniako arroan milioi bat arrainkumetik gora bota dituzte ibaira.
Ekosistema integratua
Baina hori guztia eginagatik ere, ez dira arrain migratzaileen arazo guztiak konpondu. Hamarkadetan izokinik harrapatu gabe egon ondoren, 1996. urtean harrapatu zen ibaian lehen izokina, Baden-Badenetik gertu dagoen Iffezheim-eko presa inguruan, zertxobait beherago, alegia. Izokina Ipar Itsasotik zetorren, eta presarekin topo egin zuenez, ezin izan zuen jaioleku zuen ibaiadarrera iritsi. Eta izokinek jaioleku duten ibaian soilik erruten dute. Ekologisten laguntzaz, pixkanaka-pixkanaka, zentralen jabeek onartu egin dute izokinak igarotzeko pasabide garestiak edo "igarotzeko sareak" eraikitzea. Iffezheim-en horrelako pasabideak egiten ari dira, Ill ibaiarekin lotzen den unean (ibai horrek ez du presarik). Lanaren kostua sei milioi dolar ingurukoa izango da. Alsazian, Gambsheim-en ere beste pasabide bat egiten ari dira. Basilean kontsulta egin zitzaien hiritarrei, izokinen migrazioari laguntzeko hirigintzan zein aldaketa egin behar ziren zehazteko. Egon Oberacker izeneko arrantzale profesionala (Suitzako Norbaden-ekoa da) pozik dago orain arrain gehiago dagoelako. Baina ongi adierazi duenez, "oraindik ezin dugu arrantzatik soilik bizi". Aldi horretan, ideia bat nagusitzen joan da: Rhin ibaian ez ezik, horren ibaiadarretan ere fauna eta flora 0aniztasuna izan dadin, ekosistema integratua hartu behar da aintzat. 1998. urtean, batzordeko ministroek sistema ekologiko global baten esparruan bertako espezieak berreskuratzeko neurriak zehaztu zituzten. Ekosistema global horrek honako lurraldeak biltzen ditu: Rhin ibaiaren itsasoratzetik Jura ibairaino eta Alpeetaraino; Renaniako mazizo eskistotsua, lautadako antzinako baso hezeak, Palatinatuko errekak, Oihan Beltza eta Vosges eskualdea barne. Baina kutsadura-arazo batzuk badira oraindik. Horietan larrienetakoa Rhineko deltako arro handikoa da, Herbeheretan. Izan ere, arro horretan 60ko hamarkadatik Amsterdameko portua dragatzean ateratako lohiak isurtzen dira, eta horiek substantzia toxiko asko dituzte. Toxikoak murrizten ari dira, baina aspaldi botatako lohien sedimentu toxiko asko pixkanaka-pixkanaka baino ez dira desagertuko. Azkenik, kutsadura-sortzaile handienak Rhineko ibaiertzetan zehar erabiltzen diren nekazaritzako ongarriak dira, euri-urarekin batera ibaira isurtzen baitira.
DANUBIO IBAIRAKO BATZORDEA
Danubio ibaia da, Volgaren ondoren, Europako bigarren ibairik luzeena (2.857 kilometroko luzera du). Alemanian sortzen da eta Itsaso Beltzean itsasoratu aurretik Austria, Eslovakia, Hungaria, Kroazia, Jugoslaviako Errepublika Federala, Errumania, Bulgaria, Moldavia eta Ukraina ureztatzen ditu. Aurretik behin baino gehiagotan s0aiatu baziren ere, 1992. urtera arte ezin izan zen Danubioko Batzordea sortu. Batzordea Vienan sortu zen, eta Rhinekoa izan zuen oinarri. 1994. urtean, Sofian, nazioarteko hitzarmen bat sinatu zen mugaz gaindiko kutsaduraren arazoari eta ingurunearen zainketari buruz. Akordioa lau urte geroago sartu zen indarrean. Danubioko arro hidrografikoak 817.000 km2 ditu, eta ibaia hamabi estaturi dagokio. Horietako zenbait -Suitza, Italia, Polonia, Albania eta Mazedonia, besteak beste- ez dira batzordeko kideak, euren ustez ez baitie zuzenean eragiten. Danubioko ingurugiro-baldintzek eragin sozio-ekonomiko handiagoa dute ibaiertzeko estatuengan, Rhineko ingurugiro-baldintzek baino. Hala ere, kutsadura ez da Rhinek 60ko hamarkadan zuen bezain larria.
BOST HERRIALDE IBAI BAKAR BATERAKO
Rhin ibaiaren iturburua Alpeetan dago, Suitzako Grison eskualdean, eta hainbat iturri ditu. Iturri horietako batek Rhin aitzinera (Vorderrhein) biltzen ditu urak, eta beste batek Rhin gibelera (Hinterrhein). Biak Suitzako Reichenau herrixkan egiten dute bat eta Rhin alpetarra sortzen dute (Suitza eta Austriaren arteko muga egiten). 25 metroko Schaffhausen-eko jauzi ezaguna igarotakoan, Rhin garaia (Horchrhein) bihurtzen da, eta mendebaldera egiten du. Suitza eta Alemaniaren arteko muga egiten du orduan. Ibaian behera, Basilea igaro ondoren, iparrera egiten du, eta Rhin goia izena (Oberrhein) hartzen du 300 kilometrotan zehar. Jarraian, zatitxo batean Suitza eta Frantziaren arteko muga egiten du, eta gero 180 kilometrotan Frantzia eta Alemaniaren artekoa. Beherago, Alemaniako hainbat landerren arteko muga egiten du. Mainz-en ibaiak, berriro, mendebaldera jotzen du, baina Bimmen-en iparrera egiten du, berriro. Orduan, Rhin erdia (Mittelrhein) bihurtzen da, eta 110 kilometrotan zehar Renaniako mazizo eskistotsua igarotzen du. Bonn igarotakoan, Rhin behea izena hartzen du (Niederrhein). Emmerich inguruan, Holandako mugara heldu eta, berriro, mendebaldera egiten du eta bitan banatzen da. Leku horretan Rhineko delta hasten da eta horra isurtzen du Mosa ibaiak. Reichenautik Ipar Itsasora 1.320 kilometro egiten ditu ibaiak. Renaniako arro hidrografikoak 250.000 km2 ditu, eta bertan 51 milioi lagun inguru bizi da. Suitza, Austria, Alemania, Frantzia, Luxemburg eta Herbehereak estatuetatik igarotzen dira. Rhin ibaiak hainbat ibaiadar ditu, eta horietan garrantzitsuenak honakoak dira: Aar Suitzan; Ill Frantzian; Kinzig, Neckar, Main, Lahn, Mosela, Ruhr eta Lippe Alemanian.
TENNESSEEKO AURREKARIA
Ibai baten inguruan eratutako estatu-arteko erakunde zaharrenetakoa Tennesee Haraneko Agintaritza da (TVA). Erakunde publiko hori Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak sortu zuen 1933ko maiatzaren 18an, Franklin D. Roosevelt presidente zela, eta New Deal-aren inguruan egindako obra handien barruan. Ordutik, hainbat erakunde federal eta toki-erakundek euren eskumenei uko egin zien TVAri emateko. Tennessee Ohio ibaiaren adarra da, eta 1.600 kilometro ditu. Tennesseeko arroak Virginia, Ipar Carolina, Georgia, Alabama, Tennessee eta Kentucky estatuak ureztatzen ditu. Estatu horiek eta gobernu federalak lehentasuneko hainbat helburu ezarri zituzten: ibaiaren emari izugarri irregularra kontrolatzea, ibaiak gora egin ez zezan eta uholderik gerta ez zedin; zentral hidroelektriko sarea egitea eta isolatutako eskualdeetara elektrizitatea eramatea. Hogeita bat presa egin ziren eta sei laku-biltegi. Horren bidez, nekazaritza garatu eta modernizatu egin zen, eta zenbait eskualde oihaneztatu. TVAren bidez lurraldea antolatu egin zen. Eta emaitza ona izan zela uste izan zutenez, horretan oinarritu ziren Rhineko Batzordekoak euren funtzionamendua zehazteko.

Ameriketako Estatu Batuak: eskola etxean

GELA IREKIA

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK: ESKOLA ETXEAN

Gero eta guraso estatubatuar gehiagok hezten dituzte euren seme-alabak etxean, erlijio-arrazoiak direla-eta edo bestelako eskolatze moduren bat nahiago dutelako.
Jeff Archer
Ameriketako Estatu Batuetako Education Week astekariko erredaktorea.
Christopher eta Eileen Herman ohiko eskola-sistemaren aurkakoak dira, eta euren bi seme-alabak etxean hezten dituzte. Duela hogei urte legea urratuko zuketen, izan ere eurak bizi diren lekuan -Washington estatuan- 1985. urtera arte diplomatutako irakasleek soilik eman zitzaketen eskolak etxean. Egun, ordea, Hermandarrek ez dute zigorrik izateko beldurrik; eta hori ez ezik, baliabide eta laguntza handiak ematen zaizkie. Badira etxean hezten duten gurasoen elkarteak, eta leku horretako hiru elkarteko kideak gai horri buruzko biltzarretara joaten dira, eta Internet bidez, antzeko egoeran dauden familien aholkuak jasotzen dituzte. Eileen Hermanek adierazten duenez, "ia jende guztiak ezagutzen du etxean hezten duen norbait. Batzuei arraroa egiten zaie, baina gai honek orain ez du mesfidantzarik sortzen, eta ez da horren aurka lehen bezala jotzen".
Hainbat arrazoi
Hermandarrek gora doan joera bati jarraitzen diote. Zenbaiten arabera, Ameriketako Estatu Batuetan 80ko hamarkadaren erdi aldera 50.000 haur hezten ziren etxean, eta, egun, miloi bat dira, gutxienez (beste zenbaiten iritziz 1,8 milioi dira). Jada, eskola-garaian dauden haurren %3 hezten da etxean, eta kopurua gora doa. Eliza katolikoaren menpeko eskolen ondoren, hezkuntza pribatu modurik hedatuena, hain zuzen, eskola etxean ( home schooling) da. "Eskola etxean aukera bideragarria da, egun. Herrialde honek ematen dituen hezkuntza aukeretan bere lekutxoa du" adierazi du Mitchell Stevens-ek, -Clintoneko (New York estatuan) Hamilton Collegeko soziologoa eta gai horri buruzko liburu baten egilea-. Joera berri hori oso konplexua da, eta zenbat eta indar handiagoa hartu, orduan eta zailagoa da etxean irakasten duten gurasoen profila zein den adieraztea. Stevens-en iritziz, oso desberdinak diren bi talde daude. Horietako bat 60ko hamarkadaren amaieran sortu zen, eskola-mugimendu alternatibotik. Horren jarraitzaileen ustez, haurrek etxean hobeto ikasten dute irakaskuntza formalaren egitura zurrunean baino. Beste mugimendua hainbat familia kontserbadore protestantek sortu zuten, gutxi gorabehera garai berean. Horien ustez, estatuko erakundeek euren haurrak ez zituzten behar bezala hezten. Stevens-en iritziz, "sistema publikoaren antolaketa burokratikoarekiko mesfidantza handia dute bi taldeek". 80ko hamarkadara arte, etxeko irakaskuntza ezkutuko jarduera zen, ez baitzegoen lege bidez araututa. Baina horren jarraitzaileak ugaritu zirenean, epaileak eta fiskalak eskolara joaten ez diren haurrek "beste mota bateko hezkuntza izatea" onartzen hasi ziren. Eskola Etxean Babesteko Elkartea 1983. urtean sortu zen, eta honako bi helburu zituen: batetik, estatuetako botere legegileak hezkuntza-mota hori aitor zezaten sustatzea, eta, bestetik, etxean hezteagatik auzitara eramandako familiak defendatzea. Egun home schooling baimenduta dago herrialde osoan, baina horri buruzko araudia oso desberdina da estatu batzuetan eta bestetan. Idahon, esaterako, etxean hezten duten gurasoek ez dute ia inolako mugarik, eta ez zaie eskatzen euren programak estatuko edo tokiko agintariei jakinaraztea. Oregonen, aldiz, familiek, nahitaez, frogak egin behar dizkie aldian-aldian haurrei. Froga horiek "gaitutako pertsona neutral" batek egin beharko ditu. Oro har, ez da eskatzen gurasoek irakaskuntzan jarduteko gaitasuna izatea, baina zenbait estatutan gurasoek goi mailako ikasketak izatea edo prestakuntza-ikastaro bat egitea eskatzen dute. Estatuetako legeek irakasteko egun-kopurua zehaztu ohi dute, bai eta eduki pedagogikoen ildo nagusiak ere. Gurasoek seme-alaben aurrerapenen berri eman behar izaten dute, baina gutxitan eskatzen zaie "buletinak" erakunde ofizial bati ematea. "Arau zorrotzagoak dituzten estatuetan ere haurren ikasketa erritmoak aldakorrak izan daitezke" adierazi du Patrick Farengak, Hol Associates-eko lehendakariak. Enpresa hori etxeko irakaskuntzarako materialak egiten dituen argitaletxea da, eta Cambridgen (Massachusetts) du egoitza. Eskolako agintariek etxean hezitako haurrekiko jarrera desberdina izaten dute. Izan ere, zenbait eskolatan haurrak txangoetara joan edo zenbait ikasgaietan matrikulatu ahal izaten dira, baina beste batzuetan ez. Etxean ikasten duten haur gehienak familia protestante kontserbadoreetakoak dira, baina mugimendua abartzen ari da. Katolikoek, musulmanek eta judutarrek, eta familia laiko askok erakunde berriak sortu dituzte etxean heztea defendatzeko asmoz. Salem-eko (Oregon) Hezkuntzari buruzko Ikerketaren Institutu Nazionalak hainbat inkesta egin ditu; eta horietan adierazten denez, hezkuntza-mota hori hautatzeko arrazoi nagusia erlijioa baldin bada ere, badira beste bost arrazoi nagusi: ohiko ikastetxeen kalitate akademikoa zalantzan jartzea; hezkuntzarik onena banan-banakoa dela iriztea; senideen arteko lotura sendotu nahi izatea; ikasketa-kideen eragin kaltegarria murriztu nahi izatea; eta eskoletan gero eta handiagoa den segurtasun ezaren beldur izatea. Sarritan, arrazoi horietako batek baino gehiagok eragiten du erabakia. Etxean hezteko irakaskuntza-metodoak ugariak dira. Ameriketako Estatu Batuetan ez dago hezkuntza programa nazionalik, eta estatuen ardura da hezkuntza arauak jartzea. Gainera, arau horiek ez zaizkie zorrotz-zorrotz ezartzen etxean hezten dutenei. Eskuarki, gurasoek egiten dituzte irakaskuntza-planak. Ehunka argitaletxek dituzte etxean irakasteko egokitutako materialak. Mundu osoan zehar saltzen dira -bereziki Internet bidez- eta oso hezkuntza-filosofia eta ikuspegi desberdinak dituzte: batzuk erabat laikoak diren posta bidezko ikastaroak ditugu, eta beste zenbait, berriz, "Eskrituretako egiaren oinarri nagusiak goratzen dituzten" materialak dira.
Hezkuntza mota horren aldekoak eta aurkakoak
Herrialde osoa hartzen duen ikerketa gutxi egin bada ere, horiek adierazten dutenez, etxean hezitako haurrei egiten zaizkien frogetan nazioko batez bestekoa baino emaitza askoz hobeak lortzen dituzte. Baina zenbait ikerlariren iritziz, haurrek arrakasta izango dutela ziur daudenean soilik pasarazten die froga gurasoek. Gainera, etxean ikasten duten askok ez dituzte azterketak egiten, ez baitute etxean ikasten dutela onartu nahi; eta, beraz, ondorio baliagarriak lortzea oso zaila dela aitortzen dute ikerlariek. Etxeko hezkuntzaren arrakastaren adierazle nabarmen bat bada: Ameriketako Estatu Batuetako gero eta institutu eta unibertsitate gehiagok hartzen dute aintzat. Eskola Etxean Babesteko Elkarteak duela gutxi goi-mailako ikasketetako 500 ikastetxe baino gehiagotan egindako inkesta batek adierazten duenez, ikastetxe guztiek -bik izan ezik- ikasleak hartzeko prozeduran azterketa bereziak zituzten ohiko bigarren mailako ikasketak ez zituztenentzat. Ikastetxe askok, gainera, onartu egiten dituzte, egun, gurasoek egindako kalifikazioak. Dena den, oraindik ere, estatuko araudia zuzen ezartzeko adostasunik ez dagoenean zenbait guraso auzitara eramaten dituzte. Bada iaz oihartzun handia izan zuen kasu bat: etxean hezten zuen guraso batek hamabost eguneko kartzela zigorra jaso zuen, estatuko aztertzaileei ez zielako utzi 15 urteko semea aztertzen. Estatuko funtzionarioek adierazi zutenez, haurrak etxean heziketa egokia zuela ziurtatu nahi zuten, haur horrek bertako ikastetxeetan ikasketa-arazoak izan baitzituen. Etxeko hezkuntzak gero eta jarraitzaile gehiago baditu ere, ez du jende guztiak onartzen. 1997. urtean Gallup zundaketa-institutuak eta Phi Delta Kappa aldizkari pedagogikoak elkarrekin egindako inkesta batek dioenez, estatubatuarren %57k uste dute etxeko eskolatzea ez dela "egokia". Hamabi urte lehenago %73k pentsatzen zuten horrela. Hezkuntza Nazionaleko Erakundeak (herrialdeko irakasleen elkarte handienak) dioenez, "etxeko irakaskuntzako programek ezin die prestakuntza osoa eman ikasleari". Lehen Mailako Irakaskuntzako Zuzendarien Elkarte Nazionalak ere antzeko iritzia du, eta honakoa adierazi dute, gainera: "hezkuntza-mota hori hautatzen duten gurasoek haurren emaitza akademikoen erantzukizuna izateaz gain, horien garapen sozialaren eta emozionalaren erantzukizuna izan behar dutela" zaindu behar dute agintariek. Euren ustez, etxean hezitako haurrek ez dute jatorri desberdineko haurrekin harremanak izateko behar adinako prestakuntzarik. Etxean irakasten dutenak ez datoz bat mugimenduak etorkizunean izango duen garapenarekin. Batzuen iritziz, mugimendua zabaldu egingo da; baina beste batzuek, aldiz, uste dute ez dela gehiago zabalduko. Inkestek adierazten dutenez, estatubatuarrak pozik daude eskola publikoen hezkuntzarekin (eskola publikoetan hezten dira ikasleen %90). Baina hainbat ikerleren iritziz, etxeko eskolatzea aukera sendoa da, eta iraun egingo du Ameriketako Estatu Batuetako hezkuntzan. Farengak dioenez, "hezkuntza kontzeptuaren oinarria ez da, jada, ikasleak ikastetxeetan sartuta egotea, fraideak monasterioetan bezala".

Europa, batasunik gabeko frontea

GELA IREKIA

EUROPA, BATASUNIK GABEKO FRONTEA

Etxeko eskolaren jarraitzaileak ugaritzen ari dira Europako herrialdeetan -bereziki, Erresuma Batuan-, nahiz eta askotan euren eskubideak auzitan defendatu behar izaten dituzten.
Cynthia Guttman
UNESCOren Albistariako kazetaria
Kontinenteak badu moneta bateratua, baina ez, ordea, haurrak etxean hezteari buruzko politika komunik. Datuak urriak badira ere, hainbat herrialdetako elkarteek adierazten dutenez, gurasoen gero eta eskaera gehiago jasotzen dituzte hezkuntza-sistema ofizialaz bestelako hezkuntza izateko. Eta agintariek, kosta ahala kosta, oztopatu egin nahi dute mugimendu hori. Amanda Petrie ikerlari britainiarrak -Europan gai hori ikertu duen bakarretakoa- adierazi duenez, azken urteotan egindako lege-aldaketa guztien oinarrian honakoa dago: "haurrak, eskola joateari uzten badio, ez du ikasten". Irlandan, 1999. urtean eztabaidatutako lege proiektu batean, eskolara joateko arazoari aurre egiteko modu bat bailitzan ikusten da etxeko eskolatzea, eta ez eskubide konstituzional gisa. Izan ere, konstituzioak adierazten duenez, familia da haurraren hezitzaile nagusia. Frantzian, 1998. urtean, berez sekten aurka joateko helburua zuen lege bat onartu zen. Baina bertan etxean irakasten duten guraso guztiak hezkuntza-programa nazionala zehatz-mehatz jarraitzera derrigortzen ditu. Horretaz gain, ikuskatzaileek haur horien ikasketak kontrolatu beharko dituzte, eta, horretarako, urtero bisitatu. Les Enfants dïabord (haurrak lehendabizi) elkarteko Elyane Delmar¿s-ek adierazi duenez, "estatuak sekten aurka joateko tresna mordoa du. Testu horrek, batez ere, estatuak hezkuntza gehiago kontrolatzeko balio du". Hezkuntza-mota horren jarraitzaileen ustez, kontrol horien bidez etxeko irakaskuntzaren inguruko zenbait ideiak indar gehiago hartzen dute. Petrieren iritziz, programa nazionala jarraitzeko derrigortasun horrek honakoa ematen du aditzera: "estatua hezkuntzan aditua da, eta horren eredua ezartzen bada, beraz, dena zoragarri ibiliko da". Aditu horren iritziz, gainera, ikuskatzaileen etxeko bisitek diskriminazioak sortzen dituzte; izan ere, zenbait familia "ez da gizarteko goi-mailakoa, eta ez dute liburu mordoa etxean".
Inkesta baten emaitza positiboak
Estatuak hezkuntza ikuskatzen duen herrialdeetan salbuespenak ere badira. Horrela, Espainian esaterako -eskolatzea derrigorrezkoa da 16 urte arte, egoera bereziak izan ezik-, 1999. urtean epai batek arrazoia eman zien Almerian (Andaluzia) 7 urteko haurra etxean hezten zuten gurasoei. Alemanian -herrialde horretan etxeko irakaskuntza legez kontrakoa da- hainbat familia auzitara eraman zituzten eta isunak jarri zizkieten, baina horretan jarduteko baimena eman zitzaien. Alemanian, hain zuzen, Dorothee Becker eta bere senarrak -Mikronesiatik bueltan zetozela- adierazi zuten euren haurrak ez zirela egokitzen eskola sistema publikora. "Sistemak ez zituen guk espero genituen aukerak ematen, hizkuntza eta zientzietan, bereziki", adierazi zuen Beckerrek. Herbeheeretan agintariek ukatu egiten dituzte etxean hezteko eskaeren %90, Syntax elkartearen arduradun den Syne Fonk-ek adierazi duenez. Horri erantzuteko, gero eta guraso gehiagok euren eskola pribatua sortzen dute. Europan etxeko eskolatzeak arrakasta handiena duen herrialdea Erresuma Batua da, eta hor egindako ikerketen arabera, 10.000 haurrek baino gehiagok ikasten dute etxean. Makina bat arrazoi dituzte gurasoek erabaki hori hartzeko: direla arrazoi filosofikoak edo erlijio alorrekoak, direla ikastetxeetako portaera- eta bortizkeria-arazoak. Alan Thomas-ek, Londreseko Unibertsitateko Hezkuntza Institutura gonbidatutako ikertzaileak, ikerketa zorrotza egin zuen Erresuma Batuan eta Australian etxean hezten zuten ehun familia ingururekin. Ikasturteak eskolan baino gutxiago irauten zuela ikusi zuen, eta haurrari arreta handiagoa ematen zitzaiola. Irakaskuntza informalak eragin ona zuela ere ikusi zuen, eta hezkuntza-mota horretan garrantzia handia ematen zitzaiola elkarrizketari, eta hori ez da eskolan askotan gertatzen. "Haurrek ikasteko gaitasunean konfiantza handia dute, autoestimu handia eta eskolako haurrek ez duten gizarte heldutasuna. Ez dute eskola-porrotarik izaten, eta zerbait ez dutenean ulertzen, arazoa berehala konpontzen da". Petrieren iritziz, etxeko hezkuntzak printzipio demokratikoa izan beharko luke. "Estatuak haurrei komeni zaiena zehazterakoan, gurasoengan zenbaterainoko konfiantza duen jakitea da gakoa. Horixe da arazoaren mamia" gaineratu du. +_ Educating Children at Home. Alan Thomas, Cassell, Londres, 1999. www.worldzone.net/lifestyles/homeducation: etxeko hezkuntzaren alderdi juridikoak Europan. www.multimania.com/possible eta www.rama.1901.org/vens: etxeko eskolari buruzko informazioa Frantzian. Les Enfants dïabord Frantziako elkartea: tel.: (33) 4 70 59 81 23.

Ale honetako gaia: Emakumeak botere bidean

EMAKUMEAK BOTERE BIDEAN

Emakumeak botere bideak

"Emakumeen eskubideak giza eskubideak dira". Mundu osoko emakumeek inoiz baino indar handiagoz aldarrikatzen dute duela bost urte Beijing-en egindako mundu konferentziako lelo hori. Euren komunitateetan lan asko egiten dute, baina hori ez da nahikoa, eta orain erabakiak hartzeko aukera eskatzen dute. Baina, zer oztopo dituzte gizonezkoen politikaren gotorleku horretan sartzeko?
Feminismoak ezin izan du mende batean patriarkatuak milaka urtetan utzitako arrastoa ezabatu. Horren lekuko dira egunero-egunero munduko emakume asko (17. or.). Hala ere, borroka gogorren eta lorpen ez oso sendoen poderioz (18-20. orr.), mende bukaerako emakumeek ikasi dute euren ongizatea eta interesak defendatzen. Bi sexu daude. Desberdinak (diferenteak) dira ezaugarrietan, baina berdinak eskubide eta betebeharretan. Emakumeak sistema zaharkitu horren euskarriak hausten ari dira, pixkanaka-pixkanaka. Hego Afrikako emakumeek apartheid-aren eta gizonezkoen nagusikeriaren kontra egin dute borroka. Eredugarriak ditugu. Borroka horren bidez lortu duten botereari esker, emakumeen kontrako bortizkeria zigortzeko legeak egin ahal izan dituzte, besteak beste (20-21. orr.). Bide luzea dute, oraindik, aurrean, baina Irango emakumeek ongi aprobetxatzen dituzte euren autonomia indartzeko abaguneak: hezkuntza edo botoa emateko eskubidea, esaterako. Lan-alorreko berdintasuna (23-24. orr.) eta ugalkortasunaren kontrola (24-25. orr.) ere funtsezko ardatzak dira emakumeen emantzipaziorako. Emakumeak mundu osoan mobilizatzen hasi diren arren, oso gutxik izan dute politikagintzan sartzeko aukerarik (28-29. eta 30-31. orr.), eta oztopo handiak gainditu behar izaten dituzte, gainera, alor horretan aritzeko. Gizarteek oso mantso egiten dute aurrera, baina arazoak arazo, emakumeek erronka nekeza onartu dute: erantzukizun publikoak eskuratu ahal izateko, alor pribatuko denboraren banaketa gizonezkoekin negoziatzen ahalegintzea (26-27. orr.). Europako iparraldeko estatuen bideari jarraituz, Indian (32-33. orr.) kuotak finkatu dituzte emakumeentzat, ordezkaritza demokratikoa zuzenagoa izan dadin. Hego Korean eta beste hainbat estatutan "hauteskunde-eskolak" sortu dituzte hautagai izango diren emakumeak motibatu eta prestatzeko (34-35. orr.). Badirudi politikaren alorra hasi dela eraberritzen. Hori izango da, ezbairik gabe, mende honetako iraultzarik handienetakoa.

Laikotasuna, lege gorena

Tribuna

Laikotasuna, lege gorena

Taslima Nasreen
Taslima Nasreen Bangladeshen jaio zen. Medikuntza ikasi du eta idazlea da. Lan ugari argitaratu ditu (nobelak, poesiak eta saiakerak) eta hamar bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Taslimaren bi lan debekatuta daude bere herrialdean. Auzitegi islamdarrek fatwa egin zuten bere kontra eta, 1994an, atzerrira alde egin behar izan zuen. Sari asko irabazi ditu: besteak beste, Europako Parlamentuko Sajarov saria.
Bortxaketak, trafikoa, bitrioloaz egindako erasoak, ezkonsari txikiegien ondoriozko erailketak eta beste hainbat tortura-modu jasaten dituzte emakume askok. Mende berriaren hastapenetan gauden honetan, munduko eskualde askotan emakumeak ez dira erabateko gizakitzat hartzen. Erlijioak eta patriarkatuak zorrotz zuzentzen dute haien bizitza, mende luzez tinko iraun duen zapalkuntzari eutsiz. Eta gainera, Asiako hegoaldeko estatu batzuetan zapalkuntza hori indartu egin da. Nire ustez, erlijioaren menpe dauden gizarteetan ez dago berdintasuna lortzerik. Mendebaldeko estatuetan aldarrikatu ohi denez, garapen ekonomikoa omen da desberdintasunak murrizteko bidea. Saudi Arabia ez al dago garatuta? Bertako emakumeek ez dute inolako eskubiderik. Ezinezkoa da erlijioa eta adierazpen-askatasuna bateratzea, erlijioa eta emakumeen eskubideak edo erlijioa eta demokrazia uztartzea. Horregatik diot erlijioa dela emakumeon emantzipazioaren kontrako etsairik gogorrena. Emantzipazioa lortu ahal izateko, fronte askotan egin behar dugu borroka, baina hezkuntzarako sarbideak ugaritzea izango dugu beti lehen helburua. Bangladesheko emakumeen %80a analfabetoa da. Gizonen esklabo direla ere esan izan zaie, mendez mende. Oso zaila da emakume horien pentsaera aldaraztea, zapalduta daudela eta euren burua askatu egin behar dutela ikusaraztea. Bestalde, hezkuntzaren alde lan egiteaz gain, premiazkoa da emakumeok mugimendu laikoa sortzea. Ez dakit kanpotik aldaketa handirik lortuko ote dugun, baina komunikabideak erabili behar ditugu horrenbeste emakumerentzat eguneroko kontuak diren basatikeria guztiak salatzeko. Herrialde musulmanetan mugimendu hori hasi da lehen urratsak ematen: zenbait feminista borrokan ari dira erlijio-legeak indargabetu eta kode zibila egin dadin. Baina ezin dute, bat-batean, aurrerapauso handirik eman. Diplomaziaz jokatu behar dute gizon-emakume integristekin, eta apurka-apurka egin behar dute aurrera. Hango biztanleak oraindik ez daude prestatuta erlijio-legeak baztertzeko, erabat nagusi baitira alor guztietan: gizarte-bizitzan, hezkuntzan, osasunean, lan-munduan eta etxean. Ezinbestekoa da, bestalde, agintariek berdintasun-printzipioarekin bat egitea. Nire herrian, protesta egiten duten emakumeek ez dute agintari politikoen -ez gizonen, ez emakumeen- babesik izaten. Hainbat estatutako emakumeek izan dute sarbidea politikaren munduan, eta batzuk estatuburu ere badira. Baina zer esan nahi du horrek? Estatu horietako emakume guztiek emantzipazioa lortu dutela? Iraganeko ohituren eraginez, agintean dauden emakumeek zapalkuntza-neurriak babestu egiten dituzte. Eta ez dute gauzak aldatzeko konpromiso ideologikorik hartzen. Asiako hegoaldean, adibidez, estatuburu izatea lortu duten emakume gehienak fededunak dira eta, gizonek bezala, men egin diete ezarritako ordenaren erlijio-balioei. Estatu baten biktima naiz ni, eta estatu horretako lehen ministroa emakumea da. Erlijioa eta emakumeen zapalkuntza gogorregi salatu nituelako utzi behar izan nuen nire herria. Giza eskubideez hitz egiten hasi nintzenean, nire kontra jarri ziren emakume asko. Horra zer zioten: Jainkoak ez dizkigula emakumeoi horrenbeste eskubide eman. Bestetik, ezagutu nituen erlijio-testuetako mezuei bizkarra eman, eta gizonak eta emakumeak berdinak direla uste duten gizonak. Izan ere, arazo horren inguruko jarrera ez da izaten sexuaren araberakoa, norbere kontzientziaren araberakoa baizik. Emakume musulman batzuek pozik janzten dute beloa, eta otzantasuna goraipatu egiten dute. Bistakoa da horrelako emakumeekin ez dugula zapalkuntzaren kontra borrokatzerik izango. Nire ustez, erlijioaren menpe dauden gizarteetan eta legeak sexuen arteko berdintasuna onartzen ez duen lekuetan politikak ezin du ezer egin emakumeen alde. Mendebaldeko estatuetan, emakumeek ikasketak egiten dituzte, gizonen parekotzat hartzen dituzte eta lan egiteko aukera izaten dute. Beraz, badu zentzua politikan ere ordezkaritza lortu nahi izateak. Hezkuntza, mugimendu feminista laikoa, berdintasunaren eta justiziaren aldeko konpromisoa hartuko duten agintari politikoak (gizonezkoak eta emakumezkoak)... Horiek guztiak beharrezkoak ditugu emakume gehiegi jasaten ari diren egoera ikaragarriei aurre egiteko. Eta luze joko duen arren, hasi gara helburu horren alde lan egiten.

Feminismoak ehun urte bete ditu

1. Emakumeak martxan

Feminismoak ehun urte bete ditu

XX. mendean, emakumeak borrokan aritu dira euren eskubideen alde. Mundu osoa eta fronte guztiak hartu ditu borroka horrek.
Sophie Bessis
Kazetari independentea
Askotan entzun izan da XXI. mendea emakumeen garaia izango dela, azken hamarkada hauetan nolako aldaketa handiak lortu dituzten kontuan hartuta. Oraindik ez dago jakiterik hori horrela izango ote den, baina bistakoa da XX. mendea etxetik ateratzeko borrokaren garaia izan dela emakumeentzat. Izan ere, mendez mende nagusi izan den sexuen arteko zeregin-banaketaren ondorioz, etxean egon dira zokoratuta. Alde guztietan eginahalak egin dituzte ukatutako eskubide guztiak eskuratzeko eta, gizonekin batera, gure planetaren etorkizuna eraikitzeko aukera izateko. Aurrerago ere izan dira horrelako borrokak, baina bertsio ofizialak isilpean utzi ditu beti. Gizateriaren erdia baino gehiago hartzen duen "gutxiengo" bitxi horren matxinada laburrek inon eta inoiz ere ez dute lortu gizarteak emakumeei emandako ohiko zereginak aldatzea. Etxeko erreginak izango ziren, agian, edo adeitasun handiz hartuko zituzten, baina gizonak zerbitzatzea eta senarrari seme-alabak ematea zituzten, jaiotzatik, eginkizun bakarrak.
Zapalkuntza ororen kontra
Ohiko zeregin-banaketa hura aldaezina zen, itxuraz, Jainkoak edo ordena "natural" boteretsuren batek agindutakoa. XX. mendean, ordea, kolokan geratzen hasi zen, modernizazioaren eta emakumeen emantzipazio-ahaleginen ondorioz. Borroka ugariren ondoren, batzuetan aurrera eta beste batzuetan atzera eginagatik, emakumeek euren egoera aldatzea lortu dute, pixkanaka-pixkanaka. Dena den, hamaika gauza daude oraindik aldatzeko. Hezkuntza izan zen lehen borroka-eremua. Frantzian, 1861ean lortu zuen emakume batek, lehen aldiz, batxilergoa bukatzea. Japonian 1900ean ireki zuten emakumeentzako lehen unibertsitatea. Egipton 1900ean onartu zitzaien neskei bigarren hezkuntzako ikasketak egiteko eskubidea. Tunisian ere urte horretan sortu zuten neskentzako lehen ikastetxea. Ahal izan zuten emakumeak, behinik behin, hezkuntzak erdi irekita utzitako ate hartaz baliatu ziren. Garai hartako diskurtsoek zioten moduan, etxea hobeto gobernatzen eta seme-alabak ongi hezten irakasten zieten eskoletan. Baina, hezkuntzak beste zerbaitetan hasteko aukera ere eman zien: alor publikoan, hiritarren zerbitzurako zereginetan eta politikagintzan sartzeko aukera, alegia. Ildo horretan, kontuan izan behar dugu ordura arte ez zutela izan ez hiritartasunaren eremuan, ez politikagintzan aritzerik. XX. mendeko emakumeek bi frontetan egin dute borroka. Batetik, gogor saiatu dira euren eskubideak lortzen eta, bestetik, askapen politiko eta sozialerako mugimendu handietan hartu dute parte. Bete-betean sinesten zuten aipatutako mugimenduak erabat askatzaileak izango zirela, eta euren estatuetako buruzagi berriek etxera itzultzeko esan zietenean, euren eskubideak aldarrikatzeari ekin zioten berriro. Ekar dezagun, adibidez, gogora Alexandra Kollontai boltxebike errusiarra, gobernukide izatea lortu zuen lehen emakumea (1917). Eta Rosa Parks estatubatuarra: beltza zen eta, 1955ean, Alabamako autobus batean zegoela, ez zion bere eserlekua utzi zuri bati. Gertakari horrek piztu zuen eskubide zibikoen aldeko mugimendua. Eta ezin dugu ahaztu Djamila Boupacha, Aljeriako independentzia-gerrako heroia. Esan bezala, emakumeek zapalkuntza guztien kontrako borroketan hartu dute parte, eta euren zapalkuntzaren kontra ere egin dute, jakina. Baina, ia inoiz ez zaie saririk eman iraultzetan egindako lanaren truke. Eta euren eskubide hutsen alde eginez lortu dituzte garaipenik handienak.
Boto-eskubidea
Lehen mugimendu feministak mendebaldean sortu ziren, XIX. mendearen bukaeran, eta lanaren alorra eta eskubide zibikoak izan zituzten helburu. Industrietan emakumeak behar ziren, baina gizonei baino gutxiago ordaintzen zieten. "Lan berdina, soldata berdina" izan zen Estatu Batuetako eta Europako emakume langileen aldarrikapena. Emakumeen sindikatuak sortu, eta gero eta greba gehiago egiten hasi ziren. Ehun urteko borrokaren ondoren, aurrerapauso nabarmenak eman dira, baina emakume gehienek oraindik ez dituzte gizonen soldata berberak jasotzen. Bizitza zibikoan parte hartzeko aukera lortzea izan zen feminismoaren aitzindarien bigarren aldarrikapena: boto-eskubidea zen, jakina, helburu horretarako lehen urratsa. Gogor egin behar izan zuten borroka boto-eskubidea lortzeko. Batzuetan, bortizkeriaz erantzun zieten. Ekar ditzagun, adibidez, gogora boto-eskubidea aldarrikatzera ateratako Britainia Handiko sufragistak edo 1912an Txinako parlamentuan sartu ziren emakumeak. Horrelako ekintza ausarten ondorioz, politikariak amore ematen hasi ziren. Eskandinaviar estatuetako emakumeek lortu zituzten lehen garaipenak. Finlandian, 1906tik aurrera, hautesle izan ziren lehenbizi eta hautagai, gero. Lehen Mundu Gerraren ondorioz kalera atera behar izan zutenez, Europako estatu gehienetako emakumeek 1918an eta 1919an lortu zuten botoa emateko eskubidea. Frantzian eta Italian, ordea, Bigarren Mundu Gerraren bukaera arte ezin izan zuten botorik eman. Mendebaldetik kanpoko emakumeak ere antolatu eta euren eskubideak aldarrikatzen hasi ziren. Turkian, Egipton eta Indian emakume-elkarteak sortu zituzten. Damaskon egin zen, 1930ean, ekialdeko emakumeen lehen kongresua: berdintasuna aldarrikatu zuten. Garai hartan, ondorengo aldarrikapena zen nagusi alde guztietako emakumeen artean: amatasun gaietan izan ezik, "gizon nahi dugu izan, beste gizonak bezalaxe". Eta benetako gizonek eskubide hori ezin zietela ukatu ere esaten zuten.
Errealitatea eta legea ez datoz bat
Bigarren Mundu Gerraren eta Hirugarren Munduko askapen-borroken eraginez, emakumeek bigarren mailan utzi zituzten euren aldarrikapenak. Faxismoaren eta kolonialismoaren kontra borrokatzea bihurtu zen lehen helburua, eta horretan aritu ziren buru-belarri. Emakume batzuk erabat nabarmendu ziren, baina, hala ere, gero ez zizkieten euren eskubideak aitortu. Munduak aurrera egin zuen, ordea. Hegoaldeko estatuek independentzia lortu eta gero, ikasketak egiteko eta ordaindutako lanetan hasteko aukera izan zuten bertako emakume askok. Eta bakan batzuek politikaren mundu itxi hartan sartzea ere lortu zuten. Mendebaldeko estatuetan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, emakumeak barra-barra sartu ziren lan-merkatuan. Errealitatea eta gizonezkoen esku zeuden botereen lege diskriminatzaileak gero eta urrunago zeuden. Modernitatearen oparia bailitzan, mendebaldean sortu zen, berriro, bigarren belaunaldi feminista, 1968ko mugimendu libertarioaren urratsei jarraiki. Aurrekoen borrokari heldu zioten, baina aldarrikapen gehiago egiten hasi ziren. Mende honen bukaerako feministen nahia ez da jadanik "gizon nahi dugu izan, beste gizonak bezala". "Ar zuriari" ez diote unibertsaltasunaren ordezkari bakarra izaten utzi nahi. Berdintasuna nahi dute lortu, baina emakume izateari utzi gabe. Estatu Batuetako klase ertaina izan zen Emakumeen Askapen Mugimenduaren (Womenïs Lib) sorburua. Eta horra zein izan zuten lehen borroka: emakumea bere gorputzaren jabe izatea. Antisorgailuak eta abortua debekatuta zeuden estatu askotan. Horrela, bi eskubide horiek aldarrikatzen hasi ziren, eta autonomia eta bikotekideen arteko berdintasuna ere bai. "Alor pribatua ere politika da", zioten marxismoaren eta psikoanalisiaren aldeko emakumeek. "Munduko langileok, nork garbitzen dizkizue galtzerdiak?" galdetzen zuten, oihuka, 70eko hamarkadan Pariseko manifestazioetan. Frantzian, Veil legearen bidez (1974an) onartu zuten abortatzeko eskubidea, eta eztabaida bizia piztu zen horren inguruan. Hirugarren Munduko emakumeei dagokienez, askok ez zituzten ongi hartu mugimendu feminista horiek; izan ere, askoren ustez, "mendebaldekoen" borrokak ez zuen zerikusirik eurekin eta euren martxan aritu behar zuten. Iritziak iritzi, mugimendu feministek bultzada handia eman zieten mundu osoko emakumeen borroka guztiei. Emakumeek egindako ibilbidea kontuan hartuta, eta euren borrokei indarra eman nahirik, 1975a Emakumearen Urtea izendatu zuten Nazio Batuek. Eta, urte hartan bertan, emakumeei buruzko lehen biltzarra antolatu zuten Mexikon. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean aldarrikatu zuten, azkenik, sexuen arteko berdintasuna. Gero, Emakumeen diskriminazio-mota guztien abolizioari buruzko Nazioarteko Biltzarrak (1979) berretsi egin zuen aipatutako aldarrikapena. Nazio Batuek Kopenhagen (1980), Nairobin (1985) eta Beijingen (1995) egindako biltzarrei esker, Iparraldeko eta Hegoaldeko emakumeek adostasuna lortu zuten "haurrak: nahi badut, nahi dudanean" aldarrikapenaren inguruan. Natalisten eta malthusiarren aholkuei jaramonik egin gabe, munduaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituzten esparru politikoetan sartzeko aukera izatea eskatu zuten, emakumeen iritzia ez baitute ezertarako ere kontuan hartzen. Bestalde, erlijioaren eraginez emandako atzerapausoak salatu zituzten, euren lorpen txikiak kolokan geratuko baitira, bestela.
Bide ugari borroka berean
Kuwaiteko emakumeek ez dute botoa emateko eskubiderik eta Indiakoek abortatu egiten dute, haurdun gelditu eta fetua neska dela jakinez gero. Estatu Batuetako emakumeak fundamentalisten kontra dihardute eta Frantziakoak, aldiz, politikarien misoginiaren kontra. Argi dago lehenengoek eta bigarrenek ezin dutela bide bera erabili euren borroketarako. Bideak eta lehentasunak anitzak izan arren, emakumeen borroka munduko txoko guztietara heldu da azken urteotan. Duela hogeita bost urtetik hona, partaidetza handiagoa lortu dute alor publikoetan, baina oraindik ez zaizkie ateak bete-betean ireki. Emakume-elkarteak erruz ugaritu dira Afrikatik hasi eta Asiaraino, eta esperientzia ere hartu dute. Dena den, ez dute erabateko garaipenik lortu eta etorkizuna ez da oso argia. Afganistango emakumeen egoera larria, ustez aurreratuago dauden estatuetan berdintasun osoa lortzeko ezarritako trabak... Oztopoen bidez jakiten dute nondik jo behar duten bidean aurrera egiteko. Emakumeen mendea izango omen den horretan lortuko al dute, azkenean, helmugara iristea?
Beijingeko irakaspenak
Orain dela bost urte inguru 189 estatutako 30.000 lagun bildu ziren Beijingen, Emakumeei buruzko Nazioarteko Biltzarrean. Nazio Batuen Batzar Nagusiak emakumeen arazoak izan zituen aztergai New Yorken, 2000ko ekainaren 5etik 9ra bitartean: 1995ean lortutako konpromisoen ebaluazioa egitekotan ziren. "2000ko emakumeak: genero-berdintasuna, garapena eta bakea XXI. menderako" zen bilera horien leloa. Beijingeko Ekintza-Plataformaren gai nagusiak ere jorratuko dituzte: emakumeen segurtasuna, hezkuntzarako eta kalitatezko osasun-zerbitzuetarako sarbideak, politikaren eta ekonomiaren alorretako partaidetza, giza eskubideen sustapena, etab. Quebeceko Emakumeen Federazioak honako proposamena egin zuen, bestalde, martxoaren 8an: emakumeen mundu-martxa antolatzea indarkeriaren kontra. 153 estatutako 4.000 elkarte inguru hasi dira, jadanik, horrelako manifestazioak prestatzen. Besteak beste, 2000ko urriaren 17an, Pobreziaren kontrako Nazioarteko Egunean, kontzentrazioa egitekotan ziren Nazio Batuek New Yorken duten egoitzaren aurrean. +_ www.un.org/womenwatch/daw (Emakumeei buruzko Nazio Batuen gunea) www.ffq.qc.ca (Quebeceko Emakumeen Federazioaren gunea)

Hego Afrika: garaipen ez-osoak

1. Emakumeak martxan

Hego Afrika: garaipen ez-osoak

Apartheid erregimena bukatu zenetik hona, Hego Afrikako emakumeek funtsezko erreformak onartzea lortu dute. Baina, ez dira erabat gauzatu, eragozpen politikoen eta ohitura tradizionalisten ondorioz.
Shireen Hassim
Zientzia politikoetako katedraduna da Witwaterstrand-eko unibertsitatean (Hego Afrika). "Sexu-dimentsioa eta hauteskundeak" taldeko kidea da, eta Hego Afrikako hauteskunde-institutua da, hain zuzen, talde horren koordinatzailea. Womensnet-eko aholkularitza-batzordeko kidea ere bada.
1999ko ekainean, Hego Afrikako bigarren hauteskunde demokratikoak bukatu ondoren, Thabo Mbeki presidente berriak zortzi emakume aukeratu zituen ministerio-karguetarako. Aurreko gobernuak baino bi aldiz emakume gehiago izendatu zituen, beraz. Izan ere, Afrikako datuak oso adierazgarriak dira, ezin baitugu ahaztu emakumeak bigarren mailako hiritartzat hartzen dituztela, maiz: emakume parlamentari gehien dituen (%25) munduko zazpigarren lekua da eta sexuen arteko berdintasuna da ANCren (Afrikako Kongresu Nazionalaren) gobernuaren eta Hego Afrikako konstituzioaren ardatz nagusietako bat. Hainbat arduradun politikok ere babes morala eman diete emakumeei. Aipa ditzagun, adibidez, Nelson Mandela presidente-ohia eta borroka-lagun izan zuen Oliver Tambo (1993an hil zen). ANCk 1994ko hauteskundeetan lortutako garaipena baino askoz ere lehenago hartu zuen emakumeen aldeko konpromisoa. Trantsiziotik demokraziarako bidean, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, emakumeen ordezkaritza-arazoei erreparatu zitzaien, batik bat. 1991n, Batzorde Exekutibo Nazionalerako kargu-kuota jakin batzuk finkatzeko eskatu zuten ANCko emakumeek. 1994an, ANCk, gainontzeko alderdiek ez bezala, %30eko kuota onartu zuen hauteskunde-zerrendetarako. Ondoren, berrikuntza eta garapen programa, hauteskundeetako manifestuaren muina, lantzeari ekin zioten eta emakume-taldeek presio handia egin zuten enpleguaren, osasunaren eta lurraren jabetzaren inguruan zituzten arazoak ere kontuan har zitezen. Arrazakeriarik eta sexismorik gabeko demokraziaren aldeko herri-mugimendu boteretsua sortu zen Hego Afrikan, eta bat egin zuen emakumeen aldarrikapen horiekin guztiekin. 1992an, Koalizio Nazionala sortu zuten gizarte-maila guztietako emakumeek. Bi helburu lortu nahi zituzten: berdintasunaren gaia alderdi guztien programetan sartzea eta gainontzeko emakumeak botoa ematera bultzatzea.
Batasunaren indarra
Gobernuko emakumeak 1996ko konstituzioan euren aldarrikapenak sartzen ahalegindu ziren. Lan nekeza izan zen, askotan. Berdintasunari buruzko klausula sartzeko eskatu zutenean, agintari tradizionalista batzuek aurre egin zieten, aldarrikapen hori bertako ohituren kontrakoa zela uste baitzuten. Agintari horietako batzuk ANCkoak ziren, gainera. Mavivi Manzini, Baleka Mbete, Thenjiwe Mtintso-k eta beste hainbat emakume diputatuk egindako presioei esker, kontrako jarrera guztiak gainditzea lortu zuten, azkenik. Eskubide sozio-ekonomikoen eta ugalketa-eskubideen inguruko xedapenak sartu zituzten, besteak beste, konstituzioan. 1994an parlamentari izendatutako emakume gehienak gogor aritu ziren euren eskubideen alde. Tentsio ugari sortu ziren, emakumeen eta alderdien jarrerak ez zetozelako beti bat. Baina, arazo guztiak gainditu zituzten zenbait erakunderen laguntzari esker: emakumeen bizi-kalitatea eta egoera hobetzeko batzorde mistoa izan zen euren eskubideen alde egiteko biderik onena. Batzorde parlamentario horretan joera politiko guztietako kideak daude eta harreman iraunkorrak dituzte emakume-elkarteekin. Batzorde mistoaren lana funtsezkoa izan zen: presazko jardunbideak aukeratu zituzten lege-proiektuak bideratzeko. Bestela, emakumeei buruzko testu batzuk ez ziren inoiz onartuko: abortuari buruzko Legea, seme-alaben aitarengandik laguntzak jasotzeko eskubideak indartzea helburu izan zuen 1998ko Legea, haurdun dauden emakumeei eta sei urtetik beherako haurrei doako osasun-zerbitzuak emateari buruzko Legea, etxeko indarkeriari buruzko 1998ko Legea... Aipatzekoa da, abortuari buruzko legearen bidez, ugaritu eta hobetu egin zirela abortatzeko baldintzak. Aurrerapauso nabarmenak eman dituzte, benetan. Baina, gobernuan emakume dezente dauden arren, gizarte-zerbitzuetako gastuak murriztu egin dira eta armamentu-gastuek, aldiz, gora egin dute. Eta defentsako idazkariordea emakumea da. Osasun-ministroa, Manto Tshabalala, ere emakumea da. Tshabalala sexuen arteko berdintasunaren aldeko militantea da aspalditik, baina ez ditu onartu emakume-taldeek seropositiboentzako tratamenduen inguruan egindako aldarrikapenak: haurdun daudenei edo bortxatutako emakumeei AZT izeneko tratamendua doan ematea eskatzen dute. Gobernuak dioenez, aurrekontuetan ez dago behar beste diru, baina aurrez aurre ditu ANCko emakumeak, eta baita oposizioa ere.
Teoriatik praktikara
1999ko hauteskunde-kanpainan alderdi batek ere ez zuen hitz egin emakumeei ordezkaritza politiko handia ematearen kontra. Gainera, denek azpimarratu zituzten emakumeen arazoak: indarkeria, langabezia, etxebizitza eta osasun premiak... Irrati eta telebista nazionalean saio bereziak utzi zizkieten alderdi guztiei, aipatutako gaiak jorra zitzaten. Emakume militanteek diotenez, alderdiek sexuen arteko berdintasunaren alde egiteko konpromiso formala hartzen duten arren, gero ez dute horrelako gaien inguruan jarrera garbirik izaten. Alderdi bakar batek ere ez du emakumeen kontrako indarkeriari buruzko programarik, eta ezin dugu ahaztu Hego Afrika dela bortxaketa gehien dituen estatuetako bat. Azken hauteskunde-kanpainan erabat agerian geratu zen ezinbestekoa dela emakumeek antolamendu sendoagoa lortu eta alderdietan goi-mailako karguak eskuratu beharra. Emakume diputatu gehiago egonez gero, indar handiagoa izango lukete euren eskubideen aldeko testuak onarrarazteko eta, bestalde, bide horretan lortutako aurrerapausoen ardura izango luketen mekanismoak sortarazteko. Joyce Piliso-Seroke Sexuen Arteko Berdintasunaren Aldeko Batzordearen burua da eta bete-betean uste du bide luzea dagoela egiteko: "Gobernuak asko hitz egiten du sexuen arteko berdintasunari buruz, baina gero ez da benetan gauzatzen hasten. Etxeko indarkeriari buruzko edo banandutako emakumeen pentsioei buruzko legeak hitzak baino ez dira izango, ez badira egiazko errealitate bihurtzeko aukera emango duten azpiegiturak sortzen".

Beloaren azpitik emantzipaziorantz

1. Emakumeak martxan

Beloaren azpitik emantzipaziorantz

Iraultza islamdarra gorabehera, Irango emakumeek euren eskubideak aldarrikatzen jarraitu dute. Buruan zapia edo xadorra jantzita egiten dute borroka gizartea modernizatzeko.
Siavosh Ghazi
Kazetari independentea da Teheranen
"Kanpainan erabili ditudan arropak jantzita joango naiz parlamentura: berokiak eta zapia eramango ditut soinean. Ez dut xadorrik jantziko, inondik inora". Hitz "iraultzaile" samar horiek Elaheh Kulai-renak dira. Kulai unibertsitateko ikaslea da eta 2000ko otsailaren 18ko hauteskundeetan diputatu aukeratu zuten. Bere adierazpenek errotik astindu dute politikagintza. Izan ere, errepublika islamdarra ezarri zutenetik (1979tik), funtzio ofizialetarako aukeratutako emakumeek xadorra eraman behar dute soinean. Zapi luzea da xadorra: askotan gorputz osoa ere estaltzen du, eta gehienetan beltza izaten da. Marzieh Dabagh ez zuten berriro diputatu aukeratu. Mehatxu garbia egin zuen, ordea, Kulairen adierazpenak entzun ondoren: norbait majlisera (parlamentura) xadorrik gabe joaten bada, jipoitu egingo duela. Hadi Jamenei, erreformatzaileen bozeramaleetako bat, eztabaida baretzen saiatu zen: belo-mota guztiak, zapia nahiz xadorra, baliagarriak direla adierazi zuen. Hadi Jamenei iraultza islamdarraren gidariaren anaia da. Eztabaida hori barregarria irudiko zaio, agian, zenbaiti, baina argi erakusten du zein diren Irango emakumeen asmoak. Bertako kaleetan ia inoiz ez da ikusten xadorrik gabeko emakumerik. Fatemeh Jatami-k (presidentearen homonimoa da) ez du xadorrik erabiltzen baina, hala ere, diputatu aukeratu zuten Machad-en, Afganistanen ondoan dagoen probintzian. Horixe izan zen probintzietan horrelako emakume bat aukeratu zuten lehen aldia.
Ikasle onak eta hautesle saiatuak
Beloa ordena islamdarraren sinboloa da eta emakumeek derrigorrez eraman behar dute. Xadorra jantzi arren, euren eskubideen alde borrokatzen jarraitu dute, ordea. Iraultzaren hasieran, emakumeak berriro etxera bidaltzen saiatu ziren agintariak: aldez aurreko erretiroez eta lan gutxiago egiteko gomendioez baliatu ziren, batik bat, horretarako. Baina, gogor egin zieten kontra (Shah-aren agindupean ez zuten hain gogor jokatu emakumeekin, batez ere eliteetakoekin), eta agintariek berehala eman behar izan zuten amore. Gainera, garai hartan Iraken kontrako gerrak zuen lehentasuna. Gaur egun, langile aktiboen %12 emakumea da: 1979ko ehuneko berbera dugu. Dena den, ongi prestatutako emakume-belaunaldi berriak lan-merkatuan sartu ahala, ehuneko horrek gora egingo duela uste dute. Irango emakumeek probetxu handia atera dute iraultzaren ondoren neska-mutilentzat ezarritako alfabetatze-politikatik. Aurreko erregimenean horrelako politiketatik kanpo egon ziren eskualdeetan lortu ziren emaitzarik nabarmenenak. Nesken eskolatze-indizea mutilenaren antzekoa da (%80), orain. Unibertsitateko ikasleen %40 emakumea da eta, duela bi urte, estraineko aldiz, bertan sartzeko lehiaketa nazionalean neska gehiago aukeratu zituzten mutilak baino. Aurten aukeratutako ikasleen %58 emakumea da. "Ia aisialdi-jarduera guztiak debekatuta daude neskentzat eta, ondorioz, buru-belarri murgiltzen dira ikasketetan", dio Mehranguiz Kar-ek, emakumeen eskubideen aldeko militante eta abokatuak. Oso emakume gutxi daude politikagintzan; hautagai gisa berebiziko indarra dute, ordea. "1997ko maiatzean emakume askok eman zuten botoa, eta horregatik, lortu zuen garaipena Jatami presidenteak", uste du Karrek. "Emakumeek ongi pentsatzen dute botoa nori eman: nork egingo duen euren eskubideen alde, hura aukeratzen dute". Horrela, 1999ko otsailean azken hogei urteetako lehen udal-hauteskundeak egin zituzten (1979an izan ziren azkenak): 300 emakume inguru aukeratu zituzten kontzejuetarako. Fatemeh Jalaipur emakumeen arazoetarako arduraduna da Teherango kontzejuan. Emaitza horiek probintzietako hirietako "mentalitateen iraultzaren" isla direla uste du, ez baitugu ahaztu behar horrelako hiriak tradizionalagoak izaten direla. Erreformatzaileek ere emakumeen botoei esker irabazi zituzten legegintzarako hauteskundeak. Barne-ministerioko arduradunek adierazi zutenez, emakume gehiago joan ziren botoa ematera (%55) gizonak baino (%45). Dena den, "ez zituzten emakume hautagaiak aukeratu", Said Laylaz-en hitzetan. Eta hauteskunde horietan aurrekoetan baino askoz ere emakume gehiago aurkeztu ziren (%70 gehiago). Ondorioz, hamabost emakume diputatu baino ez daude parlamentuan (290 dira, guztira): aurreko legegintzaldiko kopuru bera. Baina oraingo hauek moderatuak dira eta ez kontserbatzaileak, aurrekoak bezala. Emakumeak bigarren mailan daude, oraindik, politikagintzan, baina gero eta goi-kargu gehiago ari dira eskuratzen herri-administrazioan. Presidente izendatu zutenean, Jatamik ministerioetako zuzendaritzetarako emakumeak aukeratzeko eskatu zien ministroei. Bere anaia, Mohammad Reza Jatami, Iran Islamdarraren aldeko Frontearen burua da eta horra zer adierazi zuen mugimendu horrek hauteskundeak irabazi eta gero: "emakumeak gobernuan sartzearen alde gaude". Irango emakumeek mobilizazioen poderioz lortu dituzte hain emaitza onak. Iraken kontrako gerra bukatu zenean, era guztietako jarduerak antolatzen hasi ziren erlijio-taldeetan. Baina agintariek sustatutako taldeak ziren gehienak. 1997an, Mohammad Jatamik abiarazitako askapen-prozesuan parte hartzen hasi ziren eta GKE independenteagoak sortu zituzten. Kontserbatzaileek ematen zituzten horrelako erakundeak sortzeko baimenak, eta kontrako jarrera hartu zuten. Gaur egun, ordea, emakumeek eragin nabarmena dute gizarte-egituretan. "Teherango emakumeek ehunka auzo-elkarte sortu dituzte (elkar laguntzarako, ingurugiroa babesteko...)", dio Jaipurrek. Halaber, ikasleen kontseiluetan ere gero eta neska gehiago daude. Karrek jakinarazi duenez, berrogei baino gehiago dira zuzendaritzetan emakumeak dituzten argitaletxeak: emakumeei buruzko liburuak edo emakumeek idatzitako lanak kaleratzen dituzte, nagusiki. Prentsaren ekarpena erabakigarria izan da. 1999an, emakume intelektual musulmanek Zanan hilabetekaria ("Emakumeak" parsi hizkuntzan) sortu zuten. Bi aldarrikapen nagusi egin ohi dituzte hilabetekariaren bidez: euren egoera juridikoa berraztertzea eta islama modernizatzea eskatzen dute. Emakumeei gizonezkoen eskubide berberak aitortzeko ere aldarrikatzen dute oinordetzarako (chariaren arabera, gizonen kuotaren erdia baino ez dagokie), dibortzioetarako (emaztea edonoiz zapuzteko aukera du senarrak) eta haurren zaintzaren alorrerako (dibortzioen ondoren, emakumeei kendu egiten dizkiete haurrak, zazpi urtetik gorako alabak eta bi urtetik gorako semeak izanez gero). Egoera bidegabe horietan ez da ia inolako aldaketarik izan azken urteotan, baina, orain, ezkontza kontratuetan dibortziatzeko eskubidea eskatzeko aukera dute, behinik behin, Irango emakumeek.
Interpretazio-arazoa
Zanan hilabetekaria gazte askok irakurtzen dute. 30.000 ale argitaratzen dituzte: tiradarik handiena duen estatuko argitalpenetako bat da. Baina sexuen arteko berdintasunari dagokionez, islamaren arauen interpretazioari buruzko eztabaida nagusitu da Zananen, beste hainbat lekutan bezala, eta horrek mugatu egin du emakumeen mugimenduaren eragina. "Laikotasunaren alde dauden emakumeek oraindik ez dute horrelako elkarterik sortzeko modurik", dio Karrek. Baina, hala ere, gune askotan adierazi dituzte euren iritziak, hala nola, Emakume Kazetarien Elkartean (GKE da), Zanan hilabetekarian eta Zan egunkarian (orain dela hilabete batzuk itxi dute). "Sexuen arteko berdintasunaren aldeko legeak onartuko ditugu", esan zuen Kulaik diputatu aukeratu zutenean. Jarrera ausarta da eta, ezbairik gabe, kontserbatzaileek gogor egingo diote kontra, ohituren lasaikerian eroriz gero, euren politikak porrot egingo duela uste baitute.

Suedia: soldata berdinen aldeko borroka juridikoa

1. Emakumeak martxan

Suedia: soldata berdinen aldeko borroka juridikoa

Suedian beste inon baino emakume ministro gehiago daude. Hala ere, emakumeak diskriminatuta daude, oraindik, lan-munduan.
Elisabet Ornerborg
Kazetari suediarra. Lag & Atval lan-munduari buruzko aldizkarian egiten du lan, Suedian
1979an aukera-berdintasunari buruzko Legea onartu zuten arren, Suediako emakumeek gizonek baino %15 edo %25 gutxiago irabazten dute. Orain dela bost urte, emakume ekonomialari batek auzitan sartu zuen bere enpresa, erantzukizun eta prestakuntza berberak izanik, gizonei baino gutxiago ordaintzen ziotelako. Irabazi egin zuen. Baina, balio bereko lan desberdinak alderatzea ez da hain erraza. 1995ean, Stockholm eskualdeko 400 bat erizainek salaketa bidali zioten aukera-berdintasunaren defendatzaileari, gizonek baino soldata txikiagoak ordaintzen zizkietela-eta. Lan-Auzitegiak banan-banan aztertu zituen, ordea, kasuak eta hiru prozesu abiarazi zituen. 1996an, Orebro konderriko (hegoaldean dago) bi emaginek laugarren salaketa egin zuten. Bost urte igaro dira, baina ez dute epai bat bera ere eman. Erizainek eta emaginek diotenez, teknikari laguntzaileen lan berbera egiten dute, eta haien soldata %15 handiagoa da. Teknikari laguntzaileek ospitaleetako medikuntza-materialak zaintzen dituzte eta ez zaie erizainei eta emaginei besteko prestakuntzarik eskatzen. Gaia aztertu ondoren, honako ondorio hau atera zuen ospitaleko zuzendaritzak: ez dagoela inolako alderik bi lan-maila horien soldaten artean, erizainek eta emaginek gaueko hobariak kobratzen dituztelako eta teknikari laguntzaileek baino lau ordu gutxiago ematen dituztelako lanean. Azken horiek egunez baino ez dute lan egiten. Aukera-berdintasunaren defendatzaileak adierazi zuenez, hileko oinarrizko soldata hutsak alderatu behar dira, hobariak kontuan hartu gabe. Beste inoiz ez bezala, Suediako Lan-Auzitegiak Europako Auzitegi Gorenera jo zuen (Luxenburgon). Honako epaia eman zuen Europako Auzitegiak: oinarrizko soldatak baino ez direla kontuan hartu behar. "Horrelakoetan, bi lanbideren arteko soldata-desberdintasuna izaten da arazoa. Lanbide batean emakumezkoak izaten dira nagusi eta bestean gizonezkoak. Nola egiaztatu bien lanek balio berbera dutela? Suedian ez dago inolako jurisprudentziarik horretan", dio Raija Lounavaara-k, aukera-berdintasunaren aldeko bulegoko kideak. Erizainek eta emaginek kasua irabaziz gero, nagusiek kalte-galerak ordaindu beharko dizkiete. "Epaian diskriminazioa egon dela onartzen bada, mezu argia hartuko dute patroi eta sindikatuek", uste du Lounavaarak. Hala ere, erizainen sindikatuak ez du auzi-jartzaileekin bat egin, Suedian nagusi den hitzarmen kolektiboen tradizioa kolokan utziko dutela-eta. Erizainen sindikatuak adierazi duenez, lan-merkatua zertan den ikusita, horrelako hitzarmenak dira soldatak finkatzeko abiapunturik egokienak; izan ere, Suedian behar baino erizain gutxiago baitaude. 1995etik aurrera, aipatutako sindikatuak jarrera gogorragoa hartu du negoziazioetan, eta inoiz izan diren soldata-igoerarik handienak lortu ditu alor publikoko langileentzat.

Peru: aukeratzeko eskubidea

1. Emakumeak martxan

Peru: aukeratzeko eskubidea

Bi emakume-elkartek salatu dutenez, Perun derrigorrezko kontrazepzioa ari dira erabiltzen familia-plangintzarako. Emakumeei euren eskubideak askatasunez erabiltzen uzteko eskatzen dute.
Natalia Tarnawiecki
Kazetaria da Liman, Peru.
Lehen argi-izpiak sartu dira leihotik. Ura irakiten ari da. Esekitokiko arropak sartzeko eta haurrak esnatzeko ordua da. Damiana Barrientosek egunari hasiera eman dio bere etxe xumean. Limako hegoaldeko auzo batean bizi da. Baina, gaurkoa egun berezia izango da Damianarentzat, auzitegietara joan behar baitu osasun-ministerioaren erabakia berretsi diezaioten. Osasun-ministerioak doako osasun-zerbitzuak hartzeko aukera eman dio, gogoz kontra egin zioten ebakuntza batek utzitako arrastoak gainditu eta sendatu arte. "1998ko martxoan Limako amaetxera joan nintzen erditzera. Zesarea egin zidaten eta, handik egun batzuetara, haurra hil egin zen. Ebakuntzan tronpak lotu zizkidaten, baimen-orrian nire sinadura faltsifikatu ondoren. Baina, arazoak sortu ziren eta ebentrazioa eragin zidaten". Justiziara jo zuen eta, estatuak "atentzioan kalitate-arazoak egon zirela" onartu arren, bere kasua amaitutzat hartu zuten. Azkenik, Emakumeen eskubideen aldeko Latinoamerika eta Karibeko Batzordeko abokatuek (CLADEM-Per£) eta "Movimiento Amplio de Mujeres" (MAM) Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrera bidali zuten Damianaren kasua, eta epaiaren zain daude, orain. Ildo horretan, aipatzekoa da lehen erakundeak 243 derrigorrezko antzutzeari buruzko salaketak egin dituela, jadanik. 1996an agerian geratu zen giza eskubideak urratzen ari zirela "borondatezko kontrazepzio kirurgikoak" (AQV) aplikatzeko orduan, ez zutelako bestelako aukerarik eskaintzen. Eskubide-urraketa larri horien frogak bazeudenez, MAM eta CLADEM elkarteek familia-plangintzarako programa aldatzeko eskatu zioten Peruko gobernuari. 1995ean eman zitzaion hasiera aipatutako programari, landa-eremuetako jaiotza-tasa murrizteko asmoz. Orduan, 5,6 haur jaiotzen ziren emakume bakoitzeko eta, 1996tik 2000ra bitartean, kopuru hori 2,5era jaitsi nahi zuten. "Emakumeek aukeratu behar dute familia-plangintzarako metodoa. Horixe izan da gure helburua. Gobernuak, beraz, aukera guztien berri eman behar die, AQV inposatu beharrean", dio Giulia Tamayo CLADEMEko kideak.
"Osasun-festak"
Alberto Fujimorik adierazi zuenez, osasun-zerbitzuak demokratizatzea zuen helburu familia-plangintzarako programak, "euren etorkizuna erabakitzeko" aukera emango baitzien emakumeei. CLADEMen arabera, aldiz, 1996tik aurrera derrigorrezko esterilizazioa izan da programa horren helburu bakarra: AQVa bihurtu da estatuak finkatutako kuotak lortzeko aukera bakarra. Horrela, "osasun-festak" antolatzen hasi zen gobernua, ustez, hiritarrei AQVaren berri emateko. Baina emakumeak tronpa-loturak egitera bultzatzea zen benetako xedea. "Bi haur izan nahi genituen. Horregatik, erabaki genuen tronpak lotzea. Eta oso pozik gaude!". Horrelako mezuz betetako banderatxo koloretsuak ezartzen zituzten herrietan "osasun-festetarako". Egun batetik hirura bitarteko jaiak izaten ziren eta, besteak beste, kirol-ekitaldiak eta kontzertuak antolatzen zituzten herritarrentzat. "Osasun-festetan" hamaika promes egiten zizkieten herritarrei: txertaketa-kanpainak, bularretako eta uteroko minbiziaren kontrako neurriak, hortzak zaintzeko zerbitzuak... Baina, gero, ez zituzten promes guztiak betetzen. Osasun-ministerioak adierazi zuenez, 1996ko lehen sei hilabeteetan 463 kanpaina egin ziren "urrunen dauden landa-eremuetan, eta 120.000 lagun atenditu zituzten, guztira". "Kanpaina handi horiei ekin aurretik, medikuak etxez etxe joaten ziren 4 seme-alaba baino gehiago zituzten adin emankorreko emakumeekin hitz egitera. Jendea oso urduri egoten zen", dio Tamayok. CLADEMek xehetasun gehiago ere eman ditu: medikuek tronpa-loturaren alderdi onak aipatzen zizkieten bikoteei, eta metodo bakarra zela esaten zieten. Azkenik, bikoteek dokumentu bat sinatu behar izaten zuten. Emakumeei oparia ematen zieten ebakuntza egin ondoren: 15 kilo janari. Eta emakume bat tronpak lotzeko konbentzituz gero, bonoa hartzen zuen kasuan kasuko osasun-langileak. CLADEMek salaketa ugari bildu zituen eta AQVak oso baldintza eskasetan egiten zirela frogatu zuen: ondorio larriak eragiten zituzten eta, batzuetan, heriotza ere bai. Ia ez zela AQVrik egiten adierazi zuen gobernuak, eta ebakuntza sistematikoak eta masiboak ari zirela egiten erantzun zion CLADEMek. Hizpide dugun auziak ez zuen, ordea, oihartzun ofizial handirik izan. Beraz, 1997an, CLADEMek prentsa erabili zuen salaketak ezagutzera emateko eta gobernuari presioa egiteko. "Familia-plangintzak baditu alde onak. Ez gaude sistema horren kontra, baina AQVak ondorio traumatikoak eragiten ditu eta jendeak hori jakitea nahi dugu", dio Maria Esther Mogollon MAMeko kideak. 1998an, Liman eta Peruko barnealdean egindako salaketak aztertzen hasi zen MAM. "Gure elkarteko berrogeita hamar boluntario AQV metodoa erabili zuten 19 departamendutako (25 dira guztira) ospitaleetara joan ziren. AQVa eginda zeukaten emakumeekin eta medikuekin hitz egin zuten. Bi arazo larri azpimarratu zituzten boluntarioek: medikuen arduragabekeria eta emakumeen informaziorik eza", gaineratu du Mogollonek. MAMak libreta antzeko batzuk banatzea erabaki zuen, orduan: osasun-zerbitzuak erabiltzen dituzten emakumeen eskubideen zerrenda eta telefono-zenbaki bat (gehiegikeriak salatzeko) zeuden, bertan. Larrialdietarako zenbaki horretan aholkularitza ematen zaie. Datu ofizialen arabera, 1998an 800.000 bikote hartu zituzten estatuko zerbitzuek: %3,5ak baino ez zuen aukeratu AQV eta, orain arte, 300.000 gizon-emakume antzutu dira, guztira. 10 emakume antzutu dira gizon bakoitzeko. Datu ez-ofizialen arabera, ordea, ia milioi erdi lagunek egin dute AQV. CLADEM eta MAM taldeen kanpainen ondorioz, beste metodo batzuk erabiltzen hasi zen osasun-ministerioa. MAMaren informazio-libreta banatzen eta bi aholkularitza-saio eskaintzen hasi zen, alegia: antisorgailuei buruzko informazioa emateko bata eta kasuan kasuko bikoteak aukeratutako metodoaren nondik norakoak azaltzeko bestea. Gainera, kontrazepzio kirurgikoa itzulezina dela esaten diete bikoteei, eta arrisku guztien berri ematen diete. Beste erabaki bat ere hartu zuen gobernuak: baimena sinatzen denetik ebakuntza-egunera arte 72 ordu uztea, gogoeta egiteko. Orain dela urtebete sartu ziren indarrean aipatutako neurriak, baina familia-plangintzarako programa ez da asko hobetu. 2000. urtean ez dute "osasun-festarik" antolatu eta, agintariek diotenez, AQV egiteko eskariek %30 egin dute behera. Aurrerago aipatu bezala, AQVak eragin ohi dituen ondorio traumatikoak eta kalte psikologikoak salatzea zen emakume-elkarteen helburu nagusia. Baina lorpen gehiago ere eskuratu dituzte: emakume baserritar pobreek familia-plangintza aukeratzeko eta amatasunaren ardura euren gain hartzeko aukera dute, orain.

Denbora beste era batean banatu behar da gizon eta emakumeen artean

2. Emakumeak eta politika

Denbora beste era batean banatu behar da gizon eta emakumeen artean

Emakumeak sartu dira jadanik alor publikoan. Baina alor pribatuaren antolamenduari bakarrik egin behar izaten diote aurre. Behar-beharrezkoa da, beraz, denbora beste era batean banatzea, horixe baita benetako demokrazia lortzeko bide bakarra.
Rosiska Darcy de Oliveira
Brasilen, Rio de Jaineroko CELIMeko (Emakumea Buruzagitzarako Zentroko) burua da
XXI. mendearen hastapenetan, guztiok onartzen dugu gizateria gizon-emakumeek, eta ez gizon hutsek, osatzen dutela. XX. mendeak utzitako ondare baliotsua dugun ikuspegi horri esker zapuztu dira emakumeenganako intolerantziaren erroak. Heldutasuna lortzea izango da, mende honetan, gizarteen erronka demokratikorik handienetakoa, heldutasuna baita aukera-berdintasunerako bidea. Bi sexuak ez dira berdinak ezaugarrietan. Bakoitzak bere historiatik eta kulturatik edan du. Baina berdinak dira, izan ere, betebehar eta eskubideetan. Emakumeek sarbidea izan behar dute boterean eta bizitza politikoan. Horrek erakutsiko digu demokrazia bizirik dagoela. Beijing-eko 1995eko mundu-biltzarrean demokraziari buruz egindako definizioa duzue aurrekoa. Ez ahal du mundu osoan gailentzerik lortuko! Horixe da niretzat demokraziaren erradikalizazioa. Alor publikoa, gizakion elkarbizitza hobetzeko parametroak finkatzea helburu duen ahalegin komun eta iraunkorra, emakumeei ireki dienean eman ditu gizarteak aurrerapauso kualitatiboak. Benetako demokraziarako eragozpen zen hutsune hori beteta dago, beraz.
Pentsaerak aldatu egin behar dira
Erabakiak gizonen eta emakumeen artean hartu behar dira, inolako bereizkeriarik egin gabe. Bestela, ez dago demokraziarako aukerarik. Brasilgo funtzio publikoko langileen %50 baino gehiago emakumeak dira -gizonezkoek baino kalifikazio hobeak lortu dituzte, beraz-, baina %13ak baino ez du erantzukizun-kargurik. Brasiliako arkitektura ultramodernoaren aurrez aurre, hortxe dirau bizirik XIX. mendeko pentsamolde intelektual eta afektiboan errotutako obskurantismoak. Emakumeei ez zaie boterea lortzeko aukerarik eman nahi. Baina mentalitateak ez dira emakumeen nahien kontrako oztopo bakarrak. Gizartearen egitura eta gizonen eta emakumeen eguneroko bizitzaren antolamendua ere atzerabideak ditugu. Garapenaren aldeko Banku Interamerikarrak ideia bikaina izan zuen: emakumeak botere politiko eta sozialerako prestatzeko eskatu zion Kultur Ekintzarako Institutua izeneko Rio de Janeiroko GKEari. Esperientzia pilotua Rio de Janeiron nahi zuten egin eta, gero, proiektua Brasil osoan hedatzeko asmoa zuten. Era guztietako emakumeek hartu zuten parte: lanbide liberaletakoek, nekazariek, agintari indigenek, beltzek, enpresaburuek, alkateek, parlamentariek... Hainbat adin, prestakuntza edo etniatakoak izanagatik, denak bat zetozen honetan: emakumeak ahulduta zeudenean negoziatutako kontratu soziala derrigorrez aldatu behar dela, larrutik ari baitira ordaintzen.
Bidegabekeria galanta
Brasilgo biztanle aktiboen %46 emakumeak dira, eta diplomatuen %51 ere emakumeak dira. Baina alor pribatuko erantzukizunei bakarrik, ia inolako laguntzarik gabe, egin behar izaten diete aurre. CELIMek (Emakumeen Buruzagitzarako Zentroak) zuzendaritza-karguak dituzten 300 emakume prestatu ditu, eta arazo berberak dituzte denek: ez dute lan-egoera egonkorrik eta kargua utzi eta dimititzeko gogoa izaten dute maiz, gero eta oztopo gehiago gainditu behar dituztelako. Horrek guztiak argi erakusten du behar-beharrezkoa dela denbora beste era batean antolatzea, erantzukizunak hobeto banatzea eta bizitza publikoaren eta pribatuaren artean egun dauden mugak aztertzea. Denbora asko behar izaten da alor pribatuko zereginak egiteko, eta zeregin horiek balio sozial eta ekonomiko handia dute, gainera. Alor pribatuko betebeharren ondorioz, emakumeek uko egin behar izaten diete, maiz, helburu askori. Zuzendaritza-karguak dituzten emakumeek etengabe frogatu behar izaten dute gizonak bezain ongi moldatzen direla lanean. Gainera, seme-alabak eta gurasoak zaindu eta etxeko lanak egin behar izaten dituzte. Inori ez diote, ordea, horrelakorik aipatzen. Bestela, euren "akatsak" agerian geratuko lirateke, eta kontuan hartu behar da gizonezkoek ez dutela horrelako "akatsik", emazteak izaten baitu alor pribatuko erantzukizunen ardura. Emakumeek ez dute deus ere esaten bizitza pribatuaz, legez kontrakoa-edo balitz bezala. Baina, horrela, inoiz ez da onartuko egia biribil hau: alor pribatua dela lan-mundua egituratzeko abiapuntua, eta emakumeak direla alor horren arduradun bakarrak. Esanak esan, emakumeak hasi dira aldatzen. Lan-munduak bere horretan dirau, ordea. Emakumeak akituta daude eta badakite bidegabekeria galanta dela hori guztia. "Zertan huts egin dut?", galdetzen diote euren buruari. Gizateria gizon-emakumeez osatuta dago: ezaugarri desberdinak eta eskubide berberak dituzte. Eta baieztapen horrek hainbat ondorio ditu berekin. Emakumeak alor publikoan sartu dira, eta erditu egiten dute, seme-alabei bularra ematen diete eta sentsibilitate eta lengoaia bereziak dituzte, gizonezkoenarekin bat ez datorren esperientzia jakin horren ondorioz. Gizarteak onartu egin behar du hori guztia eta bere izatea berraztertu.
Oreka berriaren alde
Ez da erraza alor publikoa eta bizitza pribatua uztartzea. Baina ez da ezinezkoa ere. Badakigu nolako arazoak sortuko diren, bi mundu horien arteko elkarreragina izugarri handia baita, eta elkarren oinarri baitira, gainera. Gaur egun, hautsi egin da bien arteko oreka. Emakumeak alor publikoan sartu dira, baina bizitza pribatuaren antolamenduak (ordutegiak eta erantzukizunak) bere horretan dirau, ezer ere aldatu ez balitz bezala. Berdintasuna lortu omen da. Baina emakumeak lehen bezala daude, eta berrikuntza bakarra lortu dute: orain arte gizonezkoenak izan diren bizipen jakin batzuk izatea. Gaizki-ulertuek bizirik diraute, emakumeen munduari antzina-antzinatik eman zaion balio eskasaren ondorioz. Eta emakume askok ere ez diote inolako baliorik eman euren munduari. Gizarteak ez dienez alor pribatuko zereginei garrantzirik ematen, alor publikoan ari diren emakumeei ere ez zaizkie aintzat hartzen. Emakumeek samaldaka egin dute etxeko mundutik alor publikorako ibilbidea. Baina gizarteak ez du gogoeta sakonik egin, ez da hasi pentsatzen aurrerantzean nork eta nola egingo dituen alor pribatuko lanak. Izan ere, emakumeen ardura dira oraindik (eta larrutik ordaintzen dute!), halako kontratu sozial zaharkitu baten ondorioz. Emakumeek arrapaladan ibili behar izaten dute beti. Gizarteak aurkitu behar du, beraz, konponbidea, eta ez emakumeek, askok pentsatzen duten moduan. Irtenbidea ez da, inondik inora, emakumeak bi alorretan jo eta ke aritzea. Denboraren banaketa zertan den aztertu behar dugu, emakumeek zein botere-gune eskuratu dituzten ahaztu gabe. Denbora beste era batean antolatzea benetako erronka da gizartean nagusi diren estereotipoentzat. Baina erabakiak hartu ohi dituztenak jabetzen dira horretaz guztiaz? Ezetz uste dut. Eta arazo larria dugu hori, beste hutsune bat sortarazi baitu gure demokraziak eraikitzeko bidean. CELIMen jardunak argi erakutsi du emakumeek egin behar dutela borroka, politikagintzan eta ekonomiaren alorrean aipatutako arazoak kontuan hartzen has daitezen. Demokrazia erradikalagoaren oinarriak ezarriko dira, horrela. Denbora beste era batean banatzeko eskatzen du feminismoak, baina eztabaida horrek ez ditu emakumeen interes hutsak kontuan hartuko. Izan ere, denboraren arabera finkatzen ditugu gure bizitzaren mugak eta denboraren arabera hartzen ditugu erabaki handi eta txikiak, nork bere bizitzari emandako zentzuaren izenean hartu ere. Berdintasunaren ekuazioa inoiz baino konplexuagoa da, gaur egun. Ez da aski alor publikoan diskriminazioaren arrasto oro ezabatzea. Bi sexuek onartu behar dituzte, nahitaez, alor pribatuko erantzukizunak. Bestela, ez dugu inolako berdintasunik lortuko.

Politika ez da gomendagarria emakumeentzat

2. Emakumeak eta politika

Politika ez da oso gomendagarria emakumeentzat

Estatu guztietan, edonolako sistema politikoa dutela ere, emakumeek oztopo ugari gainditu behar izaten dituzte politikagintzan aurrera egiteko. "Gabeziak izaten dira oztopo nagusiak", UIPen esanetan: denbora-falta, prestakuntzarik eza, informazio-gabezia, diru-eskasia, laguntza eta motibazio premiak, norbere buruarenganako konfiantzarik eza, emakume-taldeen urritasuna, emakumeen arteko elkartasunik eza, etab. Aurreiritziek erro sakonak dituzte. Uste hau da nagusi kultura guztietan: sukaldea dela emakumeentzako lekurik egokiena. Bilera politikoetara seme-alabak hartuta joatea ere jokabide egokia da, eta ez dago gaizki ikusita herriak aukeratutako ordezkarien biltzarretako buru izatea. Komunikabideek erabat goraipatzen dituzte irudi tradizional horiek guztiak. Eta irudiok izaten dira, hain zuzen, politikagintzan ari diren emakumeen kontrako erasoen (ahozkoen eta fisikoen) sorburuak. Herrialde pobreetan, gatazka ugari eta baldintza ekonomiko eta sozial latzak dituztenez, eguneroko bizitzako arazoak eta familia dira emakumeen eremu bakarrak. UIPek hiru hutsune nagusi azpimarratu ditu: ez dago behar adina haurtzaindegi (leku askotan, gutxiengo pribilegiatuen esku), alderdi politikoek ez dituzte horrelako arazoak kontuan hartzen euren ordutegiak eta bilerak antolatzeko eta, azkenik, familiek ez dute laguntza handirik ematen. Ildo horretan, nahitaezkoa da familiek laguntza morala eta materiala ematea, kontuan hartu behar baitugu emakumearen irudia ez dela ona izan gizartean eta, ondorioz, askok ez dutela konfiantzarik izaten euren buruarengan. Dirua lortzea ere arazoa izaten da emakumeentzat, dirutza handiak behar izaten baitira hauteskunde-kanpainetarako. Bestalde, zirkulu politiko itxietan nagusi den matxismoa, batzuetan hain agerikoa ez den arren, arazo-iturri dugu, "bigarren sexuari" itxi egiten baitizkiote ateak. Azkenik, emakumeek maiz salatzen dute euren artean ez dagoela elkartasun handirik, nahiz eta oso gutxi izan karguak dituztenak. ú www.ipu.org
Emakumeak Gobernuan
Estatuburuak 7 %3,7 (Bermudak, Finlandia, Irlanda, Letonia, Panama, San Marino eta Sri Lanka) Gobernuburuak 3 %1,6 (Bangladesh, Zeelanda Berria eta Sri Lanka) Gobernuan emakumeak dituzten estatuak 145 %76,3 Defentsa eta gerra-beteranoentzako ministroa 4 %2,1 Nekazaritza-ministroa 7 %3,7 Finantza/aurrekontuetarako ministroa 9 %4,7 Zientzia, teknologia eta ikerketarako ministroa 9 %4,7 Ekonomia/Garapenerako ministroa 14 %7,4 Kanpo-harremanetarako ministroa 15 %7,9 Justizia-ministroa 23 %12,1 Hezkuntza-ministroa 23 %12,1 Lan/Enplegu/Lanbide-heziketako ministroa 25 %13,2 Familia/Haur/Gazteen gaietarako ministroa 26 %13,7 Ingurugiro-ministroa 28 %14,7 Osasun-ministroa 30 %15,8 Kultur ministroa 32 %16,8 Gizarte-gaietarako ministroa 44 %23,2 Emakumeen gaietarako/Sexu-berdintasunerako ministroa 47 %24,7
Iturria: Parlamentuarteko Batasuna, 1999

Demokrazia akastuna

2. Emakumeak eta politika

Demokrazia akastuna

Ia estatu guztietako emakumeek dute botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea. Salbuespen gutxi daude: adibidez, Kuwait. Legeak eskubide horiek aitortu arren, errealitatea bestelakoa da, ordea, oso emakume gutxi baitaude parlamentuetan eta gobernuetan. Parlamentuarteko Batasuna (UIP) deritzan erakundeak Genevan du egoitza. 139 parlamentutako kideak ditu: %86 gizonezkoak dira. Inon ez da, bestalde, erabateko parekotasunik lortu, ezta Europako iparraldean ere. Lehengo estatu komunistek zituzten emakume-kopururik handienetakoak, baina, orain, kopuru horiek nabarmen egin dute behera. UIPen datuen arabera, emakume gobernuburu eta ministroen kopuruak ez du "ia inolako gorakadarik izan". Munduko gobernuetako kideen %12 baino ez da emakumea. Eta oso gutxitan ematen zaizkie sail estrategikoak: finantzak, barne-saila, defentsa... Baliabide gutxiago eta eragin politiko txikiagoa duten ministerioetan sartzen dituzte gehienetan: gizarte-ongizatean, familian, osasunean, ingurugiroan eta antzeko alorretan.

Nola eragin aldaketak?

2. Emakumeak eta politika

Nola eragin aldaketak?

Emakumeak "gutxiengoa" dira. Gutxiengo horrek gizateriaren %52a baino gehiago hartzen du, ordea. Zer egin behar dugu munduko erabaki-guneetan berez dagokien lekua har dezaten? Eztabaida biziak sortu dira gai horren inguruan, eta luzaroan iraungo dute, itxuraz. Ekar dezagun gogora, adibidez, parekotasunari buruzko legeak Frantzian duela gutxi piztu duen eztabaida. Puri-purian dagoen gai horretan ohikoa denez, bi jarrera daude aurrez aurre: batetik, eraginkortasun praktikoaren aldekoak eta, bestetik, unibertsaltasun teorikoaren aldekoak. Aipa ditzagun UIPen hitzak: "feminista batzuen ustez, ez da komenigarria erabaki-guneetan parekotasuna aldarrikatzea, bereizketa gehiago egingo bailirateke sexuen artean. Eta hierarkizazioa eta diskriminazioa izango lirateke ondorio bakarrak. Beste feminista batzuen ustez, horixe da eragozpen jakin batzuk eta estrategia ez-eraginkorrak gainditzeko bidea: alderdietan aurrera egiteko aukerak (oro har, ez dira izaten oso argiak emakumeentzat), ordezkaritza-kuota txikiegiak eta ohiturak aldatzeko itxaropenak, hain zuzen". Denak ez datoz bat, beraz, parekotasunaren inguruan. Baina UIPek azpimarratu duenez, diskriminazio positiboa ia aho batez onartutako premia dugu, eta kuota jakin batzuk finkatzea da lehen urratsa. Dena den, oso estatu gutxik aldatu dituzte legeak, diskriminazio positiboa dela-eta. Mugimendu feministak indar handia du Europako iparraldean. Bertako alderdiak 70eko hamarkadan hasi ziren kuotak finkatzen, eta gero eta kuota handiagoak onartu dituzte, parekotasuna lortu arte. Europako gainontzeko estatuak ere hasi dira bide hori jorratzen, batez ere ezkerreko alderdiak agintean dituztenak. Baina beste leku batzuetan, hala nola Portugalen, ez dituzte parekotasunaren aldeko lege-proposamenak onartu (1999ko otsaila). Garapen-bidean dauden estatuetan egoera oso bestelakoa da, baina, dirudienez, hasi dira aurrerapausoak ematen. Angolan, Burkina Fason, Cabo Verden, Txilen, Filipinetan, Guatemalan, Indian, Namibian, Sri Lankan eta Hego Afrikan, besteak beste, kuoten aldeko xedapenak onartu dituzte jadanik edo onartzeko prest daude, bestela.

Emakume marokoar baten borroka

2. Emakumeak eta politika

Emakume marokoar baten borroka

Badia Skalli diputatua militante sozialista da. Bere alderdiarekiko leialtasunari luzaroan eman zion lehentasuna, eta horren menpe jarri zituen ideia feministak ere. Orain, borroka gogor batean murgilduta dago.
Hinde Taarji
Kazetari independentea da Casablancan
Badia Skalli 1944an jaio zen El Jadida izeneko herrian (Casablancatik 100 bat km-ra, hegoalderantz). Garai bikaina izan zen hura, orduan denak baitzuen zentzua. Borroka bat bestearen atzetik. Lehenbizi, independentziaren alde aritu ziren. Gero, estatu librea sortzeko grina biziari eman zitzaion bidea. Errealitatearen poderioz, ametsak ezerezean gelditu ziren, baina hasierako sugarra ez zen itzali. Badia Skallik hamar urte zituela hartu zuen parte lehen ekitaldi militantean. Manifestazio nazionalista bat etxe ondotik ari zen igarotzen eta, halako batean, manifestariekin bat egin zuen. Etxera itzuli zenean, jipoi ederra eman zioten, baina sua piztuta zegoen bere barnean. 1962an, Casablancako zuzenbide-fakultatean hasi zen ikasten. Marokoko Ikasleen Batasun Nazionala (UNEM) puri-purian zegoen. Ikasle-sindikatu hori zen, gainera, Herri-Indarren Batasun Nazionaleko (UNFP, ezkerreko oposizioa) talde nagusia. "Guretzat ezinezkoa zen konpromisorik ez hartzea. Geure burua gogor ikusten genuen. Ikasleok elitea ginen", dio Skallik. Unibertsitatean oso neska gutxi zeuden, eta are gutxiago militanteen artean. Mutil militanteek oso ongi hartzen zituzten, euren burua modernistatzat izateaz gain, emakumeen emantzipazioa sutsuki defendatzen baitzuten. UNEMen batzorde exekutiborako aukeratu zuten Skalli, eta orduan hartu zituen, lehen aldiz, erantzukizun politikoak. 1961ean, Hassan II.a errege egin zuten eta, handik gutxira, argi utzi zuen horiek guztiak iraganeko kontuak zirela. 1965ean, lizeoetako ikasleak altxatu egin ziren, eta altxamendua herri-matxinada bihurtu zen. Salbuespen-egoera ezarri zuten, orduan. UNEM indargabetzeko, batzorde exekutiboko kide guztiak, Skalli izan ezik, soldadutzara bidali zituzten. Oso gaizki hartu zuen emakumezkoa izateagatik libre geratu izana. "Kamioi militar batean lagunekin batera nindoala egiten nuen amets!" Militantzia-urte haietan politikaren birusak jota geratu zen Skalli. Baina salbuespen-egoeraren ondorioz, UNFPak (talde horretan sartu zen) klandestinitatean lan egiten hasi behar izan zuen. Urte ilunak heldu ziren Marokorentzat, eta UNFPeko militanteak preso politikoen familietakoei laguntza eta babesa ematen hasi ziren. Skalli ezkondu egin zen, baina handik hiru urtera, auto-istripuan hil zitzaion senarra. 1974an amore eman zion, azkenik, politikarako zaletasunari. Hurrengo urtean, aldaketak izan ziren UNFP alderdian eta Skallik "aukera demokratikoaren" aldekoekin egin zuen bat: Herri Indarren Batasun Sozialista (USFP) sortu zuten. Iraultza egiteko tentaldiak betiko uxatu eta legezko erakundeetan parte hartzen hasi zen. 1976ko udal-hauteskundeetan (lehenengoak salbuespen-egoera ezarri zutenetik) USFP alderdiak oso hautagai gutxi aurkeztu zituen, eta Skalli izan zen horietako bat. Skallik auzo herritar batean egin zuen kanpaina. Berberea zen auzoko gehienen hizkuntza, eta emakume batzuk erabat baztertuta bizi ziren analfabetoak izateagatik eta arabiera ez ulertzeagatik. Hantxe ikusi zuen nola bizi ziren, benetan, marokoarrak. Baina beste zerbaitez ere ohartu zen: hiritarrek ez zutela inolako aurreiritzirik politikagintzan ari ziren emakumeenganako. Diskurtsoari erreparatzen zioten, nagusiki, eta ez sexuari. Alderdian alarguna zela ez esateko eskatzen zioten, ordea, inork ez zezan jakin senarrik ez zuela.
Desoreka handia gizon eta emakumeen indarren artean
Skalli ez zuten aukeratu, eta beheak jota geratu zen: alderdiak kargu bat galdu zuen, bere erruz. Garai hartan ez zion aparteko garrantzirik ematen emakumeen partaidetza politikoaren auziari. Eta USFP alderdiko Emakumeen Elkarteko burua zen, jadanik. 1975ean, Emakumearen Nazioarteko Urtean, sortu zuten aipatutako elkartea. Baina kideen kontzientziak pizten hasita zeuden arren, oso aldarrikapen gutxi egiten zituzten. "Independentziaren aldeko borrokan ibilitako `historikoekï eta gerora preso egondakoek itzal handia zuten gure artean. Haien lana kontuan hartuta, gu txikiak ginela uste genuen, eta ondorioz, nabarmentzen saiatzen ginen", azaldu du Skallik. USFP alderdian Skalli funtsezkoa zen, baina, hala ere, denbora luzea behar izan zuen bere buruarengan konfiantza hartu eta "legitimitatea" zuela sinesteko. Legegintzarako hauteskundeetan ere porrot egin zuen, baina 1983ko udal-hauteskundeetan garaipena lortu zuen, azkenik. Bi emakume sozialista aukeratu zituzten komuna berean, eta alderdiko zuzendaritzak kontzejuko lehendakari izendatu zuen. Protesta biziak eragin zituen aukeraketa horrek. "Alderdikide" batzuk, sozialistak izan arren, Skalliren kontra jarri ziren hadizean oinarrituta. "Arazoak emakumeen esku uzten dituen herria hondamendira abiatuko da zuzen-zuzenean". Mahomak ez al zuen, bada, hori esan? Alderdiko zuzendaritzak atzera egin eta mutil bati eman zion kargua: gazteagoa zen eta ez zegoen hain ongi prestatuta. Skalli lehendakariorde izendatu zuten. Asko ikasi zuen politikagintzan gizonezkoek nola jokatzen zuten ikusita: "Egituretatik at aritzen ziren. Bat eginik zeuden, guztiz, euren artean eta baztertu egiten gintuzten". Argi asko ikusi zuen emakumeei buruzko gaiek ez zutela ia inolako oihartzunik gizonengan. Politikagintzan hain emakume gutxi zeudenez, desoreka handia zegoen batzuen eta besteen indarren artean. Boterea lortzeko lehian bete-betean murgildu zenean, ingurukoen matxismoa azaleratzen hasi zen. Alderdiko zuzendaritzak legegintzarako hauteskundeetan Skalli aurkeztea erabaki zuenean, alderdikideek protesta gogorrak egin zituzten eta era guztietako eraso sexistak jasan behar izan zituen: "erre egiten du", "alarguna da", etab. Baina herritarrek ez zioten hautagaien sexuari begiratzen. Askok, gainera, konfiantza gehiago zuten emakumeengan. Politikagintzan gora egiten jarraitu zuen Skallik. Beti izan zen leiala alderdiarekiko, nahiz eta emakumeen eskubideen alde borrokatu. "Alderdiak lehentasun osoa zuen niretzat". 1993ko legegintzarako hauteskundeak arte, Skalli izan zen USFPren zerrendetako emakume bakarra. Baina, urte hartan, jarrera gogorra hartu zuen eta alderdiari mehatxu egin zion: zerrendan ez bazituzten emakume gehiago sartzen, bera ere ez zen aurkeztuko. Alderdiak amore eman zuen. Hauteskundeen ondoren, bi emakume izan zituen, lehen aldiz, parlamentuak: Badia Skalli eta Latifa Bennani Smires (Istiqlal alderdi nazionalistakoa). Bi emakume eta 300 gizon ziren, guztira. 1997ko hauteskundeetan ere bi emakume baino ez zituzten aukeratu, baina egoera bestelakoa zen, jadanik. Ia berrogei urte boteretik kanpo egon ondoren, ezkerreko oposizioa gobernuan sartu zen. Abderrahman Yusufi, USFP alderdiko idazkari nagusia, lehen ministro izendatu zuten. Kargua hartu zuenean emakumeen egoera juridikoa aldatzeko asmoa zuela jakinarazi zuen. Familien eta haurren babeserako estatu-idazkaria, emakumea bera, gaia aztertzen hasi zen, emakumeen GKEen laguntzaz.
Emakume gutxi politikagintzan
Handik urtebetera, emakumeen garapenaren aldeko proiektua aurkeztu zioten lehen ministroari. Mudawana -hau da, sharian (lege islamdarrean) oinarritutako familiari buruzko kodea- aldatzea zen aipatutako proiektuaren helburu nagusia, kode hori baita emakumeen egoeraren funtsa. Hainbat neurri nahi zituzten hartu: poligamia bertan behera uztea, ezkontzeko gutxieneko adina igotzea neskentzat (18 urte, eta ez 15), emaztea zapuzteko eskubidea ezeztatu eta, horren ordez, epaileen zehapenetan oinarritutako dibortzioa ezartzea... "Onegia zen egia izateko, baina, gure ustez, bazegoen hori guztia egiterik. Ez genuen pentsatzen horrelako iskanbila sortuko zenik", dio Skallik. Gobernukide bat izan zen proiektu horren kontrako jarreraren aitzindaria: Abdelkebir Alaui Mïdaghri, erlijio gaietarako ministroa. Joera guztietako kontserbatzaileek, islamdarrak buru zituztela, bat egin zuten ministroarekin. Eta, bide batez, indar handia zutela erakusten ere saiatu ziren: anatemak egin zituzten eta proiektuaren sustatzaileak musulman txarrak zirela, edo ateoak bestela, esaten hasi ziren. Gobernuan barne-zatiketa ugari zeuden eta aurrera ez egitea erabaki zuten. Gaia gori-gori zegoen, eta ez zuten erre nahi. Skalliren ustez, arduragabekeria larria izan da gobernuaren jarrera, eta argi erakutsi du inolako adorerik ez duela. Gai hori erabakigarria da bai emakumeentzat, bai Marokoko gizarte osoarentzat. Ea amaiera mingarria izan du, benetan. Baina, zer egin? Hain emakume gutxi daude politikagintzan!

Panchayat-en laborategia

2. Emakumeak eta politika

Panchayaten laborategia

Milioi bat emakumek baino gehiagok karguak dituzte Indiako herrixka eta barrutietan. Baina parlamentuko emakumeen kopurua handiagotzeko legeak ez du aurrerabiderik izan azken urteotan.
Mrinal Pande
Doordeshan kate publikoko albistegiaren aurkezlea. Hindustan Times taldeko erredakzio-burua izan zen eta Indian Womenïs Press Corps sortu zuen. Narrazio eta antzerki-lan ugari idatzi ditu.
Rajastango landen bihotzean, hamar bat emakume bildu dira. Inguruko herrixketakoak dira denak. Arroparik onenak dituzte soinean eta han daude, sofa urdin dotoreetan eserita, demokraziari eta botereari buruz hitz egiten. 2000ko martxoa da. Panchayateko kideak dira denak, hau da, herrixketako kontzejuetako kideak, eta oso solaskide garrantzitsua dute: Bill Clinton. Esne-kooperatiba bateko zuzendaritzakoak dira hamar emakumeak, eta mikrokredituak eta maileguak ematen dizkiete lurrik eta dirurik ez duten emakumeei. Ez dute aurpegirik estaltzen. Bileraren ondoren, bankura joango dira dirua sartzera edo ateratzera eta, gero, barrutiko kontzejuaren egoitzara, bertan egiten baitituzte hileko bilerak. Hindia da guztien ama-hizkuntza, baina ingeleseko hitzak erabiltzen dituzte aipamen teknikoak edo finantzarioak egiteko. Gai ugari jorratu dituzte bileran: seme-alabek ez dutela lanik aurkitzen ikasketak bukatutakoan, nerabeentzako eskolak ireki beharko liratekeela auzoetan, edateko ur gehiago, errepide hobeak, haziak eta nekazaritzarako lanabesak eskuratzeko ahaleginen nondik norakoak... Emakume horiek guztiak orain dela gutxi sartu dira politikagintzan.
Kuotei buruzko eztabaida
Indiako konstituzioaren 73. eta 74. zuzenketei esker izan zuten milioi bat emakumek politikan sartzeko aukera. 1993an onartu zituzten aipatutako bi zuzenketak: panchayati raj deritzan udal-gobernurako sisteman emakumeei eman behar zaie aulkien herena. Hiru maila ditu sistema horrek: herrixkak, tarteko maila eta barrutiak. Hautagai guztiak herrixketako biztanleak izaten dira eta panchayateko kideek lau eremuren inguruko erabakiak hartzen dituzte: nekazaritzaren, osasunaren, enpleguaren eta lehen hezkuntzaren ingurukoak, hain zuzen. Denbora gutxi daramate horretan, baina emakumeek argi utzi dute herrixketako arazoak bideratzeko eta tradizio feudalei aurre egiteko gai direla. Horregatik saiatuko da, agian, parlamentua kuotei buruzko legearen bozketa guztietan eragozpenak jartzen. Indiako parlamentuko eta estatuetako biltzarretako aulkien herena emakumeei uztea helburu duen lege-proiektua 1996an aurkeztu zuten estreinakoz. 1998an eztabaidari heldu zioten berriro, baina ezin izan zen lege-proposamena onartu, A.B. Vajpayee-ren gobernua erori egin baitzen. 1999ko abenduan atzera aurkeztu zuten, baina eztabaida biziak, eta batzuetan bortitzak, piztu ziren Lok Sabhan (diputatuen ganbaran). Lok Sabhan 543 diputatu daude: 43 baino ez dira emakumeak, eta gehienak eliteetakoak dira, gainera. Zentro-ezkerreko bi alderdi (Rashtriya Janata Dal eta Samajwadi) eta Bharatiya Janata (BJP alderdi nazionalista hindua) buru duen gobernu-koalizioko kide batzuk daude, besteak beste, aipatutako legeren kontra. Horiek diotenez, azpikuotak finkatu behar dira "egoera kaskarrean" dauden beste taldeentzat eta emakume musulmanentzat. Bestela elite hutsei egingo omen zaie mesede. Ez dirudi eztabaidak inoiz amaituko direnik, baina erakunde asko hasi dira jadanik emakumeek panchayatetan lortutako emaitza onak goraipatzen. Emakume horiek eginahalak egiten dituzte marjinatuenek - dalits edo ukiezinek eta tribuetakoek- politikagintzan sartzeko aukera izan dezaten. Bestalde, emakume guztiek boterea zertan datzan jakitea nahi dute, eta udaletan zein eskubide dituzten ezagutzea ere bai. Asiako Partaidetzarako Ikerketa-Elkarteak, adibidez, prestakuntza ematen die udal-hauteskundeetan aurkezten diren emakumeei eta bilerak antolatzen ditu hainbat estatutako panchayaten artean. Horrelako elkarteek botoa ematera bultzatu ohi dituzte emakumeak eta, beharrezkoa denean, iruzurrak ere salatzen dituzte, hala nola, hautesleak erosteko ahaleginak. Ekintza Anitza Ikerketa-Taldea Delhiko GKE da eta honako ondorio hauek atera ditu orain dela gutxi burutu duten ikerlanetik abiatuta: konstituzioan egin diren zuzenketak baliagarriak izan dira politikagintzan emakumeen partaidetza handiagotzeko, baina harantzago heldu behar da eta lehen agintaldia bukatutakoan berriro aurkezteko aukera eman behar zaie, indar gehiago izan dezaten. Oinarrizko prestakuntza ere eman behar zaiela uste dute. Emakumeei eta Garapenari buruzko Ikerketa-Zentroak beste azterlan bat egin du, gobernuaren eskariz, eta ondorio hau atera du: aulkiak gordetzearen aldeko sistemak "egoera kaskarrean dauden" emakumeei egin diela, batez ere, mesede. Dena den, oztopo ugari gainditu behar dira, oraindik. Analfabetismoa eta pobrezia endemikoak dira landa-eremuetan eta patriarkatuak bere horretan dirau. Tratu txarrak eta ezkonsarien ondoriozko erailketak oso ugariak dira emakumeen artean. Ela Bhatt-ek, Emakume Langile Independenteen Elkartearen sortzaileak, beste arazo bat ere aipatu du: landa-eremuetako emakumeak ez daudela bat eginik. Kastari edo familiari buruzko usteak askoz ere garrantzitsuagoak dira hainbatentzat, politikagintzan sartzeko aukerak edo sexu-berdintasuna baino. Ondorioz, panchayatetako emakumeak gizonek aukeratzen dituzte, benetan, eta manipulazio eta mehatxu ugari jasan behar izaten dituzte. Familiako gizonek erabakitzen dute zein arropa jantziko dituzten, zein bileratara joango diren edo nolako estrategiak hartuko dituzten hauteskundeetan.
Denentzako aulkiak
Devki Jain ekonomialari feministaren ustez, funtsezkoa da emakumeek botere politikoa eskuratzea, "patriarkatuaren gotorlekua errotik eraitsi ahal izateko". Indian aspaldi sortu zen auzi hau: Emakume nekazari analfabetoek ba al dute hautagai izateko eta karguak egoki betetzeko gaitasunik? Gita Mukherjee zena alderdi komunistako kidea zen eta sei aldiz aukeratu zuten Bengalako mendebaldeko diputatu. Kuotei buruzko legea aztertzeko batzorde parlamentarioaren burua ere izan zen. Beti aldarrikatu zuen alor publikoan sustatu egin behar dela emakumeen partaidetza eta, hori lortuz gero, kontzientzia politikoa berez piztuko zaiela. Panchayati rajak oso baliagarriak zirela uste zuten, emakumeei botere politikoaren oinarriak ikasteko aukera ematen dietelako. Askotan azpimarratu zuen, bestalde, emakumeak erabaki-gune guztietan sartzea zela pobrezia eta indarkeria gainditzeko modu bakarra. Madhu Kishwar emakumeen eskubideen aldeko militantea eta Manushi emakume-aldizkariko (Delhin) erredakzio-burua da, baina, kontraesana dirudien arren, aipatutako lege-proiektuaren kontra dago. Kishwarren iritziz, barruti jakin batzuetan "bibi beti"ak (emazteak eta alabak) sartzea baino ez dute nahi alderdietako arduradunek. Demokraziaren Erreformarako Foroan hainbat emakume-elkarte daude, eta foro horretako kidea da Kishwar ere: beste lege-proposamen bat egin dute, eta alderdi politikoen zerrendetako hautagaien herenak emakumeak izatea eskatu dute, batetik, eta dalitsei eta egoerarik kaskarrenean dauden beste taldeei ordezkaritza proportzionala ematea, bestetik. Bidya Munshi andrea Mukherjeeren eskuineko eskua izan zen luzaroan, baina ez dator bat haren proposamenarekin, arriskutsua iruditzen baitzaio: emakumeak, agian, irabazteko aukera handirik ez duten barruti hutsetan aurkeztuko dituztela uste du. Patriarkatua tinko errotuta dago, baina badirudi gauzak hasi direla zertxobait aldatzen. Madhya Pradesh-eko gobernuburuak, Dig Vijaya Singh-ek, emakume-bilera antolatu zuen Bhopalen, orain dela gutxi. Aulkiak ezarri zituzten ministroentzat eta goi-mailako funtzionarioentzat eta herriak aukeratutako emakume haientzat, berriz, estera soilak. Bilera hasi zenean, Remmebai, tribu bateko ordezkaria bera, altxatu egin zen. Horra zer esan zion gobernuburuari: "Beti ari zara emakumeen berdintasunaz hitz egiten eta kuotak finkatu behar direla esaten. Hemen gaudenok ardura politikoak ditugu; herriak aukeratu gaitu. Zer gertatu da? Zure hirian aulki gutxi daude, ala?" Orain dela ehun urte, Remmebai eta bere familiakoak urkatu egingo zituzten, ausarkeria horren ondorioz. Baina gobernuburuak, apal-apal, eskerrak eman zizkion arazoa aipatu izanagatik. Hurrengo egunean, denentzako aulkiak zeuden.

"Hauteskunde-politika" ikasteko eskolak Koreako emakumeentzat

2. Emakumeak eta politika

"Hauteskunde-politika" ikasteko eskolak Koreako emakumeentzat

Aurreiritziak, tradizioa eta alderdien egiturak kontra dituzte. Baina Hego Koreako emakumeek politika-estrategiak ikasiz egin dute aurrera.
Glenn Manarin
Kazetaria da Hego Korean
Lim Myung-sook emakume korearraren kasua ez da oso ohikoa gizonezkoen menpe dagoen gizarte hartan. Izan ere, erantzukizun handiko kargu publikoa du. 45 urte zituela, Lim Myung-sook zinegotzi aukeratu zuten Uslan izeneko industria-hirian. Aukeraketa hura arrakasta izan zen Koreako Emakume eta Politika Zentroarentzat (CKWP) eta bere hautesle-taldearentzat. Botere politikoa gizonen esku egon da beti Korean. Emakumeek etxeko lanen ardura izan dute, eta ez dira gainontzeko alorretan sartu. Konfuzianismoaren balioek ere egoera horren alde egin dute. Eta balio horiek bizi-bizirik daude, oraindik. Bestalde, negozioen mundua ere gizonezko hutsen esku dago. "Korean nagusi den balio-sistemaren ondorioz, emakumeok ez dugu politikagintzan sartzerik", dio Sohn Bong-Scuk zientzia politikoetako adituak. Sohn CKWPen sortzailea dugu. Bere iritzia ez da okerrekoa, Hego Koreako udaletan eta parlamentuan ia ez baitago emakumerik. Sohnek 1990ean sortu zuen CKWP, berdintasunezko ordezkaritzaren bidean aurrerapausoak ematen hasteko asmoz. Dohaintzak dira zentroaren finantziazio-iturri nagusiak. Zortzi langile dituzte eta 180.000 dolarrekoa izaten da urteko aurrekontua. Sohnen ustez, hiru dira emakumeen ordezkaritza handiagotzeko gainditu beharreko oztoporik garrantzitsuenak: kultura politiko erabat maskulinoa, gizonen arteko elkartasun estua eta hauteskunde-kanpainetarako dirua lortzeko arazoak. "Koreako alderdi politikoak oso itxiak dira. Oinarrizko kide jakin batzuen eta maila ertaineko agintari ugariren inguruan daude egituratuta. Alderdietan gora egin ahal izateko, nahitaezkoa da indar handiko `babesleren batï izatea. Bestela, ez dago zereginik. Eta emakumeontzat ez da erraza mundu itxi horretan sartzea", Sohnen hitzetan. Askotan, emakumeek ez dute izaten nahikoa diru kanpainak egiteko. Legearen arabera, parlamenturako hautagaiek 210.00 dolar lortu behar dituzte, gutxienez. Baina batzuek bi milioi ere gastatu izan dituzte, Sohnek dioenez.
Trabaz betetako bidea
Enpresek ez dute emakume hautagaien alde egin nahi izaten. "Merkataritza edo industriaren alorrak ez ditu laguntzak musu-truk ematen. Gero ordainen bat lortu ahal izateko ematen diete babesa hautagaiei. Eta emakumeei lagunduz gero, ez dutela ezer irabaziko pentsatzen dute", dio Sohnek. "Oso emakume gutxi daude politikan eta, beraz, kontuz ibiltzen dira negozio ilunetan ez sartzeko. Parlamentuko emakume gehienek ez dute ia esperientziarik, eta ezta indar handirik ere". Lim Myung-sooki asko kostatu zitzaion udal-hauteskundeetara aurkezteko behar zituen 9.000 dolarrak lortzea. CKWP izeneko GKEaren laguntzari esker lortu zuen kopuru hori, baina bere aurrekontua gainontzekoena baino askoz ere txikiagoa izan zen. Esperientziarik eza zuen, ordea, arazorik handiena. 1994an, ingurugiroaren babesaren aldeko militantea zela, udal-hauteskundeetan aurkezteko esan zioten lagun batzuek. Eta "hauteskunde-eskolara" joateko aukera izan zuen, orduan. Limek hiru eguneko mintegi batean hartu zuen parte, beste berrogei emakumerekin batera: bost beste udal batzuetako hautagaiak ziren. Eskola teorikoetan ikasi zuten emakumeak politikan parte hartzea behar-beharrezkoa dela sexuen arteko berdintasuna eta benetako ordezkaritza demokratikoa lortzeko. Praktikan, berriz, honako alderdi hauek jorratu zituzten, nagusiki: hitz egiteko teknikak, politikako eta hauteskundeetako estrategiak eta boto-emaileekiko harremanak. Hautagaien itxura funtsezkoa izaten da Koreako hauteskunde-kanpainetan eta, beraz, nola jantzi eta orraztu ere irakatsi zieten. Dialektoak erabiltzen zituztenek korear klasikoa ikasi zuten. Azkenik, rolak eman zizkieten (hautagaia, hauteskunde-funtzionarioa, kanpaina-arduraduna...) eta hauteskunde-simulazioa egin zuten.
Entrenamendu kontua
Lim izan zen Uslaneko lehen emakume zinegotzia. 1995ean aukeratu zuten lehen aldiz, eta 1998an berriro lortu zuen garaipena. Ordutik hona, beste bi emakume ere aukeratu dituzte zinegotzi izateko. 2000ko apirilean legegintzarako hauteskundeak egin zituzten eta emaitzak bikainak izan ziren CKWPentzat, bertan prestatutako emakume bat parlamentuko kide aukeratu baitzuten: hautagaia Seuleko zentroan egon zen, lehenbizi, eta Alemaniara eta Estatu Batuetara bidali zuten, gero, hobeto prestatzeko. Baina parlamenturako hauteskundeak ez dira CKWParen xede nagusiak, hautagai gehienek esperientzia luzea izaten baitute. Beste maila batean egiten du, gehienbat, lan: etxekoandreak udal-hauteskundeetan aurkeztera bultzatzen ditu. Mintegiak ere antolatzen ditu, urtero, politika gogoko duten emakumeentzat. Unibertsitateko ikasleek, etxekoandreek, negozio-emakumeek... sexu-jazarpena, diskriminazio positiboa eta antzeko gaiak izaten dituzte hizpide, hiru egunez. Eztabaiden ondoren, rolak (adibidez: lan-ministroa edo kanpo-arazoetarako ministroa) ematen dizkiete eta bi talde egiten dituzte: feministak eta feministen kontrakoak. Kongresu-simulazioak egiten dituzte, azkenik, politikarako grina suspertzeko. CKWPk emakumeen botoari eta gobernu-ereduei lotutako gaiak ere aztertzen ditu. Ondorio asko atera dituzte alor horietan, besteak beste, "emakumeek eta gizonek ez dituztela kezka berberak politikagintzan. Emakumeak gehiago kezkatzen dira gutxiengoez, marjinatuez, adinekoez eta haurrez", dio Sohnek. Kutsadura, industria-birziklapena, gizarte-ongizatea eta minusbaliatuen eta emakumeen eskubideak dira Limen lehentasunak Uslan industria-hiriko zinegotzi karguan. Korean bide luzea gelditzen zaie, oraindik, bidezko ordezkaritza politikoa egia bihurtzeko. 2000ko apirileko hauteskundeen aurretik, 299 kide zituen parlamentuak, eta 11 baino ez ziren emakumezkoak. Orain, inoiz ez bezala, 16 emakume daude, baina horietako 11 diskriminazio positiboaren aldeko legea betetzeko aukeratu dituzte. Izan ere, 1995ean onartu zuten aipatutako legea, CKWPak eta beste talde batzuek presio handiak egin ondoren. Baina gizonezkoak dira jaun eta jabe oraingo parlamentuan (273 aulki). Gauzak ari dira aldatzen, bai, baina oso-oso astiro. Hala ere, CKWParen lanari esker, pentsamoldeak zertxobait aldatzen hasi direla uste du Sohnek: "Orain, gizonek ere onartzen dute emakumea eta politika ez direla bateraezinak".

"Zergatik ez ditugu emakume gehiago aukeratzen?"

2. Emakumeak eta politika

"Zergatik ez ditugu emakume gehiago aukeratzen?"

Estatu Batuetako kongresukideen %13 baino ez da emakumea. Betty Friedanek, Estatu Batuetako mugimendu feministaren aitzindariak, horren arrazoiak azaldu dizkigu.
Judy Mann, Washington Posteko (Estatu Batuetako) kazetariak egin du elkarrizketa
Betty Friedanek entzute handia lortu zuen 1963an, The feminine mystique lanaren ondorioz. Lan horri esker, Estatu Batuetako eta beste hainbat lekutako emakumeek aldatu egin zuten euren izateari buruzko ikuspegia. Friedanek argi hitz egin zuen etxekoandreek isilpean duten egonezin horretaz: "Nolako zentzua du honek guztiak?" galdetu ohi diote euren buruari, etxeko lanak egiten ari direla. Egonezin horrek ez du izenik, baina gizarteak ezinbestez egin behar dio aurre, idatzi zuen Betty Friedanek, Estatu Batuetako mugimendu feministaren "ama" omen den emakumeak. Hainbat saiakera idatzi ditu, ordutik. Gainera, Simon & Schuster etxeak bere memoriak argitaratuko ditu. "Norbere memoriak idazteak badu alde txar bat: `Akabo! Hilda nago!ï pentsatzen duzu bukatutakoan", esan zuen, ironiaz beteta, UNESCOren Albistariakoekin izandako elkarrizketan.
Mugimendu feministak indar handia du Estatu Batuetan. Baina, hala ere, oso emakume gutxi daude politikagintzan. Zein da, zure ustez, horren arrazoia?
Estatu Batuetan diru asko behar izaten da kanpainak egiteko. Emakumeek ez dute horrenbeste irabazten eta, beraz, gizonezkoek baino arazo gehiago izaten dituzte politikagintzan sartzeko. Gustura izango nintzateke senatarigai, baina ez dut dirua biltzen hasteko gogorik. Bestalde, ezin dugu ahaztu seme-alaben heziketa emakumeen ardura izaten dela, ia erabat, eta ardura horrek hainbat urte kentzen dizkiola bizimodu aktiboari.
Zertan lagundu zuen zure liburuak politikaren alorreko emakume kopurua handiagotzeko?
Oztopo inkontziente jakin batzuei -batez ere euren buruari eta gaitasunei buruzko oztopoei- aurre egiten lagundu zien. Mistika femeninoaren arabera, esanekoak, lotsakorrak, isilak eta ikusezinak izan behar zuten. Ahapeka hitz egiteari utzi eta oihuka hasteko esan nien nik. Mistika femenino hori errotik baztertu eta hautagai izateko eta sexu-diskriminazioaren kontra borrokatzeko eskatu nien.
Beti egin izan duzu borroka eskubide-berdintasuna sustatzeko politiken eta diskriminazio positiboaren alde. Bi neurri horiek eraginkorrak izan dira, zure ustez?
Gaur egun, Estatu Batuetako emakumeek gizonek beste diploma lortzen dituzte. Baina gero sortzen dira bereizketak, haurdunaldian, alegia, eta emakumeek inoiz ez dute atzerakada hori gainditzerik lortzen. Gurea da haurtzaindegi-sistema publikorik ez duen estatu industrializatu bakarra. Lotsagarria, benetan. "Lan berdina, soldata berdina" aldarrikapenari dagokionez, bidezko helburu hori saihesteko bideak ugariak dira oso. Gizonen lanen balio bereko edo handiagoko zereginetan ari diren emakume askori gutxiago ordaintzen diete, sexu horretakoak izateagatik. Beraz, beste aldarrikapen bat egiten hasi behar izan dugu: balio bereko lana, soldata bera. Zergatik irabazi behar dute gehiago etxebizitzetako atezainek andereñoek baino? Zer egingo lukete medikuek erizainen laguntzarik gabe?
Berdintasun ekonomikoa edo amatasunaren ondoriozko eskubideak bigarren mailakoak dira? Ez al du merezi horien aldeko kanpainarik egiterik?
Bi gai horiek biztanleen %52arengan dute eragina. Estatu Batuetako emakumeek indar handia dute, baina ez dute erabiltzen. Hautesleen artean, emakumeen kopurua gizonena baino askoz ere handiagoa da. Indar handi hori gai garrantzitsuei lehentasuna emateko erabili beharko genuke. Zergatik ez dugu horrelakorik egiten? Zergatik ez ditugu emakume gehiago aukeratzen? Ez pentsatu aipatu dizkidazun gaiek garrantzirik ez dutenik. Ez dut uste hiri-eremuetako hautagai bakar bat ere "emakumeak etxera!" eta horrelako kontsignak esatera ausartuko litzatekeenik. Dena den, ez dago jakiterik zer gertatuko den krisialdi ekonomikoa helduz gero.
Zer egin dezakete emakumeen mugimenduek emakumezko hautagaiei gehiago laguntzeko?
Interesgarria izango da Hillary Clintonek New Yorken zer lortuko duen ikustea. Emakume gehienek emango ote diote botoa? Alderdi guztietako emakumeek emango ote diote botoa? Lewinsky kasuaren eraginez, Hillary oso nabarmen geratu zen denen aurrean, baina inoiz baino onarpen handiagoa lortu zuen jendearen aldetik. Hori ez zitzaidan batere gustatu. Badirudi emakumeei kostatu egiten zaiela goi-mailako emakumeekin identifikatzea. Arazoak izan zituenean beste inoiz baino hurbilago ikusi zuten Hillary. Emakumeek biktima izateari uztea nahi dut.
Zer egin behar da politikan emakume gehiago egon daitezen?
Gero eta gehiago dira, alkatetza eskuratu ondoren, politikan gora egiten ari diren emakumeak. Lehen, hildako senarraren kargua hartzen zuten alargunak ziren kongresuko emakume bakarrak. Urratsak ez ziren, agian, behar bezain azkarrak izango, baina aurrera egin dugu, ezbairik gabe. Eta are gehiago egingo dugu aurrera zientzia politikoen alorreko ikasketetan, unibertsitateko ikasle-taldeen buruzagitzetan eta zuzenbide-ikasketetan emakumeak barra-barra sartuz gero, orain arte, horiexek izan baitira politikarako sarbideak. Zuzenbide-fakultateko ikasleen %40a baino gehiago emakumezkoa da. Hurrengo belaunaldian lortuko da oreka.
Zertan dira, gaur egun, emakumeak?
Euren burua ez dute jadanik etxekoandre edo amatzat definitzen. Eta nire ekarpenak inolako zerikusirik izan badu horretan, oso harro egongo naiz. Irrika bizia dut hurrengo etapan zer gertatuko den jakiteko. Estatu Batuetako gobernukideen %12 baino ez da emakumezkoa. Zer gertatuko litzateke %50 izatea lortuko bagenu? Politika aldatu egingo litzatekeelakoan nago. Hainbat ikerlanetan egiaztatu dutenez, estatu bateko legegintza-karguetan bi emakume sartu zirenean alor guzti-guztietan, eta ez emakumeen eskubideen esparru hutsean, egin zituzten aldaketak. Haurrak, gaixotasunak, zahartzaroa, osasuna, bizi-kalitatea... Autobideak baino askoz ere gauza gehiago hobetzen saiatu ziren!
Hauteskunde aurreko mobilizazioak
Estatu Batuetako hainbat elkarte hasi dira, jadanik, lanean 2000ko azaroko hauteskundeetarako. Elkarte batzuek urte luzeak daramatzate emakume hautagaien alde lan egiten eta kanpainetan lan egingo dutenak prestatzen. Beste batzuek, emakumeei informazioa helarazteaz gain, botoa emateko ere eskatzen diete. Emily List (www.emilylist.org) finantziazio-iturri garrantzitsua da abortuaren aldeko emakume demokratentzat. The Wish List-ek (www.thewishlist.org) emakume errepublikarrei ematen die laguntza, "aukeratzeko eskubidearen alde". Womenïs Campaign Fund (www.wcfonline.org), National Womenïs Political Caucus (www.nwpc.org) eta National Organization for Women (www.now.org) elkarteek abortuaren alde dauden hautagai guztiei ematen diete laguntza. Village.com da emakumeentzako gunerik garrantzitsuenetakoa. Zerbitzu ugari eskaintzen dizkie: hauteskunde-zerrendetan izena emateko aukera, emakume hautagaiei egindako elkarrizketak eta horiekin hitz egiteko foroak. The White House Projectek (www.thewhitehouseproject.org) emakumeei kargurik garrantzitsuenak eskuratzen laguntzea du helburu. League of Women Votersek (www.leagueofwomenvoters.org) kanpainak egiten ditu emakumeek hauteskunde-zerrendetan izena eman dezaten, eta, gero, botoa ere eman dezaten. Lifetime Television (www.lifetimetv.com) National Council of Womenïs Organizations-ekin (Estatu Batuetako 110 elkartek osatzen dute) elkartu zen emakumeei eurengan eragina duten gaiei buruzko informazioa emateko. Baina honako hau azpimarratzen die, batez ere: oso garrantzitsua dela emakumeek botoa ematea.

Emakumeok: sortu gizarte-mugimendu bat!

2. Emakumeak eta politika

Emakumeok: sortu gizarte-mugimendu bat!

Yvette Roudy frantsesaren ustez, emakumeak buru izango dituen gizarte-mugimendu handi bat antolatu behar da, euren indarra botere bihur dadin.
Diputatua eta Lisieux-eko alkatea, ministro ohia, Europako Kontseiluko Gizon eta Emakumeen Aukera-Berdintasunaren Aldeko Batzordearen burua.
Erantzukizun politikoetan, zibiletan eta erlijiosoetan gizonen partaidetza berbera lortzeko ibilbidean, helmuga oso urruti dago, oraindik, estatu eta erregimen guztietan. Duela gutxi, berdintasunari buruzko legea onartu dute Frantzian, azken 50 urteotan emakumeoi politikan sartzeko bidean ezarri zaizkigun oztopoak gainditzeko asmoz. Aurrerantzean, alderdiek emakume eta gizon kopuru berbera aurkeztu beharko dute udal-hauteskundeetan eta ordezkaritza proportzionalean oinarritutako hauteskunde guztietan. Legegintzarako hauteskundeak dira legeak zehatz-mehatz finkatu ez dituen bakarrak. Esanak esan, hori guztia legez betearazi behar izateak argi erakusten du alderdiak ez direla emakumeen eskakizunei erantzuteko gai izan, eskakizun horiek ia gizarte osoak onartu dituen arren. Baina politikaren mundua oso kontserbatzailea da Frantzian, eta ez du amore eman nahi: emakumeei utzitako leku bakoitza ez al da, bada, gizonei kendutako lekua? "Urrats txikien" politika deitzen diet lorpentxo horiei: gauzak aldatu egin dira, itxuraz, eta matxismoa ez da hain gordina, baina oso emakume gutxi gaude politikan eta, beraz, ez dugu benetan hitz egiteko aukerarik. Estatu Eskandinaviarrek ongi asko erakutsi digute %30eko ordezkaritza lortu behar dela, gutxienez, masa kritikoa sortzeko. Emakumeek eta gizonek ez dute ikuspegi bera politikaren inguruan. Boterea bera ez da emakumeon helburua: egoera aldatzeko bidea baino ez zaigu iruditzen. 25.000 biztanleko hiri bateko alkatea naiz, eta garrantzi handiagoa ematen diet berdeguneei, aparkalekuei baino. Etxebizitza sozialei buruz hitz egiten hasten garenean, eztabaida sutsuak pizten dira, batzuetan, sukaldeak egongelari begira egon behar duen edo ez erabakitzeko; izan ere, sukaldeak giro onean elkartzeko lekuak direla uste baitut. Politikan ari diren gizonek hitz eta pitz aritzeko joera handia dute. Gu, ordea, denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen gara. Beste iritzi bat esatera ere ausartuko naiz: emakumeen eta gizonen ikuspegiak ez datozela bat espazioaren aprobetxamenduan, autoei ematen zaien garrantzian edo denborarekiko harremanetan. Emakumeok azaleratu egiten ditugu errealitate ezezagunak, agerikoak ez izateagatik politikatik at egoten direnak: hor daude, baina ez dira ikusten. Normala al da, adibidez, amatasuna desabantaila izatea? Bistakoa da emakumeon paisaian kontraesan biziak daudela: berdintasunerako ibilbidean alde handiak daude mendebaldeko estatuen artean, eta beste leku batzuetan atzerapauso handiak eman dituzte. Horren adibide dugu Afganistango emakumeen egoera hain ankerra, eskubiderik oinarrizkoenak ere kendu baitizkiete. Eta baita Kosovoko emakumeen egoera ere. Orain dela gutxi izan naiz bertan: ama eta haurren heriotza-tasak izugarri handiak diren arren, ez dute osasun-programarik.
Lorpen ziurrik ez
Mexikon, Beijingen... Nazio Batuen biltzar handiei esker, nondik jo behar dugun ikusteko aukera izan dugu emakumeok. Legeak behar ditugu gure eskubideak defendatzeko, eta erakundeak lege horiek betearazteko. Baina alor juridikoak ez dizkigu behar beste baliabide emango. Emakumeak buru izango dituen gizarte-mugimendu handi bat sortu behar da, nahitaez. Zuzenbidearen alorrean eskuratutako lorpenak ez dira ziurrak. Feministek ez dute behin betiko garaipenik lortu. Izan ere, feminismoa gizartea aldatzeko mugimendua da funtsean, baina inoiz ez zaio alderdi politiko hori aitortu. Legeak onartu ditu emakumeen oinarrizko eskubideak: hezkuntza, lana, norbere gorputzaren jabe izatea, mugitzeko askatasuna, ondasunak eskuratu ahal izatea... Beste guztia gure esku dago. Baina beti izan behar dugu gogoan bidean aurrerago daudenek lagundu egin behar dietela atzerago gelditu direnei. Aljerian, fronte guztietan arituz, integrismoek atzera egitea lortu dute emakumeek. Bai, emakumeok badakigu elkartuz gero, berebiziko indarra izango dugula. Politika eraberritzeko eta gizatiartzeko gai izango gara, eta alor horretan indarkeria errotik baztertzeko ahalmena izango dugu.

Ijitoak asimilazioa eta bazterketaren artean

ASKATASUNAK

IJITOAK ASIMILAZIOA ETA BAZTERKETAREN ARTEAN

Ijitoak baztertuta egon dira mende luzez. Gaur egun, ijito asko beste bazterketa-modu batzuk ari dira jasaten Europan.
Alain Reyniers
Etnologoa, Lovainako (Belgika) unibertsitate katolikoko irakaslea eta Etudes tsiganes aldizkariko zuzendaria
Kopuruak ikaragarriak dira benetan. Hungarian, lanerako adina duten ijitoen %60-80 inguru langabezian dago. Errumaniako ijitoen %60 baino gehiago pobreziaren atalasean bizi da eta %80k ez du ikasketarik. Bulgariako hirietan bizi diren ijitoen %60k ez du lanik (egoera askoz ere larriagoa da landa-eremuetan). Diotenez, Eslovakiako hegoaldeko eta ekialdeko leku jakin batzuetan bizi diren ijito heldu guztiak pobreak dira. Britainia Handian, herri nomada horren %10-20 miseria gorrian bizi da. Frantziako hiri batzuetako ijitoen %70-80 gutxieneko gizarteratze-saria ari da jasotzen. Eta esan beharrik ere ez dago nolako habitatetan bizi diren ia denak, ez baitute inolako aukerarik etxebizitza- eta mantenu-gastuei aurre egiteko. Osasuna ere arazo larria dute. Izan ere, horrenbeste gazte dituen herri horren bizi-itxaropena oso txikia da: 50 urtetik beherakoa, oro har.
Euren denboraren eta lanaren jabe
Ijitoak Europako gutxiengorik handiena izanik, ez dute ia inon lekuan lekuko gizartearekin bat egiterik lortu. Nolatan liteke hori? Ijitoak asimilatzeko edo baztertzeko ahaleginak etengabeak izan dira azken sei mende hauetan, baina ahaleginak ahalegin, euren kasa bizi izan dira beti, gainontzeko herriekin elkartu gabe. Baztertuta egon dira, gainera, ia alde guztietan. Ezin inork esan, Europak sistematikoki ateak itxi dizkionik bertan sartzen saiatu den herri orori. Hor ditugu, adibidez, hungariarrak: Asiatik heldutako herri nomada horrek estatua izatea lortu zuen. Agian, XII. edo XIII. mendeetan Indiatik Bizantziar Inperiora joandako ijito guztiak ez ziren nomadak izango. Zenbait testigantzaren arabera, ijitoek erraztasun handia zuten hango eta hemengo ekonomian integratzeko. Ez zuten, ordea, konkistatzeko grinarik. Denetarik egiten zuten. Artisauak, artistak, merkatariak... langile askeak ziren, euren denboraren eta lanaren jabe, eta momentuko ahaleginaren bidez, ahalik eta errentagarritasunik azkarrena lortzen saiatzen ziren beti. Edozein lan egiteko gai zirenez, primeran erantzuten zieten bezero bakoitzaren eskari eta premiei. Lan egiteko modu hori bitxia irudituko zitzaien, ziur aski, Europako biztanleei: ijitoek zoriaren menpe uzten zuten eguneroko bizitzaren antolamendua, eta lekuan lekuko biztanleen eskariei erantzuten zieten, gogotik saiatuta eta aldarte onez erantzun ere. Garai hartan nagusi ziren herri nekazarien bizimodua oso bestelakoa zen, jakina, lan eta lan aritzen baitziren, urtaroen erritmoari jarraiki. Hain desberdinak izanik, beti sortuko ziren ika-mikak herri nomada horren eta nekazarien artean. Baina, arazoak arazo, bazuten elkarrekin ongi moldatzeko modurik: ijitoek lanabesak, otzarak, albaitaritza-lanak, musika edo unean uneko eskulana eskaintzen zuten, elikagaien edo beste ondasun batzuen truke. Tradizio ekonomiko hori luzaroan izan zen ijitoen bizibidea. Batetik bestera ibiltzen ziren, baina lan-aukerak zituzten lekuetan sedentario bihurtzen ziren. Otomandar inperioan, edo Europako erdialdean gizarteratu egin ziren eta hegemonia-gosez gerran hasitako herrien borroketan ere hartu zuten parte. Iberiar penintsulan, errekonkista-garaiko kanporaketen ondoren mairuek eta juduek utzitako lekua bete zuten. Baina ijitoak ere bidali egin zituzten, gero. Askotan aipatu izan da ijitoek ez dutela lekuan lekuko ekonomiara moldatzeko gaitasunik izan, eta horregatik geratu direla baztertuta. Argi dago uste hori ez dela zuzena. Badirudi botere publikoek eragin dutela aipatutako bazterketa. Europako mendebaldean (batez ere Espainian), lehenbizi, eta erdialdean, gero, botere publikoek oso irudi txarra eman dute, mendez mende, ijitoei buruz: berezko kulturarik gabeko herri arrotza dela eta ez zaiela gustatzen gizartean bizitzea. Hainbat gerra-estrategiaren eta neurri hertsatzaile eta ideologikoren eraginez, alde guztietan hasi ziren pentsatzen, noraezean ibiltzeaz gain, alferrak eta arriskutsuak zirela. Eta, ondorioz, ongi mugatutako eta behatutako eremu jakin batzuetan bereizita bizitzen hasi behar izan zuten. Zapalkuntzetatik askatzeko ahaleginen ondorioz borroka nazionalak piztu zirenean, batez ere XIX. mendean, estatuetako gehiengoak izan ziren garaileak (herri nekazariak ia denak) eta gainontzeko taldeak -besteak beste, ijitoak- baztertuta geratu ziren. Iraganeko gorabehera guztiek erabateko eragina izan dute herri marjinatu horren sakabanaketan (Austria-Hungariako inperioan, adibidez, herri nomadak sedentario bihurtzeko neurriak hartu zituzten XVIII. mendean: "nekazari berri" izendatu zituzten, baina ez zieten lurrik eman), eta iraganak eraginda errotu da, hain zuzen, euren artean ijito ez direnenganako mesfidantza eta erresistentzian oinarritutako kultura. Europako herrietako ekonomia eta kulturetan lankidetzan aritu izan ziren luzaroan, baina, gero, politikagintzako erabaki-gune guztietatik at utzi zituzten (ez dakigu, bestalde, horretarako gogorik izango ote zuten) eta menperatu beharreko herritzat hartu zituzten, eta batzuetan, baita kanporatu beharreko trabatzat ere. Gauzak horrela, ijito batzuk bakartu eta herrien kanpoaldean bizitzen hasi ziren, pobreziak jota. Beste batzuek euren bideari jarraitu zioten, baina beti ere ijito ez zirenekin harremanik izan gabe.
Elkarrenganako mesfidantza
Kanpoko mundutik gordetzeko nahia, euren artean ezkontzeko joera eta fatalismoa ditugu ijitoen berezitasunetako batzuk. Ez dakigu aipatutako prozesuaren ondorioz sentimendu horiek indartu egin ote diren, baina ezbairik gabe, ijitoak gero eta gehiago urrundu dira gainontzeko gizarte-taldeetatik. Bestalde, gurasoen jokabideen imitazioa eta ingurunearen araketa praktikoa izaten dira haurren hezkuntzaren oinarriak eta, beraz, ijito ez direnenganako mesfidantza txiki-txikitatik ikasten dute denek. Eta badute, gainera, horretarako arrazoirik. Ijitoak baztertzeko joera gero eta nabarmenagoa izan da XX. mendean. Europako mendebaldean, polizia-neurri bereziak hartzen hasi ziren nomadismoa behatzeko, eta asentamendu-lur jakin batzuk ere eman zizkieten; urriegiak, halaber, eta ez familiak duintasunez bizitzeko modukoak. Lan-merkatuaren premiak eta kontsumo-ohiturak aldatu ahala, eta ondasunak ekoizteko teknologiak eraberritu ahala, ijitoak pobretu egin dira. Asko merkataritzan aritzen ziren lehen, baina kaleko salmenta ibiltariari buruzko eta materialak berreskuratzeko lanei buruzko legeen ondorioz, arazoak izan zituzten; izan ere, lege horiek ez baitzituzten euren gaitasunak edo interesak inondik inora kontuan hartu. Eta eskerrak gizarte-laguntzara edo kredituetara jo dutenari (irudi txarra dutenez hain erraz lortzen ez badituzte ere) bestela, asko eta asko irtenbiderik gabeko zuloan leudeke. Europako erdialdeko eta ekialdeko estatu komunistetan ere ez dute izen onik izan. Aberrazio hutsa zirela esaten hasi ziren, lehenbizi, eta ordena burgesak utzitako ondare zaharkitua zirela, gero. Sozialisten lan-erregimen hartan, lehenago edo geroago, ezinbestez desagertu beharko zutela zioten. Granja kolektiboetara eta estatuaren enpresetara bidali zituzten, baina kualifikazio txikiko lanak baino ez zizkieten eman. Ama-hizkuntza, taldea helburu duen hezkuntza eta noizbehinkako lanetan oinarritutako ekonomia izanik ijitoen kulturaren ezaugarri nagusiak, arazo-iturri bihurtu ziren, inoiz ez baitzen horiei buruzko gogoeta politikorik egin. Bestalde, barra-barra sortu ziren ijitoen kontrako diskurtso xenofoboak. Beraz, herri nomada horretako belaunaldi gazteek ere ez zuten gizarte sozialistetan integratzeko aukera handirik izan. Ijitoak guztiz baztertuta geratu ziren bloke komunistan. Ijito-auzoen kontrako eraso etengabeak, skinhead-en indarkeria eta Bosnian eta, orain dela gutxi, Kosovon egindako erailketak ditugu horren guztiaren adibiderik gogorrenak.
Gizarteratzeko bideak
Ijitoei hain kalte handia egin zieten politika nazionalista horiek dira, gaur egun ere, ametsetako lurralde baten bila dabiltzan migrazio-mugimenduen sorburuak. Askotan, ijitoek ez dute inolako loturarik izaten gizarteetan lurralde-legitimitaterik ez duten taldeetatik kanpo. Ustez hobeto hartuko dituztelakoan beste norabait alde eginez gero, han ere baztertu egingo dituzte, ziur aski, egungo ekonomiaren premiei ez omen dietelako erantzuten edo hezkuntza-hutsune handiak dituztela-eta. Azken urteotan, aurrerapausoak ere eman dituzte, ordea. Nazioarteko hainbat erakundek eta GKE ugarik ijitoak ekonomian eta gizartean integratzeko programak bideratu dituzte, egoera kezkagarri horri aurre egiteko. Zenbait estatutan gutxiengo nazionaltzat hartu dituzte, eta epe luzerako garapena lortzeko bidea emango duten ekimenak egitea erabaki dute. Dena den, ijito batzuek lortu dute mende luzetako zapalkuntza horretan aurrera egitea. Garaian garaiko egoeretara moldatu dira, batzuetan asimilazioaren poderioz, baina askotan euren jakinduria tradizionalaz baliatuz eta gizartearen bidelagun izanez. Salbazio-bide bat baino gehiago egongo da, ziur aski. Baina ijitoek nolako arazoak eta oztopoak dituzten kontuan hartuta, argi dago euren etorkizuna guztion borondateari loturik dagoela. Hau da, talde eta gizabanako guztioi bete-betean errealizatzeko aukera emango digun gizarte demokratikoa sortzeko borondatea izango da ijitoen etorkizunaren oinarria.
FLORENTZIAKO IJITOEN GHETTOAK
Nicola Solimano eta Tiziana Mori
Florentziako Michelucci fundazioko kideak dira
Florentzia hiri kosmopolita da. Bertako artea eta arkitektura kultur nahasketaren lekuko dira. Baina Florentzian hamar urte baino gehiago daramatzate 200 ijito-familiarentzako (mila lagun ingururentzako) konponbideren baten bila. Italiako beste hiri handi batzuetan bezala, ijitoak heldu eta han-hemenka geratzen ziren bizitzen. Beraz, "nomada-kanpamentuak" sortzea erabaki zuten edo, hobeto esan, bertara heldutako ijito guztiak batera bizitzeko guneak antolatzea. Florentzian bizi diren ijito gehienak Kosovokoak eta Mazedoniakoak dira. Azken hamabost urte hauetan heldu dira, euren jaioterriko krisialdi ekonomikoetatik eta gerretatik ihesi. Lehen, bizimodu nomada ia erabat utzita zeukaten eta gehienak hiri handietako auzoetan bizi ziren. Hasieran, Florentziako eta inguruetako ijitoak batetik bestera ibili behar izan zuten familia-talde txikietan antolatuta. Zergatik? Batetik, hiriko biztanleak protestatzen hasi zirelako eta, bestetik, aldirietan etengabe egiten zituztelako eraikuntza-proiektuak. 90eko hamarkadaren hasieran, bi "nomada-kanpamentu" sortzea erabaki zuen bertako udalak. Horra zein leku aukeratu zituzten kanpamentuetarako: zabortegi zaharra (Arno ibaiak gainezka egiten du, batzuetan) eta trenbidearen eta autobidearen artean dauden lur batzuk. Inork ez zuen interesik leku horiek erabiltzeko, jakina. Florentzian eta beste hainbat lekutan "kanpamentuak" non dauden ikusita, bistakoa da nahiago dutela ijitoak urruti bizitzea eta inolako konfiantzarik ez ematea. Ikuspegi hori oso hedatuta dago alde guztietan. "Ijitoentzako kanpamentuak" momentuko konponbideak ziren, berez. Baina momentuko konponbide gehiago heldu ziren, bata bestearen ondoren, eta hortxe daude, oraindik, kanpamentu guztiak. Ghettoetako ohiko patologiak sortu dira denetan. Sute-arriskua handia da oso: zenbait sute izan dituzte dagoeneko eta haurrak ere hil dira, gurasoek ezin izan dituztelako salbatu. Komun bakarra dute hainbat familiarentzat eta horrek ez die mesederik egiten ez higieneari, ez mantenuari, eta ezta familia arteko harremanei ere. Horren guztiaren ondorioz, egiturak, bizi-baldintzak eta gizarte-harremanak gero eta kaskarragoak dira. Droga-kontsumoa eta gainontzeko portaera marjinalak oso hedatuta daude, kontuan hartu behar baita, gainera, ijitoek hiriko biztanlerik pobreenekin izaten dituztela harremanak. Udalak kontrol-neurri zorrotzagoak hartu ditu. Kanpamentuak eremu itxiak dira eta sarreretan zaintzaileak daude ijitoen eta ijito ez direnen mugimenduak behatzeko. Ghettoen ezaugarri bereizgarri guzti-guztiak dituzte, beraz. Azken urteotan ijito-elkarteek eta boluntario-taldeek egindako presioen ondorioz, beste konponbide batzuk bilatzen hasi da udala. Boluntario-talde horiek izen handiko intelektual bakan batzuen laguntza ere izan dute: Antonio Tabucchi dugu horietako bat. Eskualde-lege bati eta Michelucci fundazioaren proiektuari esker, herrixka txiki bat sortu zuten eta Mazedoniako ijito-familia batzuei sei etxebizitza eman zizkieten. Emaitzak bikainak izan zirenez, beste hogeita hamar familia udalaren logeletara eraman zituzten. Esperientzia horiek argi erakutsi dute, bizi-baldintza hobeak eta integratzeko aukerak dituztenean, ijito-familiak ongi moldatzen direla ekonomian eta gizartean. Dena den, aipatutako herrixka dela-eta, arazo larriak sortu dira Florentzian, batez ere eskuineko taldeen eraginez, eta administrazioak horrelako ekimen gehiago ez egitea erabaki du. Ijito guztiei ez dizkiete etxebizitzak eman eta, beraz, ezin izan dira "kanpamentuak" itxi. Eta ijito-familia gehiago heldu dira Kosovotik.

Itsas azpiko piratak

KULTURAK

ITSAS AZPIKO PIRATAK

Egungo teknologiei esker, hondoratutako itsasontzien arrastoak eskuragarriak dira jadanik. Baina, norenak dira altxor horiek? Edonorenak direla ere, xahutzen ari dira eta estatu batzuek ez dute ezertxo ere egin nahi horren kontra.
Vincent Noce
Liberation egunkari frantseseko kazetaria da
Itsas azpian dago munduko museorik handiena. Ehunka edo milaka ontzi -inork ez daki zenbat- urperatu izan dira erasoaldi sutsuen eta ekaitz bortitzen ondorioz. Anfora erromatarrak, urrezko lingoteak, kanoiak, portzelanazko kaxa txinatarrak... den-dena urpean geratu zen. Itsas merkataritzak izugarrizko hedadura izan zuen antzina, eta XVI. mendean jo zuen gailurra. Hona hemen datu adierazgarri bat: Herbehereetako itsas elkarteak 8.000 joan-etorri egin zituen Txinara bi mendetan. Baina XX. mendearen erdira arte urpeko altxor horiek guztiak eskuraezinak izan dira. Antzinako zibilizazioetako altxorrak lozorroan egon ziren ozeanoetan, kutxa-gotor handi horietan. Orain dela 2.700 urte baino zertxobait gehiago hondoratu ziren aurkitu dituzten bi ontzirik zaharrenetakoak: itxuraz, Tirotik faraoien Egiptora zihoazen, ardo-anforaz beteta. 1999ko ekainean aurkitu zituzten, Israeletik hurbil. Ez dira handiak: hogei metro baino gutxiago dituzte. Robert Ballard, Titanic ontzia aurkitu zuen gizona, eta Lawrence Stager, Harvard Unibertsitateko arkeologoa, Dakar izeneko urpekoaren bila ari ziren: 1969an hondoratu zen eta 69 bidaiari zeramatzan. Orduan aurkitu zituzten bi ontzi feniziarrak. Bi robot urpekari txiki, Jason eta Medea, 300 eta 900 metrora jaitsi zituzten, hurrenez hurren, arrasto guztiak argitu eta filmatzeko. Oso egoera onean zeuden bi ontziak. Ballardek dioenez, ur sakonek oxido disolbatu gutxiago izaten dute eta, beraz, babestu egiten dute: "eguzki izpiak ez dira hain leku sakonetara heltzen eta presio biziak sortzen dira, gainera. Horregatik egoten dira aztarnak hain ongi kontserbatuta. Egon ere, uste baino askoz ere hobeto daude". Turkian, adibidez, 3.000 urteko ontzia aurkitu dute eta Espainian, Murtziatik hurbil, K.A. VII. mendeko beste bi ontzi feniziar. Baina ez zeuden aurreko biak bezain ur sakonetan eta, beraz, ez zeuden hain ongi kontserbatuta. Israeleko hegoaldean bi ontzi horiek aurkitu zituztenean, harrituta geratu ziren denak, ez baitzekiten feniziarrak hortik igarotzen zirenik. Ardo-dekantagailu bat (beraz, garai hartan dekantatu egiten zuten ardoa), harrizko aingurak, buztinezko suilak eta intsentsu-ontzia aurkitu zituzten garai tiroar hartako anfora ezaugarrien artean. Elementu horiei esker jakin zuten noiz hondoratu ziren, gutxi gorabehera, bi ontziak eta, batez ere, nondik zetozen. Ballardek dioenez, "epe ertainean aurkikuntza garrantzitsu gehiago ere egingo dira, eta Antzinaroko itsas merkataritzaren mapa goitik behera aldatu beharko dugu". Ziziliako kostaldearen parean aurkitutako ontzi erromatarrei esker, aspaldiko hipotesi eztabaidagarri bat egiaztatu egin da, azkenik: erromatarrak bazirela ur sakonetan ere nabigatzeko gai.
Aurrerakuntza teknologikoak eta lege berriak
Orain dela berrogeita hamar urtera arte, eskafandra autonomoa asmatu arte, alegia, ez zegoen ur-azpiko arrastoetara hurbiltzerik. Jacques-Yves Cousteau komandanteak egin zituen ur-azpiko lehen esplorazioak: 1952an, hain zuzen, Marseillatik hurbil, Mediterraneo erromatarreko portu hori oso bizia baita. Cousteauren taldeak anfora grekoak eta erromatarrak aurkitu zituen. Adituak aho-zabalik geratu ziren, mende bat baino gehiagoko aldea baitzegoen anforen artean. Baina beste zerbait egiaztatu zuten, gero: elkarren gainean hondoratutako bi ontziren arrastoak zirela. Orduan ez zegoen inolako legerik edo erreferentzia-organorik ez Frantzian, ez beste inon. Askatasun osoa zegoen horrelako lanetan aritzeko. Frantziako kultur ministroak, Andre Malraux-ek, arkeologia-ikerketetarako saila sortu zuen 1966an, Kultura gaietarako Ministerioan. Halaber, itsasoan arrastoren bat aurkitutakoan aitortza egiteko obligazioa ere ezarri zuen. Antzeko lege bat onartu zuten 1987an Estatu Batuetan. Frantzian, berriz, honako erabakia hartu zuten 1989an: aurrerantzean estatua izango zela bertako uretako aurri guztien jabe bakarra. Ordura arte, bazegoen jabetza banatzerik. Baina urte horretatik aurrera, gero eta aurkikuntza-ahalegin gutxiago egin ziren: lehen 250 saiakera egiten zituzten urtero; gero, 50etik behera. Handik zazpi urtera, aurkikuntzen truke sariak ematea erabaki zuen frantziar estatuak: 30.000 dolar ere emango omen zituen, objektuen interes zientifikoaren arabera. Baina, egiaz, oso gutxitan egin dute hori. Dena den, merezi du arrastoak aurkitzen saiatzea: 1.500 dolar ere lor daitezke merkatuan anfora zahar eder baten truke. Anforak mutuak direla uste dute zaletuek. Uste ustela da hori, anforak ongi asko "hitz egiten" baitute. Xehetasun ugariren berri ematen digute: ontziak noiz hondoratu ziren, nabigatzaileak nongoak ziren, ontzi barruan produktuak nola zaintzen zituzten... Anforei esker jakiten dute adituek bertan ontziren bat zegoela lehen, nahiz eta inolako arrastorik ez gelditu. K.A. 770. urtetik K.O. 700. urtera, anforak erabili zituzten ardoa, olioa, gatzuna, espeziak, tea... garraiatzeko. Portzelanek eta kanoiek geroago gertatutako hondoratzeen berri eman ohi dute, ordea. Baina ez dakigu zer gertatu zen anforen eta azken bi objektu horien arteko urteetan: ontzien aurriak deseginda egongo dira, agian, edo aurkitu gabe, bestela. Bada beste aukera bat ere: urte horietan itsas merkataritzak behera egin izana.
Testigantza historiko eta arkeologikoak
"Las Aves" izeneko Venezuelako artxipelagotik hurbil, itsas sedimentuz eta moluskuz estalitako kanoi bat aurkitu zuten: Luis XIV.ak holandarrak Antilletatik kanporatzeko bidali zuen ontzidikoak ziren. Tobago arpilatu ondoren, Jean dïEstrees-en ontzidia Curacao-rantz abiatu zen, holandarrak erasotzera. Baina 1678ko maiatzaren 11n ontzidiaren erdia (13 gerra-ontzi eta 17 kortsario-ontzi) hondoratu egin zen ekaitz baten ondorioz. 5.000 gizon zihoazen, guztira, ontzietan: 500 ito egin ziren eta mila gosearen gosez edo gaixotasunak jota hil ziren uharte bakartietara heldu ondoren. Hondamendi horren ondorioz, frantziarrek bertan behera utzi behar izan zuten Karibe Itsasoaren jaun eta jabe izateko asmoa. Itsaso hori piraten gordeleku bihurtu zen berehala. Baina ez pentsa gaur egun piratarik ez dagoenik: ez dute burezurdun oihalik eramaten, baina egon badaude. Charles Brewer-Carias venezuelarrak eta Barry Clifford estatubatuarrak Le Terrible ontzi nagusia aurkitu zuten, besteak beste: 70 kanoi eta 500 bidaiari zeramatzala hondoratu zen. Venezuelan ez dago arkeologia-esplorazioak egiteko estatu-erakunderik eta, beraz, Mespa herri-lanetarako enpresari eman zioten "Las Aves"-en ikerketak egiteko eta bertako arrastoak saltzeko baimena. Cliffordi "ikaragarria" iruditu zitzaion inbertsiogile pribatu bati ematea horrelako lanak egiteko baimena: "Venezuelarrek behin edo behin ikusiko dute nolako astakeria izan den Las Aveseko baimenaren kontua". Mespa bere burua zuritzen saiatu da: "arkeologo bat eraman genuen ikerketa-ontzian". Baina onartu du aurkikuntzen "industria" sortu dutela, euren inbertsioak errentagarriak izan daitezen. "Horrelako egoeretan estatuak izaten dira galtzailerik handienak. Horixe da gaur egungo pirateria", dio John de Bry Floridako arkeologoak. Mespa enpresa pribatua dïEstrees kondearen eta bere ofizialen objektu baliotsuak aurkituko dituelakoan dago, baina arkeologoek ez dute uste gerra-ontzidietan benetako "altxorrik" egongo denik. Eta beldur dira testigantza historiko eta arkeologiko horiek ez ote diren galduko. Hori gertatuz gero, ezingo dugu jakin nolakoak ziren ontziak eta non zeuden. Urperatutako objektuen ezaugarrien bidez, hobeto jakingo dugu nolakoa zen ontzi-arkitektura Colbertek errege-ontzidia eta ontzidi horri lotutako industria sortu zuen garaian. Objektuak azaleratzen hasi baino lehen, zehatz-mehatz adierazi behar izaten da non zegoen bakoitza. Baina lan zaila, nekeza eta garestia da. Itsaspeko esplorazioen bidez, dirutza handiak irabazten dira, baina beti ere emaitza onak lortuz gero. Errentagarritasuna izan ohi da altxor-bilatzaileen kezka bakarra, eta egun bateko lanak ere izugarrizko kostua duenez, dirutan balio handia duten objektuak baino ez dituzte hartzen. Ahalik eta azkarren nahi izaten dituzte hartu, eta berdin izaten zaie beste guztiak suntsitzea. Batzuek lehergailuak ere erabili izan dituzte. Historialarientzat hain balio handia duten arrasto horiek ez dute inolako interesik altxor bila ibiltzen direnentzat. Suil-zati bateko inskripzioa aski da itsas merkataritza nondik egiten zuten jakiteko, oinetako-zati batek marinelen janzkeraren berri ematen du eta, eskeletoak aztertuz, nolako zauriak edo janari-gabeziak zituzten jakiten da. Maurithius ontzia Gineako kostaldearen parean hondoratu zen 1609an, Txinatik bueltan zetorrela. Kroskoa aurkitu zuten: zink ia purua erabili zuten estaltzeko eta ia 20.000 ezkata zituen. Argi ikusten da, beraz, garai hartan Txinako metalurgia oso aurreratuta zegoela, Europakoarekin alderatuz gero. Azoreetako urak dira munduko aberatsenak aurriei dagokienez, gogoan izan behar baita Atlantikoko ibilbidea egiten zuten ontziek geldialdia egiten zutela bertan. Portugaleko artxipelago horretan sortu ziren, hain zuzen, baimen-arazorik larrienak. Portugaleko Arkeologia Museo Nazionalaren arabera, 850 ontzi espainiar eta portuges hondoratu ziren Azoreetan, eta horietako asko urrez beteta zeuden. Hangra do Heroismo badian laurogeita zortzi ontziren aurriak daude. Bertara heldu zen, 1972an, John Grittan altxor-bilatzaile britainiarra. Azkenean, ia bi hilabete eman behar izan zituen kartzelan eta debekatu egin zioten lan horretan jarraitzea. Handik ia 25 urtera onartutako lege bati esker, Azoreetako aurrietan araketak egiteko aukera dute enpresa pribatuek. "Arqueonauticas" sozietatea izan zen, Isaias Gomez Texeira kontralmirantea buru zuela, arrastoak bilatzeko eta ustiatzeko baimena lortu zuen lehenengoetakoa: John Grittan izendatu zuten zuzendari. Bob Marx da munduko altxor-bilatzailerik ezagunenetakoa. Marx Floridan bizi da. Azoreetan azterketak egiteko interes handia zuenez, ondorengo eskaintza egin zuen: 50 metrora arteko aurkikuntzen %50 eta 50 metrotik beherakoen %70 bere esku geratzea. "Gure legeei esker, diru-truke saldu dugu historia!", uste du Franciso Alvesek, Portugaleko Arkeologia Museo Nazionaleko zuzendariak. Espainia, bestalde, zuzenbide-hitzarmenak aztertzen ari da bere galeoiak salbatzeko aukerarik ba ote duen jakiteko. Altxor-bilatzaileek izugarrizko dirutzak irabazten dituzte, batzuetan. Michael Hatcher-ek (nahikoa fama txarra du) hamabost milioi dolar inguru irabazi zituen Geldermalsen ontzi holandarrean aurkitutako portzelana txinatarrak han eta hemen salduz. Geldermalsen 1752an hondoratu zen Txinako Itsasoan. Christieïs, munduko enkante-etxerik famatuena, horrelako objektuen salmentan espezializatu zen garai batean, baina, orain, kontu handiz aritzen da, gai horrek auzi eta arazo juridiko handiak sortarazten baititu. Hatcher-ek adierazi zuenez, nazioarteko uretan aurki zituen objektu guztiak, baina ikertzaile batzuek kontra egin zioten, Indonesiako uretan zeudela uste baitzuten. Indonesian ikerketak egiten hasi ziren, orduan, baina arduradunetako bat hil egin zen arrastoak ustez zeuden uretan sartu ondoren. Foiletoi-itxura hartu zuen denak. Indonesiak bertan behera utzi zituen arrastoak bilatzeko lanak. Baina, garai hartan, Suharto familia zegoen gobernuan, eta etengabe sortu ziren ustelkeria-salaketen inguruko zurrumurruak. "Dirutza handi horien guztien ondorioz, gero eta arrisku gehiago ari dira sortzen, beste esplorazio-lan batzuk egiteko erabiltzen baitituzte irabaziak", dio Lyndel Prott UNESCOren kultur alorreko nazioarteko arauetarako atalaren buruak. "Urpeko altxorrak xahutzen ari dira, eta estatuek ez dute ezer ere egin nahi. Lehorretan ez lukete, inondik inora, horrelakorik onartuko", gaineratu du.
OIHANAREN LEGEA ETA ITSAS ARMADETARAKO SALBUESPENA
Patrick OïKeefe legelari australiarra kultur ondarearen inguruko gaietako aditua da. Titanicen aurkikuntza une gogoangarria izan zela uste du: egungo teknologiei esker, orain arte eskuraezinak izan diren ur sakonetara heltzeko aukera dugu. Beraz, "premiazkoa da nazioarteko arauak finkatzea, arrasto guzti-guztiak baitaude arriskuan." Baina nazioarteko komunitateak ez ditu teknologiak beste aurrerapauso eman. Hainbat estatu hasi dira jadanik euren eskumeneko urei buruzko (oro har, 12 itsas milia kostaldetik hasita, hau da, 22 km baino zertxobait gehiago) arauak finkatzen. Batzuek beste batzuek baino emaitza hobeak lortu dituzte, baina, hala ere, oso estatu gutxitan ezarri dituzte urpeko arkeologiarako behar diren baliabideak. Eskumeneko urak gorabehera, oihanaren legea da nagusi alde guztietan. Objektuak aurkitzaileen esku geratzen dira eta "salbatzailea" izaten da "salbatutako" ontzien jabea: horixe izan da, betidanik, "itsas salbamenduaren" funtsa. Lyndel Prott UNESCOko kideak ezin du horrelakorik onartu: "altxor-bilatzaileek hondoratutako ontzien arrastoak aurkitzen dituztenean, ez dituzte salbatzen. Ez, horixe. Orduantxe sortzen da benetako arriskua!" 1982an Itsasoko zuzenbideari buruzko Konbentzioa egin zen, baina ez zuten urpeko altxorren gaia aztertu. UNESCOk hitzarmen-proiektu bat egin zuen urpeko arrastoen salmenta debekatzeko asmoz. Baina itsasoko eta teknologien alorreko potentzia handiek, hala nola, Estatu Batuek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Japoniak ez dute inolako debekurik eta mugarik onartu nahi. Itsas armadek, berriz, honako salbuespen hau aipatu ohi dute beti: gerra-ontziak itsasora bidali zituen estatuarenak direla eta, beraz, inork ezin dituela horien arrastoak aztertu, nahiz eta duela lau mende hondoratutakoak izan. Ildo horretan, Alabama korbeta sudistaren jabetza Estatu Batuei aitortu zitzaien: bertako itsas armadak hondoratu zuen, Sezesio Gerraren bukaeran, Cherbourg portu frantziarraren parean. Eta norenak dira, adibidez, Azoreetan hondoratutako galeoi espainiarren arrastoak? Zenbat denbora igaro behar da estatu edo jabe jakin batek bere ontziaren arrastoak jadanik utzi egin dituela esan ahal izateko? Hizpide dugun alorreko adituek bi bilera egin dituzte, orain arte -2000ko uztailean egingo dute hirugarrena-, baina ez dute ezer argitzerik lortu. Eta erabat agerian geratu da ez dagoela urpeko mundu hori arautzeko asmo handirik.

Internet, demokraziaren salbatzaile?

KONEXIOAK

INTERNET, DEMOKRAZIAREN SALBATZAILE?

Batzuen ustez, Internet da demokrazia berpizteko aukera bakarra. Beste batzuen ustez, ameskeria hutsa da hori.
Ren¿ Lefort
UNESCOren Albistariaren zuzendaria
Richard Askwith Independent on Sunday egunkari britainiarreko editorialetako burua da. "Egonezinez eta amorruz" gainezka dago Richard: "Gure gobernuak egiten duen guztia, neure izenean egiten du. Baina galdetu al dit, inoiz, zein den nire iritzia? Botu bat besterik ez didate eskatzen bost urtez behin, gora egiteko irrikaz dauden eta elkarren kideko diren maltzurren artean bat aukeratzeko. Ze aukeraketa-klase da hori?" Hona hemen bere diagnostiko zorrotza: "Demokrazia parlamentarioa, dilijentzien garaian asmatua eta lurrun-makinen garaian perfekzionatua, jadanik ez da baliagarria. Gobernuek beste bide batzuk aukeratu behar dituzte herriari erabakitzeko aukera emateko." Zein da konponbidea? Internet. "Demokrazia elektronikoak astindu ederra emango dio politikari"2, uste du Andre Santini diputatu frantsesak. Santini Issy-les-Moulineaux hiriko (Parisetik hurbil dago) alkatea da. Bere hiria erabat "konektatuta" dago. "Ziur nago Internet izango dela politikarekiko interesik eza gainditzeko bidea, sare-ekonomia izan den bezala langabezia murrizten hasteko bidea", dio Santinik.
Bide interaktiboa
Abstentzioaren gorakada dugu aipatutako interesik ezaren adierazlerik garbiena. "Sufragioa izenez baino ez da unibertsala", Santiniren hitzetan. Internet bidezko lehen bozketak Arizonan egin zituzten 2000ko martxoaren 7tik 11ra bitartean, alderdi demokrataren primarioetan. Prozedura horren kontra zeudenek epaitegietara jo zuten, Internet bidezko botoa diskriminatzailea zela iruditzen baitzitzaien, baliabide hori erabiltzerik ez zutenak baztertu egiten zituelako. Epaileek ez zuten horien eskaria onartu. Hauteskundeen segurtasuna bermatzeko izandako arazo teknikoak ere, esaterako, hautesleen nortasuna egiaztatzea eta botoen konfidentzialtasuna ziurtatzea ez zituzten aintzat hartu. Demokratek 86.000 boto inguru eman zituzten, guztira: 40.000 Interneten bidez. Prozedura hori aukeratu zutenen adinari zegokionez, %75ek 18 eta 35 urte bitartean zituen. Eta abstentziorako joera askoz ere handiagoa izaten da adin-tarte horretan helduagoen artean baino. Baina egin kontu, 1996ko primarioetan, 12.000 boto baino zertxobait gehiago lortu zituzten. Aipatutako esperientziaren balioa erabakigarria al da? The Tucson Citizen udal egunkariko editorialgile baten ustez, prozedura berri hori erabiltzeko aukera erakargarriagoa izan zen hautesleentzat hautagaientzat baino. Stephen Hess Broockings Instituteko kidearen iritziz, "jendeak botoa ez ematea ez zaie hauteskunde prozedurei egotzi behar". Baina, Santinik dioenez, "gure demokrazia hilzorian dago. Internet bidezko botoa du bizirik irauteko azken aukera aparta." Election.com enpresa estatubatuarrak jadanik jakinarazi du botaketa-sistema hori instalatuko duela azaroan egingo diren hauteskunde presidentzialetarako. Steve Case horrelako beste enpresa baten, America Onlineren, arduradunaren iritziz: "demokrazia elektronikoak errotik aldatuko ditu hiritarren eta udal eta estatu agintarien arteko harremanak". Uste horretakoak dira alderdi politikoak, hiritar-mugimenduak eta herri-erakundeetako agintariak ere, Internet erabat hedatzeko aukera duten estatuetan, behinik behin. Internet da, oraingoz, bai hiritarren artean, bai hiritarren eta horien ordezkarien artean, informazioa eta elkarrizketa zabaltzeko biderik azkarrena eta merkeena. Eta benetan interaktiboa den bakarra. Alderdi politiko askok ireki dituzte web guneak euren programen berri emateko. Horixe bera egin dute zerbitzu publiko askok ere: euren egiturei, funtzioei eta helburuei buruzko informazioa ematen dute, batetik, eta erabiltzaileek posta elektronikoz bidalitako eskariei erantzuten diete, bestetik. Hainbat udaletan Internet erabiltzen dute argibideak emateko eta, erabaki garrantzitsuak hartu aurretik, hiritarren iritzia ezagutzeko.
Demokrazia zuzena eta iraunkorra
Beste mundializazio-modu baten alde dauden hiritar-mugimendu berriek asko ere asko erabiltzen dute Internet. Adibidez, Hego Korean biztanleriaren erdiak Sarean sartzeko aukera duenez, 600 elkartek Interneten bidez 90 diputatu hautagaien "zerrenda beltza" zabaldu zuten; batzuek kondenak ere baitzituzten ustelkeria-kasuen ondorioz. Zerrenda horretako berrogeita hemezortzi lagun ez zituzten diputatu aukeratu: kasu batzuetan, ia inork ere ezagutzen ez zituen diputatugaiek lortu zuten garaipena. Askwithek beste etapa osagarri bati ekiteko proposamena egin du. Batzorde parlamentarioek gai eztabaidagarriak nola landu ohi dituzten aztertu eta oso diagnostiko gogorra egin du: batzordekideek eta aurrerago aipatutako "adituek" baino ez dutela, benetan, hitza. Oso hiritar gutxik hartu ohi dute parte, gainera, eta gehienak erretiratuak eta langabetuak izaten dira, astearte arratsaldeetan baino ez baitituzte egiten bilerak. Hiritarrek ez dutenez jakiten zein gai aztertuko den, bilera bukaeran baino ez diete iritzia eskatzen, eta oso denbora laburra izaten dute hitz egiteko. Itxura-kontua da dena. Horrela, bada, Interneten dohain potentzialak nabarmendu nahi ditu Askwithek. Militante batzuk hasi dira jadanik Internet erabiltzen. Elkarrengandik urruti bizi arren, denak batera esertzen dira ordenagailuaren aurrean eta gai jakin bat aztertzen dute. Batzuetan, ehunka lagun biltzen dira hainbat egunez. Gaiak ongi aztertu eta gogoeta sakonak egin ondoren ateratzen dituzte ondorioak. Prozesu hori guztia oso merkea da, kontuan hartu behar baita denak leku berean elkartzea askoz ere garestiagoa izango litzatekeela. Hainbat galdera ditu Askwithek: Zergatik ez erabili prozedura hori? Zergatik ez egin zozketak hiritarren artean, batzorde horietan parte har dezaten? Horrela, iritzi publikoaren ikuspegiaren berri izango genuke. Benetan izango lirateke "herriaren ordezkariak" eta benetan entzun beharko litzateke hiritarren ahotsa. Demokrazia elektronikoaren beste apologista batzuek harantzago jo nahi dute: ez da aski baliabide teknologiko berriak herriaren ordezkaritza (krisiak jota dago, egiaz) zuzenagoa lortzeko erabiltzea. Zertarako behar ditugu ordezkariak? Marc Strassman demokrazia digitalaren aldeko kanpainaren3 zuzendaria dugu eta nahikoa sistema perfekzionatua sortu du iruzurrak saihesteko. Sistema horren bidez, edozein gairi buruzko ikuspegia emateko aukera izango lukete hautesleek: estatuak operazio militar jakin batean parte hartu behar duen ala ez, une horretan eztabaidatzen ari diren lege jakin baten edukia nolakoa iruditzen zaien... Strassmanen sistema hobetzeko aukera ere badago: iritzi guztien interpretazio informatikoa berehala egiteko modua bilatuz, alegia. "Gero eta desoreka handiagoa dago, batetik, kaleko jendearen eta, bestetik, politikari profesionalen eta horien bezeroen artean. Sistema horren bidez, ez litzateke inolako desorekarik egongo". Legegintzaren inguruko erabakiak hartu baino lehen, "ehun lagunen baino gutxiagoren iritziak eta ikuspegiak baino ez dituzte kontuan izaten, eta hainbat milioi lagunen usteei ez zaie jaramonik ere egiten, botere-metaketa horretatik at daudelako". "Zuzeneko demokrazia elektronikoa erabiltzea da onena. Posta elektronikoz milioika boto eman eta emaitzen arabera erabakiko litzateke zein bide hartuko duen Errepublikak". "Sarea oso boteretsua da, alde guzti-guztietara heltzen da eta oso erraz erabiltzeko modukoa da. Autogobernurako aukera emango liguke. Noizbehinkako demokrazia hau baztertu eta demokrazia iraunkorra finkatuko genuke", Santiniren ustez. Demokraziaren jatorria izan zen Atenaseko agora hura, 20.000 hiritarren ohiko bilgunea, berreskuratzea dute, nolabait, helburu. Estatu guztietako biztanleok agora horretan berehala eta etengabe biltzeko aukera izango genuke, denok konektatuz gero...
Ordezkaritza-sistema: ezinbestez erabili beharrekoa
"Ez du zentzurik", dio Jacques Attalik, Planetfinance4 izeneko mikrokreditu bidezko finantziazio-sare elektronikoaren sortzaileak. Attaliren ustez, agora ez da demokraziaren ideala, lehenik eta behin, ez baitzaio inori bururatu horrelako saiakuntzarik egiterik, ezta biztanle gutxiko herrixketan ere. Baina ordezkaritza-sistema, bere ustez, ezin da baztertu. Egia da krisiak jota dagoela, eta hala aitortzen du Patrick Viveret Transversales Science Culture aldizkariko kolaboratzaileak. Izan ere, bere iritziz, ordezkaritzatik boterearen delegaziora jo da, eta alditan boterearen konfiskaziora. Ildo horretan, hiritarren partaidetza behar-beharrezkoa da benetako ordezkaritza-sistema lortzeko, eta Sareak "kontuan hartzeko moduko aukerak eskaintzen dizkigu", Vivereten hitzetan. Halabaina, sarea "alternatiba global" bihurtzea "teknizismoan" erortzea litzateke, hau da, arazoak konpontzeko irtenbide teknikoak aski direla ustean erortzea, aktoreen borondatea edonolakoa dela ere", dio Viveretek. Demokraziak "adimen kolektiboaren" eraketa eskatuko luke. Gaur egun, iritzi-azterketei esker, berehala izaten dugu ikuspegi guztien berri eta, gero, Internet ("iritziaren demokrazia") erabiliko dugu horretarako. Baina ez da aski iritzi guztien berri izatea. "Hainbat ikuspegitako adituen esanak gune publikoetan entzun eta gogoeta egiteko astia izan beharko genuke", uste du Attalik. Gainera, "ekintza politikoei ere denbora eman beharko genieke, eraginkorrak direla erakusteko aukera izan dezaten", litekeena baita, hasieran inoren gogoko ez izan arren, gerora hiritarren onarpena lortzea. Attalik dioenez, "dena Interneten menpe utziz gero, kontraesanez betetako eta oso erraz aldatzeko moduko erabakiak baino ez lirateke hartuko. Berehalakotasunaren diktadura helduko litzateke".

Afrika: garapenerako telefonoak

KONEXIOAK

AFRIKA: GARAPENERAKO TELEFONOAK

Bamako-ko (Maliko) alkatea, Ibrahima NïDiaye, teknologia berrien alde dago, oso baliagarriak izango direla uste baitu etorkizunean afrikarrek demokrazian gehiago parte har dezaten.
Jasmina Sopova UNESCOren Albistariako kazetariak egin du elkarrizketa
Demokraziaren eta Interneten arteko loturak oso estuak al dira Afrikan?
Ez, oraintxe hasi baikara Internet zertxobait erabiltzen. Internet demokraziarako tresna izateko, sarea bera demokratizatu behar dugu, lehenbizi. Izan ere, munduko estatu guztietan hedatu da sarea, baina biztanleen %2k baino ez du erabiltzeko aukerarik. Afrikako estatu gehienetan, hiri handietako eliteen esku dago. Herrialde industrializatuen laguntza behar dugu Interneten erabilera hedatzeko.
Nolako laguntza behar duzue?
Gure errealitatea nolako den kontuan hartuta, ahalik eta azpiegiturarik merkeenak sortzen lagundu behar digute. Ez gabiltza limosna-eske, inbertitzaileek ziur-ziur lortuko baitituzte irabaziak. Horra hor, bestela, eskalako ekonomiaren datuak: munduko biztanleen %98k ez du sarerik. Milaka milioi lagun daude, beraz, sarerik gabe. Merkatu aparta dugu, biztanle horien ekonomia-maila edonolakoa dela ere. Hegoaldeko herrialdeentzat ona izango da hori guztia, teknologia berriak oso lagungarriak baitira informazioa hedatzeko. Eta informazioa funtsezkoa da demokrazia garatu ahal izateko. Elkartasuna ere aipatu behar dugu. Herrialde industrializatuek inbertsio handiak egiten dituzte demokrazia mundu osoan garatzeko. Eta Internet oso baliagarria da helburu horretarako. Beraz, zergatik ez lagundu guri ere bide horretan ditugun oztopoak gainditzen?
Zein oztopo dituzue, bada?
Analfabetismoa da oztoporik handiena eta larriena. Maliko biztanleen %50 inguru analfabetoa da. Zertarako hasi Internet hiritar guztien esku jartzeko ahaleginak egiten? Zertarako balio du horrek hiritarrek ez badakite irakurtzen eta idazten? Lehenik eta behin, alfabetatu egin behar ditugu denak, eta luzarorako lana izango da hori. Baina hor daude teknologiaren konponbideak ere. Ahots-sintesiei eta brailleari esker, itsuek arazorik gabe erabiltzen dute Internet. Zergatik ez sortu antzeko tresnak analfabetoentzat? Energiaren alorrean ere premia larriak ditugu: Maliko biztanleen %10ek baino gutxiagok du elektrizitatea. Eta horixe bera gertatzen da telefonoarekin ere. Beraz, ekipo egokiak erabili beharko ditugu, hasieran: adibidez, pilen bidez funtzionatuko dutenak.
Zein da partaidetza demokratikorik zabalena bideratzen duen komunikabidea Malin?
Irratia, ezbairik gabe. Analfabetismoaren mugak gainditzeko eta bertako hizkuntza nazionalak erabiltzeko aukera ematen du irratiak. Transistoreak txikiak eta merkeak dira, eta pilen bidez funtzionatzen dute. Etorkizunean telefono zelularrak beteko du egun irratiak betetzen duen funtzioa. Telefono eramangarrietan Internet erabiltzeko aukera izango dugu laster, eta aurrerapauso azkarragoak emango ditugu, orduan.
Baina Interneten sarbidea izango duten telefono eramangarriak oso garestiak izango dira...
Bai, baina irratiak ere oso garestiak ziren, hasieran. Orain ezinezkoa irudituko zaigu, agian, Afrikan telefono eramangarriak barra-barra hedatuta ikustea. Baina teknologiak oso azkar garatzen dira eta, garatu ahala, prezioak ere ziztu bizian merkatzen dira. Politikarien borondatea eta enpresen konpromisoa erabakigarriak izango dira Afrikan horrelako teknologiak garatu ahal izateko.
Demagun Internet oso hedatuta dagoela, jadanik, Malin. Nolako ondorioak eragingo lituzke bizimodu demokratikoan?
Sareari esker, hiritarren partaidetza handiagoa izango litzateke. Internetek irratiak baino askoz ere aukera gehiago ematen ditu norbere iritzia emateko eta informazioa lortzeko. Hauteskundeetan, bestalde, bi arazo handi konponduko genituzke, boto informatizatuaren bidez: emigranteen partaidetza (maliarren %20-25) eta herrixketako biztanleen partaidetza, batzuetan 20 edo 30 kilometro ere egin behar izaten baitituzte hauteskunde-mahaira joateko. Esanak esan, Maliko biztanleek ez dute botatzeko joera handirik. Eta aipatutako arazoak ez dira jarrera horren eragile nagusiak. Itxuraz, maliarrek jadanik ez dute konfiantzarik agintari politikoengan. Eta ezin dugu Internetera jo motibazio-falta horri aurre egiteko.

Margarita Salas, zientzialari zorrotza

ELKARRIZKETA

MARGARITA SALAS, ZIENTZIALARI ZORROTZA

Margarita Salas, biologia molekularraren aitzindari espainiarra, ez dator bat aurkikuntza zientifiko berriek eragindako ikuspegi alarmistekin. Aitzitik, oso baikorra da.
Luc¡a Iglesias Kuntz NESCOren Albistariako kazetariak egin du elkarrizketa
Giza genomari buruzko ikerketen emaitzak ezagutzera eman behar direla uste duzu?
Ezin dugu sekuentziaren oinarrizko ezagutzarik patentatu. Ez dago gure gorputzaren ezaugarri biologikoak patentatzerik, eta legeak ere ez du horrelakorik egiten uzten. Baina gure geneei buruzko ezagutzen ondoriozko aplikazioak, ordea, patentagarriak dira. Celera Genomics enpresa estatubatuarrak eman omen ditu urratsik handienak giza genomaren sekuentzia osoa osatzeko bidean. Prentsako berrien arabera, sekuentzia finkatuta dauka, jadanik. 50 milioi ADN "zatitxo" finkatu ditu, beraz, baina elkartu egin behar ditu eta "puzzlea" osatu. Hiruzpalau astetan egingo omen dute hori, baina, agian, ez da hain erraza izango. Bestalde, zenbait estatutako lan-taldeak bat eginik ari dira helburu hori lortzeko asmoz: estatu horietako osasun publikoko institutuek koordinatzen dituzte guztiak. Ez daude, ordea, hain aurreratuta, eta beste bi urte behar izango dituzte, ustez, sekuentziazio osoa lortzeko. Dena den, zehaztasun handiagoz ari dira lanean, eta sekuentziak hurrenez hurren ari dira finkatzen. Horrela, denak bukatutakoan, zehatz-mehatz jakingo dute non dagoen bakoitza. Celera Genomics sekuentziak patentatzen saiatu zen, hasieran. Baina kontrako jarrerak ugariak izan ziren oso, eta izen handiko hainbat zientzialarik ere -besteak beste, Zientzien Akademia Amerikarraren eta Erresuma Batuko Royal Societyren lehendakariek- gogor egin zuten geneen sekuentziak patentatzearen kontra. Bill Clintonek eta Tony Blairrek ere protesta egin zuten. Dirudienez, aipatutako enpresak atzera egin du eta emaitzak jakinaraztea erabaki du. Dena den, sekuentzia horiek gaixotasun jakin batzuk sendatzeko izango dituzten erabilerak patentagarriak izango dira.
Zientzia ez al da gehiegi merkantilizatu?
Bai, hala da, neurri batean. Mugak jarri behar dira, bestela merkantilizazioa neurriz kanpokoa izango baita. Klonazioaren inguruko kasu interesgarri bat aipatuko dizut. Wisconsineko unibertsitateko (Estatu Batuetako) ikerketa-institutu batek aurkikuntza garrantzitsua egin du: enbrioietan zatiketa batzuk eginez, ama-zelulak direlako horiek lortzen dira. Eta ama-zeluletatik abiatuta, hainbat ehun-mota bereizteko aukera ere badago. Hori oso baliagarria izango litzateke transplanteak egiteko. Baina, oraingoz, enpresa pribatuek baino ez dituzte finantzatzen horrelako proiektuak. Izan ere, Estatu Batuetako lege baten arabera, ezin da diru publikorik erabili giza enbrioietan oinarritutako ikerketa-lanak finantzatzeko. Oso arriskutsua iruditzen zait horrelako lanak enpresa pribatuen esku uztea, prozedurak patentatzeko aukera izango baitute eta, ondorioz, ordaindu egin beharko dugu transplanteak egin ahal izateko, eta ziur aski, asko ordaindu beharko dugu, gainera. Diru publikoa erabiltzeko aukera balego, ez litzateke horrelako monopoliorik sortuko.
Estatu Batuek behar beste inbertitzen dute oinarrizko ikerketa-lanetan?
Ezin da orokorrean hitz egin. Estatu Batuetan eta Europako estatu garatuagoetan BPGaren %2 edo %2,5 inguru erabiltzen dute ikerketa-lanetarako, eta batzuetan ehuneko handiagoak ere bai. Espainia da ikerkuntzarako diru gutxien ematen duen Europako estatuetako bat: BPGaren %0,9, hau da, Europako Batasuneko batez bestekoa baino puntu bat gutxiago. Bide luzea dago, beraz, egiteko. Ez da komeni enpresak izatea finantziazio pribatuaren iturri bakarrak. Fundazioetara edo hiritarren banakako laguntzetara ere jo behar da. Estatu Batuetan, adibidez, ikerketa-lanetarako dirua emanez gero, abantaila ugari izaten dira zergen alorrean. Eta Espainian ez dago horrelakorik. Zerga-neurriak hartu behar dira, hiritarrek ere dirulaguntzak emateko aukera izan dezaten.
Zergatik da arriskutsua enpresa pribatuak izatea finantziazio-iturri bakarrak?
Emaitzak ezkutuan utzi eta patentatu egingo lituzketelako, agian. Beraz, patenteak erosi egin beharko lirateke, erabili nahi izanez gero.
Lehiakortasun izugarria dago zientziaren alorreko ikerkuntzan. Ez al dago elkartasunerako aukerarik? Ez al dago elkarlanean aritzerik?
Lehenik eta behin, Ramon y Cajalen garaian ez bezala, orain zientzialariek inoiz ez dute bakarrik lan egiten. Beti sortzen dira kidetasunak eta ezinikusiak, baina taldean egin behar izaten da lan, nahitaez. Ikerlari batek ezin du nazioartean aurrera egiteko jorratu behar diren alor guztietara heldu. Europako Batasunean, adibidez, gero eta gehiago jotzen da elkarlanera, hainbat estatutako zientzialariz osatutako taldeei ematen baitzaizkie laguntza gehienak. Beraz, elkar hartu eta denek batera ekin behar izaten diote lanari. Baina esparru pribatuan, zientzian punta-puntakoak diren alorretako enpresak besteei aurrea hartzen saiatzen dira, interes ekonomiko handiak baitaude jokoan.
Eta zertan da Iparraldea/Hegoaldea ardatza? Izugarrizko aldea dago Estatu Batuen, Europaren, Japoniaren eta gainontzeko estatuen artean. Zientzialariak saiatzen al dira alde handi hori murrizten?
Noizbehinkako elkarlanak eta hegoaldeko zientzialarien partaidetza ere izaten duten nazioarteko kongresu handiak ditugu topagune bakarrak. Baina arrazoi instituzionalen ondorioz antolatzen dira horrelakoak, eta ez mugak hausteko borondate politikoa dagoelako.
Zergatik ematen digu beldurra klonazioak?
Gizakia klonatzeko aukera ekartzen digulako burura. Zientzialariak zoratu egingo direla pentsatzen dugu, gizaki kloniko oso leloak edo oso azkarrak sortzen eta sortzen hasiko direla... Zentzugabekeria hutsa da hori. Teknikak ez dira horrenbeste garatu; oraindik ez dago gizaki klonikoak sortzerik. Dena den, jakin badakigu behin edo behin lortuko dela. Baina, ba al du zentzurik gizaki berdin-berdinak sortzen hasteak? Duela hogei urte baino zertxobait gehiago hasi ginen in vitro ernalketaz hitz egiten. Gogoratzen al duzu zer esaten zuen jendeak? "Ernalketa-mota hori ez da normala! Auskalo nolako haurrak jaioko diren. Ziur aski munstroak!" Edozer esaten zuten. In vitro ernalketaz jaiotako lehen haurrak 23 edo 24 bat urte ditu jadanik, eta neskato normala da. Hainbat eta hainbat in vitro ernalketa egin dira ugalkortasun-arazoak konpontzeko. Zer egin dio teknika horrek gizateriari, kalte ala mesede?
Klonazioaren alde zaude, beraz?
Zenbait bereizketa egin behar ditut, berriro. Ez dut inondik inora onartzen klonazioa gizakiak sortzeko erabiltzea, eta, izan ere, erabilera hori legez kontrakoa da. Baina giza zelula bakan batzuk klonatu eta medikuntzan erabiltzeko moduko ehunak lortzea erabat onargarria iruditzen zait. Animalien klonazioaren aldekoa ere banaiz, beti ere helburu terapeutikoetarako edo sendagaiak egiteko erabiltzen bada. Adibidez, ardi batzuei gene jakin bat (transgenea) sartuz, ardi klonikoak sortzen dituzte. Ardi kloniko horiek IX faktore ugari sortzen dituzte. IX faktorea funtsezkoa da odola koagulatzeko eta hemofiliaren kontrako tratamenduak egin ahal izateko.
Beharrezkoa al da zientzia-ikerketei mugak jartzea okerreko erabilerarik egin ez dadin?
Zientzialariak beti ari dira esaten euren aurkikuntzak ez direla gizateriari kalte egiteko erabili behar. Bestalde, azken hamar urteotan, bioetikaren inguruko batzorde ugari sortu dira mundu osoan, eta zientzialariak ere izaten dira kideak, interes handia baitute gai horretan. Besteak beste, transplante edo errefus arazoen kontrako ehunak lortzea da klonazioaren funtsa. Jaioberrien zilborresteko zelulak gordetzea ere proposatu izan da, gero, ama-zeluletatik abiatuta horrelako ehunak sortu ahal izateko. Ehun-transplantea egin behar izanez gero, nork bere zelulak izango lituzke eta ez litzateke errefus-arriskurik egongo. Oso ondorio onak izango genituzke, beraz.
Protesta biziak sortu dira genetikoki aldatutako organismoen inguruan. Zein da zure iritzia?
Ezjakintasunak eragindako beldurrak dira. Natura berez aldatzen da, pixkanaka-pixkanaka, moldatzeko. Eta laborategietan azkarrago lortzen dituzte aldaketa horiek. Nekazariak betidanik saiatu dira landareen arteko nahasketa genetikoak egiten lur lehorretarako, gazietarako... haziak lortu ahal izateko. Lan nekeza eta luzea izan ohi da, baina inork ez ditu gaizki hartzen haziak genetikoki aldatzeko ahalegin horiek. Mentuak ere aldaketa genetikoak dira funtsean, eta jendeari ez diote beldurrik ematen... Bada horixe bera dira landare transgenikoak. Landareek 50.000 edo 100.000 gene inguru dituzte: beste gene bat edo bi sartzen dizkiete intsektuei, birusei edo lur gaziei aurre egiteko gai izan daitezen. Egunetako edo aste batzuetako lana izan arren, oso erraza da, ordea. Zergatik ematen du beldurra? Jendeak ez dakielako zertan datzan. Gainera, orain arte sortutako landare transgeniko guztiei kontrolak egin dizkiete merkatura atera baino lehen. Ongi iruditzen zait landare transgenikoetatik datozen janariei etiketak jartzea, kontsumitzaileek nahi duten aukera egin dezaten. Landare transgenikoetatik datozen janariek ez dute inolako arriskurik; nik, behintzat, lasai asko jango nituzke.
Zein dira organismo transgenikoen alde onak?
Landare transgenikoek alde onak baino ez dituzte gizakiontzat. %35 uzta gehiago lortzen duen arroz transgenikoa sortu dutela irakurri nuen lehengoan... Bistakoa da nolako eragina izan dezakeen horrek goseteak jasaten ari diren estatuetan. Horrelako haziak patentatuta daude, baina luzarora beti jakiten da nolako ezaugarriak dituzten, eta merkatu egiten dira. Duela gutxi, Norman Borlaug ingeniari agronomoa izan dugu hemen. Borlaugek Nobel Saria irabazi zuen 1970ean, laboreak lurzoru lehorretara egokitzeko sistemen inguruan egindako lanengatik. Landare transgenikoen defendatzaile sutsua da: asko kostatu zitzaion lur lehorretan landareak ernalaraztea, eta landare transgenikoen kontrako jarrera zentzugabea dela uste du.
Zure ustez, zientzialariak onak dira berez, ezta?
Zientziak, oro har, ez du okerreko biderik hartu. Aitzitik, bide onetik doa. Gizateriari mesede baino ez dio egin nahi. Klonaziorako edo transplanteetarako teknika berriak onerako izango dira. Ez dago beldurtzeko arrazoirik, ezta hurrik eman ere.
Zer egin dezakete zientzialariek mezu hori hedatzeko?
Gehiago dira gai humanistikoetan interesa duten zientzialariak, zientzian interesa duten humanistak baino. Zientzia ulertzea oso zaila dela pentsatu ohi dute azken horiek. Espainiako Institutuaren lehendakaria naiz (zortzi akademiak osatzen dute), orain. Hitzaldi-zikloak antolatzen ditugu fisika, matematika, genetika eta antzeko gaiak jorratzeko. Hitzaldi zientifikoak izaten dira, baina ulerterrazak, hau da, entzuleek ongi ulertzeko moduko lengoaia erabiltzen du beti kasuan kasuko zientzialariak. Dibulgazio-lan handiagoa egin behar da, eta taxuz, gainera. Zientzialariek obligaziotzat hartu beharko lukete hori, lan gehiago egin behar izan arren.
Zein alorretako ikerketei emango zaie lehentasuna, zure ustez, mende honetan?
Nire ustez, burmuina da alorrik garrantzitsuenetakoa. Burmuinaren nondik norakoak argitzea da egiteke dugun lanik funtsezkoenetakoa. Zergatik pentsatzen dugu? Zergatik hitz egiten dugu? Zein dira gure adimenaren mekanismo molekularrak?... Jende asko ari da lanean galdera horiei guztiei erantzun ahal izateko. John Maddox-ek, hainbat urtez Nature aldizkariko argitaratzailea izan denak, beti esan izan du gizakiak berebiziko gaitasun intelektuala duela eta, egunen batean, aurkikuntza guzti-guztiak egitea lortuko duela.
Eta aurkikuntza guztiak egindakoan ez al gara aspertuko?
Guk biok ez dugu hori ikusiko. Adibidez, aipatu dizudan giza genomaren sekuentziazioa "hasieraren bukaera" baino ez da izango. Sekuentzia osoa finkatu ondoren, 100.000 gene horietako bakoitzak zertarako balio duen eta zein funtzio dituen argitu behar da. Ustez, ehun urte inguru beharko dira lan hori burutzeko. Beraz, ez dut uste aspertzeko astirik izango dugunik.
Hogeita hamar urte daramatzazu Phi-29 fagoa aztertzen. Zer da Phi-29 fagoa?
Bacillus subtilis bakterio ez-patogenoa kutsatzen duen birusa da. Bacillus subtilisa dezente erabiltzen da bioteknologian. Bakterioa suntsitu egiten da kutsatu ondoren, baina gainontzeko organismoetan ez du inolako ondoriorik eragiten. Phi-29 fagoa sinplea da, eta erraz manipulatzeko modukoa. Hogei gene baino ez ditu, eta kontuan izan giza genomak 100.000 dituela. Dena den, birus hori kontrolatzeko mekanismoa nahikoa konplexua da eta, beraz, eredutzat har daiteke. Hau da, gure azterlanen ondorioak baliagarriak izaten dira animalien edo organismo konplexuagoen birus-sistemetarako. Phi-29 birusaren proteina eta beste birus "txar" batzuen proteinak oso antzekoak dira. Horren adibide ditugu poliomielitisa, B hepatitisa eta C hepatitisa sortzen dituzten birusak.
Zein lorpen profesional izan dira zuretzat pozgarrienak?
Bi nabarmendu behar ditut. Bata guztiz pertsonala izan zen: Severo Ochoaren laborategian lanean ari nintzela, bi proteina berri aurkitu nituen, eta proteinen sintesiari ekiteko behar-beharrezkoak ziren biak. Oso aurkikuntza garrantzitsua izan zen, eta oso pozgarria niretzat. Izan ere, denbora gutxi neraman horretan eta bakarrik egiten nuen lan. Bestea taldean egindako aurkikuntza izan zen, jadanik Espainian nengoela: aztertzen ari ginen birusaren azido nukleikoari lotutako beste proteina bat aurkitu genuen, eta birusen ADNaren erreplika egiteko funtsezkoa zela frogatu genuen. Bi proteina-mota aurkitu ditut, beraz, nire bizitza zientifikoan: batzuek proteinen sintesia egiteko balio dute eta besteek erreplikak egiteko.
Eta zerk eragin dizu etsipenik handiena?
Ez dago egunero arrakastak lortzerik. Behin edo behin, beti geratzen zara etsipenak jota. Batzuetan, esperimentuek huts egiten dute eta, beste batzuetan, irtenbiderik gabe geratu eta bide berriak bilatu behar izaten dituzu. Baina arazotxoak baino ez dira izaten. Inoiz ez dut halako etsipen handirik izan. Gainera, baikorra naiz, berez.
Gizonezkoek eta emakumezkoek berdin egiten al dituzte ikerketa-lanak?
Hogei urte baino gehiago eman ditut irakaskuntzan. Doktoretza eta doktoretza osteko ikasketak egiten ari ziren neska-mutilak ezagutu ditut eta ez dut uste inolako alderik dagoenik sexuen artean. Emakumeak lasaiagoak eta pazientzia handiagokoak izan dira, oro har, eta gizonek emaitzak azkarrago eskuratzen saiatzeko joera izan dute. Baina, orain, hezkuntzari esker, emakumeok argi ikusi dugu ezin diegula gizonei aurrea hartzen utzi eta ez dugula zertan izan haiek baino pazientzia handiagoa. Gorabehera txiki horiek alde batera utzita, ez dut uste inolako alderik dagoenik gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Demagun emakume batek zientzia-ikerkuntzan hasteko gogoa duela. Zer esango zenioke?
Berdin dio neska edo mutila izan. Aholku bera emango nieke biei: zientzia-ikerkuntza benetan gogoko badute, buru-belarri aritu beharko dutela horretan. Ez dago erdizka ibiltzerik. Bete-betean murgildu behar da zientzia-ikerkuntzan. Eta horretarako prest egonez gero, aurrera! Esan bezala, bizitza osorako zeregina da.
ZIENTZIARI EMANDAKO BIZITZAK
Suediako Akademia, 1901ean, zientzien Nobel Sariak ematen hasi zenetik, 11 emakumeri eta 435 gizoni eman dizkiete horrelako sariak. UNESCOk eta Europako Batzordeak hainbat proiektu bideratu dituzte zientzia-ikerkuntzan emakumeen partaidetza handiagotzeko asmoz. Baina, arazoak arazo, zenbait emakume aitzindariren konpromisoari esker, zientzia-ikerkuntza hasi da horiei ere ateak irekitzen. Margarita Salasen ustez, "emakumeek lan-munduan eta gizartean erabat inplikatzea lortuko dute laster eta, ondorioz, euren iritziari jaramon egin beharko zaio maila eta egoera guztietan. Eta ez da izango kuota-kontua. Emakumeentzako kuoten kontra nago, guztiz. Geuk eskuratu behar dugu berez dagokigun lekua". Margarita Salasek eskuratu du leku hori, bere lanean buru-belarri arituz eskuratu ere. "Beste zaletasun batzuk ere baditut: musika, artea... Kontzertuetara eta erakusketetara joaten naiz, baina ikerkuntza da nire bizitzaren ardatza". Salas Caneron (Asturiasen) jaio zen, 1938an. 16 urte zituela, "aurkikuntzarako grinak" eraginda, Madrilera joan zen kimika-ikasketak egitera. Handik hiru urtera ezagutu zuen Severo Ochoa, familia-bazkari batean. Hurrengo urtean, medikuntzako Nobel Saria eman zioten Ochoari. Berak bultzatu zuen doktoretza-tesia Madrilen egitera. Gero, New Yorkera joan zen, Ochoaren laborategian lan egitera. Biologia molekularreko aditu horren curriculumak 24 orrialde ditu: bi aldiz izendatu dute honoris causa doktore eta 200 ikerlan eta testu baino gehiago argitaratu ditu zientzia-aldizkarietan. UNESCOren Carlos J. Finley Saria (1991), Jaime I.a Ikerketa Saria (1994) eta Correo komunikazio-taldearen Giza Balioen Saria (1998) irabazi ditu. 1995 geroztik, Espainiako Institutuaren lehendakaria da. 1999ko urtarrilaren 10ean, urteko zientzialari europar onenaren Unesco-LïOreal saria eman zion Parisen Koichiro Matsuurak, UNESCOren zuzendari nagusiak. Guztira 34 izangai ziren eta kontinente bakoitzeko zientzialari bati eman zioten saria. http://www.forwomeninscience.com
2000-12-31
16349487
2421