UNESCOren Albistarien Fitxa
Aurkibidea
Aurkibidea 2001eko uztaila-abuztua-iraila HAN ETA HEMEN Bide guztiak botorantz doaz Testua: Haya al-Mughni; Argazkiak: Isabelle Eshraghi GURE PLANETA Koral setiatuak Christl Denecke Arrezifeetan patruila-lanetan John C. Ryan ALE HONETAKO GAIA Teknologiak intimitateari erasoka Zelatari bat hozkailuan Simon Davies Giza eskubideen senide txiroa S.D. Japon: espioitzarako zalekeria Michel Temman eta Yves Bougon Interneten bitartez, bezeroa agerian Catherine Maussion Intimitatearen negozioa Evan Hendricks Iraultza isila Suelette Dreyfus Sekretu genetikoen babesa Amy Otchet James To: aukera-askatasuna Glenn Schloss Ezohiko ituna pribatutasunaren alde David Banisar Ixo! Zelatan ari dira Duncan Campbell Kamerak engainatzen Jack Cheshire BSK, niet esan zuen hornitzailea Anne Nivat GELA IREKIA Kanada: ikasgela informatizatuen herrialdea Sean Fine Eskola eta teknologia: Hausnarketaren garaia Elkarrizketa: Edwyn James ASKATASUNAK Otpor: gazteria Milosevic-en aurka Christophe Chiclet KULTURAK Paperezko piratak Luc¡a Iglesias Kuntz Txile: haserrearen liburuak Francisca Petrovich KOMUNIKAZIOA Gerra egongelan Shiraz Sidhva ELKARRIZKETA Spojmai Zariab: Afganistango amesgaiztoaren aurkako idazlea
Azala
Ale honetan
ALE HONETAN Teknologiek aurrera egiten duten heinean, gure intimitatearen mugek atzera egiten dute. Zenbait agintarik adierazi duenez, gizarte modernoetan prezio hori ordaindu beharko dugu hazkuntza ekonomikoa eta segurtasuna bermatzearren. Baina gero eta hiritar gehiago da sinesgaitz. Gorde dezagun geure bizitza pribatua, diote, punta-puntako teknologiaren "gizarte zelatarian" esnatu aurretik. Gogor egiteko metodorik ez da falta. Legeak, teknika, militantzia-ekintzak, multimedia, umorea... dena da zilegi geure lorategi ezkutua eta gura askatasuna gordetzeko. Hitza Urtero ospatzen da, martxoaren 18an, Emakumearen Urte internazionala. Baina badago zer egitekorik eskubide guztiak onar dakizkien. Kuwait-eko emakumeak borrokan dihardute beren iritziak boto-kutxetaraino hel daitezen (4-9 orr.). Afganistango emakumeen artean Spojmai Zariab idazleak hitza du arma bakarra talibanen erregimen pean emakumeek sufritzen duten zapalkuntza salatzeko eta herriak bizi duen amets gaiztoaren kontra borrokatzeko (47-51 orr.). Hitza ere baliatu zuten Optor (serbieraz Erresistentzia) mugimenduko neska-mutilek beren gurasoak esnarazteko eta Milosevic-en diktadurarekin bukatzeko (38-40 orr.). Teknika Garapen ekonomikoa edo kriminaltasuna aitzakiatzat hartuz, teknologia berriek gure bizitza pribatua erasotzen dute (16-37 orr.). Teknologia horrek berak errazten du gerrako kazetariek unean uneko informazioa helarazteko bidea, baina egia ez da beti ateratzen garaile (44-46 orr.). Teknikaren tresna berriak arma arriskutsu dira liburu piraten egileen eskutan, beren egileei eskubideak ukatuz, liburuak merke saltzen baitituzte (41-43 orr.). Kanadako eskola guztietan daude teknologia berriak, nahiz eta ikasleak oraindik hartara jarri ez diren (13-15 orr.). Eta mugarik gabeko erabilpenak klimaren berotzea areagotzen du, koralezko arrezifeekin bukatzeraino, gure planetako itsaspeko aberastasun handienetakoa izanik (10-12 orr.)
Bide guztiak botorantz doaz
HAN ETA HEMEN
Bide guztiak botorantz doaz
Golkoko Gerra amaitu zenetik, Kuwaiteko emakumeek aurrerapauso handiak egin dituzte botorako eskubidea lortzeko kanpainan, eta horren alde ari dira ekintzaile islamiar sutsuenak ere.
ARGAZKIAK: ISABELLE ESHRAGHI; TESTUA: HAYA AL-MUGHNI
Isabelle Eshraghi argazkilaria da, frantsesa. Haya Al-Mughni, berriz, soziologoa, kuwaitarra, eta Women In Kuwait: the Politics of Gender liburuaren egilea (London, Saqi Books, 2001).
Duela berrogeita hamar urte arte, Kuwaiteko oso emakume gutxik jasotzen zuen heziketarik, azal-azaleko erlijiozko heziketa ez bazen. Familia aberatsetakoak etxeko patioan sartuta bizi ziren, leihorik gabeko etxeko aldean gordeta, euren ahotsak kanpotik entzun ez zitezen. Familia xumeagoko emakumeen egoera zertxobait jasangarriagoa zen: batzuek emagin egiten zuten lan, edo ezkontzagin, jostun edo koranaren irakasle; beste batzuk, berriz, saltzaile ibiltari aritzen ziren, edo herriko azokan salmenta-postua zuten. Hala ere, emakume guztiek estali egin behar zuten euren burua jendaurrean, nahitaez: gorputzerako, mantu beltz luzea jantzi behar zuten (abbayat deritzona), eta aurpegia estaltzeko, berriz, belo lodi beltza ( boshiat delakoa). Kuwaiteko egoera aldatu egin zen, ordea: merkataritzaren menpe zegoen marinel-herrialde txiki bat izatetik petrolioa ekoizten duten herrialde nagusietako bat izatera pasatu zen; eta horixe izan zen ondorengo aldaketa guztien hazia. Zabalkuntza ekonomiko hain azkarrak eskulan eskolatuaren beharra sortarazi zuen, eta estatuak herritar guztien eskueran jarri zuen hezkuntza. Emakumezko eskolatuak modernitatearen ezaugarri bihurtu ziren, tradiziozko belo beltza kendu egin zuten, unibertsitatera joan ziren eta lan-merkatuan gizonezkoekin norgehiagoka aritu ziren. 90eko hamarkadan, Kuwaiteko eskulan potentzialaren %35 emakumezkoak ziren, eta gehien-gehienak irakasle, mediku, ingeniari eta abokatu lanetan aritzen ziren. Aurrerapauso ikusgarri horiek eginda ere, Kuwaiteko emakumeak norbere familiako kide huts gisa baino ez ditu hartzen legeak gaur egun; eta ama, alaba edo alargun diren, halako eskubide eta betebeharrak aitortzen dizkie. Konstituzioak berak ez du inolako ezberdintasunik ezartzen gizonezkoen eta emakumezkoen artean herritartasun-eskubideei dagokienez, baina konstituzioaren esparruan promulgatutako zenbait lege, ordea, diskriminatzaileak dira. 1962ko Botorako Legeak, adibidez, gizonezkoei baino ez die aitortzen botoa emateko eta hauteskundeetara aurkezteko eskubidea. Golkoko Gerraren ondoren, Kuwaiteko emakume-mugimenduak arazo horixe ardatz hartu eta militante feminista islamiarren eta liberalen arteko aliantzarako oinarriak finkatu zituen. Sufragistek eskubide politikoak aitor ziezazkieten nahi zuten, eta euren eskaera justifikatzeko, emakume kuwaitarrek Iraken okupazio garaian erakutsitako portaera heroikoaz baliatu ziren. Izan ere, okupazioak iraun bitartean Kuwaiten gelditu ziren emakumeek ere parte hartu baitzuten erresistentzia armatuan, bai eta euren bizia arriskuan jarri ere kontrol militarretatik janaria, dirua eta botikak ezkutuan pasatuz. Horretan atzemandako asko eta asko torturatu egin zituzten, eta heriotza-zigorra jaso zuten. Parlamentuak -oso-osorik gizonezkoez osatutakoak-, ordea, sakrifizio horiek guztiak ahaztu eta bere horretan jarraitu zuen, emakumezkoei herritartasun-eskubide guztiak aitortzeko mesfidati. 1999ko azaroan, islamiarrez eta tribalistez osatutako koalizio batek Kuwaiteko subiranoaren (hots, Jaber Ahmed Al Sabah xekearen) dekretu bat baliogabetzea lortu zuen. Dekretu horri jarraiki, emakumeek parlamentuko eta udaletako hauteskundeetan hautagai izateko eta botoa emateko eskubidea izango zuketen. Aurkakoek erlijio-legearen interpretazio murriztaileei heltzen diete emakumezkoei herritartasun-eskubideak ukatzeko. Baina bene-benetako arrazoia bestelakoa dute: ekonomiaren geldialdia dela-eta sortu zaien larritasun sakona, hain zuzen. Langabezia goraka doa, gero eta gazte kuwaitar gehiago dago lanik gabe, eta horrek gizonezkoaren nortasuna eta familia mantentzeko duten gaitasuna nolabait urratzea eragin du. Gizontasuna krisian dago. Emakumezkoak nagusitzen ari dira lan-merkatuko hainbat sektoretan; baina ez hori bakarrik, gobernuan eta industrian ere aginte-postuak dituzte. Emakumezkoak dira, adibidez, Kuwaiteko Unibertsitateko errektorea, Goi-Hezkuntzako ministerioko idazkariordea eta petrolio-industriako zuzendari gerentea. Emakumezkoek botoa emateak gizonezkoen nagusitasuna ahuldu eta emakumeek arlo publikoan duten boterea indartuko luke. Horrela, beraz, 1990eko hamarkada osoan, bai islamiarrak eta bai haien alde egiten duten beduinoak hamaika argudioz baliatu dira emakumezkoak tradiziozko identitatean gordeta jarrai dezaten lortzeko. Euren ustez, dibortzio-kopuruak gora egitea eta haur-delinkuentzia areagotzea, besteak beste, emakumezkoek betiko eginkizunak utzi izanaren ondorio dira. Islamiarren eta tribalisten koalizioak behartu ere egin zuen parlamentua ama izan eta etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeei behar baino lehen erretiratzeko eskubidea emango zien legea onartzera, gizonezkoentzat enpleguak libre uzteko. Kuwaiteko emakumeak, ordea, ez daude atzera egiteko prest. Lehen aipatutako dekretua baliogabetu ondoren, militante feministek sei kereila aurkeztu zituzten Barne-ministerioaren aurka, botoa emateko erroldan izena ematen ez uzteagatik. Horren guztiaren helburua Botorako Legea aldaraztera behartzea zen. Hezkuntza funtsezkoa izan da: emakumeek euren buruaz eta gizartean duten egitekoaz zuten ikuspegia aldarazi du. Emakume islamiar sutsuenak ere emakumezkoek botoa emateko eta eremu publikoan parte hartzeko eskubidea izatearen aldekoak dira. Emakumezko militante liberalek itunak egin zituzten gizonezkoen talde demokratikoekin. Islamiarrek, berriz, nahiago izan zuten erlijio-mugimenduetatik bertatik ekin, mugimendu horiexek ari baitira duela ia bi hamarkadatik day"at lanetan (predikari lanetan, alegia), neskatxak Islamera aldatzen eta gizarte moralaren bertuteak goratzen, eta eurek lortu baitzuten belo islamiarra herritarren artean hedatzea. Egiaz, mugimendu islamiarretan parte hartzeari esker lortu dituzte emakumezkoek botere-modu berriak eta horri esker dira orain ikusgaiak gizartean. Ama eta hezitzaile gisa duten egitekoa idealizatzeak emakumeek euren etxean duten agintea indartu du. Eta, aldi berean, emakume islamiarrek emakumezkoen begirunea goresteak gero emakume horiek foro guztietan begirunez hartu izatea eragin du. Emakumezko militante islamiarrek gizonezkoen amets bera dute: erlijioak gidatutako gizarte islamiarra lortzea, hain zuzen. Baina gizarte ideal hori oso bestelakoa irudikatzen dute bi-biek. Gizonezkoek irudikatutako gizarte matxistan emakumeek ez dute bozkatzeko eskubiderik, ez eta gorputzak ezarritakoak beste egitekorik. Emakumezkoek, berriz, gizarte islamiarraren eta gizon nahiz emakumezkoei dagozkien eginkizunen ikuspegi autonomoagoa dute. Erlijio-mugimenduetan lan egiteak emakumezkoen eskubideei buruz eztabaidatzea ahalbidetu die, bai eta feminitate islamiarraren bestelako eredua sortzea ere. Kuwaiteko emakumezkoen mugimenduak argi-argi islatzen du emakumeek sexuen arteko berdintasunaren aldeko borrokan dituzten helburu- eta aukera-aniztasuna. Funtsezko datuak
Populazioa: 2 milioi. Azalera: 18.000 km2. Alfabetatze-tasa: Emakumezkoak: %78,5. Gizonezkoak: %83,2. BPG biztanleko, dolarretan: Emakumezkoak: 13.347. Gizonezkoak: 34.466. Iturriak: Mundu Bankua, PNUD (1998, 1999). Datak
1899: Protektoratu-hitzarmena sinatu zen Britainia Handiarekin. 1961: Kuwaitek independentzia osoa lortu zuen. 1990eko abuztua: Irakeko armadak Kuwait inbaditu zuen. 1991ko otsaila: NBEko eta Ameriketako Estatu Batuetako indar armatuen koalizioak Kuwait askatu zuen. 1994: Kuwaiten subiranotasuna, lurralde-osotasuna eta nazioarteko mugak aintzat hartzen dituela jakinarazi zion Irakek NBEri.Koral setiatuak
GURE PLANETA
Koral setiatuak
Kutsadurak, neurriz gaineko arrantzak eta Lurraren berotzeak eraginda, koral-arrezifeak, milioika gizakirentzat hil edo bizikoak diren horiek, hiltzen ari dira, izutzeko moduko abiadan hil ere.
CHRISTL DENECKE
Coral Reef Alliance Erakundearen programaren ikertzaile laguna (Berkeley, Kalifornia).
Itsas biologiako adituek berriki Balin egindako bileran diagnostiko kezkagarria egin zuten koralezko itsaspeko baso polikromoen egoerari buruz: giza jardueraren ondorioz, baso horien laurdena baino gehiago suntsitu egin da azken hamarkadetan. Egungo erritmoan jarraituz gero, gure belaunaldikook formazio horien %57, gutxienez, galdu egin dela ikusiko dugu geure begiz. Suntsiketa horrek badu bestelako eraginik, gainera: Asiako Hegoaldeko eta Asiako Hego-ekialdeko, Ekialdeko Afrikako eta Karibeko 500 milioi lagun elikagairik gabe gera litezke, gaitzik gabeko arrezife batek urtean 15 tona arrain eta itsaski eman baititzake kilometro karratuko, 2.500 lagun mantentzeko beste. Itsasertzean bizi direnek behar-beharrezkoak dituzte euren arrezifeak, haiei esker erakarriko baitute turismoa, sustatuko arrantza eta higaduratik eta ekaitzetatik babestuko kostaldea. Uharte Birjina Britainiarretan, adibidez, diru-sarreren %45 eta lanpostuen erdia baino gehiago turismoaren baitan dago. Arrezifeengatik ez balitz, ura algez beteko litzateke eta olatuek hondartzak eramango lituzkete; eta horrek 130 milioi dolarreko galera ekarriko luke. 50 milioi urteko eboluzioaren ondorioz, Lurreko biodibertsitateko sistemarik hauskor eta konplexuenetakoak ditugu koral-arrezifeak: naturalistek koral hermatipikoen 800 espezie eta 4.000 arrain-espezie baino gehiago inbentariatu dituzte. Litekeena da arrezifeetan, guztira, itsas espezieen laurdena egotea. Eta arrainkumeen egonleku dira, gainera. Zergatik hondatzen dira orain inoiz baino azkarrago? Neurriz gaineko arrantzak sarraski itzela eragin du Malaysia, Vietnam, Filipinak eta Indonesiako arrezifeetan. Arrainek algak jaten dituzte, eta, beraz, arrainak desagertzean, algak neurrigabeki hedatu eta koralak suntsitu dituzte. Kate-erreakzioan, hainbat espezie desagertu egin dira tokian-tokian, eta horren guztiaren ondorioz, arrezifeek lehengoratzeko gaitasuna galdu dute. Arrantzaz ari garela, badira bereziki kaltegarriak diren teknika batzuk. Lehergaiekin egindako arrantzak, esate baterako, kalte larriak eragin ditu ekialdeko Afrikako koraletan (gogoan izan lehergaiak arrezifeetan leherrarazten direla arrainak hiltzeko). Zianuro bidezkoa ere ez da hobea. Produktu kimiko horrek baldartu eta moteldu egiten ditu arrain tropikalak (errazago arrantzatzeko moduan uzten ditu, beraz), baina aldi berean hil egiten ditu koralak eta arrezifeetako beste animalia batzuk. Arrantza-teknika hori bertan behera uzteko eginahalak eginagatik ere, zianuro bidezko arrantza areagotu egin da: Asiako jatetxeek eta Ameriketako Estatu Batuetako akuarioek dirutza ordaintzen dute arrain tropikalak bizirik eskuratzeagatik. 60ko hamarkadan teknika hori azaldu zenetik, koral-arrezifeetan isuritako zianuro-kopurua ikaragarri handiagotu da: Filipinetan bakarrik, milioi bat kilo baino gehiago. Arrantza, ordea, ez da alderdi bat baino. Bestelakorik ere jasan behar dute arrezifeek: industria-kutsaduraren eraginak, basoak soiltzearen ondorioz ibaiek eramandako jalkinak eta ongarriak, besteak beste. Korala erauzteak, itsasontziek eta eraikuntza-lan berriek koral-arrezifeen egitura hauskorrak suntsitu eta zati handiak askatzea eragiten dute. Koral hermatipikoak 1,3 eta 10,2 cm artean hazten dira urtean, eta, beraz, leherketa bakoitzak, itsas hondotik arrastaka eramandako objektu bakoitzak, arrezifeak mende luze batez eratzen emandako lana ezaba dezake. Lurraren berotzeak larriagotu egiten du egoera. Izan ere, koralak, hauskorrak ez ezik, oso sentikorrak baitira tenperatura aldaketekiko. 1998an "Niño" delakoaren haizeteek Afrikatik Ozeano Barerainoko urak berotu zituenean (tartean Filipinak eta Indonesia hartuz), arrezifeak argiago bihurtu ziren eta hezur kolore bitxia hartu zuten. Fenomeno horri "zuritzea" izena eman zitzaion. Algek, koral hermatipikoen aurkari nagusiek, zuritutako arrezife asko eta asko deuseztatu zituzten. Koral-arrezifeen Zaintzarako Mundu-sareak egindako kalkuluen arabera, zuritzeak koral-arrezifeen %16 suntsitu zuen 1998an. Indiako Ozeanoko, Maldivatako, Sri Lankako eta Indiako mendebaldeko arrezifeetan ondorio katastrofikoak izan zituen fenomeno horrek, lehendik ere oso hondatuta baitzeuden kostaldeko industriaren eta koral-erauzketaren ondoriozko sedimentazioaren eta kutsaduraren eraginez. Egun giza jardueraren eraginpean jarraitzen dutenak nekez etorriko dira bere onera. Aurreikusita bezala Lurraren berotzeak bere horretan jarraituz gero, 30-50 urteren buruan ez da koral-arreziferik izango. Koralak babestea eta garapen ekonomikoa Egia da, bai, tokian tokiko herrialdeek ezer gutxi egin dezaketela Lurraren berotzearen aurka; baina hazkunde ekonomikoa eta koralen babesa batera joan daitezen lor dezakete, ordea. Bonaire uhartean (Antilla herbeheretarretan), adibidez, 1979an sortutako itsas parkeak ez du galarazten turismoak aurrera egin dezan. Parkearen inguruan zenbait zaindari izaten dira, bertan koralak biltzeko eta itsaspeko nahiz merkataritza-arrantza egiteko debekua bete dadin zaintzen. Bestalde, 1992. urtetik bisitariek sarrera ordaindu behar izaten dutenez, autofinantzatzen den munduko lehenengo parketako bat dugu Bonairekoa, eta ez dago, beraz, fundazioen edo zergen menpe. Gaur egun, Bonairen daude inguruko koralik osasuntsuenetako batzuk. 30.000 lagun hurbiltzen da urtero parkea ikustera, eta horrek turismoaren industria indartzen du bidenabar. Bertako zaindarien lan itzel eta etengabekoari esker, koral ederrak izatea lortuko du uharteak, bai eta diru-sarrerak handiagotzea ere. Bonairekoa, alabaina, arrezifeak babesteko asmoz munduan sortutako 400 parketatik bat besterik ez da. Zoritxarrez, ordea, horietako asko eta asko idatziz baino ez dira parke, ez baitute legea bete dadin lortzeko ezinbesteko laguntzarik ez dirurik. Horrelako parkeak sarritan geografikoki aldenduta eta egoera kaskarreko kostaldeetatik gertu daude; eta, ondorioz, higadura eta kanpotik etorritako produktu kimikoak bertara sartu eta koralei kalte egiten diete. Garapen-bidean dauden herrialdeek finantza-arazoak izaten dituztenez, hauxe dute arrezifeak babesteko modurik eraginkorrena: estatuak, nazioarteko laguntzarako erakundeak, gobernuz kanpoko erakundeak eta fundazioak elkarlanean aritzea. Horrela, hobeto funtzionatuko duten itsas parkeak eratu ahal izango dira, eta bertako baliabideak tokian tokiko komunitateek kontrolatu ahalko dituzte bitarteko gehiago eta eskarmentu handiagoa duten erakundeen laguntzaz. Herrialde aberatsentzat, berriz, biodibertsitatearen gune horiek badute bestelako abantailarik, gainera: medikuntzaren aurrerabiderako balio handikoak diren produktu kimikoak izaten dira bertan. Azidotimidina dugu garrantzitsuena, HIESaren aurka oso erabilia herrialde industrializatuetan. Karibeko belaki-mota batek jariatzen duen substantzia kimiko batean du jatorria, eta birusaren garapena atzeratzen du. Oraindik ez dakigu koral-arrezifeetako animalien zein eta zenbat deribatuk balio dezakeen biziak salbatzeko. Arrazoi bat gehiago, beraz, koral-arrezifeen babesa areagotzeko. www.coral.org Clive Wilkinson (arg.), Status of Coral Reefs of the World: 2000, Australian Institute for Marine Science.Arrezifeetan patruila-lanetan
GURE PLANETA
Arrezifeetan patruila-lanetan
Erreforma politikoei eta atzerriko laguntzari esker, itsaspeko turismoko enpresek eta indonesiarrek ahaleginak batu dituzte munduko koral-arreziferik aberatsenetako bat ez hondatzeko.
JOHN C. RYAN
Ingurugiro-gaietako kazetari aditua
Helize-hegazkin zahar honetatik begiratuta, Indonesiako Komodo parke nazionaleko uharte eta itsasarteek denboratik at dirudite. Duela mendeak ikusiko liratekeen bezalakoxeak ikusten dira oraindik ere itsasoa, koralez jantzia, eta lehorra, palmondoz josia. Arrantza-ontziengatik ez balitz, narrasti erraldoiak bizileku dituzten inguru primitibo hauek Parke Jurasikoa filmeko lekuak ekarriko lizkigukete gogora. Parkearen ekialdean lurreratutakoan, ordea, zalantza oro desagertu egiten da: XXI. mendeko Indonesian gaude. Labuanbajoko aireportu ñimiñoaren aurrean manifestariak bildu dira, askatasun politikorako eskubide eman berriaz baliatuta. Autonomia handiagoa nahi dutela adierazi nahi diote "gobernatzaileari", astean bitan izaten den hegaldietako batean hiritik alde egin dezan baino lehen. Barruan, Ameriketako Estatu Batuetako The Nature Conservancy (TNC) gobernuz kanpoko erakundearen horma-irudi distiratsu batean, Komodoko arrezifeetako aniztasun harrigarria azaltzen zaie iritsi berriei, bai eta arrezife horiek gainean dituzten arriskuak ere: aingurak, lehergaiak, zianuroa... Kolore eta forma liluragarriek eta bertako biztanle miragarriek zur eta lur utziko dituzte arrezife psikodeliko horiek lehenengo aldiz ikusiko dituztenak, bai eta urpekari arituak badira ere. Komodo parke nazionalak, berak bakarrik, koral hermatipikoen 250 espezie eta 1.000 arrain-espezie hartzen ditu bere baitan, Karibe osoak baino gehiago. Indonesian jaten den animalia-jatorriko proteinen erdia arrezifeetatik lortzen dute, eta horrexegatik dira hain garrantzitsuak indonesiarrentzat. Munduko beste edozein lekutan baino itsaspeko espezie gehiago dago hemen, eta horregatik da premiazkoa lehenbailehen arrantza-era suntsitzaileak deuseztatzea. Indonesiako arrantzale gehienek bitarteko bakunak erabiltzen dituzte, ondorio gutxikoak: pita edo sare txikiak, besterik ez, bagan izeneko ontzietatik zintzilik -zubi karratuko ontzi horien kerosenozko argiontziek gauez zeruertza puntadez josten dute-. Baina gutxi batzuek erruz irabazten dute dirua -funtzionario batek irabazten duena lau aldiz ere bai- itsasora zianuroa neurri gabe botaz edo beraiek egindako lehergaiak leherraraziz. Izan ere, arrainak harrapatzeko bitarteko eraginkorrak dira, bai, baina baita arrezifeak suntsitzeko modu oso-oso basatia ere. Arrantza-modu horiek legez kanpokoak diren arren, Indonesiako agintariek ezer gutxi egiten dute legea betearazteko, batetik, horretarako baliabide gutxi dutelako; eta, bestetik, sarritan eurak ere erosita daudelako. Hala eta guztiz ere, zenbait parke nazional handiren eta tokian tokiko erreserba txikiren bitartez, natur habitat horiek suntsi daitezen atzeratzea lortzen da. Komodon, adibidez, lehergaien bidezko arrantza %80 gutxiagotu da, TNC erakundearen laguntzaz bertako agintariek 1996an eratutako itsas patruilen aldizkako zainketa-lanei esker. 2000. urtean, urpekaritza-enpresek eta TNC erakundeak finantzatutako "zaintza-gune higikor" sortu berriak arrantza-mota horren aurkako bi ekintza handi egin zituen, martxan jarri eta lehenengo asteetan. Patruila horiek ez dira, ordea, denen gustuko: herritar batzuk arrezifeak babestearen aldekoak dira (ekonomiaren aldetik duten garrantzia medio), baina beste batzuek ez dute onartzen Ameriketako Estatu Batuetako gobernuz kanpoko erakunde ahaltsu bat bidegabe sartzea. Arrezifeak babesteko ahaleginak hobeto hartu dituzte Bukanen parke nazionalaren ondoko eremuan, Iparraldeko Celebesen. Probintzia horretako Ur-kiroletako Erakundeko kideek bosna dolar ordaintzen dute, euren gogoz, patruilak finantzatzeko, eta parke-inguruko herrietako artisau-produktuak merkaturatzeko programak jarri dituzte martxan. Honela azaldu zigun Mark Erdmann biologoak: "Poliziari 250 dolar inguru ordaintzen diogu pare bat egunetan patruila dezan. Lehergaiekin arrantzatzeagatiko bi atxiloketa handi egitea lortu dugu. Indonesian inoiz egin diren lehenak dira ziur aski. Eta herritarrak gure alde daude, egiaz". Herrixka batzuek ere esku hartu dute, reformasi delakoak (Indonesiako egungo deszentralizazio prozesuak) euren baliabideen kudeaketan parte hartzeko eskaintzen zien aukeraz baliatuz. 1998. urtearen amaieran, Blongko herrixkako biztanleek koral-arrezifez eta mangladiz osatutako sei hektarea zedarritu eta arrantza debekatu zuten. Indonesian tokian tokiko administrazioak kudeatzen duen lehenengo itsas erreserba bihurtu zen, horrela. Urtebete baino lehen, arrantza-eremuak izugarri lehengoratu ziren. "Arrantza lehengoa izan zedin eratu genuen babesleku hau" dio Dolvi Janisek, Blongkoko buruak. "Orain, erreserba ondoko hondartzatik pita bota, eta litekeena da arrain pelagiko bat (itsas zabaleko arrain bat) hartzea". Celebeseko beste bi herrixkak ere euren itsas erreserba eratu dute ordutik, eta beste horrenbeste egitekotan dira Blongko barrutiko 13 herrixka ere. Debekualdiei esker, arrainak bere onera etortzen dira; eta hainbeste ugaritzen dira, ezen ondoko eremuak ere hartu egiten baitituzte. Erreserbak eratzeak, beraz, arrantza ugariagoa izan dadin eragiten du. Orain arte eratutako tokian tokiko erreserbak oso txikiak dira parke nazionalen aldean, (Komodo parkearen aldean, adibidez), baina oso kostu txikiekin asko ugaritu litezke. Eta Labuanbajo aireportuan manifestatzen ari ziren bi indarrek, reformasi delakoak eta nazioarteko talde ekologistak, alegia, haien alde egiteko elkartuz gero, oso lagungarri izango lirateke Indonesiako arrezifeak, arrantza-eremuak eta kostaldeko herrixkak etorkizunean oparoak izan daitezen.Kanada: ikasgela informatizatuen herrialdea
GELA IREKIA
Kanada: ikasgela informatizatuen herrialdea
Kanada Interneten konektatuko ikasgela gehien dituen herrialdeetako bat da. Irakasleek, ordea, ez dute jasotzen teknologia berria behar bezala erabiltzeko adinako laguntzarik.
SEAN FINE
Hezkuntza gaietako erredaktore arduraduna Globe and Mail egunkarian (Toronto, Kanada)
Irene Korbabicz-Putko zortzigarren mailako irakaslea da Torontoko Familia Sakratua Oinarrizko Eskola Katolikoan, eta berak adierazi digunez ikasleei ordenagailuak hobeto erabiltzen irakasteko irrikan dago. Eskola-kontseiluak irakasleen prestakuntzarako ikastaroak antolatzen ditu, baina ordu puntetan, autoz 45 minutura dagoen auzo pobre batean ematen dira, eta, beraz, batzuetan ez du joateko modurik izaten. Calgary-n, herrialdearen erdian, Glendale Oinarrizko Eskolak fondoak jaso ditu, batetik, irakasleek prestakuntza in situ egin dezaten, eta, bestetik, programa berritzaile bat abian jartzeko: informatika-irakaskuntzan aritzen diren adituak irakaslearen aholkulari moduan ekartzea ikasgeletara. Glendale bezala, beste zenbait ikastetxe ere teknologia berriaren aukera izugarriak ezagutzen ari da, baina ez daude guztiak egoera berean. Adibidez, Familia Sakratuak bere 600 ikasleentzat ordenagailu bakarra du Interneten konektatuta. Glendalek, aldiz, bat baino gehiago ditu ikasgela bakoitzeko. Baina Kanadan iraultza informatikoa oraindik hasiberritan dago. "Begi-bistakoa da oraindik hastapenetan gaudela", adierazi du Richard Smith-ek, Simon Fraser Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Politiken Analisirako Zentroko zuzendariak. Fraserrek ikasgeletan ordenagailuak nola sartu aztertzen du, eta honakoa adierazi digu: "Baldarkeriak eta akatsak egingo ditugu, baina zerbait aldatzen ari da hezkuntzan, eta ukaezina da informatikak zerikusi handia duela horretan". 1994an Kanadak helburu bat finkatu zuen: eskola eta liburutegi guztiek gutxienez Interneten konektatutako ordenagailu bat izan behar zuten. Politikari federalek uste zuten, herriak aurrera egin nahi bazuen, gazteak jakindurian oinarritutako mundu baterako prestatu behar zirela. 1999an, Kanada harro egon zitekeen eskola eta liburutegi guztiak konektatuta zituen munduko lehenengo herrialdea izanik. Suedia da soilik du konektatutako ikasle-portzentaje altuagoa duen bakarra. Programa desberdina lurralde bakoitzerako
Hori bai, Kanadan, hezkuntzaren ardura probintziek dute: horietako bakoitzak bere aurrekontua du eta beraien esku dago nola eta noiz integratu informatika eskolan. Adibidez, Albertan integrazioa lehenengo mailan gertatzen da eta Ontarion, berriz, zazpigarrenera arte ez da gertatzen. Albertako estatuak urteak eman ditu eskolak xurgatzen, dirua atereaz, orain, aldiz, berrikuntzarako fondo gehigarriak ematen ditu. Calgaryko eskola-kontseiluak ez du aukera pasatzen utzi: eskolak ekonomia-ezagueraren garaira egokitzeko hainbat proiektu egin dira, Galileo Hezkuntza Sarea kasu. Proiektu horrek hiru urteko iraupena du, eta probintziak eta industriak erdibana finantzatzen dute: 600.000 dolar jartzen ditu bakoitzak. Hamar eskolatan funtzionatzen du jada, eta haien artean Glendale Oinarrizko Eskolan. Programaren asmoa ez da mugatzen irakasleek ordenagailuek nola funtzionatzen duten ulertzera. Galileoko presidente Pat Clifford-en ustez, "eskoletan funtsezko aldaketak egin behar dira". "Eskolak eredu industrialean oinarritzen dira. Umeak industriako langileak izan daitezen hezten dira, eta berehala ikasten dituzte esaneko izatearen onurak. Urtero mailaz aldatzen dira. Ikasketa-prozesua oso estrukturatua eta hierarkikoa da". Clifford-en iritziz, gaur egun ikasleak izan behar du batez ere bere ikasketa-prozesuaren arduradun, eta irakasleak gidatu eta lana erraztu egin beharko du soilik. Baina zentzugabekeria litzateke irakasleak, beraiek bakarrik, aldaketa honi aurre egiteko gai izango direla pentsatzea. Galileo programak eskoletako zuzendariekin eta eskola-kontseiluekin lankidetza estuan jarduten du, eta irakasleei denbora ematen die ikuspegi berriak prestatzeko. Laguntza horrekin, metodo desberdinak lasaitasunez frogatu ditzakete. Susan Marinucci-k, Glendale Oinarrizko Eskolako irakasleak, ordenagailuak sartu zituen talde-lana eta bizitza errealeko egoerak eskatzen zituzten proiektuetan. Duela gutxi eskola bisitatu nuenean, bere ikasleak poz-pozik zeuden matematika eta kimikako proiektu batekin. Irakaslearen laguntzaz xaboia fabrikatu zuten, eta jarri beharreko salneurriaz eztabaidatzen ari ziren. Ariketa osoak, Interneten formula eta salneurriei buruzko informazioa bilatzea eskatzen zuen. Beste ikasgela batean, adin txikiagoko ikasleek uharte bakarti batean zeudela imajinatu behar zuten, eta zeuzkaten baliabide urriekin, bizirik irauteko bitartekoak lortu behar zituzten. Kasu horretan ere Interneten aritu ziren laguntza bila. Gakoa konektatuta egotea da
Lehenengo urrats horiek Smithek ordenagailuei buruz duen kontzeptuari erantzuten diote: "ikasleak ikasketa-modu berri batean murgiltzeko bitartekoa". Horrek beste pertsona batzuekin eta beste informazio iturri batzuekin harremanetan jartzea eskatzen du. Marinucci irakaslearen aburuz, abantaila nagusia nabarmena da: "munduarekin konektatuta gaude". Orain arte, badirudi, herrialdean zehar -bai ikasgeletan eta bai horietatik kanpo ere- han-hemenka agertu diren iniziatiba ugarien gakoa konexioa dela. Horrela, Erresidentzia Elektronikoko Idazleen programak, hainbat eskolatako idazle hasiberriak autore profesionalekin konektatzen ditu. Eta autoreek, milaka kilometrotara egonik ere, irakurle- eta jagole-lanak egiten dituzte. Bunswick Berrian, programa batek ama nerabeei, erditu ondoren ere, eskolarekin harremanetan izaten jarraitzeko aukera ematen die. Zentro askotan, ikasleek CD-Romak grabatu, web orriak sortu eta aldizkariak on line idazten dituzte, inguruneari eta ondareari buruzko gaiak dokumentatzeko. "SchoolNet" programaren bitartez, gobernuak sektore pribatuarekin eta beste talde batzuekin lankidetzan jarraitzen du, horrelako berrikuntzak finantzatu eta sustatzeko. Ikasketa informatizatuan esperientzia duten irakasleek badakite beraien eginkizuna aldatu beharra dagoela. Larry Danielson-ek, Winklereko (Manitoba) Garden Valley Collegiate Instituteko irakasleak, ingeles ikastaro bat eman die on line kooperazio-programa batean ari diren ikasleei (eskolak bukatu eta aldi berean egun erdiz lan egiteko aukera ematen die ikasleei). Hala ere, giza harremanei ematen dio garrantzia: "on line zein aurrez aurre izan, batez ere, giza harremanetan aritzen gara". Elise Boisjoly, "SchoolNet" programaren zuzendari exekutiboak dioenez, "irakasleak urruneko jakintsuak izateari utzi eta hurbileko gidari bilakatzen ari direla ikusten ari gara. Aldaketa kultural handia da eta denbora beharko du". Asko dagoela egiteke onartzen du, eta, bere iritziz, irakasleak gaitzeko ikastarorik ez izatea da oztoporik handienetakoa. Gainera, materiala mantentzeko eta konpontzeko diru gutxi dago. "Ordenagailuak, behar bezala erabiltzen ez badira, ikasketarako traba izan daitezke. Irakasleak ikasleak gidatzea bereziki garrantzitsua da", onartzen du Boisjolyk. 300.000 irakasle publiko prestatzea izugarrizko lana da, eta Irene Korbabicz-Putkoren esperientziak erakusten duenez, Kanadak lehenengo urratsak besterik ez ditu eman oraindik. Ikasgeletan ordenagailuak instalatzeko ahalegin eta gastu handia egin da, baina prestakuntzak merezi duen arreta eta fondoak jasotzen ez baditu, herrialdeak ez du ordenagailuek dakarten onurarik izango. IKUSPUNTU DESBERDINA
"Ikasleak paisaia birtualetan zehar barneratzen direnean, eskaintzen zaizkien aukera izugarriak ahozabalik eta nahastuta uzten dituzte. Montrealeko irakasle batek oinarrizko berrogei eskola bisitatu zituen, Internet nola erabiltzen zuten ikusteko asmoz. Eta hona hemen zer ikusi zuen: bosgarren eta seigarren mailako ikasleek, orduko, batez beste 15-25 aldiz aldatzen zuten lekuz sarean. Horretaz gain, ikusten zutena asimilatzeko gai ez zirela egiaztatu zuen. Azkenik, 1.000 ikasle inguru ikusi eta gero, ia inork ez zuela baliozko ezer asimilatzen ondorioztatu zuen. Informatikak, gaur egun, plagio-mota berriak egiteko aukera ematen du, eta irakasleek horren berri izan behar dute. Giza egitura konplexua eraiki behar da, Internet guztiontzat baliagarri izan dadin, eta ikasgelako denbora-pasa garestia izan ez dadin. Internetek, behar bada, ez du iragazkirik izango, baina eskoletan badaude: irakasleak". Alison Armstrong-ek, "The Child and the Machine"(Haurra eta makina) liburuaren egilekideak- Columbia Britanica-ko Hezkuntza Biltzarrean egindako hitzaldiaren zatia.Eskola eta teknologia: hausnarketaren garaia
gela irekia
Eskola eta teknologia: Hausnarketaren garaia
Eskolek aldaketa kuantitatibo handia egin behar dute oraindik, ikasleak "informazioaren gizartean" bizitzeko trebatu nahi badituzte, dio Edwyn Jamesek, Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundekoak (OCDE).
CINTHIA GUTTMANEK EGINIKO ELKARRIZKETA
UNESCO Albistariako kazetaria
OCDEko herrialdeek hezkuntza-aurrekontuen %1-2 eskaintzen diote komunikazioaren eta informazioaren teknologiari (ICT). Zein neurritan lortu dugu benetako tresnak bilakatzea? Termino erlatiboetan, hezkuntzak oraindik ez dio bere buruari galdetu zeintzuk diren teknologia horren inplikazioak, eta horiek handiak dira. Bataz beste, OCDEko herrialdeek hezkuntzako aurrekontuen %0,25 gastatzen dute ikerkuntzan eta garapenean; eta, beste zenbait sektore industrialetan, aldiz, %7. Ondorioz, ezer gutxi dakigu oraindik ICTk ikasketa indibidualean duen eraginari buruz, eta irakasleek tresna berri horiek erabiltzeko behar den prestakuntza egokirik gabe jarraitzen dute. Hau da, eskolak hornitzen ari dira, hurrengo pausoa zein den jakin gabe. Hori da paradoxa. ICTk bizitza modernoak eskatzen dituen ahalmenak garatzen lagun diezaieke ikasleei: nola ikasi ikasten, arazoak konpontzen; informazioa nola lortu eta neurtu... baina ikasketa-programan ez da islatzen horrelako ezer. Irakasleak ez dira beste eskola batzuekin harremanetan jarriko, etengabean ideiak trukatzeko eta eskatzeko. Bigarren hezkuntza bukatzeko azterketak, oraindik ere, ezagutza korpus batean eta ezagutza hori frogatzeko gaitasunean oinarritzen dira. Irakasleek zergatik emango dute denbora teknika berriak garatzen, sistemak berak behar bezala baloratzen ez baditu? Gainera, agian, azterketetan ikasleak kaltetuko lituzkete. Dena den, ICT ez al da ari irakasleen eginkizuna aldatzen? Higuingarria iruditzen zait irakaslearen lan bakarra ikasleak arazoak dituenean bertan egotea izatea soilik. Norabide finkorik gabeko hezkuntza-esperientzia dela erakusten du. Ikastea ariketa planifikatua da. Ezagutzak etengabe eboluzionatzen du, eta teknologia informatikoak dakarren aldaketa-erritmoak, eboluzio horren inoiz baino kontzienteago egin gaitu. Ezin dugu maisu-lantzat hartu unibertsitatetik atera eta hurrengo berrogei urteetan lezio bera errepikatzen aritzea. Irakasleek lotura handiagoa izan behar dute unibertsitateekin, eta gizartearekin behar beste konektatuta egon. Horrela jakingo dute norengana jo eta nori galdetu, elkarrekiko errespetuan oinarrituz. Nola hobetu liteke prestakuntza? Hezitzaileek ICT erabiltzen ikasi behar dute. Irakasleek garapen profesionala on line egiteko eta ICT osatzeko baliabide nahikoa jasoko balute, teknologia berriengan konfiantza izaten hasiko lirateke. Kalitate txarreko programa informatikoak ere oztopo dira. Aurrera egiteko modua enpresa eta irakasleen arteko elkarrizketa erraztea eta bultzatzea da, horrela hobeto erabakiko bailitzateke zein programa-mota behar diren eta zein den egingarria, teknikoki eta ekonomikoki. Baina hau hasi besterik ez da egin. ICT ekonomikoki bideragarria al da? Ordenagailu gehienek, kasurik onenean ere bost urteko bizitza dute. Nola justifikatu daiteke hadwarean inbertitutako dirutza, eskola egunean 6 orduz eta urtean 40 astez bakarrik irekitzen bada eta bost urtetan materiala zaharkituta badago? Zenbait unibertsitatek egun osoan dituzte zerbitzuak zabalik, eta erabiltzaileei nahi dutenean konektatzen uzten diete. Eskolek komunitateko gainontzeko pertsonei ere sartzen utz diezaiekete. Adibidez, teknikaz gehien dakiten ikasleek ordainsari txiki bat jaso dezakete arratsaldez eskolan lan egiteagatik. Eskola komunitate baten zati gisa ikusi behar dugu, bi norabidetako harremanak izango dituena; eta ez harresiz inguratutako entitate bat bailitzan. IKASLEAREN HITZA
Teknologiak irakaskuntza hobetu ala oztopatu egiten duen jakiteko, CERIk 17-20 urte bitarteko 29 ikaslez osatutako sare internazionala sortu zuen. 2000ko abenduan mahainguru bat egin zuten, eta hainbat herrialdetakoak baziren ere -Ameriketako Estatu Batuetakoak, Europakoak, Ozeano Bareko herrialdetakoak- denek bat egiten zuten iritzi berean: Internet ikasteko bitarteko ona da. Baina zenbait atsekabetuta zeuden, eta, besteak beste, honako esaldien bidez adierazi zuten: "Irakasleek Interneten bilatzeko esaten digute, baina gero ez digute horretarako denborarik ematen", "Batzuetan helbide bat ematen digute eta ez dagoela ohartzen gara"; "Sarritan leziorik gabe geratzen gara, arazo teknikoak daudelako", "Betiko bilaketa-modua (entziklopedian bilatzea) azkarragoa eta seguruagoa da". Ikasleek irakasleentzat prestakuntza hobea eta programa hobeak eskatu zituzten, baina horretaz gain, zenbait neurri proposatu zituzten etxea eta eskolaren arteko distantzia txikiagotzeko. http://bert.eds.udel.edu/oecd/roundtables/Ale honetako gaia: Teknologia, intimitateari erasoka
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Polizia eta enpresak geure bizitzan sartzen dira; hain isilean sartu ere, nekez ohartuko baikara horretaz. Horra zer dion Simon Davies-ek, Privacy International taldeko zuzendariak. Laster senitartekoek baino hobeto ezagutuko gaituzte, teknologia berrien bidez geure keinurik txepelenak ere erregistratu egiten dituzte eta (18-19. orr.). Esku-hartzeak era askotakoak dira, eta baliteke zu horien guztien aldekoa izatea, sortzen ari den "zaintza-gizarte" honek segurtasun eta oparotasun ekonomikoa bermatuko duelakoan (20-22. orr.). Japonian, ordea, high-tech voyerismoa gorantz ari den herrialdean, hain zuzen, intimitatearen garrantzia aintzat hartzen hasiak dira (22-23. orr.). Nola babestu geure burua? Horretan lagungarri ditugu, legea: datu pertsonalen mundu mailako merkatua arautzeko ahaleginetan ari baita Europako Batasuna (24-25. orr.); teknika: "ezkutu teknologikoen" merkatu berriari esker (26. or.); kriptografia: Giza Eskubideen aldeko erakundeek egiten duten bezala (27-28. orr.); edota, besterik gabe, estatubatuarrek bezala, azterketa genetikoak egiteari uko egin diezaiokegu, arriskua edozein delarik ere (29-30. orr.). Bizitza pribatuaren aldekoek erasoari ekin diote. Hong Kongeko legegile batek aurre egin dio " Big Brother" txinatarrari (31. or.). Gobernuz kanpoko erakundez eta hainbat enpresaburuz osatutako koalizio eklektiko bat ziberkriminalitateari buruzko hitzarmen-proiektu baten aurka ari da borrokan (32-33. orr.). Duncan Campbell kazetariak, Echelon sareaz ohartu zenak, ikertzen jarraitzen du (34-35. orr.). Eta Mark Thomas umorista ingelesak barregarri uzten du George Orwellen herrialdean hainbeste jende baliatzea bideozainketaz (36-37. orr.). Ale honetako gaia Sophie Boukhari-k eta Amy Otchet-ek sortu eta koordinatu dute, biak ere UNESCOren Albistariako kazetariak.Herrialde aberatsen luxua?
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Herrialde aberatsen luxua?
IRITZI LIBREA
ROHAN SAMARAJIVA
Delft-eko (Herbehereak) Teknologia-Unibertsitateko Irakasle bisitaria. LIRNE.net-en (Learning Initiative for Reforms in Network Economies) Kanpoko Programen Zuzendaria. Sri Lankako Telekomunikazioetarako zuzendari nagusi ohia.
Azken hamarkada honetan, bizitza pribatuari buruzko diskurtsoa eta, hein batean, praktika ikaragarri aldatu dira herrialde aberatsetan. Intimitate-eskubidea, garai batean militante paranoide gutxi batzuen kezkatzat hartua zena, gai nagusia bilakatu da merkataritza elektronikoari eta informazioaren gizarteari buruzko eztabaidetan. Herrialde aberatsek baino ez al dute kezka hori? Interneten eta telekomunikazioetan bizitza pribatua izateko eskubidea ez al da lerro digitalaren bestaldeko herrialde txiroen kezka? Ez al dagokio eskubide hori mundu osoari? Galderok egiten ditut gai horretaz lehen goi-funtzionario arduraduna eta egun aditua naizen aldetik. Herrialde txiroetan ez da horrelako kezkarik. Egia esan, bizitza pribaturako eskubideak ez du lekurik euren programetan. Sri Lankan, adibidez, bestelakoek izango dute lehentasuna, ziur aski gerra zibilak eta horrekin lotutako segurtasun-arazoek, bizimodu-kostuak eta langabeziak; eta ez intimitate-eskubideak. Eta Internet eta telefono-komunikazioak ardatz hartuta ere, telefono bat lortzearekin nahiko lan dute. Telefono-zenbakiarekiko jarrera zein den jakitea baliagarria izan daiteke intimitatea gordetzeko interesa zenbaterainokoa den balioztatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako Nevada estatuan, adibidez, telefono-zenbaki partikularren erdia baino gehiago ez da telefono-aurkibidean azaltzen. Halaber, salerosketetan aritzen diren estatubatuar oso gutxik idatziko dute etxeko telefono-zenbakirik euren helbide-txarteletan. Aldiz, neure aberriko tratulariren baten txartelean ez agertzea ezohikoa litzateke. Pentsa, hiriburuan bertan, Kolonbon, Auzitegiaren eraikineko plakan, epaile gorenaren etxeko telefonoa ageri da. 1998-99an, ordura arte agertzen ez ziren telefono-deiei buruzko xehetasunak gehitu eta, horrela, telefono-fakturak hobetzeko egindako entzute publikoaren buru izatea egokitu zitzaidan. 400 txosten publiko baino gehiago aurkeztu zituzten, eta neure harridurarako, bakarrak aipatzen zuen intimitate-eskubidea, fakturak gutunazalik gabe igortzen zirela kexu. Entzutea egin baino lehen, telefono-konpainia nagusiak ez zuen deiei buruzko xehetasunik biltzen ez ematen. Horrek bazituen bere alde onak bizitza pribatuaren aldetik, baina kontsumitzaileen kexa eta erreklamazio ugari sortarazten zuen. Beraz, informazio gehiago nola eskaini erabaki behar izan zuen auzitegiak. Horrek ez al du, bada, egiaztatzen bizitza pribatuaren kontzeptua mundu-mailakoa ez delako tesia? Ikerketa akademikoak aurkakoa dio, ordea. Irwin Altman jakintsu estatubatuarrak zera frogatu du: intimitatearen funtsa -giza harremanen mugak esplizituki nahiz inplizituki negoziatzeko gaitasuna, alegia- kulturaz gaindikoa dela. Horrek kultura jakin batean zein forma hartzen duen, horixe da batetik bestera aldatzen dena. Logikoa da Interneten norbere intimitatea gordetzeko kezka izatea Ameriketako Estatu Batuetan, baina ez, ordea, Sri Lankan, ehun biztanleko lau telefono baino gutxiago dago eta. Batzuek behin eta berriz adierazten dute kanpoko indarrek berebiziko zeregina dutela iraultza digitala oraindik egin ez den herrialdeetan bizitza pribatuari buruzko politika-ildoen eragile gisa. 80ko hamarkadaren amaieran, Sri Lankako gobernuarentzat informazioaren eta komunikazioen azpiegitura juridikoko elementuak prestatu behar izan nituen, eta orduan egokiagoa iruditu zitzaidan geure herrialdean gai horrekin lotutako politikek Europako Batasuneko arauen araberakoak izatea, merkataritza-harremanak hobeak izan zitezen. Baina kanpoko indarretan oinarritzen den argudioa ez da oso sendoa. Politikek herritarren babesa behar dute eraginkorrak izango badira. Bizitza pribatuaren aldekoek gogoan izan behar dute zeinen garrantzitsua den herritarrak heztea. Lehen aipatutako entzute publikoan zerbait ikastekotan, hauxe ikasi nuen: behar-beharrezkoa dela ideia abstraktuak herritarren eguneroko bizimoduko adibide praktiko bihurtzea.Zelatari bat hozkailuan
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Zelatari bat hozkailuan
Polizia eta enpresak zure etxean sartzen ari dira elektronikaren bidez, eta baliteke zeu konturatu ere ez egitea. Simon Davies-ek, intimitate-eskubidearen defendatzaile ezagunak, "zaintza-gizartearen" aurrerapenak salatzen ditu (18-22. orr.).
SIMON DAVIES
Privacy International-eko zuzendaria. giza eskubideen aldeko erakundea dugu, eta Londresen du egoitza (www. privacyinternational.org).
Egungo joerak bere horretan jarraitzen badu, hogei urteren buruan zainketarako tresnak erabat integratuta egongo dira gure inguruan; hain ongi integratuta ere, ezen ohartu ere ez baikara egingo haiek gure bizitzan etengabe esku hartzen ari direla. Zirkuitu itxiko telebista-kamerak dira, ziur aski, etorkizuneko esku-hartze horren modurik agerikoenetako bat. Erresuma Batuan gaur egun gertatzen ari den bezala (ikus 36. or.), gutxi barru hirigune moderno guztietan, bizitegi-auzoetan eta eraikin publikoetan egongo dira; bai eta errepideetan ere, ibilgailuen matrikula-zenbakiak hartzen. Eta etxebizitza partikularretan kamerak jartzea denbora-kontua baino ez da izango, seguruenik. Ikusizko bitartekoen bidezko zaintza edonora hedatzen ari da, eta beste horrenbeste gertatu da Internet eta linea telefoniko bidezko zaintzarekin ere. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako polizia-erakundeek oinarriak finkatuta dituzte, jada, zernahi entzuteko sistema erraldoi bat sortzeko, Europa osoan telefono mugikor guztiak, Internet bidezko komunikazioak, faxak eta pertsona-bilagailuen bidez igorritako mezuak bidean atzemateko gai izango litzatekeena. Enfopol 98 deritzon plan hori poliziek eta magistratuek prestatu dute ezkutuan, eta egunen batean mundu osoko herritarrei eragingo dion "josturarik gabeko sarea" eratzeko estrategiaren zati bat da. Estrategia horren bitartez, Interneten zerbitzuak ematen dituzten hornitzaile guztiek eta telefono-konpainiek derrigorrez poliziei eta magistratuei komunikazio guztietan unean bertan sartzeko aukera eman beharko diete, jatorrizko herrialdea edozein delarik ere. Eta kable bidezko telebista elkarreragileak beste horrenbeste egin beharko du. Pertsonak markatzeko sistema batez baliatuko da, gainera, Enfopol, eta aukeratutako pertsonen aztarnak etengabe jarraitu ahal izango ditu horrela. Oraindik diseinatzen ari diren arren, IUR ( International User Requirements for Interception) izeneko sistema horrek hainbat motatako informazioa bilduko du: zaintzapeko pertsonen izenak, helbideak eta telefono-zenbakiak; helbide elektronikoak, kreditu-txartelen mugimenduak eta txartel horien kode sekretuak eta pasahitzak; eta, telefono mugikorren bidez, pertsona horiek non dauden ere bai. Ikuskatzeko sistema hasiberri askoren artean bat gehiago besterik ez da, ordea, Enfopol. Guztien artean harrigarriena, agian, Echelon delakoa da, Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Erakundeak sortutako sistema (34. orrialdean sistema horri buruzko xehetasun gehiago aurkituko duzue). Norbait ezin hobe identifikatzea da zainketa ezin hobea egiteko gakoa, eta agintariek ahalegin handia egingo dute hori lortzeko. Litekeena da gobernuek eta enpresek, DNAren datu-baseak eratzeaz gain -indarkeriazko krimenak burutu dituztenak eta galdutako haurrak identifikatzeko, batez ere-, hatzak eta eskuak esploratzeko sistema elektronikoak ezartzea nazio-mailan. Berez, "identifikadore biometriko" horiek mundu osoan erabiltzen dira jada. Ustez, esku bat, hatz bat edo begiko erretina elektronikoki esploratuz, edonor identifika dezakete. Espainiak jarria du jada martxan hatz-aztarnen sistema bat, langabeziako dirulaguntzak eta gizarte-segurantzako sariak jasotzeko eskubidea kontrolatzeko, eta Errusiak antzeko proiektu bat iragarri du banketxeetarako. Jamaikarrek nahitaez erregistratu behar dute hatz lodia datu-base batean, bozkatu ahal izateko. Frantzian eta Alemanian, hatz-aztarnak kreditu-txarteletan jartzeko probak egiten ari dira. Lantokietako zainketa handiagotzea izango da, ordea, jendearengan eragin zuzenagoa izango duen neurria. Herrialde gehienetan, ugazabek eskubide osoa dute euren langileak zaintzeko -"arrazoizko mugen barruan betiere"-. Telefonoak kontrolatu, posta elektronikoa irakurri eta ordenagailuetako pantailak ikuskatzeko eskubidea dute, eta, beraz, langileen solasaldiak entzun, zirkuitu itxiko telebisten bidez langileak behatu, eta bilaketarako baliabide teknologikoak erabil ditzakete -identitate-seinale "adimendunak", esate baterako- langileen joan-etorriak kontrolatzeko -adibidez, komunera zenbat aldiz joaten diren. Gaur egun, jada, langileei gernu-azterketak egitearen aldekoak dira ugazabak, gero eta indar gehiagoz gainera, drogarik erabiltzen duten jakin ahal izateko, eta badute edozein datu pertsonal eta medikoen berri izateko aukera ere. Langileen telefono-deiak kontrolatzeko egun erabiltzen den material telefonikoak garatu gabea dirudi belaunaldi berrikoen aldean: langile jakin batek bi telefono-deiren artean zenbat hitz tekleatu dituen ordenagailuan zenbatzeko gai baitira horrelakoak. Agian, lankideok elkarri fitxategiak emateko erabiltzen duzuen programa informatikoaren bitartez nagusia zure ikusmiran arituko da, edota zure pantaila ikusten, artxiboak eta posta miatzen eta baita pasahitzak deszifratzen ere. Norbere etxea ere ez da geratuko zaindu gabe. Belaunaldi berriko telebista digital elkarreragileak orain arte ezezaguna zitzaigun moduko harremana sortuko du hornitzaileen eta bezeroen artean. Bezeroek telebista ikusteko zer-nolako ohiturak dituzten zuzen-zuzenean jakin dezakete enpresek, eta, beraz, bezero bakoitzaren erretratu robota egin. David Burke estatubatuarrak bildutako ikerketa-lan egin berri batek, Spy TV izenekoak, azaltzen duenez, telebista elkarreragilea hedatu dutenek programa informatikoak erabiliko dituzte ikusleen "profil psikologikoak" sortu eta, ondoren, haien "portaera aldatzeko". Oro har, hauxe izango da prozedura: zure telebistak produktu bat erakutsiko dizu; gero, zure erantzuna aztertu eta, horren arabera, zerbait proposatuko dizu. Ziklo horren bidez, zure telebistak ondo baino hobeto ezagutuko zaitu, berak nahi duena egin dezazun lortzeko beste ezagutu ere. Eta egunen batean, zure telebista kontrolatzen duen pertsonaren ordez adimen artifizialeko konputagailua jarriko dute. Baina ez dira horiek bizitza pribatuaren aurka egiten ari diren eta egingo diren eraso bakarrak. Bezeroei informazio "erabilgarria" emateko aitzakian (gasolindegirik hurbilenaren helbidea edo jatetxe baten publizitatea, adibidez), telefono mugikorrak bilaketa geografikorako tresna bihurtzen ari dira pixkanaka. Eta, jakina, inori ez diote galdetzen horrelako zerbitzurik nahi edo behar duen. Ziur aski, jada zure arrastoaren atzetik dabiltza Interneten. Sareko enpresa batzuek kontsumitzaileek egiten dituzten erosketak erregistratzen dituzte; beste batzuek zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen dituzte, esaterako, albisteak eta burtsan baloreak bilatzea. Gero, kontsumitzaileari baimenik eskatu gabe, informazio hori euren merkataritza-kideei saltzen diete (ikus 26. or.). Web-gune bat ikusten duzun bakoitzean, eskuarki "salatari" esaten zaion identifikazio-zenbakidun fitxategi txiki bat (ingelesez cookie deritzona) sartzen da automatikoki zure disko gogorrean, orrialde batetik bestera arinago joan zaitezen. Cookie bakar batekin, baina, publizitate-sareek milaka gunetatik zehar jarrai diezaiokete erabiltzailearen arrastoari. Horrela jarraituz gero, laster batean zure etxeko hozkailuan zer duzun ere zehatz-mehatz jakingo du auskalo non dagoen ezezagunen batek. +... TB elkarreragilearekiko boikotarekin bat egiteko: http://www.spytv.co.ukGiza eskubideen senide txiroa
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Giza eskubideen senide txiroa
SIMON DAVIES
Edinburgon, Eskozian, estatuaren boterearen eta gizabanakoaren askatasunaren arteko betiereko lehiaren gertakari ikusgarri bat jazotzen ari da: bertako aginte batek, Lothian and Borders Policek, hain zuzen, sistematikoki fitxatzen du biztanleen kode genetikoa. Duela bi urtetatik, poliziak atxilotutako edo espetxeratutako herritar oro behartuta dago proba genetikoa egitera. Eta berdin da zer egin duen: norbait erail, bortxatu, lapurtu edo, besterik gabe, trafiko-arauren bat hautsi. Fitxaketa genetikoa egiteak gizabanakoaren intimitatea urratzen du, argi eta garbi, baina poliziak bere alde ditu herritarrak. Berriki egindako galdeketen arabera, bertako biztanleen ia hiru laurdena prest egongo litzateke horrelako probak egiteko, betiere ikerketa kriminalen esparruan. Barne-ministroarentzat eta estatuko zenbait erakunderentzat ere oso interesgarriak dira proba genetikoak. Haurrak babesteko Child Support Agency erakundeak nahitaezkotzat hartu berri ditu aitatasuna erabakiko duten prozeduretarako. Legeak dioenez, proba horiei uko egiten diona errudun dela aitortzen ariko da. DNA-probak egin daitezen eskatzeko joera dago gaur egun, eta joera orokorrago baten seinaleetako bat da hori. Lehen, pertsona eta talde jakin batzuk baino ez ziren zaintzen. Gaur egun, ordea, herri-agintaritzek eta sektore pribatuak gure finantzekin, komunikazioekin eta bizimoduarekin lotutako euren jarduera ia guztietara hedarazi dute. Euren buruak bizitza pribatua errespetatzearen aldeko agertu arren, bestelakorik diote: ordena publikoa eta eraginkortasun ekonomikoa babesteko, herritarrak-eta zaintzea ezinbestekoa dela, hain zuzen. Eta nahiz eta argudio hori oso eztabaidagarria izan, askok eta askok ontzat ematen dute gizarte-ongizatearen mesedetan ezinbestean ordaindu behar dugun prezioa bailitzan. Horrela, beraz, herrialde ugari ari da "zaintza-gizarte" bihurtzen. Ez da inoiz, orain arte, herri osoei buruzko hainbeste informazio pilatu. Herrialde industrializatuetan, 400 datu-base inguru zentralizatutan gordetzen dira herritar heldu aktiboen aurrekariak -herritar bakoitzari buruzko txosten xehatu bat prestatzeko beste-. Argi dago: egunetik egunera azkar baino azkarrago ari da hazten teknologia berriek informazio-prozesamendurako duten ahalmena eta abiadura, eta, ondorioz, bizitza pribatuan esku hartzeko aukerak ere gero eta handiagoak dira. Baina ahalmen teknologikoa gero eta handiagoa izatea eta horrek gero eta kostu txikiagoa izatea ez dira mehatxu bakarrak. Internet mundu-mailakoa bihurtzeak lehen informazioaren zirkulaziorako oztopo ziren muga geografikoak (eta berme juridikoak) ezabatzea dakar. Gaur egungo informazio-sistemak gero eta bateragarriagoak dira, eta elkarri datu-mota ezberdinak ematea ahalbidetzen dute, bai eta datu horiek prozesatzea ere. Gainera, datuak eta irudiak komunikatzeko eta aurkezteko hainbat modu nahasten ditu multimediak, eta horrek zaildu egiten du bizitza pribatua babestu nahi duten legegileen lana. Hona hemen adibide bat: UK InfoDisc enpresak egindako CD-ROM batek gurutzatu egiten ditu hauteskunde-erroldetako datuak, telefono-aurkibidekoak eta demografia-datuak. Horrela, informaziorik arruntenaren eta ustez garrantzirik gabekoaren bidez, edozein herritarren profil psikologikoa egin dezakete. Edonoren telefono-zenbakia izanez gero, haren helbidea lor liteke berehala. Norbaiten izen-abizenak jakinez gero, bere adina, lanbidea eta abar ere jakin litezke. Eta ez izan zalantzarik: finantza- eta kreditu-erakundeek, detektibe pribatuek, egunkariek, marketing-enpresek eta poliziak barra-barra erabiltzen dute produktu hori. Herritarrek gero eta menpetasun handiagoa dute, informazioari dagokionez behintzat, estatuarekiko, batetik, eta sektore pribatuarekiko, bestetik; eta espero liteke menpetasun hori areagotzen den heinean gizon-emakumeon autonomia gero eta txikiagoa izatea. Instituzioen erabakiak automatizatu ahala, gainera, datu pertsonalen zirkulazioaren menpeago dago geure bizitza. Eta, ondorioz, gehiegikeriak eta bereizkeria jasateko arriskua larriagotu egiten da. Herrialde industrializatuetan, arriskua oso-oso larria da. Herritarrak sistematikoki identifikatzeak ondorio saihestezinak izan ditzake. Garapen-bidean diren herrialdeetako gobernuek herrialde aberatsetara jotzen dute zaintzarako teknologiak eskuratzeko: zifratze-softwarea, eskanerrak, entzuketarako gailuak, behaketarako materiala, esku-hartzeko sistema informatizatuak... "Errepresio-merkataritza" -halaxe esaten zaio-arma-industriaren jarduera osagarria da, eta irabazi handiak ematen dizkio, gainera. Informatika-sektoreak behin eta berriz dio informazio-teknologiaren igorpen hori aurrerapenaren alderdi bat dela; halaxe agertu nahi du. Giza eskubideen defendatzaileek, ordea, kontrol politiko eta sozialerako bitarteko bat gehiagotzat dute. Eta egoera horretan, inoiz baino zailagoa da gizabanakoaren autonomiaren defentsaren eta estatuaren boterearen arteko muga zein den finkatzea. Bizitza pribaturako eskubideren auziak zalaparta eta eztabaida handia sortu du: orain artean, herri-agintaritzen jardueraren menpeko oinarrizko eskubide guztietatik handiena, hain zuzen. Alderdi asko izan dira eztabaidagai: tortura, diskriminazioa, arrazagatiko gorrotoa..., eta munduko herrialde asko ados jarri dira horietan guztietan. Bizitza pribaturako eskubidea, ordea, etsai nagusia da gobernu eta enpresa askorentzat. Hamaika galdeketa egin da herritarren iritzia jakiteko, eta den-denetan euren babesari garrantzi handia ematen diotela agertzen bada ere, inork gutxik egiten du ezer hain garrantzitsutzat jotzen duten eskubidea behin eta berriz urratu egiten zaiela salatzeko, ageri-agerikoa izan arren. Ameriketako Estatu Batuetan, gizarte-laguntza jasotzen dutenei hatz-aztarnak hartzeak protesta txiki ahul batzuk baino ez zituen piztu, eta Australian, berriz, gobernuak nortasun-agiria ezarrarazteko egindako ahaleginak inoiz ikusi ez bezalako aurkako manifestazioak eragin zituen. Aldiz, banketxeak transakzio susmagarririk egonez gero, haien berri ematera behartzeko legedia inolako zailtasunik gabe onartu zen bertan, eta Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, ekimen beraren ondorioz, aurkako 250.000 eskutitz baino gehiago jaso ziren. Alemanian eta Australian, zerbitzu telefoniko digitalak sartzeko proposamenek bizitza pribatuari buruzko kezka larriak sortu zituzten. Bretainia Handian, ordea, inolako arazorik gabe onartu zuten teknologia bera. "Ez dut ezkutatzekorik ezer, eta, beraz, ez dut zertan beldurrik izan". Horrelakorik diotenak asmo oneko pertsonak dira, alabaina, bizitza pribatuaren etsai nagusiak. Era honetan oker daude. Gutako bakoitzak badu bere zoko ezkutukoa. Ezin du inork esan, egiaz, bere bizitza zabalik dagoen liburu bat bezalakoa denik, eta nahi duenak inolako beldurrik gabe irakur ditzakeenik haren orrialdeak, berdin dio senitarteko-, finantza- edo osasun-kontuak izan. Eta bakarren batena hala balitz ere, ez luke balioko gainerako guztion intimitatea urra dadin justifikatzeko. Bizitza pribaturako eskubidea norberaren zintzotasuna eta autonomia baino harantzagokoa da. Gizarte aske baten indarra zenbaterainokoa den neurtzeko froga ukaezina da. Gutaz kanpoko presioetatik babesteko baliagarri zaigu. Geure betebeharren mugak zein diren finkatzea ahalbidetzen digu. Bera gure askatasuna eta nortasuna defendatzeko euskarria da. Gutako bakoitzaren eta gainerakoen arteko indar-korrelazioaren oinarria da. Bizitza pribaturako eskubidea eta adierazpen-askatasuna bereiztezinak dira, eta biak batera aldatzen dira gizarte modernoetan. Informazio-gizarteak aurrera egin eta izaera birtuala gure bizitzaz jabetzen ari den heinean, kontrola euren eskuetan duten botereak indartzen ari dira eta, ondorioz, bi-biak arriskuan ditugu. Ez dago zalantzarik, ordea: bi eskubide horiek izango dira, etorkizunean, askatasuna helburu duten gizarte guztietako funtsezko euskarri. DIMENTSIO ALDAKORREKO KONTZEPTUA
Asko eztabaidatu arren, hamarkadak joan eta hamarkadak etorri, adituak ez dira ados jartzen bizitza pribatua (anglosaxoiek privacy diotena) zer den definitzerakoan. Alan Westin-entzat -gai honetan aitzindari izan zen estatubatuarra- kontzeptu hori "filosofikoa da alde batera, semantikoa ere bai beste batera, baina, batez ere, gai sutsua da". Bizitza pribaturako eskubidearen onarpenak sustrai sakonak ditu historian. Biblian askotan aipatzen da. Judu-legeak antzina-antzinatik onartzen du behatua ez izateko eskubidea. Grezia klasikoan eta antzinako Txinan ere bazen nola babestu. Juramentu hipokratikoak -K.a. 300. urtekoa- medikuaren eta gaixoaren artean esandakoak hark isilpean gordeko zituela bermatzen zuen jada. Mendebaldean, duela mendeetatik indarrean den lege batek disimulurik gabeko begirada eta belarrietatik babesten gaitu. XIX. mendearen hasieran, William Pitt parlamentari ingelesak hauxe esan zuen: "gizon-emakumerik txiroenak, bere txabolan dela, koroaren indar guztiei aurre egin diezaieke. Baliteke etxea hauskorra izatea, teilatua kolokan egotea eta euria eta ekaitza barrura sartzea. Baina Ingalaterrako errege-erreginek ezin dute sartu ez eta euren armadarekin igaro haien etxebizitzaren atalasea, oso hondatuta egonda ere". Osterantzean, bizitza pribatuaren kontzeptua ez da berariaz modernoa ez eta berariaz mendebaldekoa ere. Hegoaldeko estatu askok erabakitzeko oinarrizko eskubidetzat hartu ala ez, oraindik zalantza egiten badu ere, herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute. Bizitza pribatua askatasuna bezalakoa da: hartaz gozatzen zenbat eta gutxiago utzi, orduan eta gehiago dugu haren beharra. Bizitza pribatuaren nozioak ez du esanahi bera kultura batean edo bestean. Frantzian askatasunarekin parekatzen dute. Ameriketako Estatu Batuetan gizabanakoaren eskubideetako bat da, batez ere gobernu federalaren esku-hartzeetatik babestekoa. Egile frantses eta anglosaxoi askorentzat, besteren begiradetatik salbu egon eta besteekiko harremanaz erabat goza dezakeen eremua ematen dio bizitza pribatuak gizabanakoari. "Giza eskubide guztiak bizitza pribaturako eskubidearen alderdiak dira, nolabait", esan zuen Fernando Volio Jimenezek, Costa Ricako demokraziaren garaileak. Gizarteari gure kontuetan eskua sar dezan mugak ezartzerakoan, boterearen gaia jartzen da mahai gainean: gure boterea, agintariena, gure senitartekoena, lanerako hartu gaituenarena edo bizilagunik hurbilenarena. Estatuek nazioartean zenbaterainoko mugimendu-tartea duten neurtzeko ere balio dezake gizabanakoen bizitza pribatua errespetatzen den jakiteak.Japon: espioitzarako zalekeria
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Japon: espioitzarako zalekeria
Tokion ikaragarrizko arrakasta dute alboko bizilaguna edo unean uneko izarra zelatatzeko aukera ematen duten tresna elektronikoek.
MICHEL TEMMAN ETA YVES BOUGON
Kazetari frantsesa Tokion
Tokioko Akihabara auzoa -elektronikaren auzo nagusia- etengabeko jardueran dago 1998. urtetik, Japoniako ekonomia berriaren garapenaren hasieran hain erabakigarria izan zen urtetik, hain zuzen. "Interneterako sarbidea duten konputagailu-modelo eta telefono zelularren modelo berriak dira ondoen saltzen diren produktuak" dio Toshihiro Miyazakik, herritarrentzat elektronikaren gunea den auzo honetako Laox supermerkatuko saltzaileak. Baina bada haize alde dabilen beste sektore bat ere, ezkontide edo bizikidea, bizilagunak edo lankideak zelatatzeko balio duten aparatu eta tresnena, hain zuzen: irudiak urrutitik ikusteko aukera ematen duten minikamera digitalak, mikrotxipak, minigrabagailuak eta bestelako miniatura elektroniko ia ikusezin batzuk. Sony, Sharp, Panasonic, Fuji eta Nikon enpresetako laborategietan gero eta tresna miniaturizatuagoak egiten ari dira etengabe. 300 eta 2.000 dolar artean balio dute, eta Laox supermerkatuan salmentak gorantz eta gorantz doaz 1999tik. Horrelako produktuek 15 eta 25 urte arteko gazteak erakartzen dituzte (bideo-jokoen belaunaldia, beraz; eta hain da fenomeno hedatua, ezen game sedai hitza sortu baita hura adierazteko), batez ere otaku direlakoak (literalki, "birtualaren inperioko seme-alabak"). Ondo pasatzeko, urrutiko kontrola duten miniaparailuen bidez argazki konprometigarriak ateratzen aritzen dira, adibidez, zenbait. Konfuzianismoak markatutako gizartea dugu Japon, eta nork bere burua eta baita besteak ere kontrolpean izatea balore nagusi izan da betidanik. Oraindik ere oso normala da auzoetako polizi-etxeek bertako biztanleen zerrenda zehatzak egitea eta baita auzora iritsi berri direnak nor diren jakiteko asmoz polizia bertara joatea ere. Gizartea kontrolpean izateko ahaleginean aritzen den beste erakunde bat auzo-batzordeak dira ( tonarigumi direlakoak). XVI. mendean sortu ziren, eta gerra garaian nazioaren aurkakotzat hartzen ziren jarduerak itoarazteko balio izan zuten. Horiek, ordea, kalterik egiten ez duten ekintzak dirudite produktu elektronikoak merkatura iritsi zirenetik egiten direnen aldean. Telebistan sarri-sarri aipatzen dituzte voyeurismo-ekintzak. Japoniar batzuek komun publikoak zelatatzen dituzte, beste batzuek kamerak eta mikrofonoak jartzen dituzte lagunen edo neskatxa ezkongabeen etxeetan, eta beste batzuek, berriz, Interneteko paparazzi bihurtu eta lapurtutako irudiak zabaltzen dituzte sarean. Duela gutxi, Sydneyko Joko Olinpikoetako maratoian garaile izan eta nazio-izar bilakatu zenaren milaka bideo saldu da ezkutuan. Etxeko bainugelan biluzik ageri zen bertan. Eta berak ezer jakin gabe grabatu zituzten irudiok, minikamera batez baliatuta. Japoniarrek gero eta gutxiago onartzen dituzte horrelako gehiegikeriak. Urtarrilaren hasieran, bigarren hezkuntzako irakasle bat atxilotu egin zuten bere ikasle ziren neskatxak aldageletan aldatzen ari zirela filmatzeagatik. Garai berean, NHK telebista-kate nazionaleko kameralari batek bere etxean zeuden hainbat lagun filmatu zituen, haiek ezer jakin gabe. Oraintxe bertan, NTT PHS enpresak eskaintzen duen Imadoko (Non zaude?) zerbitzuari buruzko eztabaida gori-gori dago. Gurasoei seme-alabak zelatatzeko aukera ematen die zerbitzu horrek. Telefono mugikorretan jarritako txip baten bitartez, NTT PHS enpresakoek badakite haren jabea une oro non dagoen, eta gurasoek eskatuz gero, adingabekoa zehatz-mehatz non dagoen adierazten duen mapa igortzen diete. Japoniarren kezka larriagotu egin da, gainera, Polizi Agentziari (NPA) eta Justizia Ministerioari bitarteko teknologikoak erabiltzeko ahalmen handiagoa emango dien legea onartu baita berriki. Linea telefonikoak kontrolatu, posta elektronikoak ezkutuan jakin... zernahi egiteko aukera dute orain. "Krimen-ikerketak bizkortzeko egin zen lege hori, ez jendearen eguneroko bizimoduan esku hartzeko" dio NPAk. Baina adituek, Tokioko unibertsitatean aritzen den Shin Mizukoshik, adibidez, zalantza egiten dute. " Big Brother gure etxeetan sartu ote da? Poliziak komunikazioak bidean atzematea, ez al da japoniarren bizitza pribatuan eskua sartzeko beste modu bat?". Pirateria informatikoari aurre egiteko entzuten dira telefono-deiak, batez ere. Indarrean jarri berri da delitu informatiko oro zigortzeko legea; zigorrak, urtebeteko kartzela eta 5.000 dolarreko isuna. Ikerketa-lanak NPAren High Tech Crime Technical Expert Center izeneko zainketarako zibergunean bildutako 80 polizia-ingeniarik egingo dituzte, eta urtean bi milioi dolarreko aurrekontua izango dute horretarako. Asaldatzaileak gero eta adituagoak dira, ordea, elektronikaren aurrerapen berrietan. "Komunikazio-sistema mugikor eta hobetuak nonahi daude, eta horrek arazo berriak sorrarazten ditu. Denen artean konpromisoa hartu eta irtenbideak bilatu behar ditugu, herritarren onerako eta haien segurtasunaren mesedetan" dio NPAko arduradun batek. Izan ere, Japonen, Yoichi Higushi legelariak dioen bezala, bizitza pribaturako eskubidea "eskubide birtuala" izatera behartuta dagoela dirudi.Interneten bitartez, bezeroa agerian
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Interneten bitartez, bezeroa agerian
Datu elektronikoen salerosketa goraldian dago, bete-betean. Hari esker, enpresek hobeto ezagutzen dituzte kontsumitzaileak. Baina, pixkanaka-pixkanaka, jada badugu babestuko gaituen legedirik.
CATHERINE MAUSSION
Frantziako Lib¿ration egunkariko kazetaria.
Berrehun dolar, galdera-sorta bati erantzuteagatik bakarrik. Ameriketako Estatu Batuetako Greenfield Consulting taldearen eskaintza hori aurkitu zuen, berriki, Informatikari eta Askatasunari buruzko Batzorde frantseseko (CNIL) kide batek bere postontzi elektronikoan. Tentagarria da benetan eskaintza, baina argi eta garbi erakusten du zer-nolako garrantzia ematen dieten enpresek internautei buruzko datuak izateari. Urtero, urtarrilaren amaieran, fitxategien salerosketarako azoka erraldoia antolatzen dute Parisen, eta aurtengoa merkataritza elektronikoari eta Interneti buruzkoa izan da. Bertako standetako batean, I-Base izeneko start-upak (1999an sortutakoa) bere fitxategia eskaintzen zuen: 15 eta 35 urte arteko "700.000 gazte baino gehiagoren portaeraren datu-basea". Nondik lortutakoak dira datu horiek? Enpresak ez du esan nahi. Bertan zegoen beste elkarte bat Consodata zen, datu-megabasetan espezializatutako Frantziako bi enpresetako bat. Lehian dabilkion Claritas enpresa bezalaxe, urtero-urtero galdera-sorta lotsagabe samarra bidaltzen du milioika postontzitara: uneko kredituak, irakurketa-ohiturak, zaletasunak... denerako jakin-mina dute. Denboraren joanarekin, informazio-pila hori gehitu eta gehitu, kontsumitzaileen profilak zehaztuz joan dira, eta urreak beste balio dute orain. Norberari egokitutako zerbitzuen eta e-commerce delakoaren garai honetan, horrelako enpresek gero eta interes gehiago dute internautekiko. Euren guraririk barnekoenak ezagutzeko, Consodata enpresak Cabestan filial espezializatua sortu zuen; hainbat joko on-line proposatuz amu gisa. Spray izeneko atzipen-hornitzailearen harpidedun diren asko eta asko horrelaxe sartu ziren, itsu-itsu, lehiaketa batean, eta, zertan ari ziren ohartu gabe, euren izaerari buruzko eta bestelako datu ugari utzi zituzten bertan. Egundoko pagotxa enpresarentzat, laster salgai jarriko ditu eta. Horrelakoak ikaragarri garatuta daude Ameriketako Estatu Batuetan, Interneten eta data mining edo datu-erauzketaren sorlekua den herrialdean. Serge Gauthronet, horrelako gaietan espezializatutako aholkularia, bertara joan zen postontziratze elektronikoan adituak diren batzuk ikustera. "Harritzeko moduko artilleria" omen dute. Lehenengo urratsa: ondo baino hobeto ikusteko moduko lekuetan jartzen dituzte galdera-sortak. Ondoren, bisitariak zenbait galderari erantzutera bultzatzen dituzte: lanbidea, zaletasunak, seme-alabak eta abar. Hortik aurrera, internauta "behatu" egingo dute, egiten dituen erosketen bidez edo sarean hara-hona dabilela baliatuz. Horrela, linean dauden merkatariek merkataritza-eskaintza zehatzagoak egin ahal dituzte, hartzaile jakin batzuk buruan. Horrelako enpresak harro baino harroago daude egunean 100 milioi posta elektroniko baino gehiago zerbitzatzeko gai direla eta. Eta orotara, horrelako 200 enpresa inguru daudenez, guztira egunean 20.000 milioi mezu ingururi kasu egiteko ahalmena dute, lehen aipatutako aholkulariak egindako kalkuluen arabera, hau da, "hirurogei mezu inguru, egun eta postontzi elektroniko bakoitzeko". Serge Gauthronet-ek Europako Batzordeari oraintsu eman dio ekintza horiei buruzko txosten xehatua. Lehenengo konklusioa: datuak biltzeko gaur egun erabiltzen diren metodoak argiagoak dira duela urte batzuetakoak baino. Lehen, internautak ezer jakin gabe lortzen zuten enpresa espezializatu gehien-gehienek informazioa, batez ere ditxosozko cookie horiez baliatuz (internauten disko gogorretara bidalitako fitxategiak, sarean egiten dituzten joan-etorriak erregistratzeko balio dutenak) edo, besterik gabe, haurrei galderak eginez, inozoagoak dira eta. Gaur egun, berriz, kontsumitzaileak horretarako baimena argi eta garbi emanez biltzen dute informazioa ( opt-in printzipioarekin bat), eta hark nahi duenean, ezezkoa esan eta joan egin daiteke. Beste aurrerapen bat: internautak postontziak gainezka egiten hasterako baimena eskatzen hasiak dira orain enpresak. Non dago, orduan, arriskua? Hasteko, badirudi zenbait enpresek ez dutela oraindik oso ondo ulertu opt-in printzipioa. "Nahikoa da, adibidez, internautak helbide elektronikoen zerrendan leku jakin bateko erreferentziak izatea, leku horretakoek uste izateko zernahi egiteko baimena eman duela". Beste iruzur bat: baimendutako prozeduretatik lortutako datu pertsonalei, sarritan, tentuz hartzeko beste datu batzuk gehitzen zaizkie, isilpean, internautak ezer jakin gabe. Are urrunago joan eta gizakiaren askatasunaren gaia eta datu-baseek ekarriko duten "niaren espoliazioa" mahai gainean jartzen dizkigu ikertzaileak: "Pertsona baten identitatea ezartzen den unetik, bere irudia berak nahi bezala zehazteko eskubidea kentzen zaio". Eta kontsumitzailearen bizitza pribatua urratu egiten dela aipatzen du, jakina. Europako Batasunaren jarrera aho batekoa da, gai horri dagokionez, eta 1995eko urrian sinatutako arteztarau batean berretsita dago. Nahitaez bete beharreko xedapen-multzo horrek berme berak ematen dizkie Europako Batasuneko herritarrei: bildutako datuak eskuratzeko eskubidea, datuak zuzentzeko eskubidea, datuak beste batzuei emateari uko egiteko eskubidea, datuak lortzeko prozedurak argiak izatea... Funtsezko beste alderdi bat: ezin da Europatik kanpora fitxategirik bidali, baldin eta fitxategia hartuko duen herrialdeak bermatzen ez badu datu pertsonalak behar bezala babestuko direnik. Debekatuta dago, beraz, American Express edo Microsoft enpresek, adibidez, euren langileen eta bezeroen fitxategiak Europatik Ameriketako Estatu Batuetara bidaltzea, kontratu bidez zenbait arau betetzeko konpromisoa hartu ezean. Hala eta guztiz ere, Europari, nahiz eta batuta egon, kosta egiten zaio bere irizpideak betearaztea, batez ere Ameriketako Estatu Batuetan. Aipatutako arteztaraua indarrean jarri baino zertxobait lehenago (1998ko urriaren 25 baino lehen, beraz), Washingtonek bere horretan zirauen, "sektorearen autorregulazioa" printzipioaren alde. Gero, FTC (Merkataritzarako Batzorde Federala) eta Europako Batzordearen arteko norgehiagoka hasi zen, eta bi urte baino gehiago eman zituzten horretan. Azkenik, 2000ko uztailean, bi alderdiek "safe harbor" izeneko hitzarmena sinatu zuten, eta azaroaren 1ean jarri zen indarrean, ia isilpean. Hitzartutako testuaren arabera, datuek Ozeano Atlantikoaz bestaldera zirkulatzen jarrai dezaten, enpresek agindu egin beharko dute Europako arteztarauko funtsezko printzipioak bete egingo dituztela eta, arau-hausterik egonez gero, zigorrak onartuko dituztela. Ameriketako Estatu Batuez gain, Hungariak eta Suitzak lortu zuten, uztailean, Europako Batasunak "herrialde garbia" kalifikazioa ematea. Hartutako neurriak ez dirudi, ordea, Ameriketako Estatu Batuetako enpresen oso gustuko. Gaur artean, zazpik baino ez dute bat egin "safe harbor" hitzarmenarekin. CNIL batzordearentzat gaia aztertzen diharduen Etienne Drouard legelariak zalantza egiten du arrakastarik izango ote duen: enpresa estatubatuarrentzat, "hitzarmena sinatzea subiranotasuna galtzea da", dio berak. Baina baliteke aurten berriro gaiari heltzea, Washington bizitza pribatua babesteko neurria gogortzearen alde jarriko dela baitirudi. Besteak beste, Amazon eta Double-Click eskandaluen ondoren (ikus taula) garrantzi politiko handiko gaia da orain pribatutasuna. Kongresu berria kokatu berri dela, parlamentari batzuek aurkeztu dituzte jada mozioak, eta horietan gaiari buruzko lege federala eskatzen dute. Ameriketako Estatu Batuetako alde liberalak herritarren erresistentzia gero eta irmoagoari aurre egin beharko dio orain. HASERRETZEKO MODUKO GEHIEGIKERIAK
Ameriketako Estatu Batuetan informatika-arloko publizitate-enpresarik garrantzitsuenak, Double-Click-ek, adi ibili beharko du; ezin du akats bakar bat gehiago egin. Bere egitekoa sareko guneetan publizitate-amuak eta salatari elektronikoak ( cookie-ak) jartzea da. Eta, azken batean, internauten profilak zehaztea, gero haien neurrira egindako propaganda bidaltzeko. Hasiera batean, Interneten erabiltzaileak euren PCko datuekin identifikatzen zituzten, eta, beraz, anonimatuan zeuden, nolabait. Baina 1999an egoerak bestera egin zuen: Double-Click enpresak Abacus erosi zuen, milioika estatubatuarren 2.000 milioi eskaera inguru erregistratzen zuen datu-base izenduna. Horrela, Double-Click-ek bere fitxategia Abacus-enarekin gurutzatu eta are fitxategi erraldoiagoa eratu ahal izan zuen. Bizitza pribatuaren aldeko taldeek berehala jo zuten auzitegietara, eta enpresak uko egin behar izan zion bere megabaseari. Oraindik orain, Amazon enpresak, munduko liburu-denda elektronikorik handienak, arazo larriak izan ditu. Diru-galerak zituela-eta estututa, 2000ko irailean, egun batetik bestera, beste enpresa batzuei bere bezeroei buruzko informazioa alokatzea erabaki zuen, ordura arte horrelakorik ez egiteko konpromisoa hartu zuen arren. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuz kanpoko erakundeek, berriro ere, gertatutakoa jakinarazi zien agintariei. Eta Erresuma Batuan ere haserrea piztu zen: Privacy International taldeak Amazon.uk ixtea exijitu zuen, argi eta garbi.Intimitatearen negozioa
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Intimitatearen negozioa
Bizitza pribatua onuragarri zaio ekonomiari; denek onartzen dute hori. Baina ba al da, egiaz, hura babestea eskaintzen duten enpresentzat horretarako merkaturik?
EVAN HENDRICKS
Privacy Times-eko erredaktore-burua eta argitaratzailea, Washington.
Hainbat eta hainbat enpresak justiziari eta herritarren haserreari erantzun behar izan dio, duela gutxi, euren bezeroen datu pertsonalak isilpean ez gordetzeagatik. American Express enpresak, ordea, beste elkarte batzuek bezalaxe, besteren bizitza pribatuaz baliatuz onura lortzea du helburu. Joan den urtean, kreditu-txartelak ematen dituen enpresa horrek "ezkutuko ordainketa" merkaturatu zuen. Hala nahi duten bezeroei kreditu-txartelen behin erabiltzeko zenbakiak on line eskuratzeko aukera ematen die horrek, ordainketa bakar batean erabiltzekoak, alegia. Horrela, gerora beste norbaitek iruzur eginez horietako zenbakiren bat erabili nahi izango balu ere, ez lioke ezertarako balioko. Bizitza pribatua babestea, beraz, "balio erantsia" da, lehendik egon badagoen zerbitzu bati gehitutakoa. Eta horixe da garrantzitsuena kontu horretan guztian. Gainera, 2001ean horren antzeko beste zerbitzu-sorta bat merkaturatzekotan da American Express; adibidez, Interneten anonimoki ibiltzeko aukera. Eta lehian dabilzkion beste elkarte batzuk ere, Visa/Mastercard batez ere, hari jarraitu eta beste horrenbeste egiten ari dira. Bestalde, PrivaSys enpresak, San Frantziskokoa, teknologia berri bat patentatu du: kreditu-txartelek eurek erosketa bakoitzerako behin erabiltzeko zenbakia sortu ahal izango dute. Txartelek zenbaki-teklatu bat dute, bai eta kristal likidoko pantailatxoa, bateria ñimiño bat eta pista magnetiko berezi bat ere. Txartelaren jabeak lau zifrako bere ezkutuko kodea txartelean bertan markatu behar du soilik, eta txartelak sortuko du behin erabiltzeko zenbakia. Baina intimitatearen babesaren merkatu sortu berria zabal-zabala da, eta ordainketak egiterakoan segurtasuna izatea alderdi bat baino ez da. Beste enpresa batzuek bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte: Interneten norbere izenik agertu gabe edo goitizen baten bidez ibiltzeko tresnak, cookie-ak (salatari elektronikoak) kontrolatzeko programak, hackers-etatik (hau da, sarkin informatikoetatik) babesteko zerbitzuak... Denborak erakutsiko digu enpresa horietatik zeinek irabaziko duen. Gauza bat, ordea, argi dago: salerosketa elektronikoaren industria sortu berriak ez zuela ondo kalkulatu datuak isilpean izateak zenbaterainoko garrantzia duen. Izan ere, datu pertsonalak ezkutuan gordeko direla bermatzen ez bazaio, kontsumitzailea ez da fio. Eta "puntocom" industriak izan duen beherakadak ederki islatzen du hori: horrelako enpresek larrutik ordaindu dute datuak ezkutuan gordetzearen garrantzia kontuan hartu ez izana. Bizitza pribatua, balio erantsia
Salerosketa elektronikorako ez ezik, telefono mugikorrak egiten dituzten enpresentzat ere oso arazo larria da, baina, datuak isilpean gorde behar izatea. Industria horiek ia mugarik gabeko ahalmena dute telefono mugikorrak dituztenak informazio- eta bilaketa-zerbitzuz, iragarkiz eta beherapen-kupoiz josteko. Zelularren inguruan eratu den negozioa erabiltzaileak beldurtzeko modukoa da: haiei jarraituz etengabe zaintzapean egotea, eskatu ez diren zerbitzuak jasotzea, komunikazioak galarazteko aparatuak, gairik interesgarrienen eta kontsumitzailearen mugimenduen zenbaketa xehatuak, eta ordainketa-modu ez oso seguruak. Hala eta guztiz ere, badirudi telefono mugikorrak egiten dituzten enpresek zer edo zer ikasi dutela salerosketa elektronikoaren akatsetatik. Duela hilabete batzuk, mugikorren industriako talde nagusiak bildu ziren Ameriketako Estatu Batuetako Merkataritzarako Batzorde Federalaren mintegi batean; eta, bertan, kontsumitzaileen datu pertsonalak bildu edo erabili baino lehen enpresak haien baimena lortzera behartzeko arau batzuk jakinarazi zituzten. Baina ez da altruismoa: aitzitik, mugikorren industriak ulertu du, behingoz, kontsumitzaileek ez dutela onartuko euren gogoz kontra merkataritza-zerbitzuek beraien telefono mugikorrak inbaditzea. Bizitza pribatua agertu berri da merkataritzaren alorrera, eta horrek ondorio honetara garamatza: bada bere intimitatea babesteagatik gehiago ordaintzeko prest dagoenik. Ikasbiderik garrantzitsuena beste hau dugu, ordea: ez dirudi kontsumitzaileak euren datu pertsonalak babesteagatik aparteko ahaleginik egiteko prest daudenik, eta bitartekoren bat -Internet, adibidez- oso segurua ez dela iruditzen bazaie, uko egingo diote erabiltzeari. Litekeena da norbere intimitatearekiko errespetua "balio erantsi" bihurtzea eta kontsumitzaileei karga handiegia ere ezarri gabe euren ordainketa-moduetan aparteko balio hori nola sartu asmatzen duten enpresentzat merkatu berri bat sortzea.Iraultza isila
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Iraultza isila
Guatemalatik hasi eta Kosovoraino, giza eskubideen aldeko taldeek espioitza-nobeletan agertzeko moduko zientziari ekin diote: kriptografiari, hain zuzen.
SUELETTE DREYFUS
Kazetari australiarra, Underground-Tales of Hacking, Madness and Obsession on the Electronic Frontier liburuaren egilea (Random House, 1997).
Iraultza-modu isila hasi berri da giza eskubideen aldeko taldeen artean. Manifestazio iskanbilatsurik eta protesta sutsurik egin gabe, hainbat leku, Guatemala eta Kosovo adibidez, aldaketa horren abangoardian dira, eta elektronika eta gai grisa dute arma bakar. Informatika eta, batez ere, kriptografia-programak (ezkutuko kodeez baliatuz, testuak itxuraz ausaz aukeratutako ikur-segida bihurtzen dituzte horrelakoek) gobernu zapaltzaileen eta haiek zaintzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) arteko indar-oreka aldarazten ari dira zoli-zoli. Kanbodiatik hasi eta El Salvador-eraino, herri-erakundeek programa informatikoetara jotzen dute gobernuak giza eskubideak urratzen dituela salatzeko eta zein bortxakeria egin dituen erregistratzeko, eta, ondoren, datuak ezkutatzeko aukeraz baliatzen dira euren informazio-iturriak babesteko. Teknologia, GKEen lagun
Iraultza-modu horren bultzatzaileetako bat Patrick Ball dugu, Zientziaren Aurrerapenerako Elkarte Amerikarreko (AAAS) Zientzien eta Giza Eskubideen programako zuzendariordea. Azken bederatzi urte hauetan, Ball gerrak edo matxinadak izan dituzten hainbat herrialdetara joan da, betiere zuhur, giza eskubideen aldeko ekintzaileak informazioa biltzeko artean trebatzera. Eta El Salvador, Guatemala, Haiti, Etiopia, Albania, Kosovo eta Hegoafrikar Errepublikako datu-baseak konfiguratu eta babestu ditu. 1990eko hamarkadaren hasieran, Ball giza eskubideen aldeko militanteekin elkarlanean hasi zenean, zera uste zuten gehien-gehienek: teknologia, hainbeste denboraz gobernu zapaltzaileen zerbitzura egondako tresna izanik, euren etsai zela, zalantzarik gabe. Balli kosta egin zitzaion, ez gutxi gainera, gobernuaren kontrolpetik ihes egiteko programa informatiko gero eta merkeagoez balia zitezen konbentzitzea. Baina duela hiru urtetik ona, gauzek bestera egin dute. "Talde horiek, pixkanaka, ohartzen joan dira eskala handiko informazioa izateak azterketa-gaitasun izugarria ematen digula, bai eta teknologiarik gabe ezinezkoa dela horrelako informaziorik eskuratzea ere" dio Ballek. "Kanbodiara bertako ekintzaileekin egotera joan nintzen batean, deigarri gertatu zitzaidan idazmahai bakoitzean zegoen paper-mordoa. Zifra bakar bat lortzeko, uztailean giza eskubideak zenbat aldiz urratu izan ziren jakiteko, adibidez, aste pare bat beharko ziren". Ballen ustez, samurragoak dira orain gauzak, konputagailuak merkatu egin baitira eta programa informatikoak erabiltzea erraz-erraza baita. Datu-baseei, kalkulu-orriei eta testu-tratamendurako programei esker, gaur egun erakunde askok zehatz-mehatz azter dezakete giza eskubideekiko urraketa bakoitza. Azterketarako zehaztasun hori izatea botere handiko arma da horrelako taldeentzat, eta, jakina, aurkari politikoen helburu nagusia ere bai. Gobernuek egindako sarraskiak salatzen dituzten lekukoen bizia eta segurtasuna arriskuan egon ohi dira. Hori dela eta, "militanteak kriptografiaz baliatzen dira euren ikerketa-txostenak eta lekukoen nortasuna babesteko, besteak beste, datuok norbaiten segurtasuna edo askatasuna galzorian jar bailezakete" azaldu digu Ballek. Guatemalan, kriptografiak berebiziko eragina izan zuen, erabakigarria, gerra zibilak eta beldurrak ezarritako 36 urteko isiltasun-garaiaren amaieran (100.000 lagun hil ziren orduan, gehien-gehienak maiak). Duela oso gutxi arte ezinezkoa zen honelako testigantzarik lortzea edo argitaratzea: "Nire arreba Rabinal-era erosketak egitera zihoan; baina Plan de Sanchez baserrira iritsi zenerako bertan zen armada. Etxe batera eraman, eta bortxatu egin zuten. Hamabost neskatxa bortxatu zituzten guztira, eta gero balaz josi denak. Ondoren, herritarrek hilerri klandestino batean lurperatu zituzten". Deklarazio hori Guatemala Hiriko Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Ikerketa-zentroaren (CIIDH) eta AAAS erakundearen txosten batetik lortutakoa da, eta horrelako beste 5.000 inguru daude, guztiak ere errepresalien beldur euren izenik ez agertzea eskatuz 1994 eta 1995. urteetan CIIDH-ri eta bestelako erakunde batzuei aitortutakoak. Eta kriptografiari esker egin ahal izan zuten. Kriptografiari esker galdu ez diren testigantzak
CIIDH izan zen bere datu-basea kriptografiaren bidez babestu zuen munduko lehenengo taldeetako bat, eta PGP programa erabili zuen horretarako, gaur egungo kriptografia-programarik ezagunena, alegia. Ikerketa-zentroko hainbat langilek aldean eguzki-panelez elikatutako ordenagailu eramangarriak hartu eta Guatemalako leku menditsu eta urrunak zeharkatu zituzten, batzuetan oinez eta besteetan mando gainean, armadak ezkutatuta egon zitezen behartutako hainbat lagunen testigantzak biltzera. Paperean jasotako lan-arrasto guztiak erre eta hiriburura aztertzera bidali baino lehen, datuak zifratu egin zituzten. Gero, PGPren bidez eta posta elektronikoz, kopia kodifikatuak bidali zituzten atzerriko leku seguru batera. Ballek dioenez, Guatemala da adibiderik onenetakoa, oraindik ere, giza eskubideen aldeko militanteek teknologia nola hartu zuten erakusteko. Segurtasun-programez baliatzen jarraitzen dute, baina ez soilik euren lekukoak babesteko, baita aurkari politikoak erakundeetan infiltratu, informazioa aldatu eta taldearen lanari aipua ken diezaioten ekiditeko ere. Beste leku batzuetan, ordea, "taldeek nahiago izan dute kriptografia ez erabili, euren lana isilpean izate hutsak gobernuak taldeok segurtasun nazionalerako arriskutsutzat hartzea eragingo bailuke" azaldu digu Ballek. "Egia esateko, ez dut uste giza eskubideen aldeko talde bakar bat ere arriskutsua denik segurtasunerako. Baliteke ankerkeriak egin dituzten armadako edo poliziako kargudun batzuk kinka larrian jartzea, baina nik ezagutzen ditudan talde guztiak euren herrialdeak demokratizatzen eta herritarren eskubideen alde dihardute lanean". Pasa den hamarkada osoan, Ameriketako Estatu Batuetako gobernua, batetik, eta gobernuz kanpoko erakundeak, bestetik, borroka politikoan aritu ziren, kriptografia erabiltzeko eta munduko gainerakoekin partekatzeko eskubideari buruz. Ballen ustez, borroka hura amaituta dago jada Ameriketako Estatu Batuetan. "Laburbilduz", dio Ballek, "zera erabaki zuen Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak: kriptografia arautzeak izango lituzkeen kostu ekonomikoak, bai eta askatasun zibilaren arloan izango lituzkeenak ere, handiagoak zirela segurtasun nazionalaren arduradunek eta magistratuek sortutako iskanbila baino". Azken horien ustez, gaizkile eta terroristentzat tresna ezin baliotsuagoa baita kriptografia. Ballek dioenez, zenbait estatuk debekatu egin dute kriptografia erabiltzea, eta horretan ari dira beste batzuk. Arazorik ez izateko, talde askok ez dute esaten kriptografiaz baliatzen direnik. Zertarako esan, bada, ikur bitxiz betetako pantaila ustez garrantzirik gabekoa hainbat hilketa eta torturen lekuko izan zen norbaiten deklarazioa denik egiaz? +... State Violence in Guatemala, 1960-1996: A quantitative reflection izeneko txostena kontsultatzeko, jo ezazue helbide honetara: http://www.hrdata.aaas.org/ciidh HAITIRI BURUZKO EGIA
1995. urtetik, Haitiko Egiaren Batzordearekin elkarlanean aritzen da Patrick Ball. 5.500 elkarrizketa inguru egin ondoren, giza eskubideak urratu izanaren 18.000 salaketa baino gehiago bildu zituen batzorde horrek, eta, ondoren, datuok aztertu zituzten, erregimen militarraren agintaritzapean -hots, 1993 eta 1994 artean- Haitin egiaz zer gertatu zen jakiteko. "Eraildako pertsona guztien zerrenda hartu eta horretan oinarrituta grafiko bat egin ondoren, zera ikusi genuen: erailketa politikoak bi une ezberdinetan pilatzen zirela" dio Ballek. Gertaerak eta garaiak alderatu zituenean, berriz, zeraz ohartu ziren taldekook: giza eskubideak gehiagotan urratu zirela, askoz ere gehiagotan gainera, Haitiko uretan soldaduz betetako itsasontzi estatubatuar bat zegoenean esku-hartze militarraren balizko igerle. "Interesgarriena, ordea, hauxe da", azaldu digu Ballek, "erregimen haitiarraren aldeko askok eta askok ziotela kaleetako indarkeria hura guztia ez zela oldar nazionalista hutsa baino, eta Ameriketako Estatu Batuek zutela errua, esku hartuko zutelako amenazoak zirela eta. Baina denbora joan ahala, horrelako borrokak herrialde osoan gertatzen zirela ikusi zen, eta horrek nolabaiteko koordinazioa zegoela adierazten zuen, argi-argi". Konklusiorik logikoena, Ballen ustez, hauxe da: Haitiko talde paramilitarrak izan zirela -estatuaren onespenarekin- kaleetan beldurra sorrarazi zutenak, Ameriketako Estatu Batuek esku har zezaten eta Aristide presidentea itzul zedin eskatzea haitiarrei burutik kentzeko.Sekretu genetikoen babesa
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Sekretu genetikoen babesa
Intimitate medikoa ziurtatzeko, estatubatuar askok nahiago du norbere "sekretuak" ez jakin, proba genetikorik ez egitearren.
AMY OTCHET
UNESCOren Albistariako kazetaria
"Duela bost urte gure ama gauza bitxiak egiten hasi zen. Sekretuak kontatu eta gezurrak esaten zituen. 59 urte baino ez zituen arren, sarritan erortzen zen eta bekainak kontrolik gabe mugitzen zituen. Huntington-gaitza zuela esan ziguten. Hori jakin eta hurrengo egunean, liburutegira joatea erabaki nuen, ezer ere ez nekien-eta gaitz horri buruz. Medikuntza-liburu batzuk irakurri ondoren, hiru gauza jakin nituen: lehenengoa, gaitza sendaezina dela, eta ama hil egingo zitzaigula; bigarrena, bere seme-alabek, hau da, anaiak, nire bi ahizpek eta neuk, %50eko posibilitatea genuela gaitza sorrarazten duen genea heredatzeko; eta hirugarrena, geure seme-alabak ere arriskuan zeudela". "Familiakoei izan ezik, gainerako guztiei gaitzaren kontua ezkutatu egin behar niela ohartu nintzen. Interneten sartu eta Huntington-gaitzari buruzko foro bat aurkitu nuen. Neuk ere gaitza ote nuen jakiteko azterketa genetikoa egiteko aukera nuela jakinarazi zidaten bertan, eta zuhurra izateko aholkatu ere bai. Gaitza zuten hainbat lagunek lanpostua eta aseguru medikoa galdu zutela ere jakin nuen foroan, eta hori zela-eta, azterketa genetikoa ez egitea erabaki nuen". Julie Sando ez da Ameriketako Estatu Batuetako kasu bakarra. Jende askok aukeratu du bere sekretu genetikoak babestea, horretarako euren eta familiakoen osasunaren berri izan gabe geratu behar izan badute ere. Barbara Fuller Giza Genomari buruzko Ikerketen Erakunde Nazionaleko (NHGRI) aholkulariaren ustez argi eta garbi dago zein den NHGRIk elkarrizketatutako lagunen herenak azterketa genetikoa egiteari uko egitearen arrazoi nagusia: diskriminazio genetikoa jasateko arriskua, hain zuzen. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan gaitz hori izateko arrisku gehien dutenetatik %15 eta %25ek egin baitu Huntington-gaitzaren azterketa. Hona hemen Julie Sando-k bere esperientzia kontatzen digu, sekretu genetikoek norberaren bizitzan eta gizartean duten eragina azalduz. Itxaronaldi itogarria
"Lauzpabost urte egon nintzen azterketa egin gabe. Eta egunero-egunero ikusten nuen gaitzaren sintomaren bat: tik bat esku batean, hizkera etena... Geure seme-alabek gaitza izango ote zuten ez jakiteak larritasun handia sortzen zidan, eta azkenerako ezin izan nuen gehiago jasan. Arazoari aurre egiteko ordua zen. Azterketa ordaintzeko bi modu nituen: bata, aseguruaren bidez eta nire historiala agerian jarriz, edo ezkutuan gorde nahi izanez gero, nik neuk ordaintzea (1.000 dolar inguru). Garai hartan ez genbiltzan oso ondo diruz, eta arriskurik handiena hartzea erabaki nuen". Gaixoak babesteko, hain zuzen, informazio genetikoa ezkutuan gordeko direla bermatzeko legeak promulgatu dira azken bost urteotan Ameriketako Estatu Batuetako estatuen %75ean. Eta 2003. urtean jarriko dira indarrean sekretu medikoa indartzeko beste arau federal batzuk, baina baliteke gobernu berriak auzia berriro eztabaidan jartzea. Ikerketa batzuek diotenez, diskriminazio genetikoaren beldurrak egiaz dokumentatuta dagoen kasu-kopurua ezkutatzen du. Informazio genetikoa ezkutatzearen gain legediak zuen eragina argitzeko ikerketa-lan bat argitaratu zen 1999. urtearen amaieran, zazpi estatutako aseguru medikoetako kudeatzaileek konpainietako ordezkariek eta agente eta aholkulari genetikoek egindakoa. Mark Hall ikertzaileetako batek Wake Forest Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasleak dioenez, "ez genuen ondo dokumentatutako diskriminazio-kasu bakar bat ere aurkitu". Eta horren arrazoia, bere ustez, hauxe da: aseguru-etxeek ziurtzat jotzen dutela jendeak bi eta bost urte bitartean lana eta, ondorioz aseguru-poliza aldatuko duela. Horrela, bezeroak tratamendua beharko duenerako, beste aseguru-etxe batean egongo da ziur aski. Kritikariek dioten bezala, ordea, genetikoki bularreko minbizia izateko arriskua duen 35 urteko emakumezko baten kasua da hori, baina zer gertatzen da 50 urtekoekin? NHGRI erakundeko aholkulari den Fuller-ek esan bezala, datozen urteotan proba genetikoak gero eta zehatzagoak eta egiteko errazagoak izango diren heinean, "ez dut ikusten aseguru-etxeek horrelakoak ez erabiltzeko arrazoirik". Horregatik zioen Julie Sandok "Arriskurik handiena hartzea erabaki nuen". Izan ere, aseguru-etxeari azterketaren berri ematerakoan, bere seme-alaben zerbitzu medikoa arriskuan jarri baitzuen. "Lehenengo hitzorduan", diosku Juliek, "galdera mordoa egin zizkidan espezialistak: nori emango diozu azterketaren berri eta zergatik... Baina gehien harritu ninduen galdera hauxe izan zen: ea babesetxe-asegururik ba ote nuen. 35 urte baino ez nituenez, bere galdera desegokia ez ote zen esan nion. Bere erantzuna ezezko biribila izan zen". "Hurrengo hitzorduan odola atera zidaten. Emaitzen zain emandako bi hilabeteak nire bizitzako latzenak izan ziren. 1999ko urtarrilaren 22an, senarra eta biok goiz-goiz altxa eta otoitz egin genuen. Ospitaleko itxaronaldia luze-luzea egin zitzaigun. Medikuak paperezko musuzapien kaxez jositako gela batera eraman gintuen. Bere aurpegiak ez zigun irribarre ziztrin bakar bat ere erakutsi. Eta, azkenean, hauxe esan zuen: "Zuk ez daukazu gaitzaren generik, eta zure seme-alabek ere ez. Baina zure anai-arrebek izan dezakete". Zonbi bainintzen sentitu nintzen. Urtebete behar izan nuen bizirik dirauenaren errua gainditzeko". "Anai-arreba guztien artetik neu naiz azterketa egin duen bakarra. Duela gutxi ahizpari galdetu nion ea zergatik ez duen egin nahi, eta zera erantzun zidan: "Lagun batek azterketa bera egin zuen, eta emaitza ezezkoa izan bazen ere, gaitza ez zuela, alegia, enpresakoek txostenean aurkitu eta bota egin zuten. Senarra gaixorik daukat. Zertaz biziko gara nik lanpostua eta aseguru medikoa galtzen baditut?". Diskriminazioa jasateko arriskua onartu arren, aditu batzuek, Shriver Center ikerketa-zentroko Dorothy Wertz-ek adibidez, zalantzan jartzen dute beldurra nahasketaren ondorio ez ote den. Horrelako azterketak arimara zabaldutako leihoak dira gehienentzat, dio Wertz-ek. Ezin dugu informazio hori aldatu, eta geure aurka erabil dezakete, gainera. Eta horrexegatik nahi izaten dute askok eta askok norbere "intimitate genetikoa" kosta ahala kosta gorde. "Intimitate genetikoa" nozioak, ordea, ez du zentzurik biologiaren ikuspuntutik. Lege federal askok babes berezia ematen diete Huntington-gaitza eta bestelako gaixotasun batzuk antzemateko azterketa genetikoei; baina, hala ere, kolesterola neurtzeko azterketa arrunt batek askoz ere informazio gehiago eman diezaguke familia baten historia medikoari buruz, esate baterako gaixotasun koronarioak izateko aukerari buruz. "Lege federalak uste onez egindako ahaleginak dira, baina segurtasun-irudipen faltsua ematen dute" dio Thomas Murray-k, Bioetikari buruzko Hastings Zentroko lehendakariak. "Ez da zintzoa genetikari estatus moral berezia ematea". Murray-en iritziz, gaixotasun arrunt eta larririk gehienak informazio genetikoaren eta ez-genetikoaren arteko nahasketa korapilatsua dira. Julie ere bat dator: intimitate medikoa babestea da irtenbidea, ez soilik intimitate genetikoa babestea. Horrek ez du esan nahi, ordea, diskriminazio genetikoa galarazteko legeak behar ez direnik. Horixe dio, behintzat, Joanne Hustead-ek, gaixoen eskubideen defendatzaile eta irabazi-asmorik gabeko National Partnership of Women and Families (Emakumezkoen eta Familien Elkarte Nazionala) erakundeko zuzendariak. "Eskubide zibiletan muga berri bat dago xedatuta, gizon-emakumeok norbere ezaugarriengatiko eta ezaugarri aldaezinengatiko diskriminaziorik jasan dezagun galarazteko, arrazagatiko edo erlijioagatiko diskriminazioa, adibidez. Interes pertsonalik ere bada tartean" dio Hustead-ek. "Denok ditugu aldaketa genetikoak. Denok gaude arriskuan". ASEGURUA IZATEA, LUXUA
Kanadan eta Frantzian eta beste hainbat lekutan, aseguru-sistemak denentzakoak badira ere, Ameriketako Estatu Batuetan gehien-gehienek euren lanpostuaren menpe dute aseguru medikoa. Batzuetan, enpresaburuek hitzarmen lehiakorrak negoziatzen dituzte aseguru-etxe nagusiekin; beste batzuetan, berriz, eurek ordaintzen dituzte langileei emandako zerbitzu medikoak. Bigarren aukera horrek zergen beherapena dakarrenez, gero eta enpresaburu gehiagok (%55 eta %65 artean) egiten du aukera horren alde. Langileek, ordea, larrutik ordaintzera arriskatzen dira, euren intimitatearen mesedetan. Medikuen parte guztiak datu-base elektronikoetan sartzen direnez, enpresaburuek berehala jakin dezakete zeintzuk diren "langilerik garestienak", hau da, gaixotasun larriak dituztenak edo izateko joera dutenak langileak. Gainera, enpresaburuek ez dute informazio genetikoa babesten duten lege federaletara makurtu beharrik. Nahi izanez gero, estatubatuarrek zuzenean ere jo dezakete aseguru-etxeetara, baina poliza gehienak "sailkatuta" daude: bezeroen familiako aurrekariak nolakoak eta gaixotasun-posibilitateak zenbatekoak, ordaindu beharreko kopurua hainbestekoa. Horrela, bada, baliteke denbora-kontua baino ez izatea azterketa genetikoak hautaketa-prozeduretan erabiltzea.James To: aukera-askatasuna
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
James To: aukera-askatasuna
Hong Kongeko legegile horren ustez, gobernuak utzi egin beharko lieke herritarrei euren intimitatea babesten. Askorentzat, ordea, luxua da hori.
GLENN SCHLOSS
South China Morning Post Egunkariko Hong Kongeko Korrespontsala.
James To-k ez du zalantzarik: bere telefonoa kontrolatuta dute. Halaxe esan zion polizia batek, baina berak ez du paranoiarik ez haserrerik sentitzen, etsipena baino. Hamar urte daramatza lanean; hamar urte, agintari britainiarren edo txinatarren zaintza-taktikak behatzen. "Gobernuak herritarrei buruzko gutxieneko informazioa baino ez luke izan behar" dio Alderdi Demokratako legegile honek. "Nire nahia ez da gobernuaren lagun egitea; gu lasai uztea eta norberak izan nahi duena izateko aske lagatzea besterik ez dut nahi". 28 urte baino ez zituela hautatu zuten lehenengo aldiz James To, 1990ean hain zuzen. Une erabakigarria izan zen hura hiriaren historian. 1989an Tiananmen plazan indarkeria-gertakari larriak jazo ziren. 1997an, berriz, Hong Kong berriro Txinari emango zitzaion. Bi jazoera horiek zirela-eta, Hong Kongeko herritarrak beldurrak jota zeuden, eta administratzaile britainiarrak haiek lasaitu nahian zebiltzan. Giroa baretzeko asmoz, agintari kolonialek Giza Eskubideen Gutuna egin zuten, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren parekoa, baina herri-mailan. Gutuna aztertzeari ekin zionean, ordea, James To-k ez zuen bizitza pribatua babesteari buruzko ezer aurkitu. Bere ustez hori ez da harritzekoa, "Erresuma Batuak berak ere ez baitu bizitza pribatuaren errespetatu bermatzeko berariazko bitartekorik". Errespetu hori lortzea bere konpromiso nagusia bilakatu du James To-k ikasle zeneko garaitik. Agintari kolonialek James To-ren aholkuei jaramonik egin ez bazioten ere, ezin izan zuten ahaztu Europako Batasunak 1994an egindako amenazoa, datuak babesteko legedirik ez izateagatik bertako bankuei Hong Kongekoekin aritzea debekatuko zielako mehatxua, alegia. Urte bat geroago, botere legegileak datu pertsonalei buruzko legea onartu zuen. Alabaina, ohartu zen James To telekomunikazioek ez zutela zertan bete lege hori, eta gobernuari ahalmen zabala ematen ziola, gainera, telefono-entzuketei zegokienez. Gauzak horrela, James To-k bere lege-proiektua aurkeztu zuen, eta epaile batek gainbegiratuta egin zitezen exijitu zuen bertan. Baina agintari britainiarrek ez zuten onartu lege-proiektua. Borroka, hainbat frontetan
Orain arte entzuketen aurka aritu bada ere, gaur egun beste alderdi batzuetara hedatu du borroka. Auzi kriminaletan susmagarri izan edo zigorra jaso dutenen DNA-laginak hartu eta datu-base erraldoi bat egiteko eskubidea ematen die poliziei onartu berri diren lege batzuek. Lehengo nortasun-agiriak alde batera utzi eta txertatuta txip bat duten txartel "adimendunak" nazioan ezartzeko ahaleginetan dabiltza inmigrazio-zerbitzukoak ere. Bertakoek beti eraman behar dute aldean txartela, eta jarduerarik arruntenak egiteko ere identifikazio-zenbakia lortu: telefonoa jar dezaten eskatzeko, bizitegi-eraikuntza batean sartzeko, edota tenis-jokaleku bat erreserbatzeko. Bizitza pribatuaren aldekoak beldur dira txartel horiek bestelako helburu maltzurrago batzuetarako ez ote diren erabiliko. Informaziorik pertsonal eta hutsalena ere zentralizatu egiten da horrela: liburutegi batetik zein liburu atera diren eta aurrekari medikoak, adibidez. Eta, beraz, txartelak erabiltzeko aukera duten zerbitzuek ezkutuan gorde beharrekoa litzatekeen informazio hori jakinaraz diezaiekete, esate baterako, enplegu-emaileei. Ez dirudi To-ren borrokak interes handirik pizten duenik bere herrikideengan. Bere ustez, hain daude ohituta zainduak izatera, ezen jada normala iruditzen baitzaie. Jendea prest dago norberaren bizitza pribatuan esku har dezaten onartzeko, baldin eta horrek dirua irabaztea galarazten ez badie, dio To-k. Eta egoerak okerrera egin eta benetan larria bihurtzen bada, erbestera jotzen dute. James To-ren iritziz, "bizitza pribatua luxutzat hartua dago. Ez da kultura txinatarraren zati"; kolektiboaren eskubideak gizabanakoaren eskubideen gainetik baitaude han. To-ren ustez, aldiz, taldearen ongizateak bertako kide bakoitzaren segurtasuna eskatzen du nahitaez.Ezohiko ituna pribatutasunaren alde
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Ezohiko ituna pribatutasunaren alde
Internauten elkarte batzuek eta zenbait enpresak ziberkriminalitateari buruzko hitzarmen-proiektu baten aurkako erasoari ekin diote. Egia da, bai, indarrak batzeak ahalmena handiagotzen duela, baina hain mugimendu heterogeneoa izanik, izango al da gai aurrera egiteko?
DAVID BANISAR
Giza eskubideen aldeko Privacy International taldeko zuzendariordea eta abokatu estatubatuarra (talde horrek Erresuma Batuan du egoitza nagusia)
Artikulu hau irakurtzen hasi zarenerako, Europako Kontseiluak luze eta zabal hedatuko zuen, jada, kide diren estatuek eta beste estatu batzuek zainketa areagotu eta gizabanakoon intimitatea inbaditu dezaten behartzeko hitzarmen-proiektua, "ziberkriminalitateari" aurrea hartzearen izenean (ikus taula). Hiri-elkartez eta enpresaz osatutako koalizio eklektiko batek, alabaina, hitzarmen horren aurkako erasoari ekin dio, nazio-mailako hainbat lege eta nazioarteko zenbait arau eztabaidagarriri aurre eginez. Ez da harritzekoa bizitza pribatuaren aldeko eta Clipper Chip edo "sekretuaren txip" arbuiagarriaren aurkako lehenengo kanpaina Ameriketako Estatu Batuetan sortzea, Interneten gordeleku den herrialdean, hain zuzen. Agintariek diotenez, gailu kriptografiko hori beharrezkoa izango da ahozko komunikazio pribatuak babesteko. Bi erakunde federalek jakingo dituzte horrelakoak deszifratzeko ezinbesteko "kodeak", eta "epailearen agindu" bidez jakinarazi ahalko dituzte soilik. Norberaren bizitza pribatua kosta ahala kosta ezkutuan gorde nahi dutenek azkar ohartarazi gintuzten horrek duen arriskuaz, kontuan hartuta batez ere iraganean gobernu federalak legez kanpo zaindu izan dituela herritarrak. 1994an, 50.000 lagunek -garai hartako internauten proportzio handi samarra- proiektuaren aurkako zibereskaerarik garrantzitsuena sinatu zuten, eta handik gutxi barru bertan behera utzi zuten. Bizitza pribatuaren aldeko borrokan deigarriena da borrokan ari diren sektoreen aniztasuna. 1996an, inmigranteen elkarteek, su-armak zituztenek, liberalek eta kontserbadoreek bat egin eta linea telefonikoak kontrolatzea eta erakunde politikoak ikertzea are libreagoa egingo zuen legediaren aurka ekin zuten. Eta orduan ere, Internetek antolamendu-aldetik eta informazioa zabaltzeko ematen duen aukera paregabeari esker, proiektua bertan behera gera zedin lortu zuten. Baina helburu jakin baterako elkarlan horrek oso oinarri ahula zuen. Herri-askatasunen aldeko hainbat talderen eta zenbait enpresaren artean, adibidez, koordinazio estua egon zen 1994ko Communications Assistance for Law Enforcement Act delakoari aurre egiteko. Horrek telekomunikazio-operadoreak euren ekipoak, instalazioak eta zerbitzuak aldatzera behartzen ditu, zainketa elektronikoaren pean egon daitezen. Telekomunikazioaren industriak legea bete zezan gobernuak diru-laguntza publikoak agindu zizkionean, ordea, berehala alde egin zuen koaliziotik. Geroago, industria horretako ordezkariek berriro iritzia aldatu eta gobernua auzitara eraman zuten, aplikazio-moduak ez betetzeagatik; eta auzia argitzeke dago oraindik. Interes ekonomikoen menpe dago eztabaida
Internet hedatzen ari den heinean, bizitza pribatuaren aldeko borroka ere nazioarteko bihurtzen ari da. Europako mendebaldeko herrialde gehienetan dago "ziberaskatasunaren" aldeko erakunde bat, gutxienez, Japonen bezala. Eta giza eskubideen aldeko elkarteak ere hasi dira arazo horretaz arduratzen. Gobernu bakar batek Interneten adierazpen-askatasuna debekatzea nahikoa izango da auzia mundu osora hedatzeko. Azken hamarkadetan, OCDEk (Ekonomi Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundeak), Europako Kontseiluak eta Europako Batasunak arautu dituzte, besteak beste, bizitza pribatua, adierazpen-askatasuna eta herri-askatasunarekin lotutako beste alderdi batzuek. Eta gobernu batzuk behin eta berriro agertu badira ere giza eskubideen alde, argi baino argiago dago interes ekonomikoen menpe egon dela eztabaida. Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuak beste gobernuekiko presioa areagotzen ari dira, zainketa munduko bazter guztietan ezar dadin lortzeko. Bizitza pribaturako eskubidearen defendatzaileen ustez, "zuriketa-operazioa" baino ez da; helburua, gainerako estatuek Clipper Chip eta horrelako proiektu polemikoak onar ditzaten lortzea eta, horrela, Ameriketako Estatu Batuetako kongresuak, ezinbestean, hasieran baztertu egin zituen bitartekoak onartu beharko ditu. Horri aurre egiteko, 1996an aurkako beste fronte bat sortu zen: Global Internet Liberty Campaign (GILC), hau da, Interneten askatasuna izatearen aldeko mundu-mailako kanpaina. Hiru elkartek eman zioten hasiera ekimen horri: Electronic Privacy Information Center (Pribatutasun Elektronikoari buruzko Informazio-zentroa), Human Rights Watch eta American Civil Liberties Association. Gaur egun, gutxi gorabehera hogeita hamar herrialdetako gobernuz kanpoko 50 erakunde baino gehiago biltzen ditu aliantza horrek. GILCek adostasun bidez funtzionatzen du, eta hura osatzen duten erakundeek ekintza zehatzak proposatzen dituzte, esate baterako, mundu osoko buruzagiei eskutitzak bidaltzea, txostenak egitea edo hitzaldiak antolatzea. GILCek eta Trans-Atlantic Consumer Dialogue (Kontsumitzaileen arteko Ozeano Atlantikoaz haraindiko Elkarrizketa) erakundeak erabaki politikoen prozesuan esku hartzea lortu dute. Sarritan jaso dute OCDEren bileretan parte hartzeko gonbitea, eta horixe da, ziur aski, euren lorpenaren adierazlerik nabariena. Baina mugimenduak hasierako urratsa baino ez du egin. Hurrengoa izango da gobernuz kanpoko erakundeek Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo duten eginkizuna indartzea. Badu arazorik, ordea, horrelako mugimenduek beti izan ohi dutena: dirurik eza. ZIBERKRIMINALITATEARI BURUZKO HITZARMENA
1997an, Europako Kontseiluko lan-talde batek, Europako Batasuneko kide diren zenbait herrialdetako poliziako eta Barne-ministerioko zenbait funtzionariok osatutakoak, ziberkriminalitateari buruzko nazioarteko hitzarmena idazteari ekin zion. Ordutik 25 bertsio idatzi dira. OCDEk hartutako antzeko beste neurriekin ez bezala, orduko hartan ez zituzten parte har zezaten gonbidatu ez askatasunen aldeko elkarteak, ez eta industriako erakundeak ere. Zenbait urtez isilpean aritu zen lanean batzordea, eta 2000ko apirila arte ez zuen ezagutzera eman proiekturik. Eta orduan bai, Europako Kontseiluak Internet bidez oharrak-eta bidaltzeko eskatu zien herritarrei. Baina ehunka mezu jaso bazituen ere, aldaketa hutsal gutxi batzuk baino ez zituen egin jatorrizko testuan. Hitzarmena zapaltzailea da funtsean, eta ia aipatu ere ez ditu egiten herri-askatasunak, giza eskubideak edo enpresen interes ekonomikoak. Oinarrizko postulatua, berriz, hauxe da: berariaz baimenduta dagoenaz beste ezin da egin ezer. Lehenengo kapituluak delitu informatikoen maila berriak ezartzen ditu. Pirateria informatikoaren kontzeptua zabaldu ere egiten du hitzarmenak, web-guneetan zerbitzu-baldintzak eta kontratuak ez betetzea ere har dezan. Arau-haustea izango da. halaber, "Deep linking" delakoa ere; hau da, merkataritza-gune bateko sarrerako orrialdea (eta publizitatea) saihestu eta zuzenean barrualdeko orrialde batera jotzeko aukera ematen duena. Halaber, sarbiderako hornitzaileak delitu kriminalengatik auziperatu ahal izango dituzte nahiz eta beraiek ezertxo ere jakin gabe euren erabiltzaileek haur-pornografiako guneekin konektatzen badute. Eta herritar arruntak ere erantzukizun penala izango du bere bizitza pribatua babesteko asmoz sareko formularioetan informazio okerra sartzen baldin badu. Estatuei ere ahalmen zabal-zabalak ematen zaizkie honako alor hauetan: linea telefonikoen kontrola, unean bertan trafikoari buruzko datu-bilketa eta informazio-bilaketa eta konfiskazioa. Baina harrigarriena zera da: proiektuaren testuak ez dituela aipatzen Europako Kontseiluak aspaldi-aspaldidanik bultzatutako giza eskubideen babeserako hainbat printzipio. Galdetu ere galdetu zitzaienean ea proiektuan zergatik ez zen kontuan hartzen askatasunak babesteko prozedurarik, lehendakariak erantzun zuen neketsuegia izango litzatekeela bizitza pribatuari buruzko arauak ematea. Taldeko kideek gaiari buruz ezer gutxi zekitela onartu zuen horrela lehendakariak, nahita ez bazen ere. Oraintsu, GILCeko gobernuz kanpoko erakundeak eta ugazaben erakundeak, AT&T eta Nazioarteko Merkataritza Ganbera buru direla, hitzarmenaren aurka elkarlanean hasi dira. Enpresen kezka nagusia sistemak berregituratzeak izango duen kostua eta estatuen zainketa-lanak egiten hastea da. Eta beldur dira, halaber, euren erabiltzaileek edo bestelako batzuek egindakoen erantzule egingo zaien, azken finean. Oraindik ikusteko dago gobernuz kanpoko erakundeen eta enpresen arteko aliantza horrek hitzarmena berriro aztertzea edo geldiaraztea ekarriko duen. Horrela balitz, isilpeko negoziazioetan emandako urteetako lana deuseztatu egingo litzateke. +... www.gilc.org/privacyIxo! Zelatan ari da
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Ixo! Zelatan ari dira
Espioitza elektronikorako Echelon sare handiaren berri eman zuen kazetariak nazioarteko zaintzak gu guztiok zenbateraino ukitzen gaituen jakinarazten digu.
DUNCAN CAMPBELL
Ikerketa-kazetari eskoziarra
Lurreko lekurik urrunenetan 30-50 metroko diametroa duten esferaerdi zuriak ari dira ugaritzen. Japoniako iparraldeko arroz-soroetan eta Zeelanda Berriko Hegoaldeko Uharteko mahastietan ateratzen dira, han-hemen, golf-pilota erraldoiez osatutako konstelazioak bailiran. Horiek, hain zuzen, mundua zaintzen eta behatzen dabiltzan sare elektroniko ezkutukoen zantzurik agerikoenak ditugu. Horrelako esferaerdi bakoitza satelite bidezko jarraipenerako antenez josita dago. Inor konturatu gabe, milioika fax, telefono-dei, posta elektronikoz igorritako mezu eta datu informatizatu xurgatzen eta aztertzen dituzte, isil-isilik, antenok. Igorleek ezer ere jakin gabe, mezu horiek tontorrak zeharkatu eta sare informatikoetara eta munduaren beste muturrean egon litezkeen ikuskatzaileengana iritsiko dira. Komunikazioak ezinbestekoak dira giza jarduerarako, eta hori mundu-mailakoa bihurtu denez, entzuketarako horrelako sareak proportzio esponentzialean ugaritu dira. Sigint edo seinaleak atzemateko sistemen zati dira, eta aurreratuta dauden herrialde gutxi batzuen esku daude. Urte askotan gorde izan da isilpean sigint sarerik egon bazegoenik: interesik gehien zuten herrialdeetako legediak halakoei buruz hitzik ez egitea aholkatzen zuen, baita debekatu ere, batzuetan, horrelakoez aritzea. Gaur egun, Europako Parlamentua sigint-erakundeei buruzko ikerketa zorrotza egiten ari da, bai eta horiek giza eskubideak nola urra ditzaketen edo nazioarteko merkataritzan nola esku har dezaketen aztertzen ere. Europaren kezka nagusia, ordea, Echelon da, satelite bidez nazioarteko komunikazioak bidean atzeman eta prozesatzeko asmoz hamar herrialdetako entzuketa-lekuak konektatzen dituen sistema. Eta UKUSA izeneko sare ikaragarri handi baten zatitxo bat baino ez da Echelon. Sare horren buru Ameriketako Estatu Batuak eta haren aliatu diren zenbait herrialde daude (Erresuma Batua, Kanada, Australia eta Zeelanda Berria), eta herrialde horiek 1948an adostutako hitzarmen ezkutuko bati zor dio sareak izena. Ezer gutxi geratzen da UKUSAren kontrolpetik kanpo: Interneten bidez igorritako mezuak, urpeko kablegramak, irrati bidez bidalitakoak, enbaxadetako zaintza-ekipoetakoak... ia dena atzematen du bidean. Espaziokoak ere atzeman ditzake, orbita-sateliteen flota baten bitartez. Echelon bezalako sistemak irratia bera bezain antzinakoak dira. Ezkutuko entzuketei buruzko nazioarteko lehenengo eskandalua 1920an piztu zen, Ameriketako Estatu Batuetan; izan ere, agente britainiar batzuek Ameriketako Estatu Batuetako telegrafi enpresek jaso edo bidalitako nazioarteko telegrama guztiak kopiatu egiten zituztela konturatu baitzen senatua. Egungo nazioarteko sareak Gerra Hotzaren hasierako garaietan eratu ziren, mendebaldeko estatu asko elkartu eta Sobietar Batasuna zaintzen hasi zirenean. Errealitatea eta fantasia
Baina zer entzuten dute?, eta zergatik? Ofizialki, gobernuek arriskugarritzat jotako jarduerak indargabetzea helburu duten zaintzak onartzen dituzte soilik: arma-kopuruaren ugaritzea, droga-trafikoa, terrorismoa eta antolatutako krimena, adibidez. Baina icebergaren tontor agerikoa baino ez da hori. Helburu nagusia bestelakoa baita, izan ere: batetik, diplomazi komunikazioak eta gainerako gobernuen plan militarrak ezagutzea, eta, bestetik, merkataritza-alorreko informazioa lortzea (azken horixe da garrantzitsuena). Amnesty International eta Greenpeace taldeak ere hortxe daude, behatu nahi diren erakundeen artean. UKUSA da, gaur egun, munduko sarerik handiena, baina badira antzeko sistemak dituzten beste herrialde batzuk ere: Frantzia, Alemania, Errusiako Federazioa, Eskandinaviako herrialdeak eta Ekialde Ertaineko herrialde batzuk, adibidez, Israel, Saudi Arabia eta Persiako Golkoko estatuak. Orotara, gobernuen sigint -agentzia guztiek 20.000 milioi dolarreko kostua dute urtero, 2000. urtean argitaratutako Europako Parlamentuaren txosten baterako nik neuk egindako kalkuluen arabera. Echelon eta horrelako sistemek irismen handia badute ere, ez da egia "posta elektronikoz, telefonoz eta faxez egindako komunikazio guztiak" atzeman ditzaketenik bidean. Ez dute telefono bidezko komunikazio guztien edukia ezagutzeko gaitasunik ere. Eta e-mail batean zenbait hitz ezagun, adibidez, bonba, daktilografiatuz gero, ezkutuko baseren batean zinta magnetikoko grabagailu bat martxan jartzen deneko ustea ere fantasia hutsa da. Bidean atzemandako milioi bat komunikazio telefoniko edo mezuko, hamar baino gutxiagok balioko du informaziorik lortzeko. Eta komunikazio pertsonal gehienak ez dira kontuan hartzen, pertsona "garrantzitsuenak" izan ezik, hala nola, politikarienak, punta-puntako negoziatzaileenak eta horien guztien senitartekoenak. UKUSA sarearen bitartez, ordea, satelite bidezko munduko komunikazio gehien-gehienak atzeman litezke eta gero landu, haien edukiak bezero diren estatuei igortzeko. Sistema horrek ikaragarrizko abantaila politikoa ematen die bertan parte hartzen duten herrialdeei; abantaila erabat bidegabea, garapen-bidean diren herrialde gehienek ezin baitute ordaindu euren sareen segurtasunerako eta informazioa ezkutuan gordetzeko ezinbestekoak diren ekipoak ez eta laguntza teknikoa ere. Gai hau 70eko hamarkadan eman zen jakitera lehen aldiz, Richard Nixon presidenteak hauteskundeetan zituen aurkarien kontra ezkutuko entzuketak egiteko gailu elektronikoez baliatu, Watergate eskandalua piztu eta Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuak agerian geratu zirenean, hain zuzen. Ordutik, salaketa-kopuru gero eta handiagoak argi eta garbi erakutsi du sigint-espioitza zenbaterainokoa den eta zer-nolako eraginak dituen. Neuk ere 70eko hamarkadan idatzi nuen lehenengo aldiz espioitza elektronikoari buruz, Ingalaterran. Fisikako unibertsitate-lizentzia amaitzen ari nintzen garai hartan, eta mendian nengoen batean, irrati- eta satelite-transmisore misteriotsu batzuk ikusi nituen. 1976an, Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Agentziak (NSA) Erresuma Batuan egiten zituen jardueren garrantziaren berri eman nuen, aurreko urtean kongresuaren ikerketa batzuek agerian utzi zutena. Funtzionario arduradunak harrituta geratu ziren betiereko sekretuaren printzipio sakrosantua hautsi egin zela ikustean. Artikulua argitaratu eta handik gutxira, egilekide nuen estatubatuarra Bretainia Handitik bota egin zuten, "segurtasun nazionalerako arriskugarria" izateagatik. Beste kazetari bat, informazioa eman zigun pertsona eta hirurok atxilotu egin gintuzten, agintariek hala aginduta, baina gero ez ziren ausartu gu espioitzaz akusatzen. Gure "krimena": gobernuaren jarduerak espiatu eta, ondoren, herritarrei haien berri ematea. Salaketek aurrera egin izan balute, urte askotako kartzela-zigorra ezarriko ziguten. Hurrengo hogei urteetan, sekretu ofiziala indargabetu egin zen Ameriketako Estatu Batuetan. Kongresuak egindako ikerketek sigint-agentzien jarduerak argitzen lagundu zuten. Bretainia Handian, 80ko hamarkadan, Estatuko Komunikazioen Zuzendaritza Nagusiko (GCHQ) langileei sindikaturen batean izena emateko ezarritako debekua agintarien aurkako bihurtu zen, espioitza-jarduerak agerian geratu baitziren horrela. Interneten garapenak bultzada berria eman dio joera horri. Gaur egun, GCHQk eta NSAk ere gune batzuk sortu dituzte sarean, UKUSAko herrialdeetako herritarrei inolako kontrolpean ez daudela bermatzeko. Baina horrelako babesak ez dira munduaren gainerakoan aplikatzen, eta bertako herritarrek, huts horrexegatik, ez dute intimitaterako eskubiderik. Komunikazio horiek bidean atzematen dituzten herrialdeek nahi duten guztia egin dezakete lortutako informazioarekin. Hitz egiteko beldur
Jokaera horrek Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala urratzen du, eta baita Giza Eskubideak eta Funtsezko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmena eta Telekomunikazioetarako Nazioarteko Hitzarmena ere (horiexek bermatuko lukete, hain zuzen, horrelako komunikazioak ezkutuan gorde beharra). Eta gero eta gehiago dira, gainera, sigint-agentziek hautsitako hitzarmenak. Zelatatuak izan diren herritar arrunt gehienek ziur aski ez dute inoiz horren berri izango, baina baliteke euren herrialdeek edo kide diren erakundeek larrutik ordaindu behar izatea horrelako jarduerak. Merkataritza-negoziazioak egiten direnean, adibidez, sigint-agentziek herrialde produktoreen mezuak bidean atzeman ditzakete eta, horrela, jakin dezakete zein den ordain dezaketen preziorik baxuena. Horrelako txosten ezkutukoak medio, herrialde garatuetako negoziatzaileek beste herrialdeetakoak behar ditzakete salneurriak ahalik eta gehien beheratzera. Duela gutxi, zenbait gobernuk ingurugiroa babestearen aldeko erakundeen eta nazioarteko merkataritzaren bidegabekeriak salatzen dituztenen aurka erabili zituzten sareak. Baina horrelako jarduerak gero eta gutxiago onartzen dira; eta horri aurre egiteko, egoera nolabait leuntzeko, lankide-kopurua gehitu eta beste herrialde batzuk bere taldean sartzen saiatu dira Ameriketako Estatu Batuak: Suitza, Danimarka... Herritarrok gero eta kontzientziatuago eta kezkatuago gaude, baina adi egotea ez da nahikoa: herrialde eta herriak informazioaren azpiegitura orokorrean maila berean sartzeko, premiazkoa da ahaleginak batzea. +... http://www.europarl.eu.int/stoa/publi/default_es.htmKamerak engainatzen
TEKNOLOGIA, INTIMITATEARI ERASOKA
Kamerak engainatzen
Legea hitzez hitz aplikatuz, telebistako programa batek umorez salatu du Erresuma Batuan zaintzako kamerek duten nonahikotasuna.
JACK CHESHIRE
Londresen bizi den telebista produktore eta kazetari independentea.
Britainiarrak diskrezioaren eredutzat jotzen badira ere guztiz kuxkuxeroak eta exhibizionistak garela esan beharra dago. Estatuak nahiz hiritarrek 25 urte daramatzate edozein lekutan zaintzarako kamerak jartzen; tren geltokietan, autobus geltokietan, aireportuetan, hiriguneetan eta baita telefono kabinetan ere. Dendetan arropa probatzen den lekuetan ere ezkutuko kamerak jartzen ditugu eta kaskoaren azpian kamerak ezkutaturik dituzten polizien aurretik pasatzen gara. George Orwell idazlearen jaioterri den hau, munduan zaintzako kamera-dentsitate handiena duen herrialde izateaz arro egon daiteke, Hull-eko Unibertsitateak egin berri duen azterlan baten arabera. 1995. urtean, Barne-ministerioaren delinkuentziaren aurkako aurrekontuaren %80 inguru kamera berriak erosten gastatu zen. Merkatu horrek, urtean -estimazio zuhurren arabera- 210 milioi dolar mugitzen ditu, horietatik %30 sektore pribatuak; eta, gainera, urtean %15 edo %20ko igoera du. Michael Howard Barne ministro oihak dioenez, "bideo-zaintzak delinkuenteak harrapatzen, delituak atzematen, legea errespetatzen ez dutenak identifikatzen eta errudunak zigortzen laguntzen du", kriminaltasun-indizeetan kamerek gaur egun duten eraginari buruzko estimazio ofizialik oraindik egin ez bada ere. Egia esateko, bideo-zirkuitu horien garapen esponentzialarekin batera kriminaltasuna gehitzen ari da eta kaleetan gero eta polizia gutxiago daude. Aipatu indizea 1980. eta 1990. urteak bitartean bikoiztu egin zen, eta Polizien Federazioak dioenez, Londresko kaleetan 300 polizia besterik ez dira ibiltzen gauez, zazpi milioi biztanle dituen hiri batean. Errespetatu bai, baina umorez
Delinkuentziaren aurkako borrokaren gaia alde batera utz dezagun, hasierako hipotesira itzultzeko: gizartea kontrolatzeko bide moduan ikusten den zaintzarekiko obsesioa britainiarren bizitza pribatuaren errespetua legean aurreikusita ez dagoelako soilik justifika daiteke. Baina, bestalde, badago datuak babesten dituen lege bat (1994. urtean onetsitakoa) eta horrek norberari dagokion informazio pertsonala eskuratu eta zuzentzeko aukera ematen die hiritarrei, informazio hori estatuak, enpresa batek nahiz partikular batek duen kontuan izan gabe. Mark Thomas umoristarekin egiten dut lan The Mark Thomas Product telebistako programan eta bioi bururatu zitzaigun lege hori errespetatzeko ahaleginak egitea, beti ere zerbitzu publiko bat eskaintzeko asmoz. Bideo-zirkuituen arduradunen obligazio bakarretakoa agintariei beren jardueraren berri ematea da: berri ona beraz, edonork jarri baitezake bideo-kamera bat nahi duen lekuan. Gure lehenengo bisita, segurtasunaz arduratzen diren profesionalen erakusketara egin genuen, noski. Han 200 erakusleei galdetu, eta 127k aitorpen hori ez zutela egin adierazi ziguten, eta, ondorioz, legez kanpoko zeuden. Erakusketako cyber-kafetegira gonbidatu genituen, bidezkoa den izapidea ordenagailu bidez egin ahal izan zezaten baina gehienek ez zuten egin nahi izan, eta handik gutxira erakusketatik bota egin gintuzten. Zerbait lortu genuen, ordea: antolatzaileek erakusleei legearekiko zituzten obligazioak jakinarazten zituen eskutitz bat bidali zieten. Ondoren, legean agertzen zen esaldi interesgarri bat aurkitu genuen: "lehen datuen tratamendu informatikoaren arduradunei aplikagarri zitzaizkien informazioaren tratamenduari buruzko legezko bermeek bideo-zaintzarako ere balio dute orain". Beste era batean esanda, kamera batek jasotako irudietan agertzen den eta identifikagarria den edonork du berari dagozkion irudien kopia bat izateko eskubidea. Umorista satiriko guztien ametsa, alegia!: gure bizitzaren erdia filmatu behar badute, eman diezagutela gure 40 urte horiei buruzko irudien kopia. Horrela iritsi ginen bigarren etapara: Britainiako trenbideak, pribatizatuta eta erabat desantolatutakoak. Zera pentsatu genuen: jende askok une larriak biziko ditu lanera berandu iritsi izanagatik. Benetan larri zeuden bi bidaiari aurkitu genituen, eta guztiz gustura egin zuten gure esperimenturako lana: geltokiko kamera baten aurrean jarri ziren metro erdiko erloju bat alboan zutela, eta eskutitz labur bat nahikoa izan zen Railtrack konpainiak bidaiari bakoitzari bideo zinta bat doan bidaltzeko. Horrela, bidaiariek beren lantokiko buruari frogatu egin ahal izan zioten errudunak ez zirela beraiek, trenak baizik. Bideo-zaintzaren azken mirari teknologikoak probatzen ari ginela harri eta zur utzi gintuen zerbait jakin genuen: Newham-eko Udalak (Londresko dibisio administratiboa) 2,8 milioi dolar erabili zituen, ibilgailuen matrikulak automatikoki ezagutzeko edo fisionomia ezagutzeko sistema bati esker gaizkileak ezagutzeko gai ziren kamera informatizatuak erosteko. Buruzapiz eta kaskabiloz jantzi eta distritu horretan dantzan egiteko eskatu genien sei dantzari folkloriko ingelesi. Gure bisita hori egin eta denbora gutxira udal zerbitzuen eskutitz bat jaso genuen guk eskatutako irudiak bidali ezin zizkigutela esanez, "guri interesatzen zitzaizkigun irudiak, ezezagunak ziren gainerako pertsonen irudietatik bereiztea guztiz ezinezkoa zelako". Parte har ezazu gure lehiaketan
Beraz dilema larria planteatzen zen: hiritarren diruarekin erositako materialak akatsak zituen ala ezkutuko beste arrazoiren bat zegoen? Kasualitatez Ford enpresaren lantoki baten aurrean geundela, grebara deitzeko paskinak banatzen zituzten sindikalista batzuk iraindu egin zituzten lantegiko zenbait langilek. Gure eskariari erantzunez, irudi horiek jasotzen zituen bideo-zinta bidali zigun Ford enpresak. Zinta hartan, alboko aparkalekuaren irudi zoragarriak jasotzen ziren baina ezta anima bakar bat ere: beste akats tekniko baten ondorio ote zen? Horrek guztiak gure hipotesia onesten du: bideo-zaintzak etorkizun hobezina du ikuskizunen esparruan. Ondorioz, datuen babesari buruzko legeari esker lortutako irudien bideo-zintarik onena saritzeko lehiaketa bat antolatzea erabaki genuen. Jonathan Ross, BBCko zinema kritikoak aztertuko zituen zintak. Amaitzeko, Film Onenaren Nazioarteko Sarian kategoria berri baten sorrera iragarri nahi nuke: edozein herrialdetan zaintza-sistema bati esker jasotako irudien grabazioak jasoko dira, herrialde horrek bideo-zaintzari buruzko legeria izan ala ez. Bidal itzazue zintak "Bideo-zaintza Lehiaketa" izenburua dutela Erresuma Batuko ondorengo helbidera: Vera Productions, 3rd Floor, 66-68 Margaret Street, London WIW 8SR. Mila Esker jack.cheshire@clara.net BSK, NIET ESAN ZUEN HORNITZAILEA
Anne Nivat, Lib¿ration egunkari frantsesaren Moskuko korrespontsala. SESBen estatuak beti sartu ohi zituen bere muturrak hiritarren bizitza pribatuan. Baina zein da Errusiako egoera inperioaren gainbeheraz geroztik hamar urte igaro direnean? Alderdi komunista ahalguztiduna ez da lehengo bera, noski. Baina guztiz errotuta dauden ohitura zaharrak kentzea ez da hain erraza. 1998. urtean gobernu "demokratikoak" Errusian zeuden 3 milioi internauten mugimenduak hurbiletik zaintzea erabaki zuen. SORM2 (ikerketa operatiborako neurrien sistema) xedapenean babesturik, zerbitzu sekretuek eta Telekomunikazioen Batzordeak SORM1 sistema internetera zabaldu zuten. Sistema horrek, komunikazio klasikoak (telefonoa, telexa, faxa, etab.) kontrolatzeko baimena ematen zion FSBri (lehengo KGB) 1995. urteaz geroztik, beti ere zegokion epailearen agindua erakutsita. Orain arte gizon bat besterik ez da agertu SORM2ren aurka: Nail Murzajanov. 34 urte ditu eta Volgogradon (Moskutik 1.500 kilometrora) instalaturiko Interneterako sarbidearen hornitzaile den Bayard-Slavia Communications (BSK) taldearen patroia da. Hona hemen berak kontatu diguna: FSBko agenteak bisitan etorri zitzaizkidanean beren lankidetza-plana sinatzeko eskatu zidaten, baina nik ezetz esan nien. Nire taldearekin batera zehatz-mehatz aztertu genuen beraien eskaera eta legez kanpo zegoela ondorioztatu genuen". Robotikan diplomaturiko gizon horrek zehaztasun bat egiten du: "ez gaude lankidetzaren aurka, baina kasu jakin batzuetan bakarrik emango dugu, ez sistematikoki. Adibide bat: FSBk auzitegietako agiri bidez erakutsiko baligu, esaterako, pertsona bat pedofilia edo zerga iruzurraren susmagarri dela, gure lankidetza emango genuke. Baina hori ez da inoiz gertatu". Errepresalia gisa Telekomunikazioen ministerioak hornitzaile lizentzia kenduko ziolako mehatxua egin zion. Baina 2000. urteko urtarrilean Murzajanov jaunak salaketa bat aurkeztu zuen. Auzitegia hiru aldiz bildu zen, eta hiruretan ministerioaren ordezkaririk ez zen agertu eta horrelaxe jasota geratu zen. Auzia luzatzen joan zen. Azkenean, abuztuan ministroak berak sinatutako eskutitza jaso zuen enpresari gazteak: BSKk ez zuen bere lizentzia galtzeko arriskurik.Otpor: gazteria Milosevic-en aurka
ASKATASUNAK
Otpor: gazteria Milosevic-en aurka
20 urte inguruko gazteen belaunaldia programarik eta buruzagirik gabeko mugimenduan bildu da eta indarkeriarik erabili gabe lozorrotik atera du Serbiako gizartea. Euren arma bakarra: margotzeko aerosolak. Gazte horien ekintzek diktadura deuseztatu dute.
CHRISTOPHE CHICLET
Kazetari eta historialari frantsesa, beste batzuen artean honako idazlan hauen egilea da: La Republique de Macedoine, Paris, LïHarmattan, 1999 2. edizioa, eta Kosovo: le piege, Paris, LïH armattan, 2000.
"Slobo, salba ezazu Serbia: suizida zaitez!", esaten zuten behin eta berriro oihuka gaztetxo talde batek Belgradeko kaleetan, hau da, Serbiako hiriburuan. Slobodan Milosevic, Slobo, 2000ko irailaren 24an Jugoslaviako presidentetzarako hauteskundeetan aurkeztu zen eta galdu egin zuen. Urriaren 5ean erori zen diktadorea. Oposizioko alderdiek, nazioarteko presioak, jendearen manifestazioek eta beste hainbat faktorek lagundu zuten diktadorea eraisten. Otpor (erresistentzia serbieraz) mugimenduaren epopeiak ez du parekorik Europako Ekialdeko protesta-mugimenduen historian. Otpor buruzagirik eta ideologia politiko zehatzik gabeko gazte mugimendua zen, eta zeregin erabakigarria bete zuen berak bakarrik: erregimenaren oinarriak ahuldu zituen buruzagiak beraiek kolokan zegoela ohartu baino lehen. Libertarioen talde batek sortu zuen 1998ko urrian. 1999ko amaieran 4.000 kide zituen eta gaur egun 100.000 ditu. Gehienek ez dakite mugimendua noiz sortu zen ere. Baliabide gutxiko mugimendua
Otpor zer den ezagutzeko nahikoa da Knez Mihajlova kaleko 49ra joatea. Knez Mihajlova Belgrad-eko oinezkoentzako kalerik dotoreena da, eta hortxe zeuden 1999ko martxoko bonbardaketetan NATOren aurkako manifestariek eraso zituzten frantsesen, britainiarren, alemaniarren eta estatubatuarren kultur etxeak. Otpor-ekoek unibertsitateari itsatsitako eraikin zaharkitu bat okupatu zuten legez kontra. Huraxe izan zen euren kuartel nagusia. Eraikina erresistentziaren ukabil ospetsuaren pintadaz eta dokumentu, panfleto eta kartelez beteta dago, eta handik atera ziren Serbiako zati batean 13 urtez indarrean egon zen sistema politiko-mafiosoa deuseztatu zuten ekimenak. Sof¡a, Ana, Milos eta Mihailo 17 eta 24 urte bitarteko gazteak dira. Mendebaldeko kazetari bat iritsi dela jakitean, hainbat kide gela txiki batera joan dira elkarrizketan parte hartzera. Kafe turkiarrak idazmahai txiki batean pilatuta daude. Bakoitzak berea hartu du eta zigarroak trukatu dituzte elkarren artean. Aurrena ikusten den gauza, denak gizarte maila berekoak direla. Serbiar gehienek bezala, euren gurasoek garrantzi handirik gabeko aldizkako lanbideak dituzte eta berrogei eta laurogei dolar bitartean irabazten dute hilean. Aiton-amonak herrian gelditu ziren eta janariak bidaltzen dizkiete. Berehala hasi dira azken urteotako historiaz hitz egiten. 1989an nazionalismoek lur jota utzi zuten Jugoslaviako federazioa. Gerra Eslovenian piztu zen 1991n, handik Kroaziara igaro zen, eta, azkenik, Bosnian hasi zen 1992ko udaberrian. Jugoslaviako armada soldaduskan oinarritzen denez, gazte guztiak mobilizatu zituzten. 1991ko amaieran Belgrad-eko gazteriaren manifestazioak hasi ziren. Otpor-eko militante gehienek ozta-ozta gogoratzen dituzte gertaera haiek. Hamar urte inguru zituztela, gerraren, gabeziaren eta txirotasunaren biktimak izan ziren. 1996ko azaroaren 17an, Slobodan Milosevic-ek Serbiako udal-hauteskundeak galdu zituen, bai eta gero baliogabetu ere. Milaka serbiarrek manifestazioak egin zituzten protesta moduan Belgrad-en eta Serbiako probintzietan. Ikasleak izan ziren mobilizazio guztien aitzindariak eta emaitzak onartzea aldarrikatu zuten. Milosevic-ek zenbait gauza onartu zituen eta hiru hilabeteren buruan, mugimendua deseginda geratu zen. Helburua: Milosevic bere postutik kentzea
Sof¡a Jarkovic-ek 17 urte ditu eta Belgrad-eko institutu bateko lehen mailako ikaslea da. Sof¡ak bere gurasoekin parte hartu zuen manifestazioetan, baina ekintza horien porrotarekin etsita, Otpor-en sartu zen 2000ko martxoaren 20an. Helburu bakarra: Milosevic boteretik kentzea. Ana Vuksanovic-ek 24 urte ditu eta literatura frantseseko lizentziatura ari da prestatzen. Anak 96 eta 97ko manifestazio guztietan hartu zuen parte. "Gure helburua ez zen handizalea: emaitzak onartzea soilik eskatu genuen; baina ikuskatzaile atzerritarrek kontrolatutako udal-hauteskunde eta parlamenturako eta presidentetzarako hauteskunde berriak eskatu behar genituen. Ezbehar hark bihozgabetuta utzi ninduen, beste asko bezala. Handik bi urtera Otpor-en sartu nintzen, sortu zen une berean". Mugimendua indar handirik gabe jarri zen abian, Serbiako oposizioak maneiatutako planteamenduetatik urrunduz. Bien bitartean, Milosevic-ek hainbat udaletan oposizioa erosi eta udal horiek bereganatu zituen. Ikasleak nazka-nazka eginda zeuden politika tradizionalaz. 1996 eta 1997ko mugimenduko buruzagiek erbesteratzea erabaki zuten, lehen 1991 eta 1992ko desertore eta matxinatuek egin zuten bezalaxe. Handik gutxira gauza bera egin zuten Kosovoko gerrako desertoreek (1999ko martxotik ekainera bitartean). Hamar urte baino gutxiagoan milaka serbiar erbesteratu ziren, gazte demokrata onen-onenak hain zuzen ere. Hurrengo belaunaldia isolatuta zegoen. Borroka mota berriak asmatu behar izan zituen, eta euren esperientzia bizi. Belaunaldi horrek helburu bat zuen beste guztien gainetik: manipulazio guztiei ihes egitea. Politikariak baino gehiago, gazte hauek sen handikoak dira. Erregimenak ostu zien nerabezaroaren indarra dute. Beste armarik ez dute erabili euren guraso eta aiton-amonak lozorrotik ateratzeko. Jende heldua bere geldotasunaz lotsatzen hasi zen. Nahiago izan zuten euren ingurukoak kontzientziatzea eta ez alderdi politikoetan edo kuarteletan izandako itxurazko asaldura. Gizarte zibila suspertu egin zen, baina Poliziaren errepresio-gidaliburuetan ez zegoen horren aurkako ezer aurreikusita. Bestalde, Milosevic bere bolizko dorrean sartuta zegoen, eta ez zen ohartu agintetik kenduko zuen mugimenduaren indarraz. Otpor-en abantaila nagusietako bat, bere urrezko araua, hierarkiarik eza da. Anarkia alaiaren erdian mugitzen da. Honela dio Sof¡a Jarkovic-ek: "2000ko martxoaren 20an Otpor-en egoitzara joan nintzen. Urduri samar nengoen eta atea ireki eta esan nuen: "Egun on! Sof¡a dut izena eta mugimenduko kide izan nahi dut. Han zeudenek atxikipen-formularioa eman zidaten. Formularioa bete eta joan egin nintzen. Handik hamabost egunera telefonoz deitu eta hitzordua eman zidaten. Horrela sartu nintzen mugimenduan". Milos Stankovic-ek 17 urte ditu eta batxilergoa ikasten ari da Belgrad-en. Milos Otpor-eko kidea da 2000ko otsailaren 15az geroztik: "Alderdi politikoen aurka nengoelako sartu nintzen Otpor-en. Aldaketetan parte hartu nahi nuen, ezin bainuen jasan jendeak horrenbeste arazori aurre egin behar izatea bizirik iraun ahal izateko". Ana Vuksanovic: "Buruzagirik ez egotea eta ondorioz, traizio arriskurik ez egotea gustatu zitzaidan gehien". Urtebetean Belgrad-eko lau fakultatetan finkatu zen mugimendua, batez ere lehen eta bigarren mailako ikasleen artean. Ardatz nagusia hiru talde txikik osatzen dute: Ikasle Demokratek, Ikasleen Batasunak eta Ikasleen Federazioak. Otpor harremanetan jarri zen Nezavisnost (Independentzia) Serbiako sindikatu libre bakarrarekin eta baita erretiratuen sindikatuarekin eta armak egiten zituzten langileen sindikatuarekin ere. Ez zuten helburu politiko batengatik egin, Otpor-eko zenbait mutilen gurasoak erakunde horietan zeudelako baizik. Otpor-en jarrera tipikoa da hau. Erresistentzia garaipena lortu arte
1999an Kosovo galdu ondoren, Milosevic-en boterea indartu egin zen. Orduan, "erresistentzia garaipena lortu arte" zioten pintadak eta kartelak azaldu ziren hormetan. Kontsignak gero eta lotsagabeagoak ziren eta ondorioz, ulergaitzak oinarriko milizianoentzat eta buruzagientzat (ikusi laukia). Erresistentzia serbiarra buletinaren 100.000 ale ateratzen ziren sokapean. Opor garaian, unibertsitateko ikasleek, bigarren eta lehen mailako ikasleekin batera, matxinadaren hazia erein zuten euren familia, auzo eta herrietan. Otpor probintzietara zabaldu zen. Termita demokratikoak lanean ari ziren. Jugoslaviako armada ahaltsuaren aurka altxa ziren, eta denak harrituta utzi zituzten. Desertore bat epaitzen zuten bakoitzean, manifestazioak antolatzen zituzten epaitegi militarren aurrean. Kroazia eta Bosniako fronteetan horrenbeste seme galdu zituzten helduak guztiz hunkituta zeuden. Otpor jendearen pentsamoldea aldatzen ari zen. Nerabeek bete-betean jo zuten, baina indarkeriarik gabe. Poliziak ezin zituen imajinatu ere egin era horretako protestak. Urte batean Otpor-en ukabilaren intsignia zeramaten edo pintadak egin zituzten 60 gazte atxilotu zituzten, baina ez ziren ausartu euren seme-alaben adineko neska-mutil haiek jotzen. 2000ko apirilaz geroztik, Sof¡a kaleko manifestazioetan parte hartzen hasi zen: "Egun batean polizia batek intsignia kendu zidan, baina ez zen ausartu ni atxilotzen". Bere senargai Brankorekin batera, Ana unibertsitatetik bidali zuten ekintzailea zelako, eta poliziak gurasoei deitu zien. 2000ko uztailean, Milosevic estatu kolpe konstituzionala ari zen prestatzen eta presidentetzarako hauteskundeak iragarri zituen irailaren 24rako. Oposizioa ez zegoen bat eginda, baina azkenean, 18 alderdiko koalizioa osatu zuten: DOS (serbiarren oposizio demokratikoa). Koalizioaren lehen mitinean, Otpor-eko ordezkariek ukabil zuridun bandera beltza eman zioten, eskaintza bikain batean. Eskaintza haren asmoa ez zen laguntzea, ohartaraztea baizik: Otpor-ek azken garaipenera arte zainduko zaituzte. Ez dugu beste azpijokorik onartuko. Otpor-ek hasitako olatua handitzen joan zen. Honela dio Sof¡ak: "Irailaren 24an ez nuen botoa emateko adinik. Nire gurasoak Milosevic-en aurka zeuden. Nire ama Mirak DOS koalizioari eman nahi zion botoa, baina nire aita Dragan-ek abstenitzeko asmoa zuen. Nik konbentzitu nuen botoa eman zezan". Hauteskundeak galdu ondoren, diktadoreak baliogabetu egin zituen. Herrialde osoko hormetan pintada berberak ikusten ziren: "Zureak egin du", "Slobo, salba ezazu serbia: suizida zaitez!". DOS koalizioa, probintzietako oposizioko udalak, sindikalistak eta militar ohiak hirietako gerlari gazteekin harremanetan jarri ziren. Une erabakigarria iritsi zen. Urriaren 5ean denak prest zeuden. "Egun hartan Parlamentu aurreraino eraman nuen nire aita arratsaldeko ordu bi eta erdietan", dio Milos-ek. Sof¡ak, berriz: "Nik Otpor-en batailoi handiekin bat egin nuen filosofiako fakultate aurrean. Hirurak arte egon ondoren, Parlamenturantz abiatu ginen. Denbora guztian jendetzaren beldurra izan nuen". Anak, bestalde: "Beste lau mutilekin batera Otpor-en borroka-taldea osatzen nuen eta DOS-ekin harremanetan geunden. Gure egitekoa jendeari kalera irten zezaten eskatzea zen. Agintariek kontrolpean zeukaten B92 irratia eta hara iristen aurrenetakoak izan ginen. Hainbat gautan ezin izan nuen lorik egin, agintarien kontraerasoaren beldur bainintzen". Otpor urriaren 6an desegin zitekeen, baina politikariekiko mesfidantzagatik demokrazia finkatu arte erne egotea erabaki zuten, amore eman gabe. Mihailo Cvekic, 18 urtekoa, Belgrad-eko batxilergo profesionaleko turismo saileko ikaslea zen eta urriaren 8an afiliatu zen. "Urriaren 5ean egin zutenagatik izan zen. Lehen ez nintzen ausartzen eurekin bat egiten errepresioaren beldur nintzelako eta baita nire guraso eta aiton-amonen erreakzioaren beldur nintzelako ere, Milosevic-en miresleak baitziren. Orain lotsatu egiten dira". Pixkanaka-pixkanaka, gazteek xede demokratikoak sartzen jakin zuten nazionalismoak gaixotutako senitartekoen garunetan. "Nik mobilizatuta jarraitzen dut, atzo bezalaxe", dio Sof¡ak. Ez dut alderdi batean sartu nahi. Oraindik Otpor behar dugu, ez baitut aldaketa garrantzitsurik sumatu eguneroko bizimoduan". Anak, bestalde: "Hasteko, orain ez dut beldurrik. Aurkitu dut nire bizilekua eta lasaituta eta libre sentitzen naiz. Ni baikorra naiz, baina pazientzia eduki behar da. Dena den, nik Serbian geratu nahi dut". Milos-ek, azkenik: "Nik ere Serbian bizi nahi dut, etorkizun hobea izateko denbora asko igaro beharko duela badakidan arren". Datak: 1989ko abendua: Slobodan Milosevic Serbiako presidente aukeratu zuten. 1991ko erdi aldera: Jugoslavia zatitu egin zen. 1996ko azarotik 1997ko urtarrilera: Ikasleen manifestazioak Belgrad-en. Arrakastarik ez zuten izan. 1998ko urria: Otpor-en sorrera Belgrad-en. 2000ko irailaren 24a: Milosevic-ek Yugoslaviako Errepublikako (Serbia eta Montenegro) presidentetzarako hauteskundeak galdu zituen. 2000ko urriaren 5a: Otpor-eko militanteek diktadura bota zuten manifestazioetan parte hartu zuten. Urriaren 6a: Vojislav Kostunica DOS-eko hautagaia Jugoslaviako Errepublikako presidente aukeratu zuten. ESALDI ZORROTZ-ZORROTZAK
Otpor ospetsu egin zen erabiltzen zuen armagatik: Serbiako hirietako hormetan idazten zituen esaldi zorrotz-zorrotzak. Aurrena, argi-argia eta sinplea, Otpor ia inork ezagutzen ez zuen garaikoa da, eta jaiotza-agiri antzeko zerbait da: "Erresistentzia garaipena lortu arte". 1999ko abenduan Otpor-eko Noel-ek "Urte berri erresistentea" opa zion mundu guztiari. Urriaren 5eko gertaerak baino hilabete batzuk lehenago, nonahi irakur zitekeen: "2000. urtea da ona". Eta asmatu egin zuten. Irailaren 24ko hauteskundeen ondoren "Gotov je" (Bereak egin du) esaldi ospetsua azaldu zen. Hauxe zen hormetan, eskaileretan, tabernetako komunetan eta beste hainbat tokitan gehien ikusten zen esaldia. Estatuko irrati-telebista gobernuaren propaganda tresna nagusia zen eta urriaren 5ean bulldozer batek ateak eraitsi zituenean, Otpor-ek kartelak eta egutegiak atera zituen ondorengo esaldi honekin: "Gutako bakoitzaren barrenean bulldozer gidari bat dago lotan". Otpor-ek ez zuen konfiantzarik politikariengan, ezta oposiziokoengan ere, eta ohar hau bidali zien: "Erne! Ez dizuegu begirik gainetik kenduko".Paperezko piratak
KULTURAK
Paperezko piratak
Pirateriak disko, bideo eta programa informatikoetan izugarrizko eragina du, baina horretaz gain, argitaratze-industria ere mehatxatzen du. Zenbait lekutan liburu pirata gehiago saltzen dira legezkoak baino. Espainolez idatzitako liburugintzaren panorama.
LUCÖA IGLESIAS KUNTZ
Unesco albistariako kazetaria
Peruko hiriburuko liburu-denda handienetako bat Limako Amazonas kalean dago. Besteak beste honako liburuak saltzen ditu: Gu¡a triste de Par¡s, Alfredo Bryce Echeniquerena, Yo soy el Diego, Diego Armando Maradona futbolariaren autobiografia, edo La fiesta del Chivo, Mario Vargas Llosarena. Nobel saridunen lanak ere badaude, hala nola, G¿nther Grass, Jos¿ Saramago edo Gabriel Garc¡a M rquezenak. Hala eta guztiz ere, liburu-denda horrek ez du ez fakturarik ez ordainagiririk ematen. Inguruko akademietan eskolarik ez dagoenean, bertako saltzaileak hiriko beste edozein lekutara joaten dira: kantoi jendetsuetara, semaforo batera edo itsasertzeko hondartzetara. Lur-zolak dituzte apal eta espaloiak arasa; izan ere, saltzen dituen liburu guztiak liburu piratak dira, egilearen eta argitaratzaileen baimenik gabe ezkutuko inprentetan egindakoak. Eta noski, ez dute inolako zerga edo eskubiderik ordaintzen. Gehienetan liburu normalak baino hiru edo bost aldiz merkeagoak izaten dira. Dena den, badira bestelako kasuak ere: El misterio del capital, Hernando de Soto ekonomilari perutarraren saiakera arrakastatsua, esaterako, zortzi dolarretan saltzen zen, baina irten bezain laster agortu egin zen eta bere "klona" benetakoa baino garestiago ere saldu izan zen. Originala bezain onak
Kultur produktuen plagioaren industriak, fronte guztietan erasotzen du: disko konpaktuak, kaseteak, bideoak eta informatika-programak. Liburuei dagokienez, plagioa garapen bidean dauden herrialdeetan gertatzen da ia erabat, eta espainolezko liburuentzat industria osoa mehatxatzen duen azorria ikaragarria da. Grupo Interamericano de Editores elkartearen kalkuluen arabera, Latinoamerikan urtero 50.000 milioi orri erreproduzitzen dira legez kanpo, fotokopia eta liburu osoak zenbatuz gero. Argitaratze-industria formalak urtean 5.000 milioi dolar mugitzen ditu Latinoamerikan eta Espainian; pirateriaren bueltan sortutako merkatu paraleloak, aldiz, 8.000 milioi inguru. Egile-eskubideetan berriz, galerak urteko 500 milioira iristen dira. Carmen Barvok, argitaletxe-aholkulari kolonbiarrak eta sektorean adituak, gertakari bereziki nabarmena gogoratzen du: "Rosso Jos¿ Serranoren Jaque Mate liburua, pirateatu eta kaleetan saldu zuten, nahiz eta Serrano Kolonbiako Polizia Nazionaleko buru eta herrialde osoan agente eredugarria zen. Gaizkileei egilea nor den ezer gutxi axola zaiela agerian uzten du horrek". Gaur egungo liburu piratak originalen berdin-berdinak dira, egile eta argitaratzaileentzat ere bereizketa egitea lan zaila bihurtzerainoko neurrian. Ez dute testua soilik kopiatzen, baita diseinua, azala, kolorea, barra-kodea eta abar ere. Kolonbian edo Brasilen egindako liburu argentinarrek honako aipamen ironikoa daramate: "Argentinan inprimatua", eta Txileko liburu faltsuek, lotsagabe-lotsagabe, honela ohartarazten dute: "Debekatuta dago kopiak egitea". Kamioi edo furgonetatan herrialde batetik bestera esportatzen dituzte; baina ez da hori txarrena: legezko liburu-dendetako erakusleihoak betetzen dituzte. Liburu saltzaileen inozokeria edo konplizitatea ote? Liburuak, zigarroak, zapiak
Liburuen pirateriaren alde egiten dutenek -liburuak erosiz adibidez- euren jarrera zuritzeko liburu originalak garestiak direla adierazten dute. Gainera, Carmen Barvok dioen bezala, arazoa ezin da ulertu bere alderdi soziala kontuan izan agabe: "saltzailearentzat liburu pirateatu bat saltzea egun horretako ogia da. Gaur liburuak saldu ditzake semaforoetan, baina bihar beste edozer izan daiteke: zigarroak, paperezko zapiak edo Barbie panpinak. Nire iritziz gaizkilea ez da bera; liburua ekoiztu eta egilea eta argitaratzailearen eskubideak zanpatu dituena baizik". Teknologia berriek erraztu eta merkatu egiten dute hizki inprimatuaren filibusteroen lana, ez dago zalantzarik. "Gaur egun teknikoki dena egin daiteke", azaldu du Pariseko legezko inprimategi bateko arduradunak. "Liburu bat kopiatzeko, nahikoa dira jatorrizko lanaren bi ale, scaner bat, ezagutze tipografikorako programa duen ordenagailua, tinta, papera, errotatiba txiki bat eta koadernatzeko makina bat". Horrekin guztiarekin eta makineria martxan jartzeko moduko bazterreko leku bat izanda, liburu piratak egiteko nahikoa dira 48 eta 72 ordu bitartean. Ez da erreza beraz, teknologiaren alorrean borrokatzea pirateriaren aurka, izan ere kopia-prozesua oztopatzeko saiakera guztiak alferrikakoak dira. Beraz, bide bakarra errepresioa eta legeak egitea da. Bi alor horietan dihardute, hain zuzen Bogotako Centro Regional para el Fomento del Libro en Am¿rica Latina y el Caribe (CERLAlC) erakundeak, bai eta Madrileko Centro Español de Derechos Reprogr ficos (CEDRO) elkarteak ere: hondamendiari aurre egin nahi diote. Alor penalean ere bada zer eginik. C mara Colombiana del Libroko Antipirater¿a y Reprografia ilegaleko zuzendariorde Manuel Jos¿ Sarmientok azaltzen duenez, "1997 urteaz geroztik, Ganberak berak, argitaratzaileek eta kultura ministerioak borroka areagotu dute: polizia-operazioak egin dira, bai eta prentsaz eta telebistaz zabaldutako publizitate-kanpainak ere". Honela, 2001.eko urtarrila bitartean, Kolonbian 139 auzi penal gauzatu ziren, eta horien bidez liburu piratak ekoiztu, banatu eta saltzen zituzten hainbat toki desegin dira. Legea hutsaren hurrengoa da
Perun, haatik, argitaratzaileek inmunitate hori salatzen duten bitartean liburu piratak eguzkitan daude. Germ n Coronadok, Peisa argitaletxeko arduradunak honela azaldu du: "Peruk jabego intelektuala babesteko legedi aurreratu xamarra du, nazioarteko testuinguruarekin bat. Gure jabego intelektualaren legeak -1996koa- pirateria zortzi urtera bitarteko kartzelaz zigor dezake eta autoreen alde egiten du garbiro, beraien oinordekoei eskubideak onartuz haien heriotzaren ondorengo 70 urteren bitartean. Horrek guztiak zoragarria dirudi, eta nazioarteko foro bat non, han izango dira teknokrata perutarrak araudia harro erakusten... Baina lege hori alferrikakoa da: gaur egun piratek sektore formalak baino gehiago fakturatzen dute eta guk baino 2,5 edo 3 aldiz liburu gehiago saltzen dutela kalkulatzen dugu". Berebiziko erronka
Argentinak, argitaratze-industria sendoa du, eta Amerikako alde horretako liburu-denda sarerik handiena. Ana Cabanellasek adierazten duenez, ordea, "batez ere liburu teknikoak eta auto-laguntzakoak pirateatzen dira". Ana Cabanellasi liburu bat baino gehiago piratu diote, eta kexu da: "oso mingarria da, bortxatu egingo bazintuzte bezala". "Piratak oso azkarrak dira, eta norbera gogor saiatu arren, beti moldatzen dira kopiatzeko. Nik urtero argitaratzen dut Oinarrizko Zuzenbide Hiztegia, nire aitak, Guillermo Cabanellasek idatzirikoa, eta aldiro azalaren kolorea aldatzen diot. Baina ez eta horrela ere". Errepresioaz gain, ez legoke gaizki argitaratzaileek poltsikoko argitarapenetan kalitatearen alde egingo balute. Izan ere, oraindik asko dago egiteko horretan espainolezko liburuetan. Bestalde, zenbait herrialdetako botere publikoek legezko liburuen salmenta erraztu behar lukete: BEZ murriztuz -Txilen adibidez munduko altuenen artean dago (%18)-, edo liburutegi publikoen sareak zabalduz, irakurle latinoamerikar guztiek beraien idazle gustukoenak doan irakurtzeko aukera izan dezaten. Erronka berebizikoa da, baina zenbaitzuen gogoa ere bai. Manuel Sarmientok honela dio: "Pirateria desagerrarazteko gure konpromisoa erabatekoa da eta nire kasuan ia pertsonala". "Eta lortuko dugu". Forma askotako delitua
Asia ere ez dago inprentako korsarioengandik salbu. Indian, esaterako, 11.000 argitaratzailek urtean 57.000 titulu berri ekoizten dituzte, eta Hezkuntza ministerioak eginiko ikerketa batek hiru pirateria-mota aipatzen ditu. Klasikoa: liburuak kopiatu eta faltsuak saltzea (Arundhati Roy idazle gaztea eta Gauza txikien jainkoa bere liburua dira azken biktimetako bat). Beste bat, neketsuagoa: idazle ezagunen sinadura izan baina imitatzaileek idatzitako liburuak fabrikatzea. Eta azkena, sofistikatuena: legez kanpo itzulitako atzerriko liburuak, beharrezkoa den kontraturik gabe saltzea. Harry Potter azti-ikasle famatuari honakoa gertatu zitzaion Txinan: itzulpen ofiziala kaleratu baino egun batzuk lehenago, bere abenturak kalean ziren jada, Taiwanen itzulita. Horren ondorioz, kontratua zuen enpresa estatalak benetakoa orri berdez inprimatu behar izan zuen, piratarekiko bereiztu zedin.Txile: haserrearen liburuak
KULTURAK
Txile: haserrearen liburuak
Billete faltsuen modukoak al dira liburuak? Birrindu egin behar al dira? Txilen eztabaida dago magistratu, egile eta argitaratzaileen artean.
FRANCISCA PETROVICH
Kazetari txiletarra
Duela hilabete batzuk, Santiagoko komisaria bateko saskibaloiko kantxa jokalari bitxiz bete zen: liburu mendi bat, froga-tirak eta 150.000 aletik gorako inprenta-materiala legez kanpoko produktuetan. Carlos Escobar, Krimenaren Bigarren Epaitegiko ordezko epailearen agindupeko polizi operazio baten emaitza zen: liburu pirataren industriak bere lehenengo partida galdu zuen. Baina liburu horietaz jabetzeak arazo berri bat zekarren atzetik: zer egin horrekin guztiarekin? Bere ikerketan, Escobar epaileak, hiriburuko eta herrialdeko komunarik txiroenetan banatu zitezen agindu zuen. "Halaxe egin nuen, epaileak konfiskatutako materialarekin zer egin erabakitzeko ahalmena duelako eta epaitegitan geratuz gero liburu horiek hondatu egin zitezkeelako", esan du magistratuak, "herrialde hau txiroa da eta gure seme-alabek irakur dezaten premia handia. Eta gainera, liburuak erretzea sarraskia iruditzen zait". Erabaki horrek mota guztietako erreakzioak sortu zituen. Iritzi publikoari, orokorrean, gizarte-neurri interesgarria iruditu zitzaion. Zenbait egilerentzat, berriz, magistratuak erabaki okerra hartu zuen. Iritzi horretakoa da, esaterako, Patricia Verdugo idazlea -Augusto Pinochet-en diktadurari buruzko bere lanak sarritan pirateatu dizkiote-. Hona zer esan zuen, haserre, La Tercera egunkariak eginiko elkarrizketa batean: "Zein eskubiderekin nahi du oparitu berea ez dena!". "Liburu horiek birrindu egin behar lirateke, konfiskatutako drogarekin egiten den bezalaxe". Hernan Rivera Letelierrek -oso autore estimatua da bere herrian eta hainbat hizkuntzatara itzuli dira bere lanak-, berriz, ez du ikuspegi horrekin bat egiten. Alta, bere ustez pirateria jende gehiagorengana iristeko bide bat da: "Ni ez nago piratekin, irakurleekin baizik. Nire liburu bat kalean erosten dutenak ez dira liburu-denda batean erosiko luketen berberak: salneurri ofizialak ordaindu ezin dituzten pertsona apalagoak dira". "Gezurra", erantzun dio Bartolo Ortizek, Planeta argitaletxeak Txilen duen gerente nagusiak: "Nik jende dotore askoa ikusi dut kalean liburuak erosten. Argi eta garbi, uste dut irakurketari ez zaiola ematen beste gauza batzuei ematen zaion lehentasun bera". Kontuak kontu, argitaratzaileek Escobaren epaia apelatu zuten eta epaiketak aurrera jarraitzen du. 2000. urtean Txilen zenbait argitaletxeren 400 tituluri zegozkien 308.000 liburu pirata konfiskatu zituzten. "25 milioi dolarreko galera kalkulatzen dugu", dio Eduardo Castillok, Txileko Liburu Ganbarako presidenteak. "Piraterian lehenengotarikoak gara", kexu da. Txilen, liburuen inguruko pirateriaren jatorria klandestinitateari lotuta dago. Lehenengo legez kanpoko argitaratzeen atzean Alderdi Komunistaren inprimatze-taldeak zeudela ziurtatzen du zenbaitek. Hari horretara, diktadura-garaian Diarios del Che eta beste liburu debekatu batzuk argitaratzeaz arduratu zen. Gaur egun, liburuaren munduko hainbat elkarrizketatuk adierazi du, legezko argitaletxeetan bertan, zenbait langilek liburuen originalekin salerosketan jarduten duela, horiek pirateatzeko. Eta, noski, trukean jasotzen duten dirutzak eragiten du hori. Argitaratzaileen ahalegina
Eduardo Castillok argudio hori baztertu eta argitaletxeek egiten dituzten ahalegin bateratuak azpimarratu ditu, hala nola: ikerketak egin, salaketak aurkeztu eta errudunak zigortzeko informazioa pilatu. Ildo horretatik, Pedro Bosch, Editorial Sudamericanak kontratatutako abokatuak azaldu duenez, bi urteko ikerkuntzan bere zigiluak 60 salaketa aurkeztu ditu honako emaitzekin: 200 inputatu, 50 auziperatu eta 30.000 liburu baino gehiago konfiskatuta. "Horrekin piratak zeintzuk diren jakin ahal izan dugu, datu-base bat sortu, eta kalteei eutsi diegu, baina dena den aurrera jarraitzen dute negozioarekin". Egile, argitaratzaile, saltzaile eta magistratuak gauza batean, bederen, ados daude: orain arteko gobernuek ezer gutxi egin dute pirateriaren aurkako politika eraginkorra egiteko. Hala eta guztiz ere, Ricardo Lagos presidenteak Liburuaren Ganbarari eskatutako azterlan bat aurkeztuko da hilabete honetan, eta horrek egoeran eragitea espero dute. Bien bitartean, saltzaile ibiltari batek bere kideari Harry Potters gehiago ekar diezazkion eskatu dio. Izozkien salmentarako gurditxo baten atzean egokitu duen biltegira joan eta ekarri egiten ditu. Liburu batekiko interesa agertu eta salneurriaz galdetu diot: 3.000 peso hemen eta 9.500 liburu-dendan. "Egunean hogei eta hogeita hamar luca bitartean" saltzen dituela esan dit (35 eta 53 dolar bitartean). Txiletar gehienen hileko soldata 625 dolar ingurukoa da. Liburu pirata dela esan diot. Baietz erantzun, eta galdetu dit: "Eraman behar al duzu?"Gerra egongelan
KOMUNIKAZIOA
Gerra egongelan
Gerra modernoetan izuaz edo propaganda-tresna ikaragarriz egiten da borroka. Nola aurki dezake kazetari batek gatazka baten inguruko egia?
SHIRAZ SIDHVA
Unescoren Aldizkariako kazetaria.
Kazetariek egiarekin duten konpromisoa proban jartzeko ez dago gerra bezalakorik. "Gerra bateko lehenengo hildakoa da egia", esan zuen Hiram Johnson senadore iparamerikarrak Lehen Mundu Gerraren erdian. Ia mende bat eta hainbat gatazka geroago, aurrerapen teknologikoek mundu guztiko egongeletara eraman dituzte gerrak. Baina propagandaren, interes sortuen eta beldurraren azpian estalita egon arren, orain ere lehenengo hildakoa da egia. Teknikari dagokionez, satelite bidezko linea telefonikoak eta zuzenean ematen diren albisteak medio, inoiz ez da izan orain baino errazago frontetik berriak ematea. Baina horrek gerrako berriemaileen arazoa areagotu baino ez du egin; izan ere, bai erregimen autoritarioak eta bai demokraziak inoiz ez bezala ahalegintzen dira egia ezkutatzen. XX. mendean, gerra handien ondoren, gatazka zibil ankerrak etorri dira; gobernu baten eta bere herriaren arteko gatazkak, askotan. Afrikan, Ekialdeko Timorren, Kaxmirren, Sri Lankan, Txetxenian, Bosnian, Kolonbian eta Sierra Leonan antzinako gorroto etnikoak piztu dira berriro, eta gerrak ez dira frontean egiten, jende zibilaren artean baizik. Robert Manoof, New York-eko Unibertsitateko Gerra, Bake eta Informazioaren Zentroko zuzendariak dioenez, indarkeria kolektiboa unibertsala bihurtu da, eta, gaur egun, 200 komunitate baino gehiago daude gerran 93 naziotan. Komunikabideen egitekoa, oraindik ere, mezulari-lana egitea da. Baina kazetariek gatazka baten norabidea aldatzeko ahalmena dute iritzi publikoa baldintzatzen dutelako. Tom Gjelten, Ameriketako Estatu Batuetako irrati nazional publikokoak idatzi zuen: "Gerra postmoderno txiki hauen emaitzak gudu-zelaian gertatzen denaren eta jendeak hautematen dituen moduaren ondorioa dira". Gjleten azken gatazka handien berri ematen aritu da, eta haren iritziz, kazetari baten egitekoa ez da diplomatikoak gustura uztea edo bake prozesuak erraztea; gatazkak ahalik eta modurik zehatzenean eta egia adieraziz deskribatzea baizik. Baina bake-garaian izaten ez diren balio etikoak justifikatu egiten al ditu gerrak? Funtsean, printzipioak berberak dira, baina alde garrantzitsu bat dago: gerra garaian, kazetariek arrisku gehiago dute. Sierra Leonan, Ekialdeko Timorren eta Errusian mendebaldeko erreportariek erabili zituzten balen kontrako txalekoak alferrikakoak izan ziren eskoadroi hiltzaile baten amorruaren edo soldadu baten bala mendekatzailearen aurrean. Eta bertako kazetariek kanpokoek baino beldur handiagoa dute. Yves Sorokobi-k Kazetarien Babes Komiterako Afrikako programa koordinatzen du. Sorokobi-k gogoratu digu, 1999an, Sierra Leonan, matxinatuek hamar kazetari hil zituztela hiru astetan (ikusi laukia). Informazioaren gerra
Gatazka-guneetara sartzen uzten ez dutenean, gobernuek ere informatzaileen lana oztopatzen dute. Sri Lankako gobernuak borroka beldurgarria du Eelam Tamilen "Askatasunaren Tigreak" izeneko gerrilla separatistaren kontra, eta 1995az geroztik ez da ia erreportaririk sartu eskualde horretara. Nirupama Subramanian The Hindu egunkariaren Kolonboko berriemailea da, eta horren esanetan, ez omen dira eskualdera hurbildu ere egiten. Alderdi bakoitzak gertaeren bere bertsioa ematen du prentsara bidalitako ohar kontrajarrien bidez. Subramanianek honela dio, kexu: "Fax-en gerra baten berri ari gara ematen. Ez dago egia jakiteko modurik". Zuzenean ematen diren albisteak ugaltzeak are eta gehiago gogortu du kontrol politikoa. Gatazka egoeretan erabakiak hartzeko orduan, prestatu gabe daudela ohartu dira kazetariak. Bi herrialde gerran daudenean zer bertsio eman behar du kazetariak: bere jaioterriko herrialdearena edo sinesgarriago izan daitekeen etsaiarena? John Pilger idazle ospetsua eta gerrako berriemailea da, eta bere iritziz, "askotan objektibotasun-printzipio faltsuen azpian ezkutatuta egoten den zentsura estaliaren zitalkeriak lagundu egiten du mendebaldeko potentziek indarkeria eta terrorismoko ekintza handietan duten errua ukatzen edo txikiagotzen; hori gertatu da, esate baterako, Golkoko edo Kosovoko gerretan". Dena dela, operazio militarren hedadura informatiboak aurrerapen handiak egin ditu bi mundu gerren ondoren. Orduan, gerrako ahaleginen beso ez-kritiko gisa erabiltzen zen kazetaritza. Hogei urte geroago, Vietnamen, gerra-guneetara murrizketarik gabeko sarbidea izatea suizidio politikoa zela ikusi zuten gobernuek, are gehiago telebista iritsi zenean. Philip Knightley-k Lehenengo hildakoa liburua idatzi zuen. Honela dio liburuan: "Vietnam-en kazetariek edozein tokitara joateko, edozer gauza ikusteko eta nahi zutena idazteko izan zuten askatasuna ez da berriz izango". Eta honela dio Steven Barnett, Westminstergo Unibertsitateko komunikazio irakasleak Knightleyren liburuari buruzko azterketan: "Demokrazia batean ezin zaio autoritarismoari askatasun guztia eman egunkariak ixten edo irrati-emisoreak hartzen utziz, esate baterako. Informazioaren kontrol finagoa egin daiteke, etsaiaren istorio sentsazionalistak azalduz, kazetari atseginentzako prentsaurreko adeitsuak deituz eta hain atseginak ez direnak izutuz. 1982an, Malvinetako Gerran, britainiarrek estrategia aparta erabili zuten komunikabideak maneiatzeko: Defentsako Ministerioaren informazioa emateko prest zeuden kazetariei bakarrik utzi zieten uharteetara iristen. Golkoko Gerran inguratutako "hiriburu etsaitik" ematen zen eguneroko partea espero zuen ikuslegoak. Aireko erasoen gerra horretan, nazioarteko kazetariek ezin zuten lekuan bertan militarren informazioa baieztatu eta ezta irakiarren hildakoen berri eman ere. Gero difamazioak hasi ziren: irakiarrak kuwaitarren ume txikiak inkubagailuetatik botatzen zituztela zioen istorioa (kuwaitar gobernuak ordainduta, Ameriketako Estatu Batuetako harreman publikoetako agentzia baten lana izan zela azaldu zen gero) edo Kuwaiteko kostan (inoiz ez zen helburu militarra izan) aliatuak lehorreratzeko prestaketei buruzko filma. 1999an NATOko indarrek Serbia bonbardatu zutenean ere, prentsa maneiatu egin zuten iritzi publikoa zirikatzeko eta zuzeneko albisteen manipulazioa nabarmenegia izan zen. NATOko indarrak Kosovon sartu zirenean, komunikabideetako 2.700 ordezkari zeuden (Vietnam-en gehienaz 500 egon ziren). Gerra hartatik kazetaritza libre eta zuzena atera zitekeen, baina Knightleyren iritziz, "oro har ezer esaten ez zuten irudi-olatuetan ito zen ikuslegoa". Neutraltasunaren eta objektibotasunaren artean
Baina hondoko zarata horren gainetik, gerrako hainbat berriemailek arrisku handien pean egin dute lan. John Burns New York Times-eko kazetaria da, Pulitzer sariaren irabazlea. Burns-ek urtebete pasa igaro zuen Sarajevo setiatuan gau beldurgarriak Bosniako hiriburuko biztanleekin biziz. Halako kazetarientzat objektibotasunak ez du zerikusi handirik neutraltasunarekin, batez ere babesik gabeko biktimen eta genozidio baten agenteen artean aukeratu behar denean. Askorentzat hauxe da zalantzarik handiena: noiz sartu behar du tartean kazetari batek? Askotan beldurra izaten dute eta babesik gabe sentitzen dira, baina gerran dagoen biztanleriaren eta kanpoko munduaren arteko lotura bakarra dira. Lindsey Hilsum Britainia Handiko ITN albiste-zerbitzukoak honako hau esan zuen 1994an Ruandan gertatu zen tutsien sarraskia gogoratzean: "Ezin izan nuen hilketa bakar bat ere eragotzi. Ikusi eta bizirik iraun, besterik ez nuen egin". Baina Hilsum-ek lekukotasuna ematea erabaki zuen Hagako Justiziaren Nazioarteko Epaitegian. "Kazetari gisa ez zen nire erantzukizuna eta horrez gain, lekukotasuna emateak nire lana konpromisoan jar zezakeen. Baina, bestalde, gizaki gisa ere baditut neure erantzukizunak". Kazetari erakundeek -Freedom Forum esaterako- ezarritako arau profesionalek eta kazetaritza-eskoletan emandako ikastaroek gerrako berriemaileari buruzko elkarrizketa deontologikoa sortu dute. Dena dela, jende askoren iritziz, funtsezko ezaugarriak zintzotasuna eta sen ona dira. Anthony Borden, Londresko Institute of War and Peace Reporting-eko zuzendari exekutiboak garrantzi handia ematen dio lekuan lekuko kazetarien lana baloratzeari eta eurekin elkarlanean aritzeari; batez ere, merkataritza presioengatik, garrantzia estrategikorik gabekotzat jotzen diren lurraldeetako gatazkak estali gabe geratzeko arriskuan badaude. Baina horrenbesteko arriskua badute, zergatik jarraitzen dute informatzen gerrako berriemaileek? Ez dirudi ospeagatik edo diruagatik egiten dutenik, edo zenbaitek dioen bezala, arriskua gustatzen zaielako. Kazetari askok uste dute idazten dutenak zerbait alda dezakeela. Martha Gellhorn gerrako berriemaile ospetsuak oso ondo adierazten du: "Kazetari lanetan eman dudan denbora guztian aintzira handi batera harritxoak botatzen aritu naiz, baina ezin dut inolaz ere jakin harriren batek zirrararik sortu duen edo ez". +_ www.cpj.org www.iwpr.net www.rsf.fr Philip Knightley, The First Casualty, Prion Books, Londres, 1975, 2000. Ikusteak ez du beti sinestea esan nahi
1995ean, Kaxmir-eko Charar-e-Sharif herri historikoari su eman ziotenean, armadako ofizialek kazetari atzerritarrez betetako autobusak eskoltatu zituzten errautsak erakusteko. Ofizialen esanetan, Pakistango mertzenarioen lana izan zen eta hori frogatzeko, armadaren aurkako tiroketa batean hildako "mertzenario atzerritarren" gorpuak zeuden patio batera eraman zituzten kazetariak. "Gidatutako bisitan" parte hartu zuten kazetariak ohartu ziren gorpu haiek ez zirela atzerritarrenak, gobernuaren tresneria propagandistikorako beita gisa goiz hartan bertan atxilotu eta hil zituzten inguruko herrixka bateko bost gizonenak baizik. Indiako egunkari gehienek "mertzenario afganiar higuingarrien" argazkia argitaratu zuten. Aldizkari atzerritar batek soilik argitaratu zuen euren hildakoengatik negarrez ari ziren herrixkako biztanleen argazkia. JIA KANGBAI*: HERIOTZAREN KORRIDOREKO ALBISTEAK
* Standard Times-eko erredakzio-burua. 1991n, Sierra Leonan matxinatuen eta gobernuaren arteko gatazka piztu zenetik, 30.000 lagun hil dira eta beste 120.000 hanka edo besoren bat moztuta geratu. Borrokatu diren taldeez gain, kazetariek ordaindu dute garestien. Gatazka honi buruz informatzeak heriotzarekin, bahiketekin, torturarekin eta aurreko epaiketarik gabeko atxiloketekin behin eta berriz topo egitea suposatzen du. Sierra Leonan egondako guztiek dute istorio beldurgarriren bat kontatzeko. Nik 1995ean hartu nuen gerrako bataioa. Hegoaldeko Bo hirira nindoan gobernuaren eta Fronte Batu Iraultzailearen arteko ustezko lankidetza ikertzera. Abiatu ginenetik ordubete bakarrik igaro zen, eta gure konboia, 100 ibilgailu baino gehiagok osatzen zutena, segadan erori zen. Inoiz ez nintzen heriotzatik hurbilago egon. 75 auto suntsitu eta 36 lagun hil zituzten. Bizirik geratu ginenok matxinatuen harrapakina eraman behar izan genuen euren kanpalekura. Baina kazetari guztiek ez zuten hain zorte ona izan. Mustaph Sesayk Standard Press egunkarian egiten zuen lan eta begi bat galdu zuen, 1999an matxinatuen erasoaldi batean Freetown hiriburutik ihes egin nahian zebilela. Indar erasotzaileek Paul Mansaray Sesayren editore-burua eta bere familia osoa hil zituzten euren etxe aurrean. Gero, Standard Times eta beste bost egunkariren bulegoei su ematera joan ziren matxinatuak. Bi alderdietakoak etxez etxe ibili ziren euren zerrenda beltzean ageri ziren kazetarien bila. Horrek ondorengo galdera hau eginarazten du: beharrezkoa al da hiltegira joatea gurea bezalako gerra batean objektibotasuna lortzeko? Corinne Dufka, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeko kidea da eta iaz Freetown-era egin zuen bisitaldian informazioaren objektibotasuna izan zen bere leloa. Abdul Kutayeh bertako erreportaria matxinatuekin harremanak izateagatik sei hilabetez atxilotuta eduki zutela jakitean galdera hau egin zuen: "Agintariek ez al dakite, zuek, kazetariok, denen iritziak jakin behar dituzuela, baita matxinatuenak ere?" Ez dago matxinatuen egunkaririk eta bi alderdietako (gobernua eta matxinatuak) edozeini buruzko artikulu orekatu edo kritiko bat partidistatzat jotzen da. Gobernuak 1999ko Lom¿ko bake-hitzarmeneko konpromisoekin errespeturik ez duela adierazten duen artikulu edo editorialen bat idazten duena matxinatutzat jotzen dute. Eman iezadazu bertako egunkari baten izena eta gobernuko zein ministrok eta zein ofizialek finantzatzen duten esango dizut. Bake garaian idazten edo esaten duzuna, gerra areagotzen denean hilko zaituen bala izango da. Bertako kazetari askok egoera negargarri horretara iristen lagundu dute, batez ere komunikabide idatzietakoek. Iazko urrian gobernuaren aldeko Kamajor miliziak bahitu eta torturatu egin ninduen. Sam Hinga Norman defentsa nazionaleko goi mailako zuzendariak eman zuen agindua. Lau egun lehenago, zuzendari hori bera gu erosten ahalegindu zen bere milizien eta armadaren arteko borroka armatu bati buruzko artikulu bat idatz ez genezan. Nire lankide bat miliziaren berriemailea ere bazen eta bere nagusiei kontatu zien istorioa. Kamajor milizien buruzagia behin eta berriz salatu dugu ustelkeriaz, eta euren eraso baten beldur gara orain. Ez dut ezagutzen miliziari edo segurtasun-indarrei zigorra ezartzeko gai den bertako epaimahairik. Heriotzaren korridore honetatik munduari berri ematen ausartzen diren kazetariei adorea eman behar diegu eta euren lana baloratu. Baina kazetariek ere ulertu egin behar dute euren artikulua oso garrantzitsua bada ere alferrikakoa dela bizia arriskatzea. Gerrako kazetaritza bizirik daudenentzat da, ez hildakoentzat.Spojmai Zariab: Afganistango amesgaiztoaren aurkako idazlea
ELKARRIZKETA
Spojmai Zariab: Afganistango amesgaiztoaren aurkako idazlea
Spojmai Zariab idazle afganiarra Frantzian erbesteratuta bizi da 1991. urteaz geroztik. Bere helburua, duela mende laurden bere herria txikitzen ari diren gerrak atsedenik gabe salatzea da.
ELKARRIZKETA: JASMINA SOPOVA
Unescoren Albistariako kazetaria
Kabul, Afganistango hiriburua, txikitutako eta izututako hiria da gaur egun. Zuk beste argi batekin ezagutu zenuen, ezta?
Bai, gure herria demokrazia ezagutzen hasi zen urteetan han bizitzeko zoriona izan nuen. Orduan hasi zen modernizatzen, esparru guztietan erreformak egiten eta gaur egun eskualde batzuetan oraindik indarrean dagoen sistema feudala desagerrarazteko ahaleginak egiten. 1954. urteaz geroztik jantzien inguruko murrizketa guztiak desagerrarazi ziren. Hirietan gutxi ziren chadorra edo beloa zeramaten emakumeak. Denbora laburrean emakumea bizitza sozialeko esparru guztietan sartu zen: medikuak, parlamentariak, militarrak, jauzkariak, autobus-gidariak, etab. Portzentajeak begiratuz gero, parte hartzea ez zen, behar bada, oso handia, baina esparrua oso zabala zen. Unibertsitatea mistoa zen eta lehen mailako eskola batzuk ere sortu ziren. Kabulen mota guztietako liburuak aurki zitezkeen, latitude guztietakoak eta pertsierara itzuliak. Askatasunean eta pozik bizi ginen. Askatasuna genuen biltzeko, adierazteko, partiduak sortzeko... Historia oso nahasiaren ondoren Afganistanen nolabaiteko egonkortasun politikoa eta soziala lortu genuela esan daiteke. Baina itxaropen handien denboraldi labur hori 1973. urtean amaitu zen Daud-en estatu-kolpearekin. Horrek bidea ireki zuen komunisten agintaldirako, eta ondoren, Armada Gorriaren agintaldirako.
Les Bottes de d¿lire (delirioaren botak) kontakizunean sobietarren inbasioa deskribatzen duzu.
Narratzailea hilzorian dago tankeak herrixkan sartzen direnean. Bere obsesioa etxeko atea itxita egon dadin lortzea da. Baina soldaduek bota egiten dute eta sartu egiten dira: hori da, nire ustez, herri oso baten bortxaketaren irudia. Neska gazteak buruan zauria duenez eldarnioak ditu. Pentsamenduarekin bere herrian zehar bidaia egiten du. Mahatsondoetan mahats aleak egon beharrean besoak, hankak eta buruak ikusten ditu zintzilika. Behiek esnea eman beharrean odola ematen dute. Hirian haur-talde batengana hurbiltzen da, eta soinean odoleztatutako izugarrizko botak dituztela ikusten du. Begiak harri-koxkor bihurtuta dituzte eta ez dute inolako espresiorik, gizatasunik. Nire herriko gazteriaren berri ematen dute, gerrarako tresna bihurtu den gazteria galduaren berri.
Zure beste kontakizunetako batek, Nortasun Agiria izenekoak, derrigorrez gerrara eramango duten beldurrez, amak ezkutatzen duen seme nerabearen historia kontatzen du.
Istorio hori, hain zuzen, muntaia baten ondorioz gerrara eramandako herriaren historia da. Orduko bi potentzia handiek (SESB eta EEBB) beren gerra hotza gauzatzeko eremu egokia aurkitu zuten Afganistanen. Bertako biztanleak, berriz, gerrarako haragi izan ziren, ez besterik. Beraien fede onaz eta inbaditzailearen aurkako gorrotoaz aprobetxatu ziren. Beren herriaren interesak defendatzen ez zituzten ideologien tresna bihurtu ziren. Herritarrak euren artean borroka jarri dituen gerra horrek gaur egun arte iraun du, eta beste dimentsio batzuk ere hartu du: etnikoa, linguistikoa, etab.
Bando baten edo besteren alde jartzea. Ba al zuten afganiarrek beste irtenbiderik?
Zoritxarrez ez, bi aukera horiek besterik ez zituzten. Herriaren gehiengoa, hau da, "gehiengo isila" deitu ohi dena, ez zen ez bataren eta ez bestearen alde jarri. Horietakoa zen nire familia ere. Gehiengo horrentzat batak nahiz besteak hiltzea astakeria bera zen: hildakoa, beti, afganiarra izango zen. Eta horri buruz esan beharra dago nazioa hesiaren antzekoa dela: erortzen den adreilu bakoitzeko pixka bat desegiten da.
Idazle zaren aldetik, nola bizi izan zenuen sobiet-erregimena?
Erregimen berriak atzerriko liburu guztiak itzultzea eta inportatzea debekatu zuen, eta baita Pertsiako obra klasikoak ere. Liburu-dendetako atzerriko liburuen ataletan tadjikistandarrek pertsierara itzulitako liburu sobietarrak saltzen ziren. Makinek idatzitako liburuak ziruditen, gizakiek idatzitakoak baino. Baina, hori bai, noizean behin kalitatezko obrak aurkitzen ziren. Hori esaten dudanean Chinguiz Aitmatov egilearenak ditut bereziki gogoan. Kirguistango paraje urrunetan eta antzeko erregimen baten menpean horrelako idazle bat zegoenik ez nuen inoiz pentsatuko. Bere kontakizunek liluratu egin ninduten. Esaten ez duenarekin esaten du guztia. Ordutik Aitmatov itxaropen-izpia da niretzat. Idazlea zapalketa-egoeran baldin badago, mezuak bidaltzea ahalbidetuko dioten baliabide literarioak aurkitu beharra du. Zorionez zentsoreak ez ziren beren funtzioak behar bezala betetzeko gai. Literaturari buruz ezer gutxi zekiten, eta poeta eta nobelagile asko baliatu ziren horretaz beren liburuak Idazle Afganiarren Batasunean argitaratzeko. Erakunde horrek argitalpen-lan ugari egin zuen eta aurrekontu garrantzitsua zuen horretarako.
Sobietarrak erretiratu zirenean zein etorkizun ikusten zenion zure herriari?
Zenbait egoera historikotan zaila da ezer aurreikustea. Dena zen posible. Egia da une hartan hondamendia ekiditen lagunduko ziguten erabaki azkarrak hartzeko aukera galdu genuela. Eta orain talibanak ditugu aurrean. Afganistani buruz ezer ez dakite. Txiki txikitatik Pakistango eskola koranikoetan ikasi duten erlijio aprendizak dira. Guztia txikitzeko asmoz iritsi ziren. Mahatsondo guztiak erre eta pistatxo landareak errotik atera zituztela jakin nuen. Pistatxoa Afganistanek gehien inportatzen zuen produktuetako bat zen. Talibanek lortu nahi dutena herrialde hau guztiz menpeko bihurtzea da: nekazaritzarik ez, ureztaketa sistemarik ez, ekonomiarik ez, etab. Horren emaitza, zeharo suntsituriko herrialdea da. Sobietarrekin tankeak ziren, talibanekin berriz sua. Lehen fanatismo politikoa ezagutu genuen, orain fanatismo erlijiosoa. Eta fanatismoek, mota guztietakoek, itsutu egiten dute.
Frantziara alde egin zenuen 1991. urtean, sobietarren erregimenari aurre egin ondoren eta talibanak boterera iritsi aurretik. Zergatik?
Ez nuen alde egin nahi, baina egoera arriskutsuegia bihurtzen ari zen Kabulen. Eskolak itxi egin ziren etengabeko bonbardaketen ondorioz. Garai hartan zazpi eta hamaika urteko bi alaba nituen. Orain hiru ditut. Denbora batez arriskuz kanpo jarri nahi nituen eta Montpellier-era joan nintzen. Ez nuen geratzeko asmorik, ordea. Nire pasaportea entregatu eta errefuxiatu politiko bihurtzeko paperak egiteko ausardia falta zitzaidan. Zenbat aldiz joan ote nintzen posta bulegora, nire paperak besapean nituela baina bidaltzeko erabakia hartu gabe! 1994. urtean nire senarra gugana etorri zenean konturatu nintzen zubi guztiak hautsita zeudela. Orduan ulertu behar izan nuen nire aberria, nire hiria eta nire etxea ez nituela gehiago ikusiko.
Afganistanekin inolako loturarik ez al duzu?
Lagunak genituen baina haiek ere alde egin zuten. Eta nire familiak ere bai. Bertan egon ginen ahal izan genuen denbora guztian. Beti esan genion geure buruari guztia ordezka zitekeela, baina ez aberria. Gaur nire gurasoak, nire anai-arrebak eta geu atzerrian bizi gara.
Munduko komunitate afganiar desberdinen artean loturarik ba al dago?
Badira elkarteak, egunkariak, aldizkariak, etab. baina oso zaila da harreman horiek jarraipenik izatea. Alde batetik errefuxiatuek ez dute etengabeko harremanak izateko baliabiderik; bestetik, afganiarrek ez dute esperientzia luzerik atzerrian. Sobietarren garaia baino lehen afganiarrek ez zuten emigratzen. Lurrari eta familiari oso lotuta egon den herria gara. Orain mundu guztian zehar sakabanatuta gaude: Europa, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Australia, Asia, etab. Errefuxiatu gehienek ez dute ezagutzen bizi diren herriko hizkuntza. Bost edo sei urte behar izaten dituzte egoera berrira egokitzeko. Munduko edozein bazterretan babesa bilatzera behartuta egotea oso trauma gogorra da. 20 urte dira gerra hasi zela. Belaunaldi oso bat galduta. Sei milioi afganiar errefuxiatuta; benetan kopuru handia da. Herri bat sakabanatzea, desagerrarazteko modurik seguruena da.
Nola ikusten duzu Afganistanen etorkizuna?
Esan dizudan bezala, 1973. urteaz geroztik guztia aurreikusi ezinekoa bihurtu zen. Hori ez da oraindik aldatu. Ez da bata bestea baino gertagarriagoa den hipotesirik. Hala ere, itxaropena bizirik dugu. Konponbideetako bat Zahir errege ohiaren eskuetan egon daiteke. Oraindik tribu guztiek, afganiar guztiek entzuten duten pertsona bakarra da. Baina laster jardun beharra dago. Denbora gutxi dugu. Nire herria beste belaunaldi bat galtzen ari da, haurrek ez baitute eskolara joateko aukerarik. Eta hori munduko haur guztien oinarrizko eskubidea bada, zergatik ez neska afganiarrena? Zergatik da bete ezineko ametsa beraientzat? Eskola koranikora joateko aukera bakarrik dute, hamaika edo hamabi urte dituzten arte. Zer ikasten dute han? Ulertzen ez duten hizkuntza batean bersetak esaten. Mutikoen egoera ez da askoz hobea. Irakasle, zuzendari eta baliabide nahiko ez dutenez, eskolak haurtzaindegi bihurtu dira.
Hala ere, biztanleak antolatu egin dira gutxieneko hezkuntza bat emateko.
Kabulen eskola klandestinoak daude eta bertan amek alabei eskola ematen diete. Erresistentzia egiteko modu bat da. Ausardia handia behar da hori egiteko, legez kanpokoa baita. Eta erregimena oso gogorra da zentzu horretan. Bestalde, nahikoa da edonork adulterio-salaketa bat egitea, inolako frogarik gabe emakume bat harrikatzeko.
Zer egiten dute gizonek, haien senarrek, haien semeek, zigor horien aurrean?
Talibanek kontrolatzen dute herriaren ia %90. Amnesty International erakundearen eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen azken txostenak irakurtzea nahikoa da, batak nahiz besteak astakeria berak deskribatzen baitituzte. Gutxiengo etnikoak lekuz aldatuta eta jazarrita bizi dira, eta Afganistango gainerako biztanleak zigorren eta mota guztietako irainen etengabeko mehatxupean. Kabulen geratu ziren gehien-gehienak ihes egiteko baliabiderik ez dutenak dira. Eta bizitzen jarraitu ahal izateko "legeek" esandakoa betetzen dute, zenbateraino zentzugabeak diren sinetsi ezin bada ere. Horren adibide bat kontatu zidaten behin. Pakistanen bizi zen afganiar bat hil egin zen eta bere azken borondatea Kabul-en lurperatua izatea izan zen. Bere familiak hilkutxa batean hiriburu horretara eramatea erabaki zuen. Lurralde afganiarrera iristean talibanek hilkutxaren edukia egiaztatu nahi izan zuten -sarritan legez kanpoko trafikoa egoten baita- eta hildakoa ikusi zuten. Hildakoak bizarrik ez zuen, Pakistanen ez baita derrigorrezkoa Afganistanen bezala, eta hildakoa zigortzeko 80 zigorrada eman zizkioten... Zein zentzugabekeria!
Herri musulman askotan fanatismo erlijiosoa gogortu dela antzeman da. Nola ulertzen duzu Islamaren erradikaltze hori?
Nire ustez integrismo islamiarraren gogortze hori bi faktoreren ondorio da -bai Afganistanen, bai Iranen, bai Algerian eta bai gainerako herri arabiarretan-: batetik, analfabetismoa eta, bestetik, ezjakintasuna. Erlijioa "gaizki ulertzeko" edo, hobeto esanda, inolaz ez ulertzeko giroa prestatzen dute. Ezjakintasunari belaunaldien arteko kontrastea eta landa-giroaren eta hiri-giroaren arteko ikaragarrizko diferentziak gehitzen badizkiogu, emaitza hori lortzen dugu. Ez dugu ahaztu behar Yihad-eko (gerra santuko) kide gehienak landa-girokoak direla, eta modernotasun nahiz askatasun-mota guztiengatiko mesfidantza sentitzen dutenez, mehatxu gisa ikusten dituztela. Gainera azken urte hauetan aipatu herrialdeetan indar beldurgarriarekin inposatu dira mundializazioa eta nazio industrial handien interes ekonomiko eta politikoak bultzatzen dituzten beste aurrerapen-forma batzuk. Behar bada, beldurturik, beren mugimenduak indartuz, euren bizi iraupena segurtatzen saiatzen dira integristak. Edozein modutan, mugimendu integristen indartze horrek kalte egiten dio Islamari, inolako espiritualtasunik ez duen erlijio fanatiko baten irudia ematen baitio.
Gerragatiko beldurrak inspiratu ditu zure kontakizun gehienak. Zeintzuk dira orain gehien kezkatzen zaituzten gaiak?
Idazle baino lehen afganiarra nahiz, eta gaur egun afganiar bati interesatzen zaion gauza bakarra gure herriak azken 20 urteetan bizi duen amesgaiztoa amaitzea dela pentsatzen dut. Pakistan, Arabia Saudi eta Arabiar Emirrerri Batuek lagundurik, Talibanek burutzen duten diskriminazio-politikarekin amaitzea. Emakumeak Jainkoaren izenean jarduten duten zoro horien eskuetatik askatzea. Talibanak iritsi aurretik irakasleen %40 emakumeak ziren, eta honek garbi adierazten du beren maila intelektuala nolakoa zen. Gaur egun gizartetik kanporatuta bizi dira. Beren egoera fisikoa, intelektuala eta psikologikoa guztiz kezkagarria da eta ez dute gizona den mediku batengana joateko eskubiderik ere. Eta oraindik okerrago dena; horietako askok Pakistango trafiko sexuala sufritzen dute. Iraganean ez zuten emakumeek horrelako irainik inoiz bizi izan, eta Afganistanen ez zen horrelako atzerapenik inoiz ezagutu. Zer da orain nire herria? Txikitutako eta minez betetako lurra, milaka eta milaka umezurtz, alargun eta minusbaliatu dituen herria. Gerrek, hotzak, lehorteak eta goseak suntsitu duten lurra. Milioika errefuxiatu ditu, eta gehienak Pakistan edo Irango errefuxiatu-esparruetan inolako baliabiderik gabe eta baldintza jasanezinetan bizi dira. Idazten dudanak edo idatziko dudanak ez dizkit kezka horiek aldenduko.
KONTAKIZUNETARAKO GRINA
Spojmai Zariab Kabulen jaio zen 1949. urtean, eta 17 urte besterik ez zituela hasi zen bere kontakizunak argitaratzen. "Aitari zor diot literaturarekiko maitasuna. Gizon aparta zen. Berekin inoiz ez nintzen neskatxo sentitu, inoiz ez zidan ezer debekatu edo inposatu. Nire haurtzaroan ez zegoen telebistarik. Gauean olerkiak irakurtzen zizkigun. Hainbeste entzun ondoren buruz ikasi nituen. Nire aitak olerki bat hasten zuen eta nik amaiera esaten nuen. Hiru edo lau urte izango nituen orduan... Geroago Pertsiako poesia klasikoak asko lagundu zidan literaturaren bidean. Baina nobela laburra, gehien maite dudan forma literarioa, mendebaldeko generoa da. Idazle atzerritarrei zor diet grina hori, batez ere Europa eta Ameriketako Estatu Batuetakoei". Kabulgo Letren Fakultatean eta Arte Ederren Eskolan ikasketak egin ondoren, Spojmai Zariab Frantziara joan zen literatura-ikasketak amaitzera. 1973. urtean itzuli zenean, erregearen lehengusu zen Mohamed Daud-en kolpe militarrak monarkia parlamentarioari amaiera jarri zion, gatazka guztiei hasiera emanez. Bost urte geroago bigarren kolpe militar batean Daud hil zuten. 1979ko irailean, berriz, Noor Mohamad Taraki desagerrarazi zuen bere ondorengo Hafizzul Amin jaunak. Azken hori bi hilabete geroago hil zuten sobietarrek, eta indarrez Babrak Karmal jarri eta herria inbaditu zuten. Sobietarren erregimenak iraun zuen hamar urteetan Spojmai Zariabek itzultzaile lanak egin zituen Frantziak Kabul-en zuen enbaxadan. Argitaletxe irandar batean argitaratzea lortu zuen, bai eta, zentsura bazegoen ere, Idazle Afganiarren Batasuna izeneko Afganistango argitaletxe eta inprenta bakarrean ere 90eko hamarkadako lehen urteetan egoerak okerrera egin zuen Afganistanen. 1991. urtean Spojmai Zariab andreak Frantziaren hego-ekialdeko Montpellier hirira emigratu zuen bere bi alabekin. 1994. urtean talibanek Kabul hartu zutenean bere senarra, Rahnaward Zariab idazle afganiar ospetsua ere Frantziara joan zen beraiekin elkartzera. Spojmai Zariab-en nobela laburrak Dari hizkuntzan idatzita daude (pertsiera, pashto-arekin batera Afganistango hizkuntza ofiziala), eta horien ezaugarri nagusia harmonia, soiltasuna, urritasuna eta poesia elkartzen dituen estiloa da. Bere jaioterrian inspiratzen jarraitzen badu ere, gizatasuna eta unibertsaltasuna dira bere idazkeraren alderdi erakargarrienak. 1988. urtean frantsesez argitaratu zuen La plaine de Ca¿n (Cainen lautada) nobela laburren bildumak arrakasta handia izan zuen, bai eta Portrait de la ville sur fond mauve (Hiriaren erretratua malba koloreko atzealdearekin) nobelak ere. Azken hori, 1991. urtean Avignon hiriko Festival Off izeneko jaialdian aurkezturiko lan baten teatrorako adaptazioa da. Ces murs qui nous ¿coutent (Entzuten diguten horma horiek) liburuaren azken oharrean ondorengoa esaten du literatura pertsiarrean espezializaturiko Michael Barry idazle frantsesak: "Spojmai andrea -bere izenak "ilargi betea" esan nahi du- garai hauetako idazle afganiar handietako bat da beste bi olerkigilerekin batera: Jalili (erbestean hila) eta Madjruh (eraila)".