Azala


Hervé Télémaque: Arteak Lurrean izan dugun bizitza kontatzeko balio du

Ale honetako gonbidatua

Hervé Télémaque: Arteak Lurrean izan dugun bizitza kontatzeko balio du

Haitin jaiotako Herv¿ T¿l¿maque artistak tekniken eta materialen nahasketa erabiltzen du -pintura eta kollagea, berreskuratutako objektuak eta graffitia- irudiei eta hitzei "energia berria" emateko lanak sortzearren. Juliette Broussard-ekin izandako elkarrizketa honetan, bere bilakaera artistikoaz eta pinturari buruz duen ikuskeraz hitz egin digu.
Frantzian hogeita hamabost urtez bizi izan zara, baina zure lanak gero eta gehiago erakusten dizkigu Haitiko zure sustraiak eta kultura.
Herv¿ T¿l¿maque: Port-au-Prince 1957an utzi nuen, Fran¿ois Duvalier-ek boterea bereganatu zuenean eta New York-eko Art Students" League-ra joan nintzen pintura ikastera. Estatu Batuetan hiru urtez soilik egon nintzen, baina nolabait amerikarra naiz, Kariben sortu nintzelako besterik ez bada ere, Estatu Batuetatik hurbil eta horko ereduen eraginpean alegia. Baina New Yorken nire nortasuna galtzeko beldur izan nintzen. Neurri batean, nortasunaren bila joan nintzen 1961ean Frantziara. Neure burua aurkitu nahi nuen. Gainera, New Yorken, espresionismo abstraktuaren azken adierazpenak niri interesatzen ez zitzaidan akademizismo batean eroriak zeuden. Pop art delakoak ekarri zuen berrikuntza baino zertxobait lehenago gertatu zen hori. Horretaz gain, Frantzia Haitiko kulturaren zati da, badu zerikusia hango fantasiekin eta hango hizkuntzarekin. Haitik frantsesa erabiltzen duenez gero, Europara joatea neure prestakuntza-baloreetara itzultzea zen.
Zenbateraino izan duzu surrealisten eragina?
H.T.: Surrealistek erakutsi zizkidaten oraindik ere nire sormen-energia gidatzen duten balore batzuk. Artearekiko nire harremana esperientzia psikoanalitikoak bideratu du. Oso hurbil sentitzen naiz Arshile Gorky, Giorgio de Chirico, Ren¿ Magrite eta Marcel Duchamp-ek adierazitako balore plastikoetatik. Surrealistek erakutsi didate artea mundua eta norbera ulertzeko bide bat izan daitekeela. Eta nork bere burua ezagutze horrek arazo moral guztietara garamatza: pertsonen arteko harremanetara, maitasunera, gizartearen antolamendura. Surrealismoaren irakaspenetako bat hauxe izan da, ikusgai dena ez dela plazer estetiko hutsa, baizik eta bere indarra bizi izandako esperientzia bat eta esistentziaren pertzepzio zabala adieraztean datzala. Arteak Lurrean izan dugun bizitza kontatzeko balio du.
Hizkuntzarekiko harremana begi-bistakoa da egiten duzun guztian.
H.T.: Asko gustatzen zait Haitiko poesia, nortasun beltza definitzen duten Jacques Roumain eta Carl Brouard bezalakoen lana. Haitiko poesiak, Santo Domingoko kolonizazioaren historiaren, esklabutzaren eta 1804ko Haitiko iraultzaren berri emanez, berehala jaso zituen belztasunaren eta harrotasun beltzaren kontzeptuak, Aim¿ C¿saire-ren Cahier d"un retour au pays natal poema handian gailurra hartu arte. Bestalde, nire gaztaroan gustuko nituen poetak gogoko ditut oraindik ere: Rimbaud, Saint-John Perse, Andr¿ Breton. Atsegin dut Saint-John Persek 1960an Literatur Nobel Saria eskuratu zuenean esan zuena aipatzea: "Poesia, esan den bezala, "errealitate absolutua" ez bada ere, honek hurbilen dituen ulermena eta grina da, poeman errealitateak beraren berri ematen duela dirudien konplizitatearen azken mutur horretan".
Nola egiten duzu lan?
H.T.: Nire lana hiru alditan bana liteke. Lehendabizi lengoaiarekin jolasten naiz, gero -bigarren aldian- flash baten modura, ideia plastiko batek elikatuko du jolas hori. Hirugarren aldia muntaia da; teknika azken fase honetan bakarrik erabiltzen dut, bigarren mailako gauza baita hasierako ideiaren espontaneitatearen aldean eta lengoaiarekiko espekulazio-jokoaren aldean. Nire ikatz-marrazki handiak, lirikoagoak eta batasun estilistiko handiagokoak, ideia plastikoaren euskarri dira eta fantasia bat, oroitzapen bat edo desio bat ahalik eta era sinpleenean atxiki nahi dute. Horietan objektuak blasoi, totem, ikur bilakatzen dira. Nire teknika? Material soilekin lan egiten dut: zura, kola, torlojoak. Zerra bezalako oinarrizko tresnak erabiltzen ditut asko, batzuetan arkatz moduan, bai eta leungailua ere. Har ditzagun adibide gisa 1994an egin nuen erakusketako ikatz-marrazkiak. Fusain et marc de caf¿, Deuil: le dessin, l"objet ("Ikatza eta kafe-hondarrak, Dolua: marrazkia, objektua"). Objektuetan kafe-hondarra erabili nuen, pigmentu naturala, baina modu ironikoan. Tonu iluneko ikatzak gaua dakar gogora; kafeak, berriz, iluntasunetik argitasunerako igarobidea sinboliza lezake, gaua eta egunsentia; aldi berean produktu exotikoa da, koloniala, herri zuriak zoriontsu egin dituena.
Eta kolorea?
H.T.: Kolorea seinale gisa erabiltzen dut. 1986an, Duvaliertarren agintea bukatu zenean, haitiarrek gorria eta urdina, ikur nazionalaren koloreak alegia, sinbolikoki erabili zituzten. Gorria eta urdina uharte guztian zehar herriaren erreakzio tolesgabe eta adierazkor gisa agertu ziren. Hogeita hamar urtez jasandako diktadura batetik askatu izanaren adierazpen sinbolikoa zen. Nire herri gaisoaren sufrimenduak biziki hunkitu ninduen, bere esistentziaren froga gisa zeinu hau besterik geratzen ez baitzitzaion, gorriaren eta urdinaren marka soil hori. Neure paleta bi elementu hauetara mugatu nuen, nortasunaren ezaugarri minimo horietara.
Batez ere intelektuala izan den jarrera batetik balore sinpleagoetara jo duzu.
H.T.: Beharbada, zenbat eta zaharragoak izan orduan eta sinpleagoak gara! Iraganean neure lanetan lengoaiarekin egiten nituen jokoak gehiegitxo erabili banituen ere, orain konfidantza handiagoa dut nire buruagan. Arte orok ez al du sinpletasunera eta anonimatora jotzen? Pintoreak objektuen eta ideien eraikitzaileak dira, zeinuen manipulatzaileak, izaki intuitiboak. Askotan artista intelektualarekin nahasten da. Nire ustez, artistak bere buruari entzun behar dio, bere burua ez zentsuratzen saiatuz, bere sormenari bidea emateko. Inoiz ez dut neure artea programatzen. Artista batek bere onena programa zorrotz bati jarraitu gabe adierazten du. Oroitzapenak azaleratzen uztea ere ona dela uste dut. Adibidez? Aldizkari batean Soweto-ko txabola bateko emakume baten argazkia ikusi nuenean, umetan zaindaria izan nuen Christiane zaharraren zango okertuak etorri zitzaizkidan gogora. Ez zegoen bien artean zuzeneko loturarik, baina une hark oroitzapena ekarri zidan. Uste dut ez dagoela gezurrik artean.
Artista gisa, non kokatzen duzu zeure burua gaurko gizartean eta kulturan?
H.T.: Badirudi arte plastikoak krisian daudela, eta ona da gauza sinple eta oinarrizkoetara itzultzea. Nire gaurko lanaren ezaugarria marrazkirako zaletasuna da. Paperezko orri batean marraztea pintatzea baino errazagoa da. Marrazkitik salto batean objektuetara igarotzen naiz, eta hor kolorea agertzen da. Batez ere pintorea bainaiz. Pintore mihiztatzailea nahi bada. Nire ustez, pintura arte plastikoen artean aurreratuena eta konplexuena da. Arteak kulturen artean hobeto ulertzeko gailu naturala direla iruditzen zait. Adibidez, denok gaude jazz-ean murgilduta, konturatu gabe. Musikaren bitartez beltzek ekarpen handia egin dute; musika ezinbestekoa da beltzen berezitasuna ulertzeko. Denok egiten ditugu bidaiak, denok gabiltza etengabe batetik bestera... Baina kezkatu egiten nau planeta osoan serie berberak ematen dituen telebista uniformizatzaileak. Eskizofrenia-aldi batean gaudela iruditzen zait. Inoiz baino beharrezkoagoa da nork bere buruari entzutea, norberaren ametsak aintzakotzat hartzea. Eta berriro ere Saint-John Perse datorkit burura, buztinezko gizakia ez ahazteko esanez.
Artea beharra al da oraindik?
H.T.: Noski! Baina kulturaren esanahia birdefinitu behar dugu. Har dezagun gizarte iparramerikarraren kasua: hain gizarte materialistan, artea alde batera utz litekeela pentsa liteke. Baina hor dituzu artista iparramerikar handiak! Horiek frogatzen digute artea beharrezkoa dela, balio duela, bestela ez bailitzateke arterik izango. Museoek eta museotako bisitarien kopuruak halaxe erakusten digute.
Gaur egungo arteak Antzinatasunean al ditu erroak?
H.T.: Iraganeko arteekiko interes orokorra mende honen hasieran sortu zen, Guillaume Apollinaire poetarekin. Nik neuk, Egiptora egin nuen bidaia batean aurkitu nuen arte modernoaren oinarria. Egipto zaharreko artean aukera handien justifikazio bat ikusi nuen: argitasun estilistikoa, zuzenekotasuna, lengoaiarekiko lotura. Hieroglifikoekin, pintatutako iruditik idatzitako zeinura igaro ziren, eta hori oso modernoa da:oraindik ere idatzitakotik ikusizkora igarotzearen problematikan gaude. Han aurkitu nuen ziur aski Mendebaldeko kultura osoa iragartzen duen inspirazioa. Hobeto gainera. Nire iritziz, arte horren ezaugarria izugarrizko errefinamendua da, bai eta konplexutasuna ere. Harrigarria da, nahiz eta oso konplexua izan, hain irakurterraza izatea, eta desbidera naturalistarik txikiena ere ez duen funtsezkotasuna izatea. Jakina, kontsiderazio plastiko hutsak egiten ari naiz, ez bainaiz gai kosmogonia egipziar guztia deszifratzeko. Arte egipziarra, marrazkiaren eta bolumenaren perfekzioagatik, Ozeaniako eskulturarekin, esate baterako, erabateko kontrastean dago, nahiz eta azken hau ere munduko artearen gailurretako bat den. Egipziarrekin munduaren benetako eraikuntza bat ikusten dugu, eta Ginea Berrian, aldiz, berezko gizakiari entzuten diogu, lurretik eta jainkoengandik hurbilago dagoen gizakiari.
Gaur egungo irakaskuntza artistikoan ikasleak gehiago jabetzen al dira egungo arteaz?
H.T.: Oso zabaldua dagoen ustearen aurka, arte modernoa, are abstraktua ere, ulerterrazagoa iruditzen zait Berpizkundeko artea baino, adibidez, honek mito handiak eta erlijioa ezagutzea eskatzen baitu. Nire ustez, gaur egungo artea ispilu zuzenagoa da, obraren eta jendearen arteko harremana bultzatzen duena. Askotan itxurak zalantzan jartzeko ironia erabiltzen du, beharbada gure garaiko konplexutasunak hobeto adieraztearren.

Merkatua: denboraren joanean

Bahgat Elnadi eta Adel Rifaat

Ia ezinezko bihurtu da merkatuaren alorretik kanpo bizitzea. Gure beharrak orain askotarikoak izanik, merkatuan aurki ditzakegun produktu, zerbitzu, kreditu eta informazioetara etengabe joaz soilik bete ditzakegu. Eta merkatu-trukeak mundu zabalaren neurriko izateraino indartu eta hedatu dira. Munduko ekonomiaren nondik-norakoa merkatuaren egoeraren araberakoa dela esan genezake. Ez da beti horrela izan, ordea. Milaka urtetan , merkatuak funtzio marjinalak zituen. Alde batetik, komunitate autartiko eta desberdinak elkarrekin harremanetan jartzen zituen, baina produktu gehigarriak soilik trukatzeko, ez beren barne-orekarako funtsezkoak zirenak. Bestetik, truke horiek egiten zituzten norbanakoentzat irizpide ekonomikoek garrantzi txikiagoa zuten beren bizitzako erlijio, ohitura eta leinu-eskakizunek baino. Dena den, muga horien barruan ere, merkatuak oso rol garrantzitsua jokatu izan du, komunitate itxi horiei noizean behin kanpoko mundura irteteko, beste talde batzuekin harremanetan jartzeko eta giza aniztasunaz ohartzeko aukera ematen baitzien. Epe luzera, merkataritzak ideien zirkulazioari, berrikuntza teknikoari eta lanaren produktibitateari mesede egin zien. Garai modernoa merkatua aldatzearekin batean hasi zen ziur aski. Bigarren mailako trukegune zena gizarte-jardueraren muin bilakatu zen, produkzioaren beraren erregulatzaile. Ekonomiak --ordura arte taldeak sakralizatutako helburu ez-materialek gidatu zutenak-- berezko entitatea lortu zuen, pixkanaka bizitzaren alderdi guztietan bere legea inposatuz, ukitzen zuen guztia manipulatuz eta, azkenik, finkatutako baloreak --are kulturari, tradizioari eta moralari dagozkionak ere-- erosi eta saldu egin daitezkeen balore bihurtuz. Batzuek orduan merkatua bera sakralizatu zuten, lege inpertsonalak dituen botere inpartzialtzat hartuz; lehiaren bitartez, onenak hobetsi eta hain trebeak ez zirenak baztertuko zituen. Baina, begirada sakonago batek erakusten digunez, merkatuak ekonomiaren erregulatzaile eta razionalizatzaile gisa jokatzen badu ere, berdintasunik gabeko harreman-sarea garatzeko joera dauka, eta horren babesean indartsuaren legea nagusitzen zaio elkarrekikotasunari.

Askatasuna eta berdintasunik eza

Izan ere, elkarren aurka dauden bi printzipioren -askatasuna eta berdintasunik eza-bidegurutzean dago merkatua, eta horien artean halamoduzko konpromisoak soilik lor daitezke. Mugarik gabeko askatasunak indartsuen eta ahulen arteko borrokak dakartza eta, azkenik, lehiaz jabetutako egoerak, askatasunaren printzipioa bera ukatzen dutenak. Horrek ekartzen du ekonomia-aktoreak, pixkana pixkana, baztertu eta txirotzea. Behin muga jakin bat gaindituz gero, prozesuak gizarte-loturak hautsi egiten ditu; are gehiago, merkataritza bera eragozten du. Horregatik, merkatuen legea orekatu, kontrolatu eta arautu egin behar dute mugarik gabeko askatasunaren eta neurririk gabeko berdintasunik ezaren arteko orekaren bila dabiltzan botere politikoek. Izan dira mende honetan oreka hori ezartzeko saioak. Oso arrazoi desberdinengatik, ahalegin horietako gehienek porrot egin dute. Hortik sortu dira, azken urteotan, merkatuak liberalizatzeko saioak neurri eta mugarik gabe indartzea eta interbentzionismo politikoaren aldeko tesiak ahultzea. Gauzak horrela, finantzen, teknologiaren eta informazioaren korronteak globalizatzeak mugarik eta inolako egonkortasunik gabeko merkatua sortu dute, ustegabeko bilakaera izan dezakeena eta aurrerapen zein atzera-buelta bortitzak dituena. Merkatu globalizatu horretan, lehiak talde trasnazional handien alde jokatzen du, aberastasun-zona berriak agertzea oztopatu gabe. Eta, gainera, ez da nazioarteko erakunderik ageri, jokabide ekonomiko hori kontrolatzeko; ezta egoera horrek eragin litzakeen ondorengo gatazken aurrean erabaki politiko edo juridikoak hartzeko. Ustelkeriaren fenomenoaren mundializazioa, droga-trafikoaren dirua zuritu eta mafia-sareak elikatzen dituena, egoera horren adierazpen lazgarria dugu, eta horrexek suntsitzen ditu demokraziaren oinarriak eta, aldi berean, erreferentzia-gune erlijiosoak, etnikoak eta nazionalak ahultzen. Beraz, ez da kasualitatea gaur egun, ustelkeria orokortu horren aurrean elkarren aurkako bi joera indartzen ikustea: kontrol demokratikorako mekanismoak sendotzea, alde batetik, eta identitate itxien diktadurara jotzea, bestetik. Begien bistakoa den bezala, merkatuaren bitartez mende-amaierako erronka handi batzuk planteatzen dira. Funtsezko fenomeno horren berri ematean, garrantzi handikoa iruditu zaigu horren bilakaera handiak ez ezik, dituen kontraesan-alderdiak, batez ere, argi eta garbi uztea.


Homo economicus-en sorrera

Merkatua, Denboraren joanean

Homo economicusen sorrera

Noiz agertu zen merkatua? Eredu ekonomiko hori gizarte guztiek berez duten zerbait al da?
ALAIN CAILL¿
Soziologo frantsesa.

Homo economicus deitzen duguna, ekonomiak bere espekulazio teoriko guztien erdian ezartzen duen norbanako berekoi, kalkulatzaile eta razionala, betidanikoa da? Unibertsala al da edo, aitzitik, gizarte-harreman jakin batzuen oraintsuko ondorioa da? Merkataritzaren haritik pentsatzen dugun gauzetan (ondasunen salerosketa), antzinako gizarteek, Marcel Mauss soziologo frantsesaren arabera, dohaintzaren ikuskera zuten (opariak egitea, eskaintzea eta onartzea) eta aliantza edo itunen ikuskera, baita hauen azken arrazoia merkataritza-trukearen funtsean dauden interes material pertsonalak aurkitzen baditugu ere.

Oraintsuko fenomenoa?

Antzinako gizarteen truke-ziklo konplexuetan ( potlach, kula, moka), ondasunen banaketak, hauetaz baliatzeko xedearen ordez, luxua eta prestigioa ditu helburu nagusiak. Xedea ez da hartzea eta metatzea, ahalik eta eskuzabalen eta handien azaltzea baizik. Objektu zenbagarriek ere, toki guztietan gaurko monetaren aitzindariak izan direnak, ez zuten gauza jakin bat erosteko ahalmenik ematen, bizitzako eta heriotzako zorrak ordaintzekoa baizik. Emazteak (eta hauengandik jaiotzen diren haurrak), bizitza alegia, ematen dituztenekin egindako zorra, edo heriotzaren bat eragin zaien familiekiko zorra ordaintzen da. Merkataritza komunitate horien mugetatik kanpo garatzen da, beren taldeko kide ez direnekin (atzerritarrekin) dituzten harremanetan. Egiatan,distantzia handiko merkataritzaren erakusgarriak oso aspaldikoak dira. Historiaurrean jadanik, ondasun batzuk beren jatorrizko tokietatik milaka kilometrotara zebiltzan. Baina ez dago merkataritza hori merkatuaren logikaren arabera antolatuta zegoenik erakusten duen frogarik. Karl Polanyi ekonomista hungariarrarentzat, ez dago derrigorrezko analogiarik merkataritzaren eta teoria ekonomikoan merkatutzat ulertzen denaren artean, ezta azken honen eta herriko edo auzoko azoken artean ere. Babilonian eta antzinako Ekialde Hurbil osoan, merkataritza handia funtzionarioek administratzen eta gidatzen zuten. Nazioarteko prezioak hitzarmen diplomatikoek zehazten zituzten eta ezin ziren eztabaidatu edo tratu bidez aldatu. Oro har, "merkatu tradizionalak" dei genitzakeenetan, prezioak trukeen aurretikoak dira eta merkatu haien bolumenak ez du preziorik aldatzen. Sozialak dira, ohiturak finkatuak; merkatu modernoa, berriz, teoria ekonomikoaren arabera, merkatu autoerregulatua da, prezioek ez dute gizarte-harremanekin loturarik eta eskari-eskaintza erlazioaren ondorio dira. Karl Polanyi-ren iritziz, modernitate ekonomikoaren ezaugarria merkatuaren eta gizarte-harreman orokorren arteko loturarik eza da, hain zuzen ere. Erdi Aroko merkatuek, eta Frantziako Erregimen Zaharreko merkatu askok ere, prezioak zorrotz kontrolatuta izanik, ez dute merkatu autoerregulatuaren antzik. Era berean, Erdi Aroaren amaierako Genova, Amalfi, Venezia edo portu hanseatikoetako merkatu handiek gehiago egiten zuten arrisku-salerosketa merkataritza baino: lortzen zituzten irabaziak batzuetan handiak izaten ziren, baina halere aleatorioak ziren, izandako arriskuaren araberakoak; eta, beraz, eskari-eskaintzaren legearekin loturarik gabekoak. XVI. mendearen bukaeran, laboreen eta metal nagusien nazioarteko merkataritza kontsumoaren ehuneko bata soilik zen. Nekazaririk aberatsenek beren uzten %15etik %20ra bitartean bakarrik merkaturatzen zuten. Oraindik urrun gaude merkatua nagusi duen ekonomiatik.

Ba al da merkaturik, ordea?

Are gehiago: merkatuaren esanetara dauden ekonomietan, prezioak teoria ekonomikoak dioen baino neurri txikiagoan daude eskari-eskaintzaren menpe. Esate baterako, duela hogei bat urte, Frantzian, arrainaren prezioa harrapatutako bolumenaren arabera jartzeak galga handia aurkitzen zuen, arrantzuntziko patroiaren eta arrantzaleen artean, alde batetik, eta haren eta arrain-saltzaileen artean, bestetik, harremanak arautu nahian. Era berean, GATTen (Muga Zergei eta Merkataritzari buruzko Akordio Orokorra) esparruan eginiko negoziazioek argi eta garbi erakusten dutenez, nekazaritza-prezioak oso urrun daude merkatu-prezioak izatetik. Beraz, pentsa genezake ondasunen prezioak, edozein direla ere, ez ote diren kontsiderazio material edo ekonomiko hutsen emaitza baino gehiago, indarren koerlazioaren eta produktugileei (norbanakoak, taldeak, kategoria sozioprofesionalak, nazioak) aitortzen zaien gizarte-balioaren isla hutsa Oraintsu egin diren ikerketa ugarik frogatu dutenez, merkatu konkretuen funtzionamenduak, sare-sistema batean (monopolioak, oligopolioak) oinarritzen denak, ez du zerikusirik berari buruz teoria ekonomikoak dioenarekin; hain hala autore batzuek merkatuaren nozioak berak gaurkotasuna galdu duela uste baitute. Azkenik, gauza jakina da ekonomiarik kapitalistenetan ere askotan jarduera ekonomikoa, merkatuaren eskakizunen menpe baino gehiago, Estatuaren eta administrazioaren arauen menpe dagoela. Merkatuaren garrantzia bigarren mailako delarik ere, are gehiago murrizten da gizarte-bizitzaren alderdirik esanguratsuenak pertsonarteko harremanen eremuan gertatzen diren neurrian, eta ez merkataritzaren, politikaren edo administrazioaren alorrean. Baina harreman horiek gidatzen dituena ez da dirua ez eta legea, dohaintza eta zorra baizik.

Aspaldiko fenomenoa?

Merkatuaren berezkotasun historikoa zalantzan jartzen dutenentzat, bestalde, truke interesatua gerta litekeela, edo gertatzen dela, ohartzen ez den herririk ez dago. Esate baterako, Trobriand uharteetako (Papua) biztanleen arteko truke noble eta zeremoniatsuen ( kula) zikloan, truke baliagarria, hartu eta ematea ( gimwali) sartzen da. Marcel Mauss-en arabera, Ipar Amerikako ipar-mendebaldeko kostaldeko kwakiutl indioen artean trukea ezaguna zen ere, potlatch delakoa egiten bazuten ere, hau da, buruzagiek beren estatusa areagotzeko opariak ematen zituzten zeremonia-festa. Kultura primitiboek oso estimatuak dituzte opariak, eskuzabaltasuna eta interesik eza, baina ez erabilgarritasuna edo kalkulu interesatua ezagutzen ez dituztelako, baizik eta gizarte-kohesioa lortzeko modua delako, hau arriskuan egongo bailitzateke irabazi nahia ez balego emateko praktikaren menpe. Noiz agertu zen, beraz, merkatu autoerregulatua? Karl Polanyi-k The livelihood of man -en (1977) dioenez, merkatu autoerregulatua bazen jadanik K.a. V. mendeko Atenasen. Bestalde, Platonek Errepublikan (II) "hiri osasuntsu" deitzen dion merkatu-ekonomiaz egiten duen deskribapenean, ezbairik gabe merkatuaren barne-logika garai hartan ezaguna zela frogatu digu. Are gehiago: hiru mende lehenago, Txinan, Chi estatuko lehen ministro zen Kuan Chong-ek (730-645) zehazki deskribatzen du eskaintzaren eta eskariaren mekanismoa, eta haren ustez, prezio finkoak ezartzeak, aldiro aldatuta ere, "prezioen mugimendua oztopatuko luke, produkzioa eragotziko eta jarduera ekonomikoa geldotuko". Beraz, esan dezakegu merkatua ez dela inoiz truke ekonomiko hutsetara, gizarte, kultur edo historia-kontsiderazioekin loturarik gabeko harreman inpertsonaletara alegia, mugatzen. Baina, bestalde, gizarte-hierarkien birsortzearen logika gainditzen duen produkzioaren eta kontsumoaren logika agertu zen berehala. Merkatuaren funtsa gizarte-sistema jakin batean logika horrek ondasunen zirkulazioari ematen dion mugimenduan datza. Eredu teorikoa zehatz-mehatz burutu ezin daitekeelakoan merkatuaren nozioari uko egitea, beraz, arrazoibide okerra da. Planteamendu emankorragoa da kasu bakoitzerako merkataritza-ordena, lege-ordena eta dohaintzaren ordena nola elkarlotzen diren zehaztea.

Elkargune politikoa

Badirudi mendetan zehar, mendebaldeko eredua nagusitu arte, giza ekonomiaren ezaugarria bere aniztasuna zela. Munduko zenbait tokitan merkatu autoerregulatuaren forma batzuk agertu ziren, komunikazio-bide naturalek (itsasoak, ibaiak) leku horietara iristea ahalbidetzen zutenean. Baina munduko alderik gehienetan merkatu-mota hori partziala eta zeharkakoa izan zen, eta faktore anitzen menpe egon zen. Eskualde batzuetan, gainera, ekonomia-mota hori erabat ezezaguna izan da oraintsu arte. Aniztasun geografiko honi aldakortasun historikoa gaineratu behar diogu, hau da, fenomenoa mendetan zehar agertzea eta desagertzea. Badaude gure aroko II. mendean Erromako inperioan bazela erakusten duten frogak, baina ondorengo mendeetan erabat desagertu zen. Kuan Chong, K.a. VII. mendean, liberalismo ekonomikoaren lehen teorikotzat har badezakegu ere, Txinako batasun inperialaren ondoren honelako merkatu bat izan zela oso eztabaidagarria da. Europan Erdi Aroa amaitzean ez du merkatu modernoa luxuzko merkataritza handiak bultzatuko, sortzen ari diren Estatu nazionalek banku-jabeekin eta burgesia hasberriarekin duten aliantzak baizik. Estatu-nazioak eta merkatu modernoa aldi berekoak dira. Laburbilduz, merkatu-ekonomia gizarte guztietan potentzian badago ere, birtualki alegia, berau gauzatzea gizarte horietako bakoitzaren faktore batzuen araberakoa da. Faktore horiek politikotzat har ditzakegu, baldin eta horien bidez gizarte bakoitzak, gatazka-egoera batean, bere batasunaren eta berezitasunaren ezaugarriak definitzen dituen modua adierazten bada. Ekonomista liberalen akatsa merkatua borondatearen arabera ezar daitekeela uste izatea da, gizarteen kohesioa edo haustura bultzatzen ez ote duen pentsatu gabe. Jadanik zaharra den Hirugarren Munduko adibideak eta berriagoa den Sobiet Batasun ohiarenak argi eta garbi erakusten digutenez, merkatu-logika bat izanik ere, honek libreki zenbateraino joka ote dezakeen jakitea da gakoa. Eta arazo hori ez da ekonomikoa, politikoa baizik.


Aztekak, Tlatelolco-ren handitasuna eta gainbehera

Merkatua, Denboraren joanean

AZTEKAK, Tlatelolco-ren handitasuna eta gainbehera

Mar¡a Rebeca Yoma Medina eta Luis Alberto Martos L¢pez
Arkeologo mexikarrak dira.

Mexiko zaharrean, tianguiz (nahuatl hizkuntzan ezagutzen zen bezala) edo merkatuari buruz hitz egiteko, Tlatelolco-ko azoka ospetsuari buruz hitz egiteko batez ere, denboran zehar Tenochtitlan hiriaren sorrerara iritsi arte atzera jo behar dugu. Kondairaren arabera, mexikek uharte txiki baten gainean eraiki zuten hiriburua, Texcoco lakuaren erdian, 1325 urtean. Bere kokagune berrian herriak lakuko baliabideak lortzeko abantaila bazuen ere, oinarrizko beste produktu batzuk ere beharrezkoak ziren, hala nola haziak, barazkiak, fruituak eta batez ere eraikuntza-materialak. Hiriak zuen hori eskuratzeko, lakuak eskaintzen zizkien baliabideak ustiatzea erabaki zuten, ondoren lehorrean zeuden herrietako merkatuetan salerosketan jarduteko.

Tlatelolco-ren sorrera

1337 urtean, mexiken adarretako bat ziren tlatelolca delakoek taldetik bereizi eta hiri independente bat sortu zuten, Tlatelolco, Tenochtitlan-etik iparraldera zegoen hondarrezko uharte batean. Hiri berri horretatik lakuko baliabideak ustiatzen jarraitzeaz gain, ibarreko gainontzeko herriekiko merkataritza indartu zuten. Denboraren poderioz, mexikek eta tlatelolcotarrek beren merkatuak ezarri ahal izan zituzten beren hirietan. Tlatelolco-koa izan zen osperik handiena lortu zuena, oso kokagune ona baitzuen uhartean. Gainera, tlatelolcotarrek merkatari apartak zirela erakutsi zuten. Hasiera batean merkatuak biziraupenerako produktuekin soilik funtzionatu zuen, baina gizarteak bere bilakaeran aurrera jo eta ekonomia hazi ahala, luxuzko artikuluen trukea agertu zen, bai eta urrutiko herriekiko merkataritzan espezializatutako erakunde bat ere, Pochtecayotl, Mexikoko erdialdea mayatarren eskualdeekin lotzera iritsi zena. Tlatelolcok, honela, zona berri eta handiagoetara zabaltzen zituen bere merkataritza-sareak. Baina 1473an tlatelolcotarren egoera erabat aldatu zen. Mexikekin guda latz bat izan ondoren, garaituak izan ziren eta haien hiri bikaina Tenochtitlan-go auzo bihurtu zen. Dena den, merkatuaren ospea eta tradizioa hain ziren handiak irabazleek horretan uztea erabaki baitzuten, haren hedapena bultzatuz eta beste menpeko hiri eta eskualdeetako produktu hobe eta anitzagoez hornituz.

Konkistatzaileen lilura

Mexiko konkistatua izan zen garaian, Tlatelolco-ko azoka bere onenean zegoen, eta horregatik utzi zituen harri eta zur espainiarrak; izan ere, Europan feria eta azoka txikiak bazeuden ere, inoiz ez zuten halako tamainarik eta antolamendurik izan. Kronikagileen deskribapenen arabera, Tlatelolco-ko merkatua hiriko zeremonia-barruti handiaren ekialdean zegoen. Zabalune karratu handia zen, aldeko 200 metro zituena, erabat zolatuta eta berdinduta, sotoentzako arkupedun eraikin batek inguratuta. Plazaren erdian momoztli bat zegoen, mailadun piramidea, zeremonia, joko eta ikuskizunetarako erabiltzen zena. Technotitlan-i buruz, eta Tlatelolco-ri buruz bereziki, Hern n Cort¿s-ek hauxe dio: "Hiri honek etengabeko tratua eta salerosketarako plaza ugari ditu. Badago beste enparantza bat, Salamanca hiria halako bikoa, arkupez inguratua, egunero hirurogei mila baino arima gehiago salerosketan aritzeko biltzen dituena." Toki estrategikoan zegoenez, produktuez betetako txalupak iristen ziren La Lagunilla kaiaren aldamenean, azokak zuzeneko komunikazioa zuen lehorrarekin Tepeyac galtzadaren eta Tlacopan galtzadara zihoazen bi kale txikiren bitartez.

Antolamendu ezin hobea

Tlatelolco-ko merkatuan, mexiken botere ekonomikoaren isla izanik, inperioko eskualde guztietako produktu anitz, exotiko eta harrigarrienak aurki zitezkeen. Fruituak, animaliak, sendagaiak, ehunak, larruak, ontziak eta tresnak, erremintak, eraikuntza-materialak, lehengaiak; orokorrean, ez zen ezer falta azokan, baina halaber zerbitzu publiko batzuk ere eskaintzen zituen, hala nola bainuak, jantoki publikoak, ile-apaindegiak, zamaketariak, esklaboen salmenta. Merkataria tlamacaque izenez ezagutzen zuten eta, oro har, produktugilea bera izan ohi zen; beraz, salerosketa bitartekorik gabe egiten zen eta regatoner¡a delakoa, hau da, merke erosi eta ondoren irabazia lortzeko saltzea, ez zen kolonia-garaira arte agertu. Oro har trukea egiten zen, baina baziren moneta gisa erabiltzen ziren produktuak. Ohikoena kakaoa zen, eta horregatik eskualde batzuetan egiten zuten, eta produkzioa gobernuak kontrolatzen zuen. Balio gutxiko ondasunak eskuratzeko, kakaoa aleka kontatzen zen; baina, produktua garestia bazen, xiquipiles izenekoak erabiltzen ziren, 8.000 kakao-aleko boltsak alegia. Beste truke-baliabide garrantzitsu bat mukizapi baten tamainako kotoizko manta bat zen, quachtli izenekoa, eta balio desberdinetako hiru mota zeuden: 65, 80 eta 100 kakao-alekoak. Txalupa batek, adibidez, 100 kakaotako quachtli bat balio zuen; abesten zekien esklabo batek 30 quachtli, eta oso abeslari ona eta dantzaria bazen 40 quachtli edo 4.000 kakao-ale ere balio zitzakeen. Urre-hautsak ere trukerako balio zuen. Lumazko hoditxo batzuetan sartzen zuten eta tutuaren luzeraren eta zabaleraren araberako balioa zuen. Bestalde, balio urriko erosketetarako "T" itxurako kobrezko, eztainuzko edo jadezko pieza txiki eta meheak erabiltzen zituzten, bai eta gaur egun spondylus izenez ezagutzen den maskor-mota berezi gorri bat. Merkataritza ongi finkatutako lege eta arauen araberakoa zen, azokak, Mexikoko beste zenbait erakundek bezala, in qualli, in yectli, hau da, egokitasunaren eta zuzentasunaren printzipioen arabera funtzionatzen baitzuen. Erabat debekatuta zegoen azokatik kanpo saldu edo erostea, eta merkatari bakoitzari leku jakin bat esleitzen zitzaion, saltzen zuen produktuaren arabera. Traturako neurri konbentzionalak zeuden, normalki luzera desberdinetako sokak eta edukiera desberdinetako ontziak. Halaber, artikulu bakoitzaren prezioak finkoak ziren. Merkatariren bat neurriak edo prezioak aldatzen harrapatuz gero gogor zigortzen zuten. Merkataritza kontrolatu eta gatazka oro konpontzeko, azokan bazen epaitegi bat 10 edo 12 epailekoa. Merkatarien eta erosleen segurtasuna bermatzeko eta prezioetan eta neurrietan iruzurrik gerta ez zedin, zaindari ugari ibiltzen zen etengabe plazan batera eta bestera. Mexiko hiri berria sortu zenean, europarrek biztanleak hornitzeko bi azoka eraiki zituzten, baina ez zuten Tlatelolco-koaren neurria ez eta aniztasuna lortu. Espainiarren konkistarekin batera, Tlatelolco-ko azoka desagertu egin zen.

Konkistatzailearen harridura
Bernal D¡az del Castillo
Historia verdadera de la conquista de la Nueva España, (1632). Ed. Porr£a, Mexiko, 1980. "Sepan cuantos" bilduma, 5. zk., 171-172 orr.

"Has gaitezen urre eta zilar eta harribitxi, eta manta eta landutako ondasun eta gizonezko eta emakumezko esklaboen merkatarietatik...Gero baziren jantzi latzagoak, kotoia eta harizko gauzak saltzen zituztenak, eta kakao-saltzaileak, eta honela Espainia Berria osoan aurki zitekeen ondasun oro ikus zitekeen, feriak egiten diren Medina del Campo nire herrian ezartzen diren modu berean ezarrita, kale bakoitzean dagokion merkagaia saltzen delarik. Horrelaxe zeuden plaza handi hartan, nequenezko mantak eta sokak eta cotarak (hemen erabiltzen dituzten zapatak, nequenez eginak halaber), landare bereko sustraiak, egosi ondoren oso gozoak direnak eta zuhaitz beretik ateratzen zituzten beste zenbait gauza, dena plazaren alderdi jakin batean zegoen. Baziren, beste leku batean, tigre, lehoi eta igaraba-larruak, eta otso eta ahuntzenak eta beste zenbait animaliarenak, azkonarrenak eta mendi-katuenak, batzuk adobatuta eta beste batzuk prestatu gabe, eta beste zenbait gauza. Aurrerago, babarrunak, chia eta beste egoskari eta belarrak saltzen zituztenek beste leku bat zuten. Oiloak, indioilarrak, untxiak, erbiak, ahuntzak, ahateak eta txakur txikiak eta antzeko gauzak saltzen zituztenek ere beren lekua zuten plazan. Bai eta fruituak, gauza egosiak, irin eta eztizko opilak eta tripakiak saltzen zituzten emakumeek ere. Gero mota guztietako zeramika ikus zitekeen, ontzi handietatik hasi eta pitxar txikietaraino, beren tokian ezarrita, bai eta eztia, ezti egosia eta intxaurrez egindako gozokiak ere. Zura, taulak, sehaskak eta aulkiak saltzen zituzten txokoak. Egurra, ocotea eta antzekoak saltzeko tokia. (...) Baina zergatik ematen ditut hainbeste xehetasun plaza handi hartan saltzen zituzten gauza guztiez, ez baitut inoiz bukatuko. Aipatu behar ditut, ordea, papera, herri honetan amal esaten diotena, eta likidanbar eta tabakoz betetako tutu usaintsu batzuk, eta ukendu hori batzuk, eta antzeko beste zenbait gauza, lokal berean batera saltzen zirenak. Arkupetan kotxinila ere salgai zegoen, eta belarren eta antzekoen saltzaile ugari ikus zitekeen_ Ahaztuta nengoen gatzaz, eta sukarriez egindako labanez, jendaurrean ateratzen baitzituzten harritik. Halaber, baziren arrain-saltzaileak eta laku handi hartatik ateratzen zuten goroldio moduko batez egindako opiltxoak saltzen zituztenak, gatzatu eta gaztaren antzeko gustua duen ogi antzekoa egiteko. Era berean, letoizko, kobrezko eta eztainuzko aizkorak, kikarak eta zurezko pitxar batzuk, oso koloreztatuak, saltzen zituzten. Han saltzen zituzten gauza guztiak aipatzea ezinezkoa izango litzateke, ugariaren ugariz. Gainera, arkupez inguratutako enparantza handi hartan hainbeste jende ibiltzen zenez, bi egunetan ere ezin zitekeen dena ikusi."


Konkistatzailearen harridura


Veneziako merkatariak

Merkatua, Denboraren joanean

Veneziako merkatariak

DONATELLA CALABI
Italiarra, hiri-historiako irakaslea da.

XII. mendeaz geroztik, Veneziako aintziraren erdian, Kanal Handia izango zenaren ezkerraldean, Rialto-ko merkataritza-zona garatzen hasi zen, lurra garaiagoa zelako uholdeetatik salbu geratzen zen tokian. Hiru mende beranduago Rialto Veneziako Errepublikaren finantza-jardueraren gunea zen. Hiri-bilbe trinkoan Estatuko zerbitzu askok zuen egoitza eta erloju publiko batek diruaren eta negozioen denbora neurtzen zuen. 1514ko urtarrilaren 10eko gauean, suak Rialto-ko zati handi bat suntsitu zuen. Merkagaiez betetako egurrezko biltegiak bata bestearen ondoren kiskali ziren, aberastasun publiko eta pribatutan sekulako galerak izanik. Auzoa berreraikitzeko hogei bat urte behar izan ziren. 1550 inguruan, Rialtok portu-zonetako ezaugarriak hartu zituen. Pixkanaka, merkataritza, dendak, administrazio-egoitzak eta bankuak Veneziako zaharrena omen den San Giacomo elizaren eta ondoko enparantzaren inguruan konzentratu ziren Egurrezko zubiaren ondoan, Kanal Handia zeharkatzen duen lehen eraikinaren ondoan alegia, bulego ugari pilatzen zen. Balantza publikoaren aurrean zergak ordaintzean iruzur egin zutenak edo jabegoaren aurka jokatu zutenak giltzapetzeko ziegak zeuden. Ardoz, olioz, burdinez, gatzez edo irinez beteta zetozen gabarrak ainguratzen ziren Riva del Vin -en eta Riva del Ferro -n (Ardoaren eta Burdinaren Kaiak). Lur Aduana, Ardoaren Bulegoa eta beste zenbait merkagaien tasazio-bulego zegoen. Gehienetan gelaska ilun batzuk besterik ez ziren, baina ibai-trafikoa kontrolatzeko leku ezin hobean kokatuta zeuden. Handik hurbil irin-biltegia, XIII. mendean sortua eta partikularrek kudeatua, baina Estatuaren kontrolpean. Bazen aterpe txiki bat olo eta zereal-zakuak babespean lehorreratzeko. Zubiaren luzapena den Ruga degli Orefici -n (urreginen kalea), bitxigileen tailerren ondoan, oihal-dendak zeuden elkarren ondoan Drapperia (Oihaltegia) eraikin luzean. Toscana-ko oihalginek beren dendak eraikin horren atzean zabaltzen zituzten, Rialto Nuovo enparantzan. Zerbitzu publikoek, era berean, egoitza zubiaren oinean zuten. Aterpe ireki batean, nobleek eta merkatariek beren tratuak egiten zituzten, eta funtzionarioek ontzien joan-etorriak eta merkagaien salmentak kontrolatzen. Aldameneko eraikin batean, Camerlenghi di Comun Estatuaren fondoez arduratzen ziren magistratuek ziharduten. San Giacomo elizarako sarbidea den ataripe zaharra merkataritza-uhartearen bidegurutzea da, eta nazioarteko kontratuak negoziatzen ziren tokia. Diru-trukatzaileen bulegoak, eta beranduago kontratuak idazten zituztenenak ere, behe-solairuan zeuden. Goiko estaietan, gangaz estalitako aretoek gordailuak eta Provveditori izenez ezagutzen ziren ikuskari publikoen egoitzak hartzen zituzten beren baitan. Alboko kaleetako batean, notarioen bulegoetako burdinsareez inguratuta, Itsas Aseguruen egoitza zegoen, eta larru-ontzaileak haruntzago. Ondoko kaleetan gazta, otarrak eta sokak saltzeko dendak . Kanal Handian pilote gainean eraikitako zona zabal batean, azoka espezializatuak ezarri ziren: Erbaria (Belartegia) eta Fruttaria (Fruitutegia); halaber, nobleziarentzat gordetako kaia. Usain txarrak bizilagunengana hel ez zitezen, Pescheria (Arraindegia) San Giacomo plazatik urrun ezarri zen. Rialto-ko gainerakoan zenbait etxebizitza, biltegi eta denda, merkatari atzerritar ugari izaten ziren tabernae delakoak eta prostitutak lanean aritzeko ostatuak zeuden. Badira oraindik zenbait gauza Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko merkataritza-gune honek izan zuen garrantzia erakusten digutenak. Zubiaren oinean dagoen Stagiera pubblica (Balantza publikoa) eta Errepublikako dekretuak irakurtzen ziren granito arrosazko zutoina, Pietra del Bandok beren funtzioa betetzen jarraitzen dute. Scarpagnino deitua zen Antonio Abbondi arkitektoa arduratu zen 1514ko sutearen ondoren auzoa berreraikitzeaz. Rialto-ri itxura homogeneo eta irekiagoa ematea erabaki zuen; hala erakusten dute lehen merkataritza, nabigazio eta hornikuntzako superintendentzien egoitza ziren Fabbriche Vecchie delakoek. Arkitektura eta hirigintza-uniformetasun handiago hori XVI. mendean Sansovinok diseinatutako Fabbriche Nuove delakoez osatu zen. Kanal Handiaren bihurguneari jarraitzen dion eraikin luze horrek merkataritza-arloak gehiago bereizten duten ibilbide eta espazio berriak definitu zituen. Rialto-ko merkataritza-gunea hiriari 1587 urtean lotu zitzaion erabat, egurrezko zubi zaharra harriz berreraikitzea erabaki zutenean.


Brasil, Merkatu kontrolatua

Merkatua, Denboraren joanean

BRASIL, Merkatu kontrolatua

MARIE-FRANCE GARCIA-PARPET
Antropologo frantsesa da.

Plantazioen sisteman, jabea askotan merkatuaz baliatu zen bere boterea areagotzeko. Brasilgo ipar-ekialdeko azukre-eskualdean, plantazioetan bertan merkatu ugari sortu zen. Sar gaitezen horietako batean, Pernambuco estatuko Serro Azul izenekoan. 1938an sortu zen, errefinazio-teknika modernoak zirela medio plantazioa asko zabaldu zenean alegia. Horrek eragin zituen aldaketek ordura arte kanaberadiak zuzenean gainbegiratzen zituen jabea azukre-kanabera lantzen duen moradorearengandik fisikoki urrundu zuten. Plantazioko eremu desberdinak zuzentzen zituzten administratzaileak boterearen bitartekari bilakatu ziren orduan. Merkatu hau sortuz, ugazabak, plantazioaren espazio zabalago eta konplexuagoan, antzinako lurrin-errotaren unibertso hertsia birsortu nahi izan zuen. Merkatua plantazioko kideak bildu eta gizarte-bizitza antolatzeko tokia izango da, kapera, zinea edo eskola bezalaxe. Non dago kokatua? Birfindegiaren inguruan sortutako aglomerazioan, eta fabrika bera ere kanabera lantzeko lursail itzelezko baten erdian --14.000 hektarea-- bakartua dago, hiririk hurbilenera (Palmares, 25 bat kilometrotara) garraiobiderik ez duelarik. Aglomerazioak plantazioko bizitoki desberdinak biltzen ditu: jabearen etxe handi eta dotorea - casa grande -, errefinategiko administrarien eta enplegatuen etxebizitza erosoak eta, bestalde, langileen eta moradore batzuen (gehienak kanaberadietan sakabanatuta bizi dira) bizileku xume eta zarpailak. Azoka larunbat arratsaldean eta igande goizean antolatzen da. Itxuraz hiri bateko edozein azoka bezalakoa da. Janarien eta bestelakoen aniztasun berbera (frutak, barazkiak, haragia, manioka-irina, jantziak, mahai-zapiak eta oheko arropa) eta espazioa hemen ere sektoreka dago banatua. Begi zoli bat soilik ohartuko da aziendarik eta karga-abererik ezaz, horiek produktugile libre txikien pribilegioa baitira.

Azoka desberdina

Saltzaileak kanpotik etor daitezke, baina gehienak plantaziokoak dira: moradoreak, birfindefiko langileak, enplegatuen eta langileen emazteak. Saltzaile bakoitzari jabeak edo honen ordezkariak leku bat esleitzen diote, baina erabaki hori edozein unetan alda daiteke. Postu batengatik hiri-zerga bat ordaintzen den hirietan ez bezala, hemen esleipena jabearen nahi hutsaren araberakoa da. Moradoreak eskainitako zerbitzuen saria da, produktu batzuk lantzeko lursail bat ematen den bezalatsukoa. Erosleak inguruko eremuetako moradoreak, birfindegiko langileak, enplegatuen emazteak dira. Plantaziotik kanpo bizi denari ez litzaioke bururatuko erosketak Serro Azul-en egitea. Hiriko dendekin alderatuta lehiakortasun eskasekoa, jabearen nagusitasuna ezaugarritzat duen gizarte-gunea da. Plantazioko langileek, oro har, Serro Azul-eko azokara joan behar izaten dute derrigorrez, baina administrazioko enplegatuek hirira ohiko dendetara joateko astirik ez dutenean bakarrik erosten dute hemen. "Behartuta gaude Serro Azul-en erostera, ezin dugu besterik egin, baina hau ez da azoka bat, hau barracao da, plantazioko denda, eta han harrapatuta gaude". Azukre-kanaberako eremuetako langileentzat (zorrik handienak dituztenek ez dute hona ere sartzeko eskubiderik) eta birfindegiko beharginentzat, azoka jabearekiko menpekotasunaren adierazpena da. Merkatuan zaldiz ibiltzen diren plantazioko administratzaileek moradoreei zaldi gainetik hitz egiten diete. Ugazabaren eta bere familiaren presentzia "naturala" da, etxea oso hurbil baitute. Inguruetako nekazariek ez bezala, moradoreek eta langileek salerosketari plantazioko beren lanak uzten dizkien ordu "libreak" (ugazabaren esku dago hauek kentzea ere) bakarrik eskain diezaiokete.

Kontrolpeko gunea

Kanpotik datozen saltzaileak ferietako salerosleak eta plantazioan sasoikako langile gisa ibilitako produktugile txikiak dira. Alboko eskualde batekoak dira jatorriz eta oso lur gutxiren jabe; horrela osatzen dituzte irabaziak. Ugazabak begi onez ikusten ditu: uztaro batez birfindegiko egoitzetan bizi izan dira eta badakite plantazio handi bateko arauak zein diren. Denek ezagutzen dute eta azokan agurtzen nagusia. Azokaren administrazioa Palmares-eko komunari dagokio, baina ugazaba da eraiki arazi duena eta salerosketen eguna eta tokia finkatu dituena. Eta berak arautzen du produktuen banaketa: barracaoan saltzen diren haragia, arrain lehorra, olioa eta kafea ezin dituzte kanpoko saltzaileek eskaini. Azokako superintendentea, udalaren izenean produktuen erakusketaren gaineko zerga biltzen duena, udal funtzionarioa da, baina bai eta ugazabaren konfidantzazko gizona ere. Azken honek horrela azoka guztia kontrolatzen du bertan fisikoki egon beharrik gabe. Bere lurretan erosketak egiteko aukera emanez, plantazioko merkataritza eta gizarte-bizitza nolabaiteko kontrolpean eduki ditzake. Urrutitik, moradoreen aurrekontu pertsonalean esku hartu, kanpoko munduarekin dituzten harremanak kontrolatu, eta gehiegizko alkohol-kontsumoa eta borrokak galeraz ditzake. Horrela langileekiko loturak sendotu egiten ditu, eta aldi berean bere boterea indartu. Baina plantazioan azoka bat izateak ez dio moradoreari ez eta langileari ere ugazabaren aurrean autonomiarik txikiena ere lortzeko aukerarik ematen, eta merkatuko aktoreen artean harreman simetrikoak eta horizontalak ezar daitezen eragozten du. Sortzen duen gizarte-lotura komunitateaganako eskuzabaltasuna bailitzan agertzen da, eta horri esker ugazabaren zelatapean egongo da beti. Azoka, zehazki, ugazabaren agintearen menpe ez badago ere, plantazioko kideak bera nagusi den gune batean biltzeko moduan antolatuta dago; gainera, langileen horizonte mentala hertsatzen du, mundutik aldenduz eta isolatuz. Ez du horretarako araudirik eman beharrik; ezta plantazioaren inguruan horma bat eraikitzeko beharrik ere. Horrelakoxea izan zen egoera plantazioko praktika tradizionalak desagertu ziren arte. Inkesta hau egin genuen garaian, 70eko hamarkadan, Serro Azul-eko merkatua erakarpena galtzen ari zen. Moradore asko beren kasa lanean hasi eta hirian bizi dira orain, eta hiriko merkatuetan erosten dute. Abantaila ekonomikoez gain, aldaketa horrek mota guztietako jendearekin harremanetan jartzeko, unibertso hertsi batetik irteteko eta, adibidez, sindikatuak ezagutzeko aukera eman die. Komunitate-bizitzaren erakargune guztiak plantaziotik kanpora atera dira. Ugazabaren eta moradorearen arteko trukeak, direla materialak edo bestelakoak (lana, laguntza medikoa, babesa) jadanik elkarri egindako dohaintza ez direnez eta sindikatuen eraginez balio objektiboa dutenez, jabeek pixkanaka langileekiko betebeharrez arduratzeari utzi diote. Serro Azul-etik ikas dezakeguna hauxe da: merkatuaren nozioa ez datorrela beti bat askatasunarekin.


Afrika, Mugakideen arteko harremanak

Merkatua, Denboraren joanean

AFRIKA, Mugakideen arteko harremanak

Txad lakuaren arroan, merkataritzak ez ditu mugak aintzakotzat hartzen.
ALIX SERVAIS AFOUDA
Beningoa, agroekonomista eta geografoa da.

Saharako basamortuaren, Gineako golkoko eskualde oihantsuen eta Erdi Afrikako goi-lautadaren artean kokatua Txad lakuko arroa, merkataritza-bide anitzen bidegurutzean, eta kolonia-garaia baino lehenagotik ere Sahara zeharkatzen zuen merkataritzaren ardatz nagusienetako bat zen Kolonizazioak ekarri zuen Estatu-nazioen sorrerak eta independentzia-prozesuak merkataritza mugetara bildu zuten. Mugan zeuden hiriak eta azokak eskualdeen arteko salerosketak antolatzeko administrazioaren eta merkataritzaren gune nagusi bilakatu ziren. Merkatariak, karabanen garaiaz geroztik eta talde etniko bakoitzaren araudien arabera, pixkanaka eskualdeko hiri nagusietan eta Estatuen mugetan zehar finkatu ziren, baina jatorrizko komunitateekiko (hausa, kanuri, fulani, shewa-arabiarrak besteak beste) loturak hautsi gabe. Funtsean bertako nekazaritza-produktuak (artatxikia, basartoa, arroza, tuberkuluak), zereal inportatuak (arroza, galirina), azienda (behiak, ardiak eta ahuntzak) eta bertako nahiz nazioarteko produktu manufakturatuak saldu eta erosten dituzte. Jarduera estatuaz gaindikoa izateak merkatariak bitartekariekin (diru-trukatzaile, artekari, gidari, garraiolari...) eta botere publikoekin harremanetan jartzera behartzen ditu. Baina salerosketen adar anitzak, bi Estatuen artean kokatuta dauden merkataritzaguneen anbibalentziak, eta ustelkeria eta kontrabandoa bezalako praktikek Estatuen kontroletik at dauden merkataritza-zirkuituak bultzatzen dituzte.

Orekak eta desorekak

Merkataritza-zirkuituen artean bi mota bereiz ditzakegu. Zirkuitu laburra eskualdeko hirien eta aldizkako merkatuen inguruan egiten den merkataritzan dagozkio, eta bertako nekazaritza-produktuetan oinarritzen da. Muga baten bi aldeetan bizi diren populazioak bere barnean har ditzake. Zirkuitu luzeak Estatuez gaindiko merkataritzaren araberakoak dira nagusiki eta Nigeria, Kamerun, Niger eta Txad-eko beste zona batzuetara hedatzen dira. Bertako nahiz kanpotik inportaturiko produktu nekazaritzako eta manufakturatuak salerosten dira. Lau herrialde horien arteko salerosketen bolumena eta nolakotasuna hiru faktore nagusiren araberakoa da: ú Desberdintasun ekologikoek eragindako beharrak osatzea. Niger-ek eta Txad-ek nekazaritza-produktuak (artatxikia, basartoa, tuberkuluak, kola) erosten dizkiote Nigeriari eta Kameruni eta, trukean, abelazkuntzako produktuak eta hauen deribatuak (abereak, larrua), arraina eta natroia saltzen dute. ú Herrialde bakoitzaren egoera ekonomikoa. Txad-eko arroako beste herrialdeen ondoan, Nigeria erraldoi ekonomikoa da. Ondoren Kamerun dator, eta gero Niger eta Txad, itsasorako biderik ez duten herrialde saheliar horiek garapenerako baliabide urriak dituzte. Nigeriaren nagusitasun ekonomikoa argi eta garbi islatzen da duen industri aniztasunean, produkzio masiboan eta esportaziotik jasotako diru-sarrera nazionalen %95 ematen dion petrolio-ustiapenean. ú Desberdintasun politiko nazionalak. Horiek nagusiki nekazaritza-politikari, kanpo-merkataritza arautzeari eta eskualdean bi moneta (Nigeriako naira, bihurtezina, eta CFA frankoa, Frantziako Bankuak bermatutako bihurgarritasuna duena) erabiltzeari dagozkionak dira. Oro har, eta iruzurrak Estatu horiei guztiei ekartzen dizkien galerak kontuan hartu gabe, Txad-eko arroan eskualdeko eta mugaz gaindiko merkataritza indartzeak nekazaritza, truke-merkatu paraleloa, garraioa, artisautzak eta zerbitzuak hedatzea bultzatu dituela esan dezakegu. Nekazaritzaren eremuan soilik, zona batzuei beren nekazaritza-soberakinei irteera emateko modua eta beste batzuei elikagaien defizita murrizteko aukera eskainiz, truke horiek eskualdeko elikadura ziurtatzeko faktore bilakatu direla aitortu behar da. Segurtasuneko stock-ak merkataritza-zirkuitu desberdinen bitartez arautzeak, muga nazionalen trazaketen gainetik, eskualdeko ekonomia oso integratuta dagoela erakusten digu. Txad-eko arroa azpi-eskualdeko merkataritza baten bidegurutzea da, aldi berean Nigeria, Kamerun, Niger eta Txad eta Erdi Afrikako Errepublika bezalako beste herrialde batzuk hornitzen dituena. Merkataritza-dinamismoa hain indartsua izanik, benetako integrazioa lortu dute bertako populazioek, Estatuen borondate politikotik at.


Frantzia, Ostirala Carpentras-en

Merkatua, Denboraren joanean

FRANTZIA, Ostirala Carpentras-en

Frantziako hiri bateko azoka-eguna, antropologo baten ikuspegitik.
MICHÔLE DE LA PRADELLE
Etnologo frantsesa da.

Carpentras Frantziako hego-ekialdeko hiri galiar-erromatarra da. Garai batean harresiz inguratua, plaza txiki eder eta kaleska bihurriz beteta dago. Ostiraletan, goizeko zazpietan, azoka ezartzen da hiri erdian. Egun horretan, eskualdeko 350 ferietako salerosleekin batera, merkagaiak galtzadan eskaintzen dituzten saltzaile sedentarioak izaten dira. Ibilgailuen zirkulazioa debekatuta dago eta jendetza handia pilatzen da postuen aurrean: elikagai ugari, usain nahasiak, kolore anitz, merkatarien zalaparta. Baina jendea ez dator erosketak egitera arrazoi ekonomiko hutsengatik: prezioak ez dira supermerkatuetan baino merkeagoak eta produktuak ia berberak dira. Azokara giroagatik joaten da: paseatzeko eta jendea aurkitzeko. Hiriko iparraldeko magrebiarrak eta bertako burgesia dabiltza merkatuan, landako jendea eta, udan, inguruetan etxeak dituzten paristarrak eta turistak. Han-hemenka dabiltzala, bisitariak azokaren aitzakiarik gabe inoiz sartuko ez liratekeen auzoetan barneratzen dira. Azokak, merkataritzaren inguruan, ordu batzuez harremanetan jartzen ditu normalean elkarren artean komunikaziorik ez duten eta, gainera, dena desberdina duten (bizitokia, jokabideak, kultur erreferentziak) gizataldeak. Saltzaileak funtsezko zeregina du kontaktu horiek bideratzeko. Saltzailearen jarrerak tratua jazoera kolektibo bihurtzen du. Ezinezkoa da inor ohartu gabe erostea: ozen errepikatzen du saltzaileak zer eskatzen duen, merkagaia goraipatzen du; eta bezeroaren eta saltzailearen arteko aldebiko harremana hautsi egiten da, edonork parte har dezakeen eztabaida sortuz. Bezeroek pozik hartzen dute parte nahas-mahas horretan. Saltxitxa-saltzailearen kamioiaren inguruan, arrain-saltzailearen postuan nahiz alde batetik bestera dabiltzanen erdian, ustegabeko topaketak izaten dira; "merkatu-harremanak" dituzu, eguneroko bizitza pribatuan edo profesionalean izaten ez diren bezalakoak. Edozein aitzakia da ona elkarrizketarako: eguraldia, denboraren joana, euririk eza, goizegi agertzen den erreuma edo alkatxofen kalitatea. Horrelakoetan, hitza bera da helburua. Elkarrizketari hasiera emateko balio izan duten garrantzirik gabeko gaien haritik, laster sasi-konfidentziak egiten dira, duela bost minutu ezagututako norbait adiskide zaharra bailitzan hartuz. Elkarrizketa eremu komun bateko orokortasunetara mugatzen da berez, benetako egoerak saihesten dituenetara, hauek ,solaskidearenekin alderatuta, oso desberdinak baitira: haurren heziketa, lorategia, etxea, etxeko lanak_

Nortasunaren bila

Soziabilitate hori aldi berean komunitateko kide izatearen ondorio eta agerpena da. Carpentras-en azokara joatea nortasun kolektiboari eustea da. Azoka hiriko instituzioa baita. Han barbarinak eta olibak erostea nork bere buruari eta besteei herrikoa izatearen froga ematea da --benetan hala dela edo hala izan nahi duela erakustea, "norbait" izateko gaur egun Frantzian nonbaitekoa izan behar baita. Aipamen txiki bat edo beste -"Beti saltzen al dituzu petite caillette hauek?- eginez gero, ohiko bezerotzat hartuko zaitu saltxitxa-saltzaileak, adibidez. Azokak, era berean, eskualdean etxe-jabe diren paristarrei herriarekin harremanak estutzeko aukera ematen die. Soziabilitate hori oso lotuta dago tokiaren izaera historikoarekin: azoka betidanik egin izan da egun berean eta leku berean. Ahuntz-gaztak eta lokarriak Jauregiaren Plazan (XIV. mendeko Avignon-eko aita sainduen egoitza zaharra) eroste hutsak dimentsio sinbolikoa dauka, beraz. Baina Carpentras-eko azokak gaur egun kutsu tradizionala badu, artifizialki eragindakoa da nolabait: patatak lurrez beteta daude eta azenarioek hostoak dituzte, saltzaileak goizean baratzetik bere eskuz atera izan balitu bezala.

Garai zaharrak gogoan

Baina ez dira bezeroak eta saltzaileak azokari beste garai bateko itxura eman nahi dioten bakarrak: udalak berak, aipamen historiko ugari eginez, antzinako merkatuko giroa birsortu nahi du. Produktuak azokan handizka ere saltzen ziren garaian bezala sailkatzen ditu, eskualdeko artisautza eta nekazaritza-produktuak negoziatzen ziren zona espezializatu txikietan banatuta (garien azoka, baratzuriena, marugatze-hostoena_). Funtzio zahar honen aztarna bakarra daukagu gaur egun: boilurren azoka ospetsua, Frantziako garrantzitsuena. Aparte ezartzen da, adituen artean, eta boilurraren profesionalak biltzen ditu: alde batetik, artekariak eta kontserbagileak eta, bestetik, tarteka baina gogo beroz, inguruko mendisketan zakurrarekin boilur bila ibiltzen diren nekazariak. Zeremonia moduko bat da, ia ezkutukoa, inoiz ikuskizun bilakatzerik nahi ez dena eta Carpentras-eko azokari benetakotasun-ukitu bat ematen diona. Astean ordu batzuez bada ere, bezeroa Provenza zaharreko azoka tipiko batean erosketak egiten dituen bertako senti daiteke. Identitate partekatu horren izenean, eta anonimatuaren babesean, guztiekiko adiskidetasun alai bezain itxurazkoa erakuts daiteke, eta horrek Aristotelek polisaren hasieran philia ezartzen zuelakoa ekartzen digu gogora. Eta nahiz eta bakoitza zeregin pribatu batera joan hara, hiria espazio komun gisa erabiltzen da


Errusia, Berrikuntzaren nekeak

Merkatua, Denboraren joanean

ERRUSIA, Berrikuntzaren nekeak

Aldakuntza ekonomikoen aurrean Errusiarren iritzia zatitua dago.
YURI LEVADA
Ekonomista eta soziologo errusiarra da.

Sobiet Batasuneko ekonomia planifikatuaren sistemak porrot egin ondoren, egoera ekonomiko zail batean hasitako erreformek oso harrera desberdina izan zuten jendearen artean. Asko hondamendi ekonomikoaren eta jendearen erreakzio bortitzaren beldur ziren: inkesten arabera, jendeak etorkizunaren aurrean zuen estuasuna goreneko mailara iritsi zen 1992 urtearen hasieran. Aldi berean, beste askoren ustez, ekonomiaren pribatizazioa erraz egingo zen eta herrialdearen garapen azkarra bultzatuko zuen horrek. Sobietar gehienek ezer gutxi zekiten merkatuaren mekanismo, finantza-egitura, jabegoaren eskubide, aurrezki-sistema, eta abarrei buruz. Bestalde, egoera politikoak eta botereko indar-koerlazioak erreformak aurreikusi bezala egitea eragozten zuten. Aldaketak mantsoegi egiten ziren eta inolako plangintzarik gabe, eta horrek ondorio latzak izan zituen herritarrik gehienentzat. Urte batzuek igaro behar izan zuten merkatu-ekonomiaren aurrean hasiera batean erakutsitako itxaropenak eta etsipenak iritzi zuhurragoei eta baldintza berrietara egokitzeko benetako borondateari leku egin ziezaieten.

Gizarte zatitua

Zer erizten dio jendeak azken urteotan merkatu-ekonomiarantz erreformak egiten jarraitu beharrari? Taulak erakusten duenez (28.or.), ia herritarren erdiak ez du iritzi jakinik, erreformen egokitasunari buruz. Aldeko iritzi gehienak sektorerik gazte eta ikasienek eta hiri handietako biztanleek ematen dituzte. Izan ere, populazio-multzo horiei aldaketek beren ekimenak aurrera eramateko aukera handiagoa eman diete eta, beraz, konfidantza handiagoa dute berrikuntzen arrakastan. Erreformen aurka tinko ageri direnak 55 urtetik gorakoak, jubilatuak eta herrietako biztanleak dira, hau da, merkatu-ekonomiara igarotzeak mesede ordez kalte egin dien sektoreak. Aberatsenek, negozio-gizon berriek eta enpresariek batez ere, iritzi ona dute noski merkatu-ekonomiaz. Diru-sarrera handienak dituztenen artean, %48 erreformei jarraipena ematearen aldekoa da eta %17 aurkakoa; irabazi apalagoak dituztenen artean, berriz, %20 bakarrik da erreformen aldekoa eta %35 aurkakoa. Dena den, goi-mailako heziketa izan duten gehienek eta espezialistek nahiago dute aldaketa-prozesuak jarrai dezan, nahiz eta horietako askok lehen baino bizimodu txarragoa izan eta goi-mailako irakaskuntzan, zientzietan eta industria-ikerketaren sektoreak krisiak jota egon. Halere, etorkizunean aldaketa ekonomikoa onerako izango delakoan daude.

Zenbateraino da bidezko pribatizazioa?

1996 urtean egindako inkesta batzuen arabera (9.600 pertsona itaunduak), populazioaren %42rentzat "zuzenagoa" da Estatuaren plangintzan eta banaketan oinarritutako sistema; %37, berriz, jabego pribatuan eta merkatu-erlazioetan oinarritutako sistemaren aldekoa da. Gainerakoek ez dute iritzirik agertu. Adineko pertsonen iritzia da balantza sistema planifikatuaren aldera makurtu duena. Gaur egun Errusiako herritarren %26k uste du biztanle gehienak aldaketetara jadanik moldatu direla; %29ren iritziz, laster egokitzeko moduan egongo dira, eta %32ren ustea da inoiz ez dela halakorik lortuko; gainerako %13k ez zuen behin-betiko erantzunik eman. Batez ere talderik gazteenak eta aktiboenak eta ikasketa-mailarik jasoena dutenak egokituko dira ondoen baldintza berrietara. Ohiko bizimodua nekez aldatzen dutenak dira aldaketak gutxien onartzen dituztenak. Errusiako hiri txiki eta herrietako biztanleak dira bereziki, herrialde osoko ia bi herenak alegia. Nekazaritza-sektorea gaurkotzeak inbertsio eskergak eskatzen ditu, eta gaur egun inor ez dago horrelakorik egiteko moduan. Merkatu-ekonomiara zuzendutako erreformak, hortaz, arazo handien artean egiten dira, ez ditu onetsi nekazaritza-inguruneetako populazioak eta horien aurka daude. Horregatik, demokratek eta erreformazaleek lege-estatutua eman nahi dioten lurraren jabego pribatua hirietako biztanleek defendatzen dute, baina nekazari gehienek gaitzesten. Enpresa, banku eta beste zenbaiten pribatizazioari dagokionez, populazioaren gehiengoak fenomeno normaltzat dauka. Aberastasun handien aurkako ezinikusia ez dago duela zenbait urte bezain zabaldua. Dena den, gehiengoaren iritziz, enpresarik garrantzitsuenek edo energiaren monopolioak Estatuaren esku egon beharko lukete. Erresuminik handiena lurraren eta enpresa handien jabe izateko atzerritarrek duten eskubideak sortzen du. Asko oraindik ere beldur dira kanpoko kapitalak herrialdeko aberastasunak bereganatuko ote dituen. Egia da errusiarrek merkatu-ekonomiarekin duten erlazioa ez dela inkestek erakusten dituzten iritzi subjektibo eta jarreretara mugatzen. Egoera ekonomiko berri baterako trantsizio bukatu gabe baina erreal honetan bizi diren guztiek etengabe definitu eta baloratu behar dute beren posizioa. Ikus ditzagun egoera konplexu honen ezaugarri nagusiak.

Trantsizioa aurrera

Errusian, populazio aktiboaren heren batek gutxi gorabehera sektore pribatuan dihardu, eta seiren batek Estatuarenak diren akzio bidezko enpresetan. Baina erakunde eta enpresa publikoetan lan egiten duen populazio aktiboaren %50 ere neurri handi batean jadanik merkatu-ekonomiaren ingurunean bizi da, eta honen arauak hartu behar ditu kontuan. Merkatu-ekonomiak banaketa planifikatuaren sistemen ezaugarri saihestezina zen kontsumo-ondasunen eskasiaren amaiera ekarri du ia toki guztietan. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, populazioa gehien kezkatzen zuten arazoen artean, garrantzitsuena premiazko produktuen eskasia zen; gaur egun, berriz, portzentaia txiki batek bakarrik (2.400 elkarrizketatuen artetik %7k) aipatzen du eskasia hori, eta zerrendaren azken lekuetan ageri da. Orain arazo larrienak "merkatu-ekonomiarako trantsizioaren" ondorio diren fenomenoak dira, hala nola, prezioen igoera (%68), kriminalitatea (%59), langabezia (%55) eta produkzioaren beherakada (%55). Populazioaren %60 inguruk gaur egun duela bost urte baino okerrago bizi dela uste du. Gaurko Errusiako mugak erabat ireki zaizkio pertsonen, ondasunen, informazioaren eta (neurri txikiagoan) kapitalen zirkulazioari. Egoera horrek kontraesan ugari izanagatik ere, etapa garrantzitsua da Errusiako ekonomia eta gizartea merkatu-ekonomiarako egiten ari den bidean. Errusiar gehienak aukera berri horien aldekoak dira, eta %10ak bere askatasuna aprobetxatzen du Sobiet Batasun ohitik kanpo negozio-bidaiak egin edo oporretara joateko. Aldi berean, iritzi publikoak interes handiz jarraitzen ditu komunikabideetan etengabe egiten diren eztabaidak kanpoko munduarekiko harremanen alderdi negatiboei buruz, hala nola, kapital-ihesa, kontsumo-ondasunen gero eta garrantzi handiagoa, kriminalitate antolatuaren sareak nazioartera zabaltzea eta funtzionarioen ustelkeria. Azken hauteskundeetan parte hartu eta Ieltsin-en aldeko botoa eman zuten herritar gehienak erreformari eustearen aldekoak eta iraganera itzultzearen aurkakoak dira. Ieltsin hautatu zutenen %80 inguru populazioaren gehiengoa aldaketa horietara egokitu dela edo laster egokituko delakoan dago, eta %13k soilik uste du horrelakorik ez dela gertatuko. Alderantziz, garaitua izan zen hautagai komunistaren aldekoen artean, %35ak bakarrik aitortzen du aldaketa horietara egokitzerik badagoela, eta %49k berriz hori ezinezkoa dela pentsatzen du. Beraz, Errusiako gizartean erreformei buruzko iritziak oso zatituta daude oraindik.


Japonia, Enpresa-kapitalismoa

Merkatua, Denboraren joanean

JAPONIA, Enpresa-kapitalismoa

Merkatu-ekonomia puntu kritiko batera iritsi ote da_
HIROSHI OKUMURA
Ekonomilari japoniarra da.

Gaurko Japonian, merkatu-ekonomiaren protagonistak enpresak dira, eta berezko lege-entitate autonomotzat hartzen dira. Enpresa handietako akziodunak ez dira norbanakoak, elkarren menpe dauden sozietateak baizik, enpresa batek beste baten akzioak dituelarik, eta alderantziz. Nik sistema honi "enpresa-kapitalismoa" deitzen diot. Norbanakoak, enpresak eta Estatua dira merkatu-ekonomia baten hiru elementu nagusiak. Merkatu horren analisiak enpresen eta norbanakoen arteko harremanak, enpresen beraien artekoak eta enpresen eta Estatuaren artekoak aztertzea dakar berekin. Japonian, enpresen arteko salerosketa-kopurua enpresen eta norbanakoen artekoa edo enpresen eta Estatuaren artekoa baino askoz ere handiagoa da. Horixe da Japoniako enpresa-kapitalismoaren ezaugarri bat. Gainera, enpresa pribatuak dira herrialdeko aberastasunaren iturburu nagusia. Laburbilduz, enpresek norbanakoek baino askoz ere pisu handiagoa dute, haiek hauek menpe hartzen dituzte edo "estaltzen". Produktuen merkatuan, Estatu Batuetan eta Europan bezala, enpresa handien oligopolioa da nagusi, eta horiek inposatzen dizkiete norbanakoei prezioak, kalitatea eta zerbitzuak, eta ez berdintasunezko irizpidez, hain zuzen ere. Merkagai askoren banaketa (batez ere automobilaren eta material elektrikoaren sektoreetan) keiretsu sistemaren arabera egiten da, hau da, bertikalki integratuta dauden enpresa-multzoen arabera. Fabrikatzaileek handizkariekin eta txikizkariekin osatzen dituzte multzo horiek; beraiek agintzen dute eta horrela prezioak finkatu nahi dituzte. Birsaltzaile handiek, supermerkatuek adibidez, banaketa-modu horrekin lehian aritzen dira, prezio baxuagoak eskainiz, baina fabrikatzaileekin elkarlan-harremanak izaten dituzte. Lan-merkatuan ageri da gehienbat enpresak norbanakoarengan duen nagusitasuna. Japoniako administrazioaren ezaugarriak dira biziarteko enplegua, antzinatasunaren araberako soldatak eta enpresako sindikatuak baina, enpresen eta norbanakoen artean berdintasunik ez dagoenez, lan-sistema horretan enpresak norbanakoa irentsi egiten du. Kontratazioa nola egiten den aipatzekoa da. Urtero, apirilaren 1ean, enpresa guztiek batera diplomatu berriak kontratatzen dituzte; gero, enpresan bertan prestatzen dituzte lanbiderako eta "etxeko kultura" irakasten diete. Bakoitzari lanpostu bat esleitzen zaio eta, ondoren, pertsonalaren errotazioaren arabera, lanpostuz aldatuko dira. Horrela, "lan-munduan" baino gehiago, "enpresa jakin batean" sartzen dira. Testuinguru honetan, merkatuaren mekanismoak ez du funtzionatzen eta lan-merkaturik ez dago. Enpresak kontrolatzen du egoera erabat. Teorikoki, sindikatuek enpresaren kontrapisu gisa jokatzen dute, baina Japoniako sindikatuak enpresa barruan eratzen dira eta ez lanbideen edo sektoreen arabera; hortaz, ez dira oposizio-indar handia. Aitzitik, enpresak sindikatua bere politika egiteko eta bere pertsonala kudeatzeko erabiltzen ditu. Sozietate-kapitalismoaren oinarrizko printzipioa enpresaren lehentasuna da. Pertsonalak enpresarekiko duen leialtasuna erabatekoa da, eta enpresak kontrolatzen ditu berekin asoziatuta dauden negozio-jabe pribatuak ere, enpresatik kanpo egon arren.

Enpresen arteko harremanak

Enpresen artean trukeak egiteko modurik arruntena zuzeneko transakzioa da. Trukearen baldintzak solaskide potentzial batzuen artean bat aukeratu ondoren finkatzen dira. Sistema honek enpresen artean ezkutuko lehia sortzen du, baina ezin dugu esan merkatuaren mekanismoak hemen erabat funtzionatzen duenik. Zuzeneko transakzio horietarako kideak aukeratzeko, enpresek elkarteak osatzen dituzte, bi motakoak nagusiki: keiretsu izenekoak (sozietate afiliatuen multzoak) eta konglomeratuak (industria-multzo handiak). Konglomeratuak elkarren artean lotura horizontalak dituzten enpresa handiak dira, eta hauetako bakoitzak sozietate afiliatu anitz dauka. Konglomeratuaren baitan enpresak elkarren menpeko dira, beren akzioen partaidetza gurutzatuaren bitartez. Aldiro, sozietate nagusien lehendakari-talde bat biltzen da. Konglomeratuetan, enpresen arteko salerosketak sogo shosha edo merkataritza-sozietateek koordinatzen dituzte, eta funtsezko funtzioa betetzen dute. Keiretsu-etan etxe nagusia da salerosketei buruzko erabakiak hartzen dituena; konglomeratuetan, trukeak enpresen artean elkarrekikotasunez egiten dira. Sistema honek ez ditu sartu berriak erabat baztertzen, ezta transakzio guztiak bere gain hartzen ere; dena den, merkatu-ekonomiak, teoria ekonomiko neoklasikoak ulertzen duen moduan behintzat, ez du hemen funtzionatzen. Japonian esaten denez, "banku nagusi bat ez duen enpresarik ez dago". Banku hori izan ohi da enpresa asoziatuen kapital-hornitzaile nagusia, eta horien erantzulea. Enpresek porrot egiten badute, zorrak bere gain hartzen ditu, eta enpresak jaulkitako obligazioak ere bai. Halaber, enpresa horietako akziodun nagusietako bat da eta, aldi berean, enpresak bankuaren akzioak ditu. Beraz, partaidetza gurutzatuaren sistema dugu hau. Keiretsu -entzat, konglomeratuentzat eta banku nagusientzat, enpresak batzeko modurik egokiena akzioak edukitzea da. Bankuek eta finantza-sozietateek burtsan kotizatzen duten enpresa guztien akzioen ia %70 daukate. Baina monopolioen aurkako lege batek akzioen jabetzari mugak ezartzen dizkio: bankuek ezin dute sozietate batek jaulkitako akzioen %5 baino gehiago eduki. Sozietate batek beste baten akzioak edukitzearen helburua elkar kontrolatzea da, eta beren artean epe luzerako trukeak egin ahal izateko baldintzak sortzea ("derrigorrezko" trukeak, merkatu-ekonomiaren printzipioen aurkakoak). Baina, halaber, kanpoko enpresek akzioak erosi eta kontrola ditzaten saihesteko modua da. 60ko hamarkadako kapital-mugimenduen liberalizazioaren ondoren, Japoniako enpresa handietan egonkortasuna irabazteko eta atzerriko kapitalen inbasioa saihesteko, akzionistek zenbait maniobra egin zuten.

Enpresaren eta Estatuaren arteko harremanak

Maniobra haiek ondorio larriak izan zituzten enpresentzat eta, batez ere, hauen berregituraketarako oztopo izan dira. Bankuak eta enpresa handiak lurrekin eta akzioekin egindako espekulazioaren menpe erori ziren. Horrela, moneta-"burbuila" agertu eta hazi zen, 90eko hamarkadaren hasieran lehertu zen arte, akzioen eta lurren prezioek bat-batean beherakada izugarria izan baitzuten. Japoniako enpresa-kapitalismoaren gainbehera hasia zen. Japonian "politika/goi-mailako administrazioa/finantza-mundua" hirukoteak agintzen duela diote. "Finantza-mundua" diogunean, ekonomian nagusi diren enpresa handietako buruen multzoa ulertu behar dugu, Estatuarekin loturak dituztenak, eta honek, enpresari lehentasuna ematean eta laguntza eta babesa emateko politika anitz aplikatzean, Japoniako ekonomiaren izugarrizko hazkundea ahalbidetu du. Finantzak edo zerbitzuak bezalako sektoreetan enpresa pribatuak garatzearen aldeko politika hori askotan administrazio-arauen bitartez aplikatu da, legeriatik at, eta horrek indartu egin du Japoniako burokraziaren boterea. Aliantza hirukoitz horrek ekarri ditu alderdi politikoei laguntza finantzarioak ematea eta goi-mailako funtzionario ohiak sektore pribatuko karguetara igarotzea, hor bigarren karrera eginez. Horren ondorioa politikoen, goi-mailako funtzionarioen eta enpresen arteko kolusioa izan da, ustelkeriari eta eskandaluei bide eman diena (eta horrek, berez, ez du zerikusirik merkatu-ekonomia baten mekanismoarekin). Herrialde sozialista ohiekin alderatuz gero, hala nola Sobiet Batasuna eta Txinarekin, eta Mendebaldeko Europarekin, Japonian enpresa nazionalizatuek duten pisua nahiko ahula da, eta Estatu-sektoreak duen garrantzia txikiagoa. Zentzu honetan, Japoniako ekonomia merkatu-ekonomia da eta ez ekonomia planifikatua. Baina enpresa pribatuek hain lotura estuak izanik Estatuarekin, honek zuzendutako merkatu-ekonomia dela esan genezake.

Aldaketak datoz

Barne-kontraesan hori Japoniako enpresek atzerrian (Ameriketan, Europan eta Asian) 70eko eta 80ko hamarkadetan egindako zuzeneko inbertsioek eragindakoak gaineratu behar dizkiegu. Japoniak Estatu Batuen aurrean duen merkataritza-superabita arazo politiko bilakatu da halaber, eta Japoniaren eta Estatu Batuaren arteko arazo estrukturalen arloko elkarlanean tirabira ugari izan da. Enpresa-kapitalismoak bere mugak erakutsi ditu. Produktuen merkatuan, gero eta zailagoa da oligopolio-nagusitasuna enpresen eta norbanakoen arteko harremanetan, batez ere atzerritik datozen merkagaiak gero eta gehiago direlako. Lan-merkatuari dagokionez, biziarteko enpleguaren sistema indarra galtzen ari da, eta gauza bera gertatzen da japoniar erarako kontratazioarekin. Sindikatuak enpresako sindikatu dira oraindik, eta enpresari lehentasuna ematen jarraitzen dute, baina afiliatuek gero eta gutxiago hartzen dute parte eta gero eta gutxiago dira. Enpresen arteko harremanetan, kereitsu-ak eratzeko arrazoiak gero eta gutxiago direla ikusten dugu, eta enpresak uzten hasiak dira. Beste hainbeste gertatzen da konglomeratuekin, industria-egiturak ez baitatoz bat industria astunaren eta kimikoaren ereduarekin. Partaidetza gurutzatuen sistemak ere gero eta hedadura txikiagoa dauka. Indarra galtzen ari da halaber banku nagusiaren erakundea. Laurogeiko hamarkadaz geroztik, enpresen finantzaketa-bideak aniztu egin dira. Egonkortasuna lortzearren akziodunek egiten dituzten maniobrak murriztu egin dira: akzioen jabetza gurutzatua enbarazu egiten hasi zaie industriari batzuei, eta hauek akzioak saltzen ari dira irabaziak lortzearren. Azkenik, Estatuaren eta enpresen arteko harremanetan, araugabetzea da hamarkada honetako gobernuaren orientabiderik handienetako bat. "Politika/goi-mailako administrazioa/finantza-mundua" hirukotearen hutsuneak agerian geratu ondoren (eskandalu politikoak, alderdi bakar baten nagusitasunaren amaiera), gero eta zailagoa da hiru sektore horiek elkarren lagungarri izatean zegoen kontrol-sistemari eustea. Zer-nolako bilakaera izango du japoniar erarako ekonomiak? Anglosaxoiena bezalako merkatu-ekonomiarantz, ala ustegabeko norabide baterantz? Esango nuke XXI. mendea ez dela enpresa handien garaia izango, ezta akzio bidezko sozietateena ere. Enpresa ez da desagertuko. Ekonomiaren eragilea izango da oraindik ere, baina industria-egiturak industria astunarenetik eta kimikoarenetik gero eta gehiago urrundu ahala, produkzio masiborako enpresek atzera egingo dute bestelako industriariek zuzendutako enpresa txiki eta ertainen aurrean. Sareen bitartez eraginkortasunez elkarlotuta ikusten ditut, baina jadanik ez keiretsu eta konglomeratuen sistemez. Enpresen eta norbanakoen arteko harremanetan, enpresaren nagusitasunaren printzipioaren ordez Japonian ezohikoa den fenomeno bat ikusiko dugu ziur aski: indibidualismoa. Baliteke akzio bidezko sozietateak egitura kooperatiboak edo beste sistema erabat desberdin batek ordezkatzea, ez desagertu egingo direlako, etorkizunean bestelako enpresa anitzekin batera bizi beharko dutelako baizik. Amets egin dezakegu. Ez al da hori aurrera jotzeko bide bakarra?


Merkatuen globalizazioa

Merkatua, Denboraren joanean

Merkatuen globalizazioa

Azken urteotako fenomenoa den globalizazioa herrialde indartsuen mesederako eta ahulen kalterako da.
Marie-France Baud
Kazetari frantsesa, ekonomi gaietan aditua.

Hazkunde handiaren garaian eta laurogeiko hamarkadaren bigarren zatian oso kontuan hartu ez bazen ere, ekonomiaren globalizazioa edo mundu-mailako bihurtzearen fenomenoa egun-eguneko eztabaida-gaia da. Ez da gauza berria, ordea: tamainaren eta lehiakortasunaren erronkei erantzutearren, herrialde orotako enpresak aspalditik finkatu dira hazkunde ekonomiko azkarreko zonetan. Produktibitatea areagotu dezaketen tokietan ezartzen dira. Enpresen hedapen-estrategiari lagundu egin dio finantza-globalizazioak (kapitalen zirkulazio librea, trukeen kontrolaren ezabaketa). Merkatuetan zuzenean finkatuz ingurua bereganatu nahi horrek produkzio-sistemaren zatiketa ekarri du berekin, noski. Produktu manufakturatuen salerosketak produktu gordinen kaltetan (nekazaritza, meatze eta energia-produktuak) gehitu dira: 1970ean %50 izatetik 1990ean %70 izatera igaro ziren, 1993ko maiatzean Europako Elkarteak eginiko azterketa baten arabera. Atzerrian egindako zuzeneko inbertsioak nabarmen gehitu dira, baina munduko hiru eskualde garatuenetara mugatuta daude: Asiako hego-ekialdea Japoniarekin, Estatu Batuak eta Europa. Merkatuek, berriz, zona bakoitzaren barnean integratzeko joera dute, zona desberdinen artean baino gehiago. Adibidez, 1993an Japoniako industriak Asian (bere inbertsio-area nagusian) 65.000 milioi dolar inbertitu zituen, hau da, Estatu Batuek eta Europak batera baino gehiago. Baina merkatuak irekitzen ari dira pixkanaka: 1995ean Estatu Batuak izan ziren Frantziak atzerrian eginiko zuzeneko inbertsioen onuradun nagusia. Atzerrian zuzenean egiten diren inbertsioen gorakada horrek herrialde garatuetako industria-taldeen nazioarteko hornikuntza areagotzea ekarri du berekin; talde horiek orain beren jarduerak mundu-mailan berregituratzen dituzte. Maniobra horiek lehiaren panorama aldatzen dute, baina baita lan kualifikatuarena ere, jarduerak soldata baxuko herrialdeetan birkokatuz. Dirudienez, tarteko produktuen salerosketa nazioartean gero eta gehiago talde multinazional bereko enpresen artean egiten da, eta talde beraren baitako trukeak mundu-merkataritzaren %25 dela kalkulatzen da.

Globalizazioa eta txirotzea

Ekonomiaren globalizazioa 1996ko ekainean Lyon-en (Frantzia) G7 edo zazpi herrialde industrializatu nagusien gailurrean eztabaidatu zen. Hori munduko merkataritzarentzat onuragarria bada ere, kaltegarria da gizarte-kohesiorako nahiz moneta eta finantza-sistemaren orekarako. Horren froga ditugu Europako 19 milioi langabetu, %1 baino txikiagoko hazkunde egonkorra izatea, eta 1994-1995 neguan Mexikoko krisiak eragindako aztoramena. Nazio Batuen Garapenerako Programaren (NBGP) azken txostenaren arabera, laurogeiko hamarkadan 70 herrialdetan diru-sarreren batez bestekoak murriztu egin ziren. 1990-1993 bitartean, batez besteko diru-sarrera gutxienez bosten bat jaitsi zen 21 herrialdetan, Ekialdeko Europan eta Estatu Independenteen Elkartean (EIE) batez ere. Globalizazioa herrialde indartsuenen mesederako eta ahulenen kalterako da. NBGPren txosten batek adierazten duen bezala, 1960tik 1990era bitartean, mundu-merkataritzan herrialderik txiroenek, munduko populazioaren %20 biltzen dutenek, izan duten partaidetza %4tik %1era murriztu da. 1970etik 1994ra bitartean, garapen-bidean dauden herrialdeetarako inbertsio pribatuen zenbatekoa 5.000 milioi dolarretik 173.000 milioira igaro zen, baina hiru laurdenak Asiako hego-ekialdeko eta Latinoamerikako hamar herrialdetan egin dira. Dena den, 1995ean Mundu Bankuak nazioarteko merkataritzaren eta finantza-merkatuen hedapenak hazkunde ekonomiko iraunkorra bultzatuko zuela iragarri zuen, eta horrek garapen-bidean dauden herrialdeen bizimodua nabarmen hobetzen lagunduko zuela. Aurreikuspen haien arabera, 2010 urtean herrialde horiek mundu-produkzioaren %38 emango lukete, 80ko hamarkadako %22ren aldean. Beraz, garapen-bidean dauden herrialdeek munduko kontsumoaren eta kapital-eraketaren erdia izango lukete, eros litezkeen ondasunen eta zerbitzuen kopurua kontuan hartuz.

Berkokapena eta langabezia

Herrialde garatu asko ohartu dira fabrikazio-prozesua komeni zaiela beren interesei. Ondorioz, beren industria-produkzioa lekualdatu egiten dute, soldata baxuak aprobetxatzeko edo lehengaien edo lehen mailako produktuen sorburuetara hurbiltzeko. Hortaz, lekualdatze horiek al dira herrialde garatu gehienetan dagoen langabeziaren eragileak? Batzuen ustez, hala nola Elkarlan eta Garapen Ekonomikorako Erakundean (EGEE) arazo hauei buruzko lan-talde baten arduraduna den Charles Oman-entzat, azpienpleguaren arrazoia industria-prozesu masibotik metodo malguagoetara, produktiboagoetara, teknologia berriak eskatzen dituztenetara igarotzeko arazoetan bilatu behar dugu, mekanizazioaren aroa utzi eta automatizazioaren aroan sartzeak dakartzan arazoetan alegia. Ekonomilari batzuen arabera, lekualdatze edo birkokapen horietan jokoan dagoena ez da soldata baxuak dituzten herrialdeen lehiari eustea, baizik eta produktu sofistikatuen edo puntako teknologien eremuan merkatuak irabaztea. Lanpostuen desagertzearen eta produkzioa birbanatzearen arteko nahaspilak benetako arazoak ezkutatuko lituzke.

Washington-go akordioak

Truke-tasa finkoko sistema batean, truke-mekanismoek bigarren mailako papera jokatzen dute. Nazioarteko harremanen garapenak eta kapitalen mugimenduaren liberalizazio orokorrak truke-tasen eraketa-mekanismo berria ekarri du. Bretton Woods-en nazioarteko sistema (1944an, moneta bakoitzak urrez adierazitako parekotasun finkoa zen) baliogabetuz 1971ko abenduan Washingtonen hartutako akordioen ondoren, Estatu gehienek ez dute jada beren monetaren balio ofiziala definitzen. Dibisaren balioa baino askoz gehiago, tasen bilakaera egiaztatu edo aurreikusia da truke-tasak aldatzen dituena. Finantza-globalizazioak eta araugabetzeak ekarri duten azken ondorio txarra mundu-ekonomia benetako ahultzea izan da: badirudi orientazio makroekonomikoak gidatzen dituela merkatuen iritziak erabaki politikoek baino gehiago, agintariek boto-emaileen aurrean erabaki horien erantzuleak badira ere. Are okerrago, finantza-jokabideak metaketa-mugimendu bilaka daitezke, gorantz edo beherantz eta, ondorioz, balioak funtsezko datu ekonomikoekin zerikusirik ez duten mailetara bultza ditzakete, merkatuak ez baitira autoerregulatzeko gai. Hogeita lau orduro, bilioi bat dolar herrialdez aldatzen da, etekinik handienaren bila. NBGPk kezkati dioen bezala, kapitalen zirkulazio horrek, mundu-mailako finantza-merkatua irekitzearekin batera, herrialde indartsuenei ere autonomia handia kentzen die interes-tasetan, truke-tasetan eta finantza-politikaren beste zenbait alderditan. Neurririk gabeko globalizazio horrek harmoniarik gabeko eta lanposturik sortzen ez duen garapena dakar, eta gero eta txirotze handiagoa: gaur egun. behartsuen kopurua urtero 25 milioitan handitzen da. Errendimendu ekonomikoari dagozkion aldeak hain handiak dira, ezen bi mundu desberdin sortzen baitira, elkarrengandik gero eta urrunago daudenak: aberatsena eta behartsuena. Azken gailurraren ondoren, zazpi herrialde industrializatu nagusiek mundu osoan lankidetzan aritzeko deialdia luzatu zuten, garatzeko bidean dauden herrialdeak, herrialde garatuak eta alde anitzeko erakundeak elkarrekin arituz, herrialde txiroek globalizazioari etekina atera ahal izan diezaioten. Hitz hutsak al dira, edota erabakimen politikoa dutenak behar honetaz jabetu dira azkenean? 1993ko munduko barne-produktu gordina 23 bilioi dolarretakoa zen; 18 bilioi herrialde industrializatuei zegokien eta 5 bilioi bakarrik garapen-bidean dauden herrialdeei, azken hauen populazioa munduko %80 izanik ere. Azken hogeita hamar urteotan, munduko pertsonen %20 behartsuenen artean, mundu-mailan diru-sarrerak %2,3tik %1,4ra murriztu dira. Epe berean, %20 aberatsenen artean, %70etik %85era igaro zen. %20 aberatsenen eta %20 behartsuenen arteko diru-sarrera-aldea bikoiztu egin da, 30/1etik 60/1era igaroz; diru-sarrerak urtean %5 baino gehiago handitu dituzten pertsonen proportzioa bikoiztu baino gehiago egin da (%12tik %27ra igaro da). Diru-sarrerak murriztuta ikusi dituzten pertsonen kopurua hiru halako baino gehiago egin da (%5etik %18ra igaroz). Milioi askoren jabe diren munduko 358 norbanakoen aberastasuna, dolarretan, munduko biztanleen %45en diru-sarrera baino handiagoa da.

Iturria: Giza garapenari buruzko txostena, NBGP

Burtsa, baloreen merkatua

Merkatua, Denboraren joanean

Burtsa, baloreen merkatua

EMMANUEL VAILLANT
Kazetari frantsesa da.

Burtsa Europan sortu zen XVI. mendearen erdialdean. Merkatuekin eta feriekin batera, kreditu-kartak edo merkataritza-enpresen akzioak trukatzeko lekuak agertu ziren, merkataritzaren garapena bultzatuz. Antza denez, "burtsa" terminoa, lehen aldiz Brujas-en (gaurko Belgika) erabili zen eta Van der B¿rse familiaren izenetik dator, honen etxean negoziatzen baitituzte merkatariek balore higikorrak. XIX. mendearen bukaera arte, Brujas, Anberes, Lyon, Amsterdam, Paris eta Londres izan ziren, elkarren segidan, finantza-merkatu garrantzitsuenak. Merkatu horiek sistema kapitalistaren gune bihurtuko dira, aurreztaileen (partikularrak eta bankuak) eta inbertitzaileen (Estatua eta enpresak) arteko topaleku izango baitira. Bi balore-kategoria handi bereiz ditzakegu: akzioak eta obligazioak. Lehendabizikoak enpresa baten kapitalaren zati bat adierazten duten tituluak dira, eta sari bat (dibidenduak) eskaintzen dute, enpresa horren irabazien arabera aldatzen dena. Obligazioak epe jakin batean itzultzeko jaulkitako maileguak dira, eta hori beren jabeari interes finko bat bermatzen diote. Prezioak beherantz edo gorantz finkatzen dira eskaintzaren eta eskariaren arabera eta espekulazioari ematen diote bidea. XIX. mendean zehar, neurri handi batean lagundu zioten munduko ekonomia nazionalen finantzaketari. New York-eko Wall Street da gaur egun finantza-merkatu nagusia, Asiako burtsekin (batez ere Tokio, Hong Kong eta Singapur) eta Europakoekin (Francfort, Londres eta Paris) lehian. Gero eta globalizatuagoak dauden finantza-merkatu horietan, gero eta produktu konplexuagoak garatzeaz gain, trukatzen diren baloreen kotizazioa faktore ekonomiko nahiz monetarioen, politikoen eta are psikologikoen araberakoa ere da. Askotan merkatu horiei "finantza-burbuila" bailitzan funtzionatzen dutela leporatu zaie, espekulazio hutsezko irabaziak sortzen dituztela eta, horregatik, ez diotela ekonomia "errealari", industria, merkataritza eta zerbitzuen garapenari laguntzen.


Gehiago jakiteko


Poesia, askatasunaren eskola

Federico Mayorren kronika

Poesia, askatasunaren eskola

Ezinezkoa da gaur egun arte lirikoak duen arrakastaz ez jabetzea. Hitza, musika eta ikus-efektuak alkimia bikain batean konbinatzen dituen Arte hori, XVIII. eta XIX. mendeetan, Frantzia, Alemania, Austria, Espainia edo Ingalaterrako gorte eta eszenatoki guztietan zegoen. Azken lau mendeotako opera-lan handiak perfekzio-uneak izan ziren musika-sormenaren historian. Mendetan zehar, Monteverdi, Lully, Scarlatti, Haendel, Rameau, Gluck, Mozart, Beethoven, Wagner, Verdi, Berlioz, Bizet edo Glinkak iraganaren ondarea jaso egin dute, baina aldi berean berritu. Gai dramatikoa eta forma edozein delarik ere, beren legea inposatzen dute, ebidentzia sortzailearena alegia. Kasandra batzuek opera gure mendean hil egingo zela iragarri zuten. Egia da duela berrogeita hamar urtez geroztik zineak eta telebistak kendu egin diotela operari jendearen dibertsio-modu nagusi gisa zuen lekua. Opera, ikuskizun arras garestia, mezenasgo publiko edo pribatuaren menpeko, gaurko konpositoreen ametsa da oraindik, halere; eta zaletuen konfidantza dauka, duela gutxi Veronako eszenatokian ikusi ahal izan nuen bezala, Franco Zeffirellik eszenaratua eta Daniel Oren-en orkestra-zuzendaritzaz, Bizeten Carmenen emanaldi batera joan nintzenean. Ezinezkoa da, halaber, azken berrogei urteotan arte lirikoari berebiziko benetakotasuna ematen jakin duten ahots handi horiek ahaztea. Publikoa liluratu egiten dute haien tinbre garbiak, fraseatuaren dotoretasunak eta estiloaren perfekzioak. Batez ere Montserrat Caball¿, Pl cido Domingo, Barbara Hendricks, Jos¿ Carreras ditut gogoan, eta horiek UNESCOren borondate oneko enbaxadore-taldearekin bat egin izana ohorea da niretzat. Erakundearen idealak defendatzen dituzte, kultura desberdinen arteko trukeen arloan eta gazteek sormenezko jardueretan prestatu eta parte hartzearenean batez ere. Halaber, niretzat bereziki interesgarria den eta Veronako udal-arduradunekin xeheki aztertu dudan proiektu bati sostengua eman diote: Operarako eta Poesiarako Nazioarteko Institutu bat sortzea. Operaren egoera, funtzionamendua eta etorkizuna, eta arte horretan teknologia berriek duten eragina nahiz gazteen prestakuntza aztertzeko, topaketa eta hausnarketarako gune izateko balioko du horrelako institutu batek. Gai honetako espezialista nagusiek han elkartu eta zehaztasun zientifiko handia eskaini ahal izango dute, ezinbesteko diren datu eta informazio espezializatuekin. Eta, gainera, opera ez-europarraren tradizioei garrantzi berezia emango zaie, Pekin, Java nahiz Bali-koari. Institutuaren beste helburua unibertso poetikoaz arduratzea izango da. Nire bizitzan funtzio desberdinak betetzeko parentesiak daude, baina beti itzultzen naiz, goiz edo arratsaldeko isiltasunean, poesiara. Poemaren espazioan eta askatasunean soilik bizi naiteke eta hor bakarrik bizi nahi dut. Munduan oraindik dauden oztopo eta desberdintasunen gainetik (hauek oso hurbiletik ikusten ditut UNESCOrentzat egiten ditudan lan-bidaietan), idazleak, poetak, nobelagileak eta pentsalariak dira debekuak kentzen eta tabuak salatu eta hausten gehien laguntzen dutenak. Hitzek, gori-gori daudenean, kateak puskatzeko ahalmena dute. Hitza batzuetan ahalguztiduna da. Nire pentsamendu guztia bakearen kulturari lotuta dago, eta horrekin, nire ustez, UNESCOren jatorrizko garra, Nazio Batuen sistemaren erakunde intelektual eta moralaren izpiritua interpretatzen dut. Baina poesiak bere ur garbia berraztertu beharreko moral baten errotara daramala uste dut. Alferrikakoa al da beste gizarte-mota batekin amets egitea, gizaki berria sortu eta giza harreman harmoniatsuak eragiteko gauza izango den gizartearekin? Erokeria al da praktika hilgarri bati (guda) amaiera eman eta eskuratutako esperientzia kontuan hartzen duen beste bat (bakea) birsortu nahi izatea? Maite dudan poesia ez da alferrikako jolasa. Poetika, etikaren eta politikaren arteko barne-artikulazioa da. Historian ez dago ezer behin-betikorik. Ez gizakien historian, ez eta lengoaiarenean ere. Poetari pentsamendu aktiboaren eta gure espeziea ondratzen duten eta etengabe hobetzera daramaten baloreen berrikuntzaren hartzigarri izatea dagokio. Poesia funtsezko babesa da basakeriaren mila aurpegiri aurre egiteko: aberrazio ideologikoak eta teknologikoak, indarkeria, fanatismo erlijiosoa edo politikoa, arrazakeria, tolerantziarik eza, norberekeria. Poesiara jo, nahiz eta intenporala, inmateriala eta armarik gabekoa izan? Bai, poesian hitzak gizaki bakoitzarengan oihartzuna aurkitzen duen goritasuna lortzen duelako. Hitz horrekin talka egiten dute injustiziak eta gorrotoak; hitza maitasunaren kidea da. Bai, poesia itun-kutxa da, gure itun-kutxa. Gutako bakoitzari, poetari nahiz irakurleari, munduaren zentzua ematen dio, bere alderdi misteriotsuenak, kontraesanik handienak eta lorpenik handienak alegia. "Bizi nauen ametsa arnasa dudan bitartean gordeko dut. Amets hau nire hatsa da, azkenean bakoitzarengan bizirik dagoen maitasun-ametsa." Federico Mayor, Aguafuertes.


Hawai-ko sumendien parkea

Berdegunea

Hawaii-ko sumendien parkea

FRANCE BEQUETTE
Kazetari frankoamerikarra da.

Behin batean, Pele, suaren jainkosa, Moe-moea-au-lii-ren ("liskartia") eta Haumea-ren (Ama Lurra) alaba, leku bila alde batetik bestera zebilen nonbait finkatu nahian. Hawaii-ko uharte bakoitzean saiatu zen, bata bestearen atzetik, baina, bere aitzur magikoaz su-putzu bat egiten zuen bakoitzean, itsasoko olatuak etorri eta itzali egiten zuten. Azkenean, uharte Handiaren hego-ekialdean aurkitu zuen bere ametsetako bizilekua: Kilauea sumendia. Hawaiiarrek beren tradizioei atxikimendu handia dietenez, beren jainkoei haragia, arraina, fruituak eta loreak eskaintzen dizkiete oraindik, uharteetako toki sakratua den Halemaumau-ko kraterraren ertzean. Santutegi hura orain Sumendien Parke Nazionalaren bihotzean dago; gune hori Estatu Batuetako Kongresuaren dekretuz 1961ean sortu zen eta 1980 urtean UNESCOren 337 Biosfera Erreserben Zerrendan sartu. Egoera juridiko hori ez da hango jendearentzat errito tradizionalak betetzen jarraitzeko oztopo izan. Hara joan ohi diren bertako hawaiiarrek tratu berezia dute, parkeko zuzendaritzarekin hitzartua: ez dute sarrerarik ordaindu behar (5 dolar), behar dituzten sendabelarrak har ditzakete eta emakumeek ur termaletan garbitzeko baimena dute.

Paradisua

Sumendien Parkeak bi milioi inguru bisitari izaten ditu urtero. Sarbidea oso ondo antolatuta dago. Harrera-gune batek erakusketa eta proiekzio anitz, mota guztietako dokumentuak eta gai baten inguruko ibilaldi gidatuak eskaintzen ditu. Errepide-sareak Kilauea-ren ingurunean autoz ibiltzeko edo itsasoraino jaisteko aukera ematen du. Paisaien aniztasuna harrigarria da eta oinez ibiltzeko pistak nonahi ageri dira. Beti eguzkitsu dagoen zerupean, kea darien zilar koloreko krater, sulfurozko zerrenda laranjatu eta isla metalikoak dituzten basamortuetatik, iratze erraldoiek zuhaitzen adaburuak ukitzen dituzten ohian jorietara igarotzen gara. Era berean, laba-geruzek osatutako Mauna Loa-ko ("Mendi Handia") 4.170 metroak igo daitezke; mendi horren gailurra, biribil-biribila, batzuetan elurrez estalita dago. Pazifikoaren erdian dauden 124 uharte horietako --zortzi oso handiak-- biziaren sorreraren historia oso interesgarria da. Ozeanotik duela 70 milioi urte azaldu baziren ere, 1.600 urte besterik ez da gizakia han bizi dela, Markesa irletatik joandako polinesiarrak iritsi zirenetik. Iritsi berriek haizeak, itsasoak eta hegaztiek ekarritako landareak eta zomorroak aurkitu zituzten, baina lurreko ugaztunen aztarnarik ere ez. Hori xehetasun garrantzitsua da, harraparirik ez izateak faunak eta florak alferrikako defentsa-sistemarik ez garatzea baitakar. Eltxoak belauntzietan polizoi gisa iritsi baino lehen, Himatione sanguinea txori endemikoak ez zuen paludismoaren aurkako sistema inmunitaterik garatu. Orain gaixotasun horrek hil egiten ditu. Uharteetara ahuntzak ekarri aurretik, mentak eta salbiak ez zuten beren usain babesle sarkorra bota beharrik. Parkeko arduradunek sinbolo nazionala den Hawaii-ko antzara(Branta sandvicensis), antzara endemikoen azken espeziea, desager ez dadin ahaleginak egiten dituzte. Stuart Pimm zoologo estatubatuarraren arabera, gutxienez 101 hegazti-espezie galdu dira Hawaii-tik gizakia bertaratu zenetik.

Etsaia bertan dago

Hawaii uharteen isolamendua da bertako landare endemikoen kopuru izugarri handiaren arrazoia: katalogatu diren 1.000 espezie ingururen %95 ez da munduko beste inon aurkitzen, eta, zenbait iritsi berrirentzat, hala nola basa-zerriarentzat(Sus scrofa), jaki ezin gozoagoa dira. Honolulu-ko Lyon Arboretum-eko zuzendaria den Charles Lamoureux botanikoak dioenez, espezie horien erdia gutxi gorabehera desagertzeko arriskuan dago, nahiz eta zerrenda ofizialetan agertu ez. Gainera, badira kanpotik ekarritako 5.000 espezie, eta horien artetik 25 kalte handia egiten ari da. Beldurgarrienak, jatorriz Kanarietakoa den su-zuhaitza(Myrica faya), Brasilgo mugurdi-guaiaba(Psidium cattleianum), Hegoamerikako poka bananondoa(Passiflora molissima) eta Ertamerikako "Coster-en madarikazioa"(Clidemia hirta) dira. Lauak ugaldu, hazi, elkar korapilatu eta bertako landareak itotzen dituzte. Baina hasia da horien aurkako borroka: Kanarietatik ekarritako zomorro batek bere herrikidea den su-zuhaitza suntsitu behar du. Emaitzak epe luzera ikusiko dira, ordea. Erreserbako botanikoa den Linda Pratt-ek herbizida batzuk frogatu ditu, baina gainerako espezieak zaindu eta uren poluzioa saihestu beharrak zaildu egiten du zeregin hori. Parke guztian barreiatuta dauden iragarkiek zinezaleei bakero-filmeak ekarriko dizkie gogora: "Wanted, dead or alive" ("Bizirik ala hilik harrapatzeko") eta, ondoren, gaizkilearen izena eta argazkia, kasu honetan landare ugalkor batena, "miconia" izenekoarena. Landare hori kosta ahala kosta suntsitu beharra dago, uharte guztia beregana ez dezan, Tahitin (Polinesia frantsesa) gertatu den bezala, basoen hiru laurdenak hartu baititu. Parkea babesteak gizakiak kanpotik ekarritako lurreko ugaztun batzuk ezabatzea ere eskatzen du. Horretarako, Jim Martin parkeko administratzaileak isileko ehiztariengana jotzen du, beren trebetasunak erreserban froga ditzaten utziz. Basa-katuak hiltzeak bihotz sentibera batzuk erdibituko ditu beharbada, baina horien eta Hawaii-ko txoriaren(Pterodroma phaeopygia sandvicensis) artean aukera egin beharra dago, azken hauen arrautzak eta kumeak harrapatzen baitituzte katuek. Eskualdeko ehiztarien laguntza oso garrantzitsua izan zen ahuntzak ezabatzeko. 1980an 100 besterik ez ziren geratzen, 15.000ko populazio batetik. Eta 1930etik 1970era bitartean 11.000 zerri hil baziren ere, oraindik 4.000 bat geratzen direla kalkulatzen da. Ehizaz gain, hesiak ere soluziobide egokia dira, baina garestia. Jim Martin dirurik ezaz kexu da: parkearen jagoletzarako hamabost-hogei zaintzaile behar dira, baina gaur egun zortzi besterik ez daude. Parkeak ezin du ikertzailerik kontratatu; gaur han lanean ari diren zientzialariak kanpoko erakundeen menpe daude. 1995eko azaroan, protesta gisa, parkeak ateak itxi zituen. Dena den, hasieran jendeak nolabaiteko elkartasuna adierazi bazuen ere, hiru aste igarota, haserrea azaltzen hasi zen eta parkea berriro zabaldu behar izan zuten. Egoera hori are kezkagarriagoa da, eskualdea arriskutsua delako: kostaldeko itsaslabarrak erori egiten dira eta laba edozein unetan jalgi daiteke, Mauna Loa eta Kilauea munduko sumendirik aktiboenetakoak baitira. Errepide batzuk zabaltzeko oraintsuko laba-geruzak kendu behar izan dira.

Hondamendia?

Sumendien Parkea muga zehatzak dituen gunea izanik ere, mapetan ez da biosfera-erreserba batek behar duen indargetze-zonarik ezta tarteko zonarik ere ageri. Jim Martinek azaldu duenez, jadanik badago hitzarmen bat presondegi federalarekin eta mugakide diren finka pribatuekin, eta orain garapen-plan bat prestatzeari ekin zaio, aldameneko herriska bateko eraikin berriak basoan natur ingurunea kaltetu gabe integra daitezen. Baina badago mehatxu larriagorik: uharteko egoera ekonomikoa katastrofikoa da azukrearen prezioaren beherapena dela medio. Kanaberadiak bertan behera utzita daude eta langabetuek erreserbako lursailetan ere marihuana landatzen dute. Ekosistemari kalte egiten diote landaredian soiluneak zabaltzean eta beren hazitegiak tranpa hilgarriez babesten dituzte. Baina zigor gogorrak ezartzeak (isun handiak eta 30 urte bitarteko kartzela) egoera hobetzen lagundu du. Baina delituak ez dira kasu horietara mugatzen. Badira zerra elektrikoez kamioi osoak betetzerainoko zuhaitzerako iratzeak mozten dituztenak eta, zelatatzeko kamerak badaude ere, bisitari bandaliko batzuek altxor arkeologikoak eraman egiten dituzte. UNESCOren Mundu Ondarearen Zerrendan 1987an sartua, parkean garai batean biztanleak izan zituzten kobazuloak, giza asentamenduen aztarnak eta petroglifo hauskorrak daude. Toki horietako batzuk duela gutxi laba-ibai batek estali zituen. Hawaii-ko Sumendien Behatoki Nazionalak, 1912an sortua eta parkean, Kilauea-ren galdararen ondoan kokatua, funtsezko papera jokatzen du lurralde honen kudeaketan. Edozein arriskuri aurre egiteko, etengabe kontrolatzen dira jarduera sismikoa, lurraren deformazioak, gas-isuriak, eremu elektriko, magnetiko eta grabitazionalaren aldaketak eta labaren mugimenduak. Labaren jarioa orain ugaria da publikoarentzat itxita dagoen parkeko zona batean. Gauez, su-lerroek paisaia zeharkatzen dute eta mendi-magaletik itsasoraino jaisten dira. Han, olatuek ibai gori honekin topo egiten dute eta lurrindu egiten dira, gandor gorriska erraldoiak sortuz.

Ekimenak
Azenarioak eta DDT

Visalia Kaliforniako hiri txiki bat da, San Francisoren eta Los Angeles arteko erdibidean kokatua. Bere aireportu nimiñotik irtetean, hesiz inguratutako lursail baten ondotik igarotzen da, noizbehinka kartel harrigarri bat erakusten duena: azenario baten marrazkia eta hmong hizkuntzaz idatzitako bi esaldi. Dena 1947an hasi zen, eskualdeko lur emankorrak airetik botikatzen espezializatutako enpresa bat aireportuaren ondoan ezarri zenean. Garai hartan DDT modan zegoen, 1946tik 1972ra bitartean gehien erabili eta 1973 urteaz geroztik Estatu Batuetan debekatu zuten intsektizida alegia. Lurrean zeuden bidoietatik produktua hegazkinetako deposituetara aldatzen zen, eta hauek, hegaldi bakoitzaren itzuleran, uretan pasatzen ziren. Bidoi hutsak gordailu batean gordetzen ziren. 1984an, Estatu Batuetako Osasun Ministerioak enpresak bitartean bertan behera utzia zuen lursail hura ikuskatu zuen eta DDTren presentzia atzeman. Disolbagarritasun gutxikoa eta nekez lurrintzekoa izateagatik, intsektizidak 15 bat zentimetroan soilik poluitu zuen lur-azaleko geruza, hau da, 8.300 m3 lur. Garbitzea beharrezkoa zen. Baina konponbide klasikoek aplikaezinak ziruditen: lurra erauztea eta tratamendu termikoa 2 milioi dolar kostako zatekeen, eta bizilagunik gabeko eremu batera isurtzeak etengabe zaintzea eskatuko zukeen. Zorionez, Dennis Keller injineruak soluziobide hobea proposatu zuen: azenarioak landatzea. Uzta bakoitzak --170.000 dolar inguruko kostua du, tratamendu termikoak baino askoz ere txikiagoa-- lurrean dagoen DDTaren %50 murrizten du. Izan ere, azenarioa da --batez ere oso handia den Nantes-eko Scarlet barietatea-- bere ehunetan pestizida hau konzentra dezakeen barazki bakarra, eta ez azaleko geruzetan bakarrik, lehen uste zen bezala, baizik eta sustraietan ere. Gero, aski izaten da lehortzea eta erraustea. Dennis Keller-ek dioenez, ideia hori Australian ere erabiltzen hasi dira. Hesia eta kartelak 1992an ezarri zituzten, hmong etniako kideek, Vietnam-go gerratearen ondoren eskualde honetan errefuxiatu zirenek, barazki poluituak har ez ditzaten. Eraikuntzaren promotoreek oraindik itxaron egin beharko dute lur haiek berenganatzeko, poluzioa ez baita oraindik indize onargarria den lur kiloko DDT 1,4 mg-ra murriztu.

Mundua...
GANBA ETA PROMOTOREA

Kalifornian, lur-jabeak, obra publikoetako enpresariak eta eraikuntza-promotoreak sutan daude. 1995ean horietako milakak manifestazioa egin zuten ur gezetako ganba ñimiño bat espezie babestuen zerrendatik ezaba zezaten eskatzeko. Izan ere, 1978an ikertzaile batek animalia txiki horren habitat naturala osatzen duten putzuen %90 lehortu egin zela kalkulatu zuen; zenbatespen hau beste ikerketa-talde batek gezurtatu egin zuen, ordea, honen ustez espeziea ugaltzen ari baita. Krustazeo hori desagertzeko arriskuan dauden espezieen zerrendan sartzean, gobernu federalak milioika hektarea eraikuntzarako erabiltzea eragotzi du. Kaliforniako gobernadorearen arabera, eskualdeko garapen ekonomikoa da --eta ez ganba-- orain arriskuan dagoena.

TXITXARRAREN KANTUA...

Duela 320 milioi urte entzuten ziren jadanik zomorroen hotsak aro karboniferoko iratzeen artean. Kilkirraren, txitxarraren edo matxinsaltoaren "ahotsak" ezagunak ditugu, baina ez hainbeste termitarena, txingurriarena edo gurgurioarena. Badago horretarako arrazoirik; izan ere, intsektuek elkarrekin komunikatzeko, etsaigoa edo maitasuna eta onarpena adierazteko egiten dituzten soinuak entzunezinak dira giza belarriarentzat, ahulegiak edo frekuentzia altuegikoak edo baxuegikoak direlako. Baina oso teknika sofistikatu bati esker, Frantziako faunaren berrogeita hamar bat zomorro-espezieren kantuak entzun daitezke, disko konpaktu batean grabatuta. Opera bat bailitzan aurkeztua, diskoarekin batera 200 orrialdeko "libretoa" ematen da, koloretako argazkiz hornituta, non Ikerketa Agronomikoetarako Frantziako Institutuko (INRA) Andr¿-Jacques Andrieuk eta Bernard Dumotier-ek "abeslari" bakoitzaren sekretuak azaltzen dituzten. Entomophonia, Andr¿-Jacques Andrieu eta Bernard Dumotier, INRA. 1994

INGURUGIROAREN ALDEKO KAZETARI GAZTEAK

Europako Ingurugiro Heziketarako Fundazioak (FEEE) 1994an heziketa-sare original bat sortu zuen: kazetaritzan oinarrizko prestakuntza jaso duten bigarren hezkuntzako ikasle-talde hautatuak munduan zehar dabiltza, ingurugiroak duen garrantziaren berri emanez. 1996an eguzki-energiari, hidroelektrikari, itsasoaren eta eguratsaren arteko dinamikari eta poloetako ingurugiroari buruzko ikerketak egin dituzte. Vietnam, Quebec, Frantzia eta Spitzberg uhartetik, kazetari gazteek beren erreportaiak igorri zituzten eta ikasketa arruntetan jarraitzen zuten kideekin Internet bidez komunikatu ziren. FEEEren idazkaritza nazionaletan testurik onenen bilduma bat, Magazine izenburupean argitaratua, eska daiteke. Fundazioak halaber buletin bat argitaratzen du, frantsesez eta ingelesez, ingurugiro-heziketan interesatuta daudenentzat eta horrelako sareekin harremanetan jarri nahi dutenentzat oso interesgarria dena. FEEE, BP 49, 38 250 Villard-de-Lans. Tel. (33/0) 1 76 94 90 29 Fax (33/0) 1 76 94 90 31. Posta elektronikoa: saugier@grenet.fr

POLIESTIRENOARI BURUZKO ZALANTZAK

Poliestirenoak, munduko hondartza guztietan ageri den petroliotik eratorritako plastiko polimerizatuak, gero eta toki gehiago dauka etxeko zaborretan. Eraikuntzako isolatzaile gisa erabiltzen da, baina batez ere elikagaien ontziak eta bildukiak egiteko balio du, kartoiak baino bi-hiru aldiz txikiagoa den kostuaz. Kartoiak baino 36 aldiz elektrizitate gutxiago eta bi aldiz ur gutxiago behar duenez, merkeagoa da, baina birziklatzeko zailagoa: prozesua hain konplikatua denez, poliestireno birziklatuak berriak baino %25 gehiago balio du.

BERRI ONAK BAIKAL LAKUARENTZAT

Baikal lakuak aberastasun biologiko izugarria dauka: bere baitan 2.600 animali eta landare-espezie daude, eta hauetatik 1.500 endemikoak dira, hala nola ur geziko itsas txakurra. Munduko lakurik zaharrena, sakonena eta, zalantzarik gabe, ederrena da. Baina duela hogeita hamar urtez geroztik, hango hego-ibaiertzean kokaturik dagoen zelulosa-lantegi baten poluzioaren ondorioak jasaten ditu. Enpresa hori da hondakinak zuzenean lakura jaurtitzen dituen bakarra. Irkutsk hiria fabrika ixtearen kostuak partzialki ordaintzeko prest badago ere, eskualdeko ekonomiaren garapenean laguntzen duten hiru mila langileri lanposturen bat bilatu beharko zaie.

MUNDU-BANKUAK INGURUGIROA FINANTZATZEN DU

62 herrialdetan 137 proiektu burutzeko mailegatuz, Mundu Bankua garapen-bidean dauden ingurugiro-ekimenen finantzazio-iturri nagusi bihurtu da. Ingurugiroari buruzko bere 1995eko txostenaren arabera, Bankua prest dago ingurugiro-kudeaketaren gizarte-dimentsioa kontuan hartzeko, alderdi interesatuek proiektuen prestaketan eta gauzatzean parte har dezaten ziurtatuz. Ekologikoki Jasangarria den Garapenerako saileko arduraduna den Isamil Serageldin lehendakariordearentzat, helburua "Bankuaren inbertsio guztiei orientabide ekologikoa ematea da". Neurri hau, zalantzarik gabe, urtegien eraikuntzaren aurka borrokan dihardutenek begi onez ikusiko dute.

HAZI GARBITZAILEAK

Afrikako herrialde batzuetan aspalditik da ezaguna Moringa oleifera -k haziak duen ahalmen garbitzailea, eta halaxe egiaztatu du Geoff Folkard ikertzaile britainiarrak. Haziek, birrintzen direnean, bakteriak, birusak eta uretan aurkitzen diren beste mikroorganismo batzuk imana bailiran erakartzen dituzten proteina batzuk askatzen dituzte. Nahikoa da elementu poluitzaileak bildu eta likidoa iragaztea hauek ezabatzeko. Baina Moringa oleifera -ren bertuteak gehiago dira: oso emankorrak ez diren lurretan hazteaz gain, horren hostoek eta loreek bitaminak eta beste substantzia elikagarriak dauzkate, eta horien hazietatik olioa atera daiteke, argiztapenerako edo xaboia egiteko oso baliagarria.


Azenarioak eta DDT


Mundua


Filipinetako eliza barrokoak

Ondarea

Filipinetako eliza barrokoak

Barrokoa Filipinetako arkitektura erlijiosoan oso forma originaletan gauzatu zen.
AUGUSTO FABELLA VILLALàN
Soziologo, arkitekto eta historialari filipinarra da.

Espainiako inperioak XVI. mendean, bere goren aldian zegoenean, Filipinetan zuen ekialdeko azken muga. Madriletik koloniako hiriburura Manilara joateko hilabeteak behar ziren eta bi ozeano igaro: lehenik Atlantikoa eta, Mexikoko lurraldea igaro ondoren, Acapulcon itsasoratuz, Pazifikoa. XVI.etik XIX. mendera bitartean, monje espainiar askok ekin zion bidaia arriskutsuari, Espainiako erregearen urrutiko menpeko haiei Ebanjelioaren berri emateko. Filipinetara iritsitakoan, kostaldean zehar edo ibaiertzetan barreiatuta, banbuz eta palmondo-hostoz egindako txaboletan bizi ziren nekazari eta itsasgizonen gizarte bat aurkitu zuten. Sasoiko uholdeetatik babesteko pilote gainean eraikitzen ziren etxebizitza haiek hesol gainean jarritako saski handiak ziruditen. Eraikin tradizional haiek, bertako klimari ezin hobeto egokitzen bazitzaizkion ere, ez ziren beti irauteko eginak izan. Askotan, su hartzen zuten edo urteroko zikloiek suntsitu egiten zituzten. Beren egitura arin eta malguekin ezin astinaldi indar handikoei gogor egin eta erraz jotzen zuten behea noizbehinka eskualdean izaten ziren lurrikara bortitzen dardaraz. Dena den, material natural horiek ugari zirenez, azkar berreraikitzen ziren. Mendeak irauten zituzten eraikin sendoetara ohituta zeuden monje espainiarrentzat, pentsaezina zen Jainkoa halako eraikin kaxkarretan gurtzea. Iraunkortasunaren nozioa islatzearren, Filipinetako arkitekturan harriaren erabilera sartu zuten, ordura arte gauza ezezaguna uharte haietan. Monje espainiarren zuzendaritzapean, artisau filipinarrek eta txinarrek eraikitako eliza gehienak, arkitekto edo eraikitzaile jakin batenak baino gehiago, komunitate oso baten lankidetzaren emaitza dira, artisau anonimo ugariren partaidetza izan zuen lana. Izan ere, eraikuntzari buruzko ezagupenak baino gehiago, fedea zen monjeen gida. Sorterriko elizen oroitzapen lausoak, eraikuntza-teknikei buruz ezer ez zekiten bertako artisauen irudimen emankorrarekin eta Mendebaldeko arkitektura erlijiosoaren konbentzioekin batera, "barroko periferiko" ikusgarri eta harrigarri bat sortu zuten. Elizak ugaritu ziren neurrian, kolonietako arkitektura espainiarraren aldaera horrek gero eta jarraitzaile gehiago izan zituen eta lan originalak sortzen jarraitu zuen, Mendebaldeko eta Ekialdeko ekarpen plastikoek aberastutako kultur integrazioaren adierazgarri. Arkitektura kolonial haren lau adibide nabarmen UNESCOren Ondarearen Zerrendan daude1993 urteaz geroztik.

San Agustin eliza (Paoay, Ilocos Norte probintzia)

Elizak eta aparte dagoen kanpandorre batek osatutako eraikuntza handientsu hau 1710ean eraiki zuten agustinoek, enparantza zabal baten sarreran. Pilastradun triangelu formako fatxada, kare-harrizkoa eta oinarrian soila ia, frontoiaren altueran eskultura dotore eta xehez dekoratuta dago. Teilatuaren lerroari jarraiki dagoen galburu-errenkada batek ematen dio errematea frontoiari. Alboetako paretak horma-bular sendoez zurkaiztu behar izan zituzten, lurrikarei gogor egiteko. Nahiz eta bolumen handikoa izan, horma-bularren kiribil moduko diseinuak, kurben eta kontrakurben jokoari esker, dotorezia eta fintasunezko itxura harrigarria ematen dio eraikinari. Elizatik hurbil, kanpandorreak, gainjarritako solairuak dituela, pagoda txinar bat dakar gogora, eta areagotu egiten du eraikin-multzoaren itxura exotikoa. Alboetako sarrerak lore-motiboz apainduta daude. Dekorazioaren grazia etereoak arkitektura trinko honen zurruntasuna arintzen du, eta Indonesiako Borobudur tenplua gogorarazten duten xehetasun batzuek elizan izaten diren zeremonia erlijiosoei kutsu orientala ematen diete.

Jasokundearen Amaren eliza (Santa Maria, Ilocos Sur probintzia)

Elizak eta apaizetxeak osatutako arkitektura-multzoa agustinoek eraiki zuten, Santa Maria hiria ikus daitekeen muino batean. Txinatik ekarritako granito zuriko 85 mailako harmailadiak garamatza elizaraino. Hirirantz begira dagoena ez da fatxada, ohi den bezala, alboko horma soil eta irekiune gutxikoa baizik. Elizari arkupedun zubi batez lotutako apaizetxeak osatzen du multzoa. San Agustin de Paoay-ko elizan bezala, horma-bular sendoek eusten diote elizako murruei, eta pagoda itxurako kanpandorrea urrutixeago eraikita dago, lurrikararik balego nabe gainera eror ez dadin. Jasokundearen Amaren elizak duen xarma berezia mendiska gainean kokatuta egoteak ematen dio neurri handi batean: beherago eraikita dagoen herria zaintzen duen Erdi Aroko gotorlekua dirudi.

San Agustinen eliza (Intramuros auzo zaharra, Manila)

Agustinoek 1587an eraikia, Filipinetako harrizko elizarik zaharrena da eta espainiarrek Manilako badian eraiki zuten gotorleku zaharra den Intramuros-eko eraikin erlijioso bakanetako bat. Ordenak Filipinetan eta Asian zuen etxe nagusia zenak bere Errenazimentu estiloko eliza, monastegi, klaustro eta lorategi botanikoarekin, etxadi oso bat betetzen du. Bere fatxada soila albo banatan jatorri txinatarreko bi harrizko zakur dituen plaza txiki batera begira dauka. San Agustinen, eraikina lurrikaretatik babesten duten horma-bular sendoak eliza barruan eraiki zituzten eta nabearen bi aldeetan alboetako kapera batzuk eratu, bikain apainduak. San Agustin da lurrikara, zikloi, iraultza eta Bigarren Mundu Gerrateak eragindako hondamenen aurrean zutik kalterik gabe iraun duen eliza bakarra, eta berak gordetzen du gaur egun herrialdeko arte erlijiosoaren eta liburu bitxien bildumarik garrantzitsuenetako bat.

Santo Tomas de Villanueva eliza (Miag-ao, Iloilo probintzia)

1797 urtean bukatu zuten, eta Espainiako barrokoaren bertako interpretazioaren adibiderik poetikoena dugu. Itsasoa azpian duen haitz baten gainean eraikia, Santo Tomas eliza hasieran hiria piraten erasoetatik babesteko gotorleku gisa erabili zen. Eliza honen plano orokorrak Filipinetan ohikoa den arkitektura-eskemari jarraitzen dio: laukizuzen itxurako oinplanoko eraikin sendoa eta teilatu soila. Albo banatan oinarri karratuko bi kanpandorre asimetriko, gatazka-garaietan talai gisa erabili zirenak eta frontoidun fatxadari dinamismo indartsua ematen diotenak. Fatxadako motibo nagusia, trebeki zizelaturik, nekazari filipinar gisa jantzitako San Kristobal bat, sorbaldetan Jesus haurra duelarik, tropikoko landare oparoz inguratutako ibaia zeharkatzen. Konposizioaren ugaritasun erritmikoa eta plastikoa Filipinetako artearen aberastasun eta originalitatearen adibide egokia da. Eliza hauek kulturako zabalik daude beti eta ekialdeko eta mendebaldeko eraginen bategitearen adibiderik onena dira, kulturanitzekoa eta originala den identitate filipinarra sortu dutenena alegia.

ZENBAIT DATA ESANGURATSU

1521 Magallanes-ek Filipinak bereganatu zituen Espainiako erregearen izenean, baina Mactan uhartean hil zuten. Haren tripulazioak Europara itzultzea lortu zuen, munduari lehen aldiz itzulia eginez. 1571 Manilaren sorrera. Intramuros gotorlekuaren eraikuntza. 1587-1606 Intramuros-eko San Agustin elizaren eraikuntza (fatxada 1854an neurri batean eraberritu zuen Luciano Oliver Manilako udal-arkitektoak. Lurrikara batek 1863an hondatu zuen dorre bat ez zuten inoiz berreraiki). 1710 Paoay-ko (Ilocos Norte probintzia) San Agustin elizaren eraikuntza bukatu zen. 1765-1810 Gaurko Jasokundeko Amaren elizaren eraikuntza (Ilocos Sur probintzian). 1768-1997 Santo Tomas de Villanuevaren eliza eraikitzeko kanpaina Miag-aon (Iloilo probintzia). 1898 Espainiarren agintearen amaiera. 1945 Filipinen independentzia.


Frederic Monpou-ren ahots ezkutua

MUSIKA-NOTAK

Frederic Mompou-ren ahots ezkutua

Ezagutzen al duzu Mompou-ren musika? Konpositore katalan hau XX. mendeko onenetako bat da, baina ezezagunenetakoa.
ISABELLE LEYMARIE
Musikologo frankoamerikarra.

Kataluniako musikari enblematikoa, Frederic Mompou i Dencausse bere garaiko konpositorerik berezi eta nabarmenenetakoa dugu eta ez, batzuetan esan izan den bezala, musikari preziosista edo Debussy-ren epigono bat. Bere obra poesiaduna, aldi berean zehatza eta irudikorra, piano eta ahotserako pieza laburrek osatzen dute, baina baita gitarra, tronpa, organo eta ganbara-orkestrarako konposizioek ere. Askotan malenkoniatsuak diren azentuez, entzulearen sentikortasuna sakon ukitzen du musika horrek. "Mompou-ren musikaren misterioak, idatzi du Vladimir Jank¿l¿vitch filosofo frantsesak, ihes egiten digu definitzen edo kategoria intelektualetan sartu nahian hasten garenean. Baina, musika horretan, isiltasunaren ahotsa bera den ahots ezkutu eta imitaezina hauteman dezakegu: arimaren belarriez entzuten da ahots hori "bakardadea musika bihurtzen denean". Bere musika-testamentuko M£sica callada (Musika Isila, 1959-67) obraren lau bolumenetan, San Juan de la Cruz mistiko espainiarraren obran inspiratutako konposizio soil eta garbian alegia, Mompouk adierazkortasunik handiena baliabide minimoez lortu du. Musika hori isila da, dio Mompouk, "barnetik entzuten delako. Emozioa intimoa da eta gure bakardade hotzean duen oihartzunean soilik bilakatzen da soinu." Mompou Bartzelonan jaio zen 1893ko apirilaren 16an, ama jatorriz frantsesa zuen eta aita katalana. Joan Mir¢ beste artista handi katalanaren garaikidea, hark bezala gogo sortzailea eta inspirazioaren espontaneitatea zituen berez. Haurra zelarik, aitonaren fundizioko kanpaien hotsek liluratu zuten, eta haien oroitzapen nostalgikoa gorde zuen. Pianoa ikasten Bartzelonako Conservatori del Liceu-n hasi zen eta garaiko pianistarik onenen kontzertuak entzuten zituen. Hamabost urte zituela errezitaldi bat eman zuen, Mozart, Schubert, Grieg eta Mendelssohn-en obrak joaz. Pianista gisa, karrera bikaina iragartzen zuen hasiera hark. Baina Faur¿-ren musika ezagutzeak Mompou gaztea konposiziorantz bideratu zuen. 1911 urtean, Enrique Granados musikariaren aurkezpen-gutunak zituela, Parisen finkatu zen eta hiri hartako Kontserbatorioan sartu zen, pianoko eta harmoniako ikasketak egiteko. Ustegabeko akordeak zituen bere sistema harmoniko propioa sortu zuen orduan; sistema horrek, giro inpresionista gogora ekartzen badu ere, oso logika originala dauka berez. Bere ezaugarria "berriz hastea" da, hau da, "primitiboen" izpiritua berraurkitzea musika-konposizioan. Horrela, modulazioa, konpas-barra eta kontrapuntua baztertuz, "sonoritate neurtezina" bilatzen du batez ere (Vladimir Jank¿l¿vitch). 1913tik 1921era bitartean, pianorako obrarik garrantzitsuenak konposatu zituen, hala nola Pessebres (Sehaskak), Escenes d"Infants (Haurren eszenak) eta Suburbis (Aldiriak), Lluis Millet musikologo katalanaren arabera "giro baten sonoritateak, sentimendu baten arintasuna, gertaera bitxi baten digresioa" adierazten saiatuz. Frantziako hiriburuan, non musika-sormena gailur-gailurrean baitzegoen, Maurice Ravel eta Erik Satie ezagutu zituen beste musikari batzuen artean, eta bere herrikide asko izan zituen adiskide, hala nola Apelles Fenosa eskultorea eta Miquel Renom eta Celso Lagar pintoreak. 1914an, Lehen Mundu Gerratea hasi zenean, Mompou Bartzelonara itzuli zen eta Noucentismo berpizkunde-mugimendu katalanean parte hartu zuen. 1921ean Parisera itzuli zen berriro, eta han bere obrak laster izan ziren ezagunak; hiri hartan geratu zen hogei urte beranduago nazien okupazioa gertatu zen arte. 20ko hamarkadaren bukaeran, Parisen Can¿ons i Danses (Abestiak eta Dantzak), bi lehen Preludioak eta beste zenbait abesti eta pianorako konposizio idatzi zituen. Francis Poulene-ren eta Georges Auric-en adiskide da, baina nahiago izan zuen Seien Taldeko kide izan ordez independente geratu. 30eko hamarkadan, bere musika-jarduerak behera egin zuen. 1941ean Bartzelonara itzuli eta konpositore katalanen taldearekin harremanetan jarri zen, baina musikari frantsesekin kontaktua galdu gabe. Harremanak zituen halaber idazle eta argitaratzaile espainiarrekin, eta musika jartzen zien Josep Jan¿s i Olive bere lagun katalanaren poemei. Garai hartan ezagutu zuen Carme Bravo pianista gaztea, handik urte batzuetara berarekin ezkonduko zena. Bere musikari bultzada berria ematea erabaki zuen. Mompou-rentzat orduan inoiz baino aldi sortzaileagoa hasi zen. Can¿ons i Danses berri batzuk, Chopin-en gai bati buruzko bariazioak eta koru eta orkestrarako Cantar del Alma (Arimaren Kantua) idatzi zituen, hau ere San Juan de la Cruz-en obran inspiratua. 1967an bere M£sica Callada -ren azken bolumena bukatu zuen; zazpi pieza labur ditu, eta batek bakarrak ere ez du moderato baino erritmo azkarragorik. Berari eskainia zegoen obra hau Alicia de Larrocha piano-joleak 1972an Cadaqu¿s-en jo zuen lehen aldiz. Mompou figura bakartia izan da, konbentzionalismoen aurkakoa, bere tenperamentuaren eta sentiberatasunaren arabera jokatu zuena beti. Neurriaren, tonalitatearen eta finkatutako arauen mugetatik aske, Wagner-engandik eta Sch¿n ber-engandik aldendu zen, bai eta bere aurreko espainiarrengandik, Alb¿niz, Granados (Katalunian jaioak, baina beste korronte batekoak) eta Manuel de Falla, nahiz Debussy-rengandik, Mediterraneoko musikaren tradizio zaharrean sartzeko. Nazionalismoa eta folklorismoa baztertu bazituen ere, batzuetan doinu katalanak edo herri-kantuak aipatu zituen, adibidez Suburbis-en. Bere gartsutasun iberikoa, zati poetiko eta ameslariagoekin kontrastean ageri dena, batez ere Gitano -n islatzen da, bere Impressions Intimes-en azkenekoan edo F¿tes lointaines (Urrutiko jaiak) batzuetan. Mompou unibertsoaren iturburu mistikoetara hurbiltzen da Cants Magics eta Charmes obretan. 1987ko ekainaren 30ean hil zen musikari honek berak idatzi zuen bere epitafioa: "Heriotzak arimaren eta isiltasunaren arteko bategitea bedeinkatzen du. Egizu lo eta atseden hartu, bihotz, betikotasunak serenata bat joko dizu eta maitasunik handienak kulunkatuko zaitu."


Jean Piaget: pentsalari aparta

Urteurrena

Jean Piaget, pentsalari aparta

psikologo suitzarra (1896-1980)
Richard Schumaker

Neuch¿tel-en (Suitza) 1896ko abuztuaren 9an jaiotako Jean Piaget biologo, psikologo eta filosofoari esker, gizakiari buruz dugun ikuspegia asko zabaldu eta sakondu da. Nagusiki haur-psikologo gisa ezagutua, haur txikiei buruzko ikerketak giza nortasuna hobeto ezagutzeko erabili zituen. Ez dago giza zientzien alor bakar bat ere haren pentsamenduaren eragina, orekatua, zabala eta berritzailea, jaso ez duenik. Hezkuntzaren munduak, aldizkari espezializatuek eta nazioarteko erakundeek haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeak erakusten digute Piageten ideien hedadura.

Haurraren jarduna

Piaget haurraren psikologiari buruzko ikerketengatik da ezaguna bereziki, hori baita gizakiari buruzko bere hausnarketa orokorraren oinarria. Ezagutzaren alor honetan duen garrantziaren arrazoia bere metodoen originaltasuna eta helburuen zabaltasuna da. Piaget haurraren ikuspuntua ulertzen eta aztertzen saiatu zen, helduek ezarritako gizarte-arauak eta ideiak gaindituz: haurraren eguneroko errealitatea berreraiki nahi izan zuen, bere nahaste, aztoramen eta hersturekin. Erabat desberdina zen planteamendu honek haurtzaroaz genituen usteak goitik behera aldatuko zituzten emaitzak ekarri zituen. Artikulu eta liburu ugari idatziz, haurraren jarduera psikikoan ia ezer ez dagoela estatiko edo behin-betikorik erakutsi zuen Piagetek eta, hala berean, hain funtsezkoak diren nozio batzuk, hala nola denbora, espazioa, erlazioa eta kausalitatea, haurrak bere lehen urteetan izandako esperientziaren emaitza direla. Gainera, helduaren nortasuna osatzen duten elementuek ere (arrazoia, morala, pertzepzio-egitura) haurraren lehen urteetako keinuetan dutela oinarria frogatu zuen. Piagetentzat, "heltzearen" eta "ulertzearen" artean analogia handia dago: ideia bat ulertu aurretik, norbanakoak objektu konkretuei heltzen ikasi behar du. Haurraren lehendabiziko keinu zalantzazkoek etorkizunean izango duen garapenaren berri ematen digute.

Haurtzaroa giltzarria

Psikologo suitzarra haurraren ondorengo bilakaeraz ere arduratu zen. Berriro ere, haurraren mundua saio-eta-hutsegitean oinarritzen dela azpimarratu zuen. Jaiotzetik heldutasunerako bidean dauden faseak deskribatzean --oso elkarlotuta daudenak bestalde-- frogatu zuen ibilbide hori ez dela prozesu jarraia, haurrak bere inguruarekin dituen gatazkek behin eta berriro eteten dutela baizik. Zentzu honetan, Piagetek deskribatutako garapen-faseak errealistagoak dira Freudek, Eriksonek edo Maslowk finkatutakoak baino, eta hauek baino ikuspegi zabalagoa dute. Haurtzaroko lehen urteetako etengabeko eraldaketen ikuspegian oinarrituta, Piagetek bere ikerketa-eremua zabaldu, eta mendebaldeko pentsamenduak aztertu gabeko alorretan sartu ahal izan zuen bizitzaren funtsezko ezaugarriak identifikatzean. Haurrarengan aurkitzen diren prozesuak eta egiturak giza edo animali bizitza ororen izaera sakonaren adierazle bilakatzen dira. Haurtzaroa filosofia-ikerketagai seriotzat ez hartzearen aurkakoa zen Piaget. Haren ustez --bizitza guztian zehar filosofia-obra ugariren irakurle amorratua izaki-- aitzitik, haurtzaroa sakon aztertzeak bakarrik lagunduko digu bizitza benetan den bezalakoa ikustea eragozten diguten aurreiritziak eta ohiturak alde batera uzten.

Neuch¿tel-etik mundu zabalera

Piagetek haurtzarotik izan zuen natur zientziekiko interesa eta oso goiz erakutsi zituen bere trebetasunak, hamar urte zituela Neuch¿tel-eko egunkari batean txolarre albino bati buruzko artikulu bat argitaratu baitzuen. 1916rako hogei bat artikulu idatziak zituen, Genevako Natur Historiako Museoak kontserbatzaile-postua eskaintzeko nahikoa merezimendu izan zutenak. Kontaketa autobiografiko batean, Piagetek eskaintza ohoragarri hari uko egin behar izan ziola dio, bigarren hezkuntzako ikasketak bukatzeko bi urte falta baitzitzaizkion. Hogei eta gutxi urterekin, psikologiaz interesatu zen Th¿odore Simon-ekin elkarlanean hasi zen, garapen intelektuala neurtzeko lehen eskala metrikoa Alfred Binet-ekin batera sortu zuenarekin alegia. Urte haietan Zurich-en Eugen Bleuler zuzendari zegoen ospitale psikiatrikoan lanean hasi zen eta bertan garatu zuen aurrerago bere ikerketetan aplikatuko zuen metodo esperimentala. 1918an zoologiako doktore-titulua jaso zuen eta Suitzan eta Frantzian eginkizun ugari eta garrantzitsuak izan zituen, baina ez zen inoiz bere eremuaren mugetatik irtengo ez zen ikertzaile espezializatuegia izan. Hogeiko hamarkadaren hasieratik ulertu zuen bere helburu intelektualak lortu ahal izateko, beharrezkoak zirela nazioarteko elkarlana eta elkarrizketa. Hamarkada osoak eman zituen Genevako Jean-Jaques Rousseau Institutuari (gaurko Hezkuntza Zientzien Institutua) asoziatuta, eta 1958an Rockefeller Fundazioak Genevako Unibertsitatean Epistemologia Genetikoko Nazioarteko Zentroa finantza zezan lortu zuen. Hezkuntzako Nazioarteko Bulegoko (HNB) zuzendari, UNESCOko Hezkuntza sektoreko bitarteko zuzendari eta aurrerago Erakunde honetako Kontseilu Exekutiboko kide izan zen halaber. Jean Piageten pentsamendua aitzindaritzat jo dezakegu arrazoi askorengatik. Aurreiritziak, aurrez finkatutako usteak eta ohikeriazko jokabideak alde batera utzita, bizitza kognitiboaren iturburuetan murgildu zen. Haren lan intelektualak norbanakoa eta gizartea garatu eta onbideratzeko behar diren energiak askatzea ahalbidetu zuen. Piageten obra, ezagutzaren eremu zabala bere barnean bizitzako funtsezko galderak hartzen dituena, XX. mendeko altxorrik baliagarrienetakoa da zalantzarik gabe.

UNESCOren albistarian argitaratu zen 1980ko azaroan
Joko-arauak
Jean Piaget

Haurren jolasak gizarte-erakunde miresgarriak dira. Adibidez, bola-jokoak oso arau-sistema konplexua dauka bere baitan (...), ongi zehaztutako gizarte-errealitatea eratzen duena, hau da, "norbanakoengandik independentea", hizkuntza bezala belaunaldi batetik bestera igarotzen dena. (...) Ondoko galdera hauexek besterik ez ditugu egin: a) Nola egokitzen dira pixkanaka norbanakoak arau horietara eta nola betetzen dute araua adinaren eta adimen-garapenaren arabera? 2) Zenbateraino jabetzen dira arauaz edo, bestela esanda, zer-nolako betebeharrak sortzen dizkie (adinaren arabera beti) arauak gero eta hobeto menperatzeak? Lehen zatian, nahikoa da haurrei bola-jokoan nola jardun behar den galdetzea (...). "Arauak erakutsiko dizkidazu eta zurekin jolastuko naiz". Haurrak orduan karratua marrazten du, bolen erdia hartu, bere "posizioa" antolatu eta jokoari hasiera ematen dio. Kasu posible guztiak sistematikoki kontuan hartzea komeni da eta haurrari horietako bakoitzari buruz galdetzea. Horretarako, iradokizun oro saihestu behar da: nahikoa da ezjakinaren plantak egitea eta are nahita huts egitea ere, haurrak aldiro araua zein den zehazteko. Jakina, esperimentatzaileak seriotasunik handienaz jokatzen du azkeneraino; nork irabazi duen galdetzen du eta zergatik; eta, azkenean dena garbi geratu ez bada, saio berri bati ekin (...) Gero itaunketaren bigarren zatia dator, hau da, arauaren kontzientziari dagokiona. Haurrari galdetzen zaio berak arau berriren bat asma ote lezakeen. (...) Araua formulatu ondoren, horrek joko berri bat sor lezakeen galdetzen zaio haurrari. "Lagunekin honela jokatuko bazenu, zer gertatuko litzateke? Haiek zurekin honela jokatu nahiko al lukete?" Haurrak onartu edo eztabaidatu egingo du iradokizuna. Onartzen badu, berehala arau berri hau "bidezkoa", "benetako araua", "besteak bezalakoa" ote den galdetuko diogu, ematen dituen arrazoiak ulertzen saiatuz. Aitzitik, haurrak hori guztia eztabaidatzen badu, arau berria, orokortu ondoren, benetako arau bilaka ote litekeen galdetuko diogu: "Pentsa ezazu handia zarenean zeure arau berria haur askori azaltzen diozula; beharbada denek hala jokatuko dute eta arau zaharrak ahaztuko dituzte. Zein izango da orduan bidezkoagoa: zure araua, denek dakitena, edo ahaztuta geratu diren zaharrak? (...) Funtsezkoena arauak zuzenki alda daitezkeen ikustea da, eta arau bat denek erabiltzen dutelako ote den bidezkoa, nahiz eta berria izan, edo berezko eta betiereko balioa duelako. Puntu hori argitu ondoren, erraza da ondoko galdera hauek planteatzea: 1) Beti gaur bezala jokatu al da? (...) 2) Zein da arauen jatorria: haurrek asmatu al zituzten edo gurasoek eta helduek orokorrean ezarri zituzten? Garrantzitsuena haurraren pentsamenduaren orientabidea ikustea da. Honek arauen balio mistikoan ala berauek erabakiak izan direla sinesten al du? Lege jainkotiarraren araberako heteronomian sinesten al du, ala bere autonomiaz jabetzen al da? Jakina, haurrak ez du joko-arauen jatorriari edo iraunkortasunari buruzko aurretiazko usterik; bere ideiak, jokoan bertan asmatuak, bere jarrera sakonaren erakusgarriak besterik ez dira. (...)

Praktikan

Arauen aplikazioaren ikuspuntutik, elkarren segidako lau etapa bereiz ditzakegu. Lehena motore eta indibidual hutsa da. Etapa honetan, haurrak bolak bere nahien eta ohitura motoreen arabera manipulatzen ditu. Neurri batean edo bestean erritualizatuta dauden eskemak finkatzen dira orduan; baina, jokoa indibiduala denez gero, oraindik arau motrizak besterik ez dira, ez benetan kolektiboak. Bigarren etapa egozentrikoa dela esan genezake. Etapa hau haurrak kanpotik arau kodifikatuaren adibideak jasotzen dituen unean hasten da, hau da, kasuak kasu, bi urtetik bostera bitartean. Baina adibide hauek izanik ere, haurra bakarrik, kideak bilatzeaz arduratu gabe, aritzen da jolasean edo beste batzuekin, baina irabazten eta beraz jolasteko modu desberdinak uniformizatzen saiatu gabe. Bestela esanda, etapa honetan haur bakoitzak, taldean jarduten duenean ere, bere kasa jokatzen du (denek irabaz dezakete batera), arauen kodifikazioaz arduratu gabe. (...) Zazpi-zortzi urtetan hirugarren etapa bat agertzen da, lankidetza hasberri deituko dioguna. Aurrerantzean, jokalari bakoitza kideei irabazten saiatuko da; hortik sortuko da elkar kontrolatu eta arauak bateratu beharra. Dena den, jokaldi bakar batean kideek oro har adostasun bat lortu badute ere, jokoaren arau orokorretan gorabeherak izan daitezke. (...) Azkenik, hamaikagarren edo hamabigarren urtean laugarren etapa bat dator: arauen kodifikazioarena. Hemendik aurrera, prozedurari dagokionez ere jokoaren xehetasunak oro zehazteaz gain, errespetatu beharreko arauen kodea gizarte osoak ezagutzen du. (...) Etapa hauek berez direnagatik soilik hartu behar dira kontuan noski. Azalpena egiteko, oso erosoa da haurrak adin-multzoaren edo etaparen arabera taldekatzea; baina errealitatea etenik gabeko continuuma da. Gainera, continuum hau ez batere lineala, eta bere norabide orokorra gauzak eskematizatzen direnean eta xehetasuna izugarri nahasten duten gorabeherak kontuan hartzen ez direnean soilik ikusten da. (...)

Arauez jabetzea

Azter dezagun orain arauez ohartzearena. (...) Fenomeno hau hiru fase kontuan izanik azal genezake. (...) Lehen fasean arauak ez du oraindik behartzen, motriz hutsa delako nahiz (egozentrismoaren etaparen hasieran) nolabait inkontzienteki jasotzen delako, adibide interesgarri gisa eta ez derrigorrezko errealitate gisa. Bigarren fasean (egozentrismoaren etapa bere gorenean dagoenean eta lankidetza-etaparen lehen zatian) araua sakratutzat eta ukiezintzat hartzen da, helduek emandakoa eta betikoa da. Proposatzen den aldakuntza oro legea urratzea da haurrarentzat. Azkenik, hirugarren fasean, araua elkarren arteko adostasunez egindako legetzat hartzen da, derrigorrez bete beharrekoa baldin eta leiala izan nahi bada, baina, nahi izatera, guztien oniritziaz alda daitekeena. Arauaz jabetzearen hiru faseen eta beronen praktikaren lau faseen arteko koerlazioa estatistikoa baizik ez da, hau da, gutxi gorabeherakoa. Baina oro har, ziur gaude badela erlazio bat. Arau kolektiboa hasieran norbanakoarengandik at dagoen zerbait da eta, beraz, sakratua; gero pixkanaka barneratu egiten da eta, neurri horretan, elkarren arteko adostasunaren eta kontzientzia autonomoaren emaitza da. Praktikari dagokionez, normala da legeen errespetu mistikoa beren edukiaren ezagutza eta aplikazio oso oinarrizkoaren bat etortzea, eta, aitzitik, errespetu razional eta motibatua arau bakoitza benetan eta zehazki betetzearekin bat etortzea. Beraz, araua errespetatzeko bi modu izango genituzke, gizarte-jokabidearen bi motari dagozkionak. Ondorio honek azterketa zorrotza eskatzen du, egia bada, oso garrantzitsua izango baita haurraren moralaren analisirako. Hortaz, eman dezagun, zalantzarik gabe, denbora bat joko-arauei dagokiena aztertzen.

Artikulu hau Jean Piagetek -V.J. Piaget, M. Lambercier eta L. Mart¡nez-ekin batera- eginiko "Joko-arauak" izeneko azterlanetik jasota dago; azterlan honek Le jugement moral chez l"enfant, 1932, bere liburuaren lehen kapitulua osatzen du.
OMENALDIAK

UNESCOk, bere Hezkuntzako Nazioarteko Bulegoaren bitartez (HNB), Piageten mendeurrena ospatzeko jarduera ugarietan parte hartu du (kongresuak, mintegiak, argitalpenak eta erakusketak). Perspectives aldizkariaren ale batek (XXVI. bol., 1996ko martxoa) bere pentsamenduak hezkuntzan duen gaurkotasuna jorratzen du. 1996ko urriaren lehen astean Genevan burutu zen Hezkuntzari buruzko Nazioarteko Konferentziaren 45. bilkurak hezitzaileen papera aztertu zuen eta mahai-inguru batek hezitzaileen prestakuntzari lotutako gaiak eta ezagutzaren eraketari buruzko Piageten ikuskera landu zituen. Azkenik, UNESCOren laguntzaz antolatutako "Piaget Piageten ondoren" solasaldia burutuko da 1996ko azaroaren 15 eta 16an, Parisko Sorbonako Unibertsitatean. Informazioak: Tel: (33*/0**) 1-46-33-14-45. Faxa: (33-0) 1-40-46-96-51.


Joko-arauak


UNESCOren berroigeita hamargarren urteurrena

1997-03-31
16156944
594